Iragarkia
26. ALDIZKARIA - 2015eko otsailaren 9a
2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK
EGUESIBAR
Eguesibarren larrialdi sozialean dauden pertsonei eta/edo
familiei 2015ean diru-laguntza zuzenak eta gauzazko
laguntzak emateko oinarri arautzaileak
Ondoko honen bidez, aditzera ematen da Eguesibarko Udalak, 2015eko urtarrilaren 8an egin bilkuran, larrialdi sozialean dauden pertsonei eta/edo familiei 2015ean diru-laguntza zuzenak eta gauzazko laguntzak emateko oinarri arautzaileak onetsi zituela. Hona hemen haien edukia:
EGUESIBARREN LARRIALDI SOZIALEAN DAUDEN PERTSONEI ETA/EDO FAMILIEI 2015EAN DIRU-LAGUNTZA ZUZENAK ETA GAUZAZKO LAGUNTZAK EMATEKO OINARRI ARAUTZAILEAK
2015. urtea
1.–Kontzeptua.
Laguntza bereziak larrialdi egoerei aurre egiteko eta/edo diru-sarrerak lortzeko pertsonei edo familiei ematen zaizkien prestazioak dira, horrela funtsezko beharrei erantzun ahal izateko eta gizarte bazterketako egoerak saihestu edo arindu ahal izateko.
Laguntza bereziak xededunak eta enbargaezinak dira, eta zertarako eman diren, horrexetarako soilik erabiliko dira.
I. KAPITULUA
Diru-laguntzak
2.–Familiendako diru-laguntzen helburua.
Laguntza hauen bidez ekonomikoki laguntzeko tresnak sortu nahi dira, Oinarrizko Gizarte Zerbitzuko Gizarte Lan profesionalaren osagarri, Eguesibarren bizi diren familientzat, betiere, ekonomiaren eta/edo gizarte eta osasunaren arloetan premia egiaztatuak izanik, gizarteratzeko oinarrizko beharrei aurre egiteko zailtasun handiak badituzte.
Laguntza hauen bidez krisi egoeretan esku hartzen ahal da, inguruabar horiek okerragora egin ez dezaten edo kroniko bilaka ez daitezen.
Diru-laguntza hauek eskatzen dituzten familiak horietaz baliatzen ahal dira urte natural batez, aurrekontuan horretarako kontsignaziorik dagoen bitartean. 2015ean, urteko lanbide arteko gutxieneko soldataren %45 halako sei izanen da gehienez.
3.–Laguntzen xedea eta helburuak.
3.1. Xedea.
Udalak, erantzukizun sozialez jokatuz, berariazko tresna bat sortu nahi du beharra dutenei eta beren kabuz baliatzeko gaitasun gutxi dutenei laguntzeko, gainerako gizarte laguntzei modu osagarrian aplikatuz.
3.2. Helburuak:
–Egoera desberdinen ondorioz diruaren, lanaren, osasunaren, gizartearen, kulturaren eta abarren arloetan zailtasunak edo arazoak dituzten pertsonen edo familien oinarrizko premien betetzea bermatu nahi da, egoera horiek gizarte bazterketa ekartzen baitute.
–Gutxiengoetako edo kultur talde desberdinduetako pertsonak edo familiak gizarteratzen laguntzea.
–Bazterketa egoeran eta/edo gatazkan dauden familietako adingabeen eskolaratzea eta gizarteratzea erraztea.
–Beregaintasunaren aldetik zailtasunak dituzten pertsonak beren etxeetan gelditu ahal izatea bermatzea.
–Oinarrizko Gizarte Zerbitzuak gizarteratzeko taxuturiko prozesuetan jarduteko baliabide profesionala eta sostengua izatea.
4.–Diruz lagun daitezkeen kontzeptuak, bateragarritasuna eta gehieneko zenbatekoak.
Ondotik zehazten diren arloetan sartzen dira diru-laguntza jaso dezaketen kontzeptuak:
4.1. Ohiko etxebizitzaren mantentzearekin ikusteko dutenak.
4.1.1. Errentamendu zorrak.
4.1.2. Alor hauetako zor orokorrak: komunitatea, ura, argia, gasa, saneamendua, kontribuzioa.
4.1.3. Zorrak, ohiko etxebizitza eskuratzeko maileguen amortizazioengatik eta interesengatik.
4.1.4. Eskrituren, erregistroko idatzoharraren eta etxebizitzako zerbitzu hornidura kontratatzeko altaren ondoriozko gastuak.
4.1.5. Utzarazpenaren ondoren etxebizitza aldatzearen ondoriozko gastuak, batetik bestera igarotzea errazteko. Fidantza kontzeptua hartuko da kontuan, eta 2 hilabeteko alokairua gehienez.
Zor mota hauek ordaintzera bideratutako laguntzak gehienez ere urte bateko 4 hileko ordaintzeko izanen dira.
4.2. Oinarrizko premiak asetzeko diru faltarekin ikusteko dutenak.
4.2.1. Bestelako bizitokien aukera (larrialdi egoerak berarekin dakarrenean ohiko etxebizitzatik berehala irtetea, utzarazpena, edo larrialdi egoeran helbide ezagunik ez duenean)...: apopilo etxe, hostal eta gela partekatuen ordainketa.
