30. ALDIZKARIA - 2015eko otsailaren 13a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. OPOSIZIOAK ETA LEHIAKETAK. LAN PUBLIKOAREN ESKAINTZA

IRUÑA

Deialdia, Udaleko Gizarte Ongizate eta Berdintasun Alorreko programen arduradun izateko lanpostu bat
merezimendu lehiaketaren bidez betetzeko

Iruñeko Udaleko Giza Baliabideen zuzendariak deialdia onetsi zuen 2015eko urtarrilaren 29an; hona hemen.

OINARRIAK

1. Deialdiaren xedea.

Aditzera ematen da deialdia egin dela Iruñeko Udaleko Gizarte Ongizate eta Berdintasun Alorreko programen arduradun izateko lanpostu bat merezimendu lehiaketaren bidez betetzeko, deialdi honi jarraikiz.

2. Aplikatzekoak diren arauak.

Delako merezimendu lehiaketa honako hauetan xedatuari jarraikiz ebatziko da: lanpostuak betetzeko araudiaren 3. atalean, Tokiko Gobernu Batzarraren 2005eko azaroaren 22ko erabakian, zeinaren bidez merezimenduetarako baremoak ezarri baitziren, aplikatzekoak diren gainerako arauetan eta deialdi honetako oinarrietan.

3. Lanpostuaren ezaugarriak.

Lanpostuaren titularraren eginkizunak hura sortu edo arautzeko xedapenetan kasu bakoitzean finkatzen direnak izanen dira, eta/edo aldi bakoitzean organo eskudunek finkatzen dituztenak. Zehazki, Haurren Programaz arduratuko da.

Deialdi honetako lanpostua eskuratzen duen funtzionarioak aldi bakoitzean indarra duten xedapenen arabera dagozkion ordainsariak jasoko ditu.

4. Merezimendu lehiaketa bidez lortzen den lanpostua betetzeko baldintzak.

Merezimendu lehiaketaren bidez lortutako lanpostuan aritzeko epea sei urte natural artekoa izanen da. Epe hori bukaturik eta izendapen espresik behar izan gabe, izendatuak bitarteko moduan segituko du lanpostu horretan, harik eta berriz ere merezimendu-lehiaketaren bidez betetzen den arte, deusetan ukatu gabe alorreko titularrak duen ahalmena haren kargugabetzea eta, hala izanez gero, bertze funtzionario bat bitarteko moduan izendatzea proposatzeko.

Lanpostu baten titulartasuna merezimendu lehiaketaren bidez lortzen duenak ez du aurkezterik izanen bertze lanpostu bat betetzeko inolako merezimendu lehiaketatara, hiru urte naturaleko epearen amaiera arte.

Muga horixe aplikatuko da, halaber, pertsona horrek izendatu zuteneko epea bete baino lehen lanpostuari uko egiten badio.

Merezimendu lehiaketaren bidez lortutako lanpostu baten titularrak honako kasu hauetan utziko dio lanpostu horretan aritzeari, inolako erreserba eskubiderik gabe eta dagozkion lansariak galduz:

a) Sei urte naturaleko kargualdia bukatzen denean.

b) Lanpostua kentzea, dagokion alorreko egitura organikoa aldatzearen ondorioz.

c) Norberak eskatuta.

d) Lanpostua hartu eta gero, haren eginkizunak behar bezala betetzeko edo hartan egoki aritzeko gauza ez izateagatik behar adinako errendimendurik eza nabarmentzen bada, edo lanpostuaren edukian gertatutako aldaketak direla medio, betiere interesdunari entzutea eman eta Langile Batzordeak bere txostena egin ondoan.

e) Zerbitzu berezietara edo eszedentziara pasatzeagatik, dela borondatezkoa dela nahitaezkoa nahiz berezia.

f) Diziplina-espediente baten barnean, hutsegite larri edo oso larriaren ondorioz, zehapena paratzen zaionean, edo prozesu penal batean inhabilitazio zigorra paratzen zaionean.

g) Iruñeko Udaleko eta haren erakunde autonomoetako funtzionarioen artetik izendapen libreko kargu baterako izendatzen dutenean.

h) Zerbitzu eginkizunetan aritzeko izendatzen dutenean, dela Iruñeko Udalean eta haren erakunde autonomoetan, dela bertze edozein administrazio publikotan.

