31. ALDIZKARIA - 2015eko otsailaren 16a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

MIRANDA ARGA

Aldaketa, Herrilarreen aprobetxamendua arautzen
duen ordenantzan. Behin betiko onespena

Miranda Argako Udalak, 2014ko azaroaren 7an egin osoko bilkuran, aldaketa hasiera batean onetsi zuen Miranda Argako herrilurretako larreen aprobetxamenduak arautzen dituen ordenantzan.

Erabaki hori 2014ko 242. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, abenduaren 12an.

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325.1.b) artikuluan xedatuari jarraikiz, erabaki hori 2014ko 242. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, abenduaren 12an, baita Miranda Argako Herriko Etxeko ediktu oholean ere.

Argitalpen hartatik aitzina hogeita hamar eguneko epea iraganik eta inork aurkeztu ez duenez hasiera batean onetsitako espedientearen kontrako erreklamazio, kexa edo oharrik aurkeztu, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325.1.c) artikuluaren amaieran xedatuari jarraikiz, hasierako onespenaren erabakia behin betikoa bilakatu da. Behar diren ondorioak izan ditzan, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da Miranda Argako herrilurretako larreen aprobetxamenduak arautzen dituen ordenantzan egin aldaketaren testu osoa.

Miranda Argan, 2015eko urtarrilaren 28an.–Alkatea, María Teresa Iradiel Ibáñez.

ALDAKETA, HERRILURRETAKO LARREEN APROBETXAMENDUA ARAUTZEN DUEN ORDENANTZAN

Bertzela idatzi dira ordenantzaren 8,12.a) eta 18. artikuluak:

8. artikulua. Esleipenaren epea.

Herritarrendako zuzeneko esleipenaren epea 10 urtekoa izanen da. Epe hori bukatutakoan, bertze esleipen bat eginen da, ordenantza honetan ezarritakoari jarraikiz.

Enkante publikoaren bidez eginez gero, Miranda Argako Udalak erabakitzen ahal du enkantea bitik (2) hamar (10) urte bitarteko eperako egitea.

12. artikulua. Bazkatoki bakoitzeko baldintza-orri partikularrak.

a) Udalaren bazkatokia:

a.1) Mahastiak, olibondoak, zainzuriak, almendrondoak, frutarbolak oro har, eta aitzinekoen gisako txertoak eta laborantzak:

Debeku da denbora guztian aziendak larratzera sartzea, bai mahastietan bai olibondoak, zainzuriak, almendrondoak, frutarbolak oro har, eta aitzinekoen gisako txertoak eta laborantzak dituzten finketan.

a.2) Laborantza mota bakarra nekazaritzako kanpaina bakoitzean: Nekazaritzako urte batean laborantza mota bakarra egiten delarik, abeltzainak gutienez ere hogei (20) egun izanen ditu larreak aprobetxatzeko, uzta biltzen denetik.

a.3) Bi laborantza mota nekazaritzako kanpaina bakoitzean: Nekazaritzako urte batean bi laborantza mota egiten direlarik, abeltzainak ondotik ematen diren egunak izanen ditu larreak aprobetxatzeko, uzta biltzen denetik, laborantza mota horiek zein diren. Hona hemen:

I. Garagar, arto eta ureztatzeko koltzaren laborantza:

–Sei (6) egun paxuak egiteko.

–Hamar (10) egun aziendak larratzeko.

II. Arto eta eguzkiloreen uztondoak:

–Garia edo garagarra erein behar bada: bortz (5) egun.

–Nekazaritzako kanpaina horretan bigarren laborantza motarik erein behar ez bada: hogei (20) egun.

III. Udako nahiz neguko barazkien laborantza:

–Zortzi (8) egun, uztaren egunaz geroztik.

IV. Luzernak:

Luzernetan, azaroaren 1etik urtarrilaren 31ra larratzen ahal dira aziendak, udazkeneko eraintza egiten den tokietan izan ezik, azienda ez baita lehen neguan sartzen ahalko.

V. Gainerako laborantzak:

–Gutienez ere lau (4) eguneko epea emanen da uzta biltzen denetik. Uzta bildu ondoko egunetan euririk egiten badu eta bertzelako arrazoiren bat dela-eta ezin bada larreen aprobetxamendua egin, bertze lau (4) egun emanen dira finkan sartzen den momentuaz geroztik.

a.4) Lehorreko lurreko laborearen ahotza:

–Hamabortz (15) egun paxuak egiteko.

–Hamabortz (15) egun aziendak alatzeko.

a.5) Herrilurretako finketan edo partikularretan uzta bildu ez delarik:

–Herrilurretako finka edo lurzatietan nahiz partikularretan, aziendak ez dira sartzen ahal bertako uzta bildu arte. Hala ere, asmo txarrez artzaintzan nahasmendurik sor ez dadin, eta horrek kalte egin uztondoen aprobetxamenduari, herrilurretako lurzatien usufruktudunek eta lurzati partikularren jabe, apartzero eta errentariek laboreen uztaren egunaren ondoko hamabortz egunetan uztak jaso beharko dituzte oso-osorik; izan ere, ez da inola ere onartzen ahal uzta finketan uztea, eta hura aitzakiatako erabiltzea, uzta ez dela jaso, alegia, aziendak sar ez daitezen.

–Uzta biltzen ez bada aitzineko lerroaldean erran den datarako, Udalari adieraziko zaio, bilketa eta aprobetxamendua egin ditzan. Hori laborari interesdunaren kontura eginen da berehala, non eta bildu gabeko uzta ezinbertzez jaso ez den, eta Udalak horrela juzkatu, edo probetxagarri ez den, egoera txarrean egoteagatik. Azken kasu horretan, larreen errentaria nahi bezala sartzen ahalko da horrela dagoen lurzati edo finkan, baita bere aziendarekin uzta baliatu ere, inolako erantzukizunik gabe.

a.6) Neguko belarrak:

–Neguko belarretan, bolak berdetan egiten badira, aziendak hogeita lau ordutan alatzen ahalko dira, paxuak jasotzen direnetik. Paxuak idor bilduz gero, mozketen artean ez da sartzerik izanen.

b) (...).

18. artikulua. Enkante bidezko esleipena.

Herritarren arteko banaketaren ondotik soberan gelditzen diren larreak enkante publikoa eginez esleituko dira bitik (2) hamar (10) urte bitarteko eperako, Miranda Argako Udalak erabakitzen duenaren arabera, 8. artikuluan xedatu bezala, indarra duen araudia eta ordenantza honetatik aplikagarria dena betez.

Iragarkiaren kodea: L1501713