4.2.2. Mantenu gastuak (familia unitateko kideen eguneroko jateko egokiak, higiene produktuak...). Urteko prestazioa gehienez ere sei hilabetekoa (elkarren segidakoak ala ez) izatera joko da.
BIZIKIDETASUN UNITATEA | EURO HILEAN |
Pertsona bat | 203 |
Bi pertsona | 250 |
Hiru pertsona | 294 |
Lau pertsona edo gehiago | 344 |
4.3. Hezkuntzarekin ikusteko duten laguntzak.
Gizarte zerbitzuetako taldeak baloratuko du kontzeptu honengatik laguntzarik eman behar ote zaien honelako egoeretan dauden familiei:
–Eskolatzeko adinean dauden adingabeak dauzkatenak.
–Gizartearen eta familiaren sostengurik ez dutenak, egoerari edo arazoei buru eman ahal izateko.
–Beharrezkotzat jotzea normalizazioa eta sozializazioa erraztea esparru ez arautuan.
–Egokitzat jotzea eskolako esparrutik kanpo prestakuntza osagarria ematea.
–Oinarri hauetako baremo ekonomikoaren barnean daudenak.
–Nafarroako Gobernuan prestazio hauek, enpresetako gizarte onurak edo beste batzuk eskatu dituztenak.
Eskatutako kontzeptuaren zenbatekoaren %90 arteko laguntzak emanen dira. Jantokiko kostuetan, tarifa publikoaren kostuaren %90 arteko estaldura aurreikusten da.
4.3.1. Eskolako materialerako eta ekipamendurako laguntzei dagokienez, gehienez ere kopuru hauek izanen dira urtean:
–Eskolako materiala:
- Haur hezkuntza: 50 euro.
- Lehen hezkuntza: 60 euro.
- Bigarren hezkuntza: 45 euro.
–Arropa/ekipamendua:
- Haur eta Lehen Hezkuntza: 60 euro.
- Bigarren hezkuntza: 70 euro.
Liburuak eta liburuxkak: derrigorrezko eskolatzeko etapetarako, kostuaren %90eraino. Eskaeren balorazioa egitean kontuan izanen dira kontzeptu horiengatik eskatzen diren bekak.
4.3.2. Laguntzak eskolako nahiz eskolaz kanpoko jardueretarako.
Laguntza hauek emanen dira dagokion teknikariak beharrezkotzat jotzen duenean ikaslearen parte-hartzea, berarekin gauzatzen ari diren planaren parte gisa.
–Eskolako indartze jarduerak.
–Kirol eta/edo arte jarduerak.
–Josteta jarduerak eta aisialdi osasungarrikoak.
Lehentasuna emanen zaio beti Eguesibarko Udaleko alorrek programatutako jardueretan parte hartzea sustatzeari.
4.4. Osasunarekin ikusteko duten laguntzak.
Gizartearen eta osasunaren ikuspuntutik arazoren bat duten pertsonak gizarteratzeari eta normalizatzeari on egiten dioten laguntzak jasoko dira, arazo horrek lanean nahiz gizartean aitzina egitea nekezago bihurtzen badu, horren kostua Nafarroako Gobernuak edo beste batek bere gain hartzen ez duenean.
Laguntza hauetan sartzen diren kontzeptuak:
4.4.1. Betaurrekoak, gorren entzungailuak, gai ortopedikoak.
4.4.2. Aho-hortzetako konponketak.
4.4.3. Bestelakoak.
4.5. Gizarte prebentzioarekin eta sustapenarekin ikusteko dutenak.
Isolamendu egoerei eta gizartean bazterturik gelditzeko arriskua dutenei aurrea hartzeko laguntzak izanen dira, ibarrean egiten diren kultur eta kirol jardueretan eta antzekoetan parte hartzeko diru-laguntza emanez, betiere udal jardueretan parte hartzea lehentasunezkoa izanik. Diruz laguntzekoa den jardueraren kostuaren %90 arteko laguntza emanen da.
4.6. Lana, familia eta gizarte bizitza bateratzeko laguntzak.
Irizpide orokor gisa, pertsona heldu tutorearen lan jardueraren hasierako lehen hiru hilabeteak hartuko dira kontuan.
Laneko eta familiako eginkizunak bateratzea bada laguntzaren helburua, osorik edo hein batean lotuko du onuraduna itzultzeko konpromisoa hartzera, lanaren ondoriozko diru-sarrerak lortzen dituenean.
Laguntza hauetan sartzen diren kontzeptuak:
4.6.1. Haurtzaindegi pribatuak ordaintzea.
4.6.2. Adingabeen zaindariari ordaintzea.
4.6.3. Beste bateratze zerbitzu batzuk erabiltzeko laguntzak.
4.6.4. Udalaren Haur Eskoletan, jantokirako soilik erabiliko da laguntza.
4.7. Aurreko ataletan jaso gabeko beste egoera batzuk.
Baloratuko da zenbateraino diren salbuespena eta familia unitate eskatzaileari ekartzen ahal dizkioten kalteak konponezinak ote diren.
–Gehieneko zenbatekoak:
- Familia unitateak urtean, guztira, izan ditzakeen laguntzen gehieneko zenbatekoak ez du gaindituko urteko LGSaren %45 sei hilabeteko epean.
–Bateragarritasuna:
- Kontzeptuak bateragarri eta osagarritzat jotzen dira, betiere horien baturak ez badu urteko gehienekoa gainditzen eta oinarrietan ezarritako baldintzak betetzen badira.
