31. ALDIZKARIA - 2015eko otsailaren 16a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.5. ESTATUTUAK ETA LAN HITZARMEN KOLEKTIBOAK

EBAZPENA, 2015eko urtarrilaren 15ekoa, Arriskuen Prebentziorako eta Lanaren zuzendari nagusiak emana, Nafarroako Alabastroaren Industrien sektorearen hitzarmen kolektiboaren testua erregistratu, gorde eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea erabakitzen duena.

Nafarroako Alabastroaren Industrien sektorearen hitzarmen kolektiboaren testua (kode zk.: 31000305011983) aztertu da. Erregistro honetan 2014ko urriaren 17an sartu zen eta sektoreko lege eta sindikatu ordezkariek urriaren 9an izenpetu eta 2015eko urtarrilaren 12an zuzendu zuten. Langileen Estatutuari buruzko Legearen testu bategina onetsi zuen martxoaren 24ko 1/1995 Legegintzako Errege Dekretuaren 90. artikuluaren 2. eta 3. idatz-zatietan eta Hitzarmen Kolektiboen Erregistro eta Gordailuei buruzko maiatzaren 28ko 713/2010 Errege Dekretuan ezarritakoaren arabera,

EBATZI DUT:

1. Nafarroako Lan Hitzarmen eta Akordio Kolektiboen Erregistroan inskribatzeko agintzea.

2. Ebazpen hau Negoziazio Batzordeari jakinaraztea, eta adieraztea ebazpenak ez duela administrazio bidea amaitzen eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dela, Ekonomia, Ogasun, Industria eta Enpleguko kontseilariari zuzendua, jakinarazi eta biharamunetik hilabeteko epean.

3. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzeko agintzea, denek jakin dezaten.

Iruñean, 2015eko urtarrilaren 15ean.–Arriskuen Prebentziorako eta Lanaren zuzendari nagusia, Imelda Lorea Echavarren.

NAFARROAKO ‘’ALABASTROAREN INDUSTRIAK’’
SEKTOREAREN LAN HITZARMEN KOLEKTIBOA

ATARIKO KAPITULUA

Sinatzaileak

Alabastroaren hitzarmena honako hauek sinatu dute: alde batetik, UGT sindikatuaren Metal, Eraikuntza eta antzekoen Federazioak (MCA-UGT), langileen izenean, eta bestetik, Agrupación de Alabastro de Navarrak, enpresaburuen izenean.

Bi alderdiek hitzarmen hau negoziatzeko legitimizazioa aitortzen diote elkarri.

I. KAPITULUA

Aplikazio eremua eta indarraldia

1. artikulua. Eraginaren eta betebeharren norainokoa.

Langileen Estatutuaren 3. tituluan xedatutakoak eta erakunde sinatzaileen ordezkagarritasunak hitzarmen honi arau izaera eta eraginkortasun orokorra ematen diotela kontuan hartuta, hitzarmenak eragina izanen du hartzen dituen eremuetan (funtzionala, langileena eta lurraldearena) sartuta dauden elkarte, entitate, enpresa eta langile guztientzat.

2. artikulua. Lurralde eremua.

Hitzarmen hau Nafarroako Foru Komunitate guztian aplikatuko da.

3. artikulua. Eremu funtzionala.

Hitzarmen honek esparru hauetako enpresentzat izanen du eragina:

–Alabastroa.

–Alabastrinak.

–Erretxinak.

–Eta abar.

Hitzarmen hau irekita egonen da ordezkaritza duten beste sindikatu eta enpresaburuen erakundeentzat, alderdi sinatzaileak ados egonez gero.

4. artikulua. Langile eremua.

Hitzarmen honen aplikazio esparruan sartuko dira aurreko 3. artikuluan aipatutako eremu funtzionalean jarduten duten enpresa eta langile guztiak.

5. artikulua. Iraunaldia.

Hitzarmen honen iraupena 2014ko urtarrilaren 1etik 2014ko abenduaren 31 artekoa izanen da. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta 20 egun naturaleko epean hartuko du indarra, hitzarmenean beste indarraldi bat zehaztua duten gaietan izan ezik. Hala eta guztiz ere, arauen aldetik sor daitekeen hutsuneari aurre egitearren, hasierako indarraldia edo luzapenak amaitutakoan, hitzarmenak indarra izaten segituko du oso-osoan, beste batek ordeztu arte.

6. artikulua. Osotasunarekiko lotura.

Hitzartu diren baldintzek, haien izaera eta edukia edozein dela ere, multzo bakar eta zatiezina osatzen dute. Sinatzaileek onartu beharko dute batak zein besteak hitzartutako betebeharrek ordain bat izanen dutela, eskuratutako eskubideen baliokidea. Kontu guztiak bere osotasunean eta urte baterako hartuko dira aintzat, hortaz, izenpetzen diren itunak ezin izanen dira isolaturik eta gainontzekoetatik aparte interpretatu edo aplikatu.

Jurisdikzio eskudunak, bere ahalmenak erabiliz, hitzarmen honetako erabakietakoren bat baztertu edo baliogabetuz gero, bi alderdiek aztertuko dute ea onetsitako testuaren gainerako zatia bakarrik hartuta baliogarria den edo haren negoziazioa, osorik zein hein batekoa, berriro egin behar den. Horrelakorik gertatuz gero, hitzarmena sinatu duten aldeek konpromisoa hartu dute kasuan kasuko ebazpenak indarra hartu eta hurrengo 30 eguneko epean biltzeko arazoari irtenbidea emate aldera.

Ebazpena irmo bilakatu eta 90 eguneko epean alderdi sinatzaileek erabaki bat hartzen ez badute, konpromisoa hartuko da bilera egutegi bat finkatzeko, hitzarmena bere osotasunean negoziatzeari begira.

Baliogabetuz gero, eta egoerak iraun bitartean, Eraikuntza, Beira eta Zeramikaren 1970eko Lan Ordenantzak gobernatuko ditu bi alderdiak, haren indarraldia zein den kontuan hartu gabe.

II. KAPITULUA

Batzorde Paritarioa

7. artikulua. Interpretaziorako batzorde paritarioa.

Hitzarmen hau interpretatzeko batzorde paritario misto bat eratuko da. Behar den unean batzordekideen artetik aho batez aukeratzen den pertsona arituko da batzordeko buru.

Batzordeko kideak langile eta enpresaburu parte-hartzaileen alderdietako bina ordezkari izanen dira. Erakunde bakoitzak erabakiko du ordezkariak nola aukeratu eta, ahal izanez gero, hitzarmen hau negoziatzeko batzordeko kideak izanen dira.

Batzordeko kide bat arituko da idazkari.

Batzordearen erabakiak baliagarriak izan daitezen, langile eta enpresaburuen alderdietako ordezkari banak agertu beharko dute, zuzenean edo ordezko baten bidez, eta beti batzordekide guztien gehiengo osoa beharko da. Batzorde paritarioaren erabakiek hitzartutako arau interpretatuaren balio bera izanen dute.

8. artikulua. Interpretaziorako batzorde paritarioaren eginkizunak eta prozedura.

1. Batzordeak eginkizun hauek izanen ditu:

A) Hitzarmen honen klausula guztiak interpretatzea.

B) Alderdietako batek eskatua, hitzarmena aplikatzearen ondorioz sor daitezkeen auzi edo arazo kolektiboetan bitarteko lana egin, eta/edo konponbidea bilatzen saiatu eta, alde guztiak ados egonez gero eta horretarako eskaera eginez gero, arbitraje lana egitea.

C) Itundutakoa betetzen den zaintzea eta haren segimendua egitea.

D) Bitarteko eta arbitroen erregistroa sortzea, auzi kolektiboak auzibidetik kanpo konpontzeko borondatezko prozeduretarako.

E) I. eranskinean finkatutako sektoreko gutxieneko soldatak eguneratzea.

F) Hitzarmen kolektiboaren eraginkortasun praktikoa hobetzen duten beste eginkizun guztiak, edo testuan ezarritakoak.

2. Izapide gisa, sustatzen den edozein jarduketa jurisdikzional baino lehen aginduzkoa izanen baita, hitzarmenaren sinatzaileek batzorde paritario mistoari jakinarazi beharko dizkiote haren interpretazio eta aplikazioaren ondorioz sor daitezkeen zalantza, eztabaida eta auzi kolektibo guztiak, betiere aurreko atalean ezarritakoaren arabera bere eskumenekoak badira, haren bitartekotzaren bidez arazoa konpon dezan edo, ezin bada, horren gaineko irizpena eman dezan. Aurreko izapide hori betetzat hartuko da, baldin eta artikulu honen 4. paragrafoan ezarritako epea igaro bada ebazpen edo irizpenik eman gabe.

3. Alderdietako batek artikulu honen 1. paragrafoko a), b) eta d) idatz-zatietako kasuren bat erabili nahi badu, gutxienez honako hauek jasotzen dituen dokumentazioa igorriko die Interpretaziorako batzorde mistoko kideei, erakunde sinatzaileen bidez eta 15 egun aurretik:

a) Arazoaren edo gatazkaren azalpena.

b) Argudioak.

c) Konponbiderako proposamena.

4. Idazki-proposamena jaso edo, kasua bada, beharrezko informazioa osatu ondoren, batzorde paritario mistoak gehienez 20 egun balioduneko epea izanen du auzia konpontzeko edo, ezinezkoa izanez gero, irizpena emateko. Epe horretan ebazpen edo irizpenik ematen ez badu, auzibide eskudunera joko da.

5. Batzordeak informazio edo agiri gehiago eskatzen ahalko ditu aferaren gaineko informazio hobea edo osatuagoa lortzeko asmoz. Horretarako, proposatzaileari gehienez 5 egun balioduneko epea emanen zaio.

6. Kasu guztietan, interpretaziorako batzorde mistoaren ebazpenak idatzizkoak eta arrazoituak izanen dira.

9. artikulua. Nafarroako Lan Auzitegiari men egitea.

1. Aldeek erabaki dutenez, lan hitzarmen kolektibo honen interpretazioan eta aplikazioan sor daitezkeen gatazka kolektiboak ez ezik, horren aplikazio esparruko langileak eta enpresaburuak ukitzen ahal dituen beste guztiak ere Nafarroako Lan Gatazkak konpontzeko Auzitegiak konponduko ditu, adiskidetze eta bitartekotza faseetan.

Era berean, adierazten dute ahaleginak eginen dituztela ukituriko alderdiak auzitegi horren arbitraje prozeduraren esanetara jar daitezen.

