1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.7. BESTELAKOAK
58E/2015 EBAZPENA, otsailaren 2koa, Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiak emana. Honen bidez Ingurumen baimen integratua ematen da haragi-industria integratuko instalazio baterako, Galarko udal mugapean. Instalazioaren titularra Protectora de Carnes SLU da.
Instalazio hori Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamenduaren 2B eranskineko 9.2. epigrafean jasota dago, hots, “Hiltegiak eta animaliak hil edo zatikatzeko instalazioak, egunean kanalean 50 tonatik goiti ekoizteko gaitasuna dutenak” izenekoan, eta horren ondorioz, Ingurumen baimen integratuaren eta Ingurumenaren gaineko eraginaren ebaluazioaren araubidearen menpe dago nahitaez. Aipatutako erregelamendua abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren bidez onetsi zen.
Halaber, instalazio hori sarturik dago Kutsaduraren Aurkako Aurreneurri eta Kontrol Integratuei buruzko uztailaren 1eko 16/2002 Legearen I. eranskineko 9.1 a) epigrafean, “Hiltegiak, egunean kanalean 50 tonatik gora ekoizteko gaitasuna dutenak” izenekoan, eta industria isurketei buruz (kutsaduraren prebentzioa eta kontrol integratua) Europako Parlamentuak eta Kontseiluak 2010eko azaroaren 24an emandako 2010/75/ EB Zuzentarauaren I. eranskineko 6.4. a) epigrafean, “Hiltegiak, egunean kanalean 50 tonatik gora ekoizteko gaitasuna dutenak” izenekoan.
Halaber, Ingurumena Ebaluatzeko abenduaren 21eko 21/2013 Legearen II. eranskineko f) ataleko 2. taldean dago sartuta instalazioa.
Industria establezimendua ez dago ekainaren 16ko 1254/1999 Errege Dekretuaren aplikazio eremuan. Dekretu horrek istripu larriek sortzen dituzten arriskuak kontrolatzeko neurriak onetsi zituen, gai arriskutsuak tarteko diren kasuetarako.
Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuei buruzko uztailaren 1eko 16/2002 Legearen 12.1.f) artikuluan xedatutakoarekin bat, arrisku nabarmeneko substantzien erabilera, ekoizpena edo emisioa berrikusi da, eta erabaki da, horrelakorik ez dagoenez, ez dela beharrezkoa oinarrizko txosten bat egitea egungo kokapenari buruz, lurzoruaren eta lur azpiko uren kutsadurari dagokionez.
Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Legea garatzen duen Erregelamenduan ezarritakoarekin bat tramitatu da espedientea (erregelamendua abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren bidez onetsi zen), eta prozeduran sartu dira urtarrilaren 11ko 1/2008 Legegintzako Errege Dekretuan aurreikusita dauden ingurumen ebaluazioaren arloko jarduketak.
Ebazpenaren proposamena instalazioaren titularrari entzuteko tramitean egon da 15 egunez. Titularrak aurkeztutako alegazioak oharrak izan dira, eta baliagarriak izan dira ebazpen honen eranskinetako testua egokitzeko.
Horregatik guztiagatik, eta uztailaren 25eko 70/2012 Foru Dekretuaren bidez eman dizkidaten ahalmenak erabiliz, dekretu horren bidez Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiaren esku utzi baitziren indarreko araudiak ingurumena babesteko esku-hartzearen arloan Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariari esleitutako eskumen administratibo batzuen titulartasuna eta erabilera,
EBATZI DUT:
Lehendabizikoa.–Ingurumen baimen integratua ematea Galarko udal mugapeko haragi-industria integratuko instalazio baterako. Instalazioaren titularra Protectora de Carnes SLU da. Instalazioak eta jardueraren garapenak Ingurumen baimen integratuari buruzko proiektuan eta espediente administratiboaren gainerako agirietan aipatzen diren baldintzak bete beharko dituzte, eta, nolanahi ere, ebazpen honen eranskinetan agertzen diren baldintza eta neurriak.
