31. ALDIZKARIA - 2015eko otsailaren 16a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

MARTZILLA

Ordenantza fiskala, betearazpen aginduen, ordezko betearazpenen eta partikularrendako sorospenen tasak arautzen dituena

Martzillako Udalak, 2014ko abenduaren 11n egin osoko bilkuran, hasiera batean onetsi zuen Betearazpen aginduen, ordezko betearazpenen eta partikularrendako sorospenen tasak arautzen dituen ordenantza fiskala. Iragarkia 2014ko 248. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, abenduaren 22an.

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluari jarraikiz, eta jendaurrean egoteko epea inork alegaziorik aurkeztu gabe iraganik, ordenantza hori behin betiko onetsi eta osorik argitaratzeko agindu da, behar diren ondorioak izan ditzan.

Martzillan, 2015eko otsailaren 3an.–Alkatea, José María Abárzuza Goñi.

ORDENANTZA FISKALA, BETEARAZPEN AGINDUEN,
ORDEZKO BETEARAZPENEN ETA PARTIKULARRENDAKO SOROSPENEN TASAK ARAUTZEN DITUENA

Oinarria

1. artikulua. Ordainarazpen hau ezarri da Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Legearen lehenengo tituluko IV. kapituluko 7. atalean xedatutakoaren arabera eta lege beraren 12. artikuluan jasotzen den baimenari jarraituz.

Zergapeko egintza

2. artikulua.

1. Ondoko jarduerak egin eta ondoko zerbitzuak ematea da zergapeko egintza:

a) Obrak, eraispenak eta konponketak betearazteko aginduak eta hirigintzako lizentzia edo ondorengo kontrola behar duten gainerako egintzak, baldin eta haietara beharturik den subjektuaz beste norbaitek egiten ahal baditu.

b) Ordezko betearazpena, betearazpen agindu bat ez betetzeagatik, aurreko ataleko kasuetan.

c) Ordezko betearazpena, ordenantzetan edo udal erabakietan ezarritako betebeharrak ez betetzeagatik, xede horretarako agindu edo ohartarazpen bati muzin egin bazaio.

d) Udaltzaingoaren edo brigadaren zerbitzu bereziak, partikularrek eraginda.

2. Interesdunek berek eragiten dituzten zerbitzuek, eta bereziki beren mesederako direnek, baita ondasunak berreskuratzeko presagatik edo ordena publikoa, segurtasuna, osasungarritasuna edo higienea direla medio derrigor eman beharrekoak direnek ere, ordainarazpena sorraraztea ekarriko dute, nahiz eta zerbitzua ez izan interesdunek eskatua.

3. artikulua. Udalak zilegi izanen du, nolanahi ere, enpresa pribatu bat kontratatzea ordenantza honek aipatzen dituen zerbitzuak egiteko. Larrialdiko kasuetan, eta kontratazio arautegiak agintzen duenaren arabera, udal zerbitzuek zilegi izanen dute zuzenean kontratatzea enpresen, teknikari eskudunen eta beste bitarteko partikular batzuen zerbitzuak, eta gero Alkatetzari edo Udalbatzari horren berri ematea.

Tasaren sorrarazpena

4. artikulua. Tasa kasuaren arabera sorraraziko da: betearazpena agintzen denean, betearazpen subsidiarioaren espedientea hasteko ebazten denean, edo, aldez aurreko ebazpenik ez badago, betearazpenaren zerbitzua edo laguntza ematen denean.

Subjektu pasiboa

5. artikulua. Tasa ordaintzera beharturik daude pertsona fisiko zein juridikoak eta, nortasun juridikorik ez izanik ere, unitate ekonomikoa edo ondare bereizia osatzen duten entitateak, haien kontra betearazpen agindua baldin badago edo haiek eragin badute betearazpena edo emandako zerbitzua edo haien onura edo eragina hartzen badute.

Zerga-oinarria

6. artikulua. Honako hauek dira ordainarazpen honen zerga-oinarri:

a) Betearazpen aginduak: eginkizun dagoen obrari egin behar zaion baloraziotik heldu dena izanen da.

b) Ordezko betearazpena eta partikularrendako sorospenak: betearazpenaren edo emandako zerbitzuaren guztizko kostua izanen da.

Kudeaketa arauak

7. artikulua.

1. Betearazpen aginduen tasa likidaziorako araubidean eskatuko da, hori eskatutakoari jarraikiz egiten denean. Obra bukatuta obra amaierako ziurtagiria aurkeztu beharko da eta egindako obren benetako kostuaren aitorpena, zerga administrazioak behin betiko likidazioa egin dezan, hori guztia hirigintzako lizentzien tasak arautu diren moduan.

2. Obra amaieraren eta guztizko kostuaren aitorpena aurkeztu beharra ez betetzeak tributu arloko arau-haustea ekarriko du eta zehatu daiteke, Kudeaketaren, diru-bilketaren eta ikuskatzailetzaren ordenantzaren IV. kapituluan xedatuari jarraikiz.

3. Lizentzia behar duten ordezko betearazpenen kasuetan, tasa behin-behinekoz likidatu eta betearazpenaren aurretik egiten ahalko da, behin betiko likidazioa izateko.

Arau-hausteak eta zehapenak

8. artikulua. Tasa honen aplikaziotik ateratzen den likidazioaren edo autolikidazioaren zenbatekoa goiti-beheiti, subjektu pasiboak erantzun beharko du irekitzen ahal den espediente zehatzailetik sor daitezkeen zehapenen aurrean, hori guztia Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legean ezarritakoa betez.

Azken xedapena.–Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan ezarritako prozeduraren arabera behin betiko onetsitakoan, ordenantza fiskal honek indarra hartuko du eta ondorio juridiko guztiak izanen ditu, Nafarroako Aldizkari Ofizialean testua oso-osorik argitara emandakoan.

TARIFEN ERANSKINA

I. epigrafea.–Betearazpen aginduak:

Tasa kalkulatzeko, zerga-oinarriari aplikatuko zaio lizentziak emateko eta hirigintza arloko jarduera administratiboak kontrolatzeko tasak arautzen dituen ordenantza fiskalean kasu bakoitzerako ezarritakoa.

Obra gauzatzeko aurrekontuaren %0,22, eta gutxienez 85,00 euro.

II. epigrafea.–Ordezko betearazpenak:

Tasa kalkulatzeko, zerga-oinarriari %120,00 aplikatuko zaio.

III. epigrafea.–Udaltzainen edo brigadaren zerbitzu bereziak, partikularrek eraginda: ordua edo zatikia.

Esku hartzen duen udaltzain edo brigadako langile bakoitzagatik 31,30 euro.

Iragarkiaren kodea: L1501739