26. ALDIZKARIA - 2015eko otsailaren 9a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

36E/2015 FORU AGINDUA, urtarrilaren 26koa, Gizarte Politiketako kontseilariak emana, 2015. urtean bizitza independenteari laguntzeko programa kudeatzen duten gizarte ekimeneko entitateei diru-laguntzak emateko deialdia onesten duena.

Gizarte Zerbitzuei buruzko abenduaren 14ko 15/2006 Foru Legearen 2. artikuluak ezartzen duenez, botere publikoen jarduketek funtsezko helburu hauek izanen dituzte, besteak beste, gizarte zerbitzuen arloan: pertsona guztien bizi kalitatea hobetzea eta haien normalizazioa, partaidetza eta integrazioa bultzatzea gizartean, politikan, ekonomian, lan arloan, kulturan eta hezkuntzan; autonomia pertsonala, familiarra eta taldeena bultzatzea; kohesio soziala eta elkartasuna sustatzea; pertsonen eta taldeen bazterketa egoerei aurrea hartzea eta haietaz arduratzea; eta mendekotasunak eta oinarrizko baliabide ezak eragindako premiei erantzutea. Gainera, xedatzen du Gizarte Zerbitzuen Zorroan ezarriko direla gizarte zerbitzuen sistema publikoaren prestazioak.

Agindu hori Nafarroako Foru Komunitateak gizarte laguntzaren arloan duen eskumen esklusiboaren arabera eman zen, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoaren 44.17 artikuluan xedatutakoarekin bat. Agindua Espainiako Konstituzioaren 49. artikuluan xedatutakoarekin lotu behar da. Horren arabera, agintari publikoek urritu fisiko, zentzumenezko eta psikikoak tratatu, bizkortu, integratu eta haien arazoei aurrea hartzeko politika eginen dute.

Uztailaren 25eko 74/2012 Foru Dekretuaren bidez, Pertsonen Autonomiarako Nafarroako Agentziaren estatutuak onetsi ziren eta erakunde horri eman zitzaizkion deialdi honen xedeko arloari buruzko eginkizunak.

Eskumen horiek oinarritzat harturik, interesekotzat jotzen da bizitza independenteari laguntzeko programak garatzea, horien helburua autonomia edo bizimodu independentea sustatzea izanik. Bizitza independenteari laguntzeko programen bidez, laguntza eta prestakuntza lanak eginen dira bizitza independenterako banakako programak prestatzen; horretarako printzipioa da desgaitasuna edo mendekotasun moderatua duten edo horiek izateko arriskuan dauden pertsonek aukera berdintasuna eta beren bizitzen kontrola eskatzen dituztela eta beren bizimodua sortzen ahal dutela laguntzaile pertsonalaren bidez edo autonomia bultzatzen duten teknologien bidez lagunduz gero.

Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeak haiei aplikatu beharreko araubide juridiko orokorra ezartzen du, Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargura ematen direnean onura publikoko edo gizarte intereseko jarduerak sustatzeko. Arau horren 17.1. artikuluak norgehiagokako araubidea ezartzen du. Horren arabera, honakoa joko da norgehiagokatzat: diru-laguntzak emateko aurkezten diren eskaerak alderatzea, lehentasunaren arabera ordenatzeko, oinarri arautzaileetan eta deialdian ezarri diren balorazio irizpideei jarraituz, eta irizpide horien arabera balorazio onena lortzen duten eskaerei diru-laguntza esleitzea, deialdian ezarritako muga eta kreditu erabilgarria gainditu gabe.

Espedienteari erantsitako txosten tekniko eta juridikoak ikusita, argi dago deialdi hau onestea egokia eta onura publikokoa dela, eta deialdia nahiz oinarri arautzaileak legezkoak direla.

Horrenbestez, Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legeak eta Gizarte Politiketako Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen uztailaren 25eko 73/2012 Foru Dekretuak emandako eskudantziak erabiliz,

AGINDU DUT:

1. 2015. urtean bizitza independenteari laguntzeko programa kudeatzen duten gizarte ekimeneko entitateei diru-laguntzak emateko deialdiaren oinarriak onestea. Foru agindu honen I. eranskinean ageri dira.

2. Deialdi honen konpromisoei aurre egiteko, jarraian adierazten diren aurrekontuko kredituak baimentzen dira; hala ere, aldaketak egiten ahalko dira, jasotako eskaerak kontuan harturik:

AURREKONTUKO KONTU-SAILA

RCSA KODEA

EKITALDIA

ZENBATEKOA

920005-91820-4819-231B37: PFEZeko %0,7ko funtsa. Gizarte ekimeneko entitateentzako diru-laguntzak bizitza independenteari laguntzeko programarako

4815

2015

90.000,00

3. Foru agindu hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

4. Foru agindu hau Mendekotasunerako Baliabideen eta Kudeaketaren Zuzendariordetzako Entitateen Koordinazio Bulegoari, Ekonomia eta Aurrekontuak Kudeatzeko Ataleko Kontabilitate Zentroari eta Idazkaritza Tekniko Nagusiko Gizarte Politikako Araubide Juridiko-administratiboaren Ataleko Administrazio Aferetarako Bulegoari igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2015eko urtarrilaren 26an.–Gizarte Politiketako kontseilaria, Iñigo Alli Martínez.

