Iragarkia
31. ALDIZKARIA - 2015eko otsailaren 16a
1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK
181/2014 EBAZPENA, abenduaren 11koa, Politika Ekonomiko eta Enpresarialaren zuzendari nagusiak emana. Honen bidez oinarri arautzaileak ezartzen dira Nafarroako 2013-2016 Nazioarteko Planaren barnean “Nazioarteko Praktiketarako Bekak. Europar Batasunetik kanpoko herrialdeetan praktikak egitea prestakuntzan” izeneko beketarako, eta 2015erako deialdia onesten da.
Nafarroako 2013-2016 Nazioarteko Planaren lehenbiziko ardatzak (“Sentsibilizazioa eta gaitzea”) bilatzen du Nafarroako herritarrak gai izan daitezela ingurune global batean arlo pertsonaleko eta profesionaleko aukerak aprobetxatzeko, eta horretan lagundu nahi du. Honen azpian asmo argia dago: halako pertsona talde bat osatzea zeinak Nafarroako ehun produktiboari ekarriko dizkion azkeneko berrikuntzak eta ekarpenak, hots, Europar Batasunetik kanpoko enpresetan izan duten prestakuntzatik hartu ahal izan dituztenak, eta, hala, lanbide arloko aukerak sustatuko dira, bai eta horiek beste gizarte eta kultur inguruneetan txertatzeko aukerak ere. Funtsezko tresna izanen da Foru Komunitatea nazioartekotzen laguntzeko.
Europar Batasunetik kanpoko herrialdeetako enpresetan praktikak egiteko beken deialdi baten bidez gauzatzen da ekintza hau, eta hauxe du izena: “Nazioarteko Praktiketarako Bekak. Europar Batasunetik kanpoko herrialdeetan praktikak egitea prestakuntzan”.
Deialdi honen helburua da Nafarroako tituludunek prestakuntza eta esperientzia profesionalak lortzea, Europar Batasunetik kanpoko enpresetan praktikak eginez, hori lagungarri izan dadin, etorkizunean, Nafarroako enpresak nazioarteratzeko. Nazioarteratzeko prozesuari ekiteko, langile prestatuen falta dute enpresek, eta gabezia hori zuzendu nahi da. Halaber, deialdi honek lanerako aukera bat eskaintzen die gazte hauei, izan ere enpleguaren sorrera errazten du langabeziak bereziki ukitutako sektore batean, hain zuzen ere 25 urtetik beherakoen sektorean.
Deialdi honek Europako Gizarte Funtsaren kofinantzaketa jasoko du, baita Europar Batasunaren Gazteen Enplegurako Tresnarena ere, 2014-2020 aldirako Gazteen Enplegurako Europako Programaren bidez.
Nazioarteko Proiekzioaren Zerbitzuak igorritako txostenean egindako proposamena aintzat hartuz, Kontu-hartzailetzaren adostasuna izanik, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 22. artikuluak ematen dizkidan eskumenen indarrez,
EBATZI DUT:
Lehena.–”Nazioarteko Praktiketarako Bekak. Europar Batasunetik kanpoko herrialdeetan praktikak egitea prestakuntzan” izeneko 2015eko deialdia onestea, eta, helburu horrekin, 150.000 euroko gastua baimentzea. 2014ra luzatu den 2012ko Gastuen Aurrekontuko “Nafarroa Bekak. Nazioarteko Praktikak” izeneko 124001-16330-4809-146100 kontu-sailaren pare 2015eko gastuen aurrekontuan gaitzen denaren kargura finantzatuko da. (E-14/000077-01 elementua. “FSE-YEI 2014-2020 Nazioarteko Praktikak”). Deialdiaren oinarriak ebazpen honen eranskinean heldu dira (ID 4766). Deialdi honen finantzaketa honako baldintza etengarriaren menpe dago: kreditu nahikoa eta egokia izatea.
Bigarrena.–Ebazpen hau igortzea Nafarroako Unibertsitatearen Enpresa Fundaziora, Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Unibertsitatea-Gizartea Fundaziora, Ekonomia, Ogasun, Industria eta Enplegu Departamentuko Kontu-hartzailetzara, Idazkaritza Tekniko Nagusira, Kontabilitate Zentrora eta Nazioarteko Proiekzioaren Zerbitzura.
Hirugarrena.–Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, orok jakin dezan.
Laugarrena.–Ebazpen honen kontra gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da, Ekonomia, Ogasun, Industria eta Enpleguko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik aitzina, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 57. artikuluan eta Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 114. eta 115. artikuluetan ezarrita dagoenarekin bat.
