30. ALDIZKARIA - 2015eko otsailaren 13a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

BURLATA

Aldaketa Udalaren etxeko laguntza zerbitzua arautzen
duen udal ordenantzan. Behin betiko onespena

Burlatako Udalak, 2014ko azaroaren 27an egin osoko bilkuran, hasiera batean onetsi zuen Burlatako Udalaren etxeko laguntza zerbitzua arautzen duen udal ordenantzaren aldaketa (2014ko 241. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, abenduaren 11n).

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluari jarraikiz, maiatzaren 31ko 15/2002 Foru Legeak aldatu baitzuen, eta jendaurrean egoteko epea inork alegaziorik aurkeztu gabe iraganik, ordenantza horretan egin aldaketa behin betiko onetsi eta argitaratzeko agindu da, behar diren ondorioak izan ditzan.

Burlatan, 2015eko urtarrilaren 27an.–Alkatea, Juan Carlos González Muñoz.

BURLATAKO UDALAREN ETXEKO LAGUNTZA ZERBITZUA ARAUTZEN DUEN UDAL ORDENANTZA

1. artikulua. Etxeko Laguntza Zerbitzuaren definizioa (ELZ).

2. artikulua. Etxeko Laguntza Zerbitzuaren (ELZ) esku-hartzea zer printzipiotan oinarritzen den.

3. artikulua. ELZ programaren ezaugarriak.

4. artikulua. Helburuak.

5. artikulua. ELZren erabiltzaile eta hartzaileak.

6. artikulua. ELZn esku hartzen duten profesionalak.

7. artikulua. Eskuratzeko irizpideak: mendekotasuna baloratzeko tresnak.

8. artikulua. Zerbitzuen zerrenda.

9. artikulua. Prezio publikoa. Tarifen sistema.

10. artikulua. Esku-hartze teknikoaren protokoloa.

11. artikulua. Kudeaketa arauak: ELZ emateko administrazio prozedura.

12. artikulua. ELZren erabiltzaileen eskubide eta betebeharrak.

13. artikulua. Datuen babesa.

1. eranskina.–Esku-hartze teknikoaren protokoloa.

2. eranskina.–ELZ eskatzeko aurkeztu behar diren agiriak.

3. eranskina.–Tarifen sistema.

1. artikulua. Etxeko Laguntza Zerbitzuaren definizioa (ELZ).

ELZ (etxeko laguntza zerbitzua) udal zerbitzua da, oinarrizko premiak beren ohiko ingurunean betetzeko mugak dituzten herritarrei zuzendua, eta banakoarendako zerbitzu batzuen prestazioa eskaintzen du aldi baterako edo modu iraunkorrean, egoera bakoitzaren arabera. Xedea da pertsona bere ingurunean ahalik eta hobekien integratzea, haren autonomia funtzionala handitzea eta haren bizi kalitatea hobetzea.

2. artikulua. Etxeko Laguntza Zerbitzuaren (ELZ) esku-hartzea zer printzipiotan oinarritzen den.

Gizarte Zerbitzuei buruzko abenduaren 14ko 15/2006 Foru Legearen printzipio orokorrekin bat, ELZren esku-hartzea printzipio hauetan oinarriturik dago:

–Erantzukizun publikoa: botere publikoek gizarte zerbitzuen eskuragarritasuna bermatuko dute eta administrazioak bere gain hartuko du finantza, teknika, giza eta antolaketa arloan behar diren baliabideak bultzatzeko ardura.

–Unibertsaltasuna eta berdintasuna: botere publikoek bermatuko dute eguneko jardueretan aritzeko mugak dituzten pertsona guztiek zerbitzua eskura izatea, betiere eskuratzeko baldintzak betetzen badira.

–Osagarritasuna: pertsonak etxean ahalik eta denbora gehien atxikitzeko helburua duten beste zerbitzu eta baliabide batzuekin.

–Aurreneurri izaera: laguntza hartzen duen pertsonaren gaitasunen galera eragotzi edo murriztuko du, baita sostengu eta harreman sozialena ere.

–Autonomiaren sustapena: eguneroko jardueretan parte hartzea eta familia inguruan eta komunitateko bizitzan moldatzea alor desberdinetan bultzatuko da. Bultzatuko da nork bere erabakiak hartzea bai eraman nahi duen bizimoduari bai gogokoen dituen gauzak hautatzeari dagokionez.

–Laguntza pertsonalizatua eta osoa: ELZk norberari egokituriko laguntza eskainiko du, pertsonen gizarte premiak ezagutzeko aukera emanen duena, haiei modu orokor eta osoan erantzun ahal izateko.

–Malgutasuna: kasu eta egoera bakoitzean laguntza hobea eskaintzeko aukera emanen duten baliabideen konbinazioa eginen da.

–Elkartasuna: botere publikoen jarduketek populazioaren kohesio sozialari mesede egitera jo beharko dute, eta pertsonen arteko desberdintasunak errespetatzea eta onartzea bultzatuko dute, bizikidetza harmoniatsua izan dadin.

–Normalizazioa: ELZren lehentasuna izanen da pertsonak beren ingurune sozial, familiar eta pertsonalean atxikitzea, eta bermatzea komunitatearen bizitzan parte hartzea, ahal delarik.

–Koordinazioa: baliabide instituzionalekin nahiz sostengu informaleko baliabideekin koordinazioa eginez, esku-hartzearen sinergia hobetu eta eraginkortasun maila handiagoa bermatuko da.

–Kalitatea: egiten den zerbitzua kalitatezkoa izanen da, zerbitzu horiek egiaztatzeko ematen diren kalitate arauetan garatzen diren baldintzak betez.

–Gizarte arloko boluntario lanaren sustapena: zerbitzua erabiltzen duten pertsonen sostengu sare informalaren atal gisa toki mailan parte hartzen ahal duena, herritarren elkartasun printzipiotik abiatuz.

3. artikulua. ELZ programaren ezaugarriak:

ELZ honelako zerbitzua da:

–Balioaniztuna, bere gain hartzen baitu beregaintasun pertsonala falta duten pertsona edo familia taldeen premia sorta zabala betetzea.

–Normalizatzailea, bere inguruko baliabideak erabiltzen baititu premiak betetzeko.

–Etxekoa, erabiltzailearen etxean egiten baita oroz gain.

–Integrala, bizikidetza unitateen premiei oso-osorik heltzen baitie.

–Prebentiboa, haren bidez ahalegina egiten baita gaitasun pertsonalen andeatze egoerak eta sostengu eta gizarte harremanen galerak eragozteko edo murrizteko, baita inor beharrik gabe zentro batera eramatea, bizi kalitate hobea bermatu ezean.

–Osagarria, bere xedeak lortzeko bestelako prestazio oinarrizkoekin batera egiten ahal baita.

–Akuilatzaile eta pizgarria, erabiltzailearen beharrak bere gaitasunak indartuz eta bere aldaketaren eragile eginez eta familiaren partaidetza bultzatuz ase nahi baitira.

–Teknikoa, jarduerak teknikoki planifikatzen baitira eta profesional adituek taldean esku hartzen baitute, haien lana behar adina gainbegiratua izanik.

–Pertsonalizatua, erabiltzaile bakoitzak bere beharretara egokitutako programa eta segimendua behar baitu, bitarteko hoberenak konbinatuz.

