2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK
ERDIALDE-MAIRAGAKO MANKOMUNITATEA
Aldaketa, Hondakinak biltzeko zerbitzuaren tasak arautzen dituen ordenantza fiskalean. Behin betiko onespena
2015eko