31. ALDIZKARIA - 2015eko otsailaren 16a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

ORKOIEN

Autoenplegua sustatzeko 2015eko laguntzen deialdia eta oinarriak

2015eko urtarrilaren 28an egin bilkuran, erabaki zen 2015ean autoenplegua sustatzeko diru-laguntzen deialdia onestea eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Argitara ematen da, orok jakin dezan.

Orkoienen, 2015eko urtarrilaren 29an.–Alkatea, Carlos Arróniz Loyola.

OINARRI ARAUTZAILEAK

1. oinarria.–Xedea.

Oinarri arautzaile hauen xedea da pizgarriak ezartzea, autoenpleguaren bidezko ekimenak sustatzeko, Orkoienen ekimen berritzaileak eta mota askotakoak abian jartzera lagunduz.

Diru-laguntza hauek aplikatuko zaizkie diru-laguntza jaso dezaketen ekintzei, 2015ean egiten badira.

2. oinarria.–Finantzaketa.

Oinarri hauetan arautzen diren diru-laguntzak emateko, 2015eko finantzaketa 2015ean indarra duen aurrekontuan dagokion kontu-sailaren kargura eginen da, betiere aurrekontu horretan kontu-sail egoki eta behar adinako bada; 10.000,00 euroko zenbatekoa aurreikusten da.

Ematen diren diru-laguntzen zenbatekoa aipaturiko aurrekontu-aplikazioan erabilgarri dagoen kredituaren mugara bitartekoa izanen da.

3. oinarria.–Laguntzen onuradunak.

Oinarri arautzaile hauetan ezarritako diru-laguntzen onuradunak izanen dira langile autonomoak, baldin eta diru-laguntzak beren izenean eskatzen badituzte.

4. oinarria.–Onuradunek bete beharreko baldintzak.

Deialdi honetan aurreikusitako laguntzen onuradun izateko, langile autonomoek baldintza hauek bete behar dituzte:

a) Orkoiengo Udalean erroldatuta egotea, gutxienez urtebeteko antzinatasunarekin.

b) Langabezian eta Nafarroako Enplegu Zerbitzuko agentzietan enplegu eskatzaile gisa inskribatuta egon izana 2015ean jarduera hasten duen unean.

c) Langile autonomo gisa lan egiten hasi eta Orkoienen jarduera ekonomikoen gaineko zergan eta Gizarte Segurantzako araubide berezian kidetzea.

5. oinarria.–Bazterketak.

Deialdi honetan aurreikusitako laguntzak ez zaizkie hauei aplikatuko: jarduera hasi aitzineko hiru urtean, jarduera berean edo antzekoan autonomo gisa ibili diren langileei.

6. oinarria.–Laguntzen metaketa eta bateraezintasuna.

Deialdi honen xede diren diru-laguntzak bateragarriak izanen dira xede bera duten bertze laguntza edo diru-laguntza batzuekin.

7. oinarria.–Diru-laguntzen onuradunen betebeharrak.

Diru-laguntzen onuradunak lan horretan aritzera behartuta daude urtebetez, eta hiruhilekoan gutxienez 900 euroko fakturazioa eduki beharko dute lehenengo bi hiruhilekoetan, eta 1.500 eurokoa, berriz, azkeneko bi hiruhilekoetan.

Ez baldin badu jarduera horrekin jarraitzen ezarritako epe horretan, Udalari jakinaraziko dio jardueraren bukaera eguna, eskabidea aurkeztuz. Kasu horretan, ez da ordura arte jasotakoa itzultzeko eskatuko. Baina ezin izanen du diru-laguntzaren gainerakoa eskatu, berriz ere jarduerari ekiten badio.

8. oinarria.–Laguntzen zenbatekoa.

Deialdi honetako esleipen-hartzaileendako laguntza bakarra emanen da. Urteko 1.000 euroko gehieneko diru-laguntza emanen da, hiruhilero ordainduko dena (250 euro), hiruhilekoaren fakturazioa aurkeztu ondotik, deialdi honetako baldintzei jarraituz, BEZaren hiruhilekoko aitorpenaren bitartez.

9. oinarria.–Epea, instrukzioa, tramitazioa eta ebazpena.

Prozedura alde batek eskaturik hasiko da; hala, interesdunak Orkoiengo Udalera eskaera igorriko du eta entitate horretako erregistroan aurkeztuko da. Halaber, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4. artikuluan ezarritako moduetako edozeinetan aurkezten ahalko da.

Diru-laguntzak emateko prozeduraren instrukzioa eta tramitazioa Udalaren Kontu-hartzailetzari dagozkio eta ebazpena, berriz, alkateari. Orkoiengo Udala izanen da arduraduna eskatzailearen datuak zuzenak diren frogatzeko, zehazki Orkoienen erroldatua egotearen betebeharra eta JEZean izena emanda eta ordainketak eguneratuak izatea.

