27. ALDIZKARIA - 2015eko otsailaren 10a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.3. Foru Aginduak

448/2014 FORU AGINDUA, abenduaren 23koa, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariak emana, otsailaren 28ko 93/2006 Foru Dekretua garatzen duten arauak onesten dituena, administrazioa bizkortzeko eta prozedurak errazteko arauak sartzeko asmoz, foru agindu honen I. eranskinean jasotzen den moduan; aipatu foru dekretuak Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzen duen Erregelamendua onesten du.

ZIOEN AZALPENA

Enpresa edo lanbide jarduerak abian jartzeko xedearekin administrazioa errazteko neurriei buruzko abenduaren 9k 15/2009 Foru Legeak administrazioa bizkortzeko neurriak ezarri ditu, eta prozedura errazteko garrantzia erantsi dio kultura administratiboari, erantzukizuneko aitorpenaren eta aldez aurreko komunikazio administratiboaren figuren bitartez.

Arau horren bidez, lortu da beharrezkoak ez diren karga administratiboak kentzea, erraztu da lanbide elkargoen inplikazioa jarduera ekonomikoak erraztu, bizkortu eta martxan jartzeko orduan, eta tresna bizkorren erabilera sustatu da dokumentazio administratiboa aurkezteko, hori guztia jarduera ekonomikoen ezarpena erraztu, negozio berrien ekimenak sustatu eta enpresak sortu nahian.

Testuinguru horretan, foru agindu honek helburu du, Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamendua onesten duen abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretua garatuz, administrazioa bizkortzeko eta prozedurak errazteko neurriak hartzea eta administrazioaren eraginkortasun handiagoa ekartzen duten tramiteak zehaztea.

Foru agindu honetako garapen neurriak Enpresa edo lanbide jarduerak abian jartzeko xedearekin administrazioa errazteko neurriei buruzko abenduaren 9ko 15/2009 Foru Legean oinarritzen dira, eta Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamendua onesten duen abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren erregulazioa osatzen dute.

Azaldutakoarekin bat, eta Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 41.1.g) artikuluak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,

AGINDU DUT:

1. artikulua. Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamendua onesten duen otsailaren 28ko 93/2006 Foru Dekretua garatzen duten arauak onestea, administrazioa bizkortzeko eta prozedurak errazteko arauak sartzeko asmoz, foru agindu honen I. eranskinean jasotzen den moduan.

Foru agindu honetako aurreikuspenak aipatutako erregelamenduan ezarritakoen osagarriak dira.

Azken xedapen bakarra.–Indarra hartzea.

Foru agindu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik hiru hilabetera hartuko du indarra.

Iruñean, 2014ko abenduaren 23an.–Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilaria, José Javier Esparza Abaurrea.

I. ERANSKINA

Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamendua onesten duen otsailaren 28ko 93/2006 Foru Dekretua garatzeko arauak, administrazioa bizkortzeko eta prozedurak errazteko arauak sartzeko asmoz

ATARIKO TITULUA

1. artikulua. Aplikazio eremua.

1. Foru agindu honek abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretua garatzen duten arauak ezartzea du helburu, administrazioa bizkortzeko eta prozedurak errazteko arauak sartzeko asmoz; aipatu foru dekretuak Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzen duen Erregelamendua onesten du.

2. Foru agindu honetan jasotzen diren aurreikuspenak aipatu foru dekretuan ezarritakoen osagarriak dira.

I. TITULUA

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren ingurumen arloko baimenaren menpeko jarduerak

I. KAPITULUA

Ingurumen baimen integratua.

2. artikulua. Haren menpeko instalazioak eta titularren erantzukizuna.

Ingurumen baimen integratuaren menpe egonen dira industria jardueraren bat garatzen dutenak Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamenduaren 2 A eta 2 B eranskinetan bildutako kategorien artetik, titulartasun publikokoa edo pribatukoa izan, salbu eta produktu edo prozesu berriak ikertu, garatu eta esperimentatzeko diren instalazioak edo haien zatiak.

Ingurumen baimen integratua instalazio osoari dagokio, erregelamendu horren 1. eranskinean jasotzen den bezala, nahiz eta 2A eta 2B eranskinetan biltzen ez diren industria jarduerak edo prozesuak izan, edota titular desberdinei badagokie ere. Instalazioan zenbait industria jarduera edo prozesu egiten badira, Ingurumen baimen integratuan emisio orokorretarako muga balioak ezar daitezke sortzen den kutsagarri bakoitzerako.

Ingurumen baimen integratu bat baliogarria bada titular desberdinek ustiatzen dituzten zenbait instalaziotarako edo instalazio zatitarako, baimenean zehaztu beharko da haietako bakoitzaren erantzukizuna noraino ailegatzen den. Erantzukizun hori solidarioa izanen da, alderdiek kontrakoa hitzartzen ez badute.

3. artikulua. Ingurumen eraginaren azterlanaren igorpena eta zuzenketak egiteko errekerimendua Ingurumenaren gaineko eraginaren ebaluazioa duen Ingurumen baimen integratuaren prozeduran.

1. Sustatzaileak edo titularrak Ingurumen eraginaren azterlana igorriko dio ingurumenaren arloan eskumena duen departamentuari, Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamenduaren 11. artikuluan adierazten den unean, horrek bere irizpena eman dezan azterlanaren nahikotasunaren gainean.

2. Ingurumenaren arloan eskumena duen departamentuak, hilabeteko epean, errekerimendua egin diezaioke sustatzaileari edo titularrari hura osatzeko edo akatsak zuzentzeko. Hilabeteko epea iraganez gero interesdunari deus jakinarazi gabe, ulertuko da azterlana onetsi dela.

4. artikulua. Ingurumen baimen integratuaren eskaera aurkeztea Ingurumen baimen integratua eskuratzeko prozedura arruntean.

1. Ingurumen baimen integratuaren eskaera ingurumenaren arloan eskuduna den departamentuan aurkeztu behar da, eskatzen den dokumentazioarekin batera, teknikari eskudunak sinaturik. Eskaera Nafarroako Gobernuko Zerbitzuen Katalogoko zerbitzu telematikoaren bidez egin behar da, edo, hura eskura ez badago, Nafarroako Gobernuaren Erregistro Orokor Elektronikoaren bidez.

Eskatzen den dokumentazioa zerbitzu telematikoaren bidez edo Erregistro Orokor Elektronikoaren bidez aurkeztu beharko da, euskarri digitalean, edo, haren tamaina baliabide horietarako ezarritakoa baino handiagoa bada, Nafarroako Gobernuko proiektuen kontsignan, eta proiektuaren zenbakia eta sartzeko klabea emanen dira eskaera egiten denean.

2. Hala balegokio, beharrezko dokumentazioa ere aurkeztuko da urtarrilaren 28ko 100/2011 Errege Dekretuaren 5. artikuluan aurreikusitako baimen administratiboa emateko (haren bidez, Airea kutsa dezaketen jardueren katalogoa berritu zen).

5. artikulua. Atmosferako kutsadurari dagokion baimena.

Ingurumen baimen integratuak atmosferako kutsadurari dagokion baimena ekarriko du, urtarrilaren 28ko 100/2011 Errege Dekretuaren 5. artikuluan aurreikusten dena (haren bidez, Airea kutsa dezaketen jardueren katalogoa berritu zen), bai eta Airearen Kalitateari eta Atmosferaren Babesari buruzko azaroaren 15eko 34/2007 Legearen 13.2 artikuluan ere.

6. artikulua. Isurketa zuzenak edo zeharkakoak egiteko baimena.

Ingurumen baimen integratuak isurketa egiteko aurreikusitako baimena ekarriko du, hala zuzenean egiten denean lur gaineko zein azpiko uretara, nola zeharka egiten denean lur azpiko uretara.

7. artikulua. Ingurumen baimen integratua eskatzeko galda daitekeen dokumentazioa.

1. Ingurumen baimen integratua eskatzen denean Nafarroako Gobernuko Zerbitzuen Katalogoko zerbitzu telematikoaren bidez, titularrak zerbitzu horretan horretarako dauden formularioak bete beharko ditu.