Iruñean, 2014ko abenduaren 11n.–Nazioarteko Proiekzioaren Zerbitzuko zuzendaria (Politika Ekonomiko eta Enpresarialaren zuzendari nagusia ordezkatuz, Ekonomia, Ogasun, Industria eta Enpleguko kontseilariaren urriaren 3ko 304/2014 Foru Aginduaren arabera), Carmen Mier Gómez.
1. ERANSKINA
“Nafarroa-Nazioarteko Praktiketarako Bekak”
Europar Batasunetik kanpoko herrialdeetan praktikak egitea prestakuntzan
I. KAPITULUA
Helburua, araudia eta aplikazio esparrua
1. artikulua. Xedea.
Ebazpen honen xedea da “Nafarroa-Nazioarteko Praktiketarako Beken” 2015eko deialdiaren oinarri arautzaileak ezartzea. Beka hauen bidez lortu nahi da beken onuradunek prestakuntzako eta praktiketako jarduerak egitea Europar Batasunetik kanpo, harrera entitateetan, hala nola ikerketa zentroetan, GKEetan, enbaxadetan, kontsuletxeetan eta Espainiako Turismo Institutuko eta Merkataritza Ganberetako bulegoetan.
Nafarroako 2013-2016 Nazioarteko Planaren barnean dago beken deialdi hau. Plan horren lehenbiziko ardatzak (“Sentsibilizazioa eta gaitzea”) bilatzen du Nafarroako herritarrak gai izan daitezela ingurune global batean arlo pertsonaleko eta profesionaleko aukerak aprobetxatzeko, eta horretan lagundu nahi du. Nafarroako Foru Komunitatea nazioarteratzeko funtsezko tresna da hau, eta zuzenean bat egiten du Moderna Planak ere sustatzen duen nazioartekotze estrategiarekin.
2. artikulua. Araubide juridikoa.
Ebazpen honen babesean ematen diren bekak ondoko arau hauetan aurreikusitakoaren arabera arautuko dira: ebazpen hau bera, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legea, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legea eta, oro har, aplikatu beharreko gainerako ordenamendu juridikoa.
Orobat, laguntza honek Europako Gizarte Funtsaren kofinantzaketa izanen duenez, Espainiako Gazteen Enpleguko programa eragilearen bidez, arau hauek bete beharko dituzte bekek:
–Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2013ko abenduaren 17ko 1303/2013 (EB) Erregelamendua. Erregelamendu horrek Eskualde Garapeneko Europako Funtsari, Europako Gizarte Funtsari, Kohesio Funtsari, Landa Garapenerako Europako Nekazaritza Funtsari eta Itsasoaren eta Arrantzaren Europako Funtsari buruzko xedapenak ezarri zituen eta Kontseiluaren 1083/2006 (EE) Erregelamendua indarrik gabe utzi zuen.
–Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2013ko abenduaren 17ko 1304/2013 (EB) Erregelamendua, Europako Gizarte Funtsari buruzkoa, indarrik gabe uzten duena Kontseiluaren 1081/2006 (EE) Erregelamendua.
3. artikulua. Iraunaldia.
Ebazpen honetan ezarritako oinarri arautzaileak beken 2015eko deialdian bakarrik aplikatuko dira.
4. artikulua. Esparru materiala.
Ebazpen honetan aurreikusitako bekek xede dute Nafarroari lotuta dauden eta gradudunak diren edo unibertsitateko titulua duten 25 urtetik beherako pertsonak prestatzea, Europar Batasunetik kanpo dauden entitate hartzaileetan prestakuntza praktikak eginez.
II. KAPITULUA
Beken finantzaketa, bateragarritasuna eta kudeaketa
5. artikulua. Beken finantzaketa.
1. Ekonomia, Ogasun, Industria eta Enplegu Departamentuko Politika Ekonomiko eta Enpresarialaren Zuzendaritza Nagusiaren aurrekontuko programetan aurreikusita dauden zuzkidurekin finantzatuko dira bekak.
2. Aurrekontuetan dagoen diruak mugatuko du beken esleipena.
3. Beka hauek Europako Gizarte Funtsaren kofinantzketa jasoko dute, gutxienez ere %50, Gazteen Enplegurako Ekimenaren bidez.
6. artikulua. Beste laguntza batzuekiko bateraezintasuna.
Deialdi honetako prestakuntzarako bekak bateragarriak dira Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak, beste administrazio publiko batzuek, beste erakunde publiko nahiz pribatu batzuek, Espainiakoek nahiz atzerrikoek, jarduketa bererako emandako beste laguntza batzuekin. Orobat, bateragarriak izanen dira entitate hartzaileek praktikak egiteagatik ematen ahal dituzten laguntzekin.