–Laguntza hartzen duten pertsonen eta haien zaintzaileen lehentasunekiko errespetuan oinarritua, lanbide orientazioak kontuan harturik.

–Estaldura emailea, langile/erabiltzaile estaldura-ratio bat bermatuko duena, zeinak, Burlatako herriari dagokionez, zerbitzua baldintza egokietan emanen dela ziurtatuko baitu, bai eta langileen lan eskubideak ere.

4. artikulua. Helburuak.

Etxeko Laguntza Programak helburu hauek ditu:

–Pertsonak beren ohiko ingurunean ahalik eta denbora gehien eta ahalik eta bizi kalitate handienarekin atxikitzea, gisa horretara, behar bezalako aukera emanez, eragozten baita inor beharrik gabe zentro batera eramatea, ingurunearekiko horrek dakarren deserrotzearekin.

–Pertsonaren eta familiaren trebetasun, gaitasun eta abilezien optimizazioa lortzea, beregaintasun handiena izateko aukera eman beharrez, ohitura osasungarriak bultzatzea eta norberaren segurtasun eta autoestimua handitzea, erabiltzaileek beren kasa egin ditzaketen zereginak sustatuz.

–Ohiko bizilekuan prestazio multzo bat eskaintzea, modu integralean eguneroko bizitzako jarduera guztiak egitea erraztu eta haietan sostengu emateko.

–Osasun eta gizarte zerbitzuetatik esku hartzen duten profesionalen sarearekin jarduketak koordinatzea, baliabide egokiak erabili eta aplikatuz, esku-hartzea eraginkorrago izan dadin.

–Norberaren oreka pertsonala, beren familiarena eta inguruarena hobetzea familia, auzo eta adiskide loturak sendotuz, eta sostengu sare naturalen lankidetza handiagoa bultzatzea eta indartzea, bereziki familiarena, begiraleei behar bezalako sostengua eman diezaieten.

–Etxeko laguntza zerbitzuak ematea, nahiz eta horrek ez dakarren familiaren erantzukizunak hartzea ELZren erabiltzaileei dagokienez.

–Beregaintasun pertsonal eta sozialari eragiten dioten krisi pertsonal eta/edo familiarren unean uneko egoeretan laguntza ematea.

–Erabiltzaileen gizarte harremanak eta jarduketak haien komunitate ingurunean indartzea, sor litezkeen isolamendu eta bakartasun arazoei aitzintzeko.

–Komunitateko boluntarioen bidezko sostengu soziala bultzatzea eta bideratzea, zaindutako pertsonei lagun egiteko indargarria izan dadin.

5. artikulua. ELZren erabiltzaile eta hartzaileak.

ELZren erabiltzaileak izaten ahalko dira Burlatan erroldaturiko pertsona edo bizikidetzako familia unitate guztiak, bizia beren gain egiteko mugaturik badaude eta horien ondorioz beren kasa premia pertsonal eta sozialak bete ezinean badabiltza eta laguntza behar badute beren ohiko bizilekuan jarraitu ahal izateko.

Erabiltzaile izateko, hauek izanen dute lehentasuna:

–Beregain izateko arazoak dituzten adineko pertsonak.

–Beregaintasunari modu larrian eragiten dion desgaitasuna dutenak.

–Familia unitateak, beren baitan adingabeak edo beren buruaz baliatzeko zailtasuna duten lagunak dituztenak, eguneroko bizitzako oinarrizko jardueretan etxean berean behar bezalako zaintza eta arta ematen ahal ez badiete, edo, gizarte, ekonomia edo kultura aldetik, haien egoerak komenigarri egiten badu etxeko laguntza, haien garapen normal eta orekatsua bermatze aldera.

Salbuespenez, Burlatan erroldatutako senideen etxean aldi baterako egonen diren mendeko pertsonei ere ematen ahal zaie laguntza.

Premia maila bera izanik, kargen gero eta gehiagorako eskalan prezio publikoaren %100 baino gutxiago ordaindu behar dutenek izanen dute lehentasuna.

6. artikulua. ELZn esku hartzen duten profesionalak.

Etxeko Laguntza Zerbitzuko oinarrizko taldea langile hauek osatuko dute:

–Gizarte-langilea: eskaria jasotzea dagokio eta, orobat, haren ardura dira kasuaren azterketa eta balorazioa, komeni den esku-hartze programa diseinatzea eta proiektua gainbegiratu, segitu eta ebaluatzea.

–Familia-langilea: horrenak dira erabiltzaileari berari eta haren etxeari dagozkion lanak, baita hura laguntzea ere ohiturak eta gaitasunak sortzen eta mantentzen; horrez gain, aldian behin balorazioa eta txostena egin beharko ditu bere esku-hartze etengabearen ondorioz egoerak duen bilakaeraz.

Aipatu lanetatik kanpo geldituko dira osasun arlokoak baizik ez diren prestazio guztiak, halako espezializazioa behar badute eta osasun arloko baliabideen eskumenari badagozkio.

–Administrariak: zerbitzuaren ondoriozko administrazio eta antolaketa lanak eginen dituzte.

Prestazioak hala behar duenean, Oinarrizko Gizarte Zerbitzuko beste langile batzuek esku hartzen ahalko dute, hala nola honako hauek:

–Hezitzailea: erabiltzailearekin, haren familiarekin eta inguruarekin hezkuntza arloko lanak egitea da bere ardura, bizikidetza gunean familiaren beregaintasunari on eginen dioten gaitasun eta trebeziak eskuratzen lagungarri izan daitezen.

–Psikologoa: esku-hartzea dagokio sostengu psikosoziala behar duten egoeretan, baita zaintzaileei sostengu eta aholku emateko jardueretan eta zerbitzuko langileen prestakuntza etengabean ere.

Ordenantza hau Udaleko ELZko langileei apilikatuko zaie, bai eta Udalak kontratatzen dituen enpresetako langileei ere.

7. artikulua. Eskuratzeko irizpideak: mendekotasuna baloratzeko tresnak.

Etxeko laguntza zerbitzua nork nola eskuratu baloratzean, Oinarrizko Gizarte Zerbitzuak kontuan hartuko du:

–Onuradun izan daitezkeenek zenbaterainoko beregaintasun funtzionala duten eguneroko bizitzako oinarrizko jarduketak eta tresna bidezkoak egiteko.

–Sare naturalaren eta bereziki familiaren sostengua ote duten.

–Onuradun izan daitekeenaren egoera sozial, ekonomiko eta familiarra.

Horretarako, egungo araudiari jarraikiz indarra duten balorazio eskalak erabiliko dira.

8. artikulua. Zerbitzuen zerrenda.

8.1. Etxeko laguntzaren barnean ondotik ematen diren jarduketak sartzen dira. Guztiak eman daitezke, edo bat edo bat bakarrik, zerbitzuaren ahalen arabera:

Zerbitzua egunean 2 orduz emanen da gehienez etxe bakoitzean, zerbitzu beharrek besterik eskatzen dutenean izan ezik, betiere lanbide taldeak horri buruzko balorazioa eginik.

8.1.1. Sostengu eta laguntza pertsonaleko jarduketak. Hona hemen, eguneroko oinarrizko zereginetan, sostengu pertsonaleko jarduketak:

a) Norberaren higienea:

–Oinarrizko garbiketa: aurpegia, eskuak, genitalak, aho-higienea eta orraztea.