2. Edonola ere, sustatzaileak edo titularrak, eskaerarekin batera, dokumentazio hau aurkeztu behar du:

a) Hirigintzako udal txostena, proiektua hirigintzako planeamenduarekin bateragarria dela frogatzen duena. Udalak ez badu hogeita hamar eguneko epean egiten, nahikoa izanen da eskaeraren kopia aurkeztea.

b) Lurzoru urbanizaezinean baimentzen ahal den jarduera denean, lurraldearen antolamenduari eta hirigintzari buruzko araudian aurreikusitako dokumentazio teknikoa. Hala dagokienean, Nafarroan industrialdeak eta industria jarduerak ezartzeko galdatzen den dokumentazioa ere aurkeztuko da.

c) Proiektu teknikoa, ondokoaren deskripzio zehatza dakarrena: jarduera, instalazioak, produkzio prozesuak, lehengaien kontsumoa, ura eta energia eraginkortasunez erabiltzeko neurriak eta haien eragin potentzialak ingurumenaren gainean, eta, batik bat, Natura 2000 Sarearen gainean eta babes bereziko beste eremu batzuen gainean. Lehendik baimendutako instalazioak handitu edo aldatuz gero, eraginen ebaluazioa eginen da, halaber, ingurumen eta ekologia arloetako hasierako balioen gainean (baimenaren aurrekoak).

d) Hala dagokionean, ur jabari publikora isurketak egiteko baimena eskatzeko, urari buruzko araudiak galdatzen duen dokumentazioa, hori arroko erakundeari badagokio, isurketak egiteko eskaeraren eta adierazpenaren eredu ofizialekin bat.

e) Instalazio berriak egin edo daudenak handituz gero, bidezkoa bada, Ingurumen eraginaren azterlana, erregelamendu honetan zehazten den edukiarekin.

f) Proiektuaren eta aurkeztutako dokumentazioaren laburpen ez-teknikoa, jendeak ulertzeko modukoa. Ingurumenaren gaineko eraginaren ebaluazioaren menpeko proiektuetan, laburpen hori izan daiteke sintesi agiria.

g) Jarduera garatzeko eskura dauden teknika onenen azterketa eta ebaluazioa. Horretarako, BREF agiriak, gidak eta eskuliburu teknikoak erabili behar dira, aplikagarriak izan daitezkeenak. Alternatiben azterketa, hautatutako teknikak justifikatzen dituena.

h) Emisiorako muga balioen proposamena, airera, uretara eta lurzorura bota daitezkeen substantzia kutsagarrietarako, bai eta instalazioak sortutako kanpoko soinu mailarena ere.

i) Atmosferako emisio sorgune guztien zerrenda zehatza, sistematikoak izan ala ez, eta haien emari estimatua eta deskripzioa (forma, barneko diametroa, garaiera lurzorutik, sorgunea eta planta urtean zenbat ordu dauden jardunean, aldian aldiko emisioen kopurua > ordu bat), sorgunearen plantaren kokapena dakarren planoa. Emisio difusoak: sorgunea, araubide jarraitua edo etena, isuritako kutsagarriak, urteko karga. Arazketa sistemen deskribapena.

j) Jardueran sortzen diren hondakin mota guztien zerrenda zehatza, haien LER kodea eta sortutako kantitateak edo estimatzen direnak adierazita. Orobat, haietako bakoitzerako zehaztuko dira instalazioetan egindako kudeaketa prozedura eta kudeaketaren azken operazioa eta kodea. Justifikatu beharko da aplikatu den hondakinen hierarkiaren printzipioa, Hondakinei eta Lurzoru Kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legearen 8. artikuluan ezartzen dena.

k) Hala dagokionean, hondakinen sortzailearen edo kudeatzailearen baimena jasotzeko beharrezko dokumentazioa, hondakinen arloan indarra duen araudiarekin bat.

l) Babeserako berariazko neurriak, lurzoruko eta lur azpiko uretako kutsadura prebenitzeko, batik bat instalazioan dauden garrantzizko substantzia arriskugarriek sortutakoa; halaber, jarduketen programa bat, babeserako neurri horiek mantendu eta aldian behin gainbegiratzeko, behar bezala funtzionatzen dutela bermatzeko asmoz.

m) Kontrolatu eta zaintzeko sistemak: isuri eta hondakinak kontrolatzeko sistema eta prozedurak, haiek neurtzeko metodologia, maiztasuna eta neurketak ebaluatzeko prozedurak zehaztuta.

n) Instalazioaren ingurumeneko arriskuen azterketa eta ebaluazioa, ingurumenaren gaineko edo jendearen osasunaren gaineko arriskua identifikatzeko eta estimatzeko, eta jarduketa plan bat, ustiapeneko baldintzak ohiz kanpokoak direnean eta horrek ingurumenaren gainean eragina izan dezakeenean hartuko diren neurriak deskribatuko dituena.

ñ) Jarduerak ekartzen duenean garrantzizko substantzia arriskuen erabilera, sorrera edo emisioa, kontuan izanik zer aukera dagoen lurzorua eta lur azpiko urak kutsatzeko instalazioaren kokalekuan, oinarrizko txosten bat eskatuko da instalazioa ustiatzen hasi aurretik.

Txosten horrek beharrezko informazioa izanen du jakiteko zein den lurzoruaren eta lur azpiko uren egoera, konparazio kuantitatiboa egiteko jarduera behin betiko utzi eta ondorengo egoerarekin. Halaber, ondoko edukia izanen du gutxienez:

1. Informazioa egungo erabilerari buruz, eta, eskura badago, toki horretan aurretik izandako erabilerei buruz.

2. Eskura badaude, arriskuen gaineko azterketak eta lurzoru kutsatuei buruzko araudian erregulatutako txostenak, lurzoruan eta lur azpiko uretan hartutako neurrien ingurukoak, txostena egiten deneko egoera islatzen dutenak, edo, bestela, lurzoruan eta lur azpiko uretan hartutako neurri berriak, aukerarik dagoenean lurzorua eta lur azpiko urak kutsatuta gelditzeko kasuan kasuko instalazioak erabili, sortu edo isuritako substantzia arriskutsuekin.

o) Fitxategi digital bat, instalazioaren kokapeneko lurralde eremua zedarritzen duen perimetroari buruzko informazio geoerreferentziatua dakarrena. Halaber, ondoko hau zehaztuko da: kokapenaren azalera osoa, eraikitako azalera erabilgarria, eraiki gabeko azalera zoladuna, eta eraiki gabeko azalera zola gabea.

p) Suteen kontrako berariazko neurriak, aplikagarria den araudiarekin bat aurreikusiak.

q) Hala dagokionean, istripu larrien arloko araudiak substantzia arriskutsurik tartean dagoenean galdatzen duen dokumentazioa.

r) Beste edozein informazio eta dokumentazio, araudi aplikagarrian ezarritako baldintzak bete direla frogatzen duena, baita urriaren 23ko 26/2007 Legeak, besteak beste, galdatzen ahal dituen nahitaezko aseguruei edo bermeei buruzkoak ere.

Ildo horretatik, sustatzaileak edo titularrak proposatu behar du ingurumeneko erantzukizun zibileko aseguru bat izenpetzea, istripuek, matxurek eta, oro har, instalazioaren ohizko kanpoko funtzionamenduak ingurumenaren gainean eta pertsonen osasunaren gainean sor ditzakeen kalteak konpontzeko gastuak bermatuko dituena. Aseguratutako zenbatekoa kalkulatzeko, instalazioaren ingurumeneko arriskuak aztertzearen ondorioak har daitezke oinarritzat, edota, bestela, Ingurumen arloko Erantzukizunari buruzko urriaren 23ko 26/2007 Legea garatzeko ingurumeneko arriskuetarako egiten den azterketaren tresna sektoriala.

s) Egungo instalazioen kasuan, eskura dauden teknikarik onenak ezartzeko epeak zehaztu behar dira, baita ezarri gogo den beste edozein neurri berri ezartzekoak ere.

t) Ingurumenaren gaineko eraginaren ebaluazioaren esparruko jarduketak egonez gero, Ingurumen baimen integratuak izanen ditu, gainera, Ingurumen eraginaren azterlana eta araudi aplikagarriak galdatzen duen gainerako dokumentazioa.

8. artikulua. Ingurumen baimen integratuaren berrikuspena.

