2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK
BUÑUEL
Ordenantza fiskala, Ibilgailuak eremu publikotik kentzeko
eta altxatokian edukitzeko zerbitzua egiteko.
Behin betiko onespena
Buñuelgo Udalak, 2014ko azaroaren 26an egindako bilkuran, hasiera batean onetsi zuen Udalaren ordenantza hau.
Onespenaren erabakia 2014ko 243. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, abenduaren 15ean, eta jendaurreko epean inork ez du alegaziorik aurkeztu; hortaz, ordenantza hori behin betiko onetsi eta osorik ematen da argitara, behar diren ondorioak izan ditzan; hori guztia, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko 6/2014 Foru Legearen 325. artikuluan xedatutakoari jarraikiz.
Buñuelen, 2015eko urtarrilaren 26an.–Alkatea, Joaquín Pórtoles Beltrán.
ORDENANTZA FISKALA, IBILGAILUAK EREMU PUBLIKOTIK KENDU ETA ALTXATOKIAN EDUKITZEKO ZERBITZUAREN GAINEKOA
Oinarria
1. artikulua. Ordainarazpen hau ezarri da Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Legearen lehenengo tituluko IV. kapituluko 7. atalean xedatutakoaren arabera eta lege beraren 12. artikuluan jasotzen den baimenari jarraituz.
Zergapeko egintza
2. artikulua. Udalaren zerbitzu eskudunek ibilgailuak eremu publikoan eramatea nahiz kentzen hastea, eta ondotik, interesdunari itzuli bitartean altxatokian edukitzea, horra zergapeko egintza.
3. artikulua. Honako hauek tasa ordaintzetik salbuetsita daude:
1. Behar den baimena duten kabalkada, desfile, segizio, kirol-saio edo bertze jarduera nabarmenen bat eginen den ibilbidean aparkaturik egoteagatik kentzen diren ibilgailuak (seinalaturik ez badago).
2. Aparkaturik egonik, eremu publikoa konpontzea edo garbitzea eragozten dutelako kentzen diren ibilgailuak (seinalaturik ez badago).
3. Jabeari ebatsirik eremu publikotik kentzen diren ibilgailuak. Horretarako, jabeari ibilgailua ebatsi zaiola ulertuko da hark ebasketa-salaketaren kopia aurkezten duenean.
4. Udaltzaingoak ibilgailua altxatua dela jakinarazten duen unetik sorraraziko dira “Altxatoki zerbitzuko kuotetan” ezarritako kuota arruntak.
Tasaren sorrarazpena
4. artikulua. Ibilgailua kentzeko tasa sorraraziko da zerbitzua hasten den momentuan.
5. artikulua. Ibilgailua kendu eta 72 ordu iraganik izanen du sorrarazpena ibilgailua altxatzeko tasak.
Subjektu pasiboa
6. artikulua. Kasu bakoitzean ezarri behar diren arauekin bat, ondokoek ordaindu beharko dute tasa: ibilgailuaren gidariak, titularrak, gordailuzainak edo ibilgailuaren erantzuleak.
Karga-oinarria
7. artikulua. Kendu edo altxatu den ibilgailu bakoitza da karga-oinarria.
Salbuespenak
8. artikulua. Lege nahiz erregelamenduetako xedapenek hala aginduta nahitaez aplikatu beharreko salbuespenak baizik ez dira onartuko.
Tarifak
9. artikulua. Toki entitateko organo eskudunak zehaztuko ditu, urtero, aplikatu beharreko tarifak ibilgailuak kentzeagatik, edo kentzen hasteagatik, baita hura altxatzeagatik ere.
Tributuaren kudeaketa
10. artikulua. Ordainarazpen honen diru-bilketarako arau berezi gisan, zerbitzu honek sorraraziko dituen tasak Udaleko diru-bilketa zerbitzuetan ordainduko direla ezarri da. Horiek luzatuko dituzte ordainketa frogatzeko behar diren ordainagiriak edo tributu efektuak.
11. artikulua. Kendutako ibilgailua ez zaio jabeari itzuliko hura kendu eta altxatzeak sortu dituen eskubideak ordaindu arte.
12. artikulua. Tasa honen likidazioa ordaintzeak ez du kentzen inolaz ere zirkulazio arauak hausteagatik bertzalde izan daitezkeen zehapen edo isunak pagatu beharrik.
Jabeek eraman gabeko ibilgailuak
13. artikulua. Udalak bere altxatokietan dauzkan ibilgailuak esleituko ditu, edo deseginen, eremu publikoan abandonatutako nahiz aparkatutako ibilgailuei buruzko 1965eko ekainaren 15eko eta 1967ko martxoaren 8ko Aginduetan ezarritakoari jarraikiz, baita ibilgailu abandonatuak eremu publikotik kendu eta altxatzeari buruzko 1974ko otsailaren 14ko Aginduan ere.
Azken xedapenak
Lehenbizikoa.–Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 2/1990 Foru Legearen 325. artikuluan ezarritako prozeduraren arabera behin betiko onetsitakoan, ordenantza fiskal honek indarra hartuko du eta ondorio juridiko guztiak izanen ditu, Nafarroako Aldizkari Ofizialean testua oso-osorik argitara emandakoan.
Bigarrena.–Ordenantza fiskal hau aldatzeko, onespenerako jarraitu diren tramite berdinak eginen dira, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen IX. tituluko lehen kapituluko hirugarren atalean xedatutakoaren arabera.
Hirugarrena.–Ordenantza honetan aurreikusten ez den orotan aplikagarri izanen dira Ordenantza fiskal orokorrean, Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legean eta udal erabakiak baino goragoko xedapen guztietan xedatzen direnak, araututako arloei aplikatzeko modukoak diren heinean.
2015EKO TARIFEN ERANSKINA
Ibilgailuak kentzeko zerbitzuaren kuotak
Kendutako ibilgailuen titularrei eskatuko zaizkien eskubideak honako zenbateko hauetakoak izanen dira:
1) 2.500 kg bitarteko ibilgailuak. Zenbatekoa: 130,00 euro.
2) 2500-5.000 kg bitarteko ibilgailuak. Zenbatekoa: 180,00 euro.
3) 5.000 kg-tik goitiko ibilgailuak: Zenbatekoa: 230,00 euro.
Ziklomotorrak kentzen direnean, Udalaren beraren bitartekoak erabiliz egiten bada. Zenbatekoa: 75,00 euro.
Ibilgailuak altxatzeko zerbitzuaren kuotak
Ibilgailua altxatokira eraman eta jakinarazi ondotik 72 ordu pasatzen direnean, tarifa hauek aplikatuko dira, egun edo zati bakoitzeko, hura norbaitek bildu arte:
1) Ziklomotorrak eta motozikletak. Zenbatekoa: 2,50 euro.
2) 2.500 kg bitarteko ibilgailuak. Zenbatekoa: 5,00 euro.
3) 2.500 kg-tik goitiko ibilgailuak: Zenbatekoa: 12,00 euro.
Kuota hauek udal tasatzat hartzen dira eta premiamendu bidea erabil daiteke kobratzeko.
Eranskin honetan aipatzen diren eskalak, kilogramotan adierazten direnak, ibilgailuendako baimendutako gehieneko masari dagozkio
Iragarkiaren kodea: L1501290