7. artikulua. Kudeaketa.
Entitate laguntzaileen bidez kudeatuko dira beka hauek; Politika Ekonomiko eta Enpresarialaren Zuzendaritza Nagusiak lankidetza hitzarmen bat sinatuko du haiekin, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 11. artikuluan ezarritakoaren arabera. Hona entitate horiek: Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Unibertsitatea-Gizartea Fundazioa eta Nafarroako Unibertsitatearen Enpresa Fundazioa.
III. KAPITULUA
Onuradunei buruz
8. artikulua. Onuradunak.
1. Onuraduntzat joko dira, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 8. artikuluan aurreikusitako ondorioetarako, beka eskatu eta deialdi bakoitza egiten denean baldintza hauek betetzen dituztenak:
a) Espainiako nazionalitatea izatea edo Europar Batasuneko estaturen batekoa.
b) Nafarroarekin lotuta egotea, Nafarroan jaiotzeagatik, foru izaera zibila izateagatik edo Nafarroan erroldatua egoteagatik, deialdi hau argitaratu aurreko bi urtean gutxienez. Hori frogatzeko erroldaren ziurtagiria aurkeztu beharko da.
c) Kasu bakoitzerako eskatutako unibertsitateko titulua izatea.
d) 25 urtez azpikoak izatea edo, %33ko edo gehiagoko desgaitasuna onartua badute, 30 urtez azpikoak.
e) Langabezian egotea. Gazteen Bermearen Sisteman behar den inskripzioa eginez frogatuko da baldintza hau, bekaren eskaeraren unean.
f) Inolako prestakuntzatan ez aritzea, ez arautuan ez arautu gabean, baina beharrezkoa izanen da bai Nafarroako Unibertsitate Publikoak bai Nafarroako Unibertsitateak atzerriko praktikak egiteko prestakuntza planean aurreinskribaturik egotea. Gazteen Bermearen Sisteman behar den inskripzioa eginez frogatuko da baldintza hau, bekaren eskaeraren unean.
g) Deialdi honetan parte hartzeko aukera ematen duen titulazioko ikasketak bukatu ondoren, antzeko beka bat hartu ez izana.
h) Ikasketak bukatu ondoren, beka eskatzeko bide ematen duen titulazioaren bidez kontratatua ez izana.
i) Praktika bat egiteko aukeraketa gainditzea, dela bi fundazioek haren eskura uzten duten praktika bat, dela norberak bere kabuz lortutakoa.
j) Interesdunek, gainera, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeak 13. artikuluan ezartzen dituen betebehar orokorrak bete beharko dituzte. Hori frogatzeko, eskabidearen inprimakien artean agertzen den “Erantzukizuneko aitorpena” erabiliko da.
2. Aurreko betebeharrak bete behar dira:
–d) puntuaren kasuan, eskaerak aurkezteko epea bukatzean.
–Gainerako puntuei dagokienez, eskaera aurkezteko unean.
3. Ez dira beka hauen onuradun izanen Nafarroa-Nazioarteko Praktiketarako Bekaren bat aurretik izan dutenak, aurreko deialdietan, ezta beka bati, bidezko arrazoirik gabe, ezetz esan diotenak ere.
4. Diru-laguntza onartzeak berarekin ekarriko du onuraduna Nafarroako Gobernuaren Interneteko Atarian eta Europako Gizarte Funtsa kudeatzeko agintaritzak argitaratzen duen zerrenda batean agertzea.
IV. KAPITULUA
Bekak
9. artikulua. Bekan sartutako kontzeptuak.
1. Bekadun bakoitzak zenbateko gordin bat jasoko du gastu hauek estaltzeko: egonaldia, bidaia, bisak eta istripuetarako, bidaiarako, laguntza medikorako eta erantzukizun zibilerako aseguruak.
2. Nahitaezkoa izanen da erantzukizun zibileko asegurua, eta entitate laguntzaileek kontratatuko dute, onuradunak ordezkatuz, betiere onuradunek halako aseguru bat ez badute. Onuradunak asegurua kontratatu aurretik ordaindu beharko dio entitate laguntzaileari aseguruaren zenbatekoa, eta betebehar hau ez betetzea beka kentzeko arrazoia izanen da.
10. artikulua. Beken baldintzak eta iraupena.
