31. ALDIZKARIA - 2015eko otsailaren 16a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

IMOTZ

Aldaketa, Etxeak zaharberritzeko laguntzak arautzen
dituen ordenantzan. Behin betiko onespena

Imozko Udalak, 2015eko urtarrilaren 30ean egin bilkuran, behin betiko onetsi zuen Etxeak zaharberritzeko laguntzak arautzen dituen ordenantzaren aldaketa.

Nafarroako Foru Administrazioari buruzko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan xedatuari jarraikiz, argitara ematen da haren testu osoa.

Imotzen, 2015eko otsailaren 2an.–Alkatea, Jose Ángel Iturralde Vildarraz.

Bizitegitarako eraikinak zaharberritu
edo eraberritzeko laguntzak arautzen
dituen udal ordenantza

1. artikulua. Xedea.

1.1. Ordenantza honen xedea ibarreko herriguneak interes orokorreko arrazoi sozialengatik dinamizatzea da; hartara, herrigune horietako eraikinak zaharberritzeko jarduerak lagundu eta indartuko ditu, gerora bizitegirako erabiliko badira, jarduera horietarako laguntza ekonomikoak eskainiz eta arautuz.

1.2. Herriaren itxuraren hobekuntza sustatzeko laguntzak, eta zehatz-mehatz:

–Eraikinak guztiz edo zati batean zaharberritzeko laguntzak.

–Eraikinak argiztatzeko laguntzak.

–Fatxadak zaharberritzeko laguntzak.

2. artikulua. Aplikazio eremua.

Ordenantza honen xede izanen dira Imozko herriguneek (Etxaleku, Oskotz, Muskitz, Zarrantz, Eraso, Latasa, Urritza, Urritzako Benta eta Goldaratz) mugatutako lerroaren barneko higiezinetan egiten diren zaharberritze obrak. Higiezinok une bakoitzean indarra duen planeamenduan definituta daudenak izanen dira.

3. artikulua. Jarduketa babesgarriak.

3.1. Udalaren babesa jasoko duten obrak hamabost urte edo gehiago dituzten eraikinetan egin beharreko jarduketei dagozkienak izanen dira, baldin eta eraikin horiek bizitegi gisa erabiltzekoak badira.

3.3. Arreta berezia jarriko da nekazaritzako eraikinetan bizitegi gisa erabiltzeko egiten diren esku-hartzeetan, edo bizitegi erabilerakoetan gaur egun duten etxebizitza kopurua handitzeko egiten direnak.

3.4. Jarduketa babesgarrien ezaugarriak honako hauek izanen dira:

–Eraikinaren egitura egokitzea; hemen sartzen dira eraikinari eraikuntza aldetik behar diren segurtasun baldintzak emanen dizkioten obrak, egonkortasuna eta sendotasuna bermatuko dituztenak.

–Eraikinaren elementu komunak funtzioen aldetik egokitzeko obrak, hots, eraikinari arlo hauetan behar adina baldintza ematen dizkiotenak: estalkia (estankotasuna euriaren eta hezetasunaren aurrean...), fatxadak (estaldurak, kanpoko zurgin-lanak, isolamendua, fatxadak entokatu eta pintatzea edo fatxadetako harrien juntura berdintzea...), sarbideak (ataria, igogailua eta eskaileren kaxa), instalazio orokorrak eta segurtasun neurriak.

–Eraikineko bizigarritasuna egokitzeko obrak, hau da, eraikinari arlo hauetan baldintza egokiak ematen dizkioten barneko obrak: banaketa, estaldurak, isolamenduak, zurgin-lanak, instalazio eta akaberak, sukalde eta bainugelak eta Eraikuntzaren Kode Teknikoaren babespeko jarduketak, aurrezpen energetikoari lotuak.

–Espazio libreen egokitzapena eta eraikina kokatzen deneko lurzatiaren itxiturak.

–Bizitegi kolektibotarako eraikinetan oztopo arkitektonikoak kentzea.

4. artikulua. Onuradunak.