1. Ingurumenaren arloan eskumenak dituen departamentuak eskatuta, titularrak foru agindu honen 7. artikuluko informazio guztia aurkeztuko du, baimenaren baldintzak berrikusteko beharrezkoa dena. Hala dagokionean, emisioen kontrolerako emaitzak erantsiko dira, bai eta instalazioaren funtzionamendua eskura dauden teknikarik onenekin (TEO aplikagarriei buruzko ondorioetan deskribatuak) eta haiei lotutako emisio mailekin konparatzea ekartzen duten beste datu batzuk ere.

Baimenaren baldintzak berrikustean, ingurumenaren arloan eskumenak dituen departamentuak kontroletatik edo ikuskapenetatik eskuratutako edozein informazio erabiliko du.

2. Lau urteko epean, instalazio baten jarduera nagusiaren TEOei buruzko ondorioak argitaratzen direnetik hasita, honako hau bermatuko du organo eskudunak:

a) Kasuan kasuko instalazioaren baimenerako baldintza guztiak berrikusi eta, behar izanez gero, haietara egokitzea, Ingurumen baimen integratuaren baimen araubidea erregulatzen duten arauzko xedapenetan ezarritakoa betetzen dela bermatzeko, batik bat, emisiorako muga balioak eta neurri tekniko baliokideak; eta

b) Instalazioak baimenerako baldintza guztiak betetzea.

Berrikuspenak kontuan izanen ditu instalazioari aplika dakizkiokeen TEO erreferentziako agiri guztietako ondorioak, baimena eman, eguneratu edo berrikusi zenetik aurrera.

3. Instalazio bat ez dagoenean TEOei buruzko ondorioetako batek ere estalita, baimenaren baldintzak berrikusiko dira, eta, hala balegokio, egokituko dira, teknika eskuragarri onenen aurrerapenek bide ematen dutenean emisioak modu nabarmenean murrizteko.

4. Nolanahi ere, ofizioz berrikusiko da Ingurumen baimen integratua, kasu hauetan:

a) Instalazioak sortutako kutsadura dela eta, komenigarria denean emisiorako ezarritako muga balioak berrikustea edo beste batzuk hartzea.

b) Posible denean modu nabarmenean emisioak murriztea, kostu handirik ezarri gabe, teknika eskuragarri onenetan izandako aldaketa garrantzitsuaren ondorioz.

c) Prozesuaren edo jardueraren funtzionamenduaren segurtasuna dela eta, beharrezkoa denean beste teknika batzuk erabiltzea.

d) Arroko organismoak, urei buruzko araudiak ezarritakoarekin bat, irizten duenean zilegi dela Ingurumen baimen integratua berrikustea ur jabari publiko isurketei dagokienez, Estatuko Administrazio Orokorrak kudeatzen dituen arroetan.

e) Instalazioarekin aplikatu beharreko araudi sektorialak hala galdatzen duenean, edo ingurumeneko kalitateari buruzko arau berriak edo berrikusiak bete behar direnean, Kutsaduraren Aurkako Aurreneurri eta Kontrol Integratuei buruzko uztailaren 1eko 16/2002 Legearen 22.3 artikuluaren indarrez.

5. Ingurumen baimen integratua berrikusteak ez du kalte-ordainik jasotzeko eskubiderik ekarriko eta erregelamenduaren 28. artikuluan aldaketarako aurreikusitako ofiziozko prozeduraren bidez tramitatuko da.

6. Hiru urte iraganda teknika eskuragarri onenei buruzko ondorioen gaineko erabakiak argitaratzen direnetik instalazio baten jarduera nagusiari dagokionez, ingurumenaren arloan eskuduna den departamentuak titularrari eska diezaioke Ingurumen baimen integratua berrikusteko; horretarako, proiektu tekniko bat aurkeztu beharko du, instalazioak egoki daitezen teknika eskuragarri onenei buruzko ondorioen gaineko erabakien argitalpenean ezarritakora.

9. artikulua. Baimendutako instalazioaren funtsezko aldaketa.

Aldaketa ez-funtsezkoa funtsezkotzat har daiteke baldin eta aldaketa nabarmenik gertatzen bada instalazioaren funtzionamendurako baldintzetan, bere baimenean kontuan hartu beharrekoa, eta, hartara, hura aldatzea ekartzen duena, edo, proiektatutako instalazio berriek gainditzen badute Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamendua onesten duen abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 5. eranskinean ezarritako atalaseren bat.

10. artikulua. Aldaketen eraginkortasuna.

1. Ingurumen baimen integratuko aldaketetan ezartzen diren baldintzak, instalazioaren aldaketa hori funtsezkoa nahiz nabarmena izan, aplikatzen hasiko dira martxan jartzeko erantzukizuneko aitorpena aurkezten den egunetik aurrera, eta, edonola ere, aldaketa horiek martxan jartzen diren egunetik aurrera. Bitartean, indarrean dagoen Ingurumen baimen integratuan dauden baldintzak aplikatuko dira.

2. Ofiziozko aldaketetan eta Ingurumen baimen integratuaren berrikuspenetan ezarritako baldintzek indarra izanen dute kasuan kasuko prozedura administratiboak ebazten diren egunetik aurrera, eta, hala balegokie, haietan berariaz zehaztutako egunetik aurrera.

11. artikulua. Ingurumen baimen integratuaren eraginkortasuna.

1. Bi urte iraganda baimena eman zenetik proiektua gauzatzen hasi gabe, edo lau urte iraganda hura bukatu eta jarduera martxan jarri gabe, ulertuko da baimena iraungi dela eta ondoriorik gabekoa dela. Hala ere, titularrak eska dezake, behar bezala justifikatutako arrazoiak direla-eta, epe horiek urtebetez handitzeko, gehienez ere. Ingurumenaren arloan eskuduna den departamentuak ebazpen espresa eman behar du eskaera hori onartzeko.

2. Baimenak kontuan har dezake proiektu oso bat fase batean baino gehiagotan garatzea, eta, horretarako, nahitaez erantsi beharko da haietako bakoitzerako aurreikusten diren hasierako eta bukaerako epeen kronograma bat. Edonola ere, ezin da gainditu bi urteko epea proiektua gauzatzen hasteko, hiru urtekoa azken fasea egiten hasteko, eta lau urtekoa instalazio osoa bukatu eta martxan jartzeko.

12. artikulua. Jarduera uztea eta instalazioa ixtea.

1. Ingurumen baimen integratuaren titularrak jakinarazpen bat aurkeztu beharko dio organo eskudunari bere Ingurumen baimen integratuan sartutako jarduera bat edo batzuk aldi baterako utzi baino lehenago. Dokumentazio teknikoa erantsi beharko du, instalazioan izanen diren aldaketak deskribatuz eta zein egoeratan geldituko den aldi baterako utzita dagoenean adieraziz.

2. Instalazioko jarduera edo jarduerak aldi baterako utzita daudenean, titularrak Ingurumen baimen integratu indardunean ezarritako baldintzak bete beharko ditu eta, organo eskudunari jakinarazpena aurkeztu ondoren, berriz jarduera hasten ahalko du baldintza horiei jarraituz.

Epe horretan instalazioaren titulartasuna aldatzen bada, organo eskudunari jakinarazi behar zaio, eta titular berriak indarreko Ingurumen baimen integratuaren baldintza bereei euts diezaieke. Modu horretan ez da instalazio berritzat joko.

3. Bi urte iraganda aldi baterako utziko dela jakinarazi zenetik jarduera edo jarduerak berriz hasi gabe:

a) Organo eskudunak baimenaren titularrari jakinaraziko dio jarduera edo jarduerak behin betiko utzi direla eta instalazioa itxiko da, 4. atalean ezarritakoarekin bat.

b) Instalazioan jarduera bat baino gehiago egiten badira eta aldi baterako utzi dena haietako bat edo gehiago bada, organo eskudunak baimenaren titularrari jakinaraziko dio jarduera horiek behin betiko utziko direla, Ingurumen baimen integratuaren aldaketa ez-funtsezkoa tramitatzen has dadin.

