32. ALDIZKARIA - 2015eko otsailaren 17a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

18/2015 FORU AGINDUA, urtarrilaren 16koa, Gizarte Politiketako kontseilariak emana, garapenerako hezkuntza proiektuak eta sentsibilizazio ekintzak egiteko diru-laguntzetarako deialdia egiten duena.

Gure foru komunitatearen gizarte kontzientziaz jabeturik, Nafarroako erakundeek funtsak ematen dituzte Milurtekoko Garapen Helburuak lortzeko. Funts horiek herrialde eta herri pobretuen giza garapen iraunkorrerako ekarpen solidarioak dira, eta Garapenerako Laguntza Ofizial gisa ematen dira.

Bestalde, Europar Batasuneko Kontseilua, kontuan hartuz gure gizartearen elkar-menpekotasun orokorra, nazioarteko elkartasunaren sentimendua sendotu beharra eta Europan kultura-arteko gizarte bat ezartzeko ingurune egoki bat sortu beharra, ahaleginak egiten ari da Batzordeak eta estatu kideek garapenerako hezkuntza eta sentsibilizazioa gehiago babesteko, eta, hori dela-eta, “Europako kontsentsua garapenaren inguruan” delakoa ezarri du, Europako Batzordeak berak eta estatu kideek jarrai dezaten garapenerako hezkuntzaren arloan eta sentsibilizazioaren arloan lan egiten duten GGKEen ekimenak sostengatzen.

Garapenaren aldeko Lankidetzari buruzko martxoaren 9ko 5/2001 Foru Legeak, apirilaren 6ko 4/2010 Foru Legeak aldatutakoak, nazioarteko ekintza solidarioaren arlo honen printzipioak, helburuak eta bitartekoak ezartzen ditu, besteak beste. Zehazki, 14. artikuluak xedatzen du, garapenerako lankidetza jarduerak sustatzeko, funts publikoak erabiliko direla, besteak beste. Halaber, haren 7.2 artikuluak xedatzen du Nafarroako Administrazio Publikoek garapenerako lankidetza programetan garapenerako hezkuntzarako eta gizartearen sentsibilizaziorako ekintzak bilduko dituztela, zuzenean edo garapenerako gobernuz kanpoko erakundeekin batera egin beharrekoak.

Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeak diru-laguntza publiko guztiak arautzen ditu, eta bertan ezartzen dira printzipio orokorrak, kontzeptuak, irizpideak, eskumenak, eginbeharrak eta erantzukizunak, eta diru-laguntzak eman, kudeatu eta kontrolatzeko bidea.

Horrenbestez, beharrezkoa da garapenerako hezkuntza proiektuak eta sentsibilizazio ekintzak egiteko diru-laguntzei buruzko oinarriak ezarri eta argitaratzea, diru-laguntza horietan publizitatearen, gardentasunaren, konkurrentziaren, objektibotasunaren, berdintasunaren, bereizkeriarik ezaren eta kontrolaren printzipioak bermatzeko, baita administrazio emaileak finkaturiko helburuak lortzeko eraginkortasuna eta baliabide publikoak esleitu eta erabiltzeko eragimena ere.

Horrenbestez, Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legeak eta Gizarte Politiketako Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen uztailaren 25eko 73/2012 Foru Dekretuak emandako ahalmenak erabiliz,

AGINDU DUT:

Lehena.–2015ean garapenerako hezkuntza proiektuak eta sentsibilizazio ekintzak egiteko diru-laguntzetarako deialdiaren oinarriak, foru agindu honen eraskinean ageri direnak, onestea.

Bigarrena.–262.242,00 euroko gastua baimentzea 2015eko gastuen aurrekontuko “Garapenerako nazioarteko lankidetza” izeneko 900004-91630-4819-143102 kontu-sailaren kargura, betiere kontu-sail horretan krediturik baldin badago.

Hirugarrena.–Foru agindu hau Idazkaritza Tekniko Nagusiko Administrazio Aferetarako Bulegora, Idazkaritza Tekniko Nagusiko Ekonomia eta Aurrekontuak Kudeatzeko Ataleko Kontabilitate Zentrora eta Garapenari Arreta Emateko eta Pertsonak Gizarteratzeko Zerbitzura igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Laugarrena.–Foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Bosgarrena.–Deialdi honen eta oinarri arautzaileen kontra, gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Nafarroako Gobernuari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hasita hilabeteko epean.

Iruñean, 2015eko urtarrilaren 16an.–Gizarte Politiketako kontseilaria, Iñigo Alli Martínez.

I. ERANSKINA

Garapenerako hezkuntza proiektuak eta sentsibilizazio ekintzak egiteko diru-laguntzetarako deialdiaren oinarriak

Lehena.–Xedea eta helburua.

1. Gizarte Politiketako Departamentuak 2014rako diru-laguntzen deialdia egin du, horien bidez, Nafarroan diren Garapenerako Gobernuz Kanpoko Erakundeekin (GGKE) eta unibertsitateekin batera, garapenerako lankidetzaren eragile diren heinean, gizartea garapen bidean dauden herrialdeen arazoen aurrean sentikorrago bihurtzeko eta elkarren mende dagoen munduari buruzko kontzientzia eta ulermen kritikoa garatzeko esku-hartzeak finantzatzeko, elkartasuna eta lankidetza aktiboa bultzatuz.

2. Esku-hartzeak hiru mota edo modalitatetakoak izaten ahalko dira:

–A modalitatea: sentsibilizazio ekintzak. Esku-hartze horien xedea da garapen bidean dauden herrialdeen arazoen ezagutza erraztea, batik bat aurrerapen txikiena duten herrialdeena, eta txirotasunaren arrazoiak eta globalizazioaren harreman ekonomikoak, sozialak eta kulturalak ulertzen laguntzea.

–B modalitatea: garapenerako hezkuntza esparru ez-formalean. Hezkuntza asmoa izanik eta irakaskuntza-ikaskuntzaren esperientziak planifikatuta direla, hezkuntza formalaren esparrutik kanpo gertatzen diren hezkuntza prozesuak bultzatzen dituzten esku-hartzeak dira.

–C modalitatea: garapenerako hezkuntza esparru formalean: legez arauturiko hezkuntza sisteman garatzen diren jarduera pedagogiko guztiak dira.

3.–Urtebeterako diseinatuko dira.

Bigarrena.–Aurrekontuko diru erabilgarria modalitatearen arabera.

262.242,00 euro daude deialdi honetarako, hiru modalitateetan honela banaturik:

–A modalitatea: sentsibilizazio ekintzak: 40.000,00 euro.

