31. ALDIZKARIA - 2015eko otsailaren 16a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

UHARTE ARAKIL

Ordenantza, Udalaren herrilurretako aprobetxamenduak arautzen dituena. Behin betiko onespena

Uharte Arakilgo Udalak, 2014ko azaroaren 27an egin osoko bilkuran, hasiera batean onetsi zuen Uharte Arakilgo herrilurretako aprobetxamenduak arautzen dituen ordenantza. Hasierako onespenaren erabakia 2014ko 242. Nafarroako Aldizkari Ofizialean eman zen argitara, abenduaren 12an. Jendaurreko epea iragan baita haren aurkako alegaziorik aurkeztu gabe, argitara ematen da haren behin betiko testua, ondorio juridikoak izan ditzan, Toki Administrazioari buruzko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluarekin bat.

Uharte Arakilen, 2015eko urtarrilaren 20an.–Alkate udalburua, Javier Rodríguez Astiz.

UDALAREN HERRILURRETAKO APROBETXAMENDUAK
ARAUTZEN DITUEN ORDENANTZA

I. TITULUA

Xedapen orokorrak

1. artikulua. Uharte Arakilgo udal mugapeko herrilurretako ondasunen administrazioa, xedapen egintzak, babesa, berreskuratzea eta aprobetxamendua erregulatzen dituzten arauak ezartzea da ordenantza honen xedea.

2. artikulua. Herrilurretako ondasunak dira herri honetako bizilagun guztiek aprobetxatu eta erabil ditzaketenak.

3. artikulua. Herrilurretako ondasunak besterenduezinak, preskribaezinak eta bahitezinak dira, eta ez dute tributurik ordainduko. Haien izaerak eta tratamendu juridikoak ez dute aldaketarik izanen, edozein dela ere haiek aprobetxatu edo erabiltzeko era.

4. artikulua. Hauek dira herrilurretako ondasunen gaineko arauak: Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legea eta haren erregelamenduzko xedapenak; Nafarroako Foru Zuzenbide Administratiboaren gainerako arauak; herrilurren ordenantza hau eta, bestela, Foru Zuzenbide Pribatuaren arauak, Nafarroako Foru Eraentza Birrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 40. artikuluko hirugarren atalean xedatutakoa deusetan galarazi gabe.

II. TITULUA

Administrazioa eta xedapen egintzak

5. artikulua. Herrilurretako ondasunak xedatu, administratu, aprobetxatu eta antolatzeko ahalmenak Uharte Arakilgo Udalari dagozkio, ordenantza honetan azaltzen den moduan. Herri ondasunen inguruan Uharte Arakilgo Udalak hartzen dituen erabakiek Nafarroako Gobernuaren baimena beharko dute Toki Administrazioari buruzko Foru Legean ezarritako kasuetan.

6. artikulua. Lurzati txikiak saldu edo trukatzeko desafektazioa egin aurretik Nafarroako Gobernuak haien onura publiko edo soziala deklaratu beharko du eta, hori baino lehen, Uharte Arakilgo Udalak frogatu beharko du dagoen asmoa ezin dela bertze bide batzuen bitartez lortu, hala nola lagapena eginez edo kargak ezarriz, lehentasuneko aukerak izan arren. Herrilurretako ondasunak desafektatu ondotik beste batzuei lagatzeko edo kargak ezartzeko hartzen diren erabakietan, itzultze klausula sartuko da, egintza horien helburuak edo baldintzak desagertu edo betetzen ez diren kasuetarako. Halakorik gertatuko balitz, lur horiek Uharte Arakilgo Udalaren ondarera itzuliko lirateke herrilurretako ondasun gisa. Hasierako prezioari esleipenaren ondoko urteetan diruaren balioak izan duen gorakada aplikatuta eginen litzateke itzultzea. Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 140.2 artikuluan ezarritako prozedurari jarraituko zaio.

III. TITULUA

Herrilurretako ondasunak zaindu eta berreskuratzea

7. artikulua. Uharte Arakilgo Udala herrilurretako ondasunak zaindu, defendatu, berreskuratu eta hobetzera ahaleginduko da, eta kontra eginen dio haientzat kaltegarri izan daitekeen edozein pribatizazio saio edo ekintzari.

