Iragarkia
31. ALDIZKARIA - 2015eko otsailaren 16a
1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.5. ESTATUTUAK ETA LAN HITZARMEN KOLEKTIBOAK
EBAZPENA, 2015eko urtarrilaren 8koa, Arriskuen Prebentziorako eta Lanaren zuzendari nagusiak emana, Tafallako Hospital Nuestra Señora de la Caridad entitatearen hitzarmen kolektiboa erregistratu, gorde eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea erabakitzen duena.
Tafallako Hospital Nuestra Señora de la Caridad entitatearen hitzarmen kolektiboaren testua (kode zenbakia: 31003782011999) aztertu da, Erregistro honetan 2014ko otsailaren 11n sartu zena eta enpresaren ordezkariek eta sindikatuen ordezkariek 2013ko uztailaren 1ean izenpetu eta 2014ko abenduaren 19an zuzendu zutena, Langileen Estatutuari buruzko Legearen testu bategina onetsi zuen martxoaren 24ko 1/1995 Legegintzako Errege Dekretuaren 90. artikuluaren 2. eta 3. idatz-zatietan eta Hitzarmen Kolektiboen eta Akordioen Erregistro eta Gordailuei buruzko maiatzaren 28ko 713/2010 Errege Dekretuan ezarritakoaren arabera. Horrenbestez,
EBATZI DUT:
1. Nafarroako Lan Hitzarmen eta Akordio Kolektiboen Erregistroan inskribatzeko agintzea.
2. Ebazpen hau Negoziazio Batzordeari jakinaraztea, eta adieraztea ebazpenak ez duela administrazio bidea amaitzen eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dela, Ekonomia, Ogasun, Industria eta Enpleguko kontseilariari zuzendua, jakinarazi eta biharamunetik hilabeteko epean.
3. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzeko agintzea, denek jakin dezaten.
Iruñean, 2015eko urtarrilaren 8an.–Arriskuen Prebentziorako eta Lanaren zuzendari nagusia, Imelda Lorea Echavarren.
TAFALLAKO HOSPITAL NUESTRA SEÑORA DE LA CARIDAD ENPRESAREN LAN HITZARMEN KOLEKTIBOA
1. artikulua. Langileria eta eremu funtzionala.
Hitzarmen kolektibo honek Tafallako Nuestra Señora de la Caridad ospitalean zerbitzuak ematen dituzten langileen lan baldintzak arautzen ditu, langile finkoak zein behin-behinekoak izan.
2. artikulua. Lurralde eremua.
Hitzarmen honek Tafallako Nuestra Señora de la Caridad ospitalean izanen du indarra.
3. artikulua. Iraunaldia.
Enpresako hitzarmen kolektibo honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra, harik eta itundu den indarraldia bukatu arte; salbuespenak dira beste indarraldi baterako espres adostu diren arauak eta baldintzak.
Horrenbestez, hitzarmen kolektibo honek 2013ko urtarrilaren 1etik 2016ko abenduaren 31 arte indarraldia izatea adostu dute alderdiek.
Dena dela, hitzarmena salaturik, bi urtez gutxienez indarraldian jarraituko du osorik, harik eta alderdiek hitzarmen kolektibo berri bat espres adostu arte.
Langileen Estatutuaren 86.2 artikuluan ezarritakoaren ondorioetarako, hitzarmen kolektibo honen indarraldia bukatzen den egunetik salatutzat joko da.
4. artikulua. Ondorioak.
Alderdiek adostu dutenez, hitzarmen honetan itundutako baldintzek multzo zatiezina osatzen dute; beraz, ez dago arauetako bat edo batzuk aplikatzerik gainerakoak ahantzirik.
Hitzarmen honetako ordainsariek eta gainerako baldintzek erabat deuseztatzen dituzte aurreko baldintza guztiak, beste hitzarmen kolektibo baten, arau, itun edo edo banaka aitortutako beste edozein baldintza baten ondorio direnak, kobratzen ahal diren lansarien eta lanez kanpoko sarien jatorria edozein izanik ere. Beraz, hitzarmen honetan ezarritako sariak geldituko dira soilik, eta ezin izanen dira beste batzuk ezarri, zeren haiek lehendik daudenak edo etorkizunean izan daitezkeenak konpentsatu eta irensten baitituzte. Nominak horien arabera eguneratuko dira.
5. artikulua. Lanaren antolaketa.
Lanaren antolaketa tekniko eta praktikoa ospitaleko zuzendaritzari dagokio, indarra duten legezko xedapenen arabera.
Horretarako, lanerako metodo eta prozesuak baloratu, arrazionalizatu eta hobetzeko sistemak eta zerbitzu bikaina (nolakoari eta zenbatekoari dagokienez) emateko plantilla, lantalde eta langileen arteko harremanak ezartzen ahalko dira. Lanpostuak gehitu edo aldatzen ahalko dira, baita beharrezko aldaketak egin ere laneko denboraren okupazioa egokia izan dadin; halaber, langileen eginkizunetan eta mugikortasunean, eta beharrezkotzat jotzen diren lan metodo berriak egokitu, abiaburutzat hartuta jarduera guztiak zahar-egoitzaren eta bertan bizi direnen beharren arabera garatu behar direla.
6. artikulua. Kategoria handiagoko edo txikiagoko lanak.
1.–Aparteko eta ezinbesteko beharrei erantzuteko eginen dira kategoria handiagoko lanak; beraz, ezinbesteko denbora baino ez du iraunen, eta ez da inoiz bost hilabete baino gehiagokoa izanen urtean, ezta zazpi baino gehiagokoa ere, bi urtean.