5.–Onuradunak, baldintzak, betebeharrak eta baldintzak frogatzeko modua.
5.1. Onuradunak.
Gizartean bazterturik edo horrela gertatzeko arriskuan dauden pertsonek eta/edo familia unitateek jaso ditzakete laguntza hauek. Baremo ekonomikoa ez da Udalaren prestazio ekonomikoak jasotzeko baldintza bakarra. Horren aitzinetik kontuan hartuko dira bestelako irizpide teknikoak, prebentzioa, egokitasuna, presa edo gisakoak, Oinarrizko Gizarte Zerbitzuko teknikariek ezarriko dituztenak.
5.2. Baldintzak.
5.2.1. Eguesibarren erroldatuta daudela frogatzea.
5.2.2. Eguesibarko Udaleko Oinarrizko Gizarte Zerbitzuko programaren batean egotea.
5.2.3. Behar adinako baliabide ekonomiko propiorik ez izatea eta gizartearen edo familiaren laguntzaren babesik gabe egotea ezinbestean eta nahi gabe pairatutako ezbeharrari aurre egiteko, hala nola:
–Familiaren etxebizitzatik alde egitea tratu txarrak, banantzeak etab. direla eta.
–Ekonomia egonkorretan aurreikusi gabeko krisi ekonomikoak: banantzeak, gaixotasunak, aparteko gastu justifikatuak.
–Krisi ekonomikoa langabezia luzearen eta bestelako ezegonkortasun ekonomikoen ondorioz, eskaera egiten den unean.
–Beste prestazio batzuek ekarriko luketen aukera, lana etab. itxaron bitarteko tarteak.
–Bestelako egoerak, zehazten zailak.
5.2.4. Edozein zerga betebehar edo bestelako udal betebeharrak eguneratuak izatea, eta Oinarrizko Gizarte Zerbitzuak emandako aurrerakinak itzultzeke ez izatea, itzultze epeak amaitu direnean eta itzuli beharrekoa itzuli ez denean.
Dena dela, eskatzaileak betebehar ekonomikoren bat ordaindu gabe duenean, ordaintzeko epea iragaten delarik, Eguesibarko Udalak eskatutako prestazioa aitor dezake eta, aldi berean edo gero, kredituak konpentsatzeko espedientea hasi. Aitortutako prestazioaren zenbatekoa betebehar haien ordainketari egotziko zaio. Onuradunak zenbait betebehar baditu ordaindu gabe, handitik txikirako ordenan eginen da konpentsazioa, prestazioaren zenbatekoa bukatu arte. Zenbateko hori zorra baino handiagoa bada, konpentsazioaren ondoren, onuradunari ordainduko zaio haren alde gelditzen den kopurua.
5.3. Onuradunen betebeharrak:
5.3.1. Dagokion teknikariarekin hitzartutako helburua betetzea eta jarduerak edo atazak egitea, diru-laguntza hau eskatzea ekarri duen egoera konpon dadin edo egoera hori hobetzeko bitarteko pertsonalak abian jar daitezen. Lehentasunez, kontuan hartzen dira bai gizarteratze erabakietan bai kasuko planetan hartutako erabakiak. Jarduera horiek ez betetzeak berarekin dakar emandako laguntza etetea, baita deuseztatzea ere. Hala denean, erabakiak ez betetzeak berarekin ekar dezake zehapenen araubidea abian jartzea (oinarri arautzaileen 11. puntua).
5.3.2. Organo emaileari frogatzea betebeharrak eta baldintzak betetzen direla; orobat, diru-laguntza emateko edo diru-laguntza jasotzeko arrazoi izan diren jarduerak egin eta helburuak bete direla frogatzea, Eguesibarko Udaleko Oinarrizko Gizarte Zerbitzuan.
5.3.3. Oinarrizko Gizarte Zerbitzuari jakinaraztea gauzatzen ari den esku-hartze sozialarekin loturik lortutako edozein laguntza (ebazpenak ...). Jakin bezain laster emanen da haien berri eta, betiere, jasotako dirua zertan erabili den frogatu baino lehen.
5.3.4. Udalak diru-laguntzen inguruan egiten dituen egiaztapen jarduerei eta finantza kontroleko lanei men egitea.
5.3.5. Jasotako laguntzarekin egindako gastua frogatzea, 8.4 oinarrian ezarritakoari jarraikiz.
5.4. Betebeharrak frogatzeko moduak.
Aipatutako betebeharrak betetzen direla eta debekurik ez dutela frogatzeko, zortzigarren oinarrian aipatzen diren agiriak aurkeztu beharko dira.
Ez da beharrezkoa izanen Udalaren agiritegietan jasota dauden alderdiak agiri bidez frogatzea.
6.–Gehieneko zenbatekoa eskaera bakoitzeko.
Eskaera bakoitzari ematen ahal zaion gehieneko zenbatekoa honela zehaztuko da:
–Familia unitatearen hilabeteko baliabide ekonomikoak (hau da, pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren aitorpenean jasotakoak) eta horien egonkortasuna, nomina bidez frogatuta, eta ondoko datu ekonomikoak: eskaeraren aurreko hiru hilabeteetan familiak izandako diru-sarreren batez bestekoa (aplikatzeko barne irizpide gisa utziko da eta ez da ordenantzan agertuko); pentsioak (erretiroa, baliaezintasuna, mantenua ...); ondasun higigarrien kapitaleko errentak, indarra duen errenta aitorpenean agertzen direnak (aplikatzeko barne irizpide gisa utziko da eta ez da ordenantzan agertuko).