5. Izangaiek bete beharreko baldintzak.

Indarra duten legezko xedapenen arabera, merezimendu lehiaketa honen xedeko lanpostua eskuratu ahal izateko, hautagaiek betebehar hauek bete beharko dituzte, eskaerak aurkezteko epearen azken egunean eta izendapena egiten den unean:

a) Iruñeko Udaleko edo bere erakunde autonomoetako funtzionarioak izatea, jardunean, zerbitzu berezietan edo eszedentzia berezian.

b) B mailakoak izatea.

6. Eskaera noiz eta non aurkeztu.

6.1. Deialdian parte hartzeko eskabideak Iruñeko Udalaren erregistroetako edozeinetan aurkeztu beharko dira, edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan aurreikusitako bideetako edozein baliatuz, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hamabost egun naturaleko epean.

6.2. Eskabideak deialdi honen eranskineko ereduari lotu behar zaizkio eta, horietan, izangaiek adierazi beharko dute eskatutako baldintza guztiak betetzen dituztela. Aurrez Aurreko Harrera Bulegoan eskuratuko da eskabidearen eredua; orobat, Internet bidez, www.pamplona.es helbidean, lortzen ahal da, edo Nafarroako Aldizkari Ofizialean, argitaratzen denean.

6.3. Eskabidearekin batera, deialdi honetan ezarritako baremoaren arabera alegatzen diren merezimendu guztien frogagiriak aurkeztuko dituzte, jatorrizkoak edo behar bezala egiaztatutako fotokopiak, salbu eta Administrazio Publikoetan emandako zerbitzuen egiaztagiriak, horiek zuzenean igorriko baitizkio epaimahaiari deialdia egin duen organoak.

Izangaiek merezimenduak, behar bezala zerrendatuak, alegatu eta frogatuko dituzte baremoko puntuazio eskemari jarraikiz.

7. Onartuen behin-behineko zerrenda, erreklamazioak eta behin betiko zerrenda.

Eskabideak aurkezteko epea amaiturik, eta izangaiek deialdiko baldintzak betetzen ote dituzten egiaztatu ondoan, Giza Baliabideen zuzendariaren ebazpen baten bidez onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda onetsiko da eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadila aginduko, eta ohartaraziko du hurrengo bost egun naturaleko epean baztertuek erreklamazioak egiten ahalko dituztela, baita akatsak, halakorik bada, zuzendu ere.

Ezarritako epean eskaerarik aurkezten ez bada, Giza Baliabideen zuzendariak lehiaketa bete gabe gelditu dela adierazteko ebazpena emanen du. Ebazpen hori Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu beharko da.

Izangai bazterturik ez bada, zuzenean onetsiko da behin betiko zerrenda, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko.

Erreklamazioetarako epea amaituta, Giza Baliabideen zuzendariak haiek ebatziko ditu, eta izangai onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onetsi eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzeko aginduko du.

8. Epaimahaien osaera.

Iragarri diren lanpostuetarako merezimendu lehiaketak kalifikatuko dituzten epaimahaiak, oro har, honela osatuko dira:

Mahaiburua: Gizarte Ongizate eta Berdintasun Alorreko zuzendaria.

–Ordezkoa: Gizarte Ongizateko zuzendariorde bat.

Mahaikidea: Langileen Batzordeko ordezkari bat, batzordeak berak izendatua.

–Ordezkoa: Langileen Batzordeko ordezkari bat, batzordeak berak izendatua.

Mahaikide idazkaria: Gizarte Ongizateko Zuzendaritzak izendatzekoa.

–Ordezkoa: Gizarte Ongizateko Zuzendaritzak izendatzekoa.

Mahaikide idazkariaren eta haren ordezkoaren izendapena eginen da izangai onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda argitaratzeko egintza berean.

Epaimahaia eratuko da onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu ondoko bost eguneko epean.

Administrazio prozedurari buruzko arauetan abstentziorako aurreikusiriko zioak agertzen direnean, mahaikideek ezin izanen dute epaimahaian esku hartu, eta halaxe jakinarazi beharko diote deialdia egin duen organoari. Izangaiek, halaber, zilegi dute mahaikideak errefusatzea, egoera horietako bat gertatzen denean.

Epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu deialdiaren oinarriak interpretatu eta aplikatzeko moduari buruz sor daitezkeen gorabehera guztiak.

9. Merezimenduen kalifikazioa.

Epaimahaiak ondoan doan baremoaren arabera baloratuko ditu izangaien merezimenduak:

a) Lehiaketaren xede den lanpostuari buruzko lan-txostena: gehienez ere 25 puntu.

Deialdiko lanpostua eskuratu nahi dutenek lan-memoria aurkeztu beharko dute, lehiaketako izangai onartu eta baztertuen behin betiko zerrendan zehazten den epean. Hartan, azterketa bat eginen da lanpostuaren egitekoei eta hartan aritzeko behar diren betekizun, baldintza eta baliabideei buruz, baita antolaketa tekniko-administratiboari buruz ere, Haurren Programari dagokionez.

Izangai bakoitzak ahoz defendatuko du bere lan-memoria, epaimahaiaren aitzinean. Ekitaldi horretan, epaimahaiak, egoki iruditzen bazaio, izangaiak aurkeztutako merezimenduei buruzko galderak egin ditzake, bai, halaber, lehiaketaren xedeko lanpostuaren ezaugarrietara nola moldatzen den ikusteko galderak.

Izangairen bat lan-memoriaren ahozko azalpen eta defentsara ez aurkezteak berarekin ekarriko du lehiaketatik bertzerik gabe baztertzea.

Proba hori baztergarria izanen da. Gutxienez ere 12,50 puntu behar dira gainditzeko.

b) Txosten psikoteknikoa: gehienez ere 15 puntu.

Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko Psikologia Zerbitzuak, egoki diren probak egin ondoren, txosten psikotekniko bat emanen du lehiatzaile bakoitzari buruz. Horretan, norbera deialdiaren xede den lanpostuaren izaera eta ezaugarriei nola egokitzen zaien baloratuko da. Zerbitzu horrek txosten psikoteknikoan izangai bakoitzari ematen dion puntuazioa lotzailea izanen da epaimahaiarentzat.

c) Administrazio Publikoetan egindako zerbitzuak: gehienez ere 35 puntu.

d) Prestakuntza, irakaskuntza, ikerketa eta bertze merezimendu batzuk: gehienez ere 25 puntu.

Izangai bakoitzak aurreko bi atalei dagokienez alegatu eta frogatutako merezimenduak, II. eranskineko baremoaren arabera kalifikatu eta puntuatuko ditu epaimahaiak.

Merezimendu guztiak, administrazio publikoetan egindako zerbitzuenak barne, agiri bidez alegatu eta frogatuko ditu izangai bakoitzak lehiaketa honetan parte hartzeko eskabidea aurkeztean.

Epaimahaiak ezin izanen du inolaz ere kontuan hartu alegatu gabeko eta agirien bidez frogatu gabeko merezimendurik, ezta atal bakoitzean aipatutako gehieneko puntuazioa baino altuagorik eman ere.

Epaimahaiak azalpenak eta datu osagarriak eskatzen ahalko ditu, lehiatzaileek alegatu eta frogaturiko merezimenduen gainean.

Puntuazio osoan berdinketa gertatuz gero, administrazio publikoei zerbitzuak ematen antzinatasun handiena dutenen aldeko erabakia hartuko da. Hala ere berdinduta segitzen badute, lehiatzaile adinez zaharrenari emanen zaio lehentasuna.

Lehiaketako elementu guztien balorazioa bururatu ondoan, epaimahaiak lanpostuari buruzko lan-memoriaren gaineko proba gainditu duten parte hartzaileek lorturiko puntuazioak paratuko ditu Iruñeko Udaleko iragarki oholean, eta bost eguneko epea emanen du, interesdunek beren eskubidearen arabera komeni zaiena alega dezaten balorazio horri buruz.

10. Izendapena, lanpostuen esleipena eta jabetza hartzea.

Epaimahaiak, aurkezten diren erreklamazioak ebatzitakoan, Iruñeko Udaleko iragarki oholean argitaratuko ditu behin betiko puntuazioak, eta deialdiaren 9.d) oinarrian agertzen den proba gainditu duten lehiatzaileen zerrenda, lehiaketako atal guztietan lorturiko puntuen hurrenkeraren araberakoa, igorriko dio Giza Baliabideen zuzendariari, espediente osoarekin batera.