2.–Lanpostu berriak ordainsari handiagoa badu, langileak lanpostu berriari dagokion ordainsaria jasotzeko eskubidea izanen du. Kategoria handiagoko lan batean aritze hutsak ez du inoiz soldata finkatuko, ezta goragoko kategoria ere.
3.–Premia larriak edo aurreikusi ezin direnak direla eta, ospitaleak langile bati ordainsari txikiagoko lanpostu bati dagozkion zereginak esleitu beharra izaten badu, zilegi izanen du hala egitea, gehienez ere urtebetez, eta mantendu eginen dira atxikita dituen taldeko eta lanpostuko ordainsaria eta gainerako eskubideak, eta horren berri emanen zaie langileen ordezkariei; hori guztia, Langileen Estatutuaren 41. artikuluan ezarritakoa galarazi gabe.
7. artikulua. Lanbide prestakuntza.
1.–Hitzarmen honen esparruko langileei ikasketak egiteko erraztasunak emanen zaizkie, titulu akademikoa edo profesionala eskura dezaten, orobat, lanbide prestakuntzako ikastaroetara joateko, lanbide hobekuntzako ikastaroak egiteko, eta lanbide birmoldaketarako eta gaikuntzarako ikastaroak egiteko.
2.–Ikasketa akademikoak eta lanbide prestakuntza edo hobekuntza arlokoak egiten ari diren langileek lehentasuna izanen dute oporrak eta lan txandak aukeratzeko, baita lanaldi arrunta egokitzeko ere ikastaroetara joan ahal daitezen, laneko premiak eta antolaketak horretarako bide ematen duten neurrian.
3.–Aldaketa teknikoetara egokitzeko antolatzen diren ikastaroetan langileek emandako denbora benetako lanalditzat joko da.
4.–Lanbide prestakuntza, eraberritze eta gaikuntzako ikastaroen gastuak (matrikula, egonaldia eta kilometrajea) diruz lagunduko dira, ikastaroak ospitalearen irizpideen eta beharren arabera gauzatu baldin badira.
8. artikulua. Lanbide kategoriak.
a) Zuzendaritza.
b) OLT-Erizaintzako unibertsitate-diplomaduna.
c) Fisioterapiako diplomaduna.
d) Zerbitzu anitzetako langileak.
9. artikulua. Probaldia.
–Zuzendaritza: 6 hilabete.
–OLT-EDa: 6 hilabete.
–Fisioterapeuta: 3 hilabete.
–Zerbitzu anitzetako langileak: 15 lanegun.
10. artikulua. Lanaldia, ordutegiak eta oporrak.
1.–Lanaldia.
a) Urteko lanaldia 1.694 ordukoa izanen da 2013. urterako, erizaintzaren kategoriarako izan ezik, horrentzat urte horretan 1.680 orduko lanaldia izanen baita.
1.701 ordu 2014. eta 2015. urteetarako,
eta 1.680 ordu benetako lanaldia 2016. urterako.
b) Ospitaleak burutzen duen jardueraren ezaugarriak direnak direlako eta zerbitzuak etenik gabe eman behar direnez, beharrezkoa den eremuetan, goizeko, arratsaldeko eta gaueko txandetan emanen dira zerbitzuak, urtero prestatzen den egutegiaren arabera.
Lana txandaka antolatua dagoen sisteman, eguneko lanaldi luzeena 10 ordukoa izatea adostu dute alderdiek haren beharra dagoenean; betiere, urteko benetako lanaldia gainditu gabe eta legeak ezarritako gutxieneko atsedenaldiak errespetatuta.
Hitzarmen kolektibo honetan lanaldiari buruz jasotzen den erregulazioak ez du beharrezkotzat jotzen portzentajeak ezartzea modu irregularrean banatzeko; kontrako ituna da, Langileen Estatutuaren 34.2 artikuluak eskatzen duena.
2.–Oporrak.
a) Hogeita hamar egun natural izanen dira langileek urtean ordainduta izanen dituzten oporrak, edo proportzioan dagozkien egunak, zerbitzuan egindako denbora txikiagoa bada.
b) Langileek arauzko oporretan jasoko duten ordainsaria beren ohiko lanarengatik jasotzen duten bera izanen da.
c) Arauzko oporrei dagokienez, komenigarri da haien erdiak udan izatea, hau da, ekainaren 15etik irailaren 15a arte. Zerbitzuaren beharren arabera finkatuko da udako zer egunetan hartuko den sasoi horri dagokion opor zatia. Gainerako opor egunak urtean zehar hartuko dira, zerbitzuaren beharren arabera.
d) Oporraldiak noiz hartu behar diren finkatzeko, bi alderdien artean adostuko dira, halako moduan, non hamabostaldi bat bederen jarraian hartuko baita.
e) Oporraldietarako eta baimenaldi ordainduetarako, behin-behineko kontratuak eginen dira, haien beharrik bada.
11. artikulua. Baimenak, lizentziak eta eszedentziak.
Langileek, aldez aurretik abisatu eta justifikatuta, kasua bada, baimena dute lanera ez agertzeko, ondorengo artikuluetan aurreikusitako denboretan eta kasuetan:
A.–Ordaindutako lizentziak emanen dira ondoko arrazoiengatik:
1.–Ordaindutako lizentziak emanen dira ikastetxe ofizial edo homologatuetako amaierako azterketak eta gainerako gaitasun eta ebaluazioko behin betiko probak egiteko. Tokiz mugitu beharra bada, lizentziak joan-etorri horretarako denbora hartuko du kontuan.
