32. ALDIZKARIA - 2015eko otsailaren 17a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

BURLATA

Udal ordenantza, Gizalegezko jokaerak sustatzeko eta espazio publikoak babesteko. Behin betiko onespena

Burlatako Udalak, 2014ko martxoaren 27an egin osoko bilkuran, hasiera batean onetsi zuen Gizalegezko jokaerak sustatzeko eta espazio publikoak babesteko ordenantza.

Onesteko erabakia 2014ko 68. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, apirilaren 7an, eta jendaurreko epean aurkeztu diren alegazioak ebatzi dira 2015eko urtarrilaren 29an egin osoko bilkuran; hortaz, ordenantza hori behin betiko onetsi da eta osorik ematen da argitara, behar diren ondorioak izan ditzan; hori guztia, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan xedatuari jarraikiz, maiatzaren 31ko 15/2002 Foru Legeak aldatu baitzuen.

Burlatan, 2015eko otsailaren 2an.–Alkatea, Juan Carlos González Muñoz.

ERANSKINA

GIZALEGEZKO JOKAERAK SUSTATZEKO ETA ESPAZIO
PUBLIKOAK BABESTEKO UDAL ORDENANTZA

Zioen azalpena

Administrazio publikoek espazio publikoak babestu behar dituzte. Horretarako, eta zehatzago erranda, udal esparruan, babes hori eraginkor bilakatzeko bideak ezarri behar dira, batiere bateragarria izanik herritarrek udalerria osatzen duten hiri nahiz natur elementuak erabiltzearekin eta haietaz gozatzearekin.

Burlata karrika ,eraikin, parke eta plazek osatua dago. Horiek guztiak herritarren onerako daude antolaturik. Haiexek dira herriari kontzen diotenak eta hura moldatzen dutenak, bai aipatu elementuak erabilita, bai beren artean etengabe ezartzen diren bizikidetzako harremanak garatuta.

Udalerria, beraz, hobetzen da bai etortzen diren gizarte premiak betetzeko bere elementu fisikoak eguneratuz eta bertze berri batzuk gehituz, bai gizalegezko portaera arauak hobetuz, herritarrek beren bizikidetza hobetzeko eta bertan bizi direnek eta bisitan etortzen direnek Burlata hobea eraikitzen joateko bidea izan dezaten.

Gizalegezko portaeraren jarraipide horiek aukera eman behar dute pertsona bakoitzak askatasunez jokatzeko, bertzeenganako errespetua funtsezko muga izanik; orobat, nork bere gain hartu behar du hiri eta natura ondarearen zein gainerako ondasunen babesa, eta bermatu behar da, azkenik, herritarren arteko bizikidetza harmoniatsua.

Portaera eredu horretan, herritarrek eskubidea dute espazio publikoak erabiltzeko, eta haien askatasuna errespetatu behar da. Eskubide hau gizalegez erabiliko da, ondasun publikoen erabilerari buruzko xedapenek eta pertsonak eta ondasunak errespetatu beharrak ezarritako mugen barrenean.

Inork ezin ditu, bere portaerarekin, gainerako pertsonen eskubideak gutxietsi edo kaltetu, ezta haien ekiteko askatasuna ere; ez zaie haien balioei erasoko eta ez dira sinesmenak eta bizikidetzaren arauak laidoztatuko.

Gizalegezkoak ez diren portaerak gutxiengo batenak dira, baina guztien ondare diren ondasunak eta espazioak kaltetzeaz gain, bizikidetzarako eraso dira, eta elkartasun eta errespetu eza adierazten dute herritar gehien-gehienenganako, hain juxtu ere herritar izatearen ondoriozko eskubideak eta eginbeharrak gizalegez onartzen dituzten horienganako.

Bertze alde batetik, gizalegearen kontrako portaerek behartzen dute dirua erabiltzera garbitze, mantentze eta konpontze lanetan edo ondasunak berrezartzen, diru hori bertze zerbaitetarako baliatu beharrean. Beraz, espazio publikoen eta gure herriko ondarearen aldera eskatzen den errespetuak diru publikoaren kudeaketa hobetzen du; gainera, aukera ematen du baliabide gehiago lehentasunezko gaietan arrazionaltasunez erabiltzeko.

Fenomeno honen jatorria konplexua da, zalantzarik gabe, eta nabarmen gainditzen du toki erakundearen eremua. Hala ere, eremu horretan ere hezkuntza eta sustapenaren alde lan egin behar da, bertze administrazio batzuekin eta gizarte agenteekin koordinatuta. Hain zuzen ere, ondorio horiek zuzentzera bideratu dira, historikoki, udalen eskumenak; horregatik eman zaie arau-hausleen egintzak zehatzeko ahalmena.

Hain zuzen ere, ordenantza berri honek gizalegezko harremanak arautzeko helburua duenez, funtsezko hiru printzipio elkartu behar ditu: prebentzioa, gizalegerik gabeko jokaeren zehapena eta arau-hausleen errehabilitazioa. Elementu horiek batera erabiltzeak gizartearen bizikidetzaren kontrako jokaeren tratamendu egokia du xede.

Toki Gobernua Modernizatzeko Neurriei buruzko 57/2003 Legeak lege batera ekarri du Auzitegi Konstituzionalaren 132/2001 Epaiak ezarri doktrina, 139. artikuluan ahalmena ematen baitie udalerriei toki intereseko bizikidetza harremanak eta haien zerbitzu, hornidura, azpiegitura, instalazio eta eremu publikoen erabilera antolatzeko.

Beraz, lege aurreikuspen horrek Udalak arlo hori modu zabalagoan arautzeko bidea ematen du, ordenantza hau, gainera, aipatu alderdiak jorratzen dituen araua izateko moduan.

Orobat, 57/2003 Legeak mugak ezarri dizkio udal araudiari. Hortaz, ahalmen hori “sektoreko araudi berariazkorik ez dagoenean” baizik ez da eraginkora (139. artikulua). Halaber, lege mailako antolamendua errespetatu beharko da, eta ordenantzak ezin du lege formal batean ezarritakoan sartu edo hura hautsi. Eta, jakina, are gutxiago jasotzen ahalko ditu pertsonaren oinarrizko eskubideen urraketak, Konstituzioan jasota baitaude.

Gainera, legeak udalei toki intereseko bizikidetza harremanak arautzeko ahalmena ematearekin bidea irekitzen da arlo horri batera -hau da, ikuspegi orokorraz- heltzeko. Legearen aipatu erreformaren aitzinetik, modu barreiatuan arautzen ziren bizikidetzan eragiten duten herritarren ekintzak, eta horren ondorioz, txikia zen haien arteko lotura.

Aipatu bi inguruabar horien ondorioz –legeak ahalmen berria ematea eta zenbait alderditan jadanik indarra duen araudia izatea– ordenantza berriak dagoena bilduko du, baina arauketa gizalegezko harremanetara bideratuta eta lehenago jaso ez diren arlo berriak bereganatuta.

Testu arauemailearen helburua da eremu eta ondasun publikoak babestea. Herritar guztiek erabiltzekoak diren ondasunak administrazio guztiek duten babestu beharraren ondorio logikoa da, herritarrek zergen bidez ordaintzen dituztela kontuan hartuta, haiek erabiltzeko aukera izan dezaten. Eremu publiko guztien zainketa egokia lortu nahi da, herritar guztien eskubidea baita hiria behar bezalako apaindura eta osasungarritasun egoeran izatea. Era berean, gizalegerik gabeko portaeren gaitzespena arautu da, herritarren arteko bizikidetza egokia bultzatzeko asmoz. Helburu horiek betetzeko, arau-hauste eta zehapenen araubidea ezarri beharra dago.

Ordenantzak arau-hausleen erantzukizun eta errehabilitazio printzipioa bultzatzen du: gisa hartara, diru zehapenaren ordez, batzuetan komunitatearen onurarako zereginak eta lanak egin beharko dituzte arau-hausleek, edo hezkuntzarako klaseak, edo bizikidetzarako printzipioak bermatzekoak, eginiko arau-hausteari dagokionez, haren bizikidetzako printzipioak urratu baitituzte. Errehabilitazio neurria den aldetik, arau-haustea ekarri duen jokaera gizalegezko balioez bereziki bete behar denean erabiltzen da. Alde horretatik, arau-hausleei ohartarazi nahi zaie bai egindako arau-hausteaz bai egindako kalteaz, gizalegezko balioak sendotzeko baliabide izan dadin.