4.1. Jarduketa babesgarrien sustatzaileak laguntzen onuradun izateko, aipatu baldintzak bete beharko dituzte jarduketek eta, gainera, obrak hasi baino lehen egin beharko da eskaera. Eskabidearekin bat frogagiriak aurkeztuko dira, eta ezinbestekoa da udal zerbitzu eskudunak, aurretik, aldeko txostena egitea. Onuradunek Imozko Udaleko zerga beharkizunak beteak izan behar dituzte eta ibarrean erroldatuta egon behar dute laguntza eskatzen dutenean. Gutxienez ere sei urtez egon behar dute erroldatuta. Eta zehazki:

a) Eraikin edo etxebizitzen jabeak diren pertsona fisiko edo juridikoak.

b) Pertsona fisiko edo juridikoak, jabeak ez izanik ere, badirenen baimen espresa dutenak obrak egiteko, maizter, errentari edo erabiltzaile gisa.

c) Laguntzetatik bazterturik geldituko dira etxebizitzen zaharberritzea edo berrien eraikuntza sustatzeko jarduketak, gero saltzeko badira.

d) Aurrekoa gorabehera, onuradunak izanen dira, orobat, espedientea hasi ondoren eta obren amaierako eskaria egin baino lehen espedientearen titulartasuna aldatzeko eskaria egiten duten eta horrenbestez eraikin eta etxebizitzen jabe berri bihurtzen diren pertsona fisiko edo juridikoak. Hala gertatuz gero, laguntzak berriro kalkulatu beharko dira errentaren alderdiei dagokienez.

4.2. Laguntzen espedienteetan titulartasun aldaketak baimenduko dira, betiere amaituta ez badaude eta behar bezala egiaztatuta badaude. Kasu horietan ez dira laguntzak berriro kalkulatu beharko, errenta alderdiak izan ezik, horretan nahitaezkoa izanen baita.

4.3. Espediente bakoitzeko laguntzen likidazioa obrak amaitutakoan eginen da, obrak ikuskatu eta obrak bat baldin badatoz obra lizentziarekin, lehen aldiz erabiltzeko lizentziarekin, hori behar denean, eta Udaleko teknikariek emandako txostenekin nahiz Ordenantza honetan ezarrita dagoenarekin.

6. artikulua. Laguntzen baldintza orokorrak.

6.1. Obrak hasi baino lehen obretako lizentzia eduki beharko da, eta Proiektu Teknikoa modu zorrotzean bete beharko dute.

6.2. Obren kostuak, kontrataren aurrekontuaren araberakoak, 30.000 eurotik gorakoa izan beharko du etxebizitza osoa ukitzen denean. Fatxadak hobetzeko obrak izanez gero, zenbateko hori 6.000 eurotik gorakoa izanen da.

6.3. Etxebizitza gehiago eraikitzen badira, horietako bakoitzak sarrera independentea izan beharko du, eta ezin izanen da etxebizitza zaharrekin komunikatuta egon.

6.4. Obren bidez ezin izanen da lehendik dagoen erakinaren azalera eraikia handitu, ezta eraikina eratsi eta berreraiki ere.

6.5. Zaharberritze obrak eta fatxadetakoak egiteko laguntzak bateragarriak eta metagarriak izanen dira. Halaber, bateragarriak izanen dira beste administrazio publiko batzuen beste laguntza batzuekin.

6.6. Etxebizitzak ezin izanen dira ostatu, landetxe, turismo eta halakoetarako erabili, laguntzak jaso eta hurrengo sei urteko epean gutxienez.

6.7. Katalogatuta dauden eta konplexutasun bereziko zaharberrikuntza duten eraikinei dagokienez, faseka zaharberritzea onartzen ahalko da, eta laguntzak fase bakoitzerako emanen dira, udal zerbitzuek aldeko txostena ematen badute eta Udalak onesten badu.

7. artikulua. Udalaren laguntza motak.

Aipatu baldintzak betetzen dituzten obrek Udalaren laguntza biltzen ahal dute, bestelako laguntzak, hala nola Nafarroako Gobernuarenak, eskatu ala ez.