Aurreko lerroaldeak aipatzen dituen lizentziak emanak dituzten langileek organo eskudunean aurkeztu beharko dute azterketa edo proba horiek egin dituztela adierazten duen frogagiria.
2.–Ezkontzeagatik, langileek eskubidea dute hamabost egun naturaleko lizentzia ordaindua izateko. Egun horiek opor arruntekin batera daitezke.
Ezkontza frogatzeko, familia liburua edo erregistro zibileko ziurtagiria aurkeztu beharko zaio organo eskudunari.
3.–Langile emakumezkoek, erditzearen kasuan, amatasunarengatiko lizentzia batez baliatzeko eskubidea izanen dute: etenik gabeko hamazazpi aste izanen dira; erditze multipleen kasuan beste bi aste gehituko dira ume bakoitzeko bigarren umetik aurrera. Lizentziaren aldia interesdunak hautatzen duen moduan banatuko da, baina sei aste erditzearen ondokoak izanen dira; aita denbora guztiaz edo, kasua bada, lizentziatik gelditzen denaz baliatu ahal izanen da ama hiltzen bada.
Amatasunarengatiko lizentziarako eskaerari ginekologoaren txostena erantsi beharko zaio; hartan egiaztatuko du haurdunaldia ehun eta laurogei egunetik gorakoa izan dela. Halaber, lizentzia horretaz baliatzen zein egunetan hasi nahi den adieraziko da eskaeran.
Jaioteguna frogatzeko, organo eskudunari familia liburua edo Erregistro Zibileko ziurtagiria aurkeztu beharko zaio.
Aurrekoa gorabehera, eta erditu ondoren amak atsedenerako sei aste hartu beharra galarazi gabe, bai aitak eta bai amak lan egiten badute, amak amatasuneko atsedenaldia hastean erabakitzen ahalko du haurra izan ondoko baimen denboraren zati jakin eta jarraitu bat aitak har dezakeela, amarenaren aldi berean edo ondoren, baldin eta amaren osasunerako arriskurik ez badakar tarte horretan lanera itzultzeak.
Garaia baino lehen erdituz gero edo edozein arrazoirengatik jaioberriak erditzearen ondoren ospitalean egon behar izanez gero, amak edo, bestela, aitak eskaturik, ospitaleko alta hartzen denetik aurrera kontatzen ahalko da baimena, erditu ondorengo lehenbiziko sei asteak kontuan hartu gabe, amak atsedena hartu behar baitu. Aukera hori erabiltzen ahalko da, halaber, jaioberriak erditzearen ondorengo sei asteetan ospitalean egon behar badu.
Adopzio kasuetan edo adopzioaren aurreko harrera nahiz harrera iraunkorreko kasuetan, baldin eta sei urte baino gutxiagoko haurrak hartzen badira, baimenak etenik gabeko hamazazpi aste iraunen du; denbora hori beste bi astez luzatu ahal izanen da seme-alaba bakoitzarengatik adopzio edo harrera anitzaren kasuan; denbora hori langileak hautatzen duen moduan kontatuko da, harreraren erabaki administratibo edo judizialaren unetik aurrera nahiz adopzioa egiteko ebazpen judizialetik aurrera. Baimenaren iraupena hamazazpi astekoa izanen da, sei urte baino gehiagoko adingabeak hartuz gero, baldin eta adingabe ezgaitu edo minusbaliatuak badira edo inguruabar edo esperientzia pertsonalengatik nahiz atzerritik datozelako, gizarteratzeko eta familian integratzeko zailtasun bereziak badaude; hori guztia, betiere, gizarte zerbitzu eskudunek egiaztatu beharko dute. Aitak eta amak lan eginez gero, baimena interesdunek hautatzen duten moduan banatuko da, eta aldi berean nahiz bata bestearen ondoren baliatzen ahalko dira hartaz, betiere etenik gabeko aldietan.
Nazioarteko adopzio kasuetan, gurasoek adopzioan hartuko duten haurraren jatorrizko herrialdera joan beharra dutenean, adopzioari buruzko ebazpena eman baino lau aste lehenagotik hasten ahalko da aurreko lerroaldeko kasu bakoitzerako aurreikusitako lizentzia.
Atsedenaldiak batera hartuz gero, haien baturak ezin izanen du gainditu aurreko ataletan aurreikusitako hamazazpi asteko kopurua, edo erditze multiplea izanez gero dagokien kopurua.
B.–Ordaindutako baimenak emanen dira justifikatutako ondoko arrazoiengatik:
1.–Hamabost eguneko baimen ordaindua emanen da jaiotako seme edo alaba bakoitzeko. Baina erditze multiplea izanez gero, bi egun gehiago ume bakoitzeko, bigarrenetik aurrera.
Baimena jaiotzaren egunetik beretik edo amak osasun zentroan alta hartzen duen egunetik aurrera hartzen ahalko da, baldin eta hori zerbitzuaren beharrekin bateragarria bada.
Baimen ordaindu hori bateragarria izanen da jaioberriaren ospitalizazioarekin, bi baimenen betekizunak bat datozenean eta batera gertatzen direnean.
2.–Ezkontidearen, bizikidearen eta lehenengo graduko odol-ahaideen heriotzagatik lau eguneko baimen ordaindua emanen da, Nafarroako Foru Komunitatean gertatzen denean, eta bost egunekoa Nafarroatik kanpora izanez gero.