Eskaerak aurkezteko epea bi hilabetekoa izanen da, autonomo gisa lanean hasi eta biharamunetik hasita. Eskaera epez kanpo aurkeztuz gero ukatu eginen da diru-laguntza.

Diru-laguntzak eskatzeko epea 2015eko abenduaren 31n bukatuko da. Onartutako eskaerek urtebeteko iraupena izanen dute gehienez (4 hiruhileko). Laguntza dagokion urtea bukatzen denean amaituko da, kasu honetan 2015a, eta zati proportzionala urtea amaitzean ordainduko da. Dena dela, hurrengo ekitaldian aurrekontu-asignaziorik baldin badago, lehenik eta behin 2015ean onetsitako eskaerak ordainduko dira, emandako epea amaitu arte.

Deialdi honetara aurkezten ahalko dira autonomo gisa alta emanda daudenak, bai eta JEZean ere, 2015ko urtarrilaren 1etik aitzina.

Deialdi honetako eskabideak eta eranskinak eskura daude Udalaren web orrian eta Orkoiengo Udalaren erregistroan ere eskatzen ahalko dira.

Eskabideak eredu normalizatuetan aurkeztu beharko dira, eskabide orriaren ifrentzuan agertzen diren agiriekin batera.

Orkoiengo Udalak aurkezten den eskaera behar bezala baloratu eta ebazteko behar dituen argibide osagarri guztiak eskatzen ahalko ditu.

Orkoiengo Udaleko alkateak emanen du diru-laguntza onartzeko edo ukatzeko ebazpena. Diru-laguntzen zenbatekoa baino eskabide gehiago badago, esleitzeko irizpidea kronologikoa izanen da, alegia, eskatutako dokumentazioarekin lagundutako eskaeraren aurkezpen datari jarraituko zaio. Ebazpen hori gehienez ere bi hilabetean eman eta jakinaraziko da, eskaera, tramitatzeko, udal erregistroan sartzen denetik hasita. Epe hori ebazpen espresik jakinarazi gabe bukatzen bada, ulertuko da aurkeztutako eskaera administrazioaren isiltasunaren bidez ezetsi dela.

Orkoiengo Udalak diru-laguntza eskatzeko funtsa den jarduketa egin dela egiaztatu ondoren, diru-laguntza eman eta ordainduko du.

Ebazpenak administrazio bideari amaiera emanen dio. Horregatik, haren kontra berraztertzeko errekurtsoa edo gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahalko da, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzenduta, ebazpena jakinarazi eta biharamunetik hilabeteko epean.

10. oinarria.–Laguntza emateko prozedura.

Deialdi honetan ezartzen diren diru-laguntzak emateko prozedura lotuko zaio oinarri arautzaile hauetan ezarritakoari, eta bana-banako ebaluazio araubidean tramitatuko dira.

11. oinarria.–Ordainketa.

Diru-laguntza hiruhilekoan behin ordainduko da, ebazpen egunetik kontatzen hasita eta hilabetea bukatuta. Horretarako aldez aurretik frogatuko du Gizarte Segurantzako ordainketak eta JEZa eguneraturik dituela eta orobat 7. oinarrian ezarritako fakturazioa ere frogatu beharko du.

12. oinarria.–Diru-laguntzak itzultzea.

Diru-laguntza emateko ebazpena baliorik gabe uzteko arrazoiak bildurik daude Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 36. artikuluan, eta badira, orobat, lege horren 37. artikuluan jasotzen diren bertze kasu batzuk; horiek guztiek ekarriko dute hartutako zenbatekoa osorik edo partez itzuli beharra, baita berandutza interesak pagatzeko eskatzea ere, diru-laguntza eman zenetik hori itzuli behar dela erabaki bitarte.

Diru-laguntzak itzultzeko prozedura arautuko dute Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen VI. tituluan administrazio prozeduren gainean dauden xedapen orokorrek eta Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrean ezarritakoak.

13. oinarria.–Zehapen prozedura.

Dirua itzultzeko espedientearen tramitazioaren ondorioz sumatzen bada 38/2003 Legearen IV. tituluko I. kapituluan zehazten diren arau-hausteetako bat izan dela, lege horretan ezarritako prozedurari jarraikiko zaio.

Orobat, enpresak aurkeztutako dokumentuetan funtsezko irregulartasuna dagoela antzematen baldin bada, emandako diru-laguntza ezeztatu eta kobratutako zenbatekoa itzultzeko eskatzen ahalko da.

14. oinarria.–Aplikatu beharreko araudia.

Oinarri arautzaile hauetan xedaturik ez dagoen guztian, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorra aplikatuko da.

Iragarkiaren kodea: L1501561