1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.1. XEDAPEN OROKORRAK
1.1.3. Foru Aginduak
18/2015 FORU AGINDUA, urtarrilaren 28koa, Ekonomia, Ogasun, Industria eta Enpleguko kontseilariak emana, ekainaren 18ko 231/2013 Foru Agindua aldatzen duena. Foru agindu horren bidez, ez-egoiliarren errentaren gaineko zergaren 210 eta 211 ereduak onetsi eta horiek aurkezteko baldintza orokorrak eta prozedura ezarri ziren. Eredu horiek erabiliko dira establezimendu iraunkorrik gabe lortutako errentak aitortzeko eta establezimendu iraunkorrik gabeko ez-egoiliarrengandik ondasun higiezinak eskuratzeagatik ezarritako atxikipena aitortzeko.
Foru agindu honen bidez sartzen diren aldaketen helburua hau da: batetik, 210 eredu aurkeztearekin batera erantsi beharreko dokumentazioa zehaztea, eta bestetik, aitorpena egiteko eta egiaztatzeko prozedura berezi bat ezartzea, jabetza intelektualaren eskubideen kudeaketa kolektiboa egiteko baimendurik dauden entitateei aplikatzekoa, eta prozedura hori Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariaren azaroaren 10eko 183/2009 Foru Aginduaren 8. artikuluan atxikipenak egiteko finkatua dagoenarekin homogeneizatzea. Aipatutako foru agindu horren bidez, “Ez-egoiliarren errentaren gaineko zerga. Establezimendu iraunkorrik gabeko ez-egoiliarrak. Atxikipenen eta konturako sarreren urteko aitorpena” egiteko 296 eredua onetsi zen.
Estatuaren eta Nafarroako Foru Komunitatearen arteko Hitzarmen Ekonomikoaren 28 artikuluak ezartzen du ez-egoiliarren errentaren gaineko zerga ordainarazteko orduan Nafarroako Foru Komunitateak, unean-unean Estatuak ezarrita dituen arauekin alderatuta, funtsez eta formaz berdinak diren arauak aplikatuko dituela. Hala ere, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak aitorpena eta ordainketak egiteko bere ereduak onesten ahalko ditu, gutxienez ere araubide erkideko lurraldeko datu berak edukiko dituztenak, eta likidazioaldi bakoitzean ordaintzeko epeak finkatzen ahalko ditu, Estatuko Administrazioak ezartzen dituenetatik asko bereiziko ez direnak.
Horrez gainera, xedatzen du establezimendu iraunkorrik izan gabe lortzen diren errentak kargatzen direnean, zergaren ordainarazpena Foru Komunitateari egokituko zaiola, betiere 29. artikuluan ezarritako irizpideak aplikatuz errentak Nafarroan lortu edo ekoitzi direla ondorioztatzen baldin bada.
Horrenbestez, Tributuei buruzko abenduaren 14ko 13/2000 Foru Lege Orokorraren 6. artikuluan emandako ahalmena erabiliz,
AGINDU DUT:
Artikulu bakarra.–Ekonomia, Ogasun, Industria eta Enpleguko kontseilariaren ekainaren 18ko 231/2013 Foru Agindua aldatzea. Foru agindu horren bidez, ez-egoiliarren errentaren gaineko zergaren 210 eta 211 ereduak onetsi ziren, eta haiek aurkezteko baldintza orokorrak eta prozedura ezarri. Eredu horiek erabiliko dira establezimendu iraunkorrik gabe lortutako errentak aitortzeko eta establezimendu iraunkorrik gabeko ez-egoiliarrengandik ondasun higiezinak eskuratzeagatik ezarritako atxikipena aitortzeko.
Ekainaren 18ko 231/2013 Foru Aginduari bi artikulu eransten zaizkio. Hona horien testua:
Bat. 11. artikulua.
“11. artikulua. “210 ereduarekin batera aurkeztu beharreko agiriak.
1. Zergadunaren bizilekua dela-eta, autolikidazioa Espainiako barne araudian jasotako salbuespenak aplikatuz egiten denean, bizileku-ziurtagiri bat erantsi beharko da, zergaduna bizi den herrialdeko zerga arloko agintariek luzatua.
