39. ALDIZKARIA - 2015eko otsailaren 26a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

14/2015 FORU AGINDUA, otsailaren 18koa, Turismo eta Merkataritzako zuzendari nagusiak emana, Zuzenbideko lizentziadunentzako prestakuntza beka bat emateko deialdia onesten duena, Turismo eta Merkataritza Zuzendaritza Nagusian aritzeko (Turismoa eta Merkataritza Antolatu eta Sustatzeko Zerbitzua).

Apirilaren 19ko 172/2004 Foru Dekretuaren bidez, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan eta haren erakunde autonomoetan prestakuntza bekak emateko araubide orokorra ezarri zen. Beka emateko prozedurari hasiera eman aurretik organo eskudunak deialdiaren oinarri arautzaileak onartu beharko ditu, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu beharko dira.

Turismo eta Merkataritza Zuzendaritza Nagusiak proposatu du unibertsitate tituludunentzako prestakuntza beka bat emateko deialdia onestea; beka hori Turismoa eta Merkataritza Antolatu eta Sustatzeko Zerbitzuan aritzeko da, eta haren xedea da bekadunen prestakuntza akademikoa osatzea ezagutza espezializatuekin eta esperientzia praktikoarekin, administrazio publikoen nahiz enpresa pribatuen eskaerei aurre egiteko gaitasuna eskura dezaten.

Horiek horrela,

AGINDU DUT:

1. Zuzenbideko lizentziadunentzako prestakuntza beka bat emateko deialdia eta oinarri arautzaileak, foru agindu honen eranskinean ageri direnak, onestea, Turismo eta Merkataritza Zuzendaritza Nagusian (Turismoa eta Merkataritza Antolatu eta Sustatzeko Zerbitzua) aritzeko.

2. 8.624,07 euroko gastua baimentzea, 2015era luzatutako 2012ko gastuen aurrekontuko “Transferentzia arruntak praktiketako ikasleentzat” izeneko A10001-A1100-4800-432100 kontu-sailaren baliokidea den 2015era luzatutako 2012ko gastuen aurrekontuko kontu-sailaren kargura, betiere horretarako kreditu aski baldin badago.

3. Foru agindu hau eta eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Foru agindu honen aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.

Iruñean, 2015eko otsailaren 18an.–Kulturako, Turismoko eta Erakunde Harremanetako kontseilaria, Juan Luis Sánchez de Muniáin Lacasia.

ERANSKINA

Zuzenbideko lizentziadunentzako prestakuntza beka bat emateko deialdia, Turismo eta Merkataritza Zuzendaritza Nagusian aritzeko (Turismoa eta Merkataritza Antolatu eta Sustatzeko Zerbitzua)

OINARRIAK

1.–Sorrera.

Turismo eta Merkataritza Zuzendaritza Nagusian prestakuntza beka bat sortu da zuzenbideko lizentziadunentzat, Turismoa eta Merkataritza Antolatu eta Sustatzeko Zerbitzuan aritzeko.

2.–Iraupena.

Prestakuntza bekak emateko ebazpenean adierazten den egunean hasiko dira eta 2015eko abenduaren 31n bukatuko. Dena dela, Turismoa eta Merkataritza Antolatu eta Sustatzeko Zerbitzuak eskatuta, hamabi hilabete arteko epeetarako luzatzen ahalko da, gehienez ere hiru urtez, hasierako aldia eta luzapenak barne.

3.–Diru-zuzkidura.

Prestakuntza bekaren zuzkidura 958,23 eurokoa da hilean. Diru hori edo, hala behar izanez gero, dagokion zati proportzionala hilabetea bukatutakoan ordainduko da.

Bekaren hilabeteko kopurutik 44,45 euro kenduko dira Gizarte Segurantzako kotizaziorako. Beraz, hileko diru-kopurua 913,78 eurokoa izanen da.