Udalaren laguntzak izaten ahal dira:

a) Eraikuntza, instalazio eta obren gaineko zergaren (EIOZ) diru-laguntza dagokion ordenantzan aurreikusten da.

b) Obra gauzatzeko aurrekontuaren portzentaje bateko diru-laguntza, 9. artikuluan ezarrita dagoen bezala.

c) Laguntza bereziak hitzarmen bidez.

d) Aholkularitza.

8. artikulua. EIOZren eta eremu publikoa okupatzeko tasen diru-laguntza.

Mota horretako zaharberritze jarduketetarako, laguntza gisa ezartzen da, zerga horri buruzko ordenantzan ezarrita dagoenaren arabera.

9. artikulua. Obraren aurrekontuaren gaineko laguntza zuzenen zenbatekoa

9.1. Atal honetan ezarrita dauden portzentajeek artikulu honetan agertzen diren mugak eta baldintzak bete beharko dituzte.

a) Egiturazko elementuak, estalkiak eta fatxadak. Jarduketa horiek eraikinaren egonkortasuna eta iraunkortasuna bermatzeko funtsezkotzat jotzen direnez, aurreikusita dagoen laguntzaren gehieneko portzentajea jasoko dute: obra gauzatzeko aurrekontuaren (OGA) %3.

b) Eraikinaren barneko jarduketak, gainerako eraikuntza elementuei buruzkoak: banaketa, eskailerak, zurgin-lanak, pintura eta bestelakoak, instalazioak alde batera utzita. Obra gauzatzeko aurrekontuaren %1 emanen zaie.

c) Elektrizitate, berokuntza eta saneamenduko instalazioak eta beste batzuk. Obra gauzatzeko aurrekontuaren %2koa izanen da laguntza.

9.2. Laguntzak kalkulatzeko, etxebizitzari buruzko honako datu hauek hartuko dira kontuan:

–Jarduketa kapitulu bakoitzari dagokion obra gauzatzeko aurrekontua.

–Aplikatzen ahal den laguntza portzentajea.

–Laguntzaren gehieneko zenbatekoa.

–Etxebizitzaren azalera.

9.3. Etxebizitzaren titularrari dagokionez, honako hauek hartuko dira kontuan:

–Imozko udal mugapeko bizilaguna izatea.

–Diru-sarreren maila.

9.4. Metatutako laguntzen gehieneko muga ezartzeko, etxebizitzen azalera ere kontuan hartuko da, eta titularra udalerriko bizilaguna den ere bai.

9.1. taula. Kalkulu-oinarriak eta gehieneko mugak,

AZALERA

GEHIENEKO MUGAK

<= 60 m²

> 60 < 90 m²

>= 90 m²

Egitura

OGA

23.000

46.000

70.000

Laguntza %3

ZENBATEKOA

1.150 euro

2.300 euro

3.500 euro

Barnealdea

OGA

13.000

26.000

40.000

Laguntza %1

ZENBATEKOA

390 euro

780 euro

1.200 euro

Instalazioak

OGA

9.000

17.000

25.000

Laguntza %2

ZENBATEKOA

180 euro

340 euro

500 euro

METATUTAKO LAGUNTZA

GEHIENEKO ZENBATEKOA

1.720 euro

3.420 euro

5.200 euro

Zaharberritutako eraikinen titularrak Imozko bizilagunak badira duela 10 urte edo lehenagotik, %30eko hobaria izanen dute.

Hala izan ezean, hobari hori bera lortzen ahalko dute gutxienez sei urtez erroldatuta egoteko konpromisoa hartzen badute eta hobariaren zenbatekoa duen abala aurkezten badute.

Baldintza hori bete ezean, Udalak sei urteak bete arte geratzen den denboraren proportziozko zatia berreskuratuko du, eta aurkeztutako abaletik kenduko du.

9.2. taula. Aurreko atalean azaldutako baldintzak betetzen dituzten titularrak.