I. ERANSKINA

2015. urtean bizitza independenteari laguntzeko programa kudeatzen duten gizarte ekimeneko entitateei diru-laguntzak emateko deialdiaren oinarriak

1.–Xedea.

2015eko ekitaldian Nafarroako Foru Komunitateko gizarte ekimeneko entitateei diru-laguntzak emateko araubidea ezartzea du xede deialdi honek, bizitza independenteari laguntzeko programa kudea dezaten.

Programa horren helburua da bizitza autonomoa eta independentea sustatzea eta, horretarako, bizitza independenterako banakako programak prestatzeko eta parte-hartzaileentzako laguntzaile pertsonala bilatu eta kontratatzeko behar diren lanak eginen dira, betiere Gizarte Politiketako kontseilariaren otsailaren 27ko 196/2013 Foru Aginduan araututako laguntzaren onuradunak ez badira. Horren bidez, mendekotasuna duten pertsonek laguntzaile pertsonala izateko diru-laguntzak arautu ziren. Pertsona horiek behar dituzten zerbitzuak zein diren zehazteko, haien bizitza planifikatu eta kontrolatzeko eta bere arretaz arduratzen den pertsonari jarraibideak emateko gaitasuna izan beharko dute. Orobat, baldintza hauetako bat bete beharko dute: ordaindutako lan batean aritzea, Gizarte Segurantzan alta egoeran; enplegu bilaketa aktiboa egitea; goi mailako edozein irakaskuntzatan parte hartzea; edo bizitza independentearen banakako proiektua edo jendarteko garapen pertsonalarena aurkeztea, bere autonomiarako laguntzak behar dituena laguntzaile pertsonal baten bidez eta/edo autonomia bultzatzen duten teknologien bidez.

Desgaitasuna duten pertsonak, mendekotasun moderatua dutenak edo horiek izateko arriskuan daudenak bereizten dira desgaitasuna eta mendekotasuna baremo ezberdinekin neurtzen direlako eta batzuetan pertsonak bi egoeratan ez daudelako.

Orobat, programak honako hauek hartuko ditu kontuan: familiak, laguntza pertsonala ematen duten pertsonak eta zerbitzuaren eskatzailearen inguruan aritzen diren profesionalak.

2.–Betebeharrak.

2.1. Entitate eskatzaileen betebehar orokorrak.

a) Legez eratutako pertsona juridikoa izatea eta bidezkoa den erregistroan inskribatuta egotea. Eskaera entitate batek baino gehiagok elkarrekin eginez gero, guztiek egon beharko dute erregistroan inskribatuta.

b) Sozietatearen helbidea Nafarroako Foru Komunitatean izatea. Hori oinarri honen 2.1.a) oinarrian aipatzen den erregistroko inskripzioaren bidez frogatuko da.

c) Irabazi-asmorik ez izatea.

d) Estatutuen arabera, erakundearen helburu izatea desgaitasuna edo mendekotasuna duten edo horiek izateko arriskuan dauden pertsonentzako jarduerak egitea, gizarte zerbitzuen eta/edo gizarte eta osasun arloko zerbitzuen arloan.

e) Bere helburuak lortzeko, funts berekietatik eta/edo beste diru-laguntza publiko edo pribatu batzuetatik heldu den finantzaketa izatea.

f) Zergei buruzko betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak eguneraturik izatea, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioarekiko eta haren erakunde autonomoekiko zorrak kitatuak izatea, edo, bestela, entitate horiekin ordainketa geroratu edo zatikatzeko itun bat lortu dela frogatzea.

g) Diru-laguntzen onuraduna izateko Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluko 2. eta 3. idatz-zatietan ezarritako gainerako debekurik ez urratzea.

Aipatutako betebehar horiek guztiak bete beharko dira eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean eta diru-laguntza jasotzen duen jarduerak irauten duen bitartean.

2.2. Diru-laguntzaren xedeko programaren betebeharrak.

a) Deialdiaren xedeari egokituak izatea.

b) Funts berekietatik eta/edo programaren erabiltzaileengandik heldu den finantzaketa izatea.

Laguntzaile pertsonala kontratatu behar duten programaren erabiltzaileek haien gaitasun ekonomikoaren arabera dagokien zenbatekoa ordaindu beharko dute, Gizarte Politiketako kontseilariaren otsailaren 27ko 196/2013 Foru Aginduaren 5. artikuluan ezarri bezala. Horren bidez, mendekotasun larria edo mendekotasun handia duten pertsonek laguntzaile pertsonala izateko laguntza ekonomikoak arautu ziren.

c) Bizitza independenteari laguntzeko programa gauzatzeko behar diren zerbitzuak sartu eta justifikatuko dira proiektuan.

d) Desgaitasuna edo mendekotasun moderatua duten edo horiek izateko arriskuan dauden pertsonak izanen dira programaren erabiltzaileak, betiere berariaz, arduraz eta kontzienteki adierazten badute laguntza behar dutela bizitza independenterako proiektua prestatzeko, eta horretarako behar diren giza baliabide eta baliabide ekonomikoak badituzte.

3.–Eskaeren aurkezpena.

3.1. Eskaerak non eta noiz aurkeztu.

Eskaera, entitate interesdunaren legezko ordezkariak sinatua, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik kontatzen hasita 15 eguneko epean aurkeztu beharko da.

Eskaerak Pertsonen Autonomiarako Nafarroako Agentziaren Erregistroan (González Tablas, 7, 31005 Iruña) aurkeztuko dira, Nafarroako Gobernuaren Erregistro Orokorrean edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38. artikuluko 4. idatz-zatian ezarritako tokietan.