–B modalitatea: garapenerako hezkuntza esparru ez-formalean: 40.000,00 euro.

–C modalitatea: garapenerako hezkuntza esparru formalean: 182.242,00 euro.

Modalitateren batean kreditua agortzen ez bada, sobratzen den dirua besteen artean banatuko da, lehentasun hurrenkera honi jarraituz: C modalitatea: hezkuntza formala; B modalitatea: hezkuntza ez-formala; A modalitatea: sentsibilizazioa.

Hori guztia 2015eko gastuen aurrekontuko “Garapenerako nazioarteko lankidetza” izeneko 900004-91630-4819-143102 kontu-sailaren kargura, betiere kontu-sail horretan krediturik baldin badago.

Hirugarrena.–Entitate onuradunek bete beharreko baldintzak:

Deialdi honen xede diren diru-laguntzak hartu ahal izateko, garapenerako gobernuz kanpoko erakundeek (GGKE) eta unibertsitateek baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Garapenerako gobernuz kanpoko erakundeak izanez gero, eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean, Garapenerako Nazioarteko Lankidetzarako Espainiako Agentziako (AECID) Garapenerako Gobernuz kanpoko Erakundeen Erregistroan inskribaturik egon beharko dute.

b) Entitatearen egoitza edo ordezkaritza iraunkorra Nafarroako Foru Komunitatean izatea.

c) Zerga arloko betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak eguneraturik izatea eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioarekiko eta haren erakunde autonomoekiko zorrak kitatuak izatea.

d) Diru-laguntzen onuraduna izateko Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluko 2. eta 3. idatz-zatietan ezarrita dauden gainerako debekuetatik bat ere ez urratzea.

e) A modalitatean, nahitaezkoa da hiru GGKEko edo gehiagoko talde gisa aurkeztea; B eta C modalitateetan, hiru GGKEko edo gehiagoko taldeak aurkezten ahalko dira. Unibertsitateen kasuan, C modalitatean bakarrik aurkezten ahalko dira, hau da, garapenerako hezkuntza esparru formalean izenekoan. Hori guztia, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 8.2 eta 3 artikuluan aurreikusitako moduan, eta taldeko entitate bakoitzak bete beharko ditu aurreko puntuan adierazitako baldintzak.

Laugarrena.–Esku-hartzeetan bete beharreko baldintzak.

Diru-laguntzak hartu ahal izateko, entitate eskatzaileek aurkezten dituzten esku-hartzeek baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Deialdi honen lehen oinarriko xede eta helburuei eta Garapenaren aldeko Lankidetzari buruzko martxoaren 9ko 5/2001 Foru Legearen 2., 3. eta 7. artikuluetako printzipioei lotzea.

b) Finantzaketaren %20, gutxienez, funts propioetatik, beste administrazio publiko batzuetatik –Nafarroako Gobernuaren beste departamentuen eta erakunde autonomoen funtsak kenduta– edo beste entitate batzuetatik aterako da.

c) Jarduerak 2015ean hastea. Ondorio horretarako, ebazpena ematen den eguna hartuko da jardueren hasiera-eguntzat, salbu eta entitate onuradunak lehenagoko bat adierazten badu berariaz.

d) Zeharkako kostuak ez dira izanen esku-hartzearen kostu osoaren %10etik gorakoak.

e) Esku-hartze bakoitzeko eskatzen diren gehieneko zenbatekoak honako hauek izanen dira:

–A modalitaterako (sentsibilizazio ekintzak): 25.000,00 euro.

–B modalitaterako (garapenerako hezkuntza esparru ez-formalean): 20.000,00.

–C modalitaterako (garapenerako hezkuntza esparru formalean): 25.000.00 euro GGKE bat izanez gero, eta 20.000,00 euro, unibertsitate bat izanez gero.

Bosgarrena.–Diru-laguntzen bateragarritasuna.

1. Deialdi honetan aurreikusitako diru-laguntzak bateragarriak dira Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaz aparte beste administrazio publiko batzuek, beste erakunde publiko zein pribatu batzuek edo norbanakoek, Estatukoek edo atzerrikoek, jarduera bera garatzeko ematen dituztenekin.

2. Ematen diren diru-laguntzen zenbatekoak ez du sekula gaindituko, bakarrik edo beste erakunde edo entitate pribatu zein publiko batzuen laguntzekin batuta, diruz lagundutako jardueraren kostua.

Seigarrena.–Diruz laguntzen ahal diren gastuak.

1. Diruz laguntzen ahal diren gastuak kontu-sail hauetan sartzeko modukoak izanen dira:

a) Zuzeneko gastuak:

a.1. Ondasun higiezinak alokatzea.

a.2. Materialak eta hornidurak.

a.3. Langileria gastuak.

a.4. Bidaiak, ostatu-hartzea eta dietak.

a.5. Zerbitzu teknikoak eta profesionalak.

b) Zeharkako gastuak: proiektuaren zeharkako kostuengatik diru-laguntzari %10eko edo hortik beherako zenbatekoa gehitzen ahalko zaio. Zeharkako gastuak GGKEaren ohiko funtzionamenduaren gastu administratiboak dira, esku-hartzea egiteko beharrezkoak; gastuen %75 gutxienez Nafarroan egindako gastuak izanen dira.

Gastuak justifikatzeko, hamabosgarren oinarrian ezarritakoari jarraikiko zaio, frogatzeko zailak diren gastuak izan ezik. Izan ere, horrelakoetan, GGKEaren legezko ordezkariak gastu horien gaineko ziurtagiria egin beharko du. Ziurtagirian honako hauek agertuko dira: zenbatekoa, gastu motaren aipamena, diruz lagundutako esku-hartzearekin duen lotura eta zergatik den ezinezkoa arau orokorren arabera justifikatzea. Gainera, gastuaren frogagiriak aurkeztuko dira: fakturak, kontabilitatearen egoera-orri ikuskatuak edo gastua egiazki gauzatu dela frogatzen duten bestelako agiriak. Ziurtagiri horren bitartez justifikatuko den diru-kopuruak ez du zeharkako gastuen %30 edo diru-laguntzaren %3 gaindituko.

2. Gastu finantzarioek, notario-gastuek eta erregistro-gastuek diru-laguntza jasotzen ahalko dute, baldin eta diruz lagundutako jarduerarekin zuzeneko lotura badute eta hura ongi prestatu edo egiteko ezinbestekoak badira.

