2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK
ORKOIEN
Aldaketa, Arkakuso azoka arautzen duen ordenantzan.
Behin betiko onespena
Orkoiengo Udalak, 2015eko urriaren 29an egin osoko bilkuran, aldaketa onetsi zuen hasiera batean Arkakuso azoka arautzen duen ordenantzan. Hura 2014ko 236. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, abenduaren 2an.
Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluari jarraikiz, maiatzaren 31ko 15/2002 Foru Legeak aldatu baitzuen, eta jendaurrean egoteko epea inork alegaziorik aurkeztu gabe iraganik, ordenantza horretan egin aldaketa behin betiko onetsi eta argitaratzeko agindu da, behar diren ondorioak izan ditzan.
Orkoienen, 2015eko urtarrilaren 20an.–Alkatea, Carlos Arróniz Loyola.
ERANSKINA
ORDENANTZA, ARKAKUSO AZOKA ARAUTZEN DUENA
Erregelamendua, Bigarren eskuko gauzen, artisau lanen, antzinako gauzen eta trukekoen “Arkakuso azoka” arautzen duena
Sarrera
Gure herrian gauzen azoka egiteko proiektua, helburu hauei begira:
a) Herriari artisautzaren, izaera saiatuaren eta manufaktura egilearen inguruko eitea ematea, baita bigarren eskuko gauzak saltzearen eta trukearen ingurukoa ere. Hori ongi erakutsi zen Orkoiengo 2013ko Festetako Azokan, halakoak antolatzen dituzten beste herri batzuetako sistemak oinarri harturik. Era berean, “Arkakuso” azokaren barrenean, haurren eta familien arteko trukea egin nahi da zenbait produktu eskainiz, hala nola kromoak, estanpak etab.
b) Herria orain baino jende gehiagok bisitatzea lortu nahi da, gure herriko ingurune tipiko batez gozatzeko aukera emanez.
c) Herritarren arteko bizikidetza eremu bat eduki nahi da, non trukea, bildumazaletasuna eta antzinako gauzen, artisau lanen eta bigarren eskuko gauzen erakusketa iraunkorra pertsonen arteko harreman onaren jatorri izan daitezen.
Legeak txikizkako merkataritza jardueratzat jotzen du produktuak eskuratu eta ondoren kontsumitzaileei saltzeko jarduera profesionala, baina ez da hori gure merkataritzaren jatorria; beraz, ez da arau horri loturik egonen.
Kalez Kaleko Merkataritzari buruzko Legeak udalen eskumenaren mende uzten du legeak arautzen ez duen kalez kaleko merkataritza arautzea. Erregelamendu hau prestatu da, Bigarren eskuko gauzen, artisau lanen, antzinakoen, bildumetako gauzen eta trukekoen “Arkakuso azoka” arautzeko.
1. artikulua. Xedea.
Erregelamendu honen xedea da artisau lanen, antzinako gauzen eta trukekoen “Arkakuso azoka” arautzea.
2. artikulua. Salmahaien eremua eta banaketa.
Azoka Orkoiengo Saramago pasealekuan jarriko da, atari, denda eta lokaletarako pasabideak libre utziz, hala eskatzen badute.
Salmahai bakoitzak 3 metro izanen ditu gehienez, eta baimen iraunkorreko 30 salmahai izaten ahal dira gehienez azoka osoan.
3. artikulua. Ordutegia
Azoka urteko hilabete bakoitzeko bigarren igande guztietan eginen da, eta 10:00etatik 14:00ak arteko baimena izanen du. “Arkakuso azoka” Batzorde Mistoak ahalmena du erakusketa ordu eta egunen aldaketak proposatzeko.
Saltokiak paratzeko ordutegia 09:00etatik 10:00ak arte izanen da, eta 09:00ak baino lehen ezin izanen da zalaparta mugimendurik egin. Desmuntatzeko ordutegia 14:30etik 15:00ak arte izanen da.
Uztailean eta abuztuan ez da azokarik izanen.
4. artikulua. Azokako gauzak.
Legean araututa ez dauden merkataritza jarduerak egin ahalko dira “Arkakuso azokan”, konparaziorako:
–Erabilitako gauzen salmenta.
–Partikularrek prestatutako artisau lanen salmenta.
–Haurren eta familien artean kromoak, estanpak eta abar trukatzea.