–Laugarren oinarrian kontzeptu bakoitzerako ezarritako gehieneko zenbatekoak.
–Eskatutako zenbatekoa.
Eskatutako kontzeptuagatik diru-laguntza gisa eman daitekeen diru kopuruaren gainean halako ehuneko bat aplikatzearen ondorioa izanen da eman beharreko laguntzaren gehieneko zenbatekoa.
Ehuneko hori lortzeko oinarria izanen da bi hauen arteko zatidura: eskatzailearen eta familia unitateko kideen baliabide ekonomikoak zati familia unitate horren osaera dela-eta legokiokeen gizarteratze errentaren zenbatekoa.
Horri dagokionez eta orokorrean, tarte hauek ezarri dira:
a) Ateratzen den zatidura 1 edo gutxiago baldin bada, aplikatu beharreko ehunekoa %100 izanen da.
b) Zatidura 1 baino gehiago bada eta 2 baino gutxiago, aplikatu beharreko ehunekoa eragiketa honen emaitza izanen da: familia-unitate eskatzailearen kide kopuruari dagokion oinarrizko errenta bider 100 eta zati familia-unitate horren diru-sarrerak.
c) Zatidura 2 baino gehiago bada, laguntza ukatuko da.
7.–Diru-laguntzaren zenbateko egiazkoa.
Familia unitateak urtean, guztira, izan ditzakeen laguntzen egiazko zenbatekoak ez du gaindituko urteko LGSaren %45 halako sei.
Kasu partikular bakoitzean aplikatzen ahal den gehieneko zenbatekoa hauen arabera aldatzen ahalko da:
–Aurrekontuetan dagoen dirua.
–Sortutako premiari dagokionez Oinarrizko Gizarte Zerbitzuek egiten duten balorazioa, bazterketa egoeran dauden pertsonak gizarteratzen laguntzeko duen garrantzia edo haren lehentasuna.
–Zehazten zailak diren larritasun handiko egoerei erantzutea, haurren babesaren, biziraupeneko egoerak eta antzekoak direnean.
8.–Prozedura.
8.1. Eskaerak. Agiriak.
Laguntza hauek eskatzeko, udaletxean aurkeztu beharko da eskabidea.
Aldizkako laguntzen eguneratzeak izan ezik, gizarte zerbitzuko gizarte langileek eskaturik kudeatuko da laguntza, izan ere, taldeak egiten duen esku-hartze teknikoaren barnean kokatzen baitira laguntza horiek, laneko oinarrizko tresna gisa. Horregatik, aipatu profesionalekin banan-banan egiten diren elkarrizketen barnean eginen dira eskaerak.
Eskabidearekin batera ondoko agiriak aurkeztuko dira:
–Eskatzailearen eta familia unitateko gainerako kideen nortasuna frogatzen duen agiriaren fotokopia.
–Familia Liburuaren fotokopia.
–Familia unitatearen urte bereko diru-sarreren frogagiria edo, halakorik ez bada, horren gaineko zinpeko aitorpena. Lehentasunez frogatuko da familia unitateak eskaeraren aurreko hiru hilabeteetan izan duen egoera ekonomikoa.
–Laguntza zer premia oinarrizko eta presakorako eskatzen den, horri loturiko aurrekontuak edo zorraren ziurtagiria.
–Laguntzaren eskaera zehatzerako beharrezkotzat jo litezkeen bestelako agiriak, aitzineko ataletan jaso ez direnak.
–Eguesibarko Udalak erroldari eta bizikidetzari buruz emandako ziurtagiria.
–Errenta aitorpen indarduna.
–Gizarte Zerbitzuko profesionalen iritziz laguntzak baloratzeko beharrezkoak diren agiriak.
Agiri horiek udal erregistroetan aurkeztuko dira.
Aldez aurretik eskatutako laguntza bat berritu edo eguneratu behar denean, buruz buruko elkarrizketa ez da beharrezkoa izanen, arau orokor gisa. Eskaera berri batekin batera aurkeztu beharko dira, soilik, eskaera berria baloratzeko behar-beharrezkoak diren datu eguneratuak:
–Eskaera data berrian eguneratutako datu ekonomikoak.
–Laguntza zer premia oinarrizko eta presakorako eskatzen den, horri loturiko aurrekontuak edo zorraren frogagiria.
–Familiaren egoerari buruzko beste datu batzuk, aurreko eskaerakoak ez direnak (osaera, arazoak etab.)
Dena dela, teknikariek edozein unetan eska dezakete hitzordua familia eskatzailearekin, informazioa biltzeko eta aurkeztutako eskaera eraginkortasun handiagoz aztertzeko.
8.2. Eskaerak non eta noiz aurkeztu.
Eskaerak aurkezteko epea 2015eko abenduaren 31ra artekoa izanen da (hezkuntzako laguntzetarako ezarri epeak izan ezik), baldin eta aurrekontuko kontsignazioari eusten bazaio, organo eskudunak oinarri hauek onetsi eta biharamunetik hasita.