Ezkontza bidezko lehen graduko ahaideen eta anai-arreben heriotzagatik hiru eguneko baimen ordaindua emanen da, Nafarroako Foru Komunitatean gertatzen denean, eta lau egunekoa Nafarroatik kanpora izanez gero.
3.–Ezkontidea edo bizikidea eta lehen graduko odol-ahaideak ospitaleratzeagatik, bost egun baino gehiago luzatzen bada, edo irizpen medikoa eritasun larriarena edo oso larriarena baldin bada (ospitaleratzearekin edo gabe) lau eguneko baimen ordaindua emanen da Nafarroako Foru Komunitatean gertatzen denean, eta bost egunekoa Nafarroatik kanpora izanez gero.
Hiru eguneko baimen ordaindua emanen da ezkontza bidezko lehen mailako ahaideak edo anai-arrebak bost egun baino gehiago ospitaleratu beharrean daudenean edo irizpen medikoa (ospitalean egon edo ez) eritasun larriarena edo oso larriarena denean, gertaera Nafarroako Foru Komunitatean izaten bada, eta lau egunekoa handik kanpora izaten denean.
Iraupen laburragoko ospitalizazioen kasuan, edo irizpen medikoa pronostiko erreserbatuarena edo ez horren larriarena baldin bada, ordaindutako baimena bi egunekoa izanen da, Foru Komunitatean gertatzen denean, eta lau egunekoa, Nafarroatik kanpo gertatuz gero.
4.–Bi eguneko baimen ordaindua emanen da 2. eta 3. ataletan ezarritako arrazoi berengatik, atal horietan aurreikusi gabeko odolkidetasun edo ezkontza-ahaidetasuneko bigarren gradua bitarteko ahaideen kasuan, baldin eta gertakaria Nafarroako Foru Komunitatean izaten bada, eta lau egunekoa, gertaera Nafarroatik kanpo izaten bada.
3. eta 4. ataletan aurreikusitako eritasun edo ospitalizazioaren kasuan, ordaindutako baimeneko kasuan kasuko lanegunak, gertakaria hasi zen eguna kontuan hartuta, gertakariak irauten duen guztian erabiltzen ahalko da, baldin eta hori zerbitzuaren beharrekin bateragarria bada.
5.–Bi eguneko baimen ordaindua emanen da, ezkontideari, bizikideari, seme-alabei edo gurasoei kirurgia handi anbulatorioko ebakuntzaren bat egin behar izanez gero. Ondorio horietarako, kirurgia anbulatorio handitzat hartuko dira gaixoak ebakuntzaren egun berean etxera itzultzen direneko prozedura kirurgikoak, kontuan hartu gabe aplikatu zaien anestesia eta denbora tarte bat iraganik.
Artikulu honen 3. eta 4. ataletan ezarritako baimen ordainduetako bat ez da ematen ahal harik eta hilabete, gutxienez, iragan arte subjektu eragile beragatik eta arrazoi beragatik lehenago emandako beste baimena bukatzen denetik.
6.–Egun bateko baimen ordaindua emanen da bizilekuz aldatzeko.
7.–Bederatzi hilabetetik beherako haur bat duten emakumezko langileek lanetik egunean ordubetez ateratzeko eskubidea izanen dute; langileak bi zatitan banatzen ahalko du denbora hori, edo lanaldia ordu erdiz murrizten ahalko du. Hautaketa hori ezin izanen zaio ukatu salbuespenez eta arrazoien gainean baizik, emateak zerbitzuaren funtzionamenduari traba handia egiten dioten kasuetan.
Baimen hau langileen eskubide indibiduala da, gizon nahiz emakume izan, baina gurasoetako batek bakarrik erabiliko du, biak lanean ari diren kasuetan.
8.–Baimen ordainduak ematen ahalko dira saihestu ezin daitekeen betebehar publiko edo pertsonal bat betetzeko behar den denborarako, baita eginkizun sindikaletan, prestakuntza sindikalean edo langileen ordezkaritza lanetan aritzeko ere, Langileen Estatutuaren 68 e) artikuluan ezarritakoa galarazi gabe.
9.–Aurreko lerroaldean ezarritakoaren arabera, Europako Parlamentuko kide izateko, Gorte Nagusietako diputatu edo senatari karguetarako, Nafarroako Parlamentuko kide izateko edo beste edozein autonomia erkidegotako legebiltzarretako kide izateko eta udalbatzetako kide izateko hauteskundeetan hautagai aurkezten direnak zerbitzua ematetik libratzen ahalko dira hauteskunde kanpainak irauten duen bitartean, ordaindutako baimenaren bitartez; betiere, interesdunak eskaria egin beharko du.
10.–Ordaindutako baimenak ematen ahalko zaizkie langile emakumezkoei erditu aurreko azterketetarako eta prestaketa teknikei buruzko ikastaroetara joateko, baldin eta lanaldia bitartean egin beharrekoak badira.
11.–Urtean zehar, langileek eskubidea izanen dute bere kontuetarako gehienez ere hiru baimen egun, ordainduak, hartzeko, aurreko artikuluetan ezarritakoez aparte. Egun horiek urteko opor egun baimenduei gehitzen ahalko zaizkie; horretarako, adostasuna beharko da zentroko zuzendaritzaren eta langilearen artean, eta zerbitzuaren beharrek baldintzako dute hura eman edo ez.
Artikulu honetan erregulatutako baimenak eskuratu nahi dituzten langileek haiek eskuratzeko eskatzen diren baldintzak betetzeari buruzko egiaztagiriak aurkeztu beharko dizkiote organo eskudunari.
