1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.7. BESTELAKOAK
67/2015 EBAZPENA, urtarrilaren 27koa, Lehendakaritza eta Justiziako zuzendari nagusiak emana, Estatuko Administrazio Orokorraren eta Nafarroako Foru Komunitatearen arteko Lankidetza Batzordearen 2015eko urtarrilaren 21eko Erabakia, Kreditu entitateen gordailuen gaineko zergari buruzko apirilaren 14ko 6/2014 Foru Legearen gainekoa, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea xedatzen duena.
Konstituzio Auzitegiari buruzko urriaren 3ko 2/1979 Lege Organikoaren 33. artikuluan, urtarrilaren 7ko 1/2000 Lege Organikoak aldatu zuen horretan, ezarritakoarekin bat,
EBATZI DUT:
Estatuko Administrazio Orokorraren eta Nafarroako Foru Komunitatearen arteko Lankidetza Batzordearen 2015eko urtarrilaren 21eko Erabakia, ebazpen honi eranskin gisa gehitua, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadila xedatzea.
Iruñean, 2015eko urtarrilaren 27an.–Lehendakaritza eta Justiziako zuzendari nagusia, José Luis Ruiz Ciruelos.
ERANSKINA
Estatuko Administrazio Orokorraren eta Nafarroako Foru Komunitatearen arteko Lankidetza Batzordearen Erabakia, Kreditu entitateen gordailuen gaineko zergari buruzko apirilaren 14ko 6/2014 Foru Legearen gainean
Estatuko Administrazio Orokorraren eta Nafarroako Foru Komunitatearen arteko Lankidetza Batzordeak erabaki hau hartu du:
1. Estatuko Administrazio Orokorraren eta Nafarroako Foru Komunitatearen arteko Lankidetza Batzordearen Erabakian lantalde bat eratu beharra aurreikusi zen, Kreditu entitateen gordailuen gaineko zergari buruzko apirilaren 14ko 6/2014 Foru Legearen gainean, eskumenak zirela-eta, sortutako desadostasunak aztertu, eta konponbidea proposa zezan; aurreikuspen hori beteta, eta lantaldean izandako aldez aurreko negoziazioen ondorioz, bi alderdien iritziz konponduta daude desadostasun horiek, azalpen eta konpromiso hauetan oinarrituta:
a) Estatuaren eta Nafarroako Foru Komunitatearen arteko indarreko Hitzarmen Ekonomikoan, abenduaren 26ko 28/1990 Legearen bidez onetsitakoan, hirugarren xedapen gehigarrian aurreikusitakoaren arabera, Estatuko zerga arloko antolamendu juridikoan funtsezko erreforma bat gertatuz gero, bi administrazioek behar den moldaketa eginen dute Hitzarmen Ekonomikoan, biak ados jarri ondoren.
b) 2007ko azaroaren 5ean Negoziazio Batzordeak erabakita aldatu zen azkenekoz Hitzarmen Ekonomikoa; aldaketa hura egin zenetik hona, ordea, berrikuntza batzuk gertatu dira Estatuko zerga arloko antolamenduan eta, beraz, Hitzarmen Ekonomikoa moldatu beharra dago.
c) Data honetan berean Koordinazio Batzordeak erabaki zuenez, Hitzarmen Ekonomikoaren aldaketari buruzko azterlan bat egin da, eta konpromisoa hartu da azterlan hori bi administrazioek Negoziazio Batzordean duten ordezkariei helaraztekoa, kasua bada, batzordeak Hitzarmen Ekonomikoa aldatzeari buruzko erabakia har dezan eta, ondoren, haren tramitazioa ere egin dezan, indarra duen araudiari jarraikiz. Erabaki horretan, bi alderdien ordezkariek konpromisoa hartzen dute behar den guztia egiteko, Hitzarmenaren aplikazioan ematen diren foru arauek sor ditzaketen gatazkak gutxitzeko.
d) Zehazki, Nafarroako Foru Komunitatearen ordezkariek konpromisoa hartzen dute behar den guztia egiteko, Nafarroako zerga arloko araudia, bereziki Kreditu entitateen gordailuen gaineko zergari buruzko apirilaren 14ko 6/2014 Foru Legea, Negoziazio Batzordeak adostu beharreko aldaketetara biltzeko.
2. Bi alderdiak ados jarri direnez, bat datoz adieraztean konpondutzat jotzen dituztela erabaki honetan jasotako legearen gainean agertutako desadostasunak eta, beraz, amaitutzat ematen dute eztabaida.
3. Erabaki hau Konstituzio Auzitegiari jakinaraztea, Konstituzio Auzitegiari buruzko 2/1979 Lege Organikoaren 33.2. artikuluan aurreikusitako ondorioetarako, eta Erabaki hau Estatuko Aldizkari Ofizialean eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
Iragarkiaren kodea: F1501535