Dena dela, martxoaren 5eko 5/2004 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onetsitako Ez-egoiliarren Errentaren gaineko Zergari buruzko Legearen Testu Bateginaren 14.1.k) eta 14.1.l) artikuluan ezarritako salbuespenak aplikatzen direnean, erregistro administratiborako edo gainbegiratzeko araubide berariazko baten menpe dauden inbertsio kolektiboko instituzioek edo pentsio-funtsek, salbuespena egiteko eskubide hori justifikatzeko, bizileku-ziurtagiria aurkeztu beharrean, honako hauek aurkeztu beharko dituzte:
a) 14.1.k) artikuluan jasotako salbuespen kasuetan, pentsio-funtsen ordezkariak egindako aitorpen bat erantsi beharko dute, abenduaren 17ko EHA73316/2010 Aginduaren VI. eranskineko ereduaren araberakoa, eta bertan adierazi legezko eskakizunak betetzen dituztela.
b) 14.1.l) artikuluan jasotako salbuespen kasuetan, erakundearen jatorrizko estatukidean eskumena duen agintaritzak luzatutako ziurtagiria erantsiko dute, eta bertan adieraziko dute erakunde horrek betetzen dituela Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2009ko uztailaren 13ko 2009/65/EK Zuzentarauan ezarritako baldintzak. Zuzentarau horren bidez, balore higigarrietako inbertsio kolektiborako erakunde batzuentzako lege, erregelamendu eta administrazio xedapenak koordinatzen dira. Eskumena duen agintaritza nor den jakiteko, zuzentarau horren 97. artikuluan ezarritakoari jarraikiko zaio.
Autolikidazioa egitean kuotaren murrizketa edo salbuespenak aplikatzen badira, zergapetze bikoitza saihesteko Espainiak sinatutako hitzarmen batean zergapetze-muga dagoelako, egoitza fiskalaren ziurtagiri bat erantsiko da, tokian tokiko zerga agintaritzak luzatua. Ziurtagiri horretan eskubide horiek justifikatu beharko dira, eta berariaz azaldu beharko da zergaduna hango egoiliarra dela hitzarmenean ezarritakoari jarraikiz. Dena dela, autolikidazioa egitean kuotari hitzarmen batean ezarritako zergapetze-muga bat aplikatzen bazaio, eta, hitzarmen hori garatzeko, inprimaki berariazko bat erabili beharra ezartzen duen agindu bat onetsi bada, lehenago aipatutako ziurtagiriaren ordez berariazko inprimaki hori aurkeztu beharko da.
Zergari buruzko Legearen 24.6 artikuluaren arabera, zerga-oinarria zehazteko gastuak kentzen direnean zergadunak Europar Batasuneko beste estatu bateko egoiliarrak direlako, egoitza fiskala kasuan kasuko estatuan duela egiaztatzeko agiri bat erantsi beharko da, estatu horretako zerga agintaritzak luzatua.
1 Zenbakian adierazitako aitorpenak eta egoitzaren ziurtagiriek urtebeterako balioko dute, sinaduraren egunetik hasita. Nolanahi ere, zergaduna atzerriko estatu bat denean, estatu baten barreneko eskualde politiko edo administratibo bat edo hango toki entitate bat denean, egoitzaren ziurtagirien balioa mugarik gabekoa izanen da.
2 Kuotatik konturako sarrerak edo atxikipenak kentzen diren guztietan, haien ziurtagiriak erantsiko dira.
3. Baloreen gordailuzaintzan aritzen diren erantzule solidarioek egindako autolikidazioen kasuan, aski izanen da erantzule horiek zerga administrazioaren eskura jartzea 1. zenbakian aipatzen diren egoitzaren ziurtagiriak, inprimaki-ereduak edo aitorpenak, harik eta preskripzio epea iraungi arte.
4. Itzulketa eskatzen duten autolikidazioen kasuan, banku-kontuaren titulartasuna eta identifikazioa egiaztatzeko agiri bat erantsiko da. Gainera, itzulketa zergadunaren legezko ordezkaria titular gisa agertzen den banku-kontu batean egiteko eskatuz gero, ordezkaritza hori frogatzeko agiri bat aurkeztu beharko da, eta agiri horretako klausula batean agertu legezko ordezkari horri ahalmena ematen zaiola diru-itzulketa hartzeko, zergadunaren kontura.”
Bi. 12. artikulua.
“12. artikulua. Itzulketa aitorpen eta egiaztapen prozedura berezi baten bidez egiteko eskaera, jabetza intelektualaren eskubideen kudeaketa kolektiborako entitateentzat.