C.–Ordaindu gabeko lizentzia hauek ematen ahalko dira:
Norberaren gauzetarako. Metaturik ez dira inoiz 5 hilabetetik gorakoak izanen bi urte naturaleko epean.
Aurreko artikuluan jasotako lizentziak emateko, ondoko arauak bete beharko dira:
–Eskaerek arrazoituta egon beharko dute.
–Lizentzia hau eskatzeko ez da beharrezkoa izanen oporrak aurretik ahiturik izatea.
–Lizentzia eman edo ukatzeko, zerbitzuaren beharrak hartuko dira aintzat, salbu eta eskatzaileak lizentzian hasi baino lehendik ordezkoa duenean.
–Organo eskudunak baimena ukatuz gero, horretarako arrazoiak azalduko ditu.
–Ordaindu gabeko lizentziaren aldiak ez du oporretarako eskubiderik sortuko, ezta, beraz, kontuan hartuko ere egin beharreko ordainsarien deskontua, salbu eta oporrez jada baliatu bada.
Interesdunak aldez aurretik eskatuta emanen dira artikulu honetan aipatzen diren lizentzia eta baimenak; betiere, zerbitzuaren beharrak beteko dira.
Artikulu honetan arautzen diren lizentzia eta baimenen ondorioetarako, ezkontidetzat joko dira bikote egonkorretako kideak, Bikote egonkorren berdintasun juridikorako uztailaren 3ko 6/2000 Foru Legean ezarri bezala.
D.–Lanaldia murriztea.
Hitzarmen honen aplikazioaren eremuko langileek lanaldia murrizteko eskubidea izanen dute adingaberen bat edo desgaitasunen bat duen norbaiten legezko zaintza egiteko, uneoro langileei aplikatzen zaien gaur egungo lan arloko legeriak ezarrita duen modu berean.
E.–Eszedentziak.
Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bategina onesten duen abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuaren VI. kapituluko 22., 23., 24., 25., 26., 27., 28., 29. eta 30. artikuluetan xedatutakoari lotuko zaio.
Borondatezko eszedentzia jasotzen duen langilea besterik gabe hasten ahalko da lanean berriro bere lanpostuan 18 hilabeteko epean, eszedentzia eman zitzaion egunetik zenbatuta.
12. artikulua. Ordainsariak.
a) Nafarroako aurreko urteko KPIa gehituta ateratzen diren ordainsariak jasotzeko eskubidea izanen dute ospitaleko langileek, 2013ko uztailaren 1etik aurrera. 2013an, KPI hori antzinatasunaren kontzeptutik xurgatuko zaie hura sorrarazia duten langileei.
b) Hitzarmen honen aplikazio eremuko langileek ezin izanen dute edozein zerbitzuren ordainetan Administrazioek sorraraz ditzaketen edozein motatako tributu, ordainarazpen edo bestelako diru-sarrerarik kobratu, eta hitzarmen honetan ezarritako ordainsariak besterik ez dituzte kobratuko.
c) Soldata igoerak eta berrikuspena.
–2014. urtean.
2014. urterako, hitzarmen honetan ezarritako oinarrizko lansariaren igoera itundu da, Nafarroako KPIak 2013ko abenduaren 31n duen kopurua adinakoa; KPI hori %66an xurgatuko zaie antzinatasunaren kontzeptutik hura sorrarazia duten langileei.
–2015. urtean.
2015. urterako, hitzarmen honetan ezarritako oinarrizko lansariaren igoera itundu da, Nafarroako KPIak 2014ko abenduaren 31n duen kopurua adinakoa; KPI hori %33an xurgatuko zaie antzinatasunaren kontzeptutik hura sorrarazia duten langileei.
–2016. urtean.
2016. urterako, hitzarmen honetan ezarritako oinarrizko lansariaren igoera itundu da, Nafarroako KPIak 2015eko abenduaren 31n duen kopurua adinakoa.
13. artikulua. Oinarrizko soldata.
a) I. eranskinen ageri dira lanbide kategoria bakoitzari dagozkion oinarrizko soldatak.
b) Lanaldi partzialeko langileak, finkoa edo aldi baterakoak.
Lanaldi partzialeko kontratua dutenek uneoro egindako lanaldiaren araberako ordainsariak jasoko dituzte.
14. artikulua. Soldataren osagarriak.
1. Norbanakoaren antzinatasun plusa.
Hitzarmen kolektibo hau sinatzean antzinatasuna sorrarazia duten langileek antzinatasun plusa jasoko dute; hain zuzen ere, hitzarmen honen 13. artikuluan azaldutakoa xurgatu ondoren gelditzen den soberakina.
1. Antzinatasuna.
Hitzarmen hau sinatzean, hirurtekoen araberako antzinatasunaren kontzeptua sortuko da 2013ko urtarrilaren 1etik aurrera: 18 euro hirurteko bakoitzeko.
2. Gaueko lanaren plusa.
22:00etatik 08:00ak arte lan egiten duten langileek gaueko lanaren plusa jasoko dute denbora horregatik, salbu berez gauekoak diren lanak egiten dituztenek.
Gaueko lana, lanegunean edo jaiegunean izan, ondoko diru zenbateko hauekin ordainduko da orduka, zer taldetan dauden sailkatuta, horren arabera:
–OLT-Eriz. D. 3,12 euro orduko.
–Zerbitzu anitzetako langileak, 2,70 euro orduko.
Gaueko zerbitzuak, gaueko laneko txandak antolatzearen ondoriozkoak, urtero prestatzen diren lan egutegien arabera eginen dira, eta langileek konpromisoa hartzen dute egunean gehienez ere 10 ordu egiteko gaueko orduetan.