Xedapenaren testuak bortz titulu ditu. Lehenbizikoak ordenantzaren xedeari heltzen dio eta haren aplikazio eremua mugatzen. II Tituluak, bertzetik, Burlatako erabilera publikoko instalazio, zerbitzu eta ondasun babestuak definitzen ditu. III. tituluak herritarren portaeren gaineko arau multzoa biltzen du, eta haien izaeraren arabera bortz kapitulutan elkartzen: xedapen orokorrak, kalteak ondasunei, publizitatea, herritarraren jarduketak, betebehar bereziak eta apaindura publikoa. Ordenantzaren IV. titulua zehapen araubideari buruzkoa da, arau-hausteak sailkatuta eta bidezko zehapenak ezarrita. V. tituluan, azkenik, arau-hausleen errehabilitazioa jorratzen da. Artikulu horiei xedapen indargabetzailea eta azken xedapena erantsi zaizkie.

I. TITULUA

Xedapen orokorrak

1. artikulua. Xedea.

Ordenantza honek xede hauek ditu:

1. Ondasun eta espazio publikoak, eta hiriko hirigintza eta arkitektura ondarea osatzen duten instalazio eta elementu guztiak babestea gerta daitezkeen eraso, bertzelakotze eta legez kontrako erabileretatik.

Ordenantza honetan arautzen diren babes neurriak udal titulartasuneko zerbitzu edo erabilera publikoko ondasunei buruzkoak dira, hala nola, plazak, pasealekuak, parkeak eta lorategiak, zubiak eta zaldainak, lurpeko pasabideak, aparkalekuak, iturriak eta urmaelak, eraikinak, kultur etxeak, ikastetxeak eta haien esparruak, hilerria, igerilekuak, kirol guneak eta kirol instalazioak eta haien esparruak, bankuak, kale-argiak, elementu apaingarriak, bide seinaleak, zuhaitzak eta landareak, edukiontziak eta paperontziak, hesiak, udaleko garraio elementu eta ibilgailuak, eta jatorri bereko edo berdintsuko gainerako ondasunak.

Halaber, eta apaindura publikoari dagokionez, ordenantza honen babes neurrien barrenean daude bertze administrazio publiko batzuen eta erakunde publiko edo pribatuen ondasunak eta instalazioak, Burlatako hiri altzarien atal badira, herritarrentzat badira edo zerbitzu publiko bateko ekipamenduak, instalazioak edo elementuak badira, hala nola, markesinak, garraioko elementuak, kale-argiak, estatuak, hesiak, kartelak, iragarkiak eta bertzelako publizitate elementuak, trafikoko seinaleak, kioskoak, edukiontziak, terrazak eta beladoreak, eguzki-oihalak, landareontziak, gauzak saltzeko makinak eta jatorri bereko edo berdintsuko gainerako ondasunak.

Apaindura publikoko egoera egokian egon behar diren hiriko ondare eta paisaiaren zati diren aldetik, ordenantza honetan bildutako babes neurriek eraikinetako fatxadak eta bertze hirigintza eta arkitektura elementu batzuk, azpiegiturak, eta titulartasun publiko edo pribatuko tresna edo instalazioak ere barne hartzen dituzte, hala nola atariak, merkataritzako galeriak, patioak, orubeak, igarobideak, lorategiak, heskaiak, landareontziak, kale-argiak, elementu apaingarriak, edukiontziak eta jatorri bereko edo berdintsuko gainerako ondasunak, betiere eremu publikoan kokatuta badaude edo horretatik ikus badaitezke.

2. Gizalegezko kontzientzia eta jokaerak bultzatzea, herritarren bizikidetza trabatzen duten jarduerak saihestuta.

3. Ordenantza honetan debekatu diren jarduerak zuzentzea, zehatzeko ahalmenaren bidez.

4. Bizikidetzako arauak hausten dituztenen errehabilitazioa sustatzea.

2. artikulua. Udal eskumena eta aplikazio eremua.

1. Ordenantza honetan aurreikusten diren udal eskumeneko babes neurriek ez dituzte deusetan ukatzen ukitutako ondasunen jabeen eskubide, ahalmen eta eginbeharrak, ezta bertze administrazio publiko batzuen eskumenak ere.

2. Ordenantza honek herritarren ondasun eta zerbitzu publikoekin ikusteko duten jarduerak eta hutsegiteak arautzen ditu; ez die, beraz, eragiten egungo antolamendu juridikoak ezarritakoa betetzeko egiten diren zerbitzu publikoen jarduerei.

3. Ordenantza hau Burlatako udal mugape osoan aplikatuko da.

3. artikulua. Bizikidetzarako printzipioak.

1. Herritarrak eskubidea eta betebeharra du pertsona guztiak errespetatzen dituen herritarren arteko bizikidetza izateko, eta eskubidea, berriz, ondasun eta zerbitzu publikoak haien helburuaren arabera erabiltzeko, gainerako herritarrek haiek erabiltzeko duten eskubidea errespetatuta. Horren ondorioz, debeku dira herritarren arteko bizikidetza hautsi, trabak sortu eta pertsonei lotsa galtzen dieten portaerak, ordenantza honetan ezarritako ildoetatik.

2. Herritarrek eskubidea dute herriko bide eta eremu publikoak libreki erabiltzeko, eta askatasun hori errespetatu behar zaie. Bertzeen eskubideak eta askatasuna errespetatu beharrak, baita ondasun publikoen erabilera harmonizatzekoak ere, eskatzen ahal dute mugak ezartzea eskubide horren erabilera osoari.

3. Herritarrak atsedenerako eskubidea du; beraz, ez dira onartzen hura eragozten duten asotsak.

4. Herritarrak ez du eremu publikoan eginen abusuzko, bereizkeriazko edo larderiazko ekintzarik, ezta indarkeria fisikoa edo psikologikoa dakarrenik ere.

5. Burlatan dauden guztiek udal agintariei edo haien agenteei laguntza eman behar diete herritarren arteko bizikidetza trabatu, galarazi edo urratzen duten jokaerak ezabatzeko.

6. Ordenantza honetan jasotzen diren aginduak edozein motatako materiala erabiliz urratzen direnean, agintaritzaren agenteek kendu edo altxatzen ahalko dute aldi baterako.

7. Halaber, hiriko halako toki batzuk hutsarazi edo haietarako sarrera mugatzen ahalko da, egiaztaturik gelditzen bada bertan ordenantza honetako arau-hausteak maiz gertatzen direla edo gertatzen ari direla, eta portaera berak bertze toki batzuetan eginez gero, ez dutela arau-hausterik ekarriko.

II. TITULUA

Burlatako erabilera publikoko instalazio,
zerbitzu eta ondasun babestuak

4. artikulua. Erabilera publikoko instalazioak Burlatan.

1. Ordenantza honek babesten ditu erabilera publikoko instalazio eta zerbitzu guztiak, hala nola: eraikinak, kultur etxeak, ikastetxeak eta haien esparruak, hilerria, igerilekuak, kirol guneak, kirol instalazioak eta haien esparruak, eta izaera bereko edo berdintsuko bertzelakoak.

5. artikulua. Instalazioen ordutegia.

Zerbitzu eta instalazio publikoek erabilera publikoko ordutegia bete beharko dute, eta ezarritako ordutegiaren barnean egiten diren jarduerak instalazioaren edo dagokion zerbitzuaren xedearen araberakoak izanen dira, bertan hondamenik edo kalterik sortu gabe.

Ordutegitik kanpo ezin da esparruan egon. Hala izatera, udaltzainek hori berehala uzteko eskatuko dute. Utzi nahi ez badute, arau-hausleen kontra egiten ahalko da, ordenantza honen IV. Tituluan aurreikusitakoarekin bat.

Kasu bakoitzean, horren gaineko eskumena duenak zehaztuko du erabilera publikoko instalazio edo zerbitzuen ordutegia.

6. artikulua. Instalazioak ireki eta ixteko arduradunak.

Erabilera publikoko instalazioek eta zerbitzuek horretarako izendatutako arduraduna izanen dute, hark udaltzainei gaztigatuko die kalte edo hondatzeren bat sortzen duen jokaerarik gertatzen bada.

7. artikulua. Prozedura.