Postetxeetan aurkezten diren eskaerak gutun-azal irekietan sartuko dira, lehenbiziko orrialdeko goiko aldean onartu zeneko eguna eta araudian ezarritako gainerako zehaztapenak adieraz daitezen.

Diru-laguntza eskatzeak berarekin dakar deialdi hau arautzen duten oinarriak onartzea.

3.2. Entitate eskatzaileak aurkeztu beharreko dokumentazio orokorra.

a) Elkartearen edo entitatearen estatutuak.

b) Diru-laguntzaren eskaera sinatzen duen pertsonaren ordezkaritza frogatzen duen agiria eta pertsona horren nortasun agiri nazionala.

c) Entitatearen identifikazio fiskaleko txartela.

d) Ordainketa transferentzia bidez jasotzeko eskaera.

e) Erantzukizuneko aitorpena, entitatearen ordezkariak egina, adierazten duena entitatea, administratzaileak eta ordezkariak diru-laguntzen onuradun izateko debekuetatik kanpo daudela. Debeku horiek Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 13. artikuluko 2. eta 3. idatz-zatietan ageri dira.

f) Diru-laguntzaren xedeak betetzeko aldez aurretiko funts-horniduraren beharra azaltzen duen deklarazioa, deialdi honen 11.a) oinarrian ezarri bezala.

g) Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Orokorrak luzatutako ziurtagiria, eskaera aurkeztu aurreko hiru hilabeteko epean egindakoa, frogatzen duena indarra duten xedapenek Gizarte Segurantzaren aurrean ezartzen dizkioten eginbeharrak eguneraturik dituela.

h) Memoria teknikoa, non agertuko baitira entitateak aurkeztutako proiektua gauzatzeko dituen beharrezko baliabide teknikoak.

i) Memoria ekonomikoa, non agertuko baitira entitateak aurkeztutako proiektua gauzatzeko dituen baliabide ekonomikoak.

j) Entitatearen proiektu teknikoa.

k) Entitatearen aurtengo diru-sarrera eta gastuen aurrekontua.

Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 13.8 artikuluan eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 9.4 artikuluan xedatutakoarekin bat, ez dago a), b), c), d), e), h), i), j) eta k) letretan eskatzen diren agiriak aurkeztu beharrik, baldin eta horien ziurtagiria Foru Komunitateko Administrazioko organoek eman behar badute edo Administrazioak dagoeneko dauzkan datuak badira. Kasu horietan, agirietan aldaketarik izan ez bada, berriz aurkeztu beharrean, entitatearen ordezkariaren aitorpen bat aurkez daiteke, inguruabar hori adieraziz.

3.3. Entitateak aurkeztu beharreko programaren berariazko dokumentazioa:

a) Diru-laguntzarako eskabidea.

b) Diru-laguntzaren xedeko programaren deskripzioa, eta entitatearen konpromisoa diruz lagundutako jarduerarekin jarraitzeko.

c) Diru-sarreren eta gastuen aurrekontua.

3.4. Eskaerako akatsak zuzentzea.

Eskabidearekin batera aginduzko agiriak aurkeztu ezean, instrukzio organoak entitate eskatzaileari eskatuko dio gehienez ere 10 egun balioduneko epean akatsak zuzen ditzala, eta adieraziko dio horrela egin ezean haren eskaera ezetsitzat joko dela. Kasu horretan espedientea artxibatzeko aginduko da eta dagokionari jakinaraziko zaio, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legearen 42. artikuluan ezarri bezala.

Orobat, instrukzio organoak beharrezkotzat jotzen dituen argibide edo agiri osagarriak eskatzen ahalko ditu edonoiz eta, hala bada, oinarri hauetan eskatzen diren baldintzak erabat betetzen direla frogatzen duten agiriak.

4.–Antolamendua, instrukzioa eta ebazpena.

Deialdi honen ondorioetarako, diru-laguntzak emateko prozedura antolatu eta instruitzeko eginkizunak Mendekotasunerako Baliabideen eta Kudeaketaren Zuzendariordetzako Entitateekiko Koordinaziorako Bulegoari esleitu zaizkio.

Pertsonen Autonomiarako Nafarroako Agentziako zuzendari kudeatzaileak izanen du diru-laguntzak emateko prozedura ebazteko eskumena.

5.–Diru-laguntzak emateko prozedura.

Deialdi honetan aurreikusten diren diru-laguntzak emateko prozedura norgehiagokako araubidearen bidez tramitatuko da, aurkezten diren eskaerak erkatuz, Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 17.1 artikuluan xedatutakoarekin bat.

Dagokion kopurua emanen da, eta 90.000 euro gehienez, oinarri hauetan ezarritako irizpideen araberako puntuazioak kontuan hartuta.

6.–Diru-laguntza jaso dezaketen kontzeptuak eta gehieneko zenbatekoak.

6.1. Diru-laguntza jaso dezaketen kontzeptuak.

Entitateek langileen, jardueren eta funtzionamenduaren gastuak sartzen ahalko dituzte aurrekontuan.

6.2. Diruz laguntzen ahal den zenbatekoa.

Diru-laguntza gehienez 90.000 eurokoa izanen da. Unitate kudeatzaileak erabakiko du aurkeztutako aurrekontuaren zer zati onartzen den.