4. Ingurumen baimen integratuan sartutako instalazioak behin betiko ixten badira:

a) Titularrak lurzoruaren egoera ebaluatu beharko du, ikusteko lur azpiko urak kutsaturik ote dauden instalazioak erabili, sortu edo isuritako garrantzizko substantzia arriskutsuekin, eta ebaluazio horren emaitzak komunikatuko ditu. Ebaluazioak zehazten badu instalazioak lurzorua edo lur azpiko urak modu nabarmenean kutsatu dituela, jardueraren hasieran prestatutako oinarrizko txostenean jasotzen den egoeraren aldean, titularrak neurri egokiak hartuko ditu kutsadura horri aurre egiteko, instalazioaren kokapena aurreko egoerara lehengoratzeko asmoz. Horretarako, neurri horien bideragarritasun teknikoa hartzen ahalko da kontuan.

Titularrari galdatu ez zaionean oinarrizko txostenik prestatzeko, horrek beharrezko neurriak hartuko ditu garrantzizko substantzia arriskutsuak kendu, kontrolatu, bildu edo murrizteko; horrela, oraingo erabilera edo etorkizunerako onetsia kontuan hartuta, kokalekuak ez du arrisku nabarmenik eraginen giza osasunean eta ingurumenean lurzorua eta lurpeko ura baimendutako jardueraren ondorioz kutsatzeagatik, kontuan hartuta baimenaren eskaeran instalazioa kokatzeko deskribatzen diren baldintzak.

Titularrak instalazioa ixteko proiektu tekniko bat aurkeztuko du, gutxienez ondoko puntu hauek biltzen dituena:

–Instalazioen desmuntatzea.

–Hondakinen kudeaketa.

–Jarraituko duten instalazioak kontrolatzeko neurriak.

–Proiektua gauzatzeko programa.

b) Ingurumenaren arloan eskuduna den departamentuak egiaztatuko du baimenean ixteari buruz ezarritako baldintzak betetzen direla. Egiaztatu ezin denean, ingurumenaren arloan eskuduna den departamentuak ebazpen administratiboa emanen du, instalazioa ixtea baimentzeko eta ingurumen baimen integratua aldatzeko, edo, zein den kasua, hori iraungitzeko.

Instalazioa ixteak baja ekarriko du instalazioen inbentarioan (uztailaren 1eko 16/2002 Legearen 8.2 a) artikulukoa) eta ingurumenaren arloan eskuduna den departamentuak Nekazaritza, Elikadura eta Ingurumeneko Ministerioari jakinaraziko dio.

Instalazioa ixteko prozedura ebaztean, Ingurumenaren eta Uraren Zuzendaritza Nagusiak titularrari eska diezaioke, behar izanez gero, berme ekonomiko bat eratzeko, instalazioa ixteak berez dakartzan kostuei erantzuteko. Instalazioa ixteko behin betiko onesten den proiektu ekonomikoaren aurrekontua eta instalazioak sortu edo igorritako substantzia arriskutsuek kutsatutako lurzoruaren eta lurpeko uraren egoerari buruzko ebaluazioaren emaitza kontuan hartuta zehaztuko da fidantzaren zenbatekoa.

Azkenean, titularrak azken ziurtagiri bat aurkeztu beharko du, non adieraziko baita egindako jarduketek bat egin dutela ixteko proiektu teknikoarekin eta ezar daitezkeen baldintza osagarriekin.

13. artikulua. Ingurumen baimen integratuaren araubidetik jarduera sailkatuen lizentziaren araubidera igarotzea.

1. Egun Ingurumen baimen integratua eta irekitzeko baimena dauzkan instalazio batek aldaketa fisikoa edo operatiboa egin nahi badu, eta horrek ekartzen badu 2A edo 2B eranskinetako epigraferen batean sailkaturik ez egotea, instalazioaren titularrak ingurumenaren arloan eskuduna den departamentuari jakinarazi behar dio. Horrek ebazpena emanen du, aldaketa hori baimentzeko eta bidezko baldintzak ezartzeko, kasua zein den, eta instalazioa etorkizunean 4A, 4B, 4C edo 4D eranskinetan sailkatzeko.

2. Aldaketa egin ondoan, titularrak aldaketa egin izanaren erantzukizuneko aitorpen bat aurkeztuko du ingurumenaren arloan eskuduna den departamentuan, bai eta, horrekin batera, teknikari eskudun batek egindako ziurtagiri bat ere, non frogatuko baita aldaketak bat egiten duela ebazpenean ezarritako baldintzekin.

3. Ingurumenaren arloan eskuduna den departamentuak, beharrezko egiaztapenak egin ondoan, ebazpen bat emanen du, instalazioak zeukan ingurumen baimen integratua iraungiz, eta kasuan kasuko Udalari jakinaraziko dio jarduera jarduera sailkatuaren lizentziaren araubidera pasa dela.

4. Ingurumenaren arloan eskuduna den departamentuaren ebazpenak, halaber, neurri zuzentzaileak eta beharrezko aginduak izanen ditu, instalazioaren Ingurumen baimen integratuaren ondoriozkoak, egoera berrira egokituak.

5. Ebazpena jasotakoan, Udalak jardueraren titularrari jakinaraziko dio hori jarduera sailkatuaren araubidera pasa dela.

6. Artikulu honetan ezarritako prozedura aplikatzeko, aldaketak ekarri beharko du instalazioen errealitate fisikoa edo operatiboa kanbiatzea, horrek bermatzen duenean horiek sailkatuta ez daudela 2A edo 2B eranskinetako epigraferen batean, eta, batik bat, eranskin horietan atalase gisa ezarritako produkzio ahalmena lortzea eragozten duela.

7. Artikulu honetan ezarritako prozedura aplikatuko da ezertan ukatu gabe egin gogo diren aldaketek beste organo edo administrazio batzuen lizentzia eta baimena behar dutela, kasua zein den.

II. KAPITULUA

Ingurumen ukipenetarako baimena

14. artikulua. Ingurumen ukipenetarako baimenaren eskaera.

1. Ingurumen ukipenetarako baimenaren eskaera ingurumenaren arloan eskuduna den departamenduari eginen zaio.

2. Teknikari eskudun batek sinatuko du dokumentazioa, eta euskarri digitalean aurkeztuko da, Nafarroako Gobernuaren Erregistro Orokor Elektronikoan edo Nafarroako Gobernuko Proiektuen Kontsignan. Azken aukera hori nahitaezkoa izanen da tamaina handiko proiektuentzat, Nafarroako Gobernuko Erregistro Orokor Elektronikoa mugaturik dutenean.

15. artikulua. Baimena iraungitzea.

Bi urte iraganda Ingurumen ukipenetarako baimena eman zenetik aurrera proiektua edo instalazioa egiten hasi gabe edo baimendutako jarduera martxan jarri gabe, ulertuko da Ingurumen ukipenetarako baimena iraungi dela eta ondoriorik ez duela, salbu eta sustatzaileak frogatzen badu inguruabar objektiboek eragotzi dutela proiektua edo instalazioa martxan jartzea, edo, enpresak eskatuta eta indarraldia justifikatzen duten argudioen bidez, ingurumenaren arloan eskuduna den departamentuak berariazko ebazpena ematen badu, hori aitortzeko.

III. KAPITULUA

Kasua zein den, Ingurumen baimen integratuaren edo Ingurumen ukipenetarako baimenaren menpeko instalazioen jarduera hastea

16. artikulua. Jardueraren hasiera.

1. Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamenduaren 39. artikuluan eta hurrengoetan aurreikusitako irekitze baimenaren tramiteen ordez, ingurumenaren arloan eskuduna den departamentuan aurkez daiteke instalazio edo proiektu bat martxan jarri dela dioen erantzukizuneko aitorpena.

2. Erantzukizuneko aitorpena instalazioa edo proiektua martxan jarri baino lehenago aurkeztuko da. Hartan, titularrak adieraziko du, bere erantzukizunaren pean, emandako baimenean edo ondoko aldaketetan ezarritako baldintza guztiak betetzen dituela, indarreko araudian ezartzen diren baldintza guztiak betetzen dituela, hori frogatzen duen dokumentazioa duela, Nafarroako Gobernuko proiektuen kontsignak ematen dituen proiektu zenbakia eta sarbide gakoa emanez, eta konpromisoa hartzen duela hura betetzeko indarrean dagoen bitartean. Erantzukizuneko aitorpena Nafarroako Gobernuko Zerbitzuen Katalogoko zerbitzu telematikoaren bidez egin behar da, edo, hura eskura ez badago, Nafarroako Gobernuaren Erregistro Orokor Elektronikoaren bidez.