Kalteak egiaztatuta eta arau-hauslea identifikatuta, udaltzainek kasuaren berri emanen diete Udaleko zerbitzuei edo, bidezkoa bada, Agintaritza Judizialari, horiek zehapenak ezartzeko edo errehabilitaziorako, kasuaren arabera.

III. TITULUA

Herritarren portaerak

I. KAPITULUA

Xedapen orokorrak

8. artikulua. Portaerak eta elkartasuna eremu publikoan.

1. Elkartasuna eremu publikoan.

1.1. Udalak elkartasun, bizikidetza eta errespetuko gizalegezko jokaerak sustatuko ditu. Printzipio horien arabera, Udalak herritarraren elkartasuna bultzatuko du, laguntza eman diezaien haren beharra dutenei eremu publikoetan edo bertze leku batzuetan ibiltzeko edo orientatzeko, istripuak izan dituztenei edo arrisku egoeran daudenei. Ohitura bultzatuko da gehien behar dutenei bide emateko edo hiri altzariak uzteko, baita elkartasuneko eta jendetasuneko bertze jokabide batzuk bultzatuko ere.

1.2. Galdutako ume edo minusbaliatuak zein anomalia fisiko edo psikiko nabariko pertsonak aurkitzen dituzten pertsona guztiek agintaritzako agenteei jakinarazi behar diete, eta horiek galdutako pertsonak babestu eta haien tutoretzaren erantzuleei emateaz arduratuko dira.

1.3. Udal esparruan, gisa honetako esperientziak sustatu eta lagunduko dira: boluntariotza (arauketan, zirkulazioan eta abarretan sostengatuz), auzolana, denbora bankuak eta gisakoak.

II. KAPITULUA

Ondasunen andeatzea

9. artikulua. Andeatzea eta galerak.

Ezin izanen da jarduketarik egin ordenantza honek babesten dituen ondasunen gainean, haien erabilera edo helburuaren kontrakoa bada, haien itxura zakartzea badakar edo haien estetika hondatzen badu 1. artikuluan ezarri bezala.

10. artikulua. Pintadak eta grafismoak.

1. Artikulu honetako arauen oinarria da herriko paisaiaz gozatzeko eskubidea, ezin baita bereizi hura behar bezalako baldintzetan atxikitzetik garbitasunaz, txukuntasunaz eta xahutasunaz den bezainbatean.

2. Ikuspegiaren kutsadura saihestea da ingurua ez zikintzeko, ez lohitzeko eta ez histeko betebeharraren funtsa, eta ez dago lotua ondare publiko nahiz pribatua babesteko helburua duten zehapenekin, zehapen penalak barne, eta beraz bateragarria da haiekin.

3. Debeku da ordenantza honek babesten dituen ondasun publiko edo pribatuetako edozeinetan pintadak, idazkiak, inskripzioak eta grafismoak egitea.

4. Aurreko atalean agertutako debekutik kanpo geldituko dira, Udalaren baimena izanda, egiten diren horma-irudi artistikoak.

Udal baimena ematea nahi badakoa da; hura ematen denean erantsiko da zer baldintza eta beharkizun beteko dituen jarduerak.

5. Erabilitako materialak edo tresnak kendu edo altxatu ahal izanen dituzte agintaritzako agenteek, jarduerak Udalaren derrigorrezko baimenik gabe egiten direnean.

6. Ordenantza honek babesten dituen ondasun publiko edo pribatuetako edozeinetan pintadak egin, paperak ezarri, kristaletan arrastoa egin edo apurtu, kartelak itsatsi edo hondatzen duen bertze edozein ekintza gauzatzen denean, bidezko kalte-ordaina eta garbitu, berria jarri edo lehengoratzeko lanen fakturen kostua egozten ahalko dizkio Udalak enpresa, erakunde edo pertsona erantzuleari. Horrez gain, bidezko zehapena ezarriko dio.

7. Debeku da kartelak, iragarkiak, pankartak edo gisako gauzak urratu, erauzi eta bide publikora botatzea.

11. artikulua. Arbolak eta zuhaixkak.

Arbolak eta zuhaixkak babesteko asmoz debekatuta dago horiek kaltetzen ahal dituen edozein jarduera egitea, hala nola: moztea, haustea, inarrostea, adarrak eta hostoak moztea, zuhaitzen azala grabatzea edo bertan arrastoak egitea, haiei edozein elementu itsatsi edo lotzea, Udalaren baimenik gabe, mota guztietako likidoak isurtzea, nahiz eta kaltegarriak ez izan. Halaber debekatuta dago zaborrak, obra-hondakinak edo hondakinak botatzea arbolen eta zuhaixken ondoan, bide publikoko landareetan eta txorkoetan, baita bide publikotik ikusten diren espazio pribatuetan ere, guztiek onartzen dituzten ohiko praktikak izan ezik, horiek ondasun babestuetan kalterik egiten ez badute.

12. artikulua. Parke eta lorategi publikoak.

1. Herritarraren eskubidea da udalerriko parkeak eta lorategiak errespetatatzea eta haietaz gozatzea.

2. Parke, lorategi, landareontzi eta eremu edo leku publikoetan landatutako arboletako landare-espezieak ongi zaindu eta mantentzeko, debeku dira ondoko ekintzak:

–Loreak edo landareak ebatsi, errotik erauzi edo hondatzea, eta oro har, parkeak edo lorategiak, belardiak edo landaketak behar ez bezala erabiltzea.

–Soropila kaltetzea eta horren gainean kanpatzea, berariaz baimentzen diren parkeetako lekuetan izan ezik.

–Lorategi guneetan obra-materialak metatzea, aldi baterako bada ere, edo haien gainean edozein motatako produktu toxikoak isurtzea.

–Berdeguneetan zaborrak, hondakinak, harriak, legarra edo haiek kaltetu edo haien estetikari eta gustu onari eraso diezaiekeen bertze edozein produktu botatzea.

–Soropil eta lorategien gainean gorotzak uztea.

–Parke eta lorategietan sua egitea, baimen espresa izan ezik.

–Lorezaintzan erabilitako materiala lapurtu, hondatu edo manipulatzea (pardak, konposta, hesiak, geoehunezko tapakiak, ureztatzeko ekipoa, aspertsoreak, difusoreak, kutxeten estalkiak, euri sentsoreak eta abar).

13. artikulua. Paperontziak eta edukiontziak.

1. Debeku da espazio publikoetan dauden paperontziak edo edukiontziak nolanahi erabiltzea, kalteak eragin, haien estetika andeatu edo erabilera oztopatzen bada. Bereziki debeku dira mugitu, erauzi, erre, irauli edo haien edukia lurrera botatzea, inskripzioak egitea eta paperak edo eranskailuak itsastea.

14. artikulua. Iturriak.

Debekatuta dago instalazioak edo elementuak maneiatzea iturrietan, bertan bainatzea, edozein gauza garbitzea, animaliei edaten ematea edo horiek bainatzea, jolastea edo sartzea iturri apaingarrietan, baita ospakizun berezietan ere, azkeneko kasu honetan Udalaren baimenik baldin ez bada.

III. KAPITULUA

Kartelak, pankartak eta gisakoak

15. artikulua. Publizitatea.

1. Edozein euskarritan egonda eta edozein ezaugarri eta helburu izanda ere, kanpoko publizitatea publizitateari buruzko udal ordenantzan xede horretarako bereziki prestatutako lekuetan baizik ezin izanen da jarri. Horretarako, Udalak helburu hori duten euskarriak paratzen ahalko ditu udalerrian, behar adina toki eta kopurutan. Establezimenduen titularrek ezin izanen dute eremu publikoan publizitatea edo propaganda duen inolako instalaziorik ezarri, ez finkorik ez mugigarririk, baimenik izan ezean.

2. Alde horretatik, debeku da eraikin publiko edo pribatuko fatxadan, karrerapeetan, markesinetan, hiriko altzarietan, arboletan, harresietan, tuneletan, lurpeko pasabideetan eta oro har, berariaz prestatutako lekuetatik kanpo edozein iragarki mota paratzea, udal baimenik izan ezean. Era berean, debeku da aipatu lekuetan edozein eranskailu, kartel, afixa, pankarta edo banderaxka ezartzea.

16. artikulua. Afixa, pankarta eta banderaxkak.