2.–Jaiegun eta igandeetako ordainsaria.
a) Jaiegun ofizial errekuperaezinetan egindako zerbitzuen ordainsaria:
Ezarritako lan araubidea dela-eta urtero ofizialki ezarritako jaeigun errekuperaezinetako batean (14 egun urtean) zerbitzuan ari behar duten langileek diru konpentsazioa jasoko dute egun horietan lan egindako ordu bakoitzeko, ondoko taularen arabera:
2013. urtean eta 2014.ean, 40 euro, jaiegun bakoitzean 7 orduz lan egiteagatik.
2015. urtean, 30 euro ordainduko da jaiegun bakoitzean 7 orduz lan egiteagatik, eta 3,5 orduko atsedenaldia emanen da.
2016. urtean, 30 euro ordainduko da jaiegun bakoitzean 7 orduz lan egiteagatik, eta 3,5 orduko atsedenaldia emanen da, salbu 6 jaiegunez urtean, zeinetan 7 orduko atsedenaldia izanen baita 7 orduz lan egitearen aldera. Hauek dira jaiegun bereziak:
–Urtarrilaren 1a.
–Urtarrilaren 20a.
–Ostiral Santua.
–Abuztuaren 15a.
–Abenduaren 3a.
–Abenduaren 25a.
b) Igandeetan egindako zerbitzuen ordainsaria:
Ezarritako lan araubidea dela-eta zerbitzuak igandeetan emen behar dituzten langileek diru konpentsazioa jasoko dute egun horietan lan egindako ordu bakoitzeko, ondoko taularen arabera:
2013. urtean, hitzarmen hau sinatzen denetik aurrera, eta 2014. urtean; 2,50 euro gaueko ordu bakoitzeko, salbu igandero lan egiten dutenak.
2015. urtean, 3,06 euro gaueko ordua, eta 2016. urtean, 3,06 euro orduko, gehi aurreko urteko Nafarroako KPIa.
15. artikulua. Aparteko orduak.
1.–Lan egutegian ezarritako lanalditik kanpo edo horren gainetik ordutegi berezietan egindakoak dira aparteko orduak, lan egutegi hori bere adiera orokorrean ulertuta.
2.–Orobat, bi alderdiek konpromisoa hartzen dute guztiz beharrezkoak baino ez diren aparteko orduak egiteko.
Aparteko ordu bakoitza honela ordainduko da:
a) Laneguneko aparteko ordua ordu erreal baten balioari %75 gehituz ordainduko da.
b) Jaieguneko aparteko ordua ordu erreal baten balioari %100 gehituz ordainduko da.
3.–Zerbitzuaren beharrak hala ahalbidetzen duenean, diru-konpentsazioaren ordez langileak zilegi izanen du atsedenalditan kobratzea, lanegunetan lan egindako aparteko ordu bakoitzeko ordubete eta berrogeita bost minutu hartuz, eta bi ordu, jaiegunetan lan egindako ordu bakoitzeko.
16. artikulua. Aparteko pagak.
a) Hitzarmen honen aplikazio eremuan sartzen diren langileek aparteko bi paga izanen dituzte urtean; horietako bakoitza oinarrizko soldataz eta antzinatasunaz osatutako hileko soldata oso baten parekoa izanen da.
Paga horiek ekaineko eta azaroko ordainsariekin batera jasoko dira. Lehena urtarrilaren 1etik ekainaren 30era bitarte, eta bigarrena uztailaren 1etik abenduaren 31ra bitarte sorraraziko dira.
b) Seihilekoaren barrenean lanean hasi edo lana uzten duten langileen kasuan, denbora horretan lanean aritutako egunen araberako aparteko paga izanen dute.
17. artikulua. ABEko ordainsariak.
Kontingentzia arruntengatik edo lanetik kanpoko istripuagatik aldi baterako ezinduta dauden langileei osagarri hau bermatuko zaie:
0tik 21 arte, %75.
22tik aurrera, %100 arte.
Laneko istripuagatik edo lanbideko gaixotasunagatik aldi baterako ezinduta dauden langileei jardunean hilean jasoko lituzketen ordainsarien %100 arteko osagarria bermatuko zaie, egoera hori egiaztatua dagoen bitartean bajako parte eta hura berresteko parte ofizialen bidez.
Ordainsari hori Gizarte Segurantzako prestazioen borondatezko hobekuntza da.
18. artikulua. Istripu-asegurua.
Izenpetua dagoen istripu aseguruaren bidez, langile finkoen zein aldi baterako langileen heriotzako eta baliaezintasun iraunkorreko arriskuak babestuta daude.
19. artikulua. Bizi kalitatea, osasuna eta segurtasuna.
1.–Osasunarentzat kaltegarri duelako, zentro ofizial bateko txosten medikoaren bidez lanpostuz aldatu beharra frogatzen duen langileak bere egoera fisikoari edo psikikoari egokitutako lanpostu bat lortzeko eskubidea izanen du, ospitalean egon daitezkeen aukeren artean. Haien osasunari kalte egiten diolako beste lanpostu batera aldatzen diren langileek ez dute galera ekonomikorik izanen, ez dute lanbide kategoria galduko, eta ez dute horren ondorioz inolako kalterik izanen.
2.–Osasun azterketak.
Laneko Arriskuei Aurrea Hartzeko 31/95 Legean ezarritakoaren arabera, langile guztiek dute eskubidea urtean osasun azterketa bat, osoa, egin diezaieten. Azterketa hori ospitaleko istripuen mutualitateak eginen du.