Eskuratzen eta/edo sortzen diren produktuak eta materialak (prestakuntza materialak, laguntza teknikoak, web orriak, etab.) beste entitate batzuen eskura jar daitezke edonoiz.

7.–Balorazio irizpideak.

Baloratuko da entitateak kaudimen teknikoa eta ekonomiko nahikoa duela bere proiektu orokorra garatuko dela bermatzeko, bai eta aurkeztutako programa gauzatuko dela bermatzen duen gaitasun nahikoa eta egiaztatua ere.

7.1. Entitatearen gaitasun egiaztatua: 20 puntu.

Baloratuko da entitatearen gaitasun teknikoa eta ekonomikoa bere proiektu orokorra behar bezala gauzatzeko.

Entitateak aurkeztutako proiektua gauzatzeko behar den gaitasun teknikoa

Entitateak giza baliabide nahikoak, gaitasun desberdinetako profesionalak eta profil profesional egokiak ditu, koordinaturik lan egiten dutenak aurreikusitako helburuak lortzeko

BAI/EZ

2

Entitateak jarduketa protokoloak ezarri eta erabiltzen ditu lana gauzatzeko

BAI/EZ

2

Antolakundearen konpromisoa: entitatea prest dago desgaitasuna duten pertsonen irisgarritasuna sustatzeko, haiek benetan parte har dezaten proiektuen garapenean

BAI/EZ

3

Entitateak lokal egokiak ditu proiektua garatzeko

BAI/EZ

1

Entitateak aurkeztutako proiektua gauzatzeko behar den gaitasuna ekonomikoa

Entitatearen diru-sarreren eta gastuen balantzea, eskaeraren urteko diru-sarrera eta gastuen aurrekontuarekin koherentea dena (ez defizita, ez superabita)

BAI/EZ

3

Entitateak proiektua gauzatzeko duen aurrekontu arrazoitu eta orekatua (helburuei begira)

BAI/EZ

3

Eskaeraren urtean izandako autofinantzaketa maila

%1etik %20ra bitarte

0,5

%21etik %50era bitarte

1,5

%50 baino gehiago

3

Entitatearen proiektu orokorraren betetze-maila

Justifikazio zuzena: zehaztasuna eta zorroztasuna proiektua teknikoki eta ekonomikoki gauzatzean. Bidezko justifikazioaren eraginkortasuna

BAI/EZ

3

7.2. Diru-laguntzaren xedeko programa: 35 puntu.

Honako hauek baloratzen dira: aurkeztutako programaren eduki teknikoa, oinarri, helburu eta ekintzen arteko egokitasuna eta koherentzia, egin nahi diren jarduera zehatzen deskribapena, esku hartzeko metodologia, egutegia, koherentzia giza baliabide eta baliabide materialekin, jarduerak ebaluatu eta kontrolatzeko adierazleak eta horren guztiaren doikuntza aurkeztutako aurrekontuarekin.

Proiektuaren osotasun teknikoa, hau da, aurkeztutako dokumentazioak behar bezala justifikatu eta azaltzen ditu proiektuaren planteamenduak: programen datu teknikoak argi azaldu eta idazten dira, eta egokitzen dira deialdian xedatutakora

BAI/EZ

3

Ongi oinarritutako proiektua, barne egitura argi, koherente eta sendoa duena: oinarrien, helburuen eta jardueren definizio argia

BAI/EZ

6

Datu ekonomikoen azalpena zuzena da, eta egokitzen da deialdian xedatutakora: proiektuak gauzatze aurrekontu arrazoitu eta orekatua du lortu gogo diren helburuei begira

BAI/EZ

6

Entitatea gai da ebaluaziorako prozedura bat ezartzeko: entitateak kalitate adierazleak eta egiaztapenaren aldagaiak ezartzen ditu programa ebaluatzeko

BAI/EZ

6

Programa garatzeko, aldez aurretik ezarritako jarduketa protokoloak erabiltzen dira

BAI/EZ

3

Programak jarduera berriak ditu bere helburuak lortzeko. Proiektuaren eta jardueren sormena, originaltasuna eta bideragarritasun teknikoa eta ekonomikoa baloratuko dira, baita haien berezitasuna eta kalitatea ere

BAI/EZ

2

Gizartearen sentsibilizazioa bultzatzen duen programa, helburuak plazaratuta. Proiektu irekia, berez hedatzera eta zabaltzera jotzen duena

BAI/EZ

2

Presentzia gizartean: egiten dituen jarduera zehatzei esker, entitatea programaren kudeaketan erreferentziatzat agertzen da

BAI/EZ

3

Zerbitzuen sistema publikoaren jarduketekin edo/eta Foru Komunitatean desgaitasunaren arloan gauzatzen diren beste programa batzuekin zenbateraino integratu eta koordinatzen den eta osagarria izatea baloratuko da

BAI/EZ

2

Entitate batek baino gehiagok programa batera gauzatzeko gaitasuna baloratuko da

BAI/EZ

2

8.–Diru-laguntzaren zenbatekoa esleitzea.

Diru-laguntzaren zenbatekoa lortzen diren puntuen eta aurrekontuko kreditu erabilgarriaren arabera esleituko da, erreferentziatzat hartuta unitate kudeatzaileak onartutako aurrekontua.