Beraz, artikulu honek balio du alderdiak gatazkak konpontzeko arbitraje-organo horri berariaz atxikitzeko, eraginkortasun osoa duela, eta ondorioz, itunak enpresaburuak, ordezkari sindikalak eta langileak behartzen ditu beren desadostasunak aipatu organoaren bitartekotza eta adiskidetze prozeduretan aurkeztera, epaitegietara jo aitzin. Hortaz, ez da nahitaezkoa alderdien desadostasun edo gatazka bakoitzerako atxikimendu berariazkoa eta banakakoa egitea, arbitrajera lotzeko ez bada, zeina bultzatzeko eta sustatzeko konpromisoa hartu baitute lan hitzarmen honen sinatzaileek.

2. Era berean, hitzarmen kolektibo honen sinatzaileek hitz eman dute ahaleginak eginen dituztela hitzarmenaren aplikazio eremuan dauden langileen eta enpresaburuen artean sor daitezkeen banakako gatazkak Nafarroako Lan Gatazkak Konpontzeko Auzitegiko adiskidetze, bitartekotza eta arbitraje prozeduren mendean jar daitezen borondatez eta berariaz, eta, zehazki, honako gai hauen ingurukoak:

–Lanbide sailkapena eta goragoko edo beheragoko mailako lana egitea.

–Mugigarritasun geografikoa eta lantokiz aldatzea.

–Antzinatasunaren onarpena.

–Lan baldintzen funtsezko aldaketa.

–Eszedentzien, baimenen eta lizentzien onarpena.

–Diru kopuruen erreklamazioa, auzipeko zenbatekoa 1.899,87 eurotik gorakoa ez denean.

–Lanaldia: iraupena, atsedenaldiak, jaiegunak eta aparteko orduak.

–Ordutegi malguak eta lan txandak.

–Mugigarritasun funtzionala.

III. KAPITULUA

Kontratazioa

10. artikulua. Kontratuaren forma.

Hitzarmen honek indarra hartzen duenetik, enpresetan langileak, oro har, kontratu idatzien bidez hartuko dira.

Lan kontratu idatzia zerbitzuak ematen hasi baino lehen egin beharko da.

Lan kontratu guztietan jasoko dira hitzartzen diren baldintzen edukia, langilearen lanbide taldea edo kategoria eta, betiere, kontratuaren gutxieneko edukia.

Kontratuaren gutxieneko edukia hauxe izanen da: kontratua sinatzen duten alderdien identifikazioa osorik, langilea atxiki den lantokia non den eta haren izena, enpresaren egoitzaren helbidea, langileak beteko duen postuaren lanbide taldea, maila edo kategoria, espezialitatea, lanbidea edo lanpostua, hasiera batez hitzartutako urteko ordainsariak guztira eta lan hitzarmen kolektibo aplikagarriaren hitzez hitzeko aipamena.

11. artikulua. Kontratazioa.

Lanerako gaitzat hartu ondoren, lan harremana hastearekin batera, kontratatutako langilea dagokion lantokiaren matrikula liburuan inskribatu beharko dute. Horretarako, behar diren agiriak aurkeztu beharko ditu.

12. artikulua. Probaldia.

1. Idatziz probaldi bat hitzartzen ahalko da, gehienez ere iraupen honetakoa:

II. maila: 6 hilabete.

III., IV. eta V. mailak: 3 hilabete.

VI. eta VII. mailak: 2 hilabete.

VIII. maila: hilabetea.

Gainerako mailak: 15 egun natural.

2. Probaldiak irauten duen bitartean, langileak bere lanbide talde, maila edo kategoriari eta lanpostuari dagozkion eskubideak eta betebeharrak izanen ditu, plantillako langileen gisara, salbu eta lan harremana etetearen ondoriozkoak. Etetea bi alderdietako edozeinek eskatua egiten ahalko da, aldez aurretik jakinarazi beharrik izan gabe. Halaber, inork ez du eskubiderik izanen kalte-ordainik jasotzeko, eta idatziz jakinarazi beharko da lana uzten duela.

3. Probaldia amaitzen bada eta atzera egiterik egon ez bada, kontratuak ondorio guztiak edukiko ditu eta lanean aritutako aldia langilearen antzinatasuna zenbatzeko erabiliko da.

4. Probaldian zehar lan istripuaren ondoriozko aldi baterako lan ezintasun egoeran baldin badago langilea, egoerak iraun bitartean probaldia eten eginen da.

13. artikulua. Kontratazio motak.

Hitzarmen honen eraginpeko enpresek edozein lan kontratu egiten ahalko dute, betiere, kontratu mota hori lege indardunetan edo lan hitzarmen kolektibo honetan aipatzen bada.

14. artikulua. Plantillako lan kontratu finkoa.

Plantillako langile finkoen kontratutzat hartuko da enpresa batek eta langile batek denbora mugarik gabe lan egiteko sinatzen dutena, edo legearen zein epai baten aginduz kontratuak izaera hori duenean.

IV. KAPITULUA

Lanbide sailkapena eta mailak

15. artikulua. Lanbide kategoriak.

1. Arlo horri dagokionez, Eraikuntza, Beira eta Zeramikaren 1970eko abuztuaren 28ko Ordenantza aplikatuko da (I. eranskinetik VI.era eta II. eranskineko lehen eta zazpigarren atalak). Honako maila hauek egonen dira:

I.–Zuzendaritzako langileak.

II.–Goi mailako tituludunak.

III.–Erdi mailako tituludunak. Lehen mailako administrazioburua eta Antolakuntzako lehen mailako atalburua.

IV.–Langileriaren burua. Obrako laguntzailea. Lantegiko arduradun nagusia. Arduradun nagusia.

V.–Bigarren mailako administrazioburua. Goi mailako delineatzailea. Obrako arduradun nagusia. Bigarren mailako lanaren antolakuntza zientifikorako ataleko burua. Erosketen burua.

VI.–Lehen mailako administrari-ofiziala. Lehen mailako delineatzailea. Tailerreko burua edo arduraduna. Laborategiko Atalaren arduraduna. Harriaren eta marmolaren eskultorea. Topografiako lehen mailako praktikoa. Antolakuntzako lehen mailako teknikaria.

VII.–Bigarren mailako delineatzailea. Antolakuntzako bigarren mailako teknikaria. Topografiako bigarren mailako praktikoa. Lehen mailako analista. Saltzaile bidaiaria. Langilezaina, Lanbideko espezialista.

VIII.–Bigarren mailako administrari-ofiziala. Hiri-artekaria. Lanbideko lehen mailako ofiziala. Kontrolerako ikuskatzailea. Adierazlea eta zerbitzuak. Bigarren mailako analista.

IX.–Administrari laguntzailea. Topografiako laguntzailea. Antolaketako laguntzailea Saltzaileak. Etxezaina. Lanbideetako bigarren mailako ofiziala.

X.–Laborategiko laguntzailea. Zaintzailea. Biltegizaina. Erizaina. Kobratzailea. Zinpeko zaindaria. Ofizioko laguntzailea. Lehen mailako espezialistak.

XI.–Bigarren mailako espezialistak. Peoi espezializatua.

XII.–Peoi arrunta. Garbitzailea.

XIII.–16tik 18 urte bitarteko mandatugile eta pintxeak.

V. KAPITULUA

Lanpostu aldaketak eta lekualdaketak

16. artikulua. Mugigarritasun funtzionala.

Maila bereko kategorietakoak ez diren lanak egiteko mugikortasun funtzionala zilegi izanen da, soil-soilik, horretarako bidezko arrazoi teknikoak edo antolakuntzakoak daudela frogatzen denean, eta ezinbesteko denborarako betiere. Mugigarritasun funtzionala langilearen duintasuna kaltetu gabe eta bere lanbide prestakuntza eta sustapena galarazi gabe gauzatuko da.

17. artikulua. Goragoko kategoriako lanak.

Antolakuntza, teknika edo produkzio arloko arrazoiak direla-eta, eta gehienez sei hilabetez urtebetean edo zortzi hilabetez bi urtean, zilegi izanen da langileari goragoko kategoria bateko lanpostua esleitzea. Epe horretan, langileak benetan egiten duen lanari dagokion soldata jasoko du.

Aldi hori iragan ondoren, langileak, nahi izanez gero, eginkizun horietan segitzen ahalko du, edo aurreko lanpostura itzuli. Lehenengo kasuan, mailaz igoko da zuzenean.

Artikulu honetan xedatutakoa, ordainsariei dagokiena izan ezik, ondoko kasuetan ez da aplikatuko: aldi baterako lanerako ezintasuna, baimenak eta nahitaezko eszedentzia. Edonola ere, epe hori ezin izanen da 18 hilabetetik goitikoa izan, salbu eta nahitaezko eszedentzien kasuan, haren benetako iraupenaren bera izanen baita.

Orain arte xedatutakotik kanpo geldituko dira langileak, enpresarekin adostuta, maila igoera prestatzeko xedearekin goragoko kategoria batean egiten dituen lanak. Egoera horrek gehienez 6 hilabete iraunen du.

18. artikulua. Beheragoko kategoriako lanak.

1. Premia larriak, aldi baterakoak edo aurreikusi ezin direnak direla-eta, enpresak langile bati bere kategoriatik beheragoko zereginak esleitzen ahalko dizkio, behar beste denborarako. Langileen legezko ordezkariei jakinarazi beharko zaie eta interesdunak ezin izanen dio lan horri uko egin bere prestakuntza profesionalari kalte egiten ez badio behintzat. Egoera horretan, langileak aurreko kategoriari eta lanpostuari dagokien ordainsari bera jasoko du.

2. Langile bati ezin izanen zaizkio beheragoko kategoriako lanak esleitu urtean hiru hilabetez baino gehiago. Epe horretan ez dira sartuko matxuragatik edo ezinbestez sortutako egoerak.

3. Langileak berak eskatzen badu beheragoko kategoria batean aritzea, bere ordainsaria izanen da benetan egindako lanei dagokiena, baina ezin izanen zaio eskatu ordaintzen zaiona baina goragoko kategoria bateko lanik egitea.

19. artikulua. Mugigarritasun geografikoa.

Hitzarmen orokor honi dagokionez, mugigarritasun geografikoa honako kasu hauetan aplikatuko da:

a) Aldi baterako lekualdaketak.

b) Lekualdatzeak.

20. artikulua. Aldi baterako lekualdaketa.

Aldi baterako lekualdaketatzat hartuko da langile batek, aldi baterako, ohiko lantokia ez den beste batean aritzera joan behar izatea.

Enpresek gehienez urtebetez bidaltzen ahalko dituzte langileak beste leku batean aldi baterako lan egitera.