1. Bekek 6 hilabete iraunen dute. Halaber, praktikek sei hilabete iraunen dute gutxienez.
2. PFEZaren atxikipenak dituzten errenta izanen dira beka hauek.
3. Urriaren 24ko 1493/2011 Errege Dekretuan ezarritakoarekin bat, prestakuntza atzerriko egonaldi bidez gauzatzean, ez da bidezko izanen Gizarte Segurantzaren araubide orokorrean sartzea eta alta hartzea.
4. Beka jasotzeak ez du lan harremanik sortuko ez Ekonomia, Ogasun, Industria eta Enplegu Departamentuarekin ez destinoko entitateekin, eta ez du inolako konpromisorik ekarriko onuraduna funtzionarioen edo lan-kontratudunen plantillan sartzeko.
11. artikulua. Beken kopurua.
Kreditu erabilgarria agortu arte emanen dira bekak.
V. KAPITULUA
Hastapena, tramitazioa eta ebazpena
12. artikulua. Eskabideak aurkeztea.
1. Eskabideak 2. eranskinean ageri den ereduaren araberakoak izanen dira.
2. Nafarroako Gobernuan aurkeztu aurretik, deialdi honetako entitate laguntzaileetako edozeinek aztertuko ditu eskaerak: Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Unibertsitatea-Gizartea Fundazioak edo Nafarroako Unibertsitatearen Enpresa Fundazioak.
3. Nafarroako Gobernuan aurkeztu aurretik, izangaiek praktika bat izanen dute, dela bi fundazioek emandako praktiketako bat dela beren kabuz lortutako bat.
4. Behin praktika lorturik, Nafarroako Gobernuko Ekonomia, Ogasun, Industria eta Enplegu Departamentuaren Nazioarteko Proiekzioaren Zerbitzuari (Arrieta kalea, 8, 5. solairua) zuzendutako eskabideak Nafarroako Gobernuaren edozein erregistro bulegotan edo erregistro lagungarrietan aurkeztuko dira, galarazi gabe Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan aurreikusitakoa. Nazioarteko Proiekzioaren Zerbitzukoa ez den beste Erregistro batean aurkezten denean eskaera, jakinarazi egin beharko da, mezu elektroniko bat igorriz practicasinternacionales@navarra.es helbidera, aurkeztutako dokumentazio guztia eskaneatua eta erantsia dagoela.
13. artikulua. Aurkezteko epea.
1. Eskaerak Nafarroako Gobernuan aurkezteko, hilabeteko epea izanen da, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik argitaratze egunari dagokion hurrengo hilabeteko eguna arte. Entitate laguntzaileek ezarriko dute fundazioetako edozeinetan praktiken eskaerak aurkezteko epea.
2. Ez dira tramiterako onartuko epez kanpo aurkezten diren eskabideak eta, beraz, ez-onartutzat joko dira; hori interesdunei jakinaraziko zaie, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 59. artikuluan ezarritako moduan.
3. Aurkezteko epea bukatu ondoren, ezin izanen dira eskaerak aldatu, salbu eta akats materialak, aritmetikoak edo izatezkoak zuzentzeko denean, eskatzaileek eskaerak bertan behera uzteko duten ahalmena baztertu gabe.
14. artikulua. Dokumentazioa.
Eskatzaileek jarraian adierazten diren agiriak aurkeztu beharko dituzte, paperean nahiz euskarri informatikoan:
–Nazioarteko Proiekzioaren Zerbitzuan (Arrieta kalea, 8, 5. solairua), Nafarroako Gobernuaren Interneteko atarian (www.navarra.es, Laguntzak eta bekak) eta beken kudeaketaren entitate laguntzaileen web orrietan eskuragarri dagoen inprimakiaren araberako eskaera.
–Nortasun agiri nazionalaren edo balio bereko agiri baten fotokopia, eskaera Erregistro Orokor Elektronikoaren bidez aurkezten ez bada.
–Nafarroan erroldaturik daudela frogatzen duen agiria, edo foru izaera zibila izatearena.
–Unibertsitateko ikasketa-espediente ofizialaren kopia soila, ebaluatutako batez besteko nota 1etik 10era bitarteko eskalan agertu behar duena.
–Unibertsitateko tituluaren kopia soila.
–Enpresak jarduera egiteko onartu duela frogatzen duen agiria.
–Nafarroako Unibertsitate Publikoak eta Nafarroako Unibertsitateak praktikak atzerrian egiteko eskaintzen duten prestakuntza planean aurrez izena eman duela frogatzen duen agiria.
–Egin beharreko lanari buruzko informazioa: enpresa, kokalekua, hasteko eta bukatzeko egunak, egin beharreko zereginen deskripzio zehatza, laguntza poltsa (hala badagokio), tutorea eta gainerako alderdi garrantzitsuak.