8. artikulua. Uharte Arakilgo Udalak berez eta noiznahi berreskuratzen ahal du herrilurretako ondasunen jabetza, aurretik legelariaren txostena ikusi eta interesdunari entzunaldia emanda. Beharrezkoa denean, ekintza zibilak sustatuko ditu, herrilurretako ondasunak berreskuratu eta defendatzeko.

9. artikulua. Jabetza Erregistroak igortzen dizkion ediktuen berri emanen dio Nafarroako Gobernuari Uharte Arakilgo Udalak, lursailen inmatrikulazioa edo herrilurrekin mugakide diren lursailen gehiegizko hedadura dela eta. Udalak osoko bilkuran hartu beharko du jakinarazpen horien inguruko erabakia.

10. artikulua. Uharte Arakilgo Udalak Nafarroako Gobernuaren aldez aurreko onespen berariazkoa beharko du, ondasunak herrilurretako ondarerako berreskuratzearren transakziorik egin nahi izanez gero.

11. artikulua. Uharte Arakilgo Udalak administrazio bidea erabiliko du, betiere, baimen, kontzesio edo beste edozeren kariaz herrilurretako ondasunen gainean sortutako eskubideak eta haiek ekarritako okupazioak iraungitzeko, ahalmen hertsatzaileez baliatuz. Aldez aurretik kalte-ordaina eman ala ez, zuzenbidearen arabera izanen da.

12. artikulua. Uharte Arakilgo Udalak, herri ondasunei buruzko kontratuetan partaide denean, interpretatu eginen ditu eta haiek betetzean sortzen diren zalantzak argituko. Interpretazioen gaineko erabaki horiek berehala hartuko dute indarra, eta ez dute galaraziko kontratugileek bide jurisdikzionalean behar den deklarazioa lortzeko duten eskubidea.

13. artikulua. Uharte Arakilgo Udalak herri ondasunak defendatzeko bidezko diren ekintzak sustatzen ez dituenean, herritarren ekimena abiatzen ahal da 6/1990 Foru Legean zehaztuko den moduan. Horrek aurrera eginez gero, sortutako gastuak itzuli beharko dizkie herritarrei Udalak.

IV. TITULUA

Herrilurretako ondasunen aprobetxamendua

I. KAPITULUA

Xedapen orokorrak

14. artikulua. Hauek dira ordenantza honek arautzen dituen aprobetxamenduak:

a) Laborantzako herrilurren aprobetxamendua –Txantrelarreko eta Martigarroko baratzeak– eta Ugarkaburua, Eniz, Berroeta, Martigarro eta Sargaizko euntzeak.

b) Herrilurretako larreen aprobetxamenduak.

c) Zuraren eta egurraren aprobetxamenduak.

d) Okubeko, Atako eta Ardantzarretako larre hesituen aprobetxamendua.

e) Herrilurretako beste aprobetxamendu batzuk.

15. artikulua. Uharte Arakilgo Udala herrilurren ekoizpena abian jartzen, hobetzen eta egoki aprobetxatzen ahaleginduko da eta duten izaera sozialarekin bateragarri eginen du.

16. artikulua. 1. Orokorrean, Uharte Arakilgo herrilurretako aprobetxamenduen onuradun izanen dira familia unitateak edo pertsona juridikoak, haien titularrek baldintza hauek betetzen badituzte:

a) Adinez nagusi izatea edo adingabeko emantzipatu edo judizialki gaitua.

b) Biztanleen Udal Erroldan bizilagun gisa inskribatua egotea gutxienez 3 urteko antzinatasunez.

c) Uharte Arakilen urtean bederatzi hilabetez gutxienez jarraian bizitzea.

d) Udal honekin dituen zerga betebeharrak egunean izatea.

e) Aziendak Uharte Arakilgo Udalean inskribaturik edukitzea, larreen eta larre hesituen herri aprobetxamenduen onuradunentzat. Horretarako urteko lehen hiruhilekoan Ustiategiaren Liburua aurkeztu beharko du eta bertan azaldu abelburu kopurua eta herrilurra aprobetxatuko duen abelburu kopurua.

f) Bestelako azienda izanez gero, hala nola erleak, hegaztiak eta beste batzuk, Udalak kasu bakoitza baloratuko du.

g) Eskaera egin aurreko lau urtean erabilera berdintsuko lur partikularrak saldu dituztenei edo antzeko lurren jabeak izan eta errentan dituztenei ez zaie herrilurren aprobetxamendurik zuzenean esleituko.