–Bizarra kentzea (makina elektrikoarekin).

–Ohean eri direnen garbiketa.

–Bainua/dutxa.

–Xatar aldatzea.

–Larruazala hidratatu eta haren egoera zaintzea.

–Hanka eta eskuen higienea eta zaintza (garbitu eta idortzea, azazkalak limatu eta/edo moztea, azal gogorra leuntzea, hidratazioa). Horretatik kanpo dago diabetikoei edo tratamendu antikoagulanteak hartzen dituenei azazkalak moztea.

–Ilea garbitu, idortu eta zaintzea.

–Iraizkinak biltzea (pixontziak/gauontziak). Horretatik kanpo dago profesional kualifikatu baten esku-hartzea behar duten jarduketak/zainketak.

b) Jantziak/oinetakoak:

–Janztea/eranztea.

–Oinetakoak janztea/eranztea.

–Jantziak eta oinetakoak gainbegiratzea.

c) Oinarrizko mugikortasuna:

–Ohetik jaikitzeko edo/eta etzateko laguntza.

–Tokiz aldatzea (ohea, jarlekuak).

–Etxean mugitzen laguntzea.

–Etxetik kanpo mugitzen laguntzea.

–Laguntza teknikoak aplikatzea.

d) Jarduketa soziosanitarioak:

–Gorputz-jarrerak aldatzeko laguntza, ezarritako protokoloei jarraituz.

–Hainbat patologiari egokitutako dieten kontrola eta jarraipena.

–Medikuak agindutako botikak behar bezala hartzen diren ikustea.

–Errezetak eta botikak jasotzea.

–Botikak prestatu eta ematea, xiringaz hartu beharrekoak izan ezik. Ez da orratzik duen gailurik erabiliko.

–Pertsonaren osasunari lotutako alderdiei (dietak, inkontinentziak, eskarak, oroimen galera...) erreparatzea, eta haren berri ematea lantalde profesionalari.

–Gaitasun fisiko eta mugimenduzkoak berreskuratu, mantendu eta hobetzeko jardueretan laguntzea, ezarritako protokoloari jarraituz (mobilizazio pasiboak, kremak, pomadak igurtziz ematea, material ortoprotesikoa jartzen laguntzea eta abar).

–Ezagutzaren gaitasunak berreskuratu, mantendu eta hobetzeko jardueretan laguntzea, ezarritako protokoloari jarraituz (oroimen ariketak, denboran eta espazioan orientatzekoak eta abar).

–Osasun arloko kontsultetara laguntzea.

–Inkontinentziarako gailuen aplikazioa (gernu biltzaileak, zundako poltsak aldatzea...).

–Aposituak aldatzea, osasun arloko profesionalen esku-hartzea behar ez denean.

–Lehen osasun laguntzetako teknikak aplikatzea larrialdietan.

8.1.2. Etxeko zereginetan sostengu emateko jarduketak. Hona hemen etxeko zereginetan sostengu emateko jarduketak:

a) Erabiltzailearen elikadurarekin ikusteko dutenak, hala nola:

–Elikagaiak prestatzen laguntzea.

–Elikagaiak atontzen laguntzea (berotzea, mahaia jartzea, janariak banatzea).

–Prestatutako janaria etxeetan banatzeko zerbitzua, erabiltzaileen behar nutrizionalak bermatuko dituena.

–Baxera eta/edo otordua prestatzean erabilitako tresnak bildu eta garbitzea.

b) Erosketari lotuak:

–Erosteko ohiturei eta antolaketari jarraipena egitea.

–Erosgaien zerrenda prestatzen laguntzea.

–Erosketak egitea.

–Erositakoa etxera eramatea.

–Erositakoa antolatzen laguntzea.

ELZn erosketa egiteaz ari garenean, eguneko bizimoduari lotutako oinarrizko produktuak eskuratzeaz ari gara.

c) Erabiltzailearen oinetakoak, arropa eta etxea zaintzeari lotutakoak, hala nola:

–Arropa/oinetakoak garbitzen laguntzea.

–Arropa hedatu eta biltzea.

–Arropa lisatzea.

–Arropa/oinetakoak antolatu eta hautatzea.

–Armairuak txukuntzea.

–Arropa pasaratu eta konpontzea (botoiak, urratuak) joskintzako ezagutza berezirik behar ez bada.

–Kanpoko ikuztegi zerbitzua behar izanez gero (garbitu eta lisatzea), erabilera arrunteko arropa sartuko da jarduera honetan.

d) Bizilekuaren mantentze lanekin ikusteko dutenak, hala nola:

1.–Jarduera/zeregin arruntak:

–Oheak egitea, erratzez garbitzea, xurgagailua pasatzea, mopa pasatzea, hautsa kentzea, lanbasa pasatzea, kristalak garbitzea.

–Etxetresna elektrikoak garbitzea: hozkailua, sukaldea eta mikrouhin labea.

–Sukaldea garbitzea.

–Komuna garbitzea.

2.–Jarduera/zeregin bereziak:

–Sabaiak eta paretak garbitzea.

–Gortinak, lanparak garbitzea.

–Etxetresna elektrikoak garbitzea (hozkailua, sukaldea eta mikrouhin labea izan ezik).

–Ateak, leihoak eta armairuak garbitzea.

Orbanak garbitzea (etengailuak, eskutokiak, telefonoa, aulki-bizkarrak eta abar).

3.–Etxeko konpontze lan errazak.

Etxeko konpontze lan errazetan eskulan xumea behar duten jarduerak sartzen dira, hau da, zenbait elementu ordeztu edo doitzea etxea behar bezala mantentzeko; betiere, kontuan hartuko da langileen laneko arriskuen prebentzioa.

Ez dira sartzen beste lanbide batzuen berariazko ezagutza edo teknikari baten esku-hartzea behar dutenak.

4.–Etxebizitzako ekipamenduaren eta azpiegituraren egoera orokorra kontrolatu eta jarraitzea.

–Etxebizitzako ekipamendua eta instalazioak (gasa, argindarra, iturgintza, berokuntza, telefonoa) egoera onean dauden eta ongi funtzionatzen duten begiratzea; Udaleko teknikariek aztertzen ahalko dituzte ELZko langileek eskatuz gero eta, betiere, zerbitzuko langileen osotasun fisikoa bermatu beharko da, ordenantza honen 11.5 artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

–ELZren esku-hartze egokia baloratzea, hau da, zuzeneko esku-hartzea edo dagokion erabiltzaile, familia edo teknikariarengana igortzea.

8.1.3. Laguntza psikosozialeko oinarrizko jarduketak. Laguntza psikosozialeko jarduketak dira laguntzazko prozesu batean egiten direnak, eremu pertsonal, familiar eta/edo sozialean azaldutako egoerak gainditzeko, lagundutako pertsonak baloratuak eta sare sozialeko kide senti daitezen.

a) Psikologiaren, gizartearen eta hezkuntzaren arloko jarduketak:

Hezkuntzaren ikuspegi eta estrategiatik, trebetasun, jokabide eta iaiotasun oinarrizkoak eskuratu, berreskuratu, ikasi eta erabiltzera bideratutako jarduerak eta lanak dira, erabiltzailearen eta bere ingurunearen autonomia ahalik eta handiena izan dadin:

–Jokabide eta egoera arriskutsuak bereiztea eta haiek aldatzeko informazioa eta orientazioa.