3. Nafarroako Gobernuaren diru-laguntzaren etekin finantzarioak diru-laguntzaren zenbatekoari gehituko zaizkio eta diruz lagundutako jarduerari ere aplikatuko zaizkio.

4. Diruz lagundutako gastuak zerbitzuak emateko erabiltzen direnean eta 12.000 eurotik gorakoak direnean, txosten gehigarri bat aurkeztuko da, hornitzaileak hautatzeko prozedurari eta irizpideei buruzkoa, gutxienez haietako hiruri eskatutako aurrekontuekin batera.

5. Mota guztietako inbertsioak diru-laguntzetatik aparte gelditzen dira (ekipamenduak, garraio elementuak, lurrak, eraikinak...). Diru-laguntzarik gabe geldituko dira, oro har, protokolo-gastuak (bazkariak, harrera-ekitaldiak, opariak, loreak, ikuskizunetako sarrerak, etab.), eta diru-laguntzaren kontura egozten ahalko dira, bakar-bakarrik, jarduerak egitearekin lotura zuzena duten langileen joan-etorriei dagozkien bidaia, ostatu eta mantenu gastuak, betiere gainditu gabe Gobernuak 2012ko azaroaren 28an hartutako Erabakian kostu errealaren gainean ezarritako muga. Erabaki horren bidez, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko enplegatuek joan-etorriengatik egiten dituzten gastuak onetsi ziren (2012ko 244. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, abenduaren 17koa).

6. Nafarroako Gobernuaren diru-laguntzatik kanpoko ekarpen gisa onartuko dira lokalen alokairuen gaineko balioztatzeak eta borondatez eta doan egindako lanorduak, horrelako ekarpen guztien %35eraino, gehienez.

Zazpigarrena.–Eskaerak aurkeztea.

1. Eskaerak aurkezteko epea 30 egun naturalekoa izanen da, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

2. Entitate eskatzaile bakoitzak eskaera bakar bat aurkezten ahalko du.

3. Eskaerak Nafarroako Gobernuko Erregistro Orokorrean aurkeztuko dira, Gizarte Politikako eta Kontsumoko Zuzendaritza Nagusian (Iruñeko González Tablas kalea, 7; 31005), edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legean ezarritako tokietan; azken kasu horretan, Garapenari Arreta Emateko eta Pertsonak Gizarteratzeko Zerbitzuari egun berean jakinaraziko zaio, posta elektronikoaren bidez (servcoopdes@navarra.es), eskaera igorri dela. Eskaerak posta bulegoen bidez aurkezten badira, gutun-azala zabalik aurkeztu beharko da, eguna eta zigilua jar diezazkioten, ziurtatu baino lehen.

Zortzigarrena.–Aurkeztu beharreko agiriak.

Entitate eskatzaileek inprimaki ofizial batean eginen dute eskaera, eta dokumentazio hau gehituko diote:

A) Entitate eskatzailearen agiriak:

a) Hirugarren oinarrian ezarritako baldintzak betetzen direla egiaztatzeko agiriak (horiek Foru Komunitateko Administrazioak ez badauzka edo haien edukia aldatu bada). Agiri horiek jatorrizkoak edo fotokopia konpultsatuak izan beharko dute:

a.1) Garapenerako Nazioarteko Lankidetzarako Espainiako Agentziaren GGKEen Erregistroan egindako inskripzioaren ziurtagiria; bereziki adieraziko da ordezkaritza bat zabalik dutela Nafarroako Foru Komunitatearen lurraldean. Aipamen horren ordez beste erregistro administratibo batek emandako ziurtagiri osagarria aurkezten ahalko da, ordezkaritza hori badela egiaztatzen duena, edo notarioaren agiria, fundazioen kasuan. Ziurtagiri horrek/horiek urtebete baino gutxiagoko antzinatasuna izan beharko du/dute, deialdi hau argitaratzen den egunean. GGKEak ez diren beste agente batzuekin osatutako elkarteei dagokienez, horiek kasuan kasuko erregistroan inskribatzeko ziurtagiria aurkeztuko dute, entitateko estatutuekin edo antzeko agiriekin batera, edo, bidezko bada, Nafarroan egoitza edo bulego iraunkorra duela frogatzen duen agiriarekin batera.

a.2) Hirugarren oinarriaren c) eta d) atalen arabera onuradun izatea galarazten duten egoeretan ez dagoela dioen erantzukizuneko aitorpena.

b) Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko eta haren erakunde autonomoetako langileek esku-hartzearen zikloko faseren batean parte hartuz gero, langile horien izenen zerrenda eta proiektuan egin beharreko eginkizunak eta eman beharreko denbora aurkeztu beharko dira; horrekin batera, pertsona horietako bakoitzaren erantzukizuneko aitorpena, beren lana proiektuaren esparruko zereginekin bateragarria dela dioena.

c) Entitateen batasunak izanez gero, erakunde bakoitzaren agiriez gain, honako hauek aurkeztuko dituzte:

c.1) Entitateen batasunaren eraketa agiria. Batasunak berezko nortasun juridikorik ez badu, eratze agirian berariaz azaldu beharko da batasunari, onuraduna den aldetik, dagozkion eginbeharrak betetzeko adina ahalmen duen ahaldunaren edo ordezkariaren izena, bai eta Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean preskribatzeko aipatzen den epea bukatu arte ez desegiteko konpromisoa ere.

c.2) Elkartea edo batasuna osatzen duen entitate bakoitzak, batasunaren kontura eta haren izenean, bere gain hartzen dituen eginkizunak eta konpromisoak adierazten dituen agiria. Haietako bakoitzari dagokion diru-laguntzaren zenbatekoa ere azalduko da.

d) Transferentzia bidez ordaintzeko eskaera, aurreko diru-laguntzak sartzeko bankuko kontua aldatu bada.

e) Nahi izanez gero, entitate eskatzaileek, diru-laguntza eskaerarekin batera, deialdi honen hemezortzigarren oinarrian araututa dagoen gardentasun-betebeharra betetzeko behar den informazioa aurkez dezakete. Informazio hori eskaerarekin batera aurkezten ez badute, diru-laguntza jasotzen duten entitateek oinarri hartan ezarritakoa bete beharko dute, eta hilabeteko epea izanen dute informazio hori aurkezteko, diru-laguntza emateko ebazpena jakinarazten edo, kasua bada, argitaratzen den egunetik hasita.

B) Baloraziorako dokumentazioa.

a) Esku-hartzearen memoria, inprimaki ofizialean, paperezko euskarrian eta euskarri informatikoan.

b) Agiri grafiko, tekniko eta ekonomikoak (proforma fakturak, aurrekontu profesionalak, egindako ebaluazioak eta abar), eta esku-hartzearen ezaugarriez ongi jabetzeko aurkeztu nahi diren bestelako agiriak.

