1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.7. BESTELAKOAK
12E/2015 EBAZPENA, urtarrilaren 15ekoa, Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuko zuzendariak emana, Ingurumen ukipenetarako baimena ematen duena Txulapain hornitzeko V. fasearen proiekturako (Aristregi eta Osinaga). Sustatzailea Iruñerriko Zerbitzuak SA da.
2014ko abenduaren 18an Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuan sartu zen goian aipatutako espedienteari dagokion Ingurumen ukipenetarako baimena lortzeko eskaera. Espediente hori abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 2C eranskineko N) epigrafean sartua dago (Uraren goi hornidurarako eta saneamendurako hoditeriak, beste eranskin batzuetan jaso ez direnak, lurzoru urbanizaezinean paratzen direnean). Foru dekretu horrek Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzen duen Erregelamendua onetsi zuen.
Abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 36. artikuluak ezartzen du Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitzako kontseilariak arrazoituz ebatziko duela Ingurumen ukipenetarako baimena ematea edo ukatzea.
Foru dekretu horren 31.2 artikuluak ezartzen du Ingurumen ukipenetarako baimenak lurzoru urbanizaezinean baimentzen ahal diren jardueretarakoa ere bilduko duela bere baitan, eta horrek Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 117. artikuluan ezarritako ondorioak izanen dituela.
Sustatzaileak idazki bat bidali du, eta hartan eskatu du Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuko zuzendariaren abenduaren 7ko 183E/2012 Ebazpen bidez emandako Ingurumen ukipenetarako baimena luza dadila. Baimen hori iraungia dago, abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 37. artikuluarekin bat (foru dekretu horren bidez Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamendua onetsi zen), baimena eman zenetik bi urte baino denbora gehiago igaro delako proiektua gauzatzen hasi gabe.
Horrenbestez, eta ikusirik ez dela gorabehera berririk izan beharrezko egiten dutenak Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuko zuzendariaren abenduaren 7ko 183E/2012 Ebazpenean ezarritako baldintzak berrikustea, Ingurumenaren gaineko Eragina Aztertzeko Atalak proposatzen du Iruñerriko Zerbitzuak SAren eskaera onartzea, eta Ingurumen ukipenetarako baimen berri bat ematea Txulapain hornitzeko V. fasearen proiekturako (Aristregi eta Osinaga), aipatutako ebazpenean ezarritako baldintza berberekin, eta, bereziki, Plangintza eta Laguntza Atalaren 2012ko abenduaren 14ko txosteneko baldintzekin, kontuan harturik hodiek Probintzietako Errege Altxonbidearen zenbait tarte ukitzen dituztela.
Espedientean dauden txostenak ikusirik eta Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiaren abenduaren 31ko 1158/2013 Ebazpenaren bidez eskuordetutako eskumenak erabiliz.
EBATZI DUT:
1. Ingurumen ukipenetarako baimena ematea, Txulapain hornitzeko V. fasearen proiekturako (Aristregi eta Osinaga). Sustatzailea Iruñerriko Zerbitzuak SA da.
2. Baimena neurri hauek aplikatzearen baldintzapean ematen da:
–Hodiaren trazaduraren diseinuan eragin gabe, zuinketa lanak egiten direnean zuhaitzak ez botatzen saiatu beharko da, aldaketa txikiak eginez. Horretarako, lan horiek egitean inguru horretako Basozaintzako langileek bertan egon beharko dute, eta garaiz abisatuko zaie horretarako (48 ordu lehenago gutxienez).
–Landaredi naturalez estalita dauden eremuetan eta, zehazkiago, tarte hauetan:
- 1. ardatza, 0+400 eta 0+660 k.p.en arteko tartea (zanga ahalik eta gehien egokituko zaie nekazaritzako makineriak pasatzean egindako arrastoei, larrea ukitzea saihestuz).
- 2. ardatza, 0+800 eta 1+120 k.p.en arteko tartea (laneko kalea bat etorriko da berriki sastrakak kendutako kalearekin).
- Zuasti errekako gurutzaguneak.
Laneko kaleak 3-4 metroko zabalera izanen du gehienez, lanak batatxezka egiteaz gain lerroan egin daitezen, zangaren parean beste kale bat ireki behar izan gabe makinak ibiltzeko.
–Lanak bukatutakoan, hasierako baldintza topografikoen eta granulometriazkoen arabera lehengoratuko da ibilgua, eta ukitutako zuhaitz edo zuhaixkak ere lehengoratuko dira, Ingurumen ukipenen azterlanean aipatutako espezieak landatuz. Sahats aldaxkak landatzea gomendatzen da, geldialdi begetatiboan errekan bertan bildutako materiala erabiliz.
–Sastrakak kentzeko eta zuhaitzak mozteko lanak urritik martxora bitarte eginen dira, eta Zuasti erreka ukitzen duten obrak agorraldian batik bat, uztailetik urrira bitarte, biak barne.