Aldi baterako lan egitera beste norabait joan behar duten langileak libreki hautatuko dituzte enpresek, baldin eta gaua beren etxetik kanpo igaro behar ez badute edo, hala izanik ere, hiru hilabete baino gehiagorako ez bada.

Aldi baterako lekualdaketa hori dela-eta gaua etxetik kanpo igaro behar eta egoera hiru hilabetetik gora luzatzen den kasuetan, enpresek horretarako egokien iruditzen zaizkien langileei proposatuko diete lan hori eta, prozedura horren bidez, bete beharreko lanpostuak betetzen badira, nahitaez lanpostu horiek betetzeko ezaugarri profesional egokienak biltzen dituztenen artetik aukeratuko dira. Kanpora bidalia ez izateko, lehentasunak hauek izanen dira:

a) Langileen lege ordezkariak izatea.

b) Urritu fisiko nahiz psikikoak izatea.

Enpresek egin nahi dituzten aldi baterako lekualdaketa horien ondorioz langileak bere etxetik kanpo lo egin behar izanez gero, lehenago jakinarazi beharko zaio, epe hauen arabera:

Aurretik jakinarazteko epeak (ordutan) aldi baterako lekualdaketaren iraupenaren arabera:

A = 15 egun bitarte.

B = 16 egunetik 30era bitarte.

C = 30 egunetik 90era bitarte.

D = 90 egunetik gora.

LANTOKI BERRIAREN KOKAPENA.

A

B

C

D

Probintzia berean.

JG

24

72

120

Autonomia erkidego berean baina probintziatik kanpo.

24

72

72

120

Autonomia erkidegotik kanpo baina Espainiako Estatuan.

72

72

72

120

(JG = jakinarazi beharrik gabe).

Kasu guztietan, jakinarazpen horiek idatziz eginen dira 15 egunetik gorako aldi baterako lekualdaketen kasuan.

Aldi baterako lekualdaketa kalte, ezbehar edo presako auzi batek sortua bada, aurreko epeak ez dira aplikatuko.

Aldi baterako lekualdaketa horiek direla-eta egoera hiru hilabetetik gora luzatu eta gauak etxetik kanpo igaro behar direnean, enpresek eta ukitutako langileek libreki hitzartuko dituzte langileek noizean behin beren etxera itzultzeko aukerabideak: asteburu guztietako edo batzuetako joan-etorriak ordaintzea, lanaldiak noizean behin egokitzea etxera joateko, aldizkako baimenak ematea, familien joan-etorria pagatzea, etab.

Horren gainean ados jartzen ez badira, Langileen Estatutuaren 40.4 artikuluan xedatutakoari jarraituko zaio. Horren arabera, langileak lan egindako 3 hilabeteko gutxienez 4 lan egun egoten ahalko da bere etxean, joan-etorrietan emandakoak kontatu gabe, eta horien gastuak enpresaburuaren kargura izanen dira.

Norberak erabakita, egun horien pilaketa hitzartzen ahalko da, eta are urteko oporrei erantsi ere.

Aldi baterako lekualdaketa kasuetan eskubidea sortuko da, ordura arte jasotzen ziren ordainsari guztiez gain, bidezko diren dietak eta bidai-sariak ere kobratzeko.

21. artikulua. Aldi baterako lekualdaketen baldintzak.

Aldi baterako lekualdaketa baten ondorioz, lotara etxera itzuli arren, garraiobide arruntak erabilita, langileak joan edo itzultzeko bidaia bakoitzean 45 minutu baino gehiago ematen badu, hortik gorakoa hitzarmeneko soldata hainbanatuz ordainduko zaio, salbu eta gaur egun ere 45 minutu baino gehiago ematen badu, kasu horretan, denbora horretatik gorakoari dagokiona baino ez baitzaio pagatuko.

Aldi baterako lekualdatzen diren langileek lantoki berriko lanaldia, ordutegia eta egutegi indarduna izanen dituzte. Hala ere, jatorrizko lantokiaren lanaldia bestea baino laburragoa bada, soberako ordu horiek aparteko ordu gisa ordainduko dira, nahiz eta gehieneko ordu kopururako kontuan ez hartu.

Aurreko lerroaldeetan aipatu ez eta lekualdaketaren ondorioz langileari kaltea sortzen ahal dioten gorabeherak, ordutegiari, lanaldiari eta gastuei dagozkienak, enpresak pagatuko ditu.

22. artikulua. Lekualdatzeak.

Lekualdatzetzat hartuko da langile bat behin betiko atxikitzea enpresaren beste lantoki bati, baldin eta horretarako bere ohiko bizilekua aldatu behar badu. Arrazoi ekonomikoak, teknikoak, antolakuntza edo produkzio arlokoak gertatzen direnean, edo enpresaren jarduerako kontratazioak direla-eta, enpresak langileak behin betiko aldatzen ahalko ditu enpresaren beste lantoki batera.

Lekuz aldatu behar izanez gero, langileari gutxienez 30 egun lehenago jakinaraziko zaio idatziz.

Lekualdatzea, langile ukituari ez ezik, langileen ordezkariei ere jakinaraziko zaie, aldi berean. Ukitutako langileak, kalte-ordain gisa, urtean lanaldi arruntari dagozkion lansari gordinen %35 jasoko du lantokiz aldatzean, haien %20 bigarren urtearen hasieran, eta %20 hirugarren urtearen hasieran, betiere hasierako oinarritik abiatuta.

Kasu horretan, honako hauei dagozkien gastuak ordainduko dira: langilearen eta bere familiaren bidaia, altzariak eta tresnak eramatea, eta familia osatu eta langilearekin bizi direnetatik lekualdatzen den pertsona bakoitzeko bost dieta.

Lekuz aldatu ondoren, langile horrek etxez aldatu behar badu, eskubidea izanen du Langileen Estatutuaren 37. artikuluko 3.C ataleko lizentzia ordaindua eskuratzeko.

Lekuz aldatu behar duela jakinarazi ondoren, langileak eskubide hauetakoren bat erabiltzen ahalko du:

A) Lekualdaketa onartzea eta kalte-ordainak jasotzea horretarako artikulu honetan aurreikusitako gastuengatik.

B) Kontratua etetea aukeratzea eta zerbitzuko urte bakoitzeko 20 eguneko soldata jasotzea kalte-ordain gisa. Kasu honetan, urtetik beherako aldiak proportzionalki kontatuko dira, hileka, gehienez 12 hileko izanen direla.

C) b) aukera hartzen ez badu, baina hala ere erabakiarekin ados ez badago, eta lekualdatzea galarazi gabe, enpresaren erabakia inpugnatzen ahalko du jurisdikzio eskudunaren aurrean.

Artikulu honetako kasuak ez dira aplikatuko ondoko inguruabarrak biltzen dituzten lekualdatzeetan:

A) Udalerri barrenean egiten direnak.

B) Jatorrizko lantokitik 15 kilometro baino hurbilago dagoen leku batera egindakoak, baldin eta hasiera batean jatorrizko lantoki horretan aritzeko kontratatua izan bazen edo gero hortik behin betikoz lekualdatu bazen.

C) Langilearen ohiko bizilekutik hamabost kilometro baino gutxiagora egiten direnak.

23. artikulua. Aldi baterako borondatezko lekualdaketak eta borondatezko lekualdatzeak

Langileak idatziz eskatutako aldi baterako edo behin betiko lekualdaketak, bai eta bere borondatez egiten dituen bizileku aldaketak ere, ez dira aintzat hartuko kapitulu honetako ordain eta eskubideetarako.

24. artikulua. Kasu bereziak.

Mugigarritasun geografikoari dagokionez, ez dute lege mugarik izanen eta kapitulu honetan xedatutakoak ere ez ditu ukituko, salbu eta ordain ekonomikoetarako, behar direnak jasoko baitute, mugigarritasun geografikoa haien eginkizunen berezko ezaugarritzat duten langileek, esate baterako, garraiolariek, muntatzaileak, saltzaileek, mantentze-lanetakoek edo antzekoek.

25. artikulua. Lekualdatzeko beste kasu batzuk.

1. Lantokia edo enpresaren produkzioko unitate autonomo bat aldatzen denean lekuz, enpresak eta langileen ordezkariek hitzartutakoari jarraituko zaio.

2. Bestelako lekualdatze kolektiboetan enpresak eta langileen ordezkariek hitzartutakoari jarraituko zaio eta erreferentziatzat hartuko da norbanakoaren lekualdaketetarako kapitulu honetan agindutakoa.

VI. KAPITULUA

Lanaldia

26. artikulua. Lanaldia.

Hitzarmen honen eraginpeko industria guztietan, 2014. urtean, urteko lanaldia 1.778 ordukoa izanen da eta asteko lanaldia 40 ordukoa.

Lan egutegia enpresek eta langileen ordezkariek, delegatuek edo enpresa batzordeetako kideek prestatuko dute.

1989ko eta 1991ko hitzarmenean ezarrita dagoen lanaldia zortzi ordu murrizteko, abenduaren 24a eta 31 ez dira laneguntzat hartuko. Hortaz, hemendik aurrera, egun hori legearen arabera laneguna ez bada, jaia aurreko lanegunera pasako da.

Enpresek, langileen ordezkariekin edo plantilla osoarekin bat, abenduaren 24ko eta 31ko konpentsazio eguna aldatzen ahalko dute.

Lan egutegian honako hauek aipatuko dira:

–Eguneko lanaldia.

–Asteko lanaldia.

–Atsedenaldiak.

–Oporrak.

–Zubiak.

Horren gaineko akordiorik lortu ezean, batzorde mistoari galdetuko zaio.

27. artikulua. Aparteko orduak.

Aparteko ordutzat hartuko dira urtean ezarritako lanaldiaz edo urtetik beheragoko iraupena duten kontratuen zati proportzionalaz gain egiten diren lanordu guztiak, egutegian ezarritako eguneko zein asteko banaketaren arabera.

Alderdi sinatzaileek konpromisoa hartzen dute ahalik eta aparteko ordu gutxien egiteko.

Aparteko orduak egitea borondatezkoa izanen da, ezinbesteko kasuetan izan ezik.

Aparteko orduen kopurua kalkulatzeko, ez dira kontuan hartuko ohiz kanpoko ezbeharren eta bestelako kalteen prebentzio eta presako konponketa lanetan sartutakoak, baimendutakoak baino gehiago badira.

Halaber, aparteko orduen kopurua kalkulatzeko ez dira kontuan hartuko atsedenaldien bidez ordaindutakoak, betiere orduak egin eta hurrengo lau hilabeteetan hartu badira.