1 Egoitza Espainian izanik, jabetza intelektualaren eskubideen kudeaketa kolektiboa egiteko baimena duten entitateen kasuan, atxikipenak egin badituzte barreneko araudiaren karga-tasa aplikatuz eta, zergapetze bikoitza saihesteko hitzarmen baten xedapenak oinarri harturik, Ez-egoiliarren Errentaren gaineko Zergaren autolikidazioak (210 eredua) egiten badituzte itzulketa eskatuz, aitorpenerako eta egiaztapenerako prozedura berezi bat erabiltzen ahalko da, betiere, autolikidazio horiek entitate aitortzaileak antzeko eskubideen kudeaketa kolektiborako atzerriko beste entitate batzuei egindako ordainketen likidazioan agertzen diren etekinei buruzkoak badira. Espainiako entitate aitortzaileak, gainera, elkarrekiko edo alde bakarreko ordezkaritza kontratu bat sinatua izan beharko du egoitza beste herrialde batean daukaten entitate horiekin, eta honako baldintza hauek bete beharko dira:
a) Hartzaileak kudeaketa kolektiborako atzerriko entitatearen herrialde bereko egoiliarrak izatea, hitzarmenean ezartzen denaren arabera.
b) Urte naturalean hartzaile horietako bakoitzak izandako etekinak 10.000 eurotik beherakoak izatea.
Itzulketa eskatuz gero, 210 ereduan urte osoko eragiketak bilduko dira, eta bertan, egoitza Espainian izanik, jabetza intelektualaren eskubideen kudeaketa kolektiboa egiteko baimena duten entitateek adierazi beharko dute autolikidazioa atxikitzaile gisa egiten dutela. Hortaz, zergadunari dagokion atalean kudeaketa kolektiborako atzerriko entitatea aipatuko dute, eta, errenta motaren kodea adierazi behar den tokian, prozedura berezi hau identifikatzen duen berariazko kodea jarriko dute.
2. Foru agindu honen 11. artikuluko 1. atalean adierazitako dokumentazioaren gaineko araudia betetzearen ondorioetarako, atal horretan adierazitako dokumentazioaren ordez, agiri hauek aurkezten ahalko dituzte:
a) Kudeaketa kolektiborako atzerriko entitateak egindako ziurtagiria, honako datu hauek jasoko dituena: hartzaileen zerrenda (hitzarmenaren arabera, atzerriko entitatearen herrialde bereko egoiliarrak direla adierazita), hartzaile bakoitzari dagozkion eskubideen zenbateko osoa eta zenbateko horien batura.
b) Atzerriko entitatearen egoitza fiskalaren ziurtagiria, haren herrialdeko zerga agintaritzak luzatua. Ziurtagiri horrek urtebeteko balioa izanen du, sinatzen den egunetik aurrera.
Egiaztapenerako prozedura berezi hori aplikatuko da deusetan galarazi gabe zergapetze bikoitza saihesteko hitzarmenak garatzeko aginduetan (zerga noiz sorrarazten den, une horretan indarra dutenetan) xedatzen dena ere bete beharra, baldin eta agindu horietan ezartzen bada, itzulketaren prozeduran, eredu berariazko bat erabili behar dela edo egoitza fiskalaren ziurtagiri bat aurkeztu behar dela. Nolanahi ere, zerga administrazioak ahalmena izanen du kudeaketa kolektiborako entitateek egindako ordainketa horietan sartutako etekinak jaso dituen edozein onuradunari eskatzeko justifika dezala hitzarmena aplikatzeko eskubidea duela. Horretarako, egoitza fiskalaren ziurtagiria eskatzen ahalko die, egoitzaren herrialdeko zerga agintariek luzatua, non adierazi beharko baita, hitzarmenaren ondorioetarako, egoiliarrak direla.”
Azken xedapen bakarra.–Indarra hartzea.
Foru agindu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra. Hala ere, artikulu bakarreko Bi atalean xedatutakoa 2015eko martxoaren 1etik aurrera aurkezten diren autolikidazioei aplikatuko zaie, 2014ko urtarrilaren 1etik aurrerako sorrarazpenei dagokienez.
Iruñean, 2015eko urtarrilaren 28an.–Ekonomia, Ogasun, Industria eta Enpleguko kontseilaria, Lourdes Goicoechea Zubelzu.
Iragarkiaren kodea: F1501500