31. ALDIZKARIA - 2015eko otsailaren 16a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

13E/2015 EBAZPENA, urtarrilaren 15ekoa, Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiak emana, “Iruñeko ingurabidea bikoiztea. Tartea: Olloki-Ezkabako tunelen iparraldeko irteera” izeneko proiektuaren aldeko Ingurumen eraginaren adierazpena egiten duena. Sustatzailea Sustapen Departamentua da.

Proiektuaren ezaugarriak kontuan harturik, abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 3B atalean sartua dago, hau da, bakarrik Ingurumenaren gaineko eraginaren ebaluazioaren menpe dauden jarduera eta proiektuetan. Dekretu horrek Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzen duen Erregelamendua onetsi zuen.

Ingurumenaren gaineko eraginaren ebaluazioa egiteko prozedurari hasiera emateko, Herri Lan, Garraio eta Komunikazio Departamentuko Azterlan eta Proiektuan Zerbitzuak honako proiektu hau eta dagokion Ingurumen eraginaren azterlana bidali zituen 2007ko urriaren 23an: “Iruñeko ekialdeko ingurabidea bikoiztea. Tartea: Olloki-Ezkabako tunelen iparraldeko irteera”. Aipatu dokumentazioa ikusirik eta azterturik, 2007ko azaroaren 13an Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuak informazio osagarria eskatu zuen tramitazioarekin jarraitu ahal izateko. Herri Lan, Garraio eta Komunikazio Departamentuak eskatutako informazioa bidali zuen 2008ko irailaren 23an.

Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuak Ingurumen eraginaren azterlana aski dela egiaztaturik, eta abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 50. artikuluan xedatutakoarekin bat, hori azaltzeko idazkia egin zen 2008ko irailaren 30ean.

Proiektua jendaurrean egon zen hogeita hamar egunez, 2009ko 110. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, irailaren 7an, argitaratutako iragarkiaren bidez. Geroago proiektua berrikusi zen, eta Sustapeneko kontseilariaren abuztuaren 8ko 30/2012 Foru Aginduaren bidez behin-behinekoz onetsi zen “Iruñeko ingurabidea bikoiztea. Tartea: Olloki-Ezkabako tunelen iparraldeko irteera” izeneko trazaduraren proiektua, eta berriro jendaurrean jarri zen, ukitutako ondasun eta eskubideen ondorioetarako.

2012ko uztaileko behin betiko proiektuaren laburpena eta proiektuaren Ingurumen eraginaren azterlanaren laburpena I. eranskinean bildu dira.

Jendaurrean egon zen bitartean, proiektuari alegazioak egin zizkioten Ezkabarteko Udalak, Iruñerriko Mankomunitateak eta Arreko Sakaneta jabeen elkarteak. Haien edukia II. eranskinean laburbildu da.

2014ko azaroaren 7an, Azterlan eta Proiektuen Zerbitzuari bidali zitzaion Ingurumen eraginaren azterlan proposamena, abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 52. artikuluan aurreikusitakoaren arabera. Zerbitzu horrek azaroaren 28an erantzun zuen, eta adierazi zuen hainbat proposamen ez zirela bideragarriak, bereziki ezpondak lehengoratzeko proposamen batzuk. Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuak txostenean adierazi du tramitatu den dokumentazioan jarduketak behar bezala zehaztuta daudela, eta Ingurumen eraginaren adierazpena egitea proposatu du, aurkeztutako proposamena bideragarritzat jotzen baitu ingurumenaren aldetik, eta ebazpen honetan ezarritako baldintzak betetzen ditu.

Horrenbestez, ikusirik espedientean jasotako txostenak, kontuan hartuta Ingurumenaren gaineko eraginaren ebaluazioa osatuta dagoela, eta uztailaren 25eko 70/2012 Foru Dekretuaren bidez esleiturik ditudan ahalmenak erabiliz, foru dekretu horren bidez Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiaren esku utzi baitira indarreko araudiak, ingurumena babesteko esku hartzearen arloan, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariari esleitutako eskumen administratiboen titulartasuna eta erabilera,

EBATZI DUT:

1. Ingurumen eraginaren adierazpena egitea “Iruñeko ingurabidea bikoiztea. Tartea: Olloki-Ezkabako tunelen iparraldeko irteera” izeneko proiektuaren alde. Sustatzailea Sustapen Departamentua da.