Bederatzigarrena.–Diru-laguntza emateko prozedura eta instrukzioa.

1. Diru-laguntzak emateko prozedura norgehiagoka izanen da, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 17.1 artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

2. Gizarte Politikako eta Kontsumoko Zuzendaritza Nagusiak tramitatuko ditu eskaerak, eta, instrukzio organo gisa, Garapenari Arreta Emateko eta Pertsonak Gizarteratzeko Zerbitzua arituko da. Horrexek egiaztatuko du diru-laguntzak hartzeko betebeharrak betetzen diren, eta eskaerak baloratuko ditu ofizioz, oinarri hauen arabera.

3. Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 19.3 artikuluan ezarritakoarekin bat, ondotik aipatzen diren kasuetan interesdunari eskatuko zaio hamar egun balioduneko epean hutsegiteak zuzendu edo aginduzko agiriak aurkez ditzala, eta ohartaraziko zaio hori egin ezean eskaera bertan behera uzten duela ulertuko dela, espedientea artxibatzeko ebazpena eman ondoren:

a) Eskaeran identifikazio daturik ez agertzea, dela eskatutako diru-laguntzari dagozkionak, dela entitate eskatzaileari buruzkoak.

b) Zortzigarren oinarriaren A ataleko dokumentazioan akatsak izatea.

c) Laugarren oinarrian ezarritakoari jarraikiz esku-hartzeetan bete beharreko baldintzetan akats materialak izatea.

d) Aurrekontua aldatu beharra dakarten arazoak (akats aritmetikoak, okerreko datuak, oso errealistak ez diren kostuak edo hautatu ezin diren beste kostu batzuk).

Horren ondorioz, gauzak argitzeko eskatzen ahalko da, eta instrukzio organoak aldaketak edo murrizketak ezartzen ahalko ditu akats edo datu zehazkabe horiei aurre egiteko.

e) Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legearen 70. artikuluan aurreikusitako edozein.

Gainerako kasu guztietan, eta, bereziki, baloratzeko aurkezten den dokumentazioari dagozkion guztietan, ez da zuzentzeko aukerarik izanen.

Hamargarrena.–Eskaeren balorazioa eta diru-laguntzaren zenbatekoa nola finkatuko den.

1. Eskaerak zein bere modalitatean (lehen oinarrian adieraziak) baloratuko dira, 0tik 1.000 puntura arteko eskalan, II. eranskinean adierazitako irizpide objektiboak eta haien ponderazioa kontuan hartuta.

2. Diru-laguntzarako eskaera baiesteko, esku-hartzeak gutxienez ere 500 puntu lortu beharko ditu guztira, eta horietatik 40 gutxienez II. eranskinaren zeharkako ikuspegiekiko egokitasun irizpideei lotutakoak izanen dira.

3. Diru-laguntzak eskatzen denarekin bat etorri beharko du.

4. Modalitate bakoitzean balorazio positiboa lortzen duten eskaeren zenbateko guztiek aurrekontuetan horretarako dagoen dirua gainditzen badute, lehentasun hurrenkera bat ezarriko da, balorazioan lorturiko puntuazioaren arabera, eta diru-laguntzak muga horretaraino banatuko dira. Prozedura horren arabera diru-laguntza eskuratzen ahal duen azken proiekturako eskatutako diruak hura finantzatzeko gelditzen den diru-zenbatekoa gainditzen duenean, diru-laguntza proposatuko da haren kontzesioa efizientea bada, eta kasu horretan eskaera berregiteko eskatuko da, helburua eta ezaugarriak aldatu gabe, konpromisoak eta baldintzak eman daitekeen diru-laguntzara egokitzeko. Aldatutako proiektu horren aurrekontua ez da txikiagoa izanen proposatutako diru-laguntzaren zenbatekoaren eta hasiera batean antzeko baldintzetan aurreikusitako kofinantzaketaren batura baino (eskaeran ageri den kofinantzaketa portzentaje bera mantenduko da).

Hamaikagarrena.–Alegazioen tramitea.

Instrukzio organoak proposamen-txostena eman aurretik, interesdunei entzutea emateko tramitea egin daiteke, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legearen 84. artikuluari jarraikiz.

Hamabigarrena.–Prozeduraren ebazpena.

1. Gizarte Politikako eta Kontsumoko zuzendari nagusiari dagokio aurkeztutako eskaerak ebaztea, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen bidez eta Gizarte Politiketako Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen uztailaren 25eko 73/2012 Foru Dekretuaren bidez esleitutako ahalmenen ondorioz.

2. Deialdiaren gaineko ebazpenean honako hauek agertuko dira: diru-laguntzak hartzen dituzten eskatzaileak, diru-laguntzen helburua, zenbatekoa, pagatzeko modua eta epea, eta justifikatzeko modua eta epea; horrez gainera, gainerako eskaerak ezetsi direla aipatuko da, Diru-laguntzei buruzko arazoaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 21. artikuluan xedatu bezala.

Hamahirugarrena.–Jakinarazpena eta argitalpena.

Deialdiaren ebazpena administrazio prozedura arautzen duten legeetan ezarri bezala jakinaraziko zaie interesdunei, eta Nafarroako Atarian argitaratuko da.

Hamalaugarrena.–Diru-laguntzen aurrerakinak.

Gardentasun betebeharra bete ondoren, diru-laguntzaren ordainketa aurreratua eginen da. Betebehar hori deialdi honen hemezortzigarren oinarri arautzailean eta Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargurako diru-laguntzen onuradunen gardentasun betebeharrak arautzen dituen irailaren 11ko 59/2013 Foru Dekretuan ezarrita dago.

Hamabosgarrena.–Diru-laguntzaren justifikazioa.

1. Esku-hartzeak bukatu eta hilabeteko epean, entitate onuradunek esku-hartzearen gauzatzeari buruzko azken txosten tekniko eta ekonomikoa aurkeztuko dute, inprimaki ofizialean eta euskarri informatikoan. Eredua Garapenari Arreta Emateko eta Pertsonak Gizarteratzeko Zerbitzuan eskuratzen ahalko da, edo Nafarroako Ataritik jaitsi (www.cooperacion.navarra.es). Diru-laguntzak ematen dituen administrazioak esku-hartzea gauzatzeko epe luzeagoa baimenduz gero, kasuan kasuko baimenean xedatutakoak aginduko du.