3. Ondorio horietarako, hauek dira titularrak eduki behar dituen frogagiriak:

a) Teknikari eskudunak emandako ziurtagiria, eta, kasua zein den, kasuan kasuko lanbide elkargoak ikus-onetsia. Hartan, frogatuko da instalazioak edo aldaketak bat egiten duela onetsitako proiektuarekin eta Ingurumen baimen integratuan edo haren ondoko aldaketa nabarmenetan ezarritako baldintzekin edo neurriekin.

b) Ingurumen baimen integratuan edo haren ondoko aldaketa nabarmenetan ezarritako neurketa eta egiaztapen praktikoak egin direla justifikatzea.

c) Instalazioaren behin betiko planoak.

4. Erantzukizuneko aitorpen hori aurkeztuta, ulertuko da eskuraturik dagoela jarduera garatzeko irekitze baimena.

17. artikulua. Gasaren, elektrizitatearen eta uraren zerbitzuak eskuratzea.

16. artikuluko erantzukizuneko aitorpena eduki beharko da, ondoko baimen hauek eskuratzeko eskaeran: energia elektrikoaren hornidura egin edo handitzekoa, erregai likidoak edo gaseosoak erabiltzekoa, edateko uraren hornidura egitekoa eta jarduera gauzatzeko gainerako nahitaezko baimenak.

18. artikulua. Jardueren hasiera partziala.

Osorik gauzatu gabe dagoen baimendutako proiektu bat has daiteke, baldin eta neurri zuzentzaileak eta proiektuan gauzatutako zatiari dagozkion gainerako baldintzak baditu. Horretarako, zati bat martxan jartzeko dagokion erantzukizuneko aitorpena aurkeztuko da.

II. TITULUA

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren ebaluazioaren menpeko jarduerak

19. artikulua. Ingurumen eraginaren azterlana.

1. Ingurumen baimen integratuaren eskaera ingurumenaren arloan eskuduna den departamentura igorri beharko da, eskatzen den dokumentazioarekin batera, teknikari eskudunak sinaturik. Eskaera Nafarroako Gobernuko Zerbitzuen Katalogoko zerbitzu telematikoaren bidez egin behar da, edo, hura eskura ez badago, Nafarroako Gobernuaren Erregistro Orokor Elektronikoaren bidez.

2. Eskatzen den dokumentazioa zerbitzu telematikoaren bidez edo Erregistro Orokor Elektronikoaren bidez aurkeztu beharko da, euskarri digitalean, edo, haren tamaina baliabide horietarako ezarritakoa baino handiagoa bada, Nafarroako Gobernuko proiektuen kontsignan, eta proiektuaren zenbakia eta sartzeko klabea emanen dira eskaera egiten denean.

20. artikulua. Ingurumen eraginaren adierazpenaren aldaketa.

Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamenduaren 55. artikuluan ezarritakoaren ondorioetarako, ulertuko da funtsezko aldaketa bat egin dela instalazioan baldin eta funtzionamenduan egin gogo den aldaketak ekartzen badu aipatutako erregelamenduaren 25. eta 78. artikuluetako inguruabarren bat, eragin handiagoa izanez pertsonen edo ingurumenaren segurtasunaren gainean edo osasunaren gainean. Jarduerak okupatutako azalera erabilgarria handitzeari dagokionez, funtsezko aldaketatzat hartuko da %25etik gora handitzea edo hasieran begietsitako azaleraz bestelako azalera bat hartzea, baldin eta horrek ukitzen baditu erauzketa jarduerak lehengoratzeko planak edo lurraldea edo paisaia ukitzeko gaitasuna duten beste batzuk.

III. TITULUA

Zer jarduera sailkatuk behar duten Udalaren lizentzia

I. KAPITULUA

Jarduera sailkatuaren udal lizentzia

1. ATALA

Ingurumenaren gaineko eraginaren ebaluazioa behar duten jarduera sailkatuak.Jarduera sailkatuaren udal lizentzia, Ingurumenaren gaineko eraginaren ebaluazioa duena

21. artikulua. Jendaurreko epea eta txostenak.

1. Udal zerbitzu teknikoek beharrezko txostenak eginen dituzte eta, isurketa kutsagarriak edo hondakin urak sortzen dituzten jardueren kasuan, kasuan kasuko zerbitzuen mankomunitateei eska diezaiekete txosten bat urak Udalaren saneamendu sarera botatzea onartzeari buruz eta etxekoekin parekatzen ahal diren hondakinak kudeatzeari buruz.

2. Alegazioak eta txostenak ikusita, Udalak espedientea igorriko dio ingurumenaren arloan eskuduna den departamentuari, proiektuari buruzko txosten arrazoitu batekin batera. Igorri ezean bi hilabeteko epean sustatzaileak eskaera aurkeztu zuenetik aurrera, departamentuak aurrera eramanen du espedientearen tramitazioa.

3. Ingurumenaren arloan eskuduna den departamentuak beharrezko txosten loteslea eskatuko die arlo horretan eskudunak diren Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko organoei, pertsonen edo ondasunen segurtasunerako eta osotasunerako arriskuak edo pertsonen osasunerako arriskuak dakartzaten jardueren kasuan, foru agindu honen eranskinekin eta garatzen duen erregelamenduarekin bat. Txosten horiek 30 eguneko epean emanen dira espedientea jasotzen denetik aurrera. Epe hori iragaten bada txostena egin edo jakinarazi gabe, espedientearen tramitazioa aurrera eramanen da.

4. Halaber, jarduera sailkatu bat lurzoru urbanizaezinean garatzekoa bada, beharrezko txosten loteslea eskatuko zaio lurraldearen antolamenduan eta hirigintzan eskuduna den departamentuari, hurrengo artikuluan aurreikusten diren ondorioetarako. Ulertuko da txostena kontrakoa dela ez bada egiten hirigintzari buruzko araudian ezarritako epearen barnean.

22. artikulua. Ingurumen eraginaren adierazpena eta, kasua zein den, baimena lurzoru urbanizaezinean.

Txostenak, proiektua eta ingurumen eraginaren azterlana ikusita, ingurumen arloko departamentu eskudunak espedientea jasotzen denetik gehienez ere lau hilabetean eginen du ingurumen eraginaren adierazpena; horrexek, lurzoru urbanizaezinerako baimena izanen du, baldin eta jarduera horrelako lurzoruan kokatu behar bada. Gainera, behar izanez gero, Hondakin eta Lurzoru Kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legean eskatzen diren baimenak sartuko dira, baita airea kutsa dezaketen jardueren katalogoa eguneratzen duen urtarrilaren 28ko 100/2011 Errege Dekretua aplikatuta eskatzen direnak eta kolektorean isurtzeko baimenak, Uren Legearen testu bateginean (uztailaren 20ko 1/2001 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onetsia) ezarritakoak ere.

2. ATALA

Ingurumenaren gaineko eraginaren ebaluazioaren menpe
ez dauden jarduera sailkatuak

1. azpiatala. Jarduera sailkatuaren udal lizentziaren prozedura, aldez aurretik ingurumen arloko departamentu eskudunaren txostena duela.

23. artikulua. Eskaera.

1. Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzen duen erregelamenduaren 4 C eranskinean aipatu jardueretakoren bat ezarri, ustiatu, lekualdatu edo funtsean aldatu gogo duen titularrak edo sustatzaileak jarduera sailkatuaren lizentzia eskatu beharko dio hura kokatzen den tokiko Udalari, eta proiektu teknikoaren kopia bat, teknikari eskudun batek sinatua, erantsiko du euskarri digitalean. Orobat, jarduerak 4A eranskinean aipatzen badira, Ingurumenaren gaineko eraginaren ebaluazioa ez egitea erabaki denean.

2. Udalak ingurumen arloko departamentu eskudunari egin beharko dio txosten eskaera, eta eskatzen ahal den dokumentazioa, teknikari eskudun batek sinatua, erantsiko du. Eskaera Nafarroako Gobernuko Zerbitzuen Katalogoko zerbitzu telematikoaren bidez egin behar da, edo, hura eskura ez badago, Nafarroako Gobernuaren Erregistro Orokor Elektronikoaren bidez.