VII. KAPITULUA

Soldaten egitura

28. artikulua. Egitura ekonomikoa.

Hitzarmen honetako langileen ordain ekonomikoak bi motako ordainsariak izanen dira: soldatakoak eta soldatakoak ez direnak.

I. eranskinean, hitzarmen honetako langileen gutxieneko ordainsari ekonomikoak, kontzeptu guztiengatik eta urte osorako, finkatu dira. Orobat, I. eranskineko gutxieneko ordainsari ekonomiko horiek ekainaren 1eko 14/1994 Legearen 6. artikuluan eta hurrengoetan aipatutako langileak lagatzeko kontratuetako langileei aplikatuko zaizkie.

2014rako soldata igoera %0,3koa izanen da soldata kontzeptu guztietan, eta urtarrilaren lehenetik aurrera izanen du atzeraeragina.

Soldatak.–Langileek jasotzen dituzten ordainsari guztiak joko dira soldatatzat, hala diruzkoak nola gauzazkoak, betiere lanbide-prestazio gisa besterentzat egindako lan-zerbitzu guztien aldera jasoak badira.

Honako kontzeptu hauek egonen dira soldata barrenean:

a) Oinarrizko soldata.

b) Soldata osagarriak:

–Lanpostukoa.

–Lanaren kalitate edo kopuruarena.

–Aparteko pagak.

–Oporrak.

–Hitzarmenaren osagarriak.

–Aparteko orduak.

–Antzinatasuna.

Soldataz besteko osagarriak.–Bestelako diru-sariak dira, soldataz kanpokoak, langileari ordejarritako gastuen edo sortutako kalteen ordainsariak direlako edo laguntza moduko bat direlako.

29. artikulua. Soldata ordaintzea.

Soldataren likidazioa eta ordainketa soldaten erreziboen bidez eginen da, arlo horren gaineko arauei jarraikiz. Horietan identifikazio datu guztiak eta langileak sorrarazitako kontzeptu guztiak, behar bezala zehaztuak, agertuko dira.

Soldata hilero ordainduko da, osatutako epe bakoitza bukatutakoan, sorrarazpenaren ondoko hilabetearen lehenengo lau egun baliodunetan.

Enpresek ahalmena izanen dute hileko ordainketak eta aurrerakinak txeke bidez nahiz banketxe edo finantza entitate bateko transferentzia bidez edo beste baliabide bat erabiliz egiteko, langileen legezko ordezkariei jakinarazi eta gero.

Ordainketa edo hura egiaztatzen duten erreziboen sinadura lanaldiaren barruan eginen da.

Langileak edo berak baimendutako ordezkari batek eskubidea izanen du, hilabetean behin eta ordainketa eguna baino lehen, egindako lanari dagokion aurrerakin bat jasotzeko. Aurrerakin hori sortutako diru-kopuruaren %98ra bitarterainokoa izanen da.

Soldata edo, kasua bada, konturako aurrerakina ordaintzeko unean, langileak behar den erreziboa sinatuko du, eta haren kopia bat jasoko.

30. artikulua. Oinarrizko soldata.

Oinarrizko soldatatzat hartzen da denbora unitaterako ezarritako langilearen ordainsariaren zatia, ondokoak kontuan hartu gabe: inguruabar pertsonalak, lanpostuari, lanaren kalitate edo kopuruari dagozkionak edo hilabetez gorako mugaegun aldizkakoa duten ordainsariak.

Oinarrizko soldata soldaten taulan adierazitakoa izanen da.

31. artikulua. Lanpostuko osagarriak.

Langileak bere lanpostuaren ezaugarriak direla-eta edo bere lana egiteko modua dela-eta jaso beharreko beste edozein osagarri, betiere lan arruntaz bestelako kontzentrazioa eskatzen badio.

Lanpostuko osagarriak hauek dira, besteak beste: nekagarritasuna, toxikotasuna, arriskugarritasuna edo gauez aritu beharra.

Osagarri hauek funtzionalak dira, eta esleitutako lanpostuan lanean aritzea da jaso ahal izateko baldintza bakarra; beraz, oro har, ez dira finkagarriak.

32. artikulua. Osagarria.

1. Lan bereziki nekagarri, toxiko edo arriskutsua egin behar duten langileei %20 gehiago ordainduko zaie, oinarrizko soldatatik abiatuta. Eginkizun horiek lanaldiaren erdian edo denbora gutxiagoz betetzen badira, igoera %10ekoa baino ez da izanen, benetan egindako lan denborari aplikatuta.

2. Nekagarritasun, toxikotasun edo arriskugarritasun handiko egoerak dituztelako enpresek artikulu honetako zenbateko bereko edo handiagoko igoerak ezartzen badituzte, ez zaie artikulu honetako igoerak ordaintzeko eskatuko. Halaber, ez dituzte igoera horiek ordaindu beharko lanpostuaren sailkapeneko soldatan, zenbateko hori edo handiagoa, sartua duten enpresek.

3. Edozein arrazoi dela-eta nekagarritasun, toxikotasun edo arriskugarritasun handiko egoerak desagertuz gero, igoera horiek pagatzeari utziko zaio, ez baitira finkagarriak.

33. artikulua. Antzinatasuna.

Langile guztiek diru kopuru bat jasoko dute enpresan lan egindako denboraren araberakoa.

Honela kobratuko da:

–Biurteko bat, enpresan bi urte eman ondoren. Oinarrizko soldataren %5 izanen da.

–Bigarren biurtekoa, enpresan 4 urte eman ondoren. Oinarrizko soldataren %5 izanen da.

–Lehen bosturtekoa enpresaren zerbitzura bederatzi urte emandakoan kobratuko da, eta horrela hurrengo urteetan. Oinarrizko soldataren %7 izanen da.

Bai biurtekoak bai bosturtekoak pilatuko dira langilearen antzinatasunaren ondorioetarako.

34. artikulua. Gaueko lanaren osagarria.

Gaueko 10etatik goizeko 6ak bitartean egiten diren lanorduak gaueko lanaren osagarriaz ordainduko dira. Horren zenbatekoa soldata taulen araberako oinarrizko soldataren %25 izanen da.

Gaueko osagarria osorik ordainduko da baldin eta lanaldiaren lau ordu baino gehiago gauez egiten badira; lau ordu edo gutxiago izanez gero, berriz, gauez egindako ordu kopuruari dagokion parte proportzionala ordainduko da.

Aurreko lerroaldeetan ezarritakotik kanpo geldituko dira eta, beraz, ez dute ordain ekonomikorik izanen kasu hauek:

–Berez gauekotzat hartzen diren lanetarako egiten diren kontratazioak, hots: zaindariak, atezainak, gauzainak edo lana gauez duten antzeko lanpostuak.

–Bi txandatan aritzen diren langileak, baldin eta gauez egiten duten lanaldia ordubetekoa edo laburragoa bada.

35. artikulua. Lanaren kalitatearen edo kopuruaren osagarriak, primak eta pizgarriak.

Langileak lanaren kalitate hobearen edo lan kopuru handiagoaren aldera jaso behar duen beste edozein soldata osagarri dira, errendimenduaren araberako ordainsari-sistema bati lotua izan nahiz ez.

Halakorik ez dagoela egiaztatzen denean, ordaintzeari utziko zaio, ez baitira finkagarriak.

Ekoizpenerako pizgarrien sistema bat duten edo ezartzen duten enpresetan, osagarri horiek denbora unitaterako ezarritako soldatarekin batera ordainduko dira.

36. artikulua. Aparteko eskersariak.

Aparteko eskersariak izanen dira hilabetez gorako mugaeguna duten aldizkako osagarriak.

Maila apalagoko hitzarmen kolektiboek osagarri horien egitura moldatuko dute, irizpide hauei jarraikiz:

–Aparteko bi eskersari ezarri dira: udako paga eta eguberrietakoa. Ekainaren 30a baino lehen eta abenduaren 20a baino lehen ordainduko dira, hurrenez hurren. Sorrarazpena seihileko naturalekoa izanen da, eta oinarrizko soldata sorrarazi den egun natural bakoitzeko.

Pagen sorrarazpena:

Udako paga: urtarrilaren 1etik ekainaren 30era.

Gabonetako paga: urtarrilaren 1etik abenduaren 31ra.

–Osagarri horien zenbatekoa hitzarmeneko tauletan talde edo maila bakoitzerako zehaztutakoa izanen da. Bidezko denean, dagokion antzinatasuna gehituko zaio.

–Enpresan hasi edo hura uzten duten langileei, hartzekoen likidazioa egiteko unean, aparteko ordainsarien zati proportzionala ordainduko zaie aurreko irizpideei jarraikiz.

37. artikulua. Mozkinetan parte hartzea.

Mozkinen paga ezarri da, urteko soldata gordinaren %6 hain zuzen ere.

38. artikulua. Oporrak.

Oporrak, 30 egun naturalekoak, bi alditan banatuko dira: 15 egun jarraian, enpresak hautatuak, gutxienez ere bi hilabete lehenago, eta gainerakoak, langileak hautatuak, baina astebete lehenago jakinarazi beharko du bere asmoa.

Sektorearen ezaugarriak kontuan hartuta, langileak hautatu beharreko oporrak direla-eta, plantillako ehuneko 10ek baino gehiagok ezin izanen ditu batera hartu.

Era berean, atal bereko langile guztiek ezin izanen dituzte oporrak aldi bererako eskatu.

Halakoetan, lehentasuna norberaren antzinatasunaren araberakoa izanen da.

39. artikulua. Hitzarmenaren osagarria.

Hitzarmenean denbora unitate bakoitzerako ezarritako soldata osagarrien multzoa da. Hitzarmenaren osagarria lan egindako egun natural bakoitzeko sorraraziko da (ohiko errendimendu egokia eta ohiko lanaldia osatuz) eta hitzarmeneko tauletan maila edo talde bakoitzerako ezarritako zenbatekoa adinakoa izanen da.

40. artikulua. Aparteko orduak.

Aurreko beste akordio batzuetan ezarritako irizpideari eutsiz, hitzarmena sinatu duten alderdiak bat datoz ohiko aparteko orduak kentzera bideratutako politika sozial solidario batek ondorio onuragarriak ekar ditzakeela. Horretarako, gomendatzen da enpresa bakoitzean langileen eta enpresaren ordezkariek batera aztertu dezatela kontratazio gehiago egiteko aukera, indarra duten kontratazio motak erabiliz, kendutako aparteko orduen ordez.

Aparteko orduak bi modutara ordaintzen ahalko dira: dirutan, ordu arruntari dagokionaz gain %45 pagatuta, edo, ordubeteko atsedena gehi dirutan ordu arruntari dagokion %45.