–Laguntza teknikoak erabiltzeko orientazioa eta trebakuntza.

–Orientazioa etxeko antolaketan (gauzak eta elikagaiak antolatzea).

–Orientazioa, bizikidetza egokirako harremanak bultzatzeko (trebetasun sozialak, asertibitatea).

–Bizi ohitura osasungarriak erakustea (elikadura, norberaren higienea edo etxekoa, ariketa fisikoa).

–Nork bere burua zaintzeko eta beregain izateko ohiturak eta trebetasunak eskuratu eta garatzea. (Eguneroko bizimoduaren oinarrizko jarduerak eta tresnei lotutakoak).

–Prebentziorako trebetasunak eskuratu eta garatzea, eta etxeko jokabide eta egoera arriskutsuak aldatzea.

–Laguntza emozionala biziaren egoeretan (bakardadea/isolamendua, mendekotasuna/ahalmenak, osasuna edo autonomia galtzea, dolua).

–Autoestimua bultzatu eta sustatzea (norberaren irudia, onarpena, balorazioa eta konfiantza norberarengan).

–Familiaren dinamikan agertzen diren egoerak gainditzeko jarrera positiboak indartzea (errespetua, onarpena, entzutea).

–Norberaren interesen arabera, denbora okupatzeko jarduerak bultzatzea, jokabide aktiboa bultzatzearren (zaletasunak, hobbiak).

b) Familiari eta/edo zaintzaileei sostengu emateko jarduerak:

Familiaren eta/edo zaintzaileen lana lagundu eta bultzatzera bideratutako jarduera eta zereginak dira, erabiltzailea zaindu eta artatzearren.

–Laguntza teknikoen, baliabideen eta sostengatzeko beste modu batzuen gainean informatu eta orientatzea.

–Orientazioa, aholkua eta jarraipena erabiltzailea zaindu eta artatzeko kontuen gainean.

–Jarraibide eta trebetasunak ematea zaintze eta artatze lanaren hainbat egoerari aurre egiteko eta sortzen diren errealitate berriei egokitzen laguntzeko.

–Nork bere burua zaintzeko jarraibide, trebetasun eta jarreretan lagundu eta orientatzea, baita estresari eta gainkargari aurrea hartzeko ere.

–Zaintzaileendako sostengu emozionala.

–Jarrera positiboak bultzatzea, elkar ulertzeko, parte hartzeko eta komunikatzeko.

c) Sostengu soziokomunitarioko jarduketak.

Erabiltzailea bizitza sozialean eta harremanetan, baita komunitatearen baliabideen ezagutzan eta erabileran parte hartzera bultzatzen duten jarduerak eta zereginak. Zehazki, jarduera eta zeregin hauek dira:

–Jarduera antolatuei eta baliabide komunitarioen erabilerari buruz informatu eta orientatzea.

–Gizarte, aisialdi edo denbora-pasako jardueretan parte hartzera bultzatzea.

–Gizarte, aisialdi edo denbora-pasako jardueretan parte hartzeko lagun egitea.

–Lagun egitea etxetik kanpo, kudeaketa pertsonaletan laguntzeko.

–Boluntarioen esku-hartzea erraztu eta bultzatzea, lagun egiteko zereginetarako.

–Komunitatea sentsibilizatzea mendekotasuna duten pertsonei buruz.

8.1.4. Burlatako herritarrei jateko prestatuak etxera eramatea. Burlatako ELZren erabiltzaileentzat izanen da jateko prestatuen zerbitzua; eguneroko bazkari eta afariak izanen dira; halaber, jateko horiek erabiltzaileen etxera eramanen dira.

–Zerbitzuaren erabiltzaileei banatuko zaien menua gizarte zerbitzuek aldez aurretik eskatutakoa izanen da, kontuan harturik, bidezkoa bada, familia medikuak agindutako dieta mota.

8.1.5. Sostengu teknikoko jarduketak eta laguntzarako beste baliabide batzuk. Sostengu teknikoko jarduketak eta laguntzarako beste baliabide batzuk hauek dira: etxebizitza erabiltzailearen beharretara egokitzeko bideratzen diren jarduketak, eta aldaketa batera edo ohiko etxebizitzatik ateratzera behartzen duten beste bizi egoera batzuetara jotzea.

a) Etxean sostengu teknikoa emateko jarduketak:

–Etxean zaintzea eta autonomia bultzatzen duten laguntza teknikoei buruzko balorazioa, informazioa eta orientazioa.

–Etxea egokitzeko beharrei buruzko eta arrisku zein oztopo arkitektonikoak kentzeari buruzko balorazioa, informazioa eta orientazioa.

–Etxea erabiltzailearen egoeraren arabera egokitu eta antolatzeko orientazioa eta laguntza.

b) Laguntzazko beste baliabide batzuk:

–Etxean sostengu emateko beste baliabide osagarri batzuen gainean (materiala mailegatzea, larrialdiko telefonoa, eguneko zentroak) balorazioa, informazioa eta orientazioa ematea.

–Etxean egon beharrean beste baliabide batzuen gainean balorazioa, informazioa eta orientazioa ematea.

8.2. Zerbitzuen zerrenda aplikatzeko, irizpide hauek erabiliko dira:

1.–Zerbitzuen zerrenda aplikatzeak zentzua du erabiltzailearekiko laguntza harreman baten ingurumariaren barrenean, horixe baita haren xede nagusia. Alde horretatik, zerrendako jarduerak ingurumari horretan sarturik daude eta, kasu bakoitzerako abiarazi den banakako esku-hartze planean oinarriturik, haien xedea izan daiteke sostengatzea, gainbegiratzea, lankidetzan aritzea, gauzatzea, heztea eta prestatzea.

2.–ELZko lan taldeak zehazten dituen banakako esku-hartze planetan etxeko lanak egitea erabakitzen denean, beti ulertzen da profesionalen lana ez dela bakar-bakarrik zeregin hau egitea; aldiz, lotura hertsia du laguntza harreman bat ezartzearekin, eta horrek desberdintasuna finkatzen du merkatuan diren bestelako etxeko zerbitzuekin.

3.–Zerbitzuen zerrenda ELZn egin daitezkeen prestazio eta jardueren multzoa da, baina horrek ez du esan nahi kasu guztietan den-denak aplikatu behar direnik. Jarduerak Banakako Esku-hartze Planean zehazturik eta bildurik gelditu dira.

4.–Bestelako profesional kualifikatuak behar ez dituzten jarduerak eta lanak eginen dira eta ohiko erabilerakoak diren espazio edo lekuetan bakar-bakarrik, erabiltzailearen eguneroko bizitzako oinarrizko jarduerak egin ahal izateko behar-beharrezkoak direnean.

5.–Zerbitzuen zerrendan aipatzen edo jasotzen ez diren jarduerak eta lanak salbuespenez egiten ahalko dira, baldintza hauetan oinarriturik:

–ELZko lan taldeak balorazio profesionala egitea.

–Oinarrizko premia bat asetzea, ase ezean arrisku egoera bat piztu edo bizi baldintzen hondatzea ekartzen ahal baita.