Bekaren iraupena luzatuz gero, diru kopurua eguneratu eginen da, KPIak Nafarroan duen urteko aldaketa aplikatuz.

4.–Onuradunek bete beharreko baldintzak.

Prestakuntza bekak hartzen ahalko dituzte, soil-soilik, ondoren azaltzen diren baldintza guztiak betetzen dituzten pertsona fisikoek:

a) Adinez nagusia izatea.

b) Espainiarra izatea edo Europar Batasuneko estaturen batekoa edo, Europako Erkidegoak sinatu eta Espainiako Estatuak berretsitako nazioarteko itunen arabera, langileen joan-etorri askea aplikatzen duen estaturen batekoa. Nolanahi ere, Espainiako nazionalitatea ez duenak gaztelaniaz behar adina badakiela frogatu beharko du.

c) Jarduteko gaitasun osoa izatea eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen laguntza eta diru-laguntza publikoak jasotzeko desgaitua ez egotea.

d) Bizitokia Nafarroan izatea, deialdiaren eguna baino urte bat lehenagotik gutxienez.

e) Lehenengo oinarrian azaldu den unibertsitateko titulu ofiziala izatea, Espainiako agintariek emana edo homologatua.

f) Eskatutako titulua deialdi honen aurreko hiru urtean eskuratu izana.

g) Bekaren xede den prestakuntza jardueran aritzea galaraz diezaiokeen desgaitasun fisikorik edo gaixotasunik ez izatea.

5.–Eskaerak eta agiriak aurkezteko epea.

Beka deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara eman eta hamabost egun naturaleko epean eskatzen ahal da.

Interesdunek jarraian adierazten diren agiri hauek aurkeztu beharko dituzte Kulturako, Turismoko eta Erakunde Harremanetako Departamentuaren Erregistroan (Navarrería kalea, 39, Iruña) edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4. artikuluan ezarritako edozein bide erabiliz:

a) Eskabide orria, lortu nahi duen beka adierazten duena.

b) Nortasun agiri nazionalaren fotokopia konpultsatua.

c) Deialdiaren eguna baino urte bat lehenagotik gutxienez, bizitokia Nafarroan duela frogatzen duen ziurtagiria.

d) Curriculum vitaea, ondokoak adieraziz: egindako ikasketak, burututako jarduerak, argitalpenak, lortutako sariak, dakizkien hizkuntzak, informatikako ezagupenak eta aipatu nahi dituen gainerako merezimenduak. Dena ziurtagirien bidez erakutsi beharko da, baloratzeko.

e) Ikasketa espedientearen ziurtagiria, kurtso bakoitzeko irakasgai guztien kalifikazioekin, zein deialditan gainditu zituen espresuki aipatuta.

f) Dauzkan titulu eta diplomen fotokopia konpultsatuak.

6.–Ebaluazio batzordea.

Ebaluazio Batzordea prestakuntza beken eskatzaileek baldintzak betetzen ote dituzten egiaztatzeaz, haiek alegatzen dituzten merezimenduak baloratzeaz eta ebazpen proposamena egiteaz arduratuko da eta kide hauek izanen ditu: Fermín Villanueva Ferreras jauna, Turismoa eta Merkataritza Antolatu eta Sustatzeko Zerbitzuko zuzendaria, mahaiburu gisa; Margarita Cueli Erice andrea, Turismoa Sustatzeko Ataleko burua; eta Enrique Jaurrieta Linzoain jauna, Turismoa eta Merkataritza Antolatzeko Ataleko burua, idazkari gisa.

7.–Eskaeren ebaluazioa.

Eskatzaileek alegatutako merezimenduak ondorengo baremoaren arabera baloratuko dira:

a) Ikasketen espedientea: gehienez ere, 5 puntu.

b) Deialdiarekin zerikusia duten beste ikasketa titulu eta prestakuntza ikastaro batzuk: gehienez ere, 2 puntu.

c) Deialdiarekin lotura duten lanetako esperientzia: gehienez ere, 2 puntu.

d) Hizkuntzak jakitea: gehienez ere, 1 puntu.

e) Informatikaren gaineko ezagutzak: gehienez ere, 2 puntu.