2. Sustapen Departamentuak bidalitako dokumentazio teknikoko ingurumen baldintzei jarraikiz eginen da proiektua, eta gainera baldintza hauek bete beharko dira:

–Zarata eta pantaila akustikoak. Zarataren azterlanean Arreko hirigunerako aurreikusi zen neurri zuzentzailea gauzatuko da, hau da: 2 metroko altuera duen lur-kabailoi bat egitea bazterbidetik bi metrora, eta pantaila akustiko bat espazio hori ez duen tartean.

Ezkabarteko AR3 eremua garatzeko, garapenaren sustatzaileak behar diren neurriak aplikatuko ditu kalitate akustikoaren helburuak betetzen direla bermatzeko, errepidea bikoizteari dagokionez, Herri Lan, Garraio eta Komunikazio Departamentuak Ezkabarteko Udal Planari buruz 2004ko maiatzean egindako txostenean adierazitakoarekin bat.

–Higaduraren kontrako babesa, ingurumen aldetik lehengoratzea eta paisaiaren integrazioa. Obrek ukitutako eremuak ingurumenaren aldetik lehengoratzeko lanak bidea eraikitzeko lanekin batera eginen dira.

Hidroereintzak eginen dira sortzen diren ezponda guztietan. Lur-erauzketetako ezpondetan hidroereintza bi pasalditan eginen da, eta lubetetan pasaldi bakarrean. Eraikuntza proiektuan zehazten den belar hazien nahasketa erabiliko da.

–Birlandaretzeko/Lehengoratzeko proiektua. Arreko lur-kabailoian pasaldi bakarreko hidroereintza eginen da, bai errepideari begira dagoen lurren isurialdean bai goiko plataforman eta Arreko hiriguneari begira dagoen lur-kabailoiaren isurialdean.

Errepideari begira dagoen lur-kabailoiaren isurialdean aldez aurretik landare-lurrezko 15 cm-ko geruza bat zabalduko da. Lur-kabailoiaren goiko plataforman eta Arreko hiriguneari begira dagoen isurialdean landare-lurrezko 15 cm-ko geruza bat zabalduko da zarata apaltzeko pantaila duen tartean, eta 30 cm-koa halako pantaila ez duen tartean. Bi tarteetan, hidroereintza egiteaz gain, eraikuntza proiektuan biltzen den baso-landaketa eginen da.

–Eraikuntza proiektua Ingurumen Kalitatearen Zerbitzura igorriko da, eta Ingurumen eraginaren adierazpenean ezarritako determinazioak betetzen direla frogatu beharko da.

3. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamendua onesten duen abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 53. artikuluan xedatutakoari jarraikiz.

4. Ebazpen hau sustatzaileari, Ezkabarteko, Uharteko eta Esteribarko udalei eta Iruñerriko Basozaintzari jakinaraztea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2015eko urtarrilaren 15ean.–Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusia, Andrés Eciolaza Carballo.

I. ERANSKINA

Proiektuaren deskribapena

Proiektuaren helburua da Iruñerriko ingurabidea bikoiztea 2.600 metro bat duen tarte batean, Ollokiko gurutzaguneko Arga ibaiko zubitik Ezkabako tunelen iparraldeko irteerako zubiraino, Arreko biribilgunearen ondoan Ultzama ibaiaren gainetik igaroz, N-121-A errepidean (Iruña-Frantzia Belaten barna).

Funtsean, hiru erreiko galtzadari lau errei eman nahi zaizkio, erdialdean erdibitzaile bat eginez, luzera osoan hesi zurruna duela; horretaz gainera, Arreko biribilgunearen ondoan Ultzama ibaiaren gainean dagoen zubiko taula zabaldu egin nahi da.

Hasierako tartean, errepidearen zabaltzea batez ere ezkerraldetik eginen da, plataforma alde horretatik zabaltzea errazagoa delako eta eskuinaldean ibilgailu motelendako errei bat dagoelako eta, beraz, horrek zabaltze lanerako zentzuzko aukerak mugatzen dituelako, malkartsua baita toki horretan dagoen lubeta.

0+240 K.P.ren parean, lotune bat eginen da bertan dagoen zerbitzu bideari sarbidea emateko, Ezkaba-Olloki norabidean. Zati batean bat egiten du Done Jakue Bidearekin.