–Hura betetzeko beste aukera edo baliabiderik ez egotea.

–Aldi baterako egitea, eta aldi berean beste aukera batzuk bilatzea, ohiko lan bilaka ez dadin.

6.–Zerrendaren aplikazioa partez aldatzen edo eteten ahalko da, baldin eta erabiltzailearen nahiz profesionalaren segurtasun edo osasunari eragiten dieten arrisku egoerak gertatzen badira.

7.–Zerrenda modu egokian aplikatzeko, nahitaezkoa izanen da zerbitzu espezializatuen arteko koordinazioa, batez ere osasun arlokoena, hala behar denean erabiltzailearen baimena izanda.

8.–Zerbitzuek erantzukizun eta lan banaketa berdina sustatuko dute, generoko bazterkeriarik gabe, erabiltzaileari eta bere familia eta gizarte inguruari dagokionez.

9. artikulua. Prezio publikoa. Tarifen sistema.

Finantzabideari aplikatzen ahal zaizkion irizpide eta printzipioak ondokoak dira:

1.–Zerbitzu unitatearen definizioa: zerbitzu unitatea neurtzen da ordenantzan eskainitako edozein zerbitzu emateko etxean benetan aritzen den denboraren arabera, gehienez ere bi laguntza ordu egunean, zerbitzu beharrek besterik eskatzen dutenean izan ezik, betiere lanbide taldeak horri buruzko balorazioa eginik.

2.–Familia unitatearen definizioa: prezio publikoa kalkulatzeko erabiliko da PFEZn definitzen den familia unitatea:

–Legez bereizirik ez dauden ezkontideek eta, baldin badira, adingabeko seme-alabek osatua (gurasoen baimena izanda beraiekin bizi ez direnak salbu); unitate horretan sartzen dira, halaber, judizialki ezgaituta eta guraso-aginte luzatu edo birgaituaren menpe dauden adin nagusiko seme-alabak.

–Berariazko legeen araberako bikote egonkor bateko kideek eta, baldin badira, adingabeko seme-alabek osatua (gurasoen baimena izanda beraiekin bizi ez direnak salbu); unitate horretan sartzen dira, halaber, judizialki ezgaituta eta guraso-aginte luzatu edo birgaituaren menpe dauden adin nagusiko seme-alabak.

–Legezko banantzearen kasuetan edo, ezkontzaren bidezko loturarik edo bikote egonkorrik ez dagoenean, aitak edo amak eta batarekin edo bestearekin bizi diren seme-alaba guztiek osatzen dutena, aitzineko atalean aipatu betebeharrak betetzen badituzte.

3.–Ahalmen ekonomikoa zehaztea: errenta eta gastu kengarriak.

–Errenta: PFEZaren etekin garbiak eta pentsio edo prestazio salbuetsiak.

–Gastu kengarriak: etxebizitzagatiko gastuen kontzeptuan (alokairuan edo erositakoa), indarra duen LGSaren %35a, eta mendekotasunaren ondoriozko laguntzagatiko diru-sarrerak (eguneko zentroak, garraioa, etxeko laguntzarako diru-laguntza eta beste batzuk).

–Hileko per capita errenta garbia: aurreko kontzeptuak batu eta familia unitatea osatzen duten kideen kopuruaz eta 12 hilabetez zatituta sortzen dena.

Erabiltzailea PFEZaren aitorpena egitera behartua ez dagoenean, aurreko ekitaldian izandako diru-sarreren arabera zehaztuko da ahalmen ekonomikoa.

4.–Kostuaren oinarrizko unitatea zehaztea:

Zerbitzuaren kostu guztiak egotzi eta emandako laguntzaren guztirako kostuaren balioa, ordu bakoitzeko, zenbat den ateratzeko, honela eginen da:

–Urtero zehaztuko da kostu zentro bat, eta horri egotziko zaizkio zerbitzuaren zuzeneko eta zeharkako kostu guztiak: lanaldi osoko familia-langile baten kostua eta gizarte-langilearen eta administrari laguntzailearen kostuaren %15 (azken bi profesional horiek zuzenean parte hartzen dute programaren kudeaketan).

Guztirako kostua lanaldi osoko familia-langile batek etxeko laguntzarako egiten ahal dituen orduen kopuruaz (lanaldi horren %80) zatituta ateratzen da laguntza orduaren kostua.

(Nafarroako Gobernuak udal ELZren laguntza jasotzen duten mendeko pertsonendako diru-laguntzarako ezarri duen aplikazio moduluaren arabera).

5.–Tarifaren oinarrizko unitatea zehaztea:

–Zerbitzua etxean ematen iragandako benetako ordua da tarifaren oinarrizko unitatea.

–Prezio publikoa edo tarifa laguntza orduaren %50 izanen da, eta prezio horren zenbatekoa urtero ezarriko du Nafarroako Mendekotasun Agentziak.

–Tasa hilero eskatuko da (hilaren 1etik 15era bitarte).

6.–Prezio publikoa kargatzeko gero eta gehiagorako eskala:

Karga-eskala familia unitatearen per capita errenta garbiari egotziko zaio, eta errenta horrek urteko LGSarekiko gordetzen duen proportzioan oinarrituko da.

10. artikulua. Esku-hartze teknikoaren protokoloa.

Esku-hartze teknikoaren protokoloak ondotik adierazten diren urratsak jasotzen ditu, eta haien edukia 1. eranskinean azaltzen da:

–Harrera eta gizarte orientazioa.

–Kasuaren azterketa.

–Egoeraren diagnostikoa.

–Banakako laguntzarako proposamena. Esku-hartzearen diseinua.

–Esku-hartzearen hasiera.

–Segimendua eta ebaluazio jarraitua.

11. artikulua. Kudeaketa arauak: etxeko laguntza zerbitzua emateko administrazio prozedura.

11.1. Prozeduraren hasiera.

ELZ emateko prozedura ofizioz edo interesdunaren eskariz abia daiteke:

–Ofizioz. Prozedura ofizioz abiatzen bada, organo eskudunaren erabakiaren bidez izanen da, dela organoaren beraren ekimenez, dela goiko agintarien agindu baten ondorioz, beste organo batzuek arrazoiturik eskatuta.

Ofizioz abiatutako prozeduretan epea kontatzeko, noiz ematen den ofiziozko prozedura abiatzeko ebazpena, data hori izanen da hasteko eguna.

Betiere, prozedurak bat eginen du Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideri buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 68.etik 72.era bitarteko artikuluetan ezarritakoarekin.

–Alderdi batek eskaturik. Alderdi batek eskaturik abiatuz gero, eskabideekin batera agiri honen 2. eranskinean aipatu dokumentazio administratiboa aurkeztu beharko da gutxienez, eta eskabidea behar bezala bete.

Aipatu dokumentazioa gorabehera, espedientea tramitatzen den bitartean aurkeztutako eskabideari dagokionez egokitzat jotzen diren agiri osagarriak eskatzen ahalko dira.

Eskabideak zerbitzuaren titularra den entitatearen Erregistro Orokorrean aurkeztuko dira, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko 30/1992 Legearen 38. artikuluan aurreikusitakoa ukatu gabe; eskabidea aipatu erregistroan sartzen denetik kontatuko da prozedura tramitatzeko epea.