Bestetik, aparteko ordu motei dagokienez, honako hau erabaki da:

a) Ezbeharrak edo bestelako kalte ez-ohiko eta urgenteak konpontzeko aparteko orduak, eta, orobat, lehengai galkorrak galtzeko arriskurik bada: egitea.

b) Ezinbesteko aparteko orduak kasu hauek gertatzean: ezusteko eskaerak edo produkzio behar handiko uneak, ustekabeko absentziak, txanda aldaketak, kasuan kasuko jardueraren ezaugarrien ondoriozko egiturazko beste inguruabar batzuk, mantentze-lanak, etab., betiere ezinezkoa bada legez aurreikusitako zernahi motatako kontratazio bidez ordeztea.

Hitzarmen kolektiboetan egiturazko orduak aipatuko dira arestian ezarritako irizpideei jarraikiz.

Enpresako zuzendaritzak, hilero, enpresa batzordeari, langileen ordezkariei eta sindikatuen ordezkariei jakinaraziko die aparteko zenbat ordu egin diren, zergatiak azalduta eta, hala bada, atalen arabera banatuta.

41. artikulua. Dietak/dieta erdiak.

1. Dieta soldataz kanpoko sortzapena da, kalte-ordain gisakoa edo konpentsatzekoa, ez-erregularra. Haren helburua langilearen joan-etorrien ondoriozko mantenu eta ostatatze gastuak ordaindu edo konpentsatzea da.

2. Langileak dieta osoa kobratuko du joan-etorriak direla-eta bere ohiko bizilekuan gaua egiterik ez badu. Egun natural bakoitzeko sorraraziko da.

3. Dieta erdia ordainduko da, joan-etorrien ondorioz langileak bere etxetik kanpo bazkaldu behar badu, enpresak ematen ez badio, eta gaua egitera, berriz, etxera itzultzerik baldin badu. Dieta erdia benetan lan egindako egun bakoitzeko sorraraziko da.

4. Dietak edo dieta erdiak langilearen soldatarekin batera jasoko dira, soldataren zenbatekoa zein den kontuan hartu gabe. Dena den, astebetetik gorako joan-etorrietan, langileak dieta horien hamabostaldiko aurrerakinak eskatzen ahalko ditu kontura, gero egiaztatu beharrekoak.

5. Ez da dieta edo dieta erdirik sorraraziko baldin eta kanpora atera den langilearen mantenu eta ostatatzea enpresaburuak antolatu eta ordaintzen badu.

Orobat, ez da dieta erdirik ordainduko lantokitik 10 kilometrora baino gutxiagora egiten badira joan-etorriak.

Udalerri berean lantoki batzuk egonez gero, ez da dietarik pagatuko haietako batera joan behar denean.

42. artikulua. Osagarria, eritasunaren edo istripuaren kasuan.

1. Eritasun arrunten edo istripuen ondoriozko lanerako baja kasuetan, ospitaleratu beharrik bada eta hark iraun bitartean, enpresek %100era bitarte osatuko dituzte Gizarte Segurantzaren prestazioak.

2. Gainerako kasu guztietan, enpresek laugarren egunetik aurrera oinarri arautzailearen %80 bitarte ordainduko dute.

43. artikulua. Osasun azterketa.

Enpresek beren plantilletako langileen osasun azterketa antolatuko dute urtero. Gastua enpresen kontura izanen da.

Langileek derrigorrez egin beharko dituzte azterketa horiek. Izan ere, uko eginez gero, zehatuak izaten ahalko dira, indarra duen legerian ezarritakoari jarraikiz.

44. artikulua. Bisita medikoa.

Langileek urtean gutxienez 21 ordu ordainduak izanen dituzte familia medikuarengana joateko.

Horrek guztiak ez du maila handiagoko arauek ezartzen dutena deusetan galaraziko.

VIII. KAPITULUA

Hutsegiteak eta zehapenak

45. artikulua. Diziplina araubidea.

Enpresako zuzendaritzak zehapenak jartzen ahal dizkie langileei, ondoko artikuluetan ezarritako hutsegiteen eta zehapenen mailaketari jarraikiz.

46. artikulua. Hutsegiteen mailaketa.

Langileak eginiko hutsegiteak honela sailkatuko dira, kontuan hartuz hutsegitearen tamaina, garrantzia eta helburua: arina, larria edo oso larria.

47. artikulua. Hutsegite arinak.

Honako hauek dira hutsegite arinak:

1. 30 egun naturaleko epean gehienez lau aldiz berandu iristea justifikatutako arrazoirik izan gabe.

2. Bidezko arrazoia izanik lanera ez joatearen berri ez ematea behar den epean, non ez duen frogatzen ezinezkoa izan zaiola.

3. Lanlekutik alde egitea bidezko arrazoirik gabe, denbora laburrean, alde egin izana kaltegarria izan ez bada enpresaren funtzionamendurako eta gainerako langileei lana galarazi ez bazaie, bestela hutsegite larritzat edo oso larritzat joko baita.

4. Arreta gabezia txikiak materiala zaintzean.

5. Ohiko bizilekuz aldatzearen berri ez ematea enpresari.

6. Hilabetean egun batez lanera ez agertzea, bidezko arrazoirik gabe.

7. Noizean behin mozkortuta agertzea.

8. Telefonoa edo beste tresna batzuk norberaren aferetarako erabiltzea horretarako baimenik izan gabe.

9. Lantegiko, tailerretako edo bulegoetako alde batetik bestera ibiltzea, zerbitzu beharrek justifikatu gabe, salbu eta langileen lege ordezkariak beren karguari dagozkion berezko jarduketetan badira.

10. Lankideen armairuetan edo gauzetan miatzea edo nahastea haien baimena izan gabe.

11. Hogeita hamar egun naturaleko epean, lanaldi baterako exijitzen ahal den ohiko errendimendua, nahita, ez lortzea.

48. artikulua. Hutsegite larriak.

Hutsegite larriak honako hauek izanen dira:

1. 30 egun naturaleko epean lau egunetan baino gehiagotan berandu iristea bidezko arrazoirik izan gabe.

2. Hilabetean bi egunez lanera ez agertzea, bidezko arrazoirik gabe.

3. Lanorduetan jokoan ibiltzea.

4. Gaixotasun edo istripu itxurak egitea.

5. Nagusiek emandako lan arloko aginduren bat ez obeditzea, betiere agindua langilearentzat iraingarria ez bada edo langilearen edo beste batzuen bizitzarako edo osasunerako arriskugarria ez bada.

6. Beste langile bat lanean agertu dela simulatzea, haren sinadura, fitxa edo kontrol-txartela erabiliz.

7. Zabarkeriaz edo zuhurtziagabekeriaz aritzea lanean, zerbitzuaren kaltetan.

8. Enpresaren baimenik izan gabe, lan partikularrak egitea lantokian, bai eta enpresaren tresnak, ekipoak edo erremintak norberarentzat erabiltzea.

9. Nahitaez isilpean gorde beharreko sekretuak haustea edo bortxatzea, baina enpresari kalterik egin gabe.

10. Zuzendaritzari edo goragokoei zerbitzuaren edo lanaren gaineko informazio faltsua ematea.

11. Nahita egindako akatsak, maiz errepikatzen badira eta enpresari kaltea sortzen badiote.

12. Instalazioetan, makinetan, materialean edo lokaletan ikusten den edozein arazo garrantzitsuren berri buruei berehala ez ematea.

13. Lanordutik kanpo enpresako lokaletan egotea, bai eta bertan enpresakoak ez diren pertsonak sartzea ere, baimena izan gabe.

14. Arreta gabezia handiak langileak bere esku dituen materiala, makinak edo instalazioak zaintzeko orduan, lankideak arriskuan jartzen badira.

15. Exijitzen ahal den ohiko errendimendua, nahita, ez lortzea bi lanalditan hogeita hamar egun naturaleko epean.

16. Hiruhileko batean hutsegite arintzat sailkatutako gertaerak edo jokaerak errepikatzea, salbu eta berandu iristeari dagozkionak, betiere idatzizko zehapena egin bazaio.

49. artikulua. Hutsegite oso larriak.

Honako hauek hutsegite oso larriak dira:

1. Sei hilabeteko epean sei aldiz baino gehiagotan berandu iristea bidezko arrazoirik izan gabe.

2. Bi egun baino gehiagotan lanera ez agertzea hilabete batean, bidezko arrazoirik gabe.

3. Agindutako eginkizunetan iruzur, leialtasun eza edo konfiantza-abusu egitea eta beste lankideei, enpresari edo edozein pertsonari ebastea edo lapurtzea enpresaren lantokietan edo, lanean ari dela, beste edozein lekutan.

4. Enpresaren lehengaiak, landutako piezak, obrak, tresneria, makineria, aparatuak, instalazioak, eraikinak, altzariak eta departamentuak asmo txarrez hondatzea, suntsitzea edo haustea.

5. Mozkortuta edo toxikatuta maiz egotea, baldin eta lanean ondorio okerrak badakartza.

6. Nahitaez isilpean gorde beharreko informazioa hirugarrenei zabaltzea, enpresari kalte nabarmena sortuz.

7. Bidegabeko lehia, Langileen Estatutuaren 21.1 artikuluan aurreikusitako kasuen arabera.

8. Hitzezko eta egitezko tratu txarrak ematea edo errespetu falta larria goragokoei, lankideei edo menpekoei.

9. Istripu larriak sorraraztea, zabarkeria edo zuhurtziagabekeria desenkusaezinagatik.

10. Nagusien agintekeria.

11. Laneko errendimendu arrunta nahita gutxitzea behin eta berriz.

12. Txosten okerrak igortzea, maltzurkeriaz edo desenkusaezinezko zabarkeriaz.

13. Nork bere burua lesionatzea lanean.

14. Lanlekutik justifikatu gabe alde egitea, enpresarentzat kalte larria sortzen denean edo beste langileei istripua eragiten dienean.

15. Lantokian hartutako segurtasun neurriak ez betetzea, istripu larria izateko arriskua sortuz.

16. Zigor daitekeen zuhurtziagabekeria enpresaren instalazioetan (makineria, eraikinak) edo produkzioan kalte larriak sortzen dituenean.

17. Goragokoen esanei uko egitea, diziplinaren haustura ekar dezakeena, ondorioz enpresari nahiz gainerako langileei kalte nabaria sortzen dienean.

18. Hiruhileko batean hutsegite larritzat sailkatutako gertaerak edo jokaerak errepikatzea, salbu eta berandu iristeari dagozkionak, betiere zehapena jarri bada.