Hortaz, kalez kaleko salmentarako araututa eta/edo debekatuta dauden gauzek ez dute tokirik izanen “Arkakuso azokan”.
Salgaiak eta trukagaiak
1. oinarria.–Honako gauza hauek saldu eta trukatu ahalko dira (aldeek hori erabakitzen badute):
–Bigarren eskuko gauzak, konparaziorako: altzari, gauza, lanabes eta apaingarri erabili, birziklatu eta/edo zaharberrituak. Bigarren eskuko arropa eta zapatak.
–Gisa honetako gauzak: argazkiak, pinturak, afixak, jostailuak etab.
–Bildumazaletasuneko gauzak, konparaziorako: filatelia, numismatika, binilozko diskoak, bestetako eta zezenketako afixak, posta txartelak, kromoak, liburuak, aldizkariak, mineralak, komikiak eta zinema programak. Bideojokuen eta PC-rako jokoen bildumazaletasunari dagokionez, arau hauek bete beharko dira: –PC-rako jokoek gutienez ere 12 hilabete izan beharko dituzte deskatalogaturik eta ez dute dendetan eskura egon behar (non denda ez dagoen bigarren eskuko gauzetan eta bildumazaletasunean espezializatua).
Horretaz gainera, Udalari beharrezkoa iruditzen bazaio, salgai jarriko dituen bideojokoen zerrenda eskatuko dio titularrari.
–Eskuzko artesau lanak, konparaziorako: bisuteriakoak, zurezkoak, larruzkoak, kortxozkoak eta gisakoak, betiere saltzaile artisauaren eskulanetik heldu badira.
2. oinarria.–Hauek saltzea berariaz debeku da:
–Armak (haurren jostailuak eta/edo mozorroak salbu, eta horiek jendearendako inolako arriskurik ez sortzeko maneran jarri beharko dira erakusgai).
–Arrazakeriaren, nazismoaren edo terrorismoaren apologia zabaltzen duen sinbologia duten gauzak, edo krimena goresten edo haren egilea txalotzen dutenak.
–Gai pornografikoak.
–Elikagaiak eta mota guztietako edariak.
–Animaliak, nolanahi ere daudela.
–Betaurrekoak (ez berriak ez erabiliak).
Gai berriak, oro har.
3. oinarria.–Nolanahi ere, titularrek erantzukizuna izanen dute salgai jartzen dituzten gaien legezko jatorriaz, eta ez da herriko merkataritzari lehia bidegabea egiten ahal dionik onartuko.
4. oinarria.–Orkoiengo Udalak beretako gordeko du salgai jartzen ahal diren produktuak zehazteko, zabaltzeko edo murrizteko ahalmena, kalitateari, herritarren segurtasunari eta bidezko den beste edozein arrazoiri begiraturik.
Lanpostuak
5. artikulua. Azoka kokatzeko tokia Orkoiengo Saramago pasealekua da, horretarako mugaturiko aldeetan. Hori ukatu gabe ere, Udalak beretako gordeko du behin-behinekoz edo behin betiko tokiz aldatzeko ahalmena, erabilgarritasun publikoko edo interes orokorreko arrazoiek hartaratuz gero; hala egiten bada, ukitutako saltokien titularrek ez dute inolako eskubiderik izanen kalte-ordainak jasotzeko.
6. artikulua. Saltoki finkoak 30 izanen dira gehienez. Gainera 5 saltoki gehigarri daude (izenez, A letratik hasi eta E letrara), egun zehatz batzuetan beteko direnak Udalak horrela erabakitzen duenean. Saltokien kokalekua ordenantza honi eranskin gisa erantsi zaion planoan agertzen da. Gisa berean, Udalak saltoki kopurua handitu edo murriztuko du, inguruabarrek hartaratzen badute.
7. artikulua. Parte hartzaile bakoitzak saltoki bakarra paratuko du eta ezin izanen ditu handitu ez aldatu finkaturiko neurriak (3 metro luze bider 1,5 metro zabal). Altzari zaharrak eta/edo gauza handi-handiak dituenean baizik ez da onartuko titular berak bi saltoki izatea, eta betiere saltoki librerik bada.