–Berariazko baimena, datuak Ekonomia, Ogasun, Industria eta Enplegu Departamentuaren eta entitate parte-hartzaileen fitxategi informatikoetan sartu eta tratatzeko, gero ebazpen honetan aipatzen den bekaren kudeaketari aplikatzeko, Datu Pertsonalak Babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoan ezarritako moduan (1. eranskineko eskabidean bertan ageri den ereduaren arabera).
15. artikulua. Eskaeretako akatsak zuzentzea.
Eskaerak aipatu diren baldintzak betetzen ez baditu, interesdunari eskatuko zaio hamar eguneko epean okerra zuzen dezala; hala egin ezean, eskaera bertan behera utziko da, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 42.1. artikuluak ezarritako moduan. Errekerimendu hori eskuragarri dauden baliabide elektronikoak erabiliz eginen da.
16. artikulua. Ebaluazio irizpideak.
1. Bekaren onuradunak hautatzeko, honako irizpide hauek hartuko dira kontuan, eta gehienez ere 100 puntu lortzen ahalko dira:
–Hautagaiaren ikasketa-espedientea (%30).
–Zer neurritan egokitzen zaizkion eginen diren jarduketak izangaiaren profil profesionalari. (%70). Destinoko enpresan egin beharreko lanen edukia hautagaiak jaso duen prestakuntzarekin bat etortzea baloratuko da. 0 puntu emanen zaizkio baldin eta praktika izangaiaren profil profesionalari egokitzen ez bazaio, 30 puntu baldin tarteko egokitasun mailarik bada, eta 70 puntu asko egokitzen bazaio.
17. artikulua. Diru-laguntza ematea.
1. Laguntza emateko ebazpena.
Politika Ekonomiko eta Enpresarialaren zuzendari nagusia da bekak emateari buruz ebazteko eskumena duen organoa.
Diru-laguntza emateko ebazpenean hauek azalduko dira:
a) Onuradunaren datuak, jarduera zein entitatetan eginen duen, eta destinoko herrialdea.
b) Bekaren zenbatekoa.
c) Ordainketaren modua eta sekuentzia eta ordainketa egiteko betebeharrak.
d) Onuradunei ezartzen zaizkien baldintzak.
e) Onuradunek bekaren xedea betetzen dutela justifikatzeko epea eta modua.
Emandako beken gainean ebazteko eta jakinarazteko azkeneko epea bi hilabetekoa izanen da, deialdia ixten denetik hasita. Epe horretan ebazpen espresik ematen ez bada, eskaerak ezetsitzat jo beharko dira, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 23. artikuluan ezarritakoarekin bat.
Politika Ekonomiko eta Enpresarialaren zuzendari nagusiak emandako ebazpenaren aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko dute interesdunek Ekonomia, Ogasun, Industria eta Enpleguko kontseilariari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabete bateko epean.
Bekak emateko ebazpena Nafarroako Gobernuaren webgunean argitaratuko da, baita Europako Gizarte Funtsa kudeatzeko agintaritzak argitaratzen duen zerrendan ere.
Ebazpenean agertzen den emakida onuradunak berariaz onartu beharko du hamar egun balioduneko epean, beka emateko banakako jakinarazpena egiten denetik aurrera, horretarako ezarritako inprimakiaren bidez.
VI. KAPITULUA
Onuradunen betebeharrak
18. artikulua. Onuradunen betebeharrak.
1. Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 9. artikuluan aurreikusitako betebeharrez gainera, laguntza jasotzen duenak betebehar hauek ere izanen ditu:
a) Prestakuntza planaren etapa guztiak betetzea eta diruz lagundutako aldia bukatzean, eta, hamabost egun naturaleko epean gehienez, beka dela-eta egin dituzten jardueren gaineko txostena prestatzea.
b) Bi unibertsitateek praktikak atzerrian egiteko eskaintzen duten prestakuntza planaren matrikula-tasak ordaindu izana. Praktika egin bitartean emanen da prestakuntza hori.
c) Erantzukizun zibileko asegurua izatea. Entitate laguntzaileek kontratatuko dute, onuradunak ordezkatuz, betiere onuradunek halako aseguru bat ez badute.
d) Jabetza intelektual edo industrialari buruzko araudiarekin bat babestu beharreko edozein emaitza berehalaxe jakinaraztea bekadunak jarduera egin duen entitate hartzaileari, zuzendariaren edo tutorearen bidez.
e) Prestakuntza beka zein zentrotan egiten den, hango ordutegia, arauak eta diziplina betetzea.