2. Azken txostenak justifikazio-kontuaren itxura izanen du, eta gastua justifikatzen duten agiriekin batera aurkeztuko da. Hurrengo elementu hauek jasoko ditu:

a) Kontuan ageri diren datu guztiak egiazkoak direla dioen erantzukizuneko aitorpena, entitate onuradunaren legezko ordezkariak sinatua.

b) Txosten teknikoa esku-hartzearen betetze mailari buruz, eredu ofizialaren araberakoa, lorturiko helburuak eta emaitzak eta eginiko jarduerak zehaztuko dituena gutxienez; txostenari egiaztatze bideak erantsiko zaizkio.

c) Esku-hartzearen diru-sarreren eta gastuen balantzea; bertan, zehazki adieraziko dira jarduera finantzatzeko jaso diren bestelako diru-sarrera, diru-laguntza edo laguntzak, publikoak edo pribatuak, baita haien zenbatekoa eta jatorria ere.

d) Gastuen frogagiriei dagokienez, gastu guztien zerrenda aurkeztuko da, jardueraren eta gastu motaren arabera bereizita. Gastu bakoitzean honako hauek agertuko dira: zerrendan zer dokumentu zenbaki duen, frogagiriaren zenbakia, eman zeneko eguna, igorlearen izena edo izen soziala eta haren identifikazio fiskaleko zenbakia, kontzeptua, frogagiriaren testua (luzea izanez gero, laburtzen ahalko da), ordaintzeko modua eta zenbatekoa eurotan. Zerrendarekin batera, aurrekontua betetzeari buruzko memoria zehaztua aurkeztuko da.

Gastuen zerrendekin batera, frogagiriak aurkeztuko dira, kasuan kasuko kontrol organoak egiaztatu ahal izateko. Horrek laginen bidez berrikusten ahalko ditu. Egiaztagiriak fakturak izanen dira, eta halakorik ezean, banku-laburpenak, ordainagiriak, kaxako erregistroak, gastuen oharrak edo bestelako agiriak. Egiaztagiri horiek, betiere, zerrendan aipatzen diren datuak adierazi beharko dituzte eta ordainketa egin dela frogatu beharko dute. Horiek guztiak jatorrizko agiriak edo fotokopia konpultsatuak izanen dira.

Frogagiri guztiek eginbide-zigilua eraman beharko dute, Nafarroako Gobernuak finantzatzen dituela adierazteko. Eginbidean honako hauek jarriko dira, gutxienez:

–Espedientearen zenbakia.

–“Nafarroako Gobernuak finantzatua” dioen idazkia.

–Finantzaketaren zenbatekoa edo portzentajea, Nafarroako Gobernuaren diru-laguntzarako aurkezten den frogagiriaren zenbatekoaren zati bat egotziz gero.

e) Beste edozein dokumentazio grafiko nahiz idatzizko, borondatez eman nahi dena, diruz lagundutako proiektuaren gauzatzearen edo martxa onaren berri emateko.

3. Edonola ere, Nafarroako Gobernuaren diru-laguntzaren bidez finantzatzen ez den zatiaren zenbatekoa, jatorria eta aplikazioa honela egiaztatuko dira: funts pribatuak badira, entitateak berak emandako ziurtagiri baten bidez, eta bestelako diru-laguntza publikoak badira, aldeko ebazpenaren kopia baten bidez, non adieraziko baitira emandako diru-zenbatekoa eta proiektua. Nafarroako Gobernuaren finantzaketatik kanpoko ekarpen gisa onartutako balorizazioen kasuan, hamaseigarren oinarriaren 6. puntuan xedatutakoari jarraituko zaio.

4. Garapenari Arreta Emateko eta Pertsonak Gizarteratzeko Zerbitzuak, diruz lagundutako jarduera behar bezala justifikatu dela egiaztatu ondoren, diru-laguntzari buruz dagokion administrazio espedientea itxiko du, eta horren berri emanen zaio entitate onuradunari.

Hamaseigarrena.–Azpikontratazioa.

Entitate onuradunak esku-hartzearen zati bat gauzatzeko hirugarrenak azpikontratatzen ahalko ditu; horretarako, diruz lagundutako aurrekontuaren %25 erabiltzen ahalko du, gehienez, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 26. artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

Hamazazpigarrena.–Betebeharrak.

Esku-hartze jakin baterako diru-laguntza jasotzen duten entitateek betebehar hauek izanen dituzte:

a) Eskaerako agirietan eta diru-laguntza emateko baldintzetan zehaztutako moduan gauzatzea jarduera. Gauzatzeko epea aldatzen duten edo hura betetzea nabarmen zailtzen duten inguruabarrak gertatuz gero, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legearen 49. artikuluan eta Garapenaren aldeko Lankidetzari buruzko martxoaren 9ko 5/2001 Foru Legearen 16.1.c) artikuluan ezarritako moduan jokatuko da.

b) Gizarte Politiketako Departamentuaren baimena eskatu eta lortzea, diruz lagundutako esku-hartzean aldaketak egin ahal izateko, hura burutzen ari den bitartean esku-hartzea garatzea eragotzi edo zailtzen duten gorabeherak gertatzen direnean; esku-hartzearen funtsezko aldaketatzat helburuak, emaitzak, xede-populazioa eta kokagunea ukitzen dituztenak hartuko dira bakarrik, bai eta aurrekontuaren kontu-sailen arteko aldaketak ere, emandako diru-laguntzaren %20tik gorakoak badira orotara, edo guztirako kostuaren %10 edo gehiago murrizten bada, Nafarroako Gobernuaren diru-laguntzaz kanpoko ekarpena txikiagoa izateagatik. Nolanahi ere, ez da laugarren oinarriko b) ataleko baldintzaren kontra joko. Esku-hartzea gauzatu bitartean gertatzen diren gainerako gorabehera eta aldaketak arrazoituta adieraziko zaizkio Nafarroako Gobernuari azken txostenean, barnean dela Nafarroako Gobernutik kanpoko finantzabideak handitzeagatik guztirako kostua handitzea.

c) Nafarroako Gobernuaren diru-laguntza hartu ondoren edozein erakunde publiko edo pribaturi helburu bererako eskatutako eta horrek emandako diru-laguntzen zenbatekoa jakinaraztea. Jakinarazpen hori azken justifikazio txostenean egin beharko da.