LAGUNTZAREN KONTZEPTUA

ETXEBIZITZAREN AZALERA

<= 60 m²

> 60 < 90 m²

>= 90 m²

LAGUNTZAREN GEHIENEKO MUGAK

Egitura

OGA

23.000

46.000

70.000

%3

Zenbatekoa

1.150 euro

2.300 euro

3.500 euro

Hobaria

575 euro

1.150 euro

1.750 euro

GUZTIRA

1.725 euro

3.450 euro

5.250 euro

Barnealdea

OGA

13.000

26.000

40.000

%1

Zenbatekoa

390 euro

780 euro

1.200 euro

Hobaria

195 euro

390 euro

600 euro

GUZTIRA

585 euro

1.170 euro

1.800 euro

Instalazioak

OGA

9.000

17.000

25.000

%2

Zenbatekoa

180 euro

340 euro

500 euro

Hobaria

90 euro

170 euro

250 euro

GUZTIRA

270 euro

510 euro

750 euro

METATUTAKO LAGUNTZA

GEHIENEKO ZENBATEKOA

1.720 euro

3.420 euro

5.200 euro

HOBARIA

860 euro

1.710 euro

2.600 euro

GUZTIRA

2.580 euro

5.130 euro

7.800 euro

Aurreko tauletan agertzen diren kopuruei koefiziente bat aplikatuko zaie etxebizitzaren titularraren diru-sarreren arabera. Honela azaltzen da:

9.3. taula. Urteko diru-sarrerak.

DIRU-SARRERAK

KOEFIZIENTEA

Lanbide arteko gutxieneko soldata bermatua halako 2,5 gehienez

1,00

Lanbide arteko gutxieneko soldata bermatua halako 2,5 gutxienez, eta 3,5 gehienez

0,75

Lanbide arteko gutxieneko soldata bermatua halako 3,5 gutxienez, eta 4,5 gehienez

0,50

Lanbide arteko gutxieneko soldata bermatua halako 4,5 baino gehiago

0,25

10. artikulua. Laguntza bereziak hitzarmen bidez.

Zaharberritzeko jarduera berezietarako hitzarmenak sina daitezke, erabilera publikoko ekipamenduetara ere zabaltzen ahal direnak, ordenantza honetan aurreikusitako laguntzak konbinatuz eta are jarduketa horietan diru baliabide bereziekin parte hartuz, edo eskura diren baliabide material nahiz teknikoekin eta giza baliabideekin. Hitzarmen bidezko laguntza bereziak interes arkitektonikoko eraikinei aplikatuko zaizkie edo Imozko planeamendu indardunak ingurumen balio handienarekin katalogatuak dituenei, betiere Udalaren oniritzia izanez gero.

11. artikulua. Aholkularitza.

11.1. Ordenantza honen arabera onuraduna izan daitekeen edozeinek eska dezake. Udalak, lehen kontsulta bat egin ondoren, txosten teknikoak egitea bidezkoa den ebaluatuko du.

11.1. Tasak:

a) Txosten teknikoak egitea eraikinaren egoerari buruz.

b) Aholkua ematea lizentzien eta laguntzen tramitazioari buruz.

c) Aholkua ematea obrak egiteari buruz.

d) Eta, orokorrean, aholkua ematea zaharberritze arloko gai guztiei buruz, eskatzen bazaio eta eskumena eta behar adinako baliabideak izanez gero.

12. artikulua. Laguntzak emateko irizpideak.

Udalak lehentasun ordena ezartzen ahalko du obrei udal baliabideak esleitzeko, ondotik zehazten diren irizpideen arabera:

a) Eraikinaren egiturak duen egoeraren ondorioz pertsonentzako eta ondasunentzako arriskuak saihesteko esku hartzearen premia.

b) Higiezinaren egoera, orokorrean, eta etxebizitzena, zehazki.

c) Zaharberritu beharreko etxebizitzetarako aurreikusten den erabilera, beharrizan sozioekonomikoak kontuan hartuta.

d) Aurreikusita dauden obren tipologia.

e) Beste batzuk.

13. artikulua. Laguntzen banaketa.

13.1. Ordenantza honetan aurreikusita dauden laguntza guztiei aplikatzen ahal zaizkien baliabideak ekitaldi bakoitzean indarrean dauden udal aurrekontuetan agertzen direnak izanen dira. Dena dela, aparteko baliabide batzuk gaitzen ahalko dira komenigarritzat jotzen bada.