f) Europar Batasuneko aurrekontuarekin kofinantzatutako laguntza bat jasotzeagatik egin daitezkeen kontrolak onartzea; egiaztapen horiek Nafarroako Gobernuak, Estatuko edo Europar Batasuneko Administrazio Orokorrak edo eskumena duten beste kontrol-organo batzuek egiten ahal dituzte.
g) Emandako diru-laguntzaren frogagiriak gordetzea, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2013ko abenduaren 17ko 1303/2013 Erregelamenduaren 140. artikuluan xedatutakoaren arabera (haren bidez xedapenak ezarri ziren Eskualde Garapeneko Europako Funtsari, Europako Gizarte Funtsari, Kohesio Funtsari, Landa Garapenerako Europako Nekazaritza Funtsari eta Itsasoaren eta Arrantzaren Europako Funtsari buruz).
2. Diru-laguntza emateko ebazpenetan, oinarri arautzaile hauetan edo Diru-laguntzei buruzko Foru Legean ezarritako betebeharrak osorik bete ezik, beka behar bezala aprobetxatu ezik eta, orobat, jardueraren ardura duen zentroak kontrako txostena emanez gero, onartutako beka kobratzeko eskubidea galduko da edo, kasua bada, diru hori itzuli egin beharko da, aipatutako foru legearen 35. artikuluan xedatutakoarekin bat.
Halaber, aurreko betebeharrak hein batean bete ezik, emandako diru-laguntzaren zenbatekoa berriz ere finkatzen ahalko da, proportzionaltasun printzipioari jarraikiz edo, hala badagokio, dagokion zenbatekoa itzultzeko agindu.
3. Onuradunak bekari bidezko arrazoirik gabe uko eginez gero, ezin izanen du parte hartu etorkizuneko “Nafarroa-Nazioarteko Praktiketarako Beken” deialdietan.
VII. KAPITULUA
Beken ordainketa eta justifikazioa
19. artikulua. Beken ordainketa.
1. Diru-laguntzaren ordainketaren %25 aurretik eginen da, destinoan bidaiako eta ostatu hartzeko hasierako gastuak ordaintzeko.
2. Honela eginen dira ordainketak:
–Lehenbiziko ordainketa aurreratu bat, esleitutako zenbateko osoaren %25.
–Hilabete bakoitzaren akaberan, eta bekaren iraupeneko lehenbiziko bost hilabeteetan, esleitutako zenbateko osoaren %10eko ordainketak.
–Jarduera bukatu arte eutsiko zaio gainerako %25ari, eta, kobratzeko, beharrezkoa izanen da bekak estalitako aldia bukatu eta ondoko 15 egunean honako frogagiri hauek aurkeztea:
a) Bukaerako memoria.
b) Harrera entitatearen ziurtagiria, frogatzen duena prestakuntza programa ongi bete dela.
c) Ontziratzeko txartela, frogatzen duena bidaia egin dela destinoko herrialdera.
VIII. KAPITULUA
Bekak itzultzea, zehapen araubidea eta erregistroa
20. artikulua. Laguntza itzultzea.
1. Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 34. artikuluan aurreikusitako deuseztasun eta deuseztagarritasun kasuez gainera, bidezkoa izanen da jasotako dirua itzuli behar izatea eta berandutza interesak (laguntza ordaintzen denetik itzuli beharra erabakitzen den data artekoak) eskatzea, kasu hauetan:
a) Laguntza lortzearren, eskatutako baldintzetan gezurra esatea, edo laguntza lortzea galaraziko luketen datuak ezkutatzea.
b) Atzerriko zentrora ez agertzea, prestakuntza programa bertan behera uztea edo programa behar bezala ez aprobetxatzea.
c) Justifikazio betebeharra ez betetzea edo behar adina ez justifikatzea.
2. Dirua itzultzeko prozedurak Politika Ekonomiko eta Enpresarialaren zuzendari nagusiak ebatziko ditu. Prozedura horiek Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35. artikuluko 6. eta 7. zenbakietan aurreikusita dagoenaren arabera tramitatuko dira.
IX. KAPITULUA
21. artikulua. Errekurtsoak.
Deialdi honen, bere oinarri arautzaileen eta garatzeko egintzen kontra, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da, Ekonomia, Ogasun, Industria eta Enpleguko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 114. eta hurrengo artikuluei eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 57. artikuluari jarraikiz.