Diru-laguntzaren zenbatekoa ezin da izan unitate kudeatzaileak onartutako aurrekontuaren %100, kontuan harturik 2.2.b) betebeharra (funts berekietatik eta/edo programaren erabiltzaileengandik heldu den finantzaketa izatea).

Dauden 55 puntuetatik gutxienez 48 lortzen dituzten programek baizik ez dute finantzaketa jasoko.

Entitateak puntuazioaren arabera zerrendatuko dira, handienetik txikira, eta hurrenkera horren arabera esleituko da diru-laguntza, aurrekontuan dagoen kreditua agortu arte.

9.–Prozeduraren ebazpena, jakinarazpena, publizitatea eta errekurtsoak.

Instrukzio organoak egindako ebazpen proposamena ikusita, Pertsonen Autonomiarako Nafarroako Agentziako zuzendari kudeatzaileak diru-laguntzak esleitzeko ebazpena emanen du.

Ebazpena entitate interesdunei jakinaraziko zaie eta hura emateko oinarriak, diru-laguntza hartzen duten eskatzaileen zerrenda eta, halakorik bada, beste eskaerak ukatzeko arrazoiak adieraziko dira. Diru-laguntza emanez gero, helburua, zenbatekoa, ordaintzeko modua eta gastuak justifikatzeko modua eta epea zehaztuko dira.

Aurrekoa deusetan galarazi gabe, diru-laguntzak esleitzeko ebazpenak Pertsonen Autonomiarako Nafarroako Agentziako iragarki oholean (González Tablas, 7; Iruña) eta Nafarroako Gobernuaren web orrian argitaratuko dira. Argitalpen horretan deialdia, diru-laguntzak finantzatzeko aurrekontuko kreditua, onuradunak, emandako zenbatekoa eta diru-laguntzaren helburua adieraziko dira.

Ebatzi eta jakinarazteko epea 3 hilabetekoa izanen da, eskaerak aurkezteko epea bukatzen denetik hasita. Epe hori bukaturik, interesdunek eskaera ezetsi dela ulertu beharko dute. Hala ere, Administrazioa beharturik dago ebazpena ematera.

Ebazpenaren aurka (espresa edo presuntziozkoa) gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahalko da, Gizarte Politikako eta Kontsumoko zuzendari nagusiari zuzendua, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko Foru Legean eta Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legean xedatutakoarekin bat.

10.–Bateragarritasuna.

Deialdi honetan araututako diru-laguntzak bateragarriak dira xede bererako jasotzen den beste edozein diru-laguntza edo laguntzarekin. Hala ere, diru-laguntza horien zenbatekoa ezin izanen da inola ere izan, bakarrik edo beste diru-laguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabide bereki batzuekin batuta, onuradunak egin beharreko jardueraren kostua baino handiagoa.

11.–Diru-laguntzaren ordainketa.

Kasu guztietan, diru-laguntza ordaintzeko, gardentasunerako betebeharrak arautzen dituen 59/2013 Foru Dekretua bete beharko du aldez aurretik.

11.1. Oro har, Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 32. artikuluan ezarritakoari jarraikiz ordainduko da diru-laguntza, jarduera egin dela frogatu ondoren, oinarri hauen 12.3. atalean xedatutakoari jarraikiz.

11.2. Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 33. artikuluan aurreikusten da diru-laguntzaren aurrerakinak ordaintzen ahalko direla, baldintza hau betez gero:

a) Entitateak ordainketa aldez aurretik egiteko eskatu izana. Horretarako, eskabidearekin batera aurkeztu beharreko dokumentazioaz gainera, funtsak hornitu beharra frogatzen duen dokumentazioa aurkeztu beharko du entitateak. Honako hauek erantsiko dira: behar horren frogatzen duen txostena; ordezkariaren ziurtagiri bat, entitatearen titulartasuneko banku kontuak agertzen dituena; bankuko kontuetako uneko saldoak agertzen dituen bankuko ziurtagiri bat –banku elektroniko bidez lortutakoak ere onartuko dira–; eta diruzaintzako fluxuen hileroko aurreikuspen bat, honako hauek zehaztuz: kobrantzak, ordainketak, maileguak, etab.; edo diru-laguntzaren xedeak betetzeko funts-hornidura beharrezkoa dela frogatzen duen beste edozein ziurtagiri.

11.3. Aurreko atalean eskatutako baldintza betez gero, aurrerakinak honela ordainduko dira:

a) Ematen den diru-laguntza 60.000 eurokoa edo txikiagoa baldin bada, epe bakarrean pagatuko da, diru-laguntza emateko ebazpena sinatzearekin batera.

b) Ematen den diru-laguntza 60.000 eurotik gorakoa bada, gutxienez bi zatitan ordainduko da. Lehenbizikoa diru-laguntza emateko ebazpena sinatzearekin batera, eta hurrengoa edo hurrengoak, aurretik ordaindutako zenbatekoari dagokion exekuzioaren justifikazio ekonomikorako agiriak aurkeztu ondoren.

12.–Justifikazioa.

Aurtengo uztailaren bukaeran, entitateek programaren berri ematen duen txostena aurkeztuko dute, balorazio kritikoa eta etorkizunerako proposamenak adierazita.

12.1. Diru-laguntza ordainketa aurreratu bakar baten bidez jasotzen duen entitateak justifikazio partziala aurkeztu beharko du, aurtengo ekainaren 30a baino lehen.