11.2. Tramitazioa.

–Interesdunari errekerimendua eginen zaio eskabideak eskatzen diren datu eta agiri guztiak biltzen ez baditu, falta direnak edo aginduzko agiriekin batera ekarri behar direnak hamar eguneko epean ekar ditzan, eta ohartaraziko da hala egin ezean eskariari uko egin diola ulertuko dela. Hala izanez gero, artxibatu eginen da tramite gehiagorik gabe.

–Udalaren ELZko teknikari arduradunek, aurkeztutako dokumentazioa ikusirik, proposamen-txostena prestatuko dute, interesa duen bizikidetza unitatearen premia egoeraren berri emateko eta eskatutako prestazioaren edukia, maiztasuna eta egokitasuna zehazteko.

–Proposamena dagokion organoari igorriko zaio, onets edo ezets dezan. Fase honetan sortuko da ELZren eskaria ebazteko proposamen-agiria.

11.3. Ebazpena.

–Laguntza ematea Alkatetzaren ebazpenaren bidez eginen da, ordenantza honek indarra duen bitartean gizarte zerbitzuen arloan eskuordetzerik izan ezik, hala izanez gero gizarte zerbitzuen arloko eskumenak eskuordeturik dituen organoaren ebazpenaren bidez eginen baita.

–Ebazpena aldekoa edo kontrakoa izan daiteke. Kontrakoa izanez gero, tramitea espedientea artxibaturik bukatuko da; aldiz, ebazpena aldekoa bada, sarreraren data edo zerbitzua hasteko eguna erabakiko da, baldin eta laguntza emateko ordurik badago. Ordurik ez dagoenean, kasua itxaron zerrendara pasatuko da.

–Eskaera Udalaren erregistroetariko batean sartu ondoko bi hilabetean eman beharko da, beranduenez, ebazpena. Eskaerak zuzentzeko eskatuz gero, epea eten eginen da, jakinarazpenetik hasi eta eskatutakoa betetzen den arte, edo, bestela, ematen den epea iragan arte.

–Ematen den ebazpena interesdunari jakinaraziko zaio gehienez ere hamar eguneko epean, eta hartan jasoko da zerbitzua baietsi edo ezetsi zaion, edo itxaron zerrendan sartu duten harik eta zerbitzua ematea posible den arte, eta orobat ebazpenaren kontra zein errekurtso diren bidezko.

–Ebazpenak alderdi hauek aipatuko ditu, besteak beste:

1.–Zerbitzua ukatzen den edo ematen.

2.–Zerbitzua zein baldintzatan ematen den, eta gutxienez ere hauek:

–Banakoarendako laguntza programa.

–Egin beharreko lanak/jarduketak.

–Laguntzaren iraupena.

–Laguntzaren ordutegia.

–Astean laguntza emateko egunak.

–Zerbitzuaren prezio publikoa, onuradunak ordaindu beharrekoa.

3.–Onuradunarendako ezarritako beste betebehar edo baldintza batzuk.

A.–Erabiltzaileek edo bizikidetza unitateko kideek gaixotasun mental diagnostikatu bat badute, ezinbestekoa izanen da Osasun Mentaleko Zentroaren tratamendua eta kontrola jarraitzea.

B.–Burlatako Udalak behar besteko kontu-saila gaituko du, zerbitzuko langileek lokalizazio eta jarraipeneko gailu bat izan dezaten beren babeserako, Udaltzaingoarekin lotuta egonen dena.

4.–Ebazpena dela-eta aurkez daitezkeen administrazio errekurtsoak.

Interesdunak eskaturik abiatutako prozeduretan ebazpen espresik ez izateak ondorio positiboak sorraraziko ditu eta, beraz, baietsitzat hartzen ahalko da.

Aitzineko puntuak aipatzen duen ebazpenaz landara, atzera egiteak, uko egiteak eta iraungitzeko deklarazioak amaiera emanen diote prozedurari, baita ezustean gertatutako arrazoiengatik jarraipena emateko ezintasun egiazkoak ere.

11.4. Jakinarazpena.

Zerbitzua baietsita, onuradunari edo haren legezko ordezkariari jakinaraziko zaio. Gaztigu hori zerbitzuan sarrera izateko aginduaren pareko izanen da; bertan, zer prestazio mota emanen dioten, zenbat orduz eta zer tarifa dagokion zehaztuko da. Orobat, jakinaraziko zaie Oinarrizko Gizarte Zerbitzuari eta dagokion profesionalari.

11.5. Iraungipena eta etena.

a) Iraungipena: honako egoera hauengatik gertatuko da:

1.–Interesdunak hala nahi duelako edo uko egin diolako.

2.–Zerbitzua behar diren baldintzak bete gabe eskuratzeagatik, edo une batetik aitzina betetzen ez dituelako.

3.–Ezarritako betebeharrak ez betetzeagatik. Gaixotasun mentala duten erabiltzaileen kasuan, tratamendua eteteak edo uzteak baja ekarriko du ELZren laguntzan.

4.–Jokabide desegokiagatik, eraso fisiko edo hitzezkoengatik, sexu jazarpenagatik, hau da, lan esparruan jokaera iraingarria eta langileak nahi ez duena izateagatik.

5.–Beste udalerri batera bizitzera joateagatik, zahar etxe batean sartzeagatik edo hiltzeagatik.

6.–Ezustean gertatutako arrazoiengatik zerbitzu ematen jarraitzeko ezintasunagatik.

7.–Egoera hobetzeagatik edo ELZren esku-hartzea ekarri zuten arrazoiak gainditzeagatik.

8.–Hiru hilabete baino gehiagotan zerbitzua etenda edukitzeagatik.

ELZtik irteteko, OGZko gizarte-langileak agiri bat sinatu beharko du; delako agirian, erabiltzaileari dagozkion datuak eta irteteko arrazoiak agertuko dira, baita zerbitzutik gelditzeko eguna ere.

Behar den organoak zerbitzua uzteko ebazpena emanen du, eta hartan arrazoia eta eguna agertuko dira.

Irteeraren arrazoiak bigarrena, hirugarrena eta laugarrena badira, ebazpena eman aurretik entzunaldia emanen zaio interesdunari.

b) Etetea: zerbitzua aldi baterako etetea izanen da ondorioa.

–Gehienez ere 3 hilabete iraunen du.

–Aldi batez etenda egonen da, ELZko langileen eta erabiltzaileen segurtasuna bermatuko duten neurri zuzentzaileak hartu bitarte.

–Lehen hilabetean dagokion tarifa kobratuko da.

–Zerbitzua interesdunek eskaturik abiaraziko da berriz. Hilabete baino motzagoko etenaldietan, laguntza berehala berrezarriko da. Etenaldia hilabete baino luzeagoa baldin bada, eskaria zuzenean sartuko da itxaron zerrendan.

11.6. Ebaluazioa: jarraipena eta berrikuspena.

a) Jarraipena:

Behin zerbitzua hasita, ELZko lantalde arduradunak eginen du kasuaren jarraipena, eta dagokion espedientean agertuko da.