3. Eskatzen den dokumentazioa zerbitzu telematikoaren bidez edo Erregistro Orokor Elektronikoaren bidez aurkeztu beharko da, euskarri digitalean, edo, haren tamaina baliabide horietarako ezarritakoa baino handiagoa bada, Nafarroako Gobernuko proiektuen kontsignan, eta proiektuaren zenbakia eta sartzeko klabea emanen dira eskaera egiten denean.

4. Proiektu teknikoaren edukiak Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzen duen Erregelamenduaren 66. artikuluan jasotako alderdiak garatuko ditu; gainera, jardueraren funtzionamenduari buruzko ebaluazioa eta indarreko araudia betetzearen gaineko justifikazioa, hurrengo osasun alderdi hauei buruz: giza kontsumoko ura, ur berritua eta ur birziklatua, legionelosiaren prebentzioa, gorpuen osasunbidea, biozidak, tatuajeak eta piercing-a, erradiazioen aurkako segurtasun fisikoa, tabakoaren arloko osasun arauak, uraren aisiarako erabilera eta osasun hondakinak; zein diren bidezkoak, haiei buruz.

5. Airea kutsa dezaketen jardueren katalogoko (CAPCA-2010) C taldeko jardueraren bat garatu gogo den instalazio bateko sustatzaileak edo titularrak jarduera sailkatuaren udal lizentzia eskuratzeko eskaera eginen du, eta hura airea kutsa dezaketen jardueren katalogoa eguneratzen duen urtarrilaren 28ko 100/2011 Errege Dekretuaren 5. artikuluan eta Airearen Kalitateari eta Atmosfera Babesteari buruzko azaroaren 15eko 34/2007 Legearen 13.3 artikuluan aurreikusitako jakinarazpenaren parekoa da eta horren ondorioak izanen ditu kutsadura atmosferikoaren arloan. Ondorio horietarako, foru agindu honen 7.2.i) artikuluan adierazitako informazioa jaso beharko du kontu honetan.

24. artikulua. Jendaurreko epea eta txosten teknikoak.

Udaleko zerbitzu teknikoek behar diren txostenak eginen dituzte, eta tramitazio honetan ez da bidezkoa izanen zerbitzuen mankomunitateei txostena eskatzea ur isurketak Udalaren saneamendu sarean onartzeari eta etxekoen pareko hondakinen kudeaketari buruz; ezta Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuari eskatzea ere, jardueraren osasun alderdiei buruz.

25. artikulua. Alkatearen txostena.

Alkateak bere txostenaren kopia igorriko dio ingurumen arloko departamentu eskudunari eta, zein den kasua, espedientearen gainerakoa ere bai. Sustatzaileak edo titularrak eskaera aurkeztu eta 2 hilabeteko epean igortzen ez bada, departamentuak espedientea tramitatzen jarraituko du.

26. artikulua. Ingurumen arloko departamentu eskudunaren txostena.

1. Jarduera sailkatua lurzoru urbanizaezinean garatzekoa bada, beharrezko txosten loteslea eskatuko zaio lurralde antolamenduaren arloko departamentu eskudunari, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legean aurreikusitako ondorioak izan ditzan. Ulertuko da txostena kontrakoa dela ez bada egiten hirigintzari buruzko araudian ezarritako epearen barnean.

2. Foru agindu honen III. eranskinean sartu dira jendearen osasunarentzat arriskutsuak diren jarduerak, Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuaren nahitaezko txosten loteslea behar dutenak. Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuak ematen duen txostenak osasun alderdi hauek hartuko ditu kontuan: giza kontsumoko ura, ur berritua eta ur birziklatua, legionelosiaren prebentzioa, gorpuen osasunbidea, biozidak, tatuajeak eta piercing-a, erradiazioen aurkako segurtasun fisikoa, tabako arloko osasun arauak, uraren aisiarako erabilera eta osasun hondakinak.

3. Aurkeztutako dokumentazioa, alegazioak eta egindako txostenak ikusita, ingurumen arloko departamentu eskudunak txosten bat eginen du bi hilabeteko epean, eta hartan jarduerak funtziona dezan hartu beharreko ingurumen baldintzak eta neurri zuzentzaileak zehaztuko dira. Txosten horretan foru agindu honen 21.3 artikuluan aipatzen diren txosten lotesleen edukia jasoko da eta, gainera, hondakinak, atmosferarako isurketak eta kolektoreetarako isurketak produzitu edo kudeatzeko baldintzak, baita eskatzen ahal diren sektoreko ingurumen baldintzak ere. Foru Komunitateko Administraziotik parte hartzen duten organoek emandakoak izanen dira aipatu txosten lotesleak. Aplikatzen diren hirigintzako determinazioak ere jasoko dira, jarduera sailkatua lurzoru urbanizaezinean garatzen denean lurzoru mota horretan baimentzekoa delako.

Txosten honek hurrengo hauen ondorioak izanen ditu eta haien parekoa da: hirigintzako legerian lurzoru urbanizaezinaren gaineko jardueretarako aurreikusitako baimena, Hondakinei eta Lurzoru Kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legeak eskatzen dituen baimenak, Airearen Kalitateari eta Atmosferaren Babesari buruzko azaroaren 15eko 34/2007 Legea aplikatuz airearen kutsaduraren arloan eskatzen den baimena eta ur arloko araudi indardunean aurreikusitako baimena, lurgaineko uretan zeharka isurtzekoa.

2. azpiatala. Jarduera sailkatuaren udal lizentziaren prozedura, aldez aurretik ingurumen arloko departamentu eskudunaren txostenik gabe.

27. artikulua. Eskaera eta tramitazioa.

1. Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzen duen erregelamenduaren 4 D eranskinean aipatu jardueretakoren bat ezarri, ustiatu, lekualdatu edo funtsean aldatu gogo duen titularrak jarduera sailkatuaren lizentzia eskatu beharko dio hura kokatzen den tokiko Udalari, eta proiektu teknikoaren kopia bat, teknikari eskudun batek sinatua, erantsiko du euskarri digitalean.

Proiektu teknikoaren edukiak Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzen duen Erregelamenduaren 66. artikuluan jasotako alderdiak garatuko ditu; gainera, jardueraren funtzionamenduari buruzko ebaluazioa eta indarreko araudia betetzearen gaineko justifikazioa, hurrengo osasun alderdi hauei buruz: giza kontsumoko ura, ur berritua eta ur birziklatua, legionelosiaren prebentzioa, gorpuen osasunbidea, biozidak, tatuajeak eta piercing-a, erradiazioen aurkako segurtasun fisikoa, tabakoaren arloko osasun arauak, uraren aisiarako erabilera eta osasun hondakinak; zein diren bidezkoak, haiei buruz.

2. Foru agindu honen II. eranskinean bai baina III. eranskinean jaso gabeko jardueren kasuan, jarduera sailkatuaren baimena emandakotzat joko da sustatzaileak edo titularrak hura kokatzen den tokiko Udalari erantzukizuneko aitorpen bat aurkeztuz gero, non adierazi beharko baitu lege eta erregelamendu mailako arau guztiek, udal ordenantzak barne, jardueran aritzeko eskatzen dituzten baldintza eta ziurtagiri guztiak betetzen dituela, baita hori frogatzen duen dokumentazioa baduela ere; Nafarroako Gobernuko Proiektuen Kontsignak ematen dituen proiektuaren zenbakia eta sarbide gakoa adieraziko ditu, dokumentu bidezko ikus-onespena duen proiektu teknikorako.

Kasu horietan jarduera sailkatuaren udal lizentzia besterik gabe emandakotzat joko da eta sektoreko araudi indardunari egokitzen ote zaion beharko da egiaztatu, Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzen duen erregelamenduaren IV. tituluan ezarritako ikuskapen araubidea aplikatuz, baina ez dira beharrezkoak izanen foru dekretu horretan bildutako gainerako tramiteak.

3. Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzen duen erregelamenduaren 4D eranskinean jasotako jarduera sailkatuen kasuan, Udalaren zerbitzu teknikoek behar diren txostenak eginen dituzte, eta zerbitzuetako mankomunitateei txostena egiteko eskatzen ahalko zaie ur isurketak Udalaren saneamendu sarean onartzeari eta etxekoen pareko hondakinen kudeaketari buruz.