2. Familia unitateko kideak etxe berean bizi diren guztiak izanen dira. Nolanahi ere, familia unitate independentetzat hartuko da guraso jubilatuek osatua, familiakoekin bizi arren, betiere haien diru-sarrerak lanbide arteko gutxieneko soldata baino apalagoak baldin badira.

3. Artikulu hau interpretatzerakoan sortzen ahal diren zalantzak Uharteko Udalak osoko bilkuran argituko ditu, banan-banan.

17. artikulua. Zuzenean esleitutako lur guztiak erregistratzeko liburua eramanen du Uharteko Udalak, eta hartan sartuko ditu onuradunen izenak, datu pertsonalak, lurraren azalera eta kokaera, eta izandako aldaketak.

II. KAPITULUA

Laborantzako herrilurren eta euntzeen aprobetxamendua

18. artikulua. Laborantzako herrilurren –Txantrelarre– eta Martigarroko baratzeen aprobetxamendua dagokion ordenantzan arautuko da.

19. artikulua. Ugarkaburua, Eniz, Berroeta, Martigarro eta Sargaizko euntzeetako herrilurren erabilera enkante publikoaren bitartez esleituko da; kasu bakoitzerako Uharte Arakilgo Udalak ezarriko ditu hasierako prezioa eta gora jotzeko posturak. Erremate prezioa, dagokion enkantearen ondotik, urtean behin ordainduko da eta, orobat, urtero berrikusiko, KPIren arabera.

20. artikulua. 1. Herrilurretako euntzeak erabiltzeko epea hamar urtekoa izanen da, eta emandako aprobetxamendua bost urtero berrikusi ahalko da; lurrak abandonatzen badira edo eman ziren erabileretarako erabiltzen ez badira, bertan behera geldituko da aprobetxamendua.

2. Aprobetxamendurako epea bukatzean, partikularrek ez dute izanen kalte-ordainik batere jasotzeko eskubiderik herrilurretan egindako gastuengatik. Berdin gertatuko da, baldintzak ez betetzeagatik bertan behera gelditzen denean ere.

21. artikulua. 1. Herrilurren aprobetxamendua zuzenean eta pertsonalki eginen da, eta ez da baimenik emanen azpierrentamendua egin edo beste batzuei lagatzeko.

22. artikulua. 1. Udalak egokiak eta komenigarriak iruditzen zaizkion egiaztapenak egiten ahalko ditu edozein unetan, herrilurretako aprobetxamendua zuzenean eta pertsonalki egiten dela ziurtatzeko.

2. Ondoko kasu hauetan ulertuko da herrilurrak ez direla zuzenean eta pertsonalki aprobetxatzen ari:

a) Nafarroako Gobernuko Landazaintza Zerbitzuaren txostenari jarraituz, lurrak zuzenean eta pertsonalki lantzen ez dituztenean.

b) Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren aitorpenean nekazaritzako etekinik aitortzen ez dutenak, horretara beharturik egonik.

c) Laborantzako lurren jabe izanik, hirugarrenei errentan emanak dituztenak.

d) Bazka ekoizten duten herrilurren esleipen hartzaileak izanik, aziendak Udal honetako abere aberastasunaren katastrotik ateratzen dituztenean.

23. artikulua. Onuradunek herrilurrak ezin izanen dituzte erabili, Udalaren aldez aurreko baimenik gabe, esleipenekoak ez diren beste aprobetxamendu batzuetarako.

24. artikulua. 1. Esleitutako herrilurretako euntzeetan egiten diren itxiturak, bai eta sastrakak garbitzeko eta ongarritzeko lanak ere, erremategilearen kontura izanen dira.

2. Gutxienez hiru urtean behin, lursaileko sastrakak garbitu beharko dira eta itxitura egoera ezin hobean mantendu beharko da. Itxitura egoera txarrean dagoela edo aipatutako epean sastrakak ez direla garbitu egiaztatzen bada, Udalak eginen ditu lan horiek subsidiarioki, esleipen-hartzailearen kontura.

3. Pasabideak eta bideak errespetatuko dira. Atakak jartzeko baimena eman ahal izanen da interesdunak hura eskatu eta justifikatu ondoren.

25. artikulua. Herrilurren aprobetxamendua ezin izanen da trukatu onuradunen artean, aldez aurretik interesdunek eskaria egin gabe eta Uharte Arakilgo Udalak baimenik ematen ez badu.