Eskaerak ez baditu betetzen deialdian ezarritako betekizunak, interesdunari eskatuko zaio gehienez ere hamar eguneko epe luzaezinean zuzen dezala, eta ohartaraziko zaio hala egin ezean eskaera bertan behera utzi duela ulertuko dela. Betiere aitzinetik ebazpena emanen da, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legearen 71. artikuluak aurreikusiarekin bat.
Zuzeneko diru sariak jaso ahal izateko, Gizarte Laneko profesionalek ezagutu eta baloratu behar dute kasua, eta hemen azaltzen diren kasuen artean sailkatu. Eguesibarko Udaleko Oinarrizko Gizarte Zerbitzuan eskatuko dira.
8.3. Balorazioa, ebazpena, ebazpen epeak eta diru-laguntza ematea.
Alkatetzaren ebazpenaren bidez emanen da diru-laguntza.
Ebazpenak administrazio bidea bukatuko du, eta Udaleko Oinarrizko Gizarte Zerbitzuko talde teknikoak egindako esleipen proposamenaren ondoren emanen da, eta bertan agertuko da zerrendaturik diru-laguntza zein eskatzaileri ematea proposatzen den, ebaluazioa eta hura egiteko balorazioa zein diren zehaztuta.
Laguntza onartzeko ebazpenean honako hauek adieraziko dira: onartutako laguntzaren zenbatekoa eta eskatutako zenbatekoaren aldean egiten duen ehunekoa, salbu eta eskatua diru-laguntzan gehienez ere ematen ahal den zenbatekoa baino gehiago bada, orduan ehunekoa dagokion gehienekoaren aldean ezarriko baita; orobat adieraziko dira laguntza ordaintzeko bidea eta gero etor daitezkeen aldaketak aurkezten diren frogagirien arabera.
Horretarako legezko epeetan ebazpenik eta jakinarazpenik ez egoteak isiltasun administratibo negatiboaren ondorioak sortuko ditu. Interesdunak bere eskaera ezetsi dela uler dezake, Administrazioak beti ebatzi eta jakinarazi behar duela ukatu gabe.
Diru-laguntzen gehieneko zenbatekoak ez du inolaz ere gaindituko ekitaldi bakoitzeko aurrekontuetan ezarritako zenbatekoa.
Diru-laguntza ez da inolaz ere izanen diru-laguntzaren xede diren gastuak baino handiagoa. Aurreratutako zenbatekoak gastuak baino handiagoak balira, pertsona onuradunak horren gainetik jasotako zenbatekoa itzuli beharko luke.
8.4. Ordainketak eta gastua frogatzea.
Aldeko ebazpena emanik, gehienez ere 15 eguneko epean ordainduko da laguntza, laguntzen berehalakotasuna kontuan harturik. Laguntza eskaeraren egunetik hasita zenbatuko da epea.
Fakturek edo gastuen frogagiriek pertsona fisiko edo juridiko igorlearen oinarrizko datuak jaso beharko dituzte, horretan barne direla identifikazio fiskaleko zenbakia (IFZ) edo nortasun agiri nazionalaren zenbakia (NAN), gastuen kontzeptuak zehazturik, eta horiei dagokien zenbatekoa, Balio Erantsiaren gaineko Zergari dagokion atala barne, halakorik bada. Orobat, pertsona fisiko edo juridiko igorlearen hartze-agiriko zigilua eta sinadura jaso beharko dituzte fakturek edo frogagiriek. Udalaren erregistroan aurkeztu beharko dira, nahitaez.
Onartutako laguntza berezien ordainketa dena batera edo zatika egin daiteke. Orokorrean, laguntzaren hartzailea eskatzailea bera izanen da.
Hemen ezarritako ulertzen da zorrak konpentsatzeko xedatutakoa ukatu gabe.
9.–Entitate laguntzaileak.
Laguntza behar bezala erabiltzen dela bermatzeko, aukera izanen da, salbuespenez, laguntzaren zenbatekoa entitate laguntzaileei ordaintzeko, laguntza hobeki erabili ahal izateko.
Entitate horien laguntza izateko, onuradunaren baimen espresa behar da, laguntzaren dirua entitatearen kontuan sartu ahal izateko.
Halakoetan, entitateek Udalari frogatu beharko diote beren laguntzaren xede den kontzepturako ordainketa egin dutela.
10.–Laguntza bereziak, itzultzeko konpromisoari lotutako aurrerakina.
Kontzeptua: laguntza bereziko modalitatea, baldintza hau duena: onuradunak laguntza horren zati bat edo guztia itzultzea.
Laguntza modalitate hau kudeatuko da kasuan kasuko profesionalaren irizpideari jarraikiz, hezkuntzako tresna gisa, onuradunen normalizazio sozialaren prozesuan, eta beste diru-sarrera eta/edo laguntza ekonomiko batzuk emateko epeen ondorioak arintzeko neurri gisa.
Prozedura honek xede zehatz bat eduki behar du esku-hartze prozesuan.
Prozedura / Baldintzak:
1. Zenbatekoak.
Beharrezkoa den zenbatekoa izanen da aurkeztutako premiari erantzuteko kuantifikatzen dena. Edonola ere, ordaindu ahal izateko, horretarako egokia den kontsignazioa beharko da aurrekontuan.
2. Urteko aurrerakinen gehienekoa.
Behar adinbat. Horietako bakoitza gauzatzeko, ezinbestekoa da aldez aurreko aurrerakina itzultzea. Aldi berean ez dira bi aurrerakin baino gehiago egonen itzultzeke.