4. Jendearen osasunarentzat arriskuak dituzten jarduera sailkatuen kasuan (foru agindu honen III. eranskinean jasoak) edo jendearen edo ondasunen segurtasun eta osotasunerako jardueren kasuan (Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzen duen erregelamenduaren 5. eranskinean jasoa), alkateak, jendaurrean jartzearekin batera, eskaera eta jardueraren proiektu teknikoa igorriko dizkie arloaren arabera eskumena duten departamentuei, beharrezko txostenak eskatzeko. Txosten horiek, nahitaezkoak eta lotesleak, 45 eguneko epean eman beharko dira espedientea jasotzen denetik aurrera. Epe hori iraganik, eman eta jakinarazten ez badira, tramitazioak jarraituko du.

Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuak ematen duen txostenak osasun alderdi hauek hartuko ditu kontuan: giza kontsumoko ura, ur berritua eta ur birziklatua, legionelosiaren prebentzioa, gorpuen osasunbidea, pestizidak (biozidak eta fitosanitarioak), tatuajeak eta piercing-a, erradiazio ionizatzaileak, erradiazio elektromagnetikoak, tabakoa, bainatzeko igerilekuak eta osasun hondakinak.

5. Airea kutsa dezaketen jardueren katalogoko (CAPCA-2010) C taldeko jardueraren bat garatu gogo den instalazio bateko sustatzaileak edo titularrak jarduera sailkatuaren udal lizentzia eskuratzeko egiten duen eskaera ingurumen arloko departamentu eskudunari igorri beharko zaio, airea kutsa dezaketen jardueren katalogoa eguneratzen duen urtarrilaren 28ko 100/2011 Errege Dekretuaren 5. artikuluan eta Airearen Kalitateari eta Atmosfera Babesteari buruzko azaroaren 15eko 34/2007 Legearen 13.3 artikuluan aurreikusitako jakinarazpena egin dadin kutsadura atmosferikoaren arloan. Ondorio horietarako, foru agindu honen 7.2.i) artikuluan adierazitako informazioa jaso beharko da.

3. ATALA

Xedapen orokorrak

28. artikulua. Obretarako lizentzia ematea jarduera-lizentzia ematen den bitartean.

Foru agindu honen II. eranskinean jasota ez dauden erregelamenduaren 4D eranskinean bildutako jarduerentzat, obretarako lizentziak ematen ahalko dira jarduera-lizentzia tramitatu bitartean. Kasu horietan, obrak gauzatzea titularraren erantzukizuna da, ez beste inorena, eta horrexek ez du baldintzatuko jarduera-lizentzia ematea edo ukatzea, ezta Udalak adierazten dituen baldintzetara nahitaez egokitu beharra ere. Ondorio horretarako, udal konposatuek emandako jarduera-lizentziak igorri beharko dizkiete beren kontzejuei bost eguneko epean.

Aurreko horrek ez du galaraziko Merkataritza eta zenbait zerbitzu liberalizatzeko premiazko neurrei buruzko abenduaren 26ko 12/2012 Legean xedatutakoa.

29. artikulua. Jarduera sailkatuaren lizentzia iraungitzea.

1. Bi urte iraganda jarduera sailkatuaren lizentzia eman zenetik proiektua gauzatzen hasi gabe, edo hiru urte iraganda hura bukatu eta jarduera garatzen hasi gabe, lizentzia iraungitzat joko da eta ez du ondoriorik izanen. Dena dela, behar bezala justifikatutako arrazoietan oinarrituta, epe horiek urtebetez handitzeko eskatzen ahalko du titularrak, eta Udalak eskaera onartzen duen ebazpen espresa eman beharko du.

2. Jarduera sailkatuaren udal lizentzia iraungitzeko, Udalaren adierazpen espresa beharko da, titularrari entzutea ematen dion espediente administratiboaren ondotik.

30. artikulua. Jarduera-lizentziaren funtsezko aldaketa.

Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzen duen erregelamenduaren 4 A, 4 B, 4 C, 4 D edo 5. eranskinetan ezarritako atalasetako bat berez gainditzen duten aldaketak instalazioan egitea jarduera-lizentziaren funtsezko aldaketa da.

31. artikulua. Jarduera-lizentzia ofizioz aldatzeko prozedura.

Udalak erabakita hasten da udal lizentzia ofizioz aldatzeko prozedura, eta hartan aldaketarako arrazoiak eta aldatu gogo diren baldintzak zehaztu beharko dira, baita hura ezartzeko epea ere, zentzuzkoa izan beharko baitu. Ingurumen arloko departamentu eskudunak prozedura hasteko eskatzen ahalko du, aldez aurretik haren txosten loteslea behar duten jarduera sailkatuen kasuan.

III. KAPITULUA

Jarduera sailkatuaren lizentzia
behar duten instalazioen jarduera hastea

32. artikulua. Jardueraren hasiera.

1. Udalaren irekitze lizentziarako tramiteak, Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzen duen erregelamenduaren 82. artikuluan eta hurrengoetan aurreikusitakoak, egin beharrean, jarduera sailkatua martxan jarri izanaren erantzukizuneko aitorpena aurkezten ahalko da.

2. Proiektuaren titularrak edo sustatzaileak jarduera sailkatua hasi aurretik aurkeztuko du Udalean erantzukizuneko aitorpena, eta bertan, bera erantzule dela, enpresa edo lanbide jarduera hasteko araudi indardunean ezarritako baldintza guztiak betetzen dituela adieraziko du; orobat, hura frogatzen duen dokumentazioa duela eta konpromisoa hartzen duela araudia betetzeko haren indarraldian.

Aitorpenari ziurtagiri bat erantsiko zaio, non frogatuko baita instalazioa onetsitako proiektuari egokitzen zaiola; orobat, instalazioaren behin betiko planoak, baita baimenean ezarritako neurri zuzentzaileak abian jarri izanaren gaineko ziurtagiria ere, eta, halaber, egindako neurketak eta egiaztapen praktikoak.

Teknikari eskudun batek eman beharko ditu ziurtagiri horiek eta, zein den kasua, dagokion lanbide elkargoak behar bezala ikus-onetsi.

3. Aipatu erantzukizuneko aitorpena aurkeztuta, jarduera garatzeko irekitze-lizentzia eskuratuko da.

33. artikulua. Jardueran aritzeko baldintzak.

1. Energia elektrikoaren hornidurari lotu edo hura handitzeko baimena, erregai likidoak edo gaseosoak erabiltzekoa, edateko uraz hornitzekoa eta jardueran aritzeko gainerako nahitaezko baimenak emateko eskaerari foru agindu honetan jasotako erantzukizuneko aitorpena gehitu beharko zaio baldintza gisa.

2. Salbuespen gisa, gas, elektrizitate eta ur zerbitzuak eskuratzeko behin-behineko baimenak ematen ahalko zaizkie hala eskatzen duten instalazioei edo jarduerei, neurri zuzentzaileak abian jartzeko probak egin ditzaten.

3. Behin-behinekoz lotzeko baimenak espres adieraziko du noiz arteko indarraldia, jardueraren inguruabarrak eta izaera kontuan hartuta, baina epe hori iraganik erantzukizuneko aitorpena aurkeztu gabe eta irekitzeko baimena eskuratu eta egiaztatuta dela, hornidura besterik gabe moztuko da.

4. Udalak erantzukizuneko aitorpena aurkeztu izanaren berri emanen die interesdunei eta txostena emana duten organo administratiboei.

5. Osorik gauzatu gabe dauden baimendutako proiektuak hein batean hasten ahalko dira; betiere, gauzatutako proiektu zatiari dagozkion neurri zuzentzaileak eta gainerako baldintzak betetzen badituzte.

6. Jabetza eskubidea salbu dela eta hirugarrenak kaltetu gabe hasten ahalko da jarduera; hortaz, titularrak ez dira salbuetsiko beren jardueretan dituzten erantzukizun zibil edo penaletatik.

7. Jardueraren eskualdaketaren berri eman beharko zaio Udalari hamabost eguneko epean, jardueraren subjektu titularra eta horren ondoriozko erantzukizunak zehaztearren.

IV. TITULUA

Ingurumen arloko esku-hartzea behar duten jardueren ikuskapena.

34. artikulua. Ikuskapenak.