50. artikulua. Zehapenen araubidea.

Enpresak du zehapenak jartzeko ahalmena, hitzarmen honetan ezarritakoari jarraikiz.

Hutsegite larri eta oso larriak zehatzen diren kasuetan, langileari idatziz eta arrazoiak adieraziz jakinarazi beharko zaio.

Edonola ere, enpresak hutsegite oso larriengatik ezarritako zehapenen berri langileen ordezkariei emanen die.

51. artikulua. Zehapenak.

1. Enpresek, egindako hutsegiteen larria eta inguruabarrak kontuan hartuta, zehapen hauek jartzen ahal dituzte:

A) Hutsegite arinak:

a) Hitzezko kargu-hartzea.

b) Kargu-hartze idatzia.

B) Hutsegite larriak:

a) 1-15 eguneko enplegu-soldaten etenaldia.

C) Hutsegite oso larriak:

a) 16-90 eguneko enplegu-soldaten etenaldia.

b) Kaleratzea.

2. Aurreko 1. puntuko zehapenak aplikatzeko eta mailakatzeko, kontuan hartuko da:

a) Huts egin duenaren erantzukizun maila handia ala txikia den.

b) Langilearen lanbide-kategoria.

c) Egintza horrek gainerako langileengan eta enpresan duen eragina.

3. Legezko ordezkari bati edo sindikatuetako ordezkari bati hutsegite larrien edo oso larrien zehapena jarri aurretik, enpresak aldebiko espedientea irekiko dio. Horren barrenean entzunaldia emanen zaie interesatuari eta ordezkatzen duen taldeko gainerako kideei, horrelakorik baldin badago.

Aldebiko espediente hori instruitu beharrak ordezkaritza kargua utzi eta hurrengo urtera arte iraungo du.

4. Enpresak sindikatu batean afiliatua dagoen langile bati zehapena jarri nahi baldin badio, neurri hori hartu baino lehen, ordezkari sindikalei entzunaldia emanen die, horrelakorik baldin badago.

52. artikulua. Preskripzioa.

Enpresak zehapenak jartzeko duen ahalmenak hamar egunen buruan preskribituko du, hutsegite arinetan, hogei egunen buruan hutsegite larrietan eta hirurogei egunen buruan hutsegite oso larrietan, enpresak hutsegitearen berri izaten duen egunetik kontatzen hasita, eta edozein modutan ere, hutsegitea egin eta hurrengo sei hilabeteren buruan.

53. artikulua. Aldebiko espedientea.

Aldebiko espedientea honako arau hauen arabera tramitatuko da:

A) Enpresak idazkari bat eta insktruktore bat izendatuko ditu, eta horien izenak espedientea irekitzeko idazkian berean azalduko dira.

Jarduketak hutsegilearen eta lekukoen deklarazio hartzearekin hasiko dira. Horretarako, aurkezten diren froga guztiak onartuko dira.

Ondoren, enpresa batzordeari, langileen ordezkariei edo gainerakoei emanen zaie hitza. Espedientearen eginbideetan aurkezten diren froga edo alegazio guztiak sartuko dira.

B) Espedientearen tramitazioa, beste herri batetik edozein froga ekarri behar ez bada, lehenbailehen eginen da espedienteari frogak erantsi ondoren.

C) Ebazpena idatziz jakinaraziko da, sortu zuten arrazoiak eta gertatu zireneko egunak adierazita. Interesdunak kopia bat sinatuko du. Sinatzeari uko eginez gero, lekukoen aurrean jakinaraziko zaio.

Halaber, jakinarazpena noiz jaso zen eta zehapenaren ondorioak, holakorik egonez gero, noiz hasi eta noiz bukatzen diren adieraziko da.

Arau-hausleak idazkia jaso eta hurrengo bost egun balioduneko epean, espedientean parte hartu zuten langileen ordezkariei edo batzordeari jakinarazpen horren kopia bat emanen zaie.

IX. KAPITULUA

Baimenak, lizentziak eta eszedentziak

54. artikulua. Baimenak eta lizentziak.

Langileak, abisua eman eta justifikatu ondotik, lanera ez agertzeko baimena izanen du, Langileen Estatutuaren 37. artikuluan ezartzen diren kasuetan eta bertan zehazten den denborarako.

Bigarren mailako ahaideen kasuan (gurasoak, seme-alabak, anai-arrebak) Langileen Estatutuaren 37.3 artikuluan finkatutako egun kopuruari beste bat gehituko zaio.

Langileak beti aurretik emanen du abisua, salbu eta kasu eta egoera berezi eta aurreikusi ezin direnak direla-eta egoera horren berri ematerik ez dagoenean. Halakoetan, ahal den unean behar bezala justifikatuko dira.

Berdintasunaren Legea: oso-osorik aplikatuko da, atal hauetan adierazten diren aldaketak eginda:

Lanaldia egokitzea: lanean sartzeko eta ateratzeko ordutegian malgutasunerako tarte bat utziko da, baina ordutegi finko bat egin beharko da.

Ordutegi finko hori ukitutako langileak eskatzen duena izanen da.

Enplegua: lanaldi osorako langile berri bat kontratatu behar baldin bada, lanaldi partzialean ari diren langileek lehentasuna izanen dute lanpostu hori betetzeko.

Lekualdaketak: langileak aldi baterako lekualdatu behar baldin badira, konpartitu gabeko familia kargak dituzten langileek eskubidea izanen dute lekualdaketa hori onartu edo ez onartzeko.

Haurrari esnea ematea: langileak hala erabakita, haurrari esnea emateko baimenaren partez hamabost lanegun hartzen ahalko dira amatasun baja bukatutakoan.

Substantzia kaltegarriak erabiltzeagatik esnea hartzen ari den haurrarentzat arriskua sortzen bada, ukitutako langilea lanpostuz aldatuko da.

55. artikulua. Nahitaezko eszedentzia.

Nahitaezko eszedentzia, lanpostua gorde eta antzinatasuna kontatzeko eskubidea emanen duena, lanera joatea galarazten duen kargu publiko edo sindikal baterako izendatu edo hautatua izateagatik ematen da. Lanera itzultzea kargu publiko edo sindikala utzi eta hurrengo hilabetearen barnean eskatu beharko da, bestela, epe horretan egiten ez bada, eskubidea galduko baita.

56. artikulua. Borondatezko eszedentzia.

1. Enpresan gutxienez urtebeteko antzinatasuna duen langileak eskubidea du borondatezko eszedentzia izateko, lau hilabeterako gutxienez eta bost urterako gehienez. Aldi baterako kontratua duten langileen kasuan, borondatezko eszedentziaren gehieneko iraupena kontratuarena izanen da. Borondatezko eszedentziarako eskubidea aurreko eszedentziaren bukaeratik lau urte iragan baldin badira bakarrik erabiltzen ahalko da berriz, kasu berezietan izan ezik, non bi aldeen adostasuna izanda epe hori murrizten ahalko den.

2. Langileek eszedentziarako eskubidea izanen dute, denbora antzinatasunerako kontatuko duena, hiru urtekoa gehienez, seme edo alaba bakoitza zaintzeko, bai berea bada eta baita adopzioan hartua bada ere, haurraren jaiotegunetik edo adopziotik hasita. Hurrengo seme-alabek beste eszedentzia baterako eskubidea emanen dute, baina lehendik beste bat izanez gero hura bukatu eginen da. Aitak eta amak lan egiten dutenean, batek bakarrik erabiliko du eskubide hau. 3 urte bitarteko seme-alabak zaintzeko eszedentzia hartu eta lehen urtean, langileak eskubidea izanen du lanpostua gorde diezaioten.

3. Eszedentzian dagoen langileak ez du beste eskubiderik enpresan hutsik dauden eta bere kategoriakoak edo antzekoak diren lanpostuetan sartu ahal izateko lehentasuna baizik, betiere, eszedentzia bukatu baino gutxienez hilabete bat lehenago eskatzen badu.

57. artikulua. Eszedentzia guztietarako arauak.

1. Aldi baterako lan kontratudunen eszedentzien kasuan, kontratuaren iraupena ez da aldatuko langilearen eszedentzia dela-eta, eta kontratua eszedentzia baino lehen amaitzen bada, kontratua iraungiko da, kontrakoa hitzartu ezean. Kontratuaren amaiera 15 egun lehenagotik iragarri beharko da.

Enpresaburuak aldez aurretik jakinarazpena egiteko epe hori betetzen ez badu, langileari kalte-ordain ekonomiko bat besterik ez dio eman beharko, aurre-oharpen hori egin behar zuenetik benetan egin zuenera bitarteko egunei dagokiena, likidazioa egiterakoan.

2. Eszedentzia bitartean, langilea ezin izanen da inola ere aritu enpresarendako bidegabeko leia diren eginkizunetan. Horrela egitera, besterik gabe lanera itzultzeko eskubidea galduko du.

X. KAPITULUA

Ordezkaritza kolektiboa

a) Langileen ordezkariak.

58. artikulua. Enpresa batzordeak eta langileen ordezkariak.

Enpresa batzordeak eta langileen ordezkariek eskubidea izanen dute arau indardunetan ezarritako alorren gaineko informazioa jaso, txostenak eman eta zaintza lanak egiteko. Era berean, arlo hauetan bermeak izanen dituzte: diziplina araubidea, diskriminaziorik eza, adierazpen askatasuna eta 61. artikuluan aurreikusitako denbora baimenak.

59. artikulua. Hauteskunde sindikalak (hautagaiak).

Langileen ordezkari izateko hauteskundeetan hautagai izaten ahalko dira, Langileen Estatutuaren bigarren ataleko 69. artikuluan eta hurrengoetan ezarritakoaren arabera, hemezortzi urtez goitiko langileak, enpresan hiru hilabeteko antzinatasuna, bederen, baldin badute eta probaldia gainditu badute.

60. artikulua. Ordu kreditua.

Enpresa batzordeko kideek eta langileen ordezkariek, hilabetero, ordu ordaindu batzuk izanen dituzte irizpide hauei jarraikiz:

–100 langile bitarteko lantegiak: hamabost ordu.

–101 langiletik 250 bitarteko langileak: hogei ordu.

–251 langile edo gehiagoko lantegiak: hogeita hamar ordu.

Aurreko lerroaldean adierazitako hilabeteko ordu-kreditu ordaindu hori erabili behar denean, ukitutako langileak edo bidezko sindikatu edo erakundeak horren berri eman beharko du behar den aurrerapenarekin. Nolanahi ere, hilabeteko ordu-kreditu ordaindua sindikatuak programatutako jardueretarako erabiltzen bada, aldez aurreko abisua, ahal dela, 48 ordu lehenagotik eginen da.