2. ERANSKINA
Eskabide orria, “Nazioarteko Praktiketarako Bekak. Europar Batasunetik kanpoko herrialdeetako prestakuntza” izeneko 2015eko beketarako
1. Eskatzailearen datu pertsonalak eta harremanetarako datuak | ||
Izena: | Lehen deitura: | Bigarren deitura: |
NANa/IFZ/Pasaportea: | Nazionalitatea: | Jaioteguna eta jaioterria: |
Helbidea (kalea, zenbakia, solairua): | ||
Probintzia: | Herria: | Posta kodea: |
Telefonoa (1): | Telefonoa (2): | Helbide elektronikoa: |
2. Eskatzailearen datu akademikoak eta lanbide datuak | |
Praktikak non egin nahi diren, entitate hartzaile horrek eskatutako titulazioari buruzko datuak | |
Titulua: | Espezialitatea (halakorik bada): |
Unibertsitatea: | Ikastetxea edo saila: |
Hiria: | Herrialdea: |
Ikasketa-espedientearen batez besteko nota gaur arte (1-10 eskala): | Ikasketak noiz amaitu dituen (proiektua barne dela, halakorik bada): |
Amaitutako goi mailako graduko edo graduatu ondoko beste ikasketa batzuei buruzko datuak | |
Titulua: | Espezialitatea (halakorik bada): |
Unibertsitatea: | Ikastetxea edo saila: |
Ikasketak noiz amaitu dituen: | Ikasketa-espedientearen batez besteko nota (1-10 eskala): |
Egin nahi duen prestakuntza jarduerari buruzko datuak | |
Entitate hartzailea: | Adarra / Sektorea: |
Hiria: | Herrialdea: |
Noiz hasi eta amaituko den: | Entitate hartzaileak emanen dion poltsaren zenbatekoa (hala balegokio): |
Prestakuntzaldian zehar eginen duen lanaren azalpen laburra. | |
3.–Aurkeztu beharreko agirien zerrenda.
Eskabide-orri jatorrizkoa, behar bezala betea.
NANaren edo pasaportearen fotokopia.
Erroldaren ziurtagiria, edo foru izaera zibila izatearena.
Unibertsitateko ikasketa-espediente ofizialaren kopia soila, ebaluatutako batez besteko nota 1etik 10era bitarteko eskalan agertu behar duena.
Unibertsitateko tituluaren kopia soila.
Enpresak prestakuntza jarduera egiteko onartu duela frogatzen duen agiria, praktikaren deskribapen zehatza adierazita.
Nafarroako Unibertsitate Publikoak eta Nafarroako Unibertsitateak praktikak atzerrian egiteko eskaintzen duten prestakuntza planean aurrez izena eman duela frogatzen duen agiria.
Beste bat (adierazi):
Aurreko agiri guztiak jasotzen dituen artxibo elektronikoa.
4.–Adierazpena, tokia, eguna eta sinadura.
Adierazten dut ezen ikasketak bukatu ondoren, beka eskatzeko bide ematen didan titulazioaren bidez, ez nautela kontratatu.
Adierazten dut Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan ezarritako debekuetako bakar batean ere ez nagoela, deialdi honetan aurreikusitako salbuespenekin.
Eskabideak aurkeztearekin batera Ekonomia, Ogasun, Industria eta Enplegu Departamentuari baimena ematen diot beharrezkoak diren erakundeetatik eta bekaren eskatzailearengandik informazioa biltzeko. Datuak bide elektronikoa erabiliz eskatu eta emanen dira. Modu honen bitartez ziurtatzen dut inprimaki honetan emandako informazioa fidagarria dela eta aplikazio horretan ageri diren adierazpenen egilea naizela. Ekonomia, Ogasun, Industria eta Enplegu Departamentuari nire agiriak egiaztatzeko baimena ematen diot.
.............................(e)n, ..............(e)ko .....................aren ........(e)an.
Eskatzailearen sinadura: ...................................
Datuen babesa:
Datu Pertsonalak Babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoan xedatutakoari jarraikiz, Ekonomia, Ogasun, Industria eta Enplegu Departamentuak aditzera ematen dizu agiri/orri/inprimaki honetatik ateratako datu pertsonalak eta erantsi diren gainerakoak fitxategi automatizatu batean sartuko direla, tratatzeko. Halaber, aditzera ematen zaizu datu horien bilketaren eta tratamenduaren helburua dela eskaeraren prozesua Nazioarteko Proiekzioaren Zerbitzuaren bitartez kudeatzea, bai eta Ekonomia, Ogasun, Industria eta Enplegu Departamentuak emandako beka esleitu eta ordaintzeko prozesua kudeatzea ere.