1. Udalak eremu publikoan kartelak eta banderatxoak paratzea espresuki baimentzen ahalko du hurrengo kasuetan:

a) Udalerrian kultur, arte edo kirol gertaera garrantzitsuak egiten direnean.

b) Udalerrirako interesgarriak diren kontzertu, ekitaldi edo erakusketak egitea laguntzen dutenean.

c) Hauteskunde kanpainetan, leku behar bezala baimenduetan.

d) Publizitate helburua dagoenean.

Salbuespen gisa, eremu publikoan kartelak eta banderatxoak paratzea baimentzen ahalko da, adierazitakoen artean ez dauden bertze kasu batzuetan.

2. Artikulu honek aipatu baimenaren eskaerak hurrengo zehaztapenak bildu beharko ditu, gutxienez:

–Kartel edo banderaxken edukia eta neurriak.

–Haiek paratzeko lekuak.

–Paraturik egonen diren denbora eta egunak.

–Haiek kentzeko eta sor litzaketen kalteak konpontzeko konpromisoa.

–Banderaxkak kale-argi edo argiuneei lotzeko modua islatzen duen krokisa, euskarriaren pinturak edo galbanizatuak kalterik jasoko ez duela bermatuta.

3. Kale-argi edo argietan paratu baino 24 ordu lehenago jakinaraziko da, gutxienez, argiteriaren ikuskapen teknikoko udal zerbitzuak instalazioa berrikus eta kontrola dezan.

4. Kartelek eta banderaxkak baimendu diren zehaztapenetara mugatuko dira.

5. Kartel eta banderatxoek baimenaren baldintzak beteko dituzte, eta baimenaren eskatzaileak kenduko ditu epea bukatu bezain laster. Bertzelakoan, Udalak ordezko betearazpena eginen du, ordenantza honetako 39. artikuluan ezarritakoari jarraituz.

17. artikulua. Liburuxkak eta eskuorriak.

1. Debeku da bide edo eremu publikoetan mota guztietako liburuxkak, eskuorriak, propaganda edo publizitate paperak eta gisako materialak barreiatu eta botatzea.

Udal zerbitzuek eskuorri, liburuxka edo gisakoen banaketak zikindutako hiri espazioa garbituko dute eta aparteko zerbitzuen kostua erantzuleei egotziko zaie, dagozkien zehapenak deusetan ukatu gabe.

2. Etxez etxeko publizitatearen banatzaileek ezin izanen dute propaganda jarri eraikinetako atariaren eremutik kanpo.

3. Propaganda banatu, informazioa eman edo sinadurak biltzeko mahaiek Udalaren baimena izan beharko dute, aldez aurretik.

IV. KAPITULUA

Herritarren jarduketak

1. ATALA

Ondasun edo zerbitzuen erabilera arruntaren kontrako jarduerak

18. artikulua. Bide eta eremu publikoen erabilera arruntaren kontrako jarduerak eta zerbitzu publikoen erabilera egokia.

1. Eremu edo espazio publikoek zer xede duten, haren arabera erabiliko dituzte herritarrek, eta ezin izanen dute eragotzi horretarako prestatutako lekuetan oinezkoen edo ibilgailuen ohiko joan-etorria, legez aurreikusitako tokietan eta hala bereko baldintzetan izan ezik.

Debeku da bide edo eremu publikoetan kasu zehatz bakoitza eta inguruabarrak kontuan hartuta pertsona edo ondasunei kalteak edo herritarrei eragozpen nabariak eragin diezazkieketen jarduerak egitea, zein diren ere.

Debeku hori ez da aplikatuko aitzinetik baimena lortu denean edo aipatu jarduerak egiteko berariaz prestatu lekuetan eta horrexetarako direnetan egiten denean, ezarritako baldintzetan.

2. Eremu publikoetan ezin da inolako elementurik paratu edo jarri, Udalaren baimenik izan ezean.

3. Debeku da zerbitzu publikoen erabilera desegokia dakarren edozein portaera, eta bereziki, larrialdiko zerbitzuak maltzurkeriaz mugiaraztea.

4. Udalak bizikidetzarako arauak ematen ahalko ditu eta halako eremu batzuetan erabilera berariazkoa edo debekatua zehaztu, kartelen bidez.

5. Txirrindulariak ibiltzeko arauak Burlatako zirkulazioaren gaineko udal ordenantzan jasorik daude, Zirkulazioaren Erregelamendu Orokorrarekin eta Trafikoari eta Bide Segurtasunari buruzko Legearekin bat. Testu arauemaile horiek debeku orokorra ezarri dute edozein motatako ibilgailuak espaloietan eta oinezkoendako gainerako eremuetan barna ibiltzeko. Horregatik, galtzadetan barna ibiltzeko behar den trebetasuna edo gaitasuna ez duten haurrei aipatutako eremuetan ibili ahal izateko beraiek edo bidea erabiltzen duten hirugarren pertsonek arriskurik izan gabe, debeku hori ez zaie aplikatuko 10 urtetik beherakoei, betiere gainerako erabiltzaileei traba funtsatuak sorrarazten ez badizkiete.

6. Debeku da eremu horietan baloiarekin jolastea. Horren xedea da ondasunetan kalteak murriztea eta barneko plazetako bizilagunei, terrazetako erabiltzaileei trabarik ez eragitea, ezta merkataritzako lokaletan, espazio publikoetan eta lorategi guneetan ere. Debeku hori ez zaie aplikatuko 10 urtetik beheitikoei, betiere gainerako erabiltzaileei traba funtsatuak sorrarazten ez badizkiete.

2. ATALA

Jarduera berariazkoak

19. artikulua. Suak eta bestak.

1. Debeku da erabilera publikoko eremuetan sua piztu edo izatea, baita metxa piztuak eramatea edo petardoak, suziriak eta bengalak edo bertzelako artikulu piroteknikoak erabiltzea ere udal mugape osoan, horretarako baimenik ez bada.

2. Besta edo gertaera jakin batzuk direla eta, Udalak baimen orokorra ematen ahalko du, eta hartan finkatuko ditu baimentzen diren su edo jarduerek errespetatu beharreko baldintzak.

3. Halako besta batzuetan baimena emanen da, orokorrean, karrikan koadrilek, taldeek edo gisakoek janaria prestatzeko eta hura jateko, betiere erabiltzem badira aparatu egokiak eta behar bezainbateko segurtasun neurriak hartzen badira, eta Udalari aitzinetik jakinarazten bazaio.

20. artikulua. Zarata.

1. Herritar guztiek bizilagunen lasaitasuna eta atsedena errespetatu behar dituzte. Halaber, bai Hots mailei buruzko ordenantzan ezarri bezala, bai gizalegezko jokaeren sustapenari buruzko ordenantza honek arautzen dituen hurrengo baldintzen arabera, bizikidetza arrunta trabatzen duten asotsak egitea saihestuko dute.

a) Gidariek ez dituzte ibilgailuetako musika-ekipoak ozen jarriko.

Ozen dagoela ulertuko da, agintaritzako agenteek kanpotik modu gogaikarrian entzuten ahal dutenean.

b) Debeku da botatzea petardoak, suziriak, bengalak eta gai pirotekniko mota guztiak, asotsa ateratzen edo suteak eragiten ahal dituztenak, non ez duen Udalak horretarako baimenik ematen, eta non ez duten, halakoetan, material horiek beren ezaugarrien arabera erabiltzeko adina izaten.

c) Obrak egunez eginen dira, hau da, 8:00etatik 20:00etara, arrazoi justifikatuak direla-eta Udalak ordutegi berezia baimendu ezean.

d) Eremu publikoan nahiz hari begira, eraikinetan nahiz ibilgailuetan, ezin izanen da bozgorailurik erabili edo paratu, baimenik lortu ezean.

e) Oro har, ez dira baimenduko bizilagunak gogaitzen dituzten jarduerak, batez ere gauaz.

2. Irizpide berari segituko zaio, trabak nahita egiten direnean ibilgailuen motorra, ihes-hodia edo pneumatikoak erabiliz, edo asotsa modu ez ohikoan gidatzeagatik edo tutua behar ez bezala erabiltzeagatik egiten denean trafikorako araututako kasuetatik kanpora. Orobat aplikatzen ahalko da asotsak lagun egiteko animaliek edo alarmek egiten dituztenean edo, azken batez, bertzelako asotsak ateratzen direnean, horiek neurtzeko sonometroa erabiltzea eraginkorra edo egokia ez bada; nolanahi ere, nahita egiten ez denean, gertaera errepikatua dela frogatu beharko da.