26. artikulua. Esleipen-hartzaileek ez badituzte beraien betebeharrak betetzen, Uharte Arakilgo Udalak, 3 hilabete aurretik onuradunei abisua emanda, aprobetxamendu horien esleipenak bertan behera utzi ahalko ditu. Aditzera ematen da euntzeen eta/edo larreen aprobetxamendua bertan behera uzteak ez duela onuradunaren alde kalte-ordainik jasotzeko eskubiderik sortuko.

III. KAPITULUA

Herrilurretako larreen aprobetxamendua

27. artikulua. Uharte Arakilgo Udalaren herrilurretako larreek ustiapen unitate bakarra osatzen dute eta bere baitan udalerriaren titulartasuneko herrilur guztiak sartzen dira.

28. artikulua. Herrilurretako larreen aprobetxamendua herritarren arteko zuzeneko esleipenaren bitartez eginen da, urtero.

29. artikulua. Ordenantza honen 16. artikuluan ezarritako baldintzak betetzen dituzten familia unitateen titularrak dira herritarren arteko zuzeneko esleipenaren bidezko larreen aprobetxamenduaren onuradun.

30. artikulua. Herrilurretako larreen esleipenean, Uharte Arakilgo Udalak abeltzaintza eta gizarte arloko irizpideak erabiliko ditu. Lehentasuna emanen zaie jarduera nagusia abeltzaintza duten familia unitateei eta ekonomikoki apalenak direnei.

31. artikulua. 1. Herritarren arteko zuzeneko esleipena egiteko gomendagarria izanen da abeltzainen batzorde bat eratzea hermendiaren onuradunekin osatua. Azienda mota bakoitzaren ordezkari bat egonen da eta %50etik gorako ordezkaritza bermatuko zaie jarduera nagusia abeltzaintza dutenei. Abeltzaintzako koordinazio lanak eginen ditu, zaintza lanak, herrilurretako larreen aprobetxamendua hobeki egiteko proposamenak, baina betiere Udalaren onespenarekin.

2. Abeltzainek ez badute batzorde hori eratzen, Uharte Arakilgo Udalak, aurreko puntuko baldintzak beteta, batzordea izendatu ahalko du edo bere gain hartu batzorde horren eskumenak.

32. artikulua. Aurreko artikuluaren aipatu bezala, familia-unitateen maila ekonomikoa zehazteko, irizpide objektiboak erabiliko ditu Uharte Arakilgo Udalak, hala nola pertsona fisikoen errenta, nekazaritzaren, aziendaren eta industriaren gaineko kontribuzioen kapital zergagarria, hirilurreko ondasunen gaineko kontribuzioarena, norberaren etxebizitzari dagokiona kenduta, baita horren gisako beste edozein datu ere.

33. artikulua. Herrilurretako larreen aprobetxamendua zuzenean eta pertsonalki eginen da, eta ez da baimenik emanen azpierrentamendua egin edo beste batzuei lagatzeko. Honi dagokionez, Uharte Arakilgo Udalak uste izanen du ez direla herrilurretako larreak zuzenean aprobetxatzen ari, familia unitateko bizilagun titularrek aziendak udalerriko abere aberastasunaren katastrotik ateratzen dituztenean.

34. artikulua. Herrilurretako larreak aprobetxatzen dituen azienda ustiategi kalifikatuetakoa izanen da eta indarrean den ingurumen-osasunari buruzko araudia bete beharko du.

35. artikulua. Debeku da zerriek eta ahuntzek herrilurretako larreak erabiltzea.

36. artikulua. 1. Uharte Arakilgo Udalak eskubidea du onuradunei kanon bat ezartzeko.

2. Uharte Arakilgo Udalak urtero ezarriko du larreen onuradunek abelburu bakoitzeko ordaindu beharreko kanona, azienda motaren arabera. Zenbatekorik batere zehazten ez bada, aurreko urtean indarra izan duen kanona aplikatuko da, bizitzaren kostuak duen gorakadari egokituta, Nafarroan erakunde ofizial eskudunak onesten dituen indizeen arabera.