8. artikulua. 1. 1,5 metro zabal eta 3 metro luze baino handiagoak ez diren astoak dituzten mahai edo tauletan eginen da jarduera. Salgai jartzen diren produktuak, guxtienez ere lurretik 80 zentimetroko garaieran paratu beharko dira, haien tamainak eta pisuak horretarako bide ematen badute. Parte hartzaileek esleitu zaien lekua baizik ez dute hartu behar, eta etxebizitza eta negozioetarako sarbideak libre gelditu beharko dira betiere. Ez da hiri altzaririk erabiltzen ahalko (bankuak, paperontziak) produktuak erakusgai jartzeko euskarritako.
2. Saltokiak eta haien muntadurak desmuntagarriak izanen dira; debeku da lurrean edozein gauza landatzea zoladurari kalte egiten ahal badio, eta orobat debeku arbola, zutoin, kale-argi, banku, hesi edo eremu honetan dagoen beste edozein muntaduratan lotzea edo finkatzea. Udalak, bidezkoa iruditzen zaionean, agintzen ahalko du forma bereko saltoki eredua azoka osorako; titularrek, orduan, halakoxea paratu beharko dute ematen zaien epean.
9. artikulua. Saltokiak finkoak edo noizean behingoak izaten ahalko dira. Saltoki finkoak dira, behar bezala baimendurik, “Arkakuso” azokan modu iraunkorrean paratzen direnak, baimenak irauten duen hamar igandeetan (hilbatetik 1). Noizean behingoak dira inoiz edo behin paratzen direnak; halakoetan, une bakoitzerako (bi igande gutxienez) Arkakuso azokarako banakako baimena eskatu beharko dute titularrek.
10. artikulua. Saltzeko asmoz erakusgai jartzen diren materialak tamaina handikoak badira, hala nola altzariak edo gisakoak, baimena emanen da Saramago pasealeku barneraino sartzeko, Udalari eskaera egin ondoan, soil-soilik haiekin zamalanetan aritzeko.
Hala egiten bada, Orkoiengo Udalak adieraziko dio nondik sratu.
Gehienez ere, 3.500 kg-ko pisua baimentzen da.
Baimenak eta izena emateko epea
11. artikulua. Azokan, saltoki baten titularra izateko, ordenantza honek eskatzen dituen baldintzak bete beharko dira eta hartan deskribatzen den baimena izan.
Posible izanen da saltokien titularrek laguntzaile bat izatea, baina horretarako saltokia eskatzeko eskabidean horrela inskribatu beharko da eta horretarako baimena jaso.
Ez dute eskabidea aurkeztu beharko haurren/familien arteko trukea egin behar duten adingabeek, baldin eta “Arkakuso” azokan berariazko saltokirik hartzen ez badute.
12. artikulua. Baldintza hauek betetzen dituztenak baizik ez dira baimenen titular izaten ahalko:
Hasierako eta lehentasunezko esleipen-hartzaileak Orkoiengo bizilagun eskatzaileak izanen dira eta, horien ondotik, saltoki hutsik bada,
Orkoiengo bizilagunak ez diren eskatzaileak.
1. Finkoak. Denboraldi osorako eskatzen dira (hamar igande).
1.–Paratzeko eskaera, Orkoiengo Udalean tramitatua.
2.–Erakusgai jarriko diren gauzei buruzko adierazpena.
3.–NANaren eta/edo bizilekuaren ziurtagiriaren fotokopia.
4.–Hala denean, Udal Elkarteen Erregistroko zenbakia.
5.–Adinez nagusiak izatea edo, bertzenaz, lan egiteko adina izatea. (Trukerako haurren gauzak izan ezik).
Baimenek aurtengo urtarrilaren 1etik abenduaren 31ra bitarte izanen dute indarra.
2. Noizean behingoak. Baimen hauek merkatuan halako igande batzuetan paratzeko izanen dira (gutienez ere 2). Ez dute eskubiderik ematen tokia hurrengoetarako erreserbatzeko. Eskabidea eta gainerako agiriak Orkoiengo Udalean aurkeztuko dira, azoka egunaren aurreko ostegunean.
Aurkeztu beharreko agiriak:
1.–Paratzeko eskaera, Orkoiengo Udalean tramitatua.
2.–Erakusgai jarriko diren gauzei buruzko adierazpena.
3.–NANaren eta/edo bizilekuaren ziurtagiriaren fotokopia.
4.–Hala denean, Udal Elkarteen Erregistroko zenbakia.
5.–Adinez nagusia izatea, lanerako adinez nagusi izatea barne (trukerako haur produktuak izan ezik).