11.–Jasotako laguntzen itzulketa. Diru-laguntzei buruzko lege orokorraren aplikazioa.
11.1. Oinarri hauetan ezartzen diren laguntzak ondorio guztietarako diru-laguntzatzat joko dira, eta haien araubide juridikoa izanen da Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrean ezarritakoa.
11.2. Onuradunei, jarduerei eta lokalei buruz oinarri hauetan ezartzen diren baldintzak bete beharko dira laguntza zenbat denborarako aitortu den bada denbora tarte horretan guztian. Horietako alderdiren bat ez betetzea erabakigarria izanen da laguntzak jasotzeko eskubidea galtzeko eta jasotako laguntzak itzuli behar izateko, dagozkien legezko korrituekin, baldintza horiek betetzeari utzi zaion unetik.
11.3. Laguntzen onuradunak Diru-laguntzei buruzko Lege Orokorraren 14. artikuluan jasotako betebeharrak beteko ditu, bai eta bertan ezarritako gainerako alderdiak ere.
Diru-laguntza emateko ebazpena baliorik gabe uzteko arrazoiak izanen dira, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 36. artikuluan jasotakoak.
11.4. Diru-laguntza deuseztatzeko eta, kasua bada, jasotako zenbatekoak itzultzeko arrazoiak izanen dira honako hauek:
a) Diru-laguntza lortzea horretarako eskatzen diren baldintzak faltsutuz edo hori eragotziko zuketen baldintzak ezkutatuz. Bereziki, kontratuaren simulazioa egitea, haren prezioarena edo laguntzak emateko erabakigarria den edozein baldintzarena.
b) Diru-laguntzaren xede den helburua, jarduera edo proiektua gauzatu gabe uzten denean, osorik nahiz hein batean, edo hartu behar zen jokabidea hartzen ez denean.
c) Diru-laguntzei buruzko Lege Orokorraren 30. artikuluan edo diru-laguntzari buruzko arauetan ezarritako justifikazioa egiten ez bada, edo behar adinako justifikazioa egiten ez bada.
d) Diru-laguntzei buruzko Lege Orokorraren 18. artikuluaren 4. atalean ezarritako zabaltze neurriak ez betetzea.
e) Diru-laguntzei buruzko Lege Orokorraren 14 eta 15. artikuluetan ezarritako egiaztapenak eta finantza-kontrolak saihestea edo haiei uko egin edo trabak eta eragozpenak jartzea, eta kontabilitateari, erregistroari eta agirien kontserbazioari buruzko betebeharrak ez betetzea, baldin eta horren ondorioz ezin bada egiaztatu hartutako dirua zertarako erabili den, helburua lortu ote den, diru-laguntza jaso duten jarduerak benetan eta erregulartasunez egin diren, edo xede bererako beste diru-laguntza, laguntza, diru-sarrera nahiz baliabide batzuk lortu ote diren, Estatuko, Europar Batasuneko edozein administrazio edo erakunde publiko zein pribatutatik edo nazioarteko erakundeetatik.
f) Administrazioak entitate laguntzaileei eta onuradunei ezarritako betebeharrak betetzen ez direlarik, edo horiek diru-laguntza onartzerakoan hartutako konpromisoak betetzen ez dituztelarik, baldin eta konpromiso horiek ikusteko badute diru-laguntzaren xede diren helburuak lortzeko, jarduera egiteko, proiektua gauzatzeko edo jokabidea hartzeko erabili behar den moduarekin.
g) Administrazioak entitate laguntzaileei eta onuradunei ezarritako betebeharrak betetzen ez direlarik, edo horiek diru-laguntza onartzerakoan hartutako konpromisoak betetzen ez dituztelarik, baldin eta horren ondorioz ezin bada egiaztatu hartutako dirua zertarako erabili den, helburua lortu ote den, diru-laguntza jaso duten jarduerak behar adinako maiztasunaz egin diren, edo xede bererako bertze diru-laguntza, laguntza, diru-sarrera nahiz baliabide bateraezin batzuk lortu ote diren Estatuko edo Europar Batasuneko edozein administrazio edo erakunde publiko zein pribatutatik edo nazioarteko erakundeetatik.
h) Europar Batasunaren Itunaren 87. artikulutik 89. artikulura bitarte ezarritakoaren arabera, diru-laguntza itzuli beharra erabakitzea.
k) Diru-laguntzari buruzko arauetan aurreikusitako gainerako kasuetan.
Kasu horietan jasotako zenbatekoak itzuli beharko dira, baita berandutza interesak ordaindu ere, diru-laguntzaren ordainketa egunetik hasita itzuli beharra ezartzen den egunera bitarte.
Diru-laguntzak itzultzeko prozedura arautuko dute Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen VI. tituluan administrazio prozeduren gainean dauden xedapen orokorrek eta Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrean ezarritakoak.
12.–Arau-hausteak eta zehapenak.
Diru-laguntza eta laguntza publikoen alorrean, administrazio arau-hausteak dira honako jokabide hauek, baldin eta doloa, errua edo utzikeria hutsa tartean badaude:
a) Diru-laguntza edo laguntza lortzea, horiek eskuratzeko baldintzetan gezurra esanez edo laguntza hori baztertuko edo mugatuko luketen datuak ezkutatuz.
b) Diru-laguntza zer helburutarako eman zen, dirua xede horietarako ez erabiltzea, baldin eta ez bada, behintzat, dirua itzuli, errekerimendurik egin gabe.
c) Onuradunari egozten ahal zaizkion arrazoiak direla eta, diru-laguntza ematearen ondorioz hartutako betebeharrak ez betetzea.
d) Funts publikoei emandako erabilera ez justifikatzea.