–Laneko kalea irekitzean, ur-biltegi berria eraikitzean, sarbidea egitean eta abarretan ukitzen diren azalerak, obrak bukatutakoan, landare lurrez estalita geldituko dira, behar bezala birprofilatuta eta inguru horretan ohikoak diren belar eta zuhaixka hazien nahaste batez ereinda.
–Berriz landareztatu beharreko azalerek %50etik gorako malda dutenean hidroereintza eginen da; horretan sartzen dira Osinagako ur-biltegiaren hormako estradosaren ondorengo ezpondak, aldez aurretik birprofilatu eta findu beharrekoak, baita sortzen diren betelaneko ezponda berriak ere. Otsakarko ur-biltegiaren ingurua berriz landareztatzeko lanak egin ez direnez, hidroereintza eginen da inguru horretan. Eremu horretan ohikoak diren belar eta zuhaixka hazien nahaste bat erabiliko da, eta lana azarotik otsailera bitarte eginen da, biak barne.
–Zuhaitzak eta zuhaixkak lerroan landatuko dira ur-biltegi berriaren inguruan, espezie hauetako batzuekin: Fraxinus excelsiorra, Acer pseudoplatanusa, A. campestrisa, Quercus pubescensa, Cornus sanguinea, Viburnum lantana, Ligustrum vulgarea. Landare horiek sustrai hutsetan landatuko dira eta zurkaitzak jarriko zaizkie, oinarrian babesa dutela; mantentze-lanak eginen dira, ureztaketak udaldian, inauste eta jorratze lanak ere bai, landaketaren ondorengo bi urteetan gutxienez.
–Ur-biltegirako bide berria eskuinalderantz zabalduko da, Osinagatik bertaranzko norabidean. Ezkerraldeko zuhaitzak mantendu egin nahi dira (bikainak diren zumar bat eta intsusa bat), baita ur-biltegi zaharren atzean dagoen zumarra ere; berariaz babestu beharko dira obrak egin bitartean.
–Eraikuntzako eta eraispeneko hondakinak, obran bertan erabiltzen ez diren hondeaketa lurrez gainera, hondakinen kudeatzaile baimendu batek balorizazio plantetara edo inerteen hondakindegira eramanen ditu, tratamendua egin ondoren, eraikuntzako eta eraispeneko hondakinak kudeatzeko kapituluan eta obraren aurrekontu orokorrean ageri den moduan.
–Obrak bukatu ondoren, proiektuaren eragin eremuan ez da obra arrastorik geldituko, eta obretarako instalazio guzti-guztiak kendu beharko dira.
–Hodiak Probintzietako Errege Altxonbidearen zenbait tarte ukitzen dituenez, proiektua baimentzen ahalko da baldin eta Plangintza eta Laguntza Atalak 2012ko abenduaren 14an emandako txosteneko baldintzak betetzen badira.
–Zuhaitzak moztu baino lehen, horretarako administrazio baimena eduki beharko da, departamentu honetako Biodibertsitatea Zaintzeko Zerbitzuak emana.
Hirigintza arloko edukiak:
–Probintzietako Errege Altxonbideari, errekari eta egin nahi den jarduerak uki ditzakeen edo obren trabagarri izan daitezkeen gainerako azpiegiturei eta zortasunei dagokienez, enpresa sustatzaileak, obrak gauzatzen hasi baino lehen, behar diren baimen guztiak eskuratuko ditu, kasuan kasuko gaian eskudun diren organoei eskatu eta gero.
–Ingurumenari egokitzeko betebeharra errespetatzearren, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 88. artikuluan ezarritakoaren arabera, Txulapaingo Udalak, lizentzia ematen duenean, begiratuko du ur-biltegiaren eraikuntzak kanpoaldeko paramentu guztiak eta estalkia erabat bukatuak dituen, ahalik eta eragin txikiena sortzen duten formak eta materialak erabili diren, baita inguru horretan ohikoak diren koloreak ere edo, nolanahi ere, inguru hurbilean eta paisaian hobekien integratzen laguntzen dutenak.
3. Baimen honek, gainera, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 117. artikuluan ezartzen diren ondorioak izanen ditu, izan ere, artikulu horretan, lurzoru urbanizaezinean egin behar diren jarduerak baimentzeko prozedura ezartzen da.
4. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean.
Administrazio publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.
Ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik hasita kontatuko dira epeak.
5. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
6. Ebazpen hau igortzea Lurraldearen Antolamendu eta Hirigintza Zerbitzuari, Txulapaingo Udalari, Iruña aldeko Basozaintzari eta interesdunari, behar diren ondorioak izan ditzan.
Iruñean, 2015eko urtarrilaren 15ean.–Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuko zuzendaria, Pedro Zuazo Onagoitia.
Iragarkiaren kodea: F1500811