8.–Bekak ematea.

Ebazpen proposamena ikusirik, beka Turismo eta Merkataritzako zuzendari nagusiaren ebazpen baten bidez emanen da, eskaerak aurkezteko epea bukatzen denetik hiru hilabeteko epean, gehienez ere. Epe hori ebazpen zehatzik jakinarazi edo argitaratu gabe bukaturik, eskaerak isiltasun administratiboz ezetsi direla ulertuko da.

Ebazpenean beka zein eskatzaileri eman zaion jasoko da, eta espresuki agerraraziko da, halakorik izanez gero, zein eskaerari esan zaion ezetz, eskatzaile horien izenak eta emandako puntuazioak adierazirik.

Ebazpena eskatzaile guztiei jakinaraziko zaie eta Kulturako, Turismoko eta Erakunde Harremanetako Departamentuko iragarki oholean jarriko da (Navarrería kalea, 39, Iruña).

9.–Jardueren hasiera eta ukoak.

Onuradunak gehienez ere hamar eguneko epean hasi beharko du lanean, beka emateko ebazpenean adierazten den egunetik hasita. Horrela egiten ez badu, onuradunak bekari behin betiko uko egiten diola ulertuko da, non ez den ezinbesteko arrazoirik edo behar bezala justifikatutako beste edozein gorabehera.

Jarduerak hasten direnean, eta Nafarroako Ogasun Publikoko zergaduna bada, onuradunak ziurtagiri bat aurkeztu beharko du zerga betebeharrak eguneraturik dituela egiaztatzeko.

Edozein arrazoi dela-eta emandako bekari uko eginez gero, ukoa idatziz jakinarazi beharko zaio Turismo eta Merkataritza Zuzendaritza Nagusiari (Turismoa eta Merkataritza Antolatu eta Sustatzeko Zerbitzua), gutxienez ere jarduerak eten baino hamabost egun natural lehenago. Uko eginez gero, zilegi izanen da beka horiek Ebaluazio Batzordeak ezarritako zerrendan hurrengo daudenei ematea.

10.–Jarduerak.

Bekaduna Turismo eta Merkataritza Zuzendaritza Nagusian arituko da lanean, Turismoa eta Merkataritza Antolatu eta Sustatzeko Zerbitzuak zuzendu eta gainbegiratuta. Halaber, bekadunak prestakuntzarako behar diren joan-etorriak egin beharko ditu.

Bekadunak, astero, gehienez 30 ordu emanen ditu lanean eta bekaldiko hilabete bakoitzeko 2,5 egun naturaleko atsedenaldia izanen du.

11.–Bekadunaren betebeharrak eta eskubideak.

Bekadunak Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan eta haren erakunde autonomoetan prestakuntza bekak emateko araubide orokorra ezartzen duen apirilaren 19ko 172/2004 Foru Dekretuan ezarritako betebehar eta eskubideak izanen ditu.

12.–Bateraezintasuna.

Prestakuntza beka bateraezina da administrazioak berak, beste administrazio publiko batzuek, beste erakunde publiko nahiz pribatu batzuek edo partikularrek emandako beste prestakuntza beka batzuekin.

13.–Araubide juridikoa.

Oinarri arautzaile hauetan aurreikusita ez dagoen orotan, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan eta haren erakunde autonomoetan prestakuntza bekak emateko araubide orokorra ezartzen duen apirilaren 19ko 172/2004 Foru Dekretuan xedatutakoari jarraituko zaio.

14.–Errekurtsoak.

Deialdiaren eta haren oinarri arautzaileen aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Nafarroako Gobernuari zuzendua, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita hilabeteko epean.

Iragarkiaren kodea: F1502636