Aipatu lege organikoan ezarritakoarekin bat, datuak ikusi, zuzendu, deuseztatu eta kontra egiteko eskubideak erabil ditzakezu, Nazioarteko Proiekzioaren Zerbitzuari idazki bat igorriz.
3. ERANSKINA
“Nazioarteko Praktiketarako Bekak 2015”
Europar Batasunetik kanpoko praktikak egitea prestakuntzan
Zenbatekoak guztira, herrialdeka
HERRIALDEA | POLTSA, GUZTIRA | |
Albania | 4.306 | |
Angola | 6.334 | |
Saudi Arabia | 5.824 | |
Aljeria | 4.279 | |
Argentina | 4.964 | |
Armenia | 4.179 | |
Australia | 5.972 | |
Azerbaijan | 4.446 | |
Bangladesh | 3.731 | |
Bielorrusia | 3.865 | |
Bolivia | 4.639 | |
Bosnia-Herzegovina | 4.050 | |
Botswana | 4.060 | |
Brasil | 5.250 | |
Brunei | (*) | |
Kamerun | 5.933 | |
Kanada (ekialdeko kosta) | 4.471 | |
Kanada (mendebaldeko kosta) | 4.882 | |
Txad | 6.456 | |
Txile | 4.962 | |
Txina | 6.342 | |
Kolonbia | 4.681 | |
Kongo | 7.059 | |
Hego Korea | 6.189 | |
Boli Kosta | 5.566 | |
Costa Rica | 4.399 | |
Kroazia | 3.619 | |
Kuba | 4.952 | |
Ekuador | 4.339 | |
AEB (ekialdeko kosta) | 5.202 | |
AEB (mendebaldeko kosta) | 5.266 | |
AEB (erdialdea) | 4.830 | |
Egipto | 4.054 | |
El Salvador | 4.339 | |
Arabiar Emirerriak | (*) | 5.139 |
Etiopia | 4.630 | |
Filipinak | 4.849 | |
Gabon | 5.959 | |
Georgia | 5.449 | |
Ghana | 5.479 | |
Guatemala | 4.452 | |
Ginea Bissau | 5.706 | |
Ginea Konakry | 3.603 | |
Ekuatore Ginea | (*) | 5.494 |
Honduras | 4.085 | |
India | 4.911 | |
Indonesia | 5.074 | |
Irak | (*) | |
Iran | (*) | 5.249 |
Islandia | (*) | |
Israel | 4.510 | |
Jamaika | 5.050 | |
Japonia | 7.937 | |
Jordania | 3.929 | |
Kazakhstan | 5.462 | |
Kenya | 5.252 | |
Kirgizistan | 5.173 | |
Kuwait | (*) | 5.252 |
Libano | 4.154 | |
Liberia | (*) | |
Libia | (*) | 4.510 |
Madagaskar | 5.489 | |
Malasia | 4.849 | |
Malawi | 4.719 | |
Mali | 4.843 | |
Maroko | 3.369 | |
Mauritania | 3.609 | |
Mexiko | 4.374 | |
Moldavia | 4.129 | |
Mongolia | (*) | |
Namibia | 4.490 | |
Nepal | 4.698 | |
Nikaragua | 3.558 | |
Nigeria | 4.681 | |
Norvegia | (*) | |
Zeelanda Berria | 5.899 | |
Oman | (*) | 5.026 |
Pakistan | 3.672 | |
Panama | 4.452 | |
Paraguai | 4.752 | |
Peru | 4.639 | |
Puerto Rico | (*) | |
Qatar | (*) | |
Afrika Erdiko Errepublika | 6.060 | |
Kongoko Errepublika Demokratikoa | 6.430 | |
Dominikar Errepublika | 3.812 | |
Errusia | 5.189 | |
Senegal | 4.154 | |
Serbia-Montenegro | 3.732 | |
Singapur | 6.102 | |
Siria | 3.918 | |
Somalia | (*) | |
Sri Lanka | 4.513 | |
Hegoafrika | 4.907 | |
Suitza | 4.772 | |
Thailandia | 4.849 | |
Taiwan | 5.959 | |
Tunisia | 3.532 | |
Turkmenistan | (*) | |
Turkia | 4.171 | |
Ukraina | 4.242 | |
Uruguai | 4.852 | |
Venezuela | 4.681 | |
Vietnam | 5.049 | |
Yemen | 3.852 | |
Zambia | 4.594 | |
Zimbabwe | (*) | |
(*) Ez dago eskuragarri. Poltsaren zenbatekoa eskuragarri ez duten destinoko herrialdeen kasuetan, banaka aztertuko dira. | ||
Iragarkiaren kodea: F1417188
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