3. Kanona ezartzen bada, urteko kanonaren zenbatekoaren ordainketa zati bakarrean eginen da.

37. artikulua. 1. Ordenantza honen 16. artikuluan ezarritako baldintzak betetzen dituzten familia unitateetako bizilagun titularrak izanen dira Nekazaritza Politika Bateratuko (NPB) laguntzen eskaera egiteko herrilurren aprobetxamenduaren onuradunak.

2. Bereziki, NPBko laguntzak eskatzeko herrilurren onuradunak izanen dira baldintza hauek betetzen dituzten familia unitateetako bizilagun titularrak:

2.1. NPBko laguntzak eskatzeko herrilurretako larreen aprobetxamenduen ziurtagiriak ematerakoan lehentasuna izanen dute:

a) Uharte Arakilgo herrilurretan larratzen den aziendaren titularra eta jabea izatea.

b) Ogibide nagusia abeltzaintza izan eta 16. artikuluko baldintzak betetzen dituzten abeltzainei behar eta eskatu dituzten hektareak emanen zaie.

c) Herrilurretako gainerako hektareen aprobetxamendua gainerako eskatzaileei esleituko zaie, Uharte Arakilgo Udalak aztertu ondotik.

d) Ezingo dira NPBko laguntzak eskatzeko herrilurren onuradun izan azienda osoa Uharte Arakilgo Udalaren abere erregistroan izena emanda ez badute.

e) Udal honetako abere erregistroan izena emandako aziendaren beharrak betetzeko behar diren hektareak emanen dira, ez gehiago.

f) Inola ere ez zaizkie ziurtagiriak emanen Uharte Arakilgo Udalaren abere erregistroan izena eman gabeko azienda dutenei.

3. Ezin izanen dute NPBko laguntzetarako herrilurrik eskatu nekazal lurren jabe izan eta hirugarrenei errentan emanda dituztenek.

4. Uharte Arakilgo Udalak, NPBko laguntzetarako ematen dituen herrilurretako larreen aprobetxamenduen ziurtagiriengatik, 1,50 euro kobratuko dizkie, hektarea bakoitzeko, ogibide nagusia abeltzaintza ez dutenei.

5. NPBko laguntzak eskatzeko aurkeztu beharreko agiriak:

1.–Ustiategiaren Liburua, dagokion urteko urtarrilaren 1ean.

2.–Ogibide nagusia abeltzaintza duela egiaztatzen duen agiria.

38. artikulua. Onuradunek zuzen behar dituzte laborantzako herrilurrak landu eta aprobetxatu.

39. artikulua. Onuradunek herrilurrak ezin izanen dituzte erabili, Udalaren aldez aurreko baimenik gabe, esleipenekoak ez diren beste aprobetxamendu batzuetarako.

40. artikulua. Esleitutako herrilurretan egiten diren itxiturek Uharte Arakilgo Udalaren baimena beharko dute.

41. artikulua. Udalak arautuko dituen larreen, asken eta itxituren mantentze-lanak abeltzain esleipen-hartzaileek eginen dituzte, edo Udalak berak eginen ditu, herrilurren onuradun diren albentzainen kargura.

IV. KAPITULUA

Zuraren eta egurraren aprobetxamenduak

42. artikulua. Mendian aski izan eta, Nafarroako Gobernuak baimendu eta Mendi Zerbitzuak markatu ondoren, Uharte Arakilgo Udalak etxeko egur loteak banatuko dizkie ordenantza honen 16. artikuluan ezarritako baldintzak betetzen dituzten familia-unitateei.

43. artikulua. Uharte Arakilgo Udalak urtero finkatuko du familia unitateei esleitu beharreko epaitzen bolumena, mendian dagoen egurraren arabera. Noizbait beharrezkoa baldin bada, eten eginen da aprobetxamendu hori, Udalari egoki iruditzen zaion denborarako.

44. artikulua. Egur loteak zuzenean erabili beharko dira, eta onuradunak ezin izanen ditu saldu.

45. artikulua. Udalak urtero finkatuko du etxerako egurra aprobetxatzeagatik ordaindu beharreko kanona, epaitzak markatzea, bideak konpontzea eta lanak ekartzen dituen beste gastu batzuk kontuan hartuta, betiere behar bezala justifikatzen badira eta zuzenean epaitzei egozten ahal bazaizkie. 2015erako 35 euroko kanona ezarri da eta urtero berrikusiko da.