Familia unitatearen datu ekonomikoak urtero eta ofizioz eguneratuko dira. Behin esleituta, ikusten bada emandako datuak okerrak direla, zuzendu eginen dira.

b) Berrikuspena:

Behin zerbitzua baietsita, aldatzen ahalko dira bai prestazioaren edukia bai esleitutako denbora, zer eta nolako gorabeherak gertatzen diren erabiltzailearen egoeran, alegia, hasierako baiespena ekarri zuen hartan.

Interesdunak eskaturik gertatzen ahalko dira aldaketak. Horretarako, eskari idatzia aurkeztu behar du, berak sinatua, edo bestela GZOko profesionalak proposatu beharko du, baiespena ekarri zuen egoeran gertatu ahal izan diren gorabeherak ikusirik.

Zerbitzu egiteko ezarritako ordutegiak ere berrikusten ahalko dira. Halakoetan, dagokion toki entitateak behar diren aldaketak egiteko eskubidea gordeko du beretako, erabiltzailearen egoerari eta aldi bakoitzean dagoen eskariari egokiturik.

Nolanahi ere, aldaketaren tramitazioa eginen bada, dagokion balorazio teknikoa egin beharko da.

11.7. Prozedura berezia.

Premia larriei erantzuteko, OGZk proposamen arrazoitua eginez gero, berehala abiatuko da etxeko laguntza zerbitzua, deusetan ukatu gabe geroago tramitatzea, ezarritako prozedurari jarraikiz.

12. artikulua. Erabiltzaileen eskubide eta betebeharrak.

1.–Eskubideak.

Etxeko laguntza zerbitzuaren erabiltzaileek eskubide hauek izanen dituzte:

–Banakako Esku-hartze Planaren berri izatea.

–Laguntza modu egokian jasotzea, ebazpenean zehazten den eduki eta iraupenarekin.

–Aukerako beste baliabide batzuk egokiagoak badira, haietara bideratuak izatea.

–Laguntzaren araubidean gerta litezkeen aldaketen berri garaiz izatea.

–Zerbitzua hartzean edozein gorabehera izanez gero, kexa aurkeztuz erreklamatzea.

2.–Betebeharrak.

Etxeko laguntza zerbitzuaren erabiltzaileek betebehar hauek izanen dituzte:

–Informazio guztia ekartzea, inguruabar pertsonal, familiar eta sozialak baloratuta, laguntzaren beharra zehazteko.

–Laguntza garatzeko jarrera egokia eta laguntzailea agertzea.

–Banakako laguntza programatik kanpoko lan eta jarduerak ez eskatzea.

–Zerbitzuko langileak haien duintasunari zor zaion begiruneaz tratatzea, eta beren gauzak errespetatzea.

–Zerbitzuaren kostuan parte hartzea, beren ahalbide ekonomikoaren arabera, dagokion ordaina pagatuz, hala behar badu.

–Pertsona, familia, gizarte eta ekonomia aldetik bere egoeran gertatzen den edozein aldaketaren berri ematea, baldin eta etxeko laguntzaren zerbitzua aldatzea, etetea edo iraungitzea badakar.

–Etxea higiene eta osasun egoera onean mantentzea.

–Zerbitzua egokiro emateko beharrezkoak diren baliabideak eta baldintzak ematea.

13. artikulua. Datuen babesa.

1.–DBLOren 5. artikuluaren arabera, jakinaren gainean daude eskaeran erregistratu datu pertsonalak Datuak Babesteko Espainiako Agentzian inskribatua dagoen eta Burlatako Udalaren ardurapekoa den fitxategi batean sartuko direla, oinarri hauetan arautzen diren diru-laguntzak kudeatu beharrez. Eskatzen diren datu guztiak beharrezkoak dira zerbitzu eskaerari erantzuteko, eta eskabidea aurkezteak berez dakar baimena ematea horiek eskuratzeko eta aztertzeko eta horien gaineko agiriak luzatzeko. Burlatako Udaleko Erregistro Orokorrari zuzendurik erabil daitezke datuak ikusteko, zuzentzeko, ezabatzeko eta haien aurka egiteko eskubideak.

2.–Bestalde, Burlatako Udalari baimena ematen zaio fitxategi automatizatuetan sartzen diren datu pertsonal, ekonomiko eta sozialak beste xede batzuetarako, hala nola estatistiketarako edo ikerketa zientifikorako, erabiltzeko, datu pertsonalak babestearen gaineko arloan indarra duen araudian ezarritakoari jarraikiz.

3.–Datu pertsonalak erabiltzea beharrezkoa den kasuetan, datuak babesteari buruzko legedia eta, hala behar bada, arlo horretako araudi sektoriala betetzen direla bermatuko da.

1. ERANSKINA

Esku-hartze teknikoaren protokoloa

ELZren esku-hartzea zehazteko beharrezkoa den esku-hartze profesionalaren prozesuak honako hauek behar ditu:

1.–Harrera eta gizarte orientazioa.

Profesionalaren eta eskatzailearen arteko lehen harremanari dagokio; aukera ematen du hastapenean adierazitako eskariari harrera egiteko, premien lehen balorazioa egiteko, lehen erantzuna emateko eta erreferentziazko harreman profesionala sortzeko.

Zer eskatzen den, eskaria nork aurkezten duen eta zerbitzua norentzat eskatzen den, horien guztien berri izanen du profesionalak.

Une horretan, baliabidearen berri ematen da, eta horrek izan daitezkeen itxaropenak argitzen laguntzen du; orobat, argibide eta aholku ematen da etxeko laguntzarako izan daitezkeen beste baliabide batzuez edo eskariari lehen erantzuna eman liezaioketen bestelakoez.

Baliabide honen aplikazioaren komenigarritasuna baloratuta, eskabide eredua emanen zaio eskatzaileari. Hartan zehazten da ekarri behar duen dokumentazioa.

2.–Kasuaren azterketa.

Aurkezten den egoeraren ezagupen orokorra da. Horretarako, balorazio tresnak erabiliko dira, beste baliabide batzuekin koordinatuko da (osasuna, hezkuntza...), etxean ikustaldiak eginen dira, erabiltzailearekin eta sostengu sare informalarekin solas eginen da, onuradunak ekartzen duen dokumentazioa aztertuko da, eta, hala, informazioa bilduko da bizikidetza unitatearen egoera soziosanitarioaz eta sozioekonomikoaz, bai eta pertsonak, familiak eta sostengu sare informaleko beste batzuek (auzoak, komunitatea) egoerari aurre egiteko dituzten baliabideez ere.

3.–Egoeraren diagnostikoa.

Egoeraren interpretazioa egin beharko da, eta horren barrenean hauek zehaztu:

–Erabiltzailearen premiak.

–Erabiltzaileak bere kasa betetzen ahal dituen premiak.

–Haren laguntzan parte hartzen duen sostengu sare informalak (familia, auzoak, boluntarioak...) zer premia betetzen ahal dituen.

–Erabiltzailea etxean atxikitzeko behar direnetan zer premia gelditzen diren bete gabe, eta horietarik zenbat har litzakeen ELZk bere gain eta horretarako zer beste baliabide behar liratekeen.

4.–Banakako laguntzarako proposamena. Esku-hartzearen diseinua.

Behar bezala zehaztutako agirietan jasoko da:

4.1. Erabiltzailearen oinarrizko datuak:

–Datu pertsonalak (izen-deiturak, adina, helbidea etab.), behar diren osasun datuak, harremanetarako pertsonak, bizikidetza egoera eta gizarte harremanak.