d) Organo emaileari justifikatzea betebeharrak eta baldintzak bete direla, diru-laguntzaren xedeko jarduera egin dela eta diru-laguntza hartzeko helburua lortu dela, deialdi honen hamabosgarren oinarrian aipatzen den azken txostenaren bidez. Justifikatutako zenbatekoa diru-laguntzaren zenbateko aurreratua baino txikiagoa izatera, erabili ez diren funtsak itzuliko dira, organo kudeatzaileak emandako ordainketa-gutunaren bidez.

e) Diru-laguntzak emateko ebazpenaren proposamena egiten denean, Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak eta zergen arlokoak eguneratuak izatea.

f) Nafarroako Gobernuari proiektuaren zabalkundea egiten laguntzea, Nafarroako herritarrak garapenerako lankidetzaren arloan sentsibilizatzearren.

g) Proiektuaren zabalkunde eta publizitate guztietan diru-laguntza nork eman duen adieraztea. Zabalkunde-lan idatzi edo grafikoetan Nafarroako Gobernuaren logotipoa erabili beharko da, Nafarroako Gobernuaren sinbolo ofiziala eta haren erabilera arautzen dituen maiatzaren 3ko 189/2004 Foru Dekretuan adierazi bezala. Logotipo horrek diru-laguntzaren onuradunen logotipoaren tamaina berean eta berdin ikusteko moduan agertu beharko du. Nolanahi ere, Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako kontseilariak uztailaren 2an emandako 212/2010 Foru Aginduaren 4.b) artikuluan xedatutakoa bete beharko da; foru agindu horren bidez, gizarte zerbitzuen, garapenerako lankidetzaren, familiaren, haurren eta kontsumoaren arloetan diruz lagundutako edo kontratatutako zerbitzu eta zentroetan egiten diren programa, jarduera, inbertsio eta jarduketetan Nafarroako Gobernuaren partaidetza zabaltzeko arauak ezarri ziren.

h) Edozein euskarritan erreproduzitzen ahal diren eta jendaurrean banatzeko, alokatzeko edo saltzeko diren mota guztietako materialak sortuz edo argitaratuz gero, Lege Gordailuaren, Jabetza Intelektualaren eta ISBN-ISSNren eskakizunak bete beharko dira, bidezkoa denaren arabera.

i) Organo emaileak egiten dituen egiaztapenak onartzea, baita kontrol organo eskudunek egiten dituzten egiaztapenak eta finantza kontrolak ere, eta jarduketa horietan eskatzen zaizkien argibide guztiak ematea. Bereziki, hamabosgarren oinarrian aipatzen diren gastuen egiaztagiriak organo emailearen esku uztea, eskatuz gero. Horrela egin ezik, ulertuko da Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 42. artikuluko 1.1.f) idatz-zatiaren kontrako arau-haustea gertatu dela.

j) Jasotako diruaren erabilerari buruzko frogagiriak gordetzea, egiaztatze eta kontrol lanak egin ahal izateko.

k) Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35. artikuluan eta deialdi honen hemeretzigarren oinarrian aipatutako kasuetan jasotzen diren funtsak itzultzea, Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako kontseilariak uztailaren 2an emandako 212/2010 Foru Aginduaren 8.2 artikuluan ezarritako ondorioekin, behar izanez gero. Foru agindu horren bidez, gizarte zerbitzuen, garapenerako lankidetzaren, familiaren, haurren eta kontsumoaren arloetan diruz lagundutako edo kontratatutako zerbitzu eta zentroetan egiten diren programa, jarduera, inbertsio eta jarduketetan Nafarroako Gobernuaren partaidetza zabaltzeko arauak ezarri ziren.

Hemezortzigarrena.–Gardentasunerako betebeharrak.

Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargurako diru-laguntzen onuradunen gardentasunerako betebeharrak arautzen dituen 59/2013 Foru Dekretuaren 2. artikuluan aipatzen diren entitateek Gardentasunari eta Gobernu Irekiari buruzko ekainaren 21eko 11/2012 Foru Legearen bederatzigarren xedapen gehigarrian ezarritako gardentasun baldintzak bete beharko dituzte Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargurako diru-laguntzak jasotzen badituzte eta bi inguruabar hauek gertatzen badira:

a) Emandako diru-laguntza 20.000 eurotik gorakoa izatea urtean.

b) Emandako diru-laguntza entitate onuradunaren negozio-zifraren edo urteko aurrekontuaren %20tik gorakoa izatea.

Aurreko atalean ezarritako kopuruak gainditzen diren zehazteko, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak edo haren erakunde publikoek urte naturalean emandako diru-laguntza guztien kopuruak batuko dira. Urte batean baino gehiagotan ordaintzen diren diru-laguntzen kasuan, aurrekontuko ekitaldi bakoitzean emandako kopurua hartuko da kontuan ondorio horietarako, eta ez guztizko batura. Erreferentziako negozio-zifra edo urteko aurrekontua honako hauen arteko txikiena izanen da:

a) Aurreko urteko negozio-zifra edo betearazitako aurrekontua.

b) Hala badagokio, negozio-zifra, edo diru-laguntza ematen den ekitaldian entitatearen organo eskudunak onartutako aurrekontua.

Aipatu diren inguruabarrak gertatzeagatik gardentasunari lotutako betebeharrak dituzten entitate onuradunek jarraian adierazten den informazioa eman beharko dute:

a) Entitatearen gobernu, administrazio eta zuzendaritza organoen osaera.

b) Organo horiek osatzen dituzten kargudunen zerrenda.

c) Entitateak aurreko urtean kargudun bakoitzari emandako ordainsari gordinak eta gainerako diru konpentsazioak, kontzeptuz kontzeptu. Sortu berriak diren entitateen kasuan, informazioa haien aurrekontuetan edo plan ekonomiko-finantzarioan jasotakoa izanen da.

d) Kargudun bakoitzak gobernuko, administrazioko eta zuzendaritzako eginkizunetan duen dedikazioaren araubidea.

e) Entitate onuradunaren urteko azken kontuen kopia bat.

Informazio hori entitate onuradunaren legezko ordezkariak sinatuta aurkeztuko da, Nafarroako Gobernuaren Erregistro Orokor Elektronikoaren bide telematikoak erabiliz, eta diru-laguntza kudeatzen duen administrazio unitateari bidaliko zaio. Informazioa bidaltzeko epea hilabetekoa izanen da, diru-laguntza ematen duen ebazpena jakinarazten edo argitaratzen den egunetik hasita, argitaratuz gero.