Lehen ingurumen baimen integratua edo, funtsezko aldaketa egin izanagatik, beste bat eskuratzen duen instalazio baten funtzionamenduaren lehen sei hilabetean, agintari eskudunak ikuskatze bisita egin beharko du, Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko erregelamendua onesten duen abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren III. kapituluan ezarritako aginduen arabera.

Lehen xedapen gehigarria.–Kutsadura atmosferikoaren arloko baimena, jarduera sailkatuaren lizentzia duten instalazioen kasuan.

Airea kutsa dezaketen jardueren katalogoko (CAPCA-2010) A edo B taldeko jardueraren bat garatzen duten instalazioei, jarduera sailkatuaren lizentzia eman aurreko txosten tekniko gisa, ingurumen arloko departamentu eskudunak emandako ebazpena, kutsadura atmosferikoaren arloan, Airea kutsa dezaketen jardueren katalogoa eguneratzen duen urtarrilaren 28ko 100/2011 Errege Dekretuaren 5. artikuluan eta Airearen Kalitateari eta Atmosfera Babesteari buruzko azaroaren 15eko 34/2007 Legearen 13.2 artikuluan aurreikusitako jakinarazpenaren parekoa da eta horren ondorioak izanen ditu.

Bigarren xedapen gehigarria.–Kutsadura atmosferikoaren arloko jakinarazpena, jarduera sailkatuaren lizentzia duten instalazioen kasuan.

Airea kutsa dezaketen jardueren katalogoko (CAPCA-2010) C taldeko jardueraren bat garatzen duten instalazioek jarduera sailkatuaren udal lizentzia eskuratzeko egina duten eskaera, kutsadura atmosferikoaren arloan, Airea kutsa dezaketen jardueren katalogoa eguneratzen duen urtarrilaren 28ko 100/2011 Errege Dekretuaren 5. artikuluan eta Airearen Kalitateari eta Atmosfera Babesteari buruzko azaroaren 15eko 34/2007 Legearen 13.3 artikuluan aurreikusitako jakinarazpenaren parekoa da.

Lehen xedapen iragankorra.–Lortuta dauden ingurumen baimen integratuetarako irekitze-baimenen tramitazioa.

Irekitze-baimena eskuratzeko zain dauden ingurumen baimen integratu baten titularrek hura emandakotzat jotzen ahalko dute foru agindu honen 16. artikuluan aurreikusitako erantzukizuneko aitorpena ingurumen arloko departamentu eskudunean aurkeztu ondoren.

Bigarren xedapen iragankorra.–Irekitze-lizentzien tramitazioa, jarduera sailkatuaren udal lizentzia lortua duten jarduerentzat.

Irekitze-lizentzia eskuratzeko zain dauden jarduera sailkatuaren lizentzia baten titularrek hura emandakotzat jotzen ahalko dute foru agindu honen 32. artikuluan aurreikusitako erantzukizuneko aitorpena Udalean aurkeztu ondoren.

Hirugarren xedapen iragankorra.–Foru agindu honen II. eranskineko jarduerei aplikatzen ahal zaien araubidea.

Foru agindu honen II. eranskineko jardueren baterako jarduera sailkaturen lizentzia tramitatzen ari diren sustatzaileek hura emandakotzat jotzen ahalko dute foru agindu honen 27.2 artikuluan aipatzen den erantzukizuneko aitorpena Udalean aurkeztu ondoren.

Laugarren xedapen iragankorra.–Jarraipen batzordea.

Ebaluatzearren, foru agindu honetan administrazioa azkartzeko eta prozedura errazteko ezarritako neurriei jarraipena egitearren, eta hobetzeko proposamenak egitearren, Jarraipen Batzorde bat eratuko da, osasun, babes zibil eta ingurumen arloko departamentu eskudunetako ordezkariek eta Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioko ordezkari batek osatua.

Interesa duten lanbide elkargoek Jarraipen Batzorde horretan parte hartzen ahalko dute eta, horretarako, beren ordezkaria izendatuko dute.

II. eranskina

Erantzukizuneko aitorpena behar duten jarduera eta instalazioak.

A) Gauzen eta materialen biltegiak, haien azalera eraikia 1000 m²-koa edo txikiagoa denean.

B) Merkataritzako saltokiak, Merkataritza eta zenbait zerbitzu liberalizatzeko premiazko neurriei buruzko abenduaren 26ko 12/2012 Legean aurreikusitako kasuetan.

C) Eraikinetan kokatuta dauden zerbitzuetako establezimendu hauek:

–Administrazio jarduerak, haien azalera eraikia 2.000 m²-koa edo txikiagoa denean.

–Irakaslana, haren azalera eraikia 1.000 m²-koa edo txikiagoa denean.

–Kultur eta erlijio jarduerak, haien azalera eraikia 500 m²-koa edo txikiagoa denean.

–Aurrekoen pareko ez diren zerbitzu orokorretako beste jarduera batzuk, haien azalera eraikia 1.000 m²-koa edo txikiagoa denean.

D) Egoitza establezimendu publikoak, jostatzeko zerbitzurik edo ikuskizun publikorik ez badute, haien azalera eraikia 500 m²-koa edo txikiagoa denean, kanpinak izan ezik.

E) Konponketa tailerrak, haien azalera eraikia 1.000 m²-koa edo txikiagoa denean; betiere, ez dira bizitegiaren erabilera duten eraikinetan kokatuko.

Erregelamendu honen aplikazio eremutik kanpo daude ondoren aipatzen diren lan osagarrietako tailerrak edo antzeko beste batzuk; betiere, beheko solairuan edo sotoan kokatuta badaude, haien potentzia mekaniko instalatua 5 Kw artekoa bada edo/eta haien azalera erabilgarria 200 m²-koa edo txikiagoa bada:

a) Eraikuntzako lan osagarrietako tailerrak, igeltserotza, beirategi, elektrizitate, iturgintza, berokuntza eta aire egokitukoak.

b) Erlojuen tailerrak, urregintza, zilargintza, bitxigintza, bisuteria, optika, ortopedia eta protesikoak.

c) Jantzigintzako tailerrak, jostundegiak, larrudendak, puntuzko arropakoak, kapela-dendak eta uhal-dendak.

d) Etxeko tresna elektrikoak konpontzeko tailerrak, irrati-telefoniakoak, telebistakoak, bulegoko makineriakoak eta josteko makinetakoak.

F) Antenak eta irrati-elektronikako jabari publikoa erabiltzen duten instalazioak eta azpiegiturak, telekomunikazioen arloko oinarrizko araudiaren aplikazio eremuan sartuak.

III. eranskina

Jendearen osasunarentzat arriskutsuak diren jarduerak, Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuaren nahitaezko txosten loteslea behar dutenak

Jendearen osasunarentzat arriskutsuak diren jarduerak, Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuaren nahitaezko txosten loteslea behar dutenak.

–Produktu biozidak biltegian altxatu, banatu edo/aplikatzeko instalazioak, salbu horrelako jarduerak jende orok erabiltzeko baimendutako biozidekin bakarrik egiten dituztenak.

–Turistei ostatu emateko jarduerak (hotelak, turismoko kanpalekuak, landetxeak, aterpetxeak eta antzeko beste batzuk).

–Ura jostatzeko erabiltzen duten jarduerak.

–Hilerriak.

–Barnetegia duten osasun zentroak eta egoitza diren zentro soziosanitarioak.

–Giza kontsumorako ura, hornidura publikoko sare batetik ez datorrena, duten jarduerak.

–Legionella kutsatzeko arriskutsutzat jotzen diren jarduerak, legionelosiaren arloko legeria indardunaren arabera:

  • Hozte-dorreak eta lurrun-kondentsadoreak.
  • Ur girotuko sistemak, agitazio konstantea eta birzirkulazioa dituztenak abiadura handiko zurrusten edo aire injekzioaren bidez.
  • Hezetasuna eragiten duten zentral industrialak.
  • Uztailaren 4ko 865/2003 Errege Dekretuaren aplikazio eremuan sartzen diren instalazio arriskutsuak, barnetegia duten osasun zentroetan eta egoitza diren zentro soziosanitarioetan daudenak.

–Ur araztua (ur berritua) edo/eta ur birziklatua erabiltzen duten jarduerak.

–Osasun arlotik kanpoko establezimenduak, tatuajea edo piercinga egiten dutenak.

Iragarkiaren kodea: F1500322