4.2. Esku hartzeko proposamen teknikoa eta horren barnean:

–Esku-hartzearen helburuak.

–Egin beharreko lanak/jarduerak.

–Laguntzaren maiztasuna.

–Esku hartu behar duten profesionalak.

–Arreta ordutegia.

–Laguntza aldia noiz artekoa izatea aurreikusten den.

–Koordinazio premiak, bai barnean, etengabeko jarraipena egiteko, bai kanpoan, koordinazioa egin behar den zerbitzuekin, eta horretarako erabili behar den sistema.

–Erabiltzailearen ekarpen ekonomikoaren kalkulua.

4.3. Bi alderdien konpromisoa.

ELZk erabiltzaileei eta familiei eskaintzen dien laguntzaren planteamendua, eta konpromisoak formalizatzea egin beharreko lanen gainean, tarteko diren guztien dedikazio denbora.

5.–Esku-hartzearen hasiera.

–Esku-hartzea hasten da erabiltzailearen etxean egiten den lehenengo zerbitzu zuzenarekin, planteatu den esku-hartzearen proposamen teknikoaren arabera.

–Horretarako, esku hartu behar duten langileek beren lana ahalik eta ongien egiteko beharrezkoa den informazio guztia izanen dute.

–Etxeko laguntzaren hasieran ELZko profesional hauek egonen dira bertan: gizarte-langilea, ELZko kudeaketaren arduraduna eta familia-langilea, etxeko esku-hartzearen arduraduna, alde guztiek konpromiso kontratua sina dezaten.

–Hasiera batean, funtsezkoa da baloratzea esku-hartze plana, malgutasun maila handikoa, erabiltzailearen egoerarako egokia den, bestelako sostengurik behar ote duen eta laguntzarako ematen den denbora nahiz esku-hartze planean ezarritako jarduketak aski ote diren.

6.–Jarraipena eta etengabeko ebaluazioa.

–Esku-hartzearen jarraipenean hainbat egoera ikus daitezke, hasiera batean diseinatutako banakako laguntza proposamenean aldaketak egitea ekarriko dutenak.

–Funtsezko aldaketak izan badira (autonomia mailaren aldaketa, familia unitateko kideen aldaketa, gizarte eta familiaren sostengua eta egoera ekonomikoa aldatzea etab.), kasuaren beste balorazio bat eginen da.

–Aldaketak garrantzitsuak ez badira (laguntza egunak eta/edo orduak aldatzea, laguntza emanen duen familia-langilea aldatzea), hasiera batean proposatutako banakako laguntzarekin segituko da.

7.–Espedienteko agiriak.

Espedienteak agiri hauek izanen ditu:

–Gizarte egoeraren gaineko txostena.

–Mendetasuna baloratzeko tresna.

–ELZko zerbitzua abiatzeko proposamena.

–Banakako laguntzarako proposamena. Esku-hartzearen diseinua.

–Zerbitzuaren baldintzen agiria/erabiltzaileak ordaindu beharreko kuota.

–Aldeek hartutako konpromisoen agiria.

Eskaria eta balorazio profesionala behar diren euskarri dokumentaletan (espedientea) eta informatikoetan (SIUSS) erregistratuko dira.

8.–Itxaron zerrenda. Itxaron zerrendan daudenen egoera gehienez ere urtebetean aztertuko da, alde batera utzi gabe zerbitzuak bere eguneroko jardueran egiten duen etengabeko ebaluazioa.

2. ERANSKINA

ELZ eskatzeko aurkeztu behar diren agiriak

ELZ hartzeko eskabidea dagokion toki entitatearen erregistroan aurkeztuko da, horretarako ematen den ereduan, eta horri ondotik ematen den dokumentazioa gehituko zaio, familia unitatearen kide guztien gainean (9. puntuan ezarritakoari jarraikiz).

–NANaren fotokopia.

–Norberaren osasun txartelaren fotokopia.

–Osasun etxeak egindako txostena, onuradunari eta, hala behar denean, mugak dituzten bizikideei buruzkoa.

–Jateko prestatuak eskatuz gero, medikuaren txostena eman beharko da, familia medikuak agindutako dietaren bat egin behar bada.

–Onuradun izan daitezkeenen desgaitasun mailaren ziurtagiria, halakorik badute.

–Erabiltzailearen mendekotasun mailaren eta graduaren aitorpen ofiziala.

–Erroldaren eta bizikidetzaren ziurtagiria.

–Azken ekitaldi fiskaleko PFEZaren aitorpenaren fotokopia.

–Egin ez badu, PFEZren aitorpen negatiboa, Ogasun Departamentuak emana, eta horrekin batean aitzineko ekitaldiko diru-sarreren gordekinak (nominak, pentsio eta/edo bestelako prestazioak hartu direlako ziurtagiria, kapital higigarri eta higiezinaren etekinak), edo, halakorik ez bada, dagozkien diru-sarreren zinpeko aitorpena.

–Bankuko baimena, kontu zenbakia.

–Etxebizitza alokatu edo erostearen ondoriozko gastu kengarrien frogagiriak, behar bezala egiaztatuak. Gastu horiek 9. puntuan jasota daude.

Bizikidetza unitatea nolakoa den, beste agiri batzuk aurkezteko errekerimendua egiten ahalko da, eskaeraren gaineko ebazpena emateko beharrezkoak badira.

Entitatearen eskutan dagoen dokumentazioa ez da aurkeztu beharko, ezta hark zuzenean eskuratzen ahal duena ere.

3. ERANSKINA

Aplikatu beharreko tarifen sistema

ERRENTA MAILAREN TARTEAK

TARIFAREN ESKALA

PCEG < LGS

3 euroko tarifa finkoa, hilean

LGS-%105 LGS

6 euroko tarifa finkoa, hilean

%105 LGS-%120 LGS

0,15, prezio publikoarena

%120 LGS-%135 LGS

0,30, prezio publikoarena

%135 LGS-%150 LGS

0,45, prezio publikoarena

%150 LGS-%165 LGS

0,60, prezio publikoarena

%165 LGS-%180 LGS

0,75, prezio publikoarena

%180 LGS-%195 LGS

0,90, prezio publikoarena

PCEG > %195 LGS

Prezio publikoa

Hileroko tarifa finkoak urtero igoko dira, urte bakoitzari dagokion KPIren igoerak adina.

“Jateko prestatuen zerbitzuengatik” jarraian azaltzen diren prezio publikoak aplikatuko dira, errenta mailen arabera:

Egiazko kostuaren arabera ordainduko ditu erabiltzaileak etxera eramaten zaizkion jateko prestatuak, non ez dituen ondoko taulako diru-sarrerak jasotzen:

LGSaren %65etik beherako diru-sarrerak

Kostu osaren %60.

LGSaren %65etik %80ra bitartekoak

Kostu osoren %70.

LGSaren %80tik %95era bitartekoak

Kostu osoren %80.

LGSaren %95etik gora

Kostu osoaren %100.

Azken kasu horretan Udalak ez du inolako zorrik bere gain hartzen enpresa hornitzailearekin.

Jateko prestatuak etxera eramatea %12 ordainduko du erabiltzaileak eta %88 Udalak, duen egiazko kostuaren arabera.

Iragarkiaren kodea: L1501380