12.2. Diru-laguntza zatikako ordainketa aurreratuen bidez jasotzen duen entitateak justifikazio partziala aurkeztuko du ordainketa baten gastua justifikatzen duten bakoitzean.

Azken ordainketa egiteko, aurretiko justifikazioa aurtengo abenduaren 15a baino lehen aurkeztu beharko da.

12.3. Justifikazio partzialetarako, dokumentazio hau aurkeztu beharko da:

a) Proiektuaren bilakaeraren berri ematen duen erdibideko txostena.

b) Aurkezpen egunera arte diru-laguntzaren xedeko kontzeptuei egozten zaizkien gastuen eta diru-sarreren zerrenda.

c) Kontzeptu bakoitzerako jasotako diru-laguntzari aplikatutako gastuen zerrenda, non agiri zenbakia, kontzeptua, jaulkitzailea, data eta zenbatekoa zehaztuko baitira. Zerrenda horrekin batera, dagozkion egiaztagiriak, fakturak eta ordainagiriak aurkeztu beharko dira. Horretarako, entitate onuradunak jatorrizko agiriak eta fotokopiak aurkeztuko ditu. Banku-laburpenak, gordekinak eta fakturak (emailearen eta hartzailearen datuak, data, kontzeptua eta prezioa adieraziko dituztenak) onartuko dira bakarrik egiaztagiri gisa, maiatzaren 17ko 205/2004 Foru Dekretuan xedatutakoarekin bat, horren bidez fakturazio betebeharrak arautzen dituen erregelamendua onetsi baitzen. Jatorrizko fakturei zigilua jarriko zaie, jasotako diru-laguntza justifikatzeko Pertsonen Autonomiarako Nafarroako Agentzian aurkeztu izanaren frogagarri gisa.

12.4. Azkeneko justifikazioa:

2016ko urtarrilean entitate onuradunak honako agiri hauek aurkeztuko ditu diruz lagundutako programaren exekuzioa justifikatzeko:

a) Lehen egin ez bada, eta azken ordainketa justifikatzeko, kontzeptu bakoitzerako jasotako diru-laguntzari aplikatutako gastuen zerrenda, artikulu honen 12.3.c) puntuan azaltzen den baldintza berberetan egina.

b) Entitatearen memoria teknikoa

c) Entitatearen diru-sarrera eta gastuen balantzea.

Gastuen kapituluan, gastu guztiak zehaztuko dira, honela sailkatuta:

–Langileak.

–Jarduerak.

–Funtzionamendua.

d) Diruz lagundutako programaren exekuzioaren gaineko memoria teknikoa.

–Programaren eraginkortasuna. Urte hasieran jarritako helburu berariazkoen eta lortutako emaitzen arteko konparazioa, eta egindakoaren eta egin gogo zenaren arteko aldea.

–Efizientzia. Horretarako, lortutako emaitzak ebaluatuko dira erabilitako teknika, giza eta ekonomia arloko baliabideen arabera.

–Eragina. Programak zein ondorio izan dituen desgaitasunak dituzten pertsonen gainean.

–Programaren estrategien balorazioa. Programan azaldutako arazoen aurrean erantzun edo bide egokiena hartu den baloratuko da.

–Balorazio kritikoa eta etorkizunerako proposamena.

e) Diruz lagundutako programako diru-sarreren eta gastuen balantzea.

Diru-sarreren kapituluan, entitateak diruz lagundu den programa finantzatzeko jaso dituen diru-sarrerak azalduko ditu, funts horien zenbatekoa eta jatorria zehaztuta, Pertsonen Autonomiarako Nafarroako Agentziak emandakoarekin bateragarriak diren diru-laguntzak barne. Diru-sarrera guztiak ezin dira izan diruz lagundu den jarduera egiteko kostuak baino handiagoak.

Gastuen kapituluan, gastu guztiak zehaztuko dira, honela sailkatuta:

–Langileak.

–Jarduerak.

–Funtzionamendua.

f) Gastu guztien zerrenda.

Entitateak diruz lagundutako programei dagozkien gastu guztien zerrenda aurkeztuko du euskarri informatikoan, honako hauek zehaztuta: agiri zenbakia, kontzeptua, jaulkitzailea, data eta zenbatekoa.

Halaber, jatorrizko fakturak instrukzio organoaren eskura utziko ditu entitateak.

Beste edozein dokumentazio grafiko edo idatzi, borondatez eman nahi dena, entitatearen zerbitzuen exekuzioaren edo bilakaera onaren berri emateko.

13.–Entitate onuradunen betebeharrak.

a) Proiektua eskaeran eta diru-laguntza emateko baldintzetan entitateak zehaztu bezala gauzatzea.

b) 12. oinarrian aipatzen diren frogagiriak aurkeztea.

c) Deialdi honen kargura finantzatutako programa edo jarduerei buruzko argibide, zabalkunde eta publizitate jarduketa guztiek uztailaren 2ko 212/2010 Foru Aginduan xedatutakoa bete beharko dute.

d) Laguntza ematen duen organoak eta indarra duen antolamendu juridikoaren arabera eskudun diren bestelakoek egin beharreko egiaztapen jarduketak onartzea.

e) Diru-laguntza jasotzen duen jardueraren frogagiriak gordetzea, agiri elektronikoak barne, egiaztatze eta kontrol lanen xede izan daitezkeen bitartean.