Ez dira ordu ordainduen barnean sartuko enpresa zuzendaritzak deitutako bilkuretan emandako denbora, horietara joatekoa, ez eta lan hitzarmenak negoziatzen emandakoa ere, baldin eta enpresa hitzarmenaren esparrukoa bada.

Ordu kopuru hori langileen legezko ordezkariek erabiltzen ahalko dute beren sindikatuko prestakuntza ikastaroetarako edo antzeko jarduera sindikaletarako, deialdia egin ondoren. Bukatutakoan, asistentzia justifikatu beharko dute.

61. artikulua. Ordezkari sindikala.

Ordezkari sindikalak berezko dituen eginkizun sindikalak baino ez ditu beteko, betiere indarra duten arauei jarraikiz.

Ordezkari gehien dituzten sindikatuek eskubidea izanen dute 250 langiletik gorako lantegietan toki egoki bat erabiltzeko, beren jarduerak egin ahal izateko.

–Hitzarmen kolektiboen negoziazioetan parte hartzea. Hitzarmen kolektiboen negoziazio batzordeetan parte hartzeaz gain enpresaren batean jardunean segitzen duten ordezkari sindikalei enpresak ordaindutako baimenak emanen zaizkie, negoziazio lana erraztearren eta negoziazioaldiak irauten duen bitartean, betiere enpresa hitzarmenaren esparru berekoa bada.

–Lan orduetatik kanpo eta enpresaren jarduera arruntari kalte egin gabe, enpresako langile sindikatuekin biltzea.

–Xede horretarako paratutako iragarki oholetan, sindikatuan afiliatutako kideentzat eta langileentzat interesgarriak izan daitezkeen jakinarazpenak jartzea.

–Enpresa batzordeko kide ez diren ordezkari sindikalek, hilero, ordu ordaindu batzuk izanen dituzte, hitzarmenaren 60. artikuluan adierazita dagoen bezalaxe.

62. artikulua. Eszedentzia sindikalak.

Honen gainean zehazten ez den orotan, Langileen Estatutuan ezarritakoari jarraituko zaio.

XI. KAPITULUA

Lanaren antolamendua eta antolaketa

63. artikulua. Lanaren kontrola eta zuzendaritza.

Lanaren antolamendua eta antolaketa enpresaburuaren edo hark izendatzen dituen pertsonen ahalmena dira. Egoki iritziz gero, barne kontrolerako sistemak ezartzen ahalko dira, langileak bere eginkizunak eta eginbeharrak betetzen dituela egiaztatzeari begira. Dena den, ahalmen hori hitzarmenean eta gainerako arau aplikagarrietan ezarritakoaren arabera erabiliko da.

Horrenbestez, ahalmena du antolaketa egiteko alor guztietan etekin handiena lortzeari begira: langileak, materialak, denbora, eta abar, betiere eskura diren tresnen eta xede horretan langileen parte-hartzearen muga arrazionala eta zientifikoa kontuan hartuta, eta hitzarmen honetan eta gainerako arau aplikagarrietan ezarritakoari jarraikiz.

Enpresaburuaren ahalmenak, besteak beste, honako hauek dira:

A) Lanaren kalifikazioa eta oro har onartzen den produktibitate industriala.

B) Antolaketako sistemak zehaztea edo lana kudeatzea, baliabideen, makineriaren edo instalazioen ahalik eta erabilera eraginkorrena lortu eta bermatzeko, enpresaren behar orokorrak zein departamentu jakin batekoak edo atal edo lanpostu batekoak kontuan hartuta.

C) Behar diren makinak edo behar diren lanak esleitzea, langileak jarduera osoa izan dezan. Lan kargak, errendimenduak eta tarifak egokitzea langintza metodoak, fabrikazio prozesua, lehengaiak, makinak edo horien baldintza teknikoak aldatzearen ondorioz sortzen diren egoeretara.

D) Galeren indizeak, kalitate arauak eta lanerako arau teknikoak finkatzea.

E) Langilearen esku jarritako makineria eta tresnak zaindu, arreta eman eta garbitzeko agintzea.

F) Enpresako langileak lanpostuz aldatu eta beste modu batean banatzea, antolaketa eta ekoizpen beharren arabera, lanbide talde bakoitzeko mugigarritasun irizpideak errespetatuz.

G) Lanaren antolaketan zehar, metodoetan, langileen banaketan eta makinen, tresnen, moduen eta abarren alderdi teknikoetan behar diren edo egokiak izan daitezkeen aldaketak egitea.

H) Lan harremanak ongi garatzen direla zaintzea.

I) Pizgarriak kalkulatzeko bideak ezarri edo aldatzea.

J) Enpresako langile guztiei eskatzea jarduera arrunta burutzeko.

Enpresaburuen ahalmen horiek, dena den, langileen lege ordezkariei esleitutako eskumenak deusetan galarazi gabe erabiliko dira.

Agindutako lanekin ados egon ez eta legezko ordezkarien bitartez kexa aurkeztuz gero, enpresan ordura arte zeuden arauak aplikatzen segituko dira, dagokien organoek ebazpena eman bitarte.

64. artikulua. Lana betetzea.

1. Langileak behartuak daude adostutako lana betetzera, enpresaburuak bere ahalmenen erabileran emandako aginduak eta jarraibideak eta, bestela, usadio eta ohiturak betez. Orobat, beren lanbide eskumenen esparruan agintzen zaizkien lan, eginkizun edo jarduera guztiak burutu beharko dituzte.

Halaber, adostutakoa baino lan handiagoa edo bestelakoa egin beharko dute ezbeharrei aurre egin eta istripuei edo kalteei konponbidea bilatzeko behar larriko kasuetan.

2. Langileak lehenbailehen jakinaraziko dizkie bere nagusi hurrenei lanean aurkitzen dituen oztopoak, bai eta bere eginkizunerako baliabideetan, tresnetan, makinerian edo instalazioetan atzematen dituen gabeziak edo akatsak ere. Gainera, bere esku utzitakoak funtzionatu eta erabiltzeko prest eduki beharko ditu.

3. Lantokitik edo lanalditik kanpo, enpresaburuaren edo hura ordezkatzen dutenen baimen espresa izan ezik, langileak ezin izanen ditu makineria, tresnak, aparatuak, instalazioak edo lantokiak erabili.

4. Laneko istripuei aurrea hartzeko politika behar bezain eraginkorra izan dadin, langileek enpresaburuak, dagokion araudia betetzeko, ematen dizkien babeserako bitartekoak erabili beharko dituzte.

5. Lan egitean oinarri diren lankidetza emateko eta fede onez aritzeko betebehar orokorrak direla-eta, langileak enpresaren ustiapenari eta negozioei buruzko sekretuak gorde beharko ditu.

65. artikulua. Denboraren edo lanaldiaren araberako lana.

Kontrakoa adostu ezean, printzipioz, denboraren edo lanaldiaren araberako lana kontratatzen da. Izan ere, ordainsariak lanaren iraupenari jarraikiz finkatzen dira, bai eta hitzarmenean azaldutako errendimendu arruntari ere. Soldaten tauletan jasotzen dira, baina ezinbesteko baldintza da langileak, denbora horretan, eska dakiokeen errendimendu arrunta betetzea.

66. artikulua. Lana atazaka.

Atazaka lan egiteak esan nahi du lanaldi bakoitzean lan jakin bat egiten dela horretan emandako denbora aintzat hartu gabe.

67. artikulua. Destajuko lana.

Destajuko edo obra unitateko egiten diren lanen kasuan, ordainsarien ondorioetarako, egindako obra edo lanaren kantitatea eta kalitatea besterik ez da kontuan hartuko. Modulu edo unitateko pagatuko da, emandako denbora alde batera utzita. Dena den, egiteko epea ezartzen ahal da eta, kasu horretan, epe barrenean bukatu beharko da lana.

68. artikulua. Lan primaduna edo pizgarriduna.

Zientifikoki neurtuta ez dauden lanen kasuan, enpresek pizgarriak edo produzitzeko primak ezartzen ahalko dituzte. Hortaz, lan handiagoa egiten den neurrian, ordainsariak ohikoak baino handiagoak izanen dira.

XII. KAPITULUA

Lanbide prestakuntza

Hitzarmen hau sinatu duten erakundeek, sektoreko langileen etengabeko prestakuntza sustatu beharraz ohartu baitira, kapitulu honen edukia hitzarmenari eranstea erabaki dute, 1996ko abenduaren 19ko Etengabeko Prestakuntzaren gaineko II. Akordio Nazionalaren babesean eta hura garatzeko sustatuko diren etengabeko prestakuntza jarduerak antolatu eta kudeatzeko biderik onena delakoan.

69. artikulua. Etengabeko prestakuntza.

Kapitulu honen ondorioetarako, etengabeko prestakuntzatzat hartuko da garapen honen babespeko enpresek egiten dituzten prestakuntza jardueren multzoa, garapenean berean eta 1996ko abenduaren 19ko Etengabeko Prestakuntzaren gaineko II. Akordio Nazionalean aurreikusitako modalitateen bidez. Jardueren helburua izanen da bai lanbide gaitasunak eta kualifikazioak bultzatzea bai lanean ari direnen birkualifikazioa, enpresen lehiakortasuna eta langilearen banakako prestakuntza batera eramateko.

70. artikulua. Prestakuntzarako banakako baimenak.

Kapitulu honen ondorioetarako, prestakuntzarako banakako baimenek 1996ko abenduaren 19ko Etengabeko Prestakuntzaren gaineko II. Akordio Nazionalaren II. kapituluari jarraikiko diote.

Urtero, eta estatistika kontuetarako baino ez, enpresek sektoreko prestakuntza batzorde paritarioari emanen diote langileekin adosten dituzten banakako baimenen berri.

Xedapen iragankorra

Etengabeko prestakuntzaren gainean kapitulu honetan araututakoa beteko da, baldin eta aurrekontuan diru nahikoa bada eta Etengabeko Prestakuntzaren gaineko Akordio Nazionala garatzen duten arauek indarra hartu badute.

Azken xedapena

Sektoreko prestakuntza batzorde paritarioari baimena ematen zaio bidezko diren arau guztiak eman ditzan, sektoreko lanbide prestakuntzarako baliabideen kudeaketa egokia lortzeari begira.

XIII. KAPITULUA

Gizarte Segurantzaz besteko prestazioak

71. artikulua. Lan istripu eta banakako gaixotasunen asegurua.