21. artikulua. Kea eta usainak.

1. Herritar guztiek uko eginen diote udal mugapean kea eta usaina eragiten edo hautsa harrotzen duten jarduerak egiteari, lasaitasuna urratzen badute edo osasungarritasunaren eta apaindura publikoaren kontrakoak badira.

Aitzineko debekutik kanpo daude aldez aurreko baimenik gabe gauza daitezkeen etxeko lanak, hala nola, zorua bernizatzea, hormak pintatzea etab. Hala ere, lan horiek eginen dira karrikara ahalik eta gehien aireztatuz eta ahaleginak eginez usainak gune komunetara ez joateko, hala nola eskailera, eskailera-burua eta patio txikietara

2. Ibilgailuek ezin izanen dute bortz minutu baino gehiago aparkatuta egon motorrak piztuta izanda, bizitegien eraikinetatik 10 metrora baino gutxiagora badaude.

3. Errekuntzako motor gisa funtzionatzen duten sorgailu elektrikoak, pneumatikoak edo gisakoak eraikinetako fatxadetatik 10 metrora jarri beharko dira, gutxienez, eta haien keak 2,5 metroko altueratik gora bideratu beharko dira, jendea distantzia hori baino hurbilago badago, Udalaren baimenik izan ezean.

22. artikulua. Hondakinak eta zaborrak.

1. Debeku dira erabilera publikoko bide eta eremuak -orubeak, itxi gabeko finkak, ibaiertzak eta ibaien ibilguak barne- zikin ditzaketen jarduera edo eragiketa baimen gabe guztiak. Batzuk aipatzearren, debeku dira aipatu bide edo eremuetan automobilak garbitu, konpondu edo olioztatzea ezinbertzeko kasua izan ezean, zigarrokinak, bilgarriak, txikleak eta hondakin solidoak edo likidoak botatzea, hautsontziak eta ontziak hustea, botilak haustea, zaborrak edukiontzi edo paperontzi hutsen ondoan uztea, obra-hondakinak eta objektu handiak botatzea landa bideetan eta parkeetan, eta gisako bertze ekintza batzuk.

2. Herritarrak behartuta daude hiri hondakinak paperontzi eta edukiontzietan botatzera.

Hondakin solido txikiak, hala nola, zigarrokin itzaliak, azalak, txikleak (paper batean bilduak), paperak, poltsak, bilgarriak eta gisakoak paperontzietan bota behar dira, birtziklagaiak izan ezean: kasu horretan, eremu publikoan bilketa sailkaturako diren edukiontziak erabiliko dira.

Debeku da paperontzi edo edukiontzietara tresna edo objektu arriskutsuak, eta zigarrokin piztuak edo bertze edozein gauza botatzea. Horretarako, tresna edo gauzaki arriskutsutzat jotzen dira jendeari kalte egiten ahal dieten guztiak, hala nola xiringak eta gai sorgorkariak hartzeko lanabesak, eritasunak kutsatu eta zabaltzen ahal dituzten osasun laguntzako materialak, baita edozein droga toxiko, sorgorkari eta produktu kimiko, pirotekniko edo gisakorik ere.

Paperontzietara ezin bota diren hiri hondakinak horretarako jarritako edukiontzietan sartu beharko dira, Iruñerriko Mankomunitateko ordenantzen arabera.

3. Espresuki debeku da beirazko edozein objektu, osorik edo hautsirik, utzi edo lagatzea erabilera publikoko edozein lekutan.

4. Debeku da paperontzi edo edukiontzietara botatako hondakinak atera eta barreiatzea.

5. Debeku da landareak baimenik gabe ureztatzea, soberako ura nolabait kalte daitezkeen etxebizitzetako objektu edo elementuen gainean eror badaiteke edo eremu publikoan edo haren erabiltzaileengan kalteak egin baditzake.

6. Ez da libre izanen eremu publikora inolako alfonbra, arropa edo oihalik baimenik gabe inarrostea.

7. Debeku da ibilgailuetatik, abian nahiz geldirik egon, edozein hondakin botatzea.

8. Debeku da hondakin likidoak euri uren sarera edo zuzenean ugaldera, urmaeletara edo iturrietara isurtzea, natur inguruneari kalte egiten ahal badiote xaboia, garbikariak, koipeak edo gisako bertze gai batzuk baitituzte.

9. Inausketen hondarrak, baretzeetakoak eta gisako bertzelako hondakin organikoak edukiontzi egokietara joanen dira, Udalak konpostajea sustatuko baitu.

23. artikulua. Hondakin organikoak.

Eremu publikoetan eta erabilera publikoko espazioetan debeku da kaka, pixa eta listu egitea, baita 22.2 artikuluan zehazten diren hondakin solido tikiak botatzea ere.

24. artikulua. Animaliak.

1. Herritarrek behar bezala zaindu beharko dituzte etxeko animaliak, eta bereziki debeku da horiek abandonatzea.

2. Herritarrek lagun egiteko animaliak eraman ahal izanen dituzte beraiekin espazio publikoetan, betiere uhal edo kateaz, edo etxeko animaliak edukitzea eta babestea arautzen duen ordenantzak ezartzen duen eran.

3. Jabearen erantzukizun subsidiarioa ukatu gabe, animaliak daramatzaten pertsonek ez diete utziko espaloi, karrika, pasealeku, lorategi eta oro har, oinezkoak iragateko edo aisia hartzeko edozein lekutan kaka egiten.

Animaliek kaka egin beharko dute horretarako prestatutako tokietan. Horretarako, Udalak leku egokiak emanen ditu, animaliek beren eginbehar fisilogikoak egoera higieniko egokian egin ditzaten.

Nolanahi ere, animalia daramanak gorozkiak bildu eta kendu beharko ditu, eta behar bezala bildu ondoan eremu publikoan dauden edukiontzietara bota eta zikindutako gunea garbitzeaz arduratu. Nolanahi ere, animalien jabeek edo arduradunek haiek eremu publikoan uzten dituzten gorozki solidoak bildu beharko dituzte.

4. Animaliek ezin izanen dute eremu publikoan dauden eta gizakiek edateko diren iturrietatik edan.

5. Ezin izanen zaie tratu txarrik edo eraso fisikorik egin animaliei.

6. Zezen bestak direla-eta, eta haiek egitean, aipatu jardueren gaineko usadioko arauak aplikatuko dira beti, baita agintaritza eskudunak haiek eguneratzen dituenean ere.

7. Animaliek ezin izanen dira bazkatu lorategi eta parkeetan.

25. artikulua. Kanpaldiak eta aisia.

1. Ezin izanen da kanpatu edo kanpadenda edo horretarako prestatutako ibilgailurik jarri 226/1993 Foru Dekretuan aurreikusi gabeko lur publiko edo pribatuetan, horretarako baimenik izan ezean.

Agintaritzako agenteek amore emateko eskatuko diete kanpadenden, ibilgailuen edo eremu publikoa modu bidegabean okupatzen duen edozein materialen erabiltzaile eta jabeei, dagokien salaketa ukatu gabe. Ezezkoa emanez gero edo jabeak edo erabiltzaileak aurkitu ezin izanez gero, agintaritzako agenteek haiek berehala kentzeko beharrezko baliabideak antolatu ahal izanen dituzte. Halakoetan, arau-hausleek eta, haiekin batera, jabeek beren gain hartu beharko dute sortu den gastua.

2. Ezin izanen da eremu publikoan janaririk prestatu, berariazko baimenik izan ezean.

3. Ezin izanen da biluzik egon erabilera publikoko espazio eta eremuetan, administrazioak horretarako prestatzen ahal dituen lekuetan izan ezik, horrek herritarren lasaitasuna edo beren eskubide eta eginbeharrak modu baketsuan erabiltzea trabatzen duenean. Betiere, oro har, inork ezin du bide edo eremu publikoetan duen portaerarekin gainerakoen eskubidea gutxietsi, ezta haien jarduteko askatasuna ere, ezta oro har onartuta dauden bizikidetzako sineste eta arauak laidoztatu ere; ez da zilegi exhibizionismoa, ezta ordenantza honetan edo bertze araudi aplikagarri batean debekatuta dauden gisa bereko jokabide edo jarduketak ere.

26. artikulua. Apustuak.