20. artikulua. Absentismoa.
Sinatzaileen asmoa lan-absentismoa murriztea da, baita lanerako aldi baterako ezintasuna kontrolatzeko gaur egungo mekanismoak berrikustea ere, Langileen Estatutuaren 52.d) artikuluan eta gainerako aginduetan xedatutakoa galarazi gabe.
Diziplina araubidea
21. artikulua. Hutsegiteak eta zehapenak.
Langileek beren laneko betebeharrak betetzen ez dituztenean bakarrik zehatuko dira, laneko ez betetze hori diziplina hutsegitea denean, abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuaren (Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren Testu Bategina onesten du) II. tituluko IX. kapituluan ezartzen den prozedurarekin, hutsegiteen eta zehapenen graduazioarekin eta xedapen osagarriekin bat etorriz. Arau horiek osorik aplikatzen ahal zaizkie hitzarmen honen menpeko langileei, Langileen Estatutuaren 54. artikuluan xedatutakoarekin bat.
22. artikulua. Zehapenak.
Hutsegiteen kalifikazioaren arabera ezartzen ahal diren zehapenak hauek dira:
a) Hutsegite arinak.
–Idatzizko kargu-hartzea.
–Egun batetik lau egunera bitarteko enplegu-soldaten etenaldia.
b) Hutsegite larriak.
–Bost egunetik hogeita hamar egunera bitarteko enplegu-soldaten etenaldia.
–Behartutako lekualdatzea, inolako kalte-ordainik jasotzeko eskubiderik gabe.
c) Hutsegite oso larriak.
–Hilabetetik hiru hilabetera bitarteko enplegu-soldaten etenaldia.
–Kaleratzea.
23. artikulua. Hutsegiteen preskripzioa.
1.–Hutsegite arinek hamar egunen buruan preskribituko dute; larriek, hogei egunen buruan, eta oso larriek, hirurogei egunen buruan, Administrazioak hutsegite horien berri izan eta hortik aitzina eta, beti ere, egin eta handik sei hilabetera.
2.–Preskripzioa eten eginen da prozedurari hasiera ematea erabakitzen den unetik, eta horretarako hartzen den erabakiak behar bezala erregistratua behar du izan. Espedientearen tramitazioa hilabete baino gehiago eteten bada langileari egotzi ezin zaion kausa bategatik, preskripzio epea ez dela eten ulertuko da.
Eskubide sindikalak
24. artikulua. Langileen ordezkariak.
1.–Hitzarmen honen aplikazio eremuan sartzen diren langileek eskubidea dute beren lan baldintzak ezartzeko prozesuan parte hartzeko, legeak ezarritako moduan, artikulu honetan araututako organoen bitartez.
2.–Langileen ordezkaritza Enpresa Batzordeko kideei edo Langileen Ordezkariei dagokie, eta sindikatuen atalei beren afiliatuen ordezkaritza.
3.–Langileen ordezkariek edo enpresa batzordeko kideek eta atal sindikaletako ordezkariek eskubide, betebehar eta berme arautuak izanen dituzte, Langileen Estatutuaren 64. artikuluan eta hurrengoetan eta Askatasun Sindikalari buruzko Lege Organikoaren IV. tituluan ezarritakoaren bidez, hurrenez hurren.
4.–Batzordeko kideek edo ordezkariek ordu sindikalak metatzen ahalko dituzte, legez ezarritakoak gainditu gabe.
5.–Lanpostu finkoak edo aldi baterakoak betetzeko deialdiaren epaimahaian bereziki egonen dira langileen ordezkariak.
25. artikulua. Biltzeko eskubidea.
Langileek batzarrak egiteko eskubidea izanen dute honako baldintza hauek betez:
a) Batzarrak lanaldiaren hasieran edo bukaeran egin beharko dira. Salbuespenez, batzarrak lanaldiaren beste tarte batean egiten ahalko dira, horrela kalte gutxiago egiten bazaio zerbitzuen ohiko funtzionamenduari.
b) Baimena emanen da aipatu diren legezko baldintzak betetzen badira. Salbuespenezko kasuetan izan ezik, batzarra egiteko baimena gutxienez ere berrogeita zortzi ordu lehenago eskatu beharko da. Kontrako ebazpen berariazkorik ematen ez bada, baimena emantzat joko da; batzarra egin baino hogeita lau ordu lehenago gutxienez jakinarazi beharko da ebazpen hura.
c) Batzarra ospitaleko lokal batean egin gogo bada, aurreko atalean ezarri bezala egin beharko da eskaera.
26. artikulua. Jarraipen Batzordea.
1.–Langileek hautatutako ordezkariek osatuko dute Jarraipen Batzordea.
2.–Batzorde Paritario bat sortuko da, hitzarmen kolektibo honetan araututakoa aplikatu, bete eta interpretatu dadin, hura negoziatzen duten parte-hartzaileen artean; langileen legezko ordezkariak eta bere konfiantzako pertsona batek, eta enpresako ordezkari batek osatuko dute; azken horrek ere bere konfiantza osoko pertsona bat izaten ahalko du lagun.
Bi alderdietako batek hala eskatuta elkartuko da batzordea, hamabost eguneko epean, eta zitazioan eguneko gaiak aipatu beharko dira.
Batzordearen erabakiak baliodunak hura osatzen duten bi kideen adostasuna beharko da.
Batzorde paritarioak eginkizun hauek izanen ditu:
1.–Hitzarmenaren klausula guztien aplikazioa interpretatzea.