46. artikulua. Udalak urtero epaitzak eskatzeko epea irekiko du. Aldez aurretik, aurreko urteko loteen exekuzioa aztertuko da, eta kasuan kasuko herritarrei zehapenak ezartzen ahalko zaizkie, hala behar denean. Eskabide horien eta dagoen egurraren arabera, markatuko dira epaitzak mendian. Gerora, jaso diren eskabideen artean zozketatuko dira.

46. artikulua. 1. Epaitzak biltzeko epea uztailaren 1etik azaroaren 1era bitarte izanen da, Alkatetzak bestelako baimenik eman ezean.

2. Onuradunak behartuta daude egurra bildu ondotik hondarrak bildu eta pilatzera. Hondar horiek ezin izanen dira pilatu ez bideetan, ez mendiko pistetan, ezta oztopo izan daitezkeen lekuetan ere. Betiere, kasu eginen zaie Udalak eta/edo oihangintzako administrazioko langileek ematen dituzten jarraibideei. Artikulu honetan ezarritakoa betetzen ez dutenei aprobetxamendua ukatuko zaie.

3. Esleipen-hartzaile batek epaitza aprobetxatzen ez badu, Udalari jakinarazi beharko dio ukoa eta eskatzerakoan ordaindutako zenbatekoa galduko du. Epaitzaren kudeaketa Udalaren esku geldituko da.

4. Esleipen-hartzaile batek ez badu aprobetxatzen ematen zaion epaitza eta beste bat eskatzen badu hurrengo urtean, berriz ere aurreko urtekoa esleituko zaio, moztu gabeko lotea bada. Aprobetxatzen ez duen bitartean, esleipen hartzaileak ezin izanen du etxerako beste loterik eskatu, eta moztu gabeko lote hori zozketatik kanpo geldituko da.

5. Kontzesioa hartzen dutenek erantzun beharko dute, baldin eta aprobetxamendua dela-eta mendian kalte edo galerarik gertatzen bada, eta ordaina ematera beharturik egonen dira, baita dagozkiekeen zehapenak ordaintzera ere.

47. artikulua. Haizeak botatako zuhaitzak, zuhaitz ihartuak edo obren ondorioz eraitsiak etxerako egurretarako aprobetxatzen ahalko dira salbuespen gisa, baldin eta egurra bertze erabilera batzuetarako aprobetxatzeko susmorik ez badago. Betiere, Oihangintzako Administrazioaren berariazko baimena eta Udalaren onespena beharko da. Eskaeren ordenaren arabera eman eta banatuko da aprobetxamendua herritar interesdunen artean, balorazio kanona ordaindu ondotik. Aparteko aprobetxamendu hau bateragarria izanen da urteroko ohiko aprobetxamenduekin, nahikoa egur dagoen bitartean. Familia unitate bakoitzeko eroritako bi zuhaitz hartu ahalko dira gehienez. Ezin izanen dute etxerako egurraren aparteko aprobetxamendu hori egin aurreko urteetako egurra atera gabe utzi duten herritarrek.

V. KAPITULUA

Larre hesituen aprobetxamendua mendiko herrilurretan

48. artikulua. Oro har, Uharte Arakilgo herrilurretako aprobetxamenduen onuradun izanen dira familia unitateak edo pertsona juridikoak, haien titularrak ordenantza honetako 16. artikuluan ezarritako baldintzak betetzen baditu.

49. artikulua. 1. Abeltzainek jarraipen batzorde bat izendatuko dute larre hesituen aprobetxamendurako. Jarrraipen batzordeak bi kide izanen ditu gutxienez, eta gutxienez horietariko %50en jarduera nagusia abeltzaintza izanen da. Jarraipen batzordearen eginkizunak izanen dira, besteak beste: egin beharreko lanak proposatzea; aziendak kontrolatzea (kontrol horren arduradunak jarraipen batzordeko kide bat edo batzuk izan ahalko dira); eta larreetan hobekuntzak egitea, betiere Udalaren oniritzia izanik.

2. Abeltzainek ez badute batzorde hori izendatzen, Uharte Arakilgo Udalak, aurreko puntuko baldintzak betez, batzordea izendatuko du edo haren eskumenak bere gain hartuko ditu.

50. artikulua. 1. Batzordeari kontsulta eginik, Udalak azienda karga egokia ezarriko du teknikari baten laguntzarekin, betiere larre gisa erabiltzeko lurrak duen gaitasunaren arabera.