Informazio hori urtebetez egonen da aztergai Nafarroako Gobernu Irekiaren Atarian argitaratzen denetik hasita, eta gehienez 15 hilabetez utziko da bertan, informazioa kudeatzen duen organoan sartzen den egunetik hasita. Epe hori igarota, informazioa argitaratzeko ardura duen unitateak ofizioz kenduko du. Hala egin ezean, entitate onuradunak kentzeko eskatzen ahalko du, eta eskakizun hori gehienez ere hilabeteko epean bete beharko da eskaera egiten denetik hasita.

Entitateak gardentasun betebeharra bete behar ez badu, aurreikusitako inguruabarrak gertatzen ez direlako, horren gaineko deklarazio bat aurkeztu beharko du.

Entitateak ekitaldi berean diru-laguntza bat baino gehiago jasotzen baditu, ez du informazioa errepikatu beharko diru-laguntza bakoitzean, salbu eta hasieran eman zituen datuak aldatzen badira.

Onuradunak informazioa emateko betebeharrak ez betetzeak ekar ditzakeen zehapenak galarazi gabe, ez-betetzearen ondorioz, emandako diru-laguntza ordaindu gabe utziko da, aurrerakinak barne, eta, hala badagokio, kobratutako zenbatekoak itzuli beharko dira, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko Legearen 35.1.c) artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

Hemeretzigarrena.–Ez-betetzeak.

1. Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35. eta 37. artikuluetan aipatzen diren kasuetan eta bertan ezartzen diren baldintzetan, hartutako dirua itzuli beharko dute diru-laguntzen onuradunek.

2. Diru-laguntza emateko aintzat hartutako inguruabar, betebehar eta baldintzak hamazazpigarren oinarrian aipatzen den baimen administratiboa izan gabe aldatuz gero, ez-betetzetzat joko da. Orobat, behin esku-hartzea bukaturik eta ezinbesteko kasuetan salbu, alderdi teknikoak eta aurrekontua %50 baino gutxiago gauzatzen badira ez-betetzea izan dela ondorioztatuko da; gainerako kasuetan, organo emaileak baloratu beharko ditu esku-hartzearen gauzatze maila baxua eragin duten inguruabar eta arrazoiak, ez-betetzea izan den erabakitzeko.

3. Ez-betetzeetan maila desberdinak egonen dira, honen arabera:

–Esku-hartzea noraino bete den, arlo teknikoari eta aurrekontuari dagokienez.

–Aurretik baimen administratiboa eduki gabe eginiko aldaketen zenbatekoa eta munta.

–Frogatutako arrazoirik gabe egindako aldaketa ez-funtsezkoen kopurua eta munta.

–Txostenak epetik kanpo aurkezten direnean, zenbat egun iragan diren.

4. Aurreko atalean ezarritakoa galarazi gabe, arau-hauste eta zehapenei dagokien guztian Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 42. artikuluak eta hurrengoek eta Garapenaren aldeko Lankidetzari buruzko martxoaren 9ko 5/2001 Foru Legearen VII. kapituluak xedatzen dutena hartuko da aintzat.

Hogeigarrena.–Errekurtsoak

Deialdi honen oinarrien kontra gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, baita deialdia aplikatzeko egintzen kontra ere, Gizarte Politiketako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, aurkaratu nahi den egintza argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik aurrera.

Hogeita batgarrena.–Aplikatu beharreko araudia.

Oinarri arautzaile hauetan xedatzen denaz gain, Garapenaren aldeko Lankidetzari buruzko martxoaren 9ko 5/2001 Foru Legearen (apirilaren 6ko 4/2010 Foru Legeak aldatua) eta Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen xedapenak dira aplikatzekoak.

II. ERANSKINA

1.–A modalitaterako balorazio irizpideak: Sentsibilizazio ekintzak:

a. Batasunaren egokitasun instituzionala (200 puntu arte):

a.1) Gaitasun operatiboa eta ezarpena Nafarroan (170 puntu arte):

– Sentsibilizazio lana dokumentu estrategikoetan txertatzea (20 puntu arte).

–Garapenerako hezkuntzako eta sentsibilizazioko jarduketak (40 puntu arte).

–Garapenerako lankidetzaren arloko jarduketak (30 puntu arte).

–Boluntarioak, laguntzaileak eta bazkideak Nafarroan (60 puntu arte).

–Batasunean bildutako entitateen kopurua (20 puntu arte).

a.2) Eranskin honen 3. atalean adierazitako zeharkako ikuspegiak nola txertatzen diren eskaera egiten duen batasunean (30 puntu arte).

b) Esku-hartzearen kalitate teknikoa (800 puntu arte):

b.1) Xedeko populazioa: hautatzeko irizpideak; ezaugarriak, zenbaketa, zein herritan esku hartzen den (50 puntu arte).

b.2) Beste eragile batzuekiko koordinazioa (50 puntu arte):

–Koordinazioa lankidetzaren arloko beste eragile batzuekin (25 puntu arte).

–Koordinazioa beste gizarte eragile batzuekin (25 puntu arte).

b.3) Esku-hartzearen barne koherentzia (175 puntu arte):

–Helburuen, emaitzen eta jardueren analisia (100 puntu arte).

–Adierazleen eta egiaztatze bideen bidezkotasuna eta xehetasuna (50 puntu arte).

–Bideragarritasunaren, arriskuen edo kanpoko faktoreen analisia (25 puntu arte).

b.4) Metodologia (125 puntu arte):

–Jardueren aniztasuna eta zehaztasuna (50 puntu arte).

–Metodologiaren berrikuntza eta didaktika (75 puntu arte).

b.5) Edukiaren egokitasuna (150 puntu arte):

–Nola egokitzen den eranskin honen 3. atalean adierazitako zeharkako ikuspegietara (50 puntu arte).

–Nola egokitzen zaion deialdiaren xedeari, eta edukiaren analisi orokorra (100 puntu arte).

b.6) Baliabideak (150 puntu arte):

–Giza baliabideen egokitasunari buruzko analisia (50 puntu arte).

–Aurrekontuaren analisia; kostuaren eta jardueren arteko erlazioa eta gastuaren kontu-sail bakoitzaren beharra (100 puntu arte).

b.7) Ebaluazio eta jarraipen prozesua (50 puntu arte).

b.8) Esku-hartzearen trinkotasun edo sendotasun orokorra (50 puntu arte).

2.–B eta C modalitateak baloratzeko irizpideak: Garapenerako hezkuntza proiektuak.

a) Erakundeen egokitasuna (200 puntu arte):

a.1) GGKEen kasuan:

a.1.1) Gaitasun operatiboa eta ezarpena Nafarroan (135 puntu arte):

–Garapenerako hezkuntzaren eta sentsibilizazioaren arloko jarduketak (50 puntu arte).