Hitzarmen kolektibo honen aplikazio esparruko enpresek beren kargura aseguruen poliza bat kontratatuko dute, bai lan istripuetarako bai gaixotasun profesionaletarako. Honako kapital hau aseguratuko da:

Baliaezintasun iraunkor osoagatik: 44.882,07 euro.

Erabateko baliaezintasun iraunkorragatik: 16.486,80 euro.

Heriotzagatik: 16.486,80 euro.

Aurreko lerroaldean adierazitako kapitalek indarra hartuko dute hitzarmen kolektibo hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta 30 egunera.

Lehendik aseguru kolektiboen polizak itunduak zituzten enpresek bere horretan mantenduko dituzte, baldin eta poliza horiek, bere osotasunean, artikulu honetako lehen lerroaldekoa baino onuragarriagoak badira.

72. artikulua. Xedapen osagarria.

Hitzarmen honetan aurreikusirik ez dagoen guztian Langileen Estatutuan eta aplikatzekoak diren gainerako xedapenetan ezarritakoari jarraituko zaio.

Hitzarmenean ezarritakoa ez aplikatzeko klausula

Enpresen egoera ekonomikoaren ondorioz galerak egonez gero, hitzarmenean ezarritakoa ez aplikatzeko klausulari heldu ahal izateko, enpresek honako hau aurkeztu beharko dute:

2012ko eta 2013ko balantzeak eta emaitza-kontuak, bai eta beharrezkoak diren beste datu batzuk ere.

Aurreikuspen ekonomiko eta produktiboak, bai eta 2013ko salmentak ere. Aipatu datu horien balorazioan adostasunik ez badago, auditoreen edo kontu-zentsoreen txostenak erabiltzen ahalko dira.

Klausula hau aukeratzen duten enpresek, enpresaren bideragarritasun plana eta enplegua mantentzeari buruzkoa aurkezteaz gain, Gizarte Segurantzako eta PFEZko zergak ordainduak izan beharko dituzte.

Hitzarmenean ezarritakoa ez aplikatzeko klausula gauzatzeko, kontuan hartu beharko da enpresaren krisia zeren ondorioa den; ustiapenarena (enpresaren jarduera ekonomiko naturalak), edo politika finantzario edo berezien ondorioa (kasu horietan enpresa zuzendaritzari baino ez zaizkio egotziko, baldin eta enpresaburuak bere aldetik eta nahita hartutako erabakien ondoriozko galerak alegatu badira). Bigarren kasu horretan, enpresak ezin izanen du hitzarmenean ezarritakoa ez aplikatzeko klausula erabili.

Enpresak klausula hori eskatuz gero, ezin izanen du berriro erabili bost urteko epea iragan bitarte.

Langileen Estatutuaren 41. artikuluan ezarritako kontsultaldia iragan ondoren, enpresan ez bada adostasunik erdiesten lan-baldintzen funtsezko aldaketaren negoziazioan (agindu horren 6. zenbakian arautua), hurrengo 5 eguneko epean jarduketak Batzorde Paritariora igorri beharko dira (8. art.), horrek desadostasunak konpon ditzan.

Hitzarmenean ezarritakoa ez aplikatzeko klausula onartuz gero, soldataren igoeran baino ez du eraginik izanen. Alderdi guztiei soldataren igoera zertan gelditu den jakinaraziko zaie eta enpresek hitzarmenaren gainerako aginduak bete beharko dituzte.

Errendimendu taulak

Unitatea/eguna

I.–Eskuko tornua hustugailuarekin

  • Zutabeak, 95 cm-tik 105 cm-ra bitartekoak 07,76.
  • Zutabeak, 80 cm-tik 85 cm-ra bitartekoak 09,50.
  • Zutabeak, 70 cm-tik 75 cm-ra bitartekoak 11,00.

–Pitxerrak:

  • Italiarrak (40/18), oinik gabeak: 19,00.
  • Fagalde motakoa (40/29), oinik gabea: 14,50.
  • Inperio motakoa eta oinik gabeko kopa (35/24): 23,00.
  • Inperio motakoa eta oinik gabeko kopa (25/18): 34,00.
  • Inperio motakoa eta oinik gabeko kopa (20/14): 52,00.
  • Pegarra (45/18), oinik gabea: 19,00.

–Pantailak:

  • Zilindro itxurakoa (19/19), oinik gabea: 44,00.
  • Kono itxurakoa (19/19), oinik gabea: 44,00.
  • Formaduna (19/19), oinik gabea: 44,00.
  • Zilindro itxurakoa (14/14), oinik gabea: 64,00.
  • Kono itxurakoa (14/14), oinik gabea: 64,00.
  • Formaduna (14/14), oinik gabea: 64,00.

–Hauts-kaxak:

  • Handiak (12/8,5), 64 Enia motakoak: 58,00.
  • Ertainak (10/8), kirtenik gabeak: 64,00.
  • Txikiak (8/6), tapadunak: 71,00.

–Almaizak:

  • Handiak (12/12), kirtenik gabeak: 76,00.
  • Ertainak (10/10), kirtenik gabeak: 83,00.
  • Txikiak (7/7), kirtenik gabeak: 105,00.

–Farmaziako potoak:

  • Handiak, klasiko tapadunak: 43,00.
  • Ertainak, klasiko tapadunak: 50,00.
  • Txikiak, klasiko tapadunak: 58,00.

II.–Eskuko tornu puntaduna

–Garraiagarriak:

  • Zulatu gabe (16 cm), bi pieza 89,50.
  • Zulatu gabe (18 cm), bi pieza 83,00.
  • Zulatu gabe (22 cm), bi pieza 79,50.
  • Zulatu gabe (25 cm), bi pieza 76,00.
  • Zulatu gabe (25/30/32 cm), bi pieza 74,00.
  • Zulatu gabe (16 cm), pieza bat 105,00.
  • Zulatu gabe (18 cm), pieza bat 94,50.
  • Zulatu gabe (22 cm), pieza bat 90,00.
  • Zulatu gabe (25 cm), pieza bat 86,00.
  • Zulatu gabe (38/40 cm), bi pieza 52,00.
  • Zulatu gabe (45 cm), bi pieza 52,00.
  • Zulatu gabe (38/40 cm), hiru pieza 49,50.
  • Zulatu gabe (45 cm), hiru pieza 49,50.
  • Pitxerreko oinak (15/10), klasikoak, zulatu gabeak: 105,00.

III.–Tailaketa

–Makina:

  • Zutabeko ontzi landu gabea: 99,00.
  • Zutabearen gainerako zatiak: 132,50.

–Oinazpikorik gabeko txinatarrak:

  • 15-20 bitarte 58,00
  • 25, 47,00.
  • 30, 32,00.
  • 35-40 bitarte 28,00
  • 50, 20,00.

–Almaizak:

  • Handiak: 76,00.
  • Ertainak: 90,00.
  • Txikiak: 105,00.

IV.–Zinta-zerrak

–Harri landua:

  • Oinak (14/32): 96,00.
  • Platerak (27/14): 96,00.

–Kontzeptuak:

  • Luzeak (32/14): 96,00.
  • 26/14 neurrietako piezak: 96,00.
  • Pitxer handiak (22/22-22/25-22/30): 74,50.
  • Pitxer handiak (26/21-21/30): 74,50.
  • Pitxer handiak (21/26): 60,00.
  • Koadroak eta arrautzak: 1.325,00.
  • 20/20 cm-tik 16/16 cm-ra 124,00.
  • Garraiagarriak: 641,00.

Lantokian berean ematen den ordu bakoitzeko, gutxienez, 9 puntu eskuratu beharko dira.

ERANSKINA

Hitzarmenaren amaiera iragartzeko prozedura, berrikuspena egiteko

1. Hitzarmen hau sinatzen duten bi alderdietatik edozeinek eskatzen ahalko dio idatziz besteari hitzarmenaren berrikuspena, haren hasiera bateko indarraldia edo luzapenen indarraldia bukatu baino gutxienez 30 egun lehenagotik abisatuz gero.

2. Amaiera iragartzen duen alderdiak, iragarpenarekin batera, berrikusi nahi dituen puntu eta alderdiei buruzko proposamen zehatza aurkeztu beharko du. Jakinarazpenaren eta proposamenaren kopia Lan Zuzendaritza Nagusira igorriko da, erregistra dadin.

Hitzarmenaren negoziazioaren hasiera.

1. Hitzarmena sinatzen duten alderdietatik edozeinek amaiera iragartzen denetik, gehienez hilabeteko epea egonen da hitzarmen berria negoziatzen hasteko.

2. Negoziazioaren gehieneko iraupena 14 hilabetekoa izanen da, negoziazioa hasten denetik.

3. 2. idatz-zatian aipatutako negoziazioaldia bukatuta, alderdiak Nafarroako Lan Auzitegiaren menpe jarriko dira beren arteko auziak konpontzeko.

AGRUPACIÓN DEL ALABASTRO

MCA-UGT

Sinatua:
Enrique García Sesma

Sinatua:
Antonio Celigüeta Lozano

Sinatua:
Óscar Marín Lozano

Alabastroa. 2014ko soldata taulak

Soldata igoera = %0,30

LANBIDE KATEGORIA

OINARRIZKO
SOLDATA

HITZARMENAREN PLUSA

GUZTIRA HILEAN

APARTEKO PAGA

HILABETEKO ALDEA

1. mailako administrari-ofizialak

965,18

316,51

1.281,69

1.281,69

2,89

Laguntzailea

826,70

281,64

1.108,35

1.108,35

2,47

Izangaia

708,55

150,59

859,13

859,13

2,12

Tailerreko langile arduraduna

967,45

344,54

1.311,99

1.311,99

2,89

Peoien arduraduna

967,45

344,54

1.311,99

1.311,99

2,89

1. mailako ofiziala

936,86

301,54

1.238,39

1.238,39

2,80

2. mailako ofiziala

904,79

239,80

1.144,59

1.144,59

2,71

Laguntzailea

875,33

211,17

1.086,50

1.086,50

2,62

Peoi espezialista

848,08

209,34

1.057,41

1.057,41

2,54

Peoi arrunta

820,30

201,44

1.021,75

1.021,75

2,45

Pintxea 16-18 urtekoa

582,95

153,93

736,88

736,88

1,74

Pintxea 14-16 urtekoa

522,58

140,93

663,52

663,52

1,56

2014ko lanaldia: 1.778 ordu.

Baliaezintasun iraunkor osoa: 44.882.08 euro.

Erabateko baliaezintasun iraunkorra: 16.486.80 euro.

Heriotza: 16.486.80 euro.

F1500943

Iragarkiaren kodea: F1500943