2. Udalak ezarriko ditu aziendak larreetara sartzeko eta handik ateratzeko datak.

3. Azienden gehieneko kopurua ezarriko da larre gisa erabiltzeko lurrak duen gaitasunaren arabera, eta kontuan hartuko da behar den azienda karga badagoela, lurrak aprobetxamendu egokia izan dezan.

51. artikulua. 1. Azienda orok indarrean diren osasun arauak bete beharko ditu eta horren egiaztagiria aurkeztu beharko da. Ez da azienda ibiltaririk onartuko.

2. Orobat, debeku da azienda berria, batez ere ferietatik datorrena. Nahitaezkoa da berrogeialdia edo segurtasun neurriak betetzea, gaixotasunik ez kutsatzeko edo zabaltzeko.

52. artikulua. Aprobetxamendu epeak, larre hesituetan.

Orokorrean, larreak maiatzaren 1ean irekiko dira eta abenduaren 15ean itxiko, eta hori jarraipen batzordeak erregulatuko du. Dena den, Uharte Arakilgo Udalak data horiek aldatu ahalko ditu.

Ardantzarretako larrearen aprobetxamendua epe bakar batean erregulatuko da, eta maiatzaren 1ean hasi eta abenduaren 15ean bukatuko da.

Ahuntz-aziendak soilik Okubeko larrean bazkatuko dira. Okubeko larrean bazkatu ahalko dira jarraian, maiatzaren 1etik abenduaren 15era arte.

Okubeko eta Atako larreen aprobetxamendua bi epetan erregulatuko da: lehenbiziko epean, maiatzaren 1etik abuztuaren 15era, Okube-Ata erabiliko da; zehazki, Okubeko larrea maiatzaren 1etik ekainaren 5era erabiliko da, eta egun horretan azienda Atako larrera pasatu beharko da, abuztuaren 15a arte. Bigarren epea abuztuaren 16an hasiko da, Atako larrean, eta abenduaren 15ean bukatuko, Okubeko larrean; zehazki, urriaren 15ean pasatu beharko da azienda Okubeko larrera.

Aurrekoak gorabehera, Okubeko eta Atako larreen erabilera epe bakarrerako eskatu ahalko da, hain zuzen ere maiatzaren 1etik abenduaren 15era.

53. artikulua. Esleitzeko prozedura.

1. Okubeko, Ardantzarretako eta Atako larreetan dauden bazkak eta izena eman duten azienda kopurua kontuan harturik banatuko dira aziendak.

2. Hona hemen, apirilean, hesiz inguratutako larreen erabilera eskatzeko aurkeztu beharreko agiriak:

–Ustiategiko Liburua, dagokion urteko urtarrilaren 1ean.

–Larreetan sartu nahi den azienda kopuruaren aurreikuspena, erabilera epea eta larrea zehaztuta.

–Ogibide nagusia abeltzaintza duela egiaztatzen duen agiria.

–Saneamenduko egiaztagiria. Ardi-, behi- eta ahuntz-aziendak: saneamendu egiaztagiria, urtebetetik beherako antzinatasuna duena. Azienda mota guztientzat: desparasitazioa egina dela frogatzen duen ziurtagiria. Agiri hori izan ezean, hura egiaztatzen duen faktura, albaitariaren ziurtagiria edo zinpeko adierazpena aurkeztu beharko da.

3. Aurreko irizpideei jarraikiz, batzordeak erabakiko du zein izanen diren jabeak, azienda-buruen kopurua eta zein larretan sartuko den azienda.

4. Azienda-buru, jabe eta erabiliko diren larreei buruzko erabakia hartu ondoren, ondoko kasuetan soilik itzuliko da izena ematean ordaindutako dirua:

a) Ordenantza honen xedapenen bat ez betetzeagatik, jabea larreak erabiltzeko baimenik gabe gelditzen bada.

b) Larreak erabiliko dituzten azienda-buruen kopuru handiagoa inskribatu eta ordaindu ondoren, azienda karga egokitzeagatik kopuru hura murriztu bada. Kanpoan gelditutako azienda-buruen kopuruari dagokiona izanen da itzulketa.

c) Kasu horietatik kanpo, ez da inolako itzulketarik eginen.

54. artikulua. Udalak abeltzain bakoitzari kobratuko dio araututako kanona. Kanon hori urtero eguneratu ahalko da KPIaren igoeraren arabera. Bi kuotetan ordaindu beharko da: ekainean eta abenduan.