0+400 K.P.tik 0+600 K.P.ra bitarte, bi aldeetan eginen da zabaltze lana, neurri mugatu batean (50 cm inguru), jada lau errei baitaude, izan ere ibilgailu motelendako bi aldeetako erreiek bat egiten dute lubaki eremuan.

0+600 K.P.tik aurrera, eskuinaldetik eginen da zabaltzea, Ultzama ibaiaren gaineko zubiraino, Arreko biribilgunearen ondoan. Zubi hori bi aldeetatik zabaltzeak, beraz, errepideko plataforma ere bi aldeetatik zabaltzea baldintzatzen du.

Arreko biribilgunean bertarako sarbideak aldatzen dira geometria berriari egokitzeko, zati nagusian lau errei eginez, baina planta orokorra funtsean aldatu gabe.

Arreko biribilgunetik hasita, gaur egungo Iruña-Behobia N-121-A errepidearen trazadurari jarraituz, Arreko saihesbidean barna, Ezkabako tunelen irteerako biribilgunearen aurreko zubiraino iristen gara. Tarte guztian, galtzada eskuinaldetik zabalduko da, zailagoa izanen bailitzateke ezkerraldetik egitea, Ezkaba mendiaren hegala baitago bertan.

Tarte guztian hiru gurutzagune agertzen dira, bata garrantzi eta trafiko handikoa, hau da, Arreko biribilgunea, zenbait sarbide dituena, eta bigarren mailako bi gurutzagune, Mankomunitateak Burringo eta Uharteko eremuetan dituen ur-biltegiei eta azken ur-biltegi horren ondoan dagoen azpiestazio elektrikoari sarbidea emateko.

Zati nagusiko eredu-sekzioa bi galtzadaz osatuta dago, bakoitzak 3,50 m-ko bi errei dituela, 2,50 m-ko bazterbideak kanpoaldean, 0,50 m-koak barnealdean, eta 1,00 m-ko erdibitzailea hesi zurrunarekin. Arren Ultzama ibaiaren gainean dagoen zubian, kanpoaldeko bazterbideak 1,00 m-tara murrizten dira eta 1,50 m-ko espaloiak ditu.

Arren Ultzama ibaiaren gaineko zubiaren taula zabaltzeari dagokionez, zubiaren pilareak eta horma-bularrak jada prest daude zabaltze horri eusteko, zubiak horma-bularrak eta zubiburuak baititu, horretarako kalkulatuak. Hori hala, alboko bi habe jarriko dira eta horien gainean taula, aurreko taularekin lotuta.

Aurreikusi da tarte horretan dauden oinezkoendako azpiko bi pasabideak luzatzea; lehena Done Jakue Biderako erabiltzen da 0+220 K.P.an, eta bigarrena Arreko biribilgunerako sarbidearen azpian dago.

Galtzadako eta bazterbideetako ikuspena hobetzeko, batez ere gauez, Iruñeko ingurabidean eraiki diren azken tarteetan erabilitako irizpide berari jarraikiz, argiztatu eginen da proiektuko tarte guztia.

Zarataren azterlana egin da, eta horren helburua da bide bikoizketak ekarriko duen hotsaren eragina ebaluatzea. Arreko etxebizitzak zaratatik babestuko direla bermatzeko, lur-kabailoi bat eginen da, 2,00 m-ko garaierakoa, errepideko sestraren kotaren gainetik. Arreko biribilgunetik hurbilen dagoen eremuan, urbanizazio bat gertu baitago, ezin da lur-kabailoia egin, ez baitago leku erabilgarririk oinplanoan; horregatik, zarataren aurkako pantailak jarriko dira, 2,00 m-ko garaierakoak, errepideko sestraren gainetik.

Ingurumen eraginaren azterlanaren laburpena

Proiektuaren deskribapenean aipatutako alderdiek erabat baldintzatzen dute trazadura; horregatik, proiektuko trazadura baino ez da aztertu.

Ingurune fisikoaren azterlanean ingurune abiotikoa (geologia, litologia, geomorfologia eta hidrologia) eta ingurune biotikoa (flora eta landaredia) deskribatu dira. Gainera, paisaia, aisialdiko jarduerak (Done Jakue bidea, Arga ibaiaren parkea), eremuko hirigintza planeamendua, dauden azpiegiturak eta lurzoruaren erabilerak aztertzen ditu.