Puntuaziorik handiena eskuratu duen laguna izendatuko du Giza Baliabideen zuzendariak.

Izangai izendatuek izendapena jakinarazi ondoko hamar egun naturalean hartu beharko dute lanpostuaren jabetza.

Behar bezala frogaturiko ezinbertzekoetan izan ezik, epe horretan lanpostuaz jabetzen ez bada, eskubide guztiak galduko ditu esleitu zaion lanpostuan aritzeko. Halakoetan, gainditu dutenen zerrendako hurrengo lehiatzaileak beteko du hutsunea, oinarri honetako lehen paragrafoak aipatzen baitu.

11. Lehiatzaileek aurkeztutako agiriak.

Ekarritako agiriak berreskuratu ahal izanen dira, halaxe eskatu ondotik eta betiere erreklamazio edo errekurtsorik aurkeztu ez bada. Agiriak eramateko eskaera hiru hilabeteko epean aurkezten ahalko da, izendapena onesten duen ebazpena jakinarazi eta bertze hiru hilabeteren buruan.

Aurreko atalean ezarririko epea agiriak eraman gabe bukatzen bada, ulertuko da izangaiak uko egin diola agiriak eskuratzeari eta horretarako eskubidea galduko du eta agiriak suntsituko dira.

Erreklamazio edo errekurtsoren bat aurkezten baldin bada, aurkeztutako agiriak gorde eginen dira, ikuskatu eta aztertzeko. Agiriak berreskuratzen ahalko dira erreklamazioaren edo errekurtsoaren tramitazioak horretarako aukera ematen duenean.

12. Errekurtsoak.

Deialdi honen aurka, nahiz bere oinarrien eta aplikazio egintzen aurka, errekurtso hauetakoren bat aurkez daiteke, hautara:

a) Berraztertzeko errekurtsoa, egintza gauzatu duen organoari berari zuzendua, hilabeteko epean, hura jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.

b) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Administrazioarekiko Auzien Iruñeko Epaitegiari zuzendua, bi hilabeteko epean, errekurtsoaren xedeko egintza edo erabakia jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.

c) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia argitaratu edo jakinarazten denetik hasita.

Epaimahaiaren egintzen aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkez daiteke, deialdia egin duen udal organoari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia jakinarazten denetik hasita.

Iruñean, 2015eko urtarrilaren 29an.–Giza Baliabideen zuzendaria, Julio Sucunza Azcona.

I. ERANSKINA

Izena

NANa

Egungo helbidea (karrika, zenbakia, eskailera, solairua)

Herria

Posta kodea

Sakelako telefonoa

Lantokiko telefonoa

Datu administratiboak.

Administrazio egoera:

a) Oraingo lanpostua .......................................................................

Jardunean.

Zerbitzu berezietan.

Eszedentzia berezian.

(X batez markatu behar den kontzeptua)

b) Egungo destinoa. Alorra: ...................................................................................................................................................................................

Hau izenpetzen dudan honek adierazten dut, eskaerak aurkezteko azken egunean, eskaturiko baldintza guzti-guztiak betetzen ditudala.

ESKATZEN DUT:

Iruñeko Udaleko Gizarte Ongizate eta Berdintasun Alorreko programen arduradun izateko lanpostu bat merezimendu lehiaketa bidez betetzeko deialdian onartua izatea. Deialdia ..... zenbakidun Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, .........(e)ko .............aren .......(e)an.

 Iruñean, 20....(e)ko ...........aren ............(e)an

(Sinadura)

Datuen babesa.

Datu Pertsonalak Babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoan xedatua bete beharrez, aditzera ematen zaizu azaltzen diren datu pertsonalak Iruñeko Udalaren “Udaleko langileak” fitxategian sartuko direla, deialdia kudeatzeko asmoz. Halaber, aditzera ematen zaizu datuak ikusi, zuzendu, ezabatu eta haien aurka jotzeko eskubideaz baliatzen ahalko zarela, Erregistro Orokorrera (Kale Nagusia, 2, 31001 Iruñea) edo www.pamplona.es egoitza elektronikora joz.