Debekatuta dago eremu publikoan jokoak eskaintzea, horiek dirua edo ondasunak jokatzea ekartzen badute, ez bada berariaz baimenduta.

Arau-haustea (eremu publikoan apustuak eskaintzea) atzemanda, agintaritzaren agenteek erabilitako baliabideak kautelaz hartuko dituzte, baita arau-hauslearen jokabidearen ondoriozkoak ere.

3. ATALA

Betebehar bereziak

27. artikulua. Merkataritzako jarduerak.

1. Merkataritza, industria edo zerbitzu jarduera batek maiz inguruetan edo baimendu lekuetan (terrazak eta gisakoak) zikinkeria sortzen duenean, establezimenduko titularrak eremu publikoan ukitutako zatia garbi utzi beharko du, neurri zuzentzaileen eta derrigorrezko lizentziei aplika dakiekeen araubidetik ondorioztatzen diren gainerako betebeharrak deusetan ukatu gabe.

2. Kiosko, izozki-denda, aisialdiko lokalak eta terrazak, mahaitxoak eta eremu publikoko bertze instalazio batzuk dituzten establezimenduetako titularrek garbi utzi behako dituzte okupatzen duten lekua zein ingurua, baita instalazioak berak ere.

Gainera, jarduera horietako titularrek paperontzia jarriko dute inguruan, eta beren bizkar mantendu beharko dute.

Eremu horiek eta ingurua garbitzea behin betikotzat hartuko da, Terrazak eta beladoreak eremu publikoan ezartzea arautzen duen udal ordenantzarekin bat.

Debeku da eremu publikoan ibilgailuak aparkatzea, salgai edo alokagai, edo publizitatetako, betiere enpresek egiten badute edo espazio publikoaren erabilera intentsiboa badakar.

28. artikulua. Eskean ibiltzea.

Ezin izanen da eskean ibili, horrek herritarren lasaitasuna trabatzen badu edo bertze pertsona batzuen legezko eskubideak erabiltzea eragozten badu.

Horri dagokionez, arau-hauste administratiboa izanen dira larderiaz egiten diren edo herritarrak askatasunean ibiltzea oztopatzen duten eskeak, bertzeak bertze.

29. artikulua. Establezimendu publikoak.

Edonor sartzeko establezimenduen jabeek edo titularrek bertze xedapen batzuk errespetatzeaz gain, bezeroen gizalegerik gabeko ekintzak edo ekintza gogaikarriak eragozten saiatuko dira lokaletan sartzean zein haietatik ateratzean.

Jokaera horiek eragozten ahal ez direnean, polizia deitu beharko dute ordena eta herritarren bizikidetza mantentzeko, eta laguntza emanen diete uneoro esku hartzen duten agenteei.

30. artikulua. Ekitaldi publikoak.

1. Espazio publikoetan ekitaldiak antolatzen dituztenek pertsonen eta ondasunen segurtasuna bermatu beharko dute. Horretarako, segurtasunerako eta norbera babesteko baldintza orokorrak bete behar dituzte, kasu bakoitzean organo eskudunak zehaztuko baititu.

Udalak ez du baimenik emanen jaialdietako ikuskizun publikoak, kultura, kirol edo antzeko arlokoak ospatzeko espazio publikoetan, horietara zenbat joanen diren aurreikusten denaren arabera eta espazio publikoaren ezaugarriak eta behar bezala egiaztatutako inguruabarrak (espedientean arrazoituak) kontuan hartuta, ekitaldi horiek arriskuan jartzen ahal badituzte segurtasuna, bizikidetza edo gizabidea. Kasu horietan, ahal den guztietan, Udalak antolatzaileei proposatuko dizkie aukerako espazioak ekitaldia egin ahal izateko. Dena dela, laneko, politikako, gizarteko, erlijioko, sindikatuetako eta hezkuntzako arloetan oinarrizko eskubideak erabiltzea dakarten ekitaldi publikoak egiteko baimena eskuratzeko, dagokion eskubidea arautzen duen araudiari jarraituko zaio, aparte utzirik Ikuskizun Publikoei eta Josteta Jarduerei buruzko Legean ezartzen dena.

2. Ekitaldi publikoen ondorioz zikinkeria sorrarazten bada edo kalte egiten bazaie hiri edo arkitektura elementuei, erantzuleak antolatzaileak izanen dira, eta administrazioak behartzen ahalko ditu erabili edo hondatzen diren ondasunak lehengoratzera.

3. Udalak fidantza eratzeko eskatzen ahalko die antolatzaile horiei, garbiketa eta ingurumen lanetatik zein ekitaldia egitearen ondorioz sor daitezkeen bertzelako kalte-galeretatik ondorioztatzen den erantzukizuna bermatzeko. Ukitutako eremu publikoa ederki geldituz gero, fidantza itzuliko zaie. Hala ez bada, hartatik kenduko da aparteko lanen zenbatekoa.

4. Nolanahi ere, ekitaldi publikoen antolatzaileek balizko kalteak bermatzen dituen erantzukizun zibileko aseguru-kontratua gauzatu beharko dute, ekitaldiaren izaera kontuan hartuta.

31. artikulua. Eskaletza.

Ordenantza honi dagokionez, eskean ibiltzea da erabilera publikoko bide edo eremu publikoetan limosna eskatzea, baita bertzelako jarduera batzuk egitea ere, hala nola ibilgailuetako haizetakoak edo gainerako elementuak garbitzea edo baimenik gabe auto-aparkatzaile jardutea.

Debeku da dirua edo limosna larderiaz edo modu gogaikarrian –hitzez zein obraz– eskatzea. Halaber, debeku da diru truke objektuak edo zerbitzuak larderiaz edo modu gogaikarrian eskaintzea, bereziki zirkulazioa dela-eta ibilgailua geldirik duten gidariendako salmenta mota guztiak.

Eskean dabiltzanak adingabeak izanez gero, adingabeen babesaren arloan indarrean dagoen legediak xedatutakoari helduko zaio.

Agintaritzaren agenteek eskaletza debekatua eragotziko dute, eta nolanahi ere, eskaleari gizarte zerbitzu publikoen berri emanen diote derrigorrean, beharrezko laguntza eskatu ahal izan dezan, larderiaz edo modu gogaikarrian eskatzen duen ala ez alde batera utzita.

Administrazioko gizarte zerbitzuek arreta eskainiko diete gaua iragateko aterperik ez duten pertsonei, bereziki neguan.

32. artikulua. Arropa hedatua eta apaingarriak.

Ezin da arropa hedatu balkoi, terraza edo teilatu-lauetan, kaletik ikusteko maneran bada.

Kaletik nahitaez ikusten diren hedatokiak dituzten eraikinetarako, aurreko paragrafoan ezarritako debekua etenda geldituko da, Udalak eraikin horietarako berariazko araubidea baimendu arte.

Balkoi, leiho, terraza edo teilatu-lauetan apaingarririk jarriz gero, hala nola lorontziak-eta, babesturik egon beharko dute, inola ere eror ez daitezen.

IV. TITULUA

Zehapenen araubidea

33. artikulua. Xedapen orokorrak.

1. Zehatzeko ahalmena arlo honetan erabiltzeko, legez eta erregelamenduz ezarrita dagoen prozedurari jarraituko zaio, zehapenak ezartzeko.

2. Zehapen prozedura abiatzeko eskumena duen organoak dakienean gertaerak arau-hauste administratiboa ez ezik, zigor-zuzenbideko arau-haustea ere izan daitezkeela, organo judizial eskudunari jakinaraziko dio eta geldirik utziko dute zehapen prozedura –hasita badago–, harik eta agintari judizialak bere iritzia eman arte.

Zehapen prozedura geldirik dagoen bitartean, etentzat joko dira bai arau-haustearen preskripzio epea, bai prozeduraren beraren iraungipena.

3. Arau-haustearen erantzulea haren ondorioz sortutako kalte-galeren erantzulea ere izanen da; haien ordaina Burlatako Udalak erabakitzen duen maneran eginen da, arau-hausteari dagokion zehapena aparte utzita.

Arau-hauste edo zehapenik ezean, kalte-galeren ordainak zerbait egin beharra edo ez egin beharra dakarrenean, hura ez betetzeak Udalaren baimen bat ez betetzearen ondorio berak izanen ditu zehapen.

Udalarenak ez diren ondasunak badira eta horiek eremu publikotik ikusten ahal badira, ez da beharrezkoa izanen ukitutako alderdiaren salaketa.