Eraikuntza fasean inpaktuak sortzen dituzten jarduerak identifikatzen ditu (materialak pilatzea, lurrak mugitzea, makinak ibiltzea, ezpondak egitea), baita ustiapen fasekoak ere. Aurreikus daitezkeen ukipenak identifikatu eta baloratzen dira.

Aztertutako elementuei dagokienez, exekuzio fasean sortuko den inpaktu osoa txikitzat jo da, eraikitako errepide baten gainean egiten baita obra, eta aurreikusita ez baitago lur asko mugitzea, ezta lur-erauzketa eta lubeta handiak egitea ere.

Ustiapen fasean ere inpaktuak txikiak izanen dira.

Azterlanak aurreneurriak eta neurri zuzentzaileak azaltzen dituen kapitulu bat dauka. Garrantzizko aurreneurriak dira obren eremua zedarritzea, obrek, instalazioek eta makinak pasatzeko eremuek hartzen duten azalera zuinkatzea, birlandaketan erabiliko den landare lurra trinkotu gabe eta nahasi gabe kentzea eta obrako materialak toki baimenduetan pilatzea.

Obra paisaian integratzeko diseinatu diren neurriak dira ezponda aldapatsuak berriz profilatzea, dagoen gunitako geruza kentzea, ezpondak birlandaretzea geomaila edo bihurdura hirukoitza duen sarea kokatuz, substratua proiektatzea eta hidroereintza egitea eta ezpondak egonkortzeko teknikak erabiltzea bertan birlandaketak egiteko. Ezponda guztietan hidroereintza eginen da, posible bada, eta Arreko lur-kabailoian landaketa eginen da.

Done Jakue bidea egokituko da eta, horretarako, luzeago eginen da eta dispositiboak jarriko dira urek hartu ez dezaten eta hortik igarotzea errazagoa izan dadin.

Zarataren ukipenei dagokienez, zarataren azterlana sartu da (17. eranskina). Bertan bidea bikoizteak duen inpaktu akustikoa ebaluatzen da, eta zarataren araudia betetzeko neurriak ezartzea eraginkorra den ala ez aztertzen da. Proposatzen den neurri zuzentzailea da 2 metroko altuera duen lur-kabailoi bat ezartzea bazterbidetik bi metrora, Arreko hirigunetik hurbilen dagoen eremuan. Lur-kabailoia osatzeko, pantaila akustiko bat ezarriko da behar bezainbesteko tokirik ez duen tartean.

Ingurumena Zaintzeko Programak babes neurrien eta neurri zuzentzaileen jarraipena eginen du eta honela banatuko da: obrak egin bitarteko Ingurumen Zaintza (makinak, hondakinak, landare lurren pilaketak, zedarriztatzeak, birlandaretzea...) eta errepidea funtzionamenduan jarri ondoko Ingurumen Zaintza, birlandaketaren zaintza gainbegiratuko duena.

II. ERANSKINA

Jendaurrean jartzeko tramitearen emaitza

1. alegazioa, Pedro María Lezáun Esparzak, Ezkabarteko Udalako alkateak, aurkeztua.

Trazadura lehenbiziko proiektuan (2009an) alegazio batzuk jaso ondoren, proiektua aldatu zen. Bidea mendi aldera egingo balitz, eta ez Arreko bizitegitik hurbil, proiektua garestiagoa izanen litzateke, baina Arreko biztanleak lasaiago biziko lirateke.

Bideari eusteko herri-lubetek begi-inpaktu negatiboa dute, arrisku handiagoa sortzen dute trafikoan eta ingurumen eragin larria dakarte.

2009an aurkeztutako alegazioetan adierazi zen bezala, ingurabidea bikoizteko proiektuan zarataren aurka babesteko neurriak jaso behar dira, aurreikuspenen arabera ibilgailuen trafikoa handituko baita, hau da, bizitegietan lasaitasuna mantentzeko behar diren neurriak, araudi indardunarekin bat.

Bere ustez, kamioien trafikoa nabarmen handitu da zarataren azterlana egin zenetik, eta neurri zuzentzaileak gaur egungo egoerara egokitu behar dira, ez proiektuaren aurreikuspenetara.

Ez dago neurri zuzentzailerik Arreko tartean, Ultzamako ibaiaren zubitik Uharterantz. Aurreikuspenen arabera, eremu horretan etxebizitzak eta eskola-guneak eraikiko dira.