II. ERANSKINA

Merezimenduak baloratzeko baremoa

a) atala. Administrazio publikoetan egindako zerbitzuak:

1.–Edozein administrazio publikotan, deialdian eskatzen den maila/talde eta titulazioko lanpostuan egindako zerbitzuak: puntu 1 urte bakoitzeko.

2.–Edozein administrazio publikotan, aurrekoak ez bezalako lanpostuetan egindako zerbitzuak: 0,37 puntu, urte bakoitzeko.

Oharrak:

1. Urteen kopurua osoa ez bada, zerbitzuan egindako aldiari proportzioan dagokion puntuazioa emanen zaie izangaiei.

2. Lanaldi partzialean egindako zerbitzuen kasuan, behar den zatia kenduko da.

3. Deialdia argitaratu ondoren egindako zerbitzuak ez dira baloratuko.

4. Funtzionarioa zerbitzu berezietan edo eszedentzia berezian egon bada edo unitate organiko bateko buru lanetan aritu bada, egoera horietan sartu aitzin zuen lanpostuan egindako zerbitzuak bezala kontatuko dira. Horri dagokionez, ez da kontuan hartuko 96/1997 Foru Dekretuaren babespean bere prestakuntza eta hobekuntzarako jarduketetan egin duen denbora, atal honen 1. puntuan xedatuaren arabera baloratuko baitira.

5. Honako a) atal honi dagokion puntuazioa gehienez ere 35 puntu izanen da.

b) atala. Prestakuntza, irakaskuntza, ikerketa eta bertzelako merezimenduak:

1.–Erakunde edo zentro publikoek eta unibertsitateek antolatutako prestakuntza jardueretan parte hartzea: 0,10 puntu, kreditu akademiko edo horren baliokide bakoitzeko (10 ikastordu), eta gehienez ere 15 puntu.

Oharrak:

1. Baloratu beharreko prestakuntza ekintzetan, ikastorduen zatikiak hainbanatuko dira.

2. Ikastorduen kopurua agertzen ez duten ziurtagiriei kreditu bateko balorazioa emanen zaie.

3. Ikasturte bateko iraupena agertzen duten ziurtagiriei 12 kredituko balorazioa emanen zaie.

4. Erakunde antolatzaileari buruzko betebeharrak betetzen ez badituzte ere, administrazioak agindurik edo oniritzirik eginak diren prestakuntza ekintzetan parte hartzea puntuazio berarekin baloratuko da. Horien artean, espresuki, sindikatuek administrazio publikoetako etengabeko prestakuntzarako itunen barruan antolatutakoak sartuko dira.

5. Titulu akademiko bat eskuratzeko ikasketak, hala unibertsitatekoak nola unibertsitatez kanpokoak, ez dira atal honetan baloratuko.

2.–Txostenak edo komunikazioak biltzarretan edo jardunaldietan aurkeztea, lan zientifiko edo ikerlan bekadunak edo sarituak egitea eta haiek aldizkari espezializatuetan argitaratzea: 2 puntu gehienez ere, epaimahaiak baloratu beharrekoak, kontuan izanik lana edo jarduera norbanakoak edo taldeka egina den, bai eta biltzarra edo argitalpena tokikoa, eskualdekoa, herrialdekoa edo nazioartekoa den ere.

3.–Sektore publikoaren esparruan prestakuntza jardueretan irakasle gisa parte hartzea eta/edo haiek antolatzea: 2 puntu gehienez ere; epaimahaiak baloratu beharrekoak haien iraupenaren arabera.

4.–Titulu eta espezialitate akademikoak, deialdian eskatu ez direnak: gehienez ere 2 puntu.

5.–Doktore edo lizentziatu maila, deialdian eskatutako titulazioaren gainean: gehienez ere 2 puntu.

6.–Epaimahaiak baloratu beharreko bertze merezimendu batzuk: bertzeak bertze, sektore pribatuko lanak, prestakuntzarako beka edo egonaldiak, edo kontsulta, aholkularitza, partaidetza edo ordezkaritza organoetan parte hartzea: gehienez ere 2 puntu.

Oharrak b) atal osorako:

1. Atal honetan aipatutako merezimenduak deialdiko lanpostuarekin zerikusi zuzena izanez gero baizik ez dira baloratuko.

2. Honako b) atal honi dagokion puntuazioa gehienez ere 25 puntu izanen da.

Iragarkiaren kodea: L1501613