34. artikulua. Arau-hausteen sailkapena.

Ordenantza honetan ezarritakoaren kontrako arau-hausteak, eginak nahiz ez eginak izan, oso larritzat, larritzat edo arintzat joko dira.

35. artikulua. Arau-hauste oso larriak.

Oso larriak dira ondokoa eragiten duten arau-hausteak:

a) Herritarren bizikidetza modu larri, berehalako eta zuzenean trabatzea, bertze pertsona batzuen lasaitasunari edo legezko eskubideak erabiltzeari edo mota guztietako jarduerak araudi aplikagarriaren edo osasungarritasun eta apaindura publikoen arabera gauzatzeari eragiten dioten ekintzen bidez; betiere, Herritarren Segurtasunaren Babesari buruzko otsailaren 21eko 1/1992 Legearen IV. kapituluan aurreikusitako motetan sailkatu ezin diren jokaerak badira.

b) Zerbitzu publiko bat erabiltzeko eskubidea dutenei hartaz balia daitezen galaraztea.

c) Zerbitzu publiko baten funtzionamendu arrunta galaraztea edo horretarako oztopo larriak jartzea.

d) Zerbitzu publiko baten hornidura, azpiegiturak, instalazioak edo elementuak modu larrian hondatzea.

e) Eremu publiko bat erabiltzeko eskubidea dutenei hartaz balia daitezen galaraztea. Betiere, arau-haustea izanen da oinezkoei edo ibilgailuei haientzat prestatutako tokian iragan daitezen nahita eta modu larrian galaraztea, baimenik izan gabe.

f) Eremu publikoak edo haietako edozein instalazio eta elementu, higigarri nahiz higiezin, modu larrian hondatzen dituzten egintzak, herritarren segurtasunean eragindako nahasmenduen ondorioz ez direnean. Betiere, arau-hausteak dira jokabide hauek:

–Seinale publikoak hautsi, erauzi edo pintatzea edo haietan kalteak sortzea, baldin eta horrela seinalea ikustea edo ulertzea eragozten edo zailtzen bada.

–Zerbitzu publikoaren elementuak, zaborrak edo hondakinak erretzea, nahita edo erru larria izanda.

–Eremu publikoan eta parke eta lorategietan dauden arbolak hautsi edo deusetarako ez direla uztea.

g) Ordenantza honetan ezarritakoaren kontrako ekintzak edo hutsegiteak, pertsonen osasuna edo osotasun fisikoa edo morala arriskuan jartzen dutenak.

h) Larrialdiko zerbitzuak bidegabeki eta maltzurkeriaz mugiaraztea.

i) Herriko argien edozein sistema nahita itzaltzea.

j) Errespetua galtzea, hutsegite oso larria baldin bada, edo desobeditze oso larria, agintaritzako agenteek debekatu ondoan norbaitek arau-hauste oso larria egiten duenean edo haiek ez egiteko eskatu eta hala ere egiten duenean, eta orobat arau-haustea egin ondoan agenteek egoera lehengoratzeko errekerimendua egin eta, hori momentuan posible izanda, uko egiten zaionean.

k) Urtebetean hiru arau-hauste larri edo gehiago egitea.

36. artikulua. Arau-hauste larriak.

Arau-hauste larriak honako hauek dira:

a) Herritarren bizikidetza modu larrian trabatzea, bertze pertsona batzuen lasaitasunari edo legezko eskubideak erabiltzeari edo mota guztietako jarduerak araudi aplikagarriaren edo osasungarritasun eta apaindura publikoen arabera gauzatzeari eragiten dioten ekintzen bidez, betiere herritarren segurtasunaren babesari buruzko legerian aurreikusi gabeko jokaerak badira.

b) Zerbitzu edo espazio publiko bat erabiltzeko eskubidea modu larrian trabatzea bertze pertsona batzuei.

c) Zerbitzu publikoen funtzionamendu arrunta modu larrian trabatzea.

d) Zerbitzu edo eremu publiko bateko ondasunak modu larrian hondatzea.

e) Osasungarritasun edo apaindura publikoa modu larrian trabatzea. Nolanahi ere, ondokoak arau-hausteak izanen dira:

1) Estolderia-sarera edo eremu edo espazio publikoetara zaborrak edo hondakinak botatzea, ibiltzea eragozten dutenak edo osasungaiztasun arriskua sortzen dutenak.

2) Eremu publikoan janariak edo edariak saltzea, Udalaren baimenik gabe.

3) Ibilgailu bat eremu publikoan aparkaturik gelditzen denean salgai edo alokagai, edo funtsean publizitatetako.

f) Oinezko edo ibilgailuen ohiko joan-etorriak nahita eragoztea haientzat prestatutako lekuetan.

g) Arau-hauste arina egitea, espresuki debekatu denean baimentzeko idazkien edo bertze batzuen bidez, edo baimen baten baldintzak ez betetzea eta horren ondorioz nahasmendu larria eragitea.

h) Errespetu falta larria, edo desobeditze larria, agintaritzako agenteek debekatu ondoan norbaitek arau-hauste larria egiten duenean edo haiek ez egiteko eskatu eta hala ere egiten duenean, eta orobat arau-haustea egin ondoan agenteek egoera lehengoratzeko errekerimendua egin eta, hori momentuan posible izanda, uko egiten zaionean.

i) Ikuskaritza lana oztopatzea, udal ordenantza honetako nahiz gainerakoetako aginduen kontra arau-haustea eginda. Honi dagokionez, nork bere nortasuna adieraztean datu faltsuak ematea edo nork bere nortasuna adierazteari uko egitea oztopatzetzat joko dira, Udalak kanpoko baliabideak erabili behar baditu hura ikasteko.

j) Edozein motatako eskaintza edo jokoa, dirua edo ondasunak jokatzea ekartzen badute.

k) Urtebetean hiru arau-hauste arin edo gehiago egitea.

37. artikulua. Arau-hauste arinak.

Honako hauek dira arau-hauste arinak:

a) Herritarren bizikidetza modu arinean trabatzea, bertze pertsona batzuen lasaitasunari edo legezko eskubideak erabiltzeari edo mota guztietako jarduerak araudi aplikagarriaren edo osasungarritasun eta apaindura publikoen arabera gauzatzeari eragiten dioten ekintzen bidez; betiere, herritarren segurtasunaren babesari buruzko legerian aurreikusi gabeko jokaerak badira. Edonola ere, arau-haustetzat hartuko da eremu publikoan su egitea.

b) Zerbitzu edo eremu publikoa erabiltzeko eskubidea modu arinean trabatzea bertze pertsona batzuei. Nolanahi ere, ondokoak arau-hausteak izanen dira:

Metxa piztuak edo gailu piroteknikoak eramatea edo petardoak, suziriak edo gisakoak botatzea baimenik gabe.

Baimenik gabe kanpatzea.

Eremu publikoetan edozein elementu paratzea baimenik gabe.

Eremu publikoetan autoak garbitu edo konpontzea.

c) Zerbitzu publikoen funtzionamendu arrunta modu arinean trabatzea. Nolanahi ere, ondokoa arau-haustea izanen da:

Iturri edo urmael publikoetan bainatzea.

Ikastegietara txakurrak edo bizikletak sartzea, betiere ikastegiak berak edo Udalak antolatutako jardueraren barnean ez baldin badago.

Instalazioan, ekipamenduan edo espazio publikoan egotea ezarritako ordutegitik kanpo, udaltzainek handik ateratzeko eskatu badute.

d) Zerbitzu edo eremu publiko bateko ondasunak modu arinean hondatzea. Nolanahi ere, ondokoak arau-hausteak izanen dira:

Edozein ondasun edo eremu publikotan pintadak, grafismoak edo horma-irudiak egitea Udalaren baimenik gabe.

Zuhaitz, landare eta lorategi publikoetan kalte egitea.

e) Osasungarritasun edo apaindura publikoak modu arinean trabatzea. Nolanahi ere, ondokoak arau-hausteak izanen dira:

Lagun egiteko animaliaren gorozkiak bildu gabe uztea eremu publikoan.

Propaganda edo publizitatea zabaltzea, ordenantza honetan ezarritakoa hautsirik.

Eremu publikoan pixa, kaka edo listu egitea.

Eremu publikoan zaborra edo bertze edozein elementu bota edo bertan uztea.

