32. ALDIZKARIA - 2015eko otsailaren 17a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

IRUÑA

San Fermin 2015 kartel-lehiaketa

Iruñeko Udalak San Fermin 2015 kartel-lehiaketarako deia egiten du, norgehiagokako araubidean, Iruñeko Udaleko Diru-laguntzen Ordenantza Orokorrak (2006ko 21. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, otsailaren 17koan) xedatzen duenarekin bat.

Iruñean, 2015eko otsailaren 11n.–Hezkuntza eta Kulturako zinegotzi delegatua, Fermín Javier Alonso Ibarra.

“SAN FERMIN 2015” KARTEL LEHIAKETARAKO OINARRIAK

1.–Lehiaketa honek 2015eko sanferminetako kartel ofiziala hautatzea du helburu.

2.–Kartela 100 zentimetro altu izanen da, eta 70 zentimetro zabal.

Honako testu hau eramanen du:

Pamplona/Iruña

San Fermin 2015

6 al 14 de julio / Uztailaren 6tik 14ra

3.–Artista nazionalek zein atzerritarrek parte hartu ahalko dute, gehienez ere bakoitzak lan bat aurkeztuta, jatorrizkoa eta argitaragabea, teknika librean egina. Ezin izanen dira aurkeztu aurreko edizioren batean finalistak izandako obrak.

4.–Lanak aurkezteko epea 2015eko martxoaren 2tik 25era bitartean egonen da zabalik.

5.–Lanak astelehenetik larunbatera aurkeztuko dira, 10:30etik 13:30era, leku hauetan:

Ziudadelako Bulegoa.

Armada etorbidea, zk.g.

31002 Iruña (Nafarroa).

Tel.: 948 420 975 / Posta elektronikoa: ciudadela@pamplona.es.

6.–Lanak euskarri zurrun baten gainean muntatuta aurkeztu behar dira epaimahaiak baloratzeko eta, halakorik behar izanez gero, erakusgai paratzeko. Halaber, lanak behar bezala paketatuta aurkeztu behar dira.

7.–Kartelak egilearen sinadurarik gabe aurkeztuko dira, eta kartelaren atzeko aldean goiburu bat idatzita izan beharko dute. Lehiaketa egin bitartean ezin izanen da, inoiz ere, jendaurrean jakitera eman kartelaren egilea nor den.

Kartelarekin batera, gutun-azal itxi bat aurkeztu behar da, eta kanpoko aldean kartelaren goiburu bera idatzi. Barruko aldean honako hauek sartuko dira: egilearen izen-deiturak, helbidea, telefono zenbakia, Nortasun Agiri Nazionalaren fotokopia, egilearen curriculum profesional laburra eta egileak sinatutako aitorpena, non adierazi beharko baitu aurkezten duen obra jatorrizkoa eta argitaragabea dela.

8.–Antolatzaileek ez dituzte beren bizkar hartuko lehiaketan parte hartzen duten lanek jasan ditzaketen galera edo kalteak.

9.–Lanak igortzeko eta itzultzeko gastuak lehiakideen kontura joanen dira.

10.–Behin lehiaketa ebatzi eta bi hilabeteko epea iraganda hautatu ez diren lanen egileek obrak erretiratzen ez badituzte, horiei uko egiten dietela ulertuko da, eta Iruñeko Udalak nahi duenerako erabili ahal izanen ditu erreklamaziorik aurkezteko edo kalte-ordainik jasotzeko inongo eskubiderik aitortu gabe.

Kartela itzul diezaieten, lehiakideek Ziudadelako bulegoarekin jarri behar dute harremanetan.

11.–Iruñeko Udalak beretzat gordeko du Sanferminak iragarriko dituen kartelean hiriaren armarria paratzeko eskubidea, edota jatorrizkoan agertzen den armarria aldatu edo ordezkatzekoa nahiz hori kokalekuz aldatzekoa, kartel saridunaren behin betiko konposizioan.

12.–Hona epaimahaia osatuko dutenak:

Epaimahaiburua:

–Iruñeko Udaleko Hezkuntza eta Kultura Alorreko zinegotzi delegatua.

Epaimahaikideak:

–Iruñeko Udalean ordezkaritza duten alderdi politikoetako zinegotzi bana. Koalizioa osatzen duten alderdi politikoen kasuan, epaimahaikide bat arituko da koalizioaren ordezkari.

–Baionako Udaleko zinegotzi bat.

–Diseinuaren, komunikazioaren eta arte plastikoen arloko hiru profesional.

–Iruñeko Udaleko Hezkuntza eta Kultura Alorreko zuzendaria.

–Iruñeko Udaleko Arte Plastikoetako teknikaria.

–Idazkaria: Hezkuntza eta Kultura Alorreko ofizial administrari bat.