13. artikulua. Urtero, izena emateko bertze epe bat irekiko da, abenduko lehen hamabostaldian. Saltokiak izen-ematearen hurrenkerari jarraikiz esleituko dira; titularrak kokalekua hautatzen ahalko du, eskura bat baino gehiago baldin bada.
14. artikulua. Eskatzaileen kopurua saltokiena baino handiagoa bada, erreserba batera pasatuko dira saltokirik lortzen ez dutenak. Titularrak agertzen ez direlako nahiz saltokiari uko egiten diotelako saltoki libreak gelditu ahalean, erreserban gelditu direnak horiek eskuratzen joanen dira, hurrenkera hori jarraikiz:
1. Saltoki finkoak noizean behingoen aurretik egonen dira, izen-ematearen hurrenkeran.
2. Orkoiengo eskatzaileek izanen dute lehentasuna (izena emateko hasierako epean).
15. artikulua. Izena emateko epea bukatuta saltoki librerik gelditzen bada, urtean zehar eskatzen duten interesdunei esleituko zaizkie. Saltokiaren hautapena izen-ematearen hurrenkeraren arabera eginen da.
Eguraldiaren gorabeherak direla eta, saltokien hartzaileek beroa sortzeko elementuak paratu behar badituzte, ez dute hotsik atera beharko (sorgailuak, motorrak etab.) eta ez dute arriskutsuak izan beharko (suak etab.).
16. artikulua. Instalaziorako baimenak pertsonalak eta besterenezinak izanen dira; inor ez da jardueran ariko titular edo laguntzaile baimenduak ez badira. Baimen horrek 10 igandetarako balioa izanen du saltoki finkoetarako. Noizean behingo saltokietan, berriz, saltzaileak zer denboratarako eskatzen duen saltokia, epe horrexetarako balioko du baimenak (inoiz ez 2 egun baino gutxiago ezta 5 egun baino gehiago ere); hura iraganik baimenak ez du baliorik izanen. Baimen horretan datu pertsonalak, salgaien laburpena eta saltokia agertuko dira.
17. artikulua. Saltokira ezin etortzea gertatuz gero, baimenaren titularrak garaiz emanen du aditzera (beranduenez, azoka aurreko ostegunean), Orkoiengo Udalera (Administrazioa) telefonoz dei eginez eta ez etortzearen eta horretarako arrazoien berri emanez. Ustekabea Arkakuso azokaren asteburuan gertatuz gero, titularrak azoka egin ondoko astelehenean deitu beharko du, huts egin gabe, ez etortzeko arrazoien berri eman beharrez.
18. artikulua. Baimenaren esleipen-hartzaileak Arkakuso azokako saltokia utzi nahi badu, Orkoiengo Udaleko Administrazio Departamentuari aditzera eman beharko dio, garaiz (azoka egunaren aurreko asteartean).
19. artikulua. Saltokien esleipen-hartzaileek eta Saltzaileen Elkarteko ordezkariek zainduko dute ordena publikoa, zaindu ere titularrek betetzen dituztela arau hauek eta hemendik aitzina gai honen gainean ematen direnak, aplikatzekoak diren arauei jarraikiz.
20. artikulua. Saltokien titularrek, halakoak izateagatik, men eginen diote ordenantza honi, baita hura aplikatzeko diren xedapen edo ebazpen guztiei ere.
21. artikulua. Saltokien titularren betebeharrak.
a) Saltokien titularrek elkarte bat sortu beharko dute (5 ordezkarirekin), erregelamendu hau betetzen dela zaintzeko. Horietako batek elkartea ordezkatuko du Batzorde Mistoan.
b) Baimenduen betebeharrak:
–Muntaketa egiteko eta azoka ireki eta ixteko ordutegia betetzea.
–Saltokiaren eremua garbi uztea.
–Indarrean dagoen tasa ordaintzea. (Haurren eta familien arteko saltokirik gabeko trukaketan izan ezik).
–Azokak irudi ona izan dezan laguntzea, salgaiak ahalik eta itxura onenarekin erakutsiz.
–Udal ordezkarien jarraibideei men egitea.
–Udal ordezkariei dokumentazioa erakustea.
22. artikulua. Ikuskapena.
Udalari dagokio erregelamendu hau betetzen den begiratzea eta, horretarako, baimenduak behartuta daude udal ordezkariek eskatzen dizkieten agiriak erakustera eta azokak ongi funtzionatzeko ematen dizkieten jarraibideei men egitera.