2.–Itundutakoa betetzen den zaintzea.
3.–Hitzarmenaren eraginkortasun praktikoa hobetzen duten beste jarduera guztiak.
Batzordeak ebazpena emanen du landutako gaien inguruan, adostasuna egon edo ez, hamar egun naturalean, bileraren egunetik zenbatzen hasita.
27. artikulua. Konpentsazioa eta irenspena.
a) Hitzarmen honetan itundutako baldintza guztiek multzo organiko bat osatzen dute, eta indarra hartu aurretik zeuden guztiak ordeztu, konpentsatu eta irentsiko dituzte urteko eta guztirako kopuruei dagokienez, edozein dela ere haien izaera, jatorria edo izena.
b) Zehazki, ordainketen edozein kontzeptu dela bide, legezko xedapenen bitartez ezartzen diren igoerak hitzarmen honetan ezarritakoarekin konpentsatzen ahalko dira urteko kopuruari dagokionez.
c) Era berean, hitzarmen honetan ezarritako urte osoko ordainsariek, indarra hartutakoan, dauden sariak irentsi eta konpentsatzen dituzte, zein den ere haien izaera, jatorria edo izena.
AZKEN XEDAPENA
Hitzarmen honek xedatzen ez duen hartan Mendekotasuna dutenei Arreta Emateko eta Autonomia Pertsonalaren Sustapena Garatzeko Zerbitzuen Estatuko Hitzarmen Esparruan ezarritakoari jarraituko zaio edo, zein den kasua, hura garatzen duten xedapen osagarriei.
XEDAPEN INDARGABETZAILEA
Indarra hartzen duenetik aurrera, hitzarmen honek ordeztuko ditu bertan jasotzen diren gaiak beste era batera arautu dituzten xedapen guztiak.
28. artikulua. Hitzarmen honetan hitzartutako lan baldintzak ez aplikatzea.
Hitzarmen honek indarra duen bitartean, honako baldintza hauek bete beharko dira enpresak hitzarmenean hitzartutako lan baldintzak ez aplikatzeko:
1.–Enpresak 15 eguneko kontsulta aldiari emanen dio hasiera, honako gai hauetaz: enpresak hartutako erabakian eragiten duten arrazoiak eta haren eraginak saihesteko edo murrizteko aukera, baita ukitutako langileek jasan behar dituzten ondorioak leuntzeko neurriak ere. Epe berean emanen zaio aditzera hitzarmenaren Batzorde Paritarioari, eta langileen legezko ordezkaritzari egindako idazkiaren kopia erantsiko zaio.
Kontsulta aldian, alderdiek fede onez negoziatu behar dute, akordioa lortzeko helburua edukita. Akordio horrek sindikatuen ordezkaritzaren adostasuna beharko du. Enpresaren eta langileen ordezkaritzaren artean ezarritako kontsulta aldian garatzen diren negoziazioetan akordiorik izanez gero, horren berri eman beharko zaio Batzorde Paritarioari.
2.–Adostasunik ez bada, kontsulta aldia bukatutakoan, edozein alderdik bost eguneko epean jar dezake desadostasuna hitzarmenaren Batzorde Paritarioaren menpe, eta horrek, gehienez ere, zazpi eguneko epea izanen du erabakitzeko, desadostasuna planteatzen zaionetik.
3.–Batzorde Paritarioak adostasunik ez badu, edozein alderdik jotzen ahalko du bost eguneko epean Lan Gatazkak Konpontzeko Nafarroako Auzitegiko Borondatezko Prozedurei buruzko Konfederazio arteko Akordiora.
Aplikazio ezari buruzko desadostasunak Aholku Batzorde Nazionalaren edo Nafarroako Foru Komunitatean horretarako sortzen den haren pareko organoaren mende jartzen ahalko dira; bi alderdien gehiengoen akordioa beharko da horretarako.
2013ko SOLDATEN TAULAK
KATEGORIA | HILEKO SOLDATA | URTEKO SOLDATA |
OLT-Erizaintzako diplomaduna | 1.571,56 euro | 22.001,84 euro |
Zerbitzu anitzetako langileak | 1.113,83 euro | 15.593,62 euro |
Zuzendaritza | 2.258,49 euro | 31.618,86 euro |
Gaueko lanaren plusa
KATEGORIA | EURO/ORDUKO |
OLT-Erizaintzako diplomaduna | 3,06 |
Zerbitzu anitzetako langileak | 2,66 |
Jaiegun eta igandeetako ordainsaria
KATEGORIA | JAIEGUN OFIZIALAK | IGANDEAK |
OLT-Erizaintzako diplomaduna | 40 euro egunean (7 ordu) | 2,50 euro/ordua |
Zerbitzu anitzetako langileak | 40 euro egunean (7 ordu) | 2,50 euro/ordua |
II. ERANSKINA
10.500 euroko deskontua, 2013ko uztailetik abendura arte hainbanatua 2012ko abenduko aparteko paga kobratu gabe duten 25 pertsonen artean.
200 euroko deskontua, lanaldi osoko pertsona bakoitzeko, 2014ko urtarriletik abendura arte hainbanatua plantilla guztiaren artean.
Bi kopuruak 24 hilekotan berreskuratuko dira 2015 eta 2016 urteen artean: 30 euro hilean, langile bakoitzaren lanaldiaren arabera; erretiro aurreraturako eskubidea duten pertsonen kasuan, erretiro egunean ordaindu gabe dauden kopuruak osorik itzuliko dira.
Iragarkiaren kodea: F1500942
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