13.2. Laguntza horiek obrak amaitu ahala banatuko dira, udal zerbitzuek ontzat ematen dituzten neurrian.

13.3. Eskatzen diren laguntzek aurrekontuan horretarako jarri den dirua baino gehiago egiten badute, Udalak hautatzen ahalko ditu diruz lagun daitezkeen jarduketak, 9. artikuluan ezarrita dagoenaren arabera; halakoetan, kasuan kasuko ekitaldian laguntzarik eskuratu ez duten jarduketek, besterik gabe, lehentasuna izanen lukete hurrengo ekitaldian.

14. artikulua. Laguntzen tramitazioa.

Laguntzak Imozko Udalaren erregistro orokorrean tramitatuko dira, eta horretarako, obretako lizentziaren eskariarekin batera ondoko agiriak aurkeztu behar dira:

a) Obra lizentziaren eta laguntzen eskabidea. Hartan adieraziko dira obra mota, banku entitatea eta, laguntzak zer kontutan eskuratu nahi diren, haren zenbakia, obrak burutzeko epea, eta bankuko abala, bidezkoa den kasuetan.

b) Jabearen edo komunitatea ordezkatzen duenaren NANaren fotokopia eta erroldaren ziurtagiria.

c) Jabeen elkartearen akordioa. Hartan adieraziko da obrak egitea erabaki dutela, laguntzen espedientea kudeatzeko ordezkari bat izendatu dutela eta jabe bakoitzak zer portzentaje duen obra horietan. Halaber, eskaria egin aurreko urteko errenta aitorpena agertu beharko da, parte hartzen duen jabe bakoitzarena.

d) Eskatzailea norbaiten ordezkaria bada, horren frogagiria.

e) Egin nahi diren obrak deskribatzeko memoria, materialen kalitatea eta guzti.

f) Gaur egungo egoeraren krokisa eta proposatutakoa, ahal dela akotatua.

g) Obraren aurrekontu zehaztua, neurketak, kalitateak eta prezio unitarioak eta guzti. Proiektu teknikoa (4 kopia) eta obra bukaerako egiaztagiria obra motak horrela eskatzen badu baizik ez dira aurkeztuko, eta kasu horretan ez da beharrezkoa izanen e) eta f) puntuak betetzea.

h) Aldiz, proiektu teknikoa eta obra bukaerako egiaztagiria beharrezkoak izanen dira obrek honelakoei eragiten dietenean:

–Eraikinaren egiturari: habeak, zutabeak, karga-hormak, harlauzak, zertxak, gapirioak (...).

–Eraikinaren fatxadei: bao berriak irekitzea, fatxadaren osaketari funtsezko aldaketa eragitea (...).

–Etxebizitzaren barneko banaketari: trenkadetan funtsezko aldaketa eragitea, sukaldearen eta bainugelaren kokalekua (...).

i) Udaleko zerbitzu tekniko eskudunek edo haiekin parekatutakoek inoiz eska ditzaketen agiri osagarriak (argazkiak).

Obra bukatutakoan, Udalari jakinaraziko zaio, ikuskatzera joan dadin eta eskariaren gaineko ebazpena eman dezan.

15. artikulua. Laguntzak galtzea.

Ordenantza honetako baldintzak eta betekizunak ez betetzeak, txosten teknikoan beharrezkotzat jotzen diren obrak ez egiteak, baita aurkeztutako dokumentazioan edozein datu faltsutzeak ere, udal laguntzak deuseztatu eta kentzea ekarriko du kasuan kasuko espedientean.

Laguntzen deuseztapena bati bakarrik egiten ahal zaio, jabeen elkarte batean bat bakarra baldin bada baldintzaren bat bete ez duena.

Ordenantza honetan araututako laguntzak galduko dira, halaber, eskatzaileak, zaharberritze obrak egitean, ez baditu betetzen Imozko planeamendu araudia edo obra lizentzia ematean ezarritako baldintzak.

Iragarkiaren kodea: L1501684