f) Diru-laguntza jasotzen duen jarduera finantzatzeko lortutako beste laguntza, diru-sarrera edo baliabide batzuen berri ematea diru-laguntza ematen duen organoari. Egoera hori jakin bezain laster komunikatu behar da, eta, betiere, jasotako funtsak zertan erabili diren justifikatu baino lehen.

g) Entitatearen izaera dela-eta kontabilitatean eskatzen ahal zaizkion betebeharrak betetzea.

h) Deialdian eta aplikatzekoak diren legeetan aurreikusitako kasuetan, jasotako funtsak itzultzea.

i) Pertsonen Autonomiarako Nafarroako Agentziari baimena eskatu eta hura eskuratzea, baliabideak modu eraginkorrean erabiltzeagatik dauden gerakinak, diruz laguntzen den jarduerari aplikatu gabe izan daitezkeen finantza etekinak barne, diruz lagundutako jarduera gehiago egiteko erabili nahi badira.

j) Diru-laguntzei buruzko Foru Legeak onuradunei ezartzen dizkien gainerako betebeharrak.

14. Gardentasuna.

Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargurako diru-laguntzen onuradunen gardentasunerako betebeharrak arautzen dituen irailaren 11ko 59/2013 Foru Dekretuaren 2. artikuluan aipatzen diren entitateek Gardentasunari eta Gobernu Irekiari buruzko ekainaren 21eko 11/2012 Foru Legearen bederatzigarren xedapen gehigarrian ezarritako gardentasunerako betebeharra bete beharko dute Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargurako diru-laguntzak jasotzen badituzte eta bi inguruabar hauek suertatzen badira:

a) Emandako diru-laguntza 20.000 eurotik gorakoa izatea urtean.

b) Emandako diru-laguntza entitate onuradunaren negozio-zifraren edo urteko aurrekontuaren %20tik gorakoa izatea.

Aurreko atalean ezarritako kopuruak gainditzen diren zehazteko, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak edo haren erakunde publikoek urte naturalean emandako diru-laguntza guztien kopuruak batuko dira. Urte batean baino gehiagotan ordaintzen diren diru-laguntzen kasuan, aurrekontuko ekitaldi bakoitzean emandako kopurua hartuko da kontuan ondorio horietarako, eta ez guztizko batura. Erreferentziako negozio-zifra edo urteko aurrekontua honako hauen arteko txikiena izanen da:

a) Aurreko urteko negozio-zifra edo betearazitako aurrekontua.

b) Hala badagokio, negozio-zifra, edo diru-laguntza ematen den ekitaldian entitatearen organo eskudunak onartutako aurrekontua.

Aipatu diren inguruabarrak gertatzeagatik gardentasunari lotutako betebeharrak dituzten entitate onuradunek jarraian adierazten den informazioa eman beharko dute:

a) Entitatearen gobernu, administrazio eta zuzendaritza organoen osaera.

b) Organo horiek osatzen dituzten kargudunen zerrenda.

c) Entitateak aurreko urtean kargudun bakoitzari ordaindutako ordainsari gordinak eta gainerako diru konpentsazioak, kontzeptuz kontzeptu. Sortu berriak diren entitateen kasuan, informazioa haien aurrekontuetan edo plan ekonomiko-finantzarioan jasotakoa izanen da.

d) Kargudun bakoitzak gobernuko, administrazioko eta zuzendaritzako eginkizunetan duen dedikazioaren araubidea.

e) Entitate onuradunaren urteko azken kontuen kopia bat.

Informazio hori entitate onuradunaren legezko ordezkariak sinatuta aurkeztuko da, Nafarroako Gobernuaren Erregistro Orokor Elektronikoaren bide telematikoak erabiliz, eta diru-laguntza kudeatzen duen administrazio unitateari bidaliko zaio. Informazioa bidaltzeko epea hilabetekoa izanen da, diru-laguntza ematen duen ebazpena jakinarazten den egunetik hasita; bestela, argitaratzen den egunetik hasita.

Informazio hori urtebetez egonen da aztergai Nafarroako Gobernu Irekiaren Atarian argitaratzen denetik hasita, eta gehienez 15 hilabetez utziko da bertan, informazioa kudeatzen duen organoan sartzen den egunetik hasita. Epe hori igarota, informazioa argitaratzeko ardura duen unitateak ofizioz kenduko du. Hala egin ezean, entitate onuradunak kentzeko eskatzen ahalko du, eta eskakizun hori gehienez ere hilabeteko epean bete beharko da eskaera egiten denetik hasita.

Entitateak gardentasun betebeharra bete behar ez badu, aurreikusitako inguruabarrak gertatzen ez direlako, horren gaineko deklarazio bat aurkeztu beharko du.

Entitateak ekitaldi berean diru-laguntza bat baino gehiago jasotzen baditu, ez du informazioa errepikatu beharko diru-laguntza bakoitzean, salbu eta hasieran eman zituen datuak aldatzen badira.

Onuradunak informaziorako betebeharrak ez betetzeak ekar ditzakeen zehapenak galarazi gabe, ez betetze horren ondorioz ezin izanen da emandako diru-laguntza ordaindu, aurrerakinak barne, eta, hala bada, kobratutako zenbatekoak itzuli beharko dira, Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 35.1.c) artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

15.–Azpikontratazioa eta hornitzaileen kontratazioa.