–Garapenerako lankidetzaren arloko jarduketak (25 puntu arte).

–Boluntarioak, laguntzaileak eta bazkideak Nafarroan (60 puntu arte).

a.1.2) Gaitasun estrategikoa. Garapenerako hezkuntza eta sentsibilizazioa nola txertatzen diren dokumentu estrategikoetan (35 puntu arte).

a.1.3) Eranskin honen 3. atalean adierazitako zeharkako ikuspegiak nola txertatzen diren eskaera egiten duen entitatean (30 puntu arte).

Entitateen batasunen kasuan, hori dena batasunaren ordezkariarentzat baloratuko da; batasuna hiru entitatek osatzen badute, 1,2rekin biderkatuko da, eta 1,4rekin gainerako kasuetan, 200 puntu arte, gehienez ere.

a.2.–Unibertsitateen kasuan:

a.2.1) Gaitasun operatiboa (100 puntu arte):

–Garapenerako hezkuntzaren eta sentsibilizazioaren arloko jarduketak (70 puntu arte).

–Garapenerako lankidetzaren arloko jarduketak (30 puntu arte).

a.2.2) Gaitasun estrategikoa. Garapenerako hezkuntza eta sentsibilizazioa nola txertatzen diren dokumentu estrategikoetan (70 puntu arte).

a.2.3) Eranskin honen 3. atalean adierazitako zeharkako ikuspegiak nola txertatzen diren eskaera egiten duen entitatean (30 puntu arte).

b) Esku-hartzearen kalitate teknikoa (800 puntu arte):

b.1) Xedeko populazioa: hautatzeko irizpideak; ezaugarriak, zenbatzea, eragin biderkatzailea, zein herritan esku hartzen den (50 puntu arte).

b.2) Esku-hartzearen barne koherentzia (175 puntu arte):

–Helburuen analisia, ikaskuntzaren emaitzak (ezagupenak, jarrerak, trebetasunak) eta jarduerak (110 puntu arte).

–Adierazleen eta egiaztatze bideen bidezkotasuna eta xehetasuna (40 puntu arte).

–Arriskuen edo kanpoko faktoreen analisia (25 puntu arte).

b.3) Metodologia (100 puntu arte):

–Jardueren aniztasuna eta zehaztasuna (50 puntu arte).

–Metodologiaren berrikuntza eta didaktika (50 puntu arte).

b.4) Edukiaren egokitasuna (175 puntu arte):

–Nola egokitzen den eranskin honen 3. ataleko zeharkako ikuspegietara (50 puntu arte).

–Proposamenaren edukiaren analisia (125 puntu arte).

–Irakasle, monitore, hezitzaile eta hezkuntzako beste eragile batzuen prestakuntza eta haientzako aholkularitza (25 puntu arte).

–Urtean edo ikasturtean egiten den lan etengabea (25 puntu arte).

–Proposamena nola txertatzen den ikastetxearen edo esparru ez-formaleko entitatearen programan (25 puntu arte).

–Laguntza teknikoa eta aholkularitza esku-hartzea gauzatzeko (25 puntu arte).

–Hedadura komunitatean (25 puntu arte).

b.5) Baliabideak (150 puntu arte):

–Giza baliabideen egokitasunari buruzko analisia (50 puntu arte).

–Aurrekontuaren analisia; kostuaren eta jardueren arteko erlazioa eta gastuaren kontu-sail bakoitzaren beharra (100 puntu arte).

b.6) Sareko lana eta koordinazioa (50 puntu arte).

b.7) Ebaluazio eta jarraipen prozesua (50 puntu arte).

b.8) Esku-hartzearen trinkotasun edo sendotasun orokorra (50 puntu arte).

Nafarroako Gobernuak azken hiru urteetako batean finantzatu badu esku-hartzea, jarraitzearen egokitasuna baloratuko da, eta, horren aldekoa bada, b ataleko puntuazioa 1,05ekin biderkatuko da, 800 puntu bitarte, gehienez ere.

3.–Zeharkako ikuspegiak.

–Giza garapenaren ikuspegia: giza garapena gizaki guztien aukera eta hautabideak handitzeko prozesu gisa hartzen da, bai egungo belaunaldientzat bai gerokoentzat; ikuspegi horren arabera, pobreziaren aurkako borroka da garapenerako lankidetzaren helburu nagusia, gizakia garapenaren erdigunean kokatzen du eta haren beharrak atzematen ditu: biziraupena, babesa, afektua, adimena, sormena, askatasuna, aisia, parte-hartzea, identitatea, etab.

–Genero ikuspegia eta garapena: genero berdintasuna giltzarria da garapenaren helburu nagusiak lortzeko; Nazio Batuen arabera, emakumeak ahalduntzeko eta arlo sozial eta ekonomikoan genero desberdintasunak zuzentzeko helburuak, baita eskubide zibil eta politikoen arloan ere; eremu eta maila guztietan planifikatzen diren ekintzek gizaseme eta emakumeentzat dituzten ondorioak baloratu beharra dakar ikuspegi honek.

–Garapen iraunkorraren ikuspegia: horrek esan nahi du esku-hartzeek inguruneko baliabide naturalak errespetatuko dituztela egungo zein etorkizuneko beharrak asetzeko moduan, gizakiaren bizi kalitatea hobetuz eta aurrerapenak eta garapenak ingurumena andeatzea eta herritarren txirotasun indizeak handitzea saihestuz. Garapen horrek oraingo beharrak asetzea ziurtatzen du, baina etorkizuneko belaunaldiek beren beharrei aurre egiteko izanen duten ahalmena ahuldu gabe, eta, zentzu zabalean, elkar indartu behar duten lau zutabe ditu oinarri: ekonomikoa, soziala, ingurumenarena eta munduaren gobernantzarena.

–Eskubideetan oinarritutako ikuspegia: osagarria da eta giza garapenaren ikuspegia indartzen du; garapenaren helburuak lortzea giza eskubideak goitik behera errespetatzearekin lotzen du, eta eskubide horien unibertsaltasuna du abiaburu, baita haien banaezintasuna eta interdependentzia ere.

–Parte-hartze eta antolaketa komunitarioaren ikuspegia: parte-hartzea bultzatzea ezinbesteko elementua da giza garapenean aurrera egiteko, herritartasuna bete-betean erabiltzeko eta giza izaerari dagozkion eskubideak baliatzeko; horretarako, ezinbestekoa da gizarte zibilaren erakundeak indartzea.

Iragarkiaren kodea: F1500990