Kuotetarako, honako baliokidetasun hauek ezarri dira:

–Zaldi-azienden abelburu bat eta ardi/ahuntz-azienden 7 abelburu balio berekoak dira.

–Behi-azienden abelburu bat eta ardi/ahuntz-azienden 7 abelburu balio berekoak dira.

Hona hemen 2015erako kanona:

–Ardantzetako larrea: 35 euro/abelburua behi-aziendan, 45 euro/abelburua zaldi-aziendan eta 5 euro/abelburua ardi-aziendan.

–Okubeko eta Atako larreen epe bakoitzerako kanon hau ordaindu beharko da: 17,50 euro/abelburua behi-aziendan, 22,50 euro/abelburua zaldi-aziendan eta 2,50 euro/abelburua ardi eta ahuntz-aziendan.

–Okubeko eta Atako larreak epe bakarrean erabiltzen direnean, aplikatuko den kanona izanen da: 35 euro/abelburua behi-aziendan, 45 euro/abelburua zaldi-aziendan eta 5 euro/abelburua ardi eta ahuntz-aziendan.

V. TITULUA

Arau-hausteak eta zehapenak

55. artikulua. Arau-hausteak eta zehapenak.

Arau-hausteak izanen dira ondoko hauek:

a) Aprobetxamendua norberak zuzenean eta pertsonalki ez egitea.

b) Herrilurretako larreak aprobetxatzen dituzten aziendekin ez betetzea indarra duen araudia, azienden osasun babesaren gainean.

c) Herritarren arteko aprobetxamenduen kanonak Udalak finkatzen dituen epeetan ez ordaintzea.

d) Herritarren arteko aprobetxamendua nabarmen gaizki egitea edo osorik ez egitea.

e) Abeltzaintzako denbora epeak ez betetzea eta/edo izenik eman gabe larreetan aziendak sartzea.

f) Animalia hilak lurperatu gabe uztea.

g) Zertarako esleitzen den herrilurra, beste zerbaitetarako erabiltzea.

h) Araudi honetan xedatutakoari kontra egiten dioten egitate edo egintza guztiak.

56. artikulua. Arau-hausteak honela zehatuko dira:

1. a. b. c. eta d. ataletan zehaztutako arau-urratzeak ekonomikoki zigortuko dira, hau da, egindako kaltearen balioaren halako 5 ordaindu beharko da. Balio hori zehazterik ez badago, 60 eurotik 12.000 eurora bitarteko zehapena ezarriko da. Horretaz gain, kontzesioa amaituko da.

2. e.f.g. eta h. letretako arau-hausteengatik zehapena izanen da egindako kaltearen balioaren gutxienez halako 5 eta gehienez halako 10 ordaintzea. Balio hori zehazterik ez badago, 60 eurotik 12.000 eurora bitarteko zehapena ezarriko da.

3. Arestian xedatutakoa gorabehera, kalteak ordaindu beharko dira eta egon daitezkeen erantzukizunei aurre egin beharko zaie; halaber, bidezkoa bada, legez kanpo lortu diren produktuak eta arau-haustean erabili diren bitarteko edo tresnak bahituko dira.

VI. TITULUA

Herrilurretako bestelako aprobetxamenduak

56. artikulua. 1. Herrilurrak sartuz eraturiko barrutietako ehizaren aprobetxamendua dagokion foru araudian ezarritakoari jarraikiz eginen da.

2. Era berean, onuradunek barrutiak seinalatu beharko dituzte eta haien erabilera eta aprobetxamenduagatik gerta daitezkeen kalteen erantzukizun osoa izanen dute.

3. Uharte Arakilgo Udalak hermendia bestelako aprobetxamendu eta erabileretarako esleitzea balioetsiko du, eta beharren arabera arautuko dira.

Xedapen indargabetzaile bakarra.–Indarrik gabe geldituko dira, inongo baliorik eta ondoriorik ez dutela, ordenantza honek indarra hartzen duen unetik hasita, hari kontra egin eta ezarrita diren maila bereko edo txikiagoko xedapen eta ordenantza guztiak. Atako, Okubeko eta Ardantzarretako larre hesituak arautzen dituen ordenantza espresuki indarrik gabe utzi da.

Azken xedapena.–Ordenantza honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iragarkiaren kodea: L1500997