Bere ustez, zuhaitz gehiago landatu behar dira hilerri inguruan, begi-inpaktua hobetzeko eta zaratarena apaltzeko.

Proiektua aldatu ezean, eta proposatutako trazadura mendirantz mugitu ezean, zarata eta ingurumen arloko babes neurriak ahalik eta gehien sustatu beharko lirateke. Landare kabailoiak egiteko eskatzen du, zuhaitzak eta zuhaixkak erabilita, eta pantaila akustikoak egiteko kabailoietan eta erdibitzailean.

Azkenik, galtzadak bereizteko proiektatu den barrera zurruna ez da oso polita, bere ustez. Ingurabideak konurbazio bat inguratzen du, eta horregatik hirigintza eta paisaia aldetik kalitatea handiagoa duen proiektu bat merezi du.

Erantzuna:

2009ko jendaurreko epean ingurumenari buruz aurkeztu ziren hainbat alegazio aztertu eta kontuan hartu ondoren, proiektua aldatu da ingurumen arloko eskaerak asetzeko, betiere teknikak horretarako bide ematen badu, baina trazadura mantendu da.

Bidea mendirantz mugituko balitz, kostua ekonomikoa ez ezik ingurumen arlokoa ere izanen litzateke. Bestetik, lur-kabailoiak eta pantaila akustikoak ezarri dira zarataren aurka babesteko, eta horri esker bizi-kalitatea mantenduko da Arreko etxebizitzetan.

Herri-lubetak beharrezkoak dira ezpondetan desjabetu beharreko azalera murrizteko, eta haien inpaktua ez da hormigoizko murru batena bezain handia.

Zarataren 2008ko azterlanaren arabera, proiektuan definitutako neurri zuzentzaileak aplikatuz gero zarata mailak ez ditu gaindituko arauek ezarritako mugak.

Ingurabideko trafikoa murriztu da azken lau urteetan, eta proiektatutako neurri zuzentzaileek (pantaila akustikoak eta lur-kabailoiak) bermatzen dute ez direla gaindituko zarataren muga indardunak.

Alegazioa onartu da eta bertako zuhaitz klaseak landatuko dira. Lur-kabailoietan bertako landare klaseak landatuko dira.

Hautatutako erdibitzailea aproposa da ondoko lurzatiek ahalik eta ukipen txikiena izan dezaten, desjabetzeei eta zarata eta ingurumen arloetako ukipenei dagokienez. Erdibitzaile handiago bat eginez gero, lurzati gehiago okupatu beharko litzateke eta zarata eta ingurumen arloetako ukipen gehiago izanen lirateke, trafikoa eremu urbanizatuetatik hurbilago igaro litzatekeelako.

2. alegazioa, Iruñerriko Mankomunitateak aurkeztua.

Ultzama ibaiaren gaineko zubia handitzen bada, zubiaren azpitik eta Eskualdeko Ibai Parkearekin paralelo doan saneamenduko kolektoreak ukipenak izanen ditu. Bere ustez, zehaztu behar da nola handituko den zubia, kolektorearen gainean euskarri berriak ezarri nahi diren ala ez, eta nola aldatzen den Eskualdeko Ibai Parkearen eremua.

Eskatzen du behar diren neurriak kontuan hartzeko obretarako mailegu eremuan eta hondakindegian dauden hodiek ukipenik jasan ez dezaten. Orobat, makinen joan-etorriengatik ukipenik jasan ez dezaten.

Erantzuna:

Zubia handitzeko ez da euskarri berririk jarri behar. Izan ere, bi habe berri jarriko dira, gaur dauden horma-bular eta euskarrietan pausatuak. Eskualdeko Ibai Parkearen eremuak ez du ukipenik jasango.

Proiektu eguneratuan, mailegu-material guztiak harrobikoak dira, eta soberakinak lur-kabailoiak egiteko erabiliko dira.

3. alegazioa, Arreko Sakaneta jabeen elkarteak aurkeztua.

Proposatutako pantaila akustikoek begi-inpaktu itzela sortuko dute, eta ez dute inolaz ere apalduko trafiko ugariaren zarata, elkartearen etxebizitzetatik oso hurbil igaroko baita.

Erantzuna:

Pantaila akustikoak jarri dira lur-kabailoiak eraikitzeko behar bezainbesteko tokirik ez duen tartean.

Iragarkiaren kodea: F1500817