30. ALDIZKARIA - 2015eko otsailaren 13a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

2/2015 FORU AGINDUA, urtarrilaren 22koa, Kulturako, Turismoko eta Erakunde Harremanetako kontseilariak emana, Arroizko Udalak eskatuta, “Ogi-txigorraren Eguna eta Nafarroako Olioaren Festa” Nafarroako Interes Turistikoko Festa deklaratzen duena.

Abuztuaren 9ko 45/2010 Foru Dekretuaren xedea da Nafarroako Foru Komunitatean ospatzen diren festak ikuspegi turistiko batetik arautzea eta “Nafarroako Interes Turistikoko Festa” izendapena sortzea.

4. artikuluan ezartzen denaren arabera, “Nafarroako Interes Turistikoko Festaren” adierazpen prozedurari honela emanen zaio hasiera: kasuan kasuko ospakizuna non egiten den, bertako udalek edo turismo partzuergoek eskatuta, Nafarroako Turismo Kontseiluak eskatuta, edo ofizioz, turismo arloan eskumena duen departamentuak bultzatuta. “Nafarroako Interes Turistikoko Festaren” deklarazioa foru agindu bidez eginen da.

Nafarroako oliba-olio birjinaren kalitatea, nekazari jendeak eta lanak gure gizartean izaten jarraitzen duen aintzatespena eta nekazaritza ezagutzearen garrantzia nabarmentzearren, eta gure lurraren fruituak eta artisautzako produktuak zabaltzeko asmoz, urtero –eta hamasei dira jada–, “Ogi-txigorraren Eguna eta Nafarroako Olioaren Festa” ospatzen da otsailaren azken igandean.

Aipatu ospakizuna Arroitzen eta Nafarroako beste herri batzuetan den tradizioa goratzeko sortu zen, hots, uzta bakoitzean lortutako lehenbiziko olio birjinarekin ogi-txigorrak prestatzekoa. Herriaren izen bera duen olio-aldaera batekin egiten da, hau da, “Arroitz” aldaerarekin.

Herritarrek ogi-txigor tipikoak dastatzeko antzinako tradizioa gogoratzeko asmoz sortu zen, bada, “Ogi-txigorraren Eguna eta Nafarroako Olioaren Festa”.

2015eko urtarrilaren 13an egindako bilkuran, Nafarroako Turismo Kontseiluak adierazi zuen ados zegoela “Ogi-txigorraren Eguna eta Nafarroako Olioaren Festa” Nafarroako Interes Turistikoko Festa izendatzeko proposamenarekin.

Turismo eta Merkataritza Zuzendaritza Nagusiak proposamena egin du, Arraiozko Udalak eskaturik eta abuztuaren 9ko 45/2010 Foru Dekretuan eskatutako baldintzak betetzen dituela egiaztatu ondoren, foru agindu bidez “Ogi-txigorraren Eguna eta Nafarroako Olioaren Festa” Nafarroako Interes Turistikoko Festa deklaratzeko.

Horrenbestez,

AGINDU DUT:

1. Arroizko Udalak eskaturik, “Ogi-txigorraren Eguna eta Nafarroako Olioaren Festa” Nafarroako Interes Turistikoko Festa deklaratzea.

2. Adierazpen hori Nafarroako Interes Turistikoko Festen Erregistro Administratiboan inskribatzea.

3. Foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Foru agindu hau Arroizko Udalari jakinaraztea behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2015eko urtarrilaren 22an.–Kulturako, Turismoko eta Erakunde Harremanetako kontseilaria, Juan Luis Sánchez de Muniáin Lacasia.

Iragarkiaren kodea: F1501381