15.1. Azpikontratazioa.

Deialdi honetan ezarritako ondorioetarako, bidezkoa da azpikontratazioak egitea; alegia, beste batzuekin hitzartzea diru-laguntzaren xedeko jarduera partez gauzatzea. Diru-laguntza jasotzen duen jarduera onuradunak berak egiten badu, horretarako behar diren gastuen kontratazioa kontzeptu horretatik kanpo geldituko da.

Diru-laguntza jasotzen duen jardueraren kostuaren %50era arte azpikontratatzen ahalko du onuradunak.

15.2. Hornitzaileen kontratazioa.

Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 28.3 artikuluan xedatutakoarekin bat, zerbitzuak aholkularitza edo laguntza enpresek ematen badituzte eta diru-laguntza jaso dezakeen gastuaren zenbatekoa 12.000,00 eurokoa baino handiagoa bada, hornitzailea efizientzia eta ekonomia irizpideei jarraikiz hautatu dela frogatu beharko du onuradunak diru-laguntza ematen duen organoaren aurrean.

Kasu horietan, entitate onuradunak helburua lortzeko gai diren hiru enpresarekin edo gehiagorekin kontsultatu eta negoziatu beharko ditu kontratuaren baldintzak, eta eskaintzarik hoberena egiten duenarekin sinatuko du. Kontsultatzeko izapidearen gaineko dokumentazioa eta eskaintzak gorde egin beharko ditu entitate onuradunak. Kontu horiek dokumentu bidez frogatu beharko ditu diru-laguntza ematen duen organoaren aurrean, kontratua sinatu bezain laster. Agiri horiekin batera, enpresa hautatzeko arrazoiei buruzko txosten labur bat aurkeztuko da.

Zenbait enpresari kontsulta egitea ez da beharrezkoa izanen, diru-laguntza jaso dezaketen gastuen ezaugarrien berezitasunagatik, merkatuan hornidura edo zerbitzu hori ematen duten enpresak behar adina ez direnean.

16.–Baldintzak aldatzea.

Entitate onuradunek, jasotzen dituzten bestelako diru-laguntza, laguntza edo diru-sarrerez gain, diru-laguntza emateko eta haren zenbatekoa zehazteko kontuan hartutako baldintzen aldaketa guztiak ere jakinarazi beharko dizkiote Pertsonen Autonomiarako Nafarroako Agentziari.

Salbuespen gisa, diru-laguntzak hartzen dituzten entitateek zilegi izanen dute diruz lagundutako programaren edukia aldatzeko eskatzea, bai eta hura egiteko modua eta epeak ere, programaren garapena eragotzi edo zailtzen duten gorabeherak azalduz gero.

Baldintzak aldatzeko eskaeretan, aldaketa edo zailtasun horren gainean behar adina arrazoi eman beharko dira, aldaketa justifikatzen duten inguruabarrak gertatu eta berehala, eta betiere, diru-laguntza jasotzen duen programa gauzatzeko epea bukatu baino lehen.

Diru-laguntza emateko kontuan hartutako baldintzen edozein aldaketak diru-laguntza emateko ebazpena aldatzea ekar dezake, Pertsonen Autonomiarako Nafarroako Agentziak onartuta egonda ere, eta kasuan kasuko zenbatekoa itzultzeko eskatzen ahalko da, hala badagokio.

17.–Dirua itzultzea.

Programa gauzatzen ez bada, edo diru-laguntza emateko ezarritako baldintzak betetzen ez badira, Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 35. artikuluan aipatzen diren zergatikoak gertatzen badira edo deialdi honetan berariaz aipatzen diren betebeharrak betetzen ez badira, hartutako zenbatekoa itzuli beharko da, osorik edo partez.

Legez ezarritako kasuetan, gainera, bidezkoa izanen da diru-laguntza ordaindu zenetik itzuli beharraren gaineko ebazpena ematen den arte sorrarazitako berandutza interesak ordaintzeko eskatzea.

Dirua itzultzeko prozedurak aipatutako artikuluan xedatutakoari jarraituko dio, eta hasten denetik 12 hilabeteko epean eman beharko da haren gaineko ebazpena.

Entitate onuradunak ia baldintza guztiak betetzen dituenean eta bere konpromisoak betetzeko jarrera garbia erakusten duenean, itzuli beharreko zenbatekoa proportzionaltasun irizpideari jarraituz zehaztuko da, diru-laguntza emateko ezarritako baldintzetatik zenbat eta noraino bete diren ikusita.

18.–Arau-hausteak eta zehapenak.

Deialdi honetan aurreikusten diren diru-laguntzen entitate onuradunak Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 42. artikuluan eta hurrengoetan diru-laguntzen arloko arau-hauste administratiboei buruz ezarritako zehapen araubidearen mende egonen dira, eta hark ezarritako erantzukizunak izanen dituzte.

Diru-laguntzen arloko zehapenak erregelamendu bidez finkatzen den prozeduraren arabera ezarriko dira, edo, halakorik izan ezean, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen V. tituluan xedatutakoari jarraikiz.

19.–Deialdiaren eta oinarri arautzaileen kontra, bidezko diren errekurtso administratiboak.

Deialdi honen eta haren oinarri arautzaileen kontra bidezkoa da gora jotzeko errekurtsoa aurkeztea, Nafarroako Gobernuari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legean eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko Foru Legean xedatutakoarekin bat.

20.–Aplikatu beharreko arauak.

Oinarri arautzaileotan ezarritakoaz gain, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen xedapenak ere aplikatuko dira.

Iragarkiaren kodea: F1501358