Bigarrena.–Instalazioa ezartzeko proiektuari dagokion Ingurumen eraginaren adierazpena egitea: proiektua bideragarritzat jotzen da ingurumenaren aldetik.
Hirugarrena.–Zentroa Nafarroako Foru Komunitateko Hondakinen Ekoizpenaren eta Kudeaketaren Erregistroan 15P02109090662014 zenbakiarekin inskribatzea hondakin arriskutsuen sortzaile txiki gisa. Sortzen ahal dituen hondakinak ebazpen honen III. eranskinean jasotakoak dira. Hondakinen sorreran egiten den edozein aldaketa Nafarroako Gobernuaren Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuari jakinarazi beharko zaio, aipatutako erregistroan sartzeko.
Laugarrena.–Hondakin urak udalerriko saneamendu sarera isurtzeko baimena ematea, Ur Jabari Publikoari buruzko Erregelamenduaren 245. artikuluan xedatutakoarekin bat. Betiere, ebazpen honen eranskinetan ezarritako baldintzak bete beharko ditu.
Bosgarrena.–Instalazioa edonola ere aldatzeko, titularrak aldez aurretik jakinarazi beharko du. Arrazoiak emanda adierazi beharko du aldaketa funtsezkoa, nabarmena edo garrantzirik gabea den, Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzen duen Erregelamenduan xedatutakoarekin bat.
Seigarrena.–Instalazioa irekitzeko baimena eskatu beharko du titularrak, Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzen duen Erregelamenduaren 40. artikuluan xedatutakoaren arabera.
Zazpigarrena.–Irekitzeko eskaerarekin batera, titularrak programa bat aurkeztu beharko du lurzorura eta lurpeko uretara irits daitezkeen emisio kutsagarriak ekiditeko dituen neurriak mantentzeko eta aldian behin gainbegiratzeko jarduketekin, hori guztia instalazioak ongi funtzionatzen duela segurtatzeko.
Zortzigarrena.–Irekitzeko eskaerarekin batera, jarduketa plan bat aurkeztu beharko du titularrak; hartan, deskribatuko da zer neurri hartuko diren ingurumenean eragina izan dezaketen ohiz kanpoko ustiatze baldintzak gertatzen direnean.
Bederatzigarrena.–Ebazpen honetan bildu diren baldintzak ez betetzeak berarekin dakar ingurumeneko diziplina neurriak hartzea, hots, Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuei buruzko uztailaren 1eko 16/2002 Legearen IV. tituluan jasotakoak, galarazi gabe sektoreko legerian ezarritakoa, aplikatzekoa izaten segituko baitu, eta, horren osagarri, Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legearen VI. tituluan ezarritako zehapen araubidea.
Hamargarrena.–Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
Hamaikagarrena.–Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta interesdunek, administrazio publikoek izan ezik, haren kontra gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean. Administrazio publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean. Ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik hasita kontatuko dira epeak.
Hamabigarrena.–Ebazpen hau igortzea Protectora de Carnes SLUri, Galarko Udalari, Nafarroako Larrialdietako Agentziako Babes Zibilerako Zuzendaritzari, NILSAri, Abeltzaintza Zerbitzuari, Ingurumena Zaintzeko Atalari eta Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuari, behar diren ondorioak izan ditzan.
Iruñean, 2015eko otsailaren 2an.–Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusia, Andrés Eciolaza Carballo.
Oharra: ebazpen honetan aipatzen diren eranskinak interesdunen eskura daude Ingurumenaren eta Uraren Zuzendaritza Nagusiaren bulegoetan (González Tablas kalea, 9, behea, Iruña), Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuan, eta Nafarroako Gobernuaren web atarian, hain zuzen ere Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuaren sailean, “Ingurumen baimenak” izeneko kontsulten atalean.
Iragarkiaren kodea: F1501738