Oihu egitea, trabak sortzeko modukoa baldin bada.

Ibilgailuak abandonaturik uztea, jendearen higiene, osasun eta segurtasunerako arriskutsuak izaten ahal badira.

f) Baimen baten baldintzak ez betetzea, betiere sailkapen larriagorik merezi ez badu.

g) Udal ordenantza honetako edo gainerakoetako aginduen kontra arau-haustea egin ondoan nork bere nortasuna zuzen adierazteari uko egitea, horrek zailtasun arina badakar.

h) Errespetu falta edo desobeditze arina, agintaritzako agenteek debekatu ondoan norbaitek arau-hauste arina egiten duenean edo haiek ez egiteko eskatu eta hala ere egiten duenean, eta orobat arau-haustea egin ondoan agenteek egoera lehengoratzeko errekerimendua egin eta, hori momentuan posible izanda, uko egiten zaionean.

i) Ordenantza honetan ezarritakoaren kontrako eginak eta ez eginak, larri edo oso larri gisa sailkatu ez direnak.

38. artikulua. Zehapenak.

Arau-hauste arinei 60tik 199,99 eurorainoko zehapena ezarriko zaie, 37. artikuluaren b), e) eta h) atalak izan ezik; horiei 150 eurotik 199,99 eurorainoko isuna ezarriko zaie.

Arau-hauste larriei 200 eurotik 599,99 euro arteko isuna ezarriko zaie.

Arau-hauste larriei 600 eurotik 1.500 eurorainoko zehapena ezarriko zaie.

39. artikulua. Kalteei ordaina ematea.

Nolanahi ere, ordenantza honetan adierazten diren bidezko zehapenak ezartzean, bertzelakotu den egoera lehengoratzeko eskatuko zaio arau-hausleari. Arau-hausleek eragindako kalte-galerak erantzuleek konpondu edo ordainduko dituzte beti.

Udalak lehengoratzeko zein kalteak ordaintzeko eskaera tramitatuko du, antolamendu juridikoan ezarritakoaren arabera eta hondatutako ondasuna nolakoa den kontuan hartuta.

Udalak derrigortuaren kontura eginen ditu egin beharrekoak gauzak arau-haustearen aurreko egoerara lehengoratzeko, non ez dituen arau-hausleak ordurako egin. Derrigortuari kostua eskatzeko, antolamendu juridikoan ezarritakoari jarraituko zaio.

40. artikulua. Erantzuleak.

1. Ekitaldi publikoetan, antolatzailea edo sustatzailea izanen da erantzulea, eta nortasun juridikorik gabeko taldeak izanez gero, eskatzaile agertzen dena.

2. Gainerako kasuetan, ordenantza honen kontrako arau-hausteen erantzuleak izanen dira arau-hausteen zuzeneko egileak.

3. Oro har, pertsona fisiko edo juridiko pribatuak izanen dira kalteen erantzule solidario, baldin eta legezko betebeharra badute bertze batzuek egin ditzaketen administrazioko arau-hausteei aurrea hartzeko.

Erantzulea adingabea izanez gero, edo hari egotzi ahal ez izateko lege arrazoiren bat izanez gero, erantzuleak gurasoak, tutoreak edo legezko zaintza dutenak izanen dira.

4. Arau-haustea dakarten jarduketak hainbat pertsonaren artean gauzatzen direnean, guztiak izanen dira erantzule modu solidarioan.

41. artikulua. Zehapenak mailakatzea.

Aurreko artikuluen arabera sailkatu ondoren, ezarri beharreko zehapena graduatzeko, hurrengo inguruabarrak hartuko dira kontuan:

a) Berrerortzea, urtebetean eite bereko arau-hauste bat baino gehiago egin bada, ebazpen irmo batek hala deklaratuta.

b) Urtebetean larritasun handiagoko arau-hauste bat edo larritasun bereko edo txikiagoko bi arau-hauste egitea, ebazpen irmoak horrela adierazten duenean.

c) Nahita egitea edo ez.

d) Gertaerek gizartean duten garrantzia edo oihartzuna.

e) Zer kalte egin diren eta haien larritasuna.

g) Egindako kaltea prozedura ireki baino lehen konpontzea.

42. artikulua. Kautelazko neurriak.

Betiere, arau-hausleak gizalegerik gabe jokatzen segitu eta, hartara, bertze erabiltzaileei traba egiten badie, kautelazko neurriak hartzen ahalko dira, galarazteko.

Honi dagokionez, aldi baterako kendu edo altxatzen ahal diren ondasunak izanen dira hauek: ganibetak, labanak eta arma debekatu gabeak eta gauza sendoak, musika tresnak eta musika edo soinu aparatuak, baloiak, pilotak, makuluak, gai piroteknikoak, erremintak eta materialak, kartelak, pankartak, banderaxkak, paskinak, eskuorriak, baita puntu honetan espresuki bildu gabeko bertze edozein gauza, agintaritzako agenteen aburuz inork erabiltzen baditu ordenantza honetako aginduak urratzeko, eta komenigarria bada aldi baterako kentzea edo altxatzea.

V. TITULUA

Berreztea

43. artikulua. Betetzearen etendura eta amaiera hitzartua.

Lehen arau-hauste arina egin denetan, Udalak eskaintza eginen du zehapenaren ordainketa eteteko, betiere arau-hausleak agiri bat sinatzen badu bere portaeran ez berrerortzeko hitza emanez.

Orobat, arau-haustea larria edo oso larria denetan, bidezko zehapen ebazpena eman aitzin, aukera eskaintzen ahalko zaio espedientatuari, komunitatearendako zeregin edo lanak egiteko, ezar litekeen isun osoaren nahiz zati baten ordez; zein den arau-haustearen larritasuna, haren araberako eta proportzioko zeregina izanen litzateke.

Aukera hori arau-hausleen errehabilitaziorako bidea izan dadin eskainiko da, eta horregatik, beharrezkotzat jotzen denean baizik ez da aplikatuko:

–Arau-hausteak oso zehapen larria ezartzea dakarrenean.

–Zehapen larria dakarren arau-haustea izanda, aurretik arau-hauste larriak edo oso larriak egin direnean.

–Neurri hori hartzearen alde egiten duten baldintza bereziak ikusita, modu arrazoituan horrela erabakitzen denean.

Espedientatuak zer lan egiteko prest dagoen esanen dio Udalari, betiere Udalak aurreikusitako zerbitzuen barnean. Ahal dela, komunitatearen gainerakoaren onerako lan borondatezkoak izanen dira, gisako ekintzen ondoriozko kalteen ordaina ematen dutenak. Kasu bakoitzerako izendaturiko udal teknikariek kontrolatu eta bermatuko dute betetzen direla.

Espedientatuak eskaera egin ondoan, prozedura ebazteko epea eten eginen da, eta egin beharreko zerbitzuaren baldintzak jakinarazi beharko dizkio Udalak arau-hausleari.

Udalak prozedura amaitzeko, espedientatuak egin beharreko zerbitzua zehaztuko du ebazpenaren ekitaldian, baita isunaren zenbatekoa ere, zehapena zerbitzuarekin osorik ordezten ez denean.

Kasu bakoitzeko inguruabarrak ikusita, Udalak badaezpadako neurriak hartzen ahal ditu, zerbitzua behar den denboran eta moduan betetzen dela bermatzeko.

Espedientatuak zerbitzuaren baldintzak onartu ondotik, zehapen prozedura amaitutzat joko da, Herri Administrazioen Araubideari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko 30/1992 Legearen 88. artikuluan ezarritakoaren arabera.

Zerbitzua behar den denboran eta moduan betetzen ez bada, isuna ezarriko da, prozedura laburtuaren bidez erabakita. Hori zehazteko, hurrengo irizpideak hartuko dira kontuan:

–Hasierako arau-haustearen larritasun bera izanen du arau-hausteak.

–Zehapena graduatzeko, berariazko astungarria izanen da Udalaren eta arau-hauslearen artean itundutako zerbitzua ez betetzea.

XEDAPEN INDARGABETZAILEA

Ordenantza honek indarra hartzen duenean indarrik gabe geldituko dira harekin bat heldu ez diren udal xedapen guztiak.

AZKEN XEDAPENA

Ordenantza honek indarra hartuko du, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko 6/1990 Foru Legearen 326. artikuluan ezarri epea iragan ondoan.

Iragarkiaren kodea: L1501691