13.–Epaimahaiak zortzi kartel finalistak aukeratuko ditu. Gero, herritarrek parte hartzeko aldia irekiko da, gutxienez hamar egunekoa. Herritarrek banakako botoaren bidez parte hartuko dute, horretarako erabilgarri jarriko diren bitartekoak baliatuta, halako moduz non boto gehien jasotzen duen kartela izanen baita sariaren irabazlea. Hala herritarrek parte hartzeko aldia nola bozketaren prozedura behar den unean eta moduan iragarriko dira.

14.–Sari bakarra ezarri da, 3.600 euroz hornitua, eta hori Iruñeko Udalaren Aurrekontu Orokorraren 50/45310/480000 kontu-sailaren kontura finantzatuko da. Diru kopuru horri PFEZ dela-eta dagokion atxikipena aplikatuko zaio.

15.–Saria ordainduta, Iruñeko Udalak lan sariduna eskuratuko du, eta saritutako egileak (edo egileek) dagokion jabetza intelektualeko eskubide ekonomiko guztiak emanen dizkio Iruñeko Udalari, beretako bakarrik. Orobat, Udalak edozein bide baliatzen ahalko du kartela libreki ustiatzeko, hala nola erreproduzitu, banatu, jendaurrean paratu eta eraldatzen ahalko ditu, Jabetza intelektualari buruzko Legearen Testu Bateratuaren 26. artikuluak ezarritako epearen barruan, halako maneran non eskubidea izanen baitu lana edozein bitarteko edo euskarri ukigarri edo ezin ukituzkotan aurkezteko. Horrek barne hartzen ditu ustiatzeko modalitateak oro, baita lana edozein euskarri edo formatutan erreproduzitzeko, banatzeko edota jendaurrean paratzeko eskubidea ere, mundu osoko merkatuetan ustiatze aldera.

Eskubide horien artean berariaz daude sarturik hala lanak online igorri eta zabaltzea nola Internet erako sare digital elkarreragileetan eskura jartzea. Halaber, Udalak edozein motatako merchandising-euskarritan ustiatzen ahalko du kopiatutako kartela, dela zuzenean dela hirugarren bati ustiaketa hori baimenduz.

16.–Iruñeko Udalak erakusketa bat eratuko du, lan irabazleak eta Epaimahaiak hautaturiko lanek osatua. Halaber, Udalak beretzat gordetzen du aurkeztutako kartelekin beste zenbait erakusketa publiko antolatzeko eskubidea, zehazteke gelditzen diren leku eta egunetan. Kartel horien irudiak lehiaketaren berri hedatzeko erabiltzen ahalko dira.

Halako kasuetan, kartelak azken erakusketa amaitu eta ondorengo 30 egun balioduneko epean erretiratu beharko dira, betiere Ziudadelako Bulegoarekin harremanetan jarritakoan.

Erakusketan ikusgai jarri bai baina saririk jasotzen ez duten obren egileek ez dute eskubiderik izanen, horren truke, inolako diru-ordainik jasotzeko, baina erakusketan obren egileen izenak azalduko dira.

17.–Izaera Pertsonaleko Datuak Babesteari buruzko abenduaren 13ko 1999/15 Lege Organikoan xedatutakoarekin bat, jakitera ematen dizugu deialdi honetan jasotako datu pertsonalak Iruñeko Udalaren datu-basea osatzen duten fitxategietan biltzen ahalko direla. Iruñeko Udalera zuzenduta gauzatzen ahalko duzu datuetan sartu, datuak zuzendu, ezereztu eta haien kontra egiteko eskubidea, Erregistro Orokorrera joaz (Kondestablearen jauregia, Kale Nagusia, 2, 31001, Iruña) edo, bestela, erregistro osagarrietara (Hezkuntza eta Kultura Alorra –Descalzos k., 72–, Ingurumen Alorra –San Saturnino k., 2, behea–, Herritarren Segurtasuneko Alorra –Iratxeko monasterioaren k., 2, behea–, Hirigintza eta Etxebizitza Alorra –Armada etorb., 2, 5. solairua–, Zerbitzu Orokorretako Alorra (Giza Baliabideak) eta Gizarte Ongizate eta Berdintasun Alorra –Zapatería k., 40, behea– eta Zaharberritze Bulegoa –Eslava k., 1B–), edo, bestela, Herri Administrazioaren Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen Legearen 38. artikuluak aurreikusten dituen edozeinetara.

18.–Lehiaketa honetan parte hartzeak berekin dakar oinarri hauek oro onartu eta Epaimahaiaren erabakiei men egitea.

Oinarri hauen eta horiek betearazteko har daitezkeen administrazio-ebazpenen kontra, ondoko errekurtsoak paratzen ahalko dira, aukeran:

Berraztertzeko errekurtsoa, administrazio-egintzaren egile den udal-organoari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritzen den egintza jakinarazi edo, bestela, argitara eman eta biharamunetik aitzina.

Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritzen den egintza jakinarazi edo argitaratu eta hortik aitzina.

Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Nafarroako Administrazioarekiko auzien Epaitegiari zuzendua, bi hilabeteko epean. Epe hori errekurritzen den egintza jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik aitzina kontatuko da.

Iragarkiaren kodea: L1502363