Aipatu portaerak dituzten onuradunak izanen dira arau-hausteen erantzuleak.
Arau-hausteengatik isuna ezarriko da: gaizki lortu, gaizki aplikatu edo justifikatu gabeko zenbatekoa halako hiru, gehienez ere.
Gainera, zehatzeko eskumena duen agintaritzak honako zehapen hauek ezartzen ahalko ditu:
a) Laguntza eman duen administrazioaren diru-laguntza publikoak eskuratzeko aukera galtzea, bost urte arteko epean.
b) Laguntza eman duen administrazioarekin kontratuak egiteko debekua izatea, bost urte arteko epean.
Administrazio espedientearen bidez ezarriko dira zehapenak; eta interesdunari entzunaldia emanen zaio beti, erabakia hartu aitzin; Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legean xedatuaren arabera tramitatuko da espedientea.
Dirua itzultzearen eta zehapenaren erantzule subsidiarioak izanen dira haien jarduera bertan behera utzi duten pertsona juridikoen administratzaileak.
13. Aurrekontua.
Larrialdi sozialeko laguntzen zenbatekoa “Oinarrizko gizarte zerbitzuaren laguntza bereziak” izeneko 311480000 kontu-sailean ezarritako aurrekontu lerroari egotziko zaio.
II. KAPITULUA
Gauzazko laguntzak
14.–Familiei ematen zaizkien gauzazko laguntzen helburua.
Bide arautuak sortzea, oinarrizko ondasunen bidezko banaketa bermatzeko gauzazko dohaintzak iristen direnean erakunde, entitate edo iturri partikular batzuetatik eta Udal funtsetatik hileroko oinarrizko saskiari laguntzeko “Gure etxean ongi jaten dugu” udal proiektuaren barrenean.
Prestazio hauek babesteko tresnak dira, larrialdi sozialeko laguntza ekonomikoen osagarriak, Oinarrizko Gizarte Zerbitzuko Gizarte Lanaren ekintza profesionalaren esparruan.
Horien bidez, krisi egoeretan berehala esku hartzen ahal da, inguruabar horiek okerragora egin ez dezaten.
15.–Gauzazko laguntzak lortzeko irizpideak:
1) Familia unitate eskatzailean adingabeak izatea eta, bereziki, familia ugariak direnean edo bularra hartzen ari diren haurrak daudenean.
2) Familia unitatearen azken hiru hilabeteetako diru-sarrerak aztertu ondoren, “0 eta 1 artean” sartzea, larrialdi sozialeko prestazioetarako udal laguntza bereziak arautzen dituzten oinarrien arabera.
3) Familia unitateak parte hartzea gizarteratzeko eta laguntza integralerako beste prozesu batzuetan, Oinarrizko Gizarte Zerbitzuaren programetatik sustatuak betiere, beharra duten esparruetan normalizatzen laguntzeko.
4) Gizarte Zerbitzuko taldearen balorazio teknikoa izatea, adieraziko duena aipatu baldintzak bete ez arren bidezkotzat jotzen dela, salbuespenez, laguntza hori ematea.
16.–Azterketa egiteko beharrezkoak diren agiriak:
Udalaren laguntza bereziak eskatzeko beharrezkoak diren berberak (8.1 eta 8.2), berezitasun honekin:
1) Hileroko saskiaren banaketan, berariazko eskabidearen fitxa (eredua erantsi da). Europako funtsen banaketan, eskatzen den berariazko fitxa.
2) Beste edozein agiri, eskatzailearen familia unitatearen larrialdi sozioekonomikoa frogatuko duena.
Ofiziozko tramitazio kasuan edo agiriak jada Gizarte Zerbitzuan daudenean, ez da beharrezkoa izanen berriz eskatzea, benetako larritasun egoera ahalik eta gehien eguneratzeko behar diren datuak frogatuko dituztenak izan ezik.
17.–Balorazioa eta esleipena.
Oinarrizko Gizarte Zerbitzuko talde teknikoak zehaztuko du laguntzen ematea, hamabigarren oinarrian aipaturiko irizpideak betetzen direla egiaztatu ondoren. Banatzekoak diren gauzen ezaugarrien arabera eginen dira esleipenak, bai eta Gizarte Zerbitzuak antolaketarako ezartzen dituen irizpideei jarraikiz ere.
18.–Laguntzaren iraupena.
Elikagaiak ez diren produktuen dohaintzak daudenean, dohaintza hori bera banatzeko egiten da balorazioa, eta ez du ematen eskubiderik beste dohaintza batzuk automatikoki jasotzeko aurretiazko baloraziorik gabe.
Hileroko oinarrizko saskiaren laguntza proiektuan, prestazio hau emanen da sei hilabetez, eskabidea egiten den datatik.
Edozein unetan, talde teknikoak ofiziozko eguneratzeak egin ditzake, egoki ikusten badu, laguntza berrikusi, deuseztatu eta aldatzeari dagokionez, banaketa familia eskatzaileen benetako egoeraren arabera moldatzeko eta banaketa justuagoa egiteko.
Ofiziozko berrikustea egiten bada, familiei abisatuko zaie aldaketak egin direla beren egoera dela eta.
19.–Arau-hausteak eta zehapenak.
Diru-laguntza publikoen alorrean, administrazio arau-hausteak dira honako jokabide hauek, baldin eta doloa, errua edo utzikeria hutsa tartean badaude:
a) Laguntza lortzea hura eskuratzeko baldintzetan gezurra erranez edo laguntza hori baztertuko edo mugatuko zuten datuak ezkutatuz.
b) Debekatua dago jasotako elikagaiak edo ondasunak saltzea.
c) Jasotako elikagaiak edo ondasunak elikagaiak hartu dituen pertsonaren familia unitatearentzat dira. Debekatua dago haiek lagatzea edo ematea familia unitatekoak ez diren pertsonei.
Hileroko oinarrizko saskiaren laguntza zerbitzuan automatikoki baja hartu beharko da kasu hauetako batean:
–Garai batean saskia emateko zegoen baldintzaren bat orain ez betetzea.
–Hilabeteko epean Oinarrizko Gizarte Zerbitzuari ez jakinaraztea familia unitatearen egoera ekonomikoan eta/edo elkarbizitzakoan gertatzen den edozein aldaketa.
–Kontsumitu behar ez den produktua botatzea, familia unitate onuradunak kontsumitu ez eta beste erabilera bat egitea (saltzea eta abar).
20.–Aldizkako prestazioak berritzea.
Hileroko oinarrizko saskiaren laguntza:
Laguntza jasotzen 6 hilabeteak iragan ondoren, prestazio hori berritu daiteke. Horretarako, erreferentziazko teknikarien taldeak beste balorazio bat egin beharko du. Zerbitzua berriz hasiko da beste alta eskaera bat tramitatzen denean.
Ez berritzeko irizpide teknikoak:
–Onuradunak aurreko kontzesio garaian hitzartutako akordioak eta konpromisoak, eskabide orrian sinatuak, ez betetzea osoki zein partzialki.
–Aurreko puntuarekin lotutako arau-hausteak egitea.
Sarrigurenen, 2015eko urtarrilaren 19an.–Alkatea, Alfonso Etxeberria Goñi.
HILEROKO OINARRIZKO SASKIAREN LAGUNTZAREN ESKAERA
–Gizarte langilea:
–Norberaren datuak:
GZEISS zenbakia: | |
Eskatzailea: | |
Eskaeraren data: | |
NANa: | |
Harremanetarako telefonoa (sakelakoa): |
–Kontzesio aldia (6 hilabete): noiztik noiz arte
–Familiaren osaera:
- 2 urtetik goitikoen kopurua: .............................................................
- 2 urtetik behitikoen kopurua: ...........................................................
–Oharrak: (zehaztu):
- Alta: .................................................................................................
- Aldaketa: .........................................................................................
–Hitz ematen dut:
- Hilabeteko epean, Oinarrizko Gizarte Zerbitzuari jakinaraziko diodala familia unitatearen egoera ekonomikoan eta/edo elkarbizitzakoan gertatzen den edozein aldaketa.
- Harremanetarako telefonoaren zenbakiaren edozein aldaketa jakinaraziko dudala.
- NANa, AIZa edo pasaportea nirekin dudala joanen naizela elikagaien lotea jasotzera, ezarritako datan eta orduan, edo idatzizko baimena emanen diodala hirugarren bati, hark jaso dezan.
- Kontsumitu behar ez dudan produktua ez dudala botako, ezta familia unitate onuradunak kontsumitu ez eta beste erabilera bat egin ere. Banatzeko garaian, lekua eginen da kontsumitu behar ez den produktua uzteko.
- Erreferentziazko gizarte langilearekin hitzartzea “Gure etxean ongi jaten dugu” proiektuan egiten diren jarduketetan parte hartuko dudala.
–Deklaratzen dut ezagutzen dudala:
- Baja Hileroko oinarrizko saskiaren laguntzan, kasu hauetan:
- Garai batean saskia emateko zegoen baldintzaren bat orain ez betetzea.
- Hilabeteko epean Oinarrizko gizarte zerbitzuari ez jakinaraztea familia unitatearen egoera ekonomikoan eta/edo elkarbizitzakoan gertatzen den edozein aldaketa.
- Kontsumitu behar ez dudan produktua botatzea, familia unitatate onudadunak kontsumitu ez eta beste erabilera bat egitea (saltzea eta abar).
- Zerbitzu hau ez berritzea, oinarrietan bildutako kasuetan.
Sarrigurenen, 201.(e)ko ...............aren .............(e)an
Sinatua: .......................................
Oharra:
Datu Pertsonalak Babesteari buruzko 1999ko abenduaren 13ko Lege Organikoan ezarritakoa betez, esan behar da jasotako datuak (horien xedearen arabera) Eguesibarko Oinarrizko Gizarte Zerbitzuaren titularitateko fitxategi batean sartu ahal izanen direla (Garajonay, 1, Sarriguren). Halaber, baduzu datu horiek eskuratu, aldatu, baliogabetu eta horien kontra egiteko eskubidea. Halako eskubidea gauzatzeko, Eguesibarko Udalaren Erregistro Orokorrera jo dezakezu.
Iragarkiaren kodea: L1500973
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