23. artikulua. Titularren eskubideak.
Baimenduek, baimena duten aldetik, eskubide hauek dituzte:
–Beren salgaiak erakusteko baimendu zaizkien metroak izatea.
–Ordenantza betetzearen gaineko jarraipena eta kontrola izatea.
24. artikulua. Instalazio tasa.
a) Eguneko euro 1eko tasa izanen dute baimen finkoek eta eguneko 3 eurokoa noizean behingo baimenek, 2015. urtean. Kasuan kasuko KPIarekin eguneratuko dira urtero.
b) Udalak zilegi du tasak aldatzea. Tasa osorik ordainduko da, baimena eskuratu aitzin.
c) Udalaren Erregistroan inskribatutako irabazi asmorik gabeko elkarteen kasuan, tasan %5eko murrizketa izanen dute noizean behingo baimenek eta %10ekoa finkoek.
25. artikulua. Arau-hausteak eta zehapenak.
1. Batzordeko Mistoko ordezkariei dagokie eginen den azokako arau-hausteak ikuskatzea. Arau-hausteren bat egin dela ikusten bada, berehala jakinaraziko zaie agintariei, tramita dadin eta, bidezkoa bada, zehapena jar dadin.
2. Araudi hau ez betetzearen ondoriozko hutsegiteak arinak, larriak eta oso larriak izan daitezke.
a) Hutsegite arinak:
1. Saltokiaren baldintza higienikoei eta lurzoruaren garbiketari buruzko arauak ez betetzea.
2. Beste edozein ekintza edo ez-egite, horren ondorioz proiektu honen manuak betetzen ez badira eta hutsegite larri edo oso larritzat jotzen ez bada.
b) Hutsegite larriak:
1. Hutsegite arinetan berrerortzea.
2. Baimendu gabeko produktuak saltzea.
3. Azokaren zaintzaz eta kontrolaz arduratzen direnei men ez egitea edo haiei laguntza emateari uko egitea.
4. Tasak ez ordaintzea.
c) Hutsegite oso larriak:
1. Hutsegite larrietan berrerortzea.
2. Azokaren zaintzaz eta kontrolaz arduratzen direnei aurre egitea, haiek hertsatzea edo mehatxatzea. Arau-hausteak larritasunaren arabera zehatzen ahalko dira, honela:
a) Arau-hauste arinak ohartarazpenez edo 30 euroko isunarekin zehatzen ahalko dira.
b) Arau-hauste larriak ohartarazpenez eta 31 eurotik 60 eurora bitarteko isunarekin zehatzen ahalko dira, eta baimena kentzerik ere izanen da.
c) Arau-hauste oso larriak 61 eurotik 120 eurora bitarteko isunarekin zehatzen ahalko dira, eta baimena kentzerik ere izanen da.
3. Aurreko ataletan azaldutako zehapenak dagokien espedientea ireki ondoren soilik ezartzen ahalko dira. Administrazio Prozedurari buruzko Legearen 133. artikuluan eta hurrengoan ezarritakoaren arabera tramitatu beharko da espediente hori.
26. artikulua. Batzorde Mistoa.
1. Osaera: batzordea osatuko dutenak: alkatea, Udalean ordezkaritza duen alderdi politiko bakoitzeko ordezkari bat, Udalak osoko bilkuran hautaturik, eta “Arkakuso” azokako saltzaileen elkarteko ordezkari bat.
Batzordeko burua alkatea izanen da, eta Batzordean hautatzen den kideak beteko du idazkari lana.
2. Eskumenak:
–Azokako gorabeheren jarraipena eta balorazioa egitea.
–Udalbatzari proposamenak helaraztea.
–Okupazio finkorako eskaeren gaineko informazioa jasotzea eta noizean behingo baimenetarako eskaeren berri izatea.
–Erregelamenduaren aldaketa proposatzea eta Udalbatzari horren gaineko proposamena egitea.
–Batzorde hau, gutxienez ere, urtean behin bilduko da, baita edozein ordezkarik eskatzen duen guztietan.
–Azoka horretarako berariazko tasak proposatzea eta Udalari horren gaineko proposamena egitea.
Orkoienen, 2014ko urriaren 29an.–Alkatea, Carlos Arróniz Loyola.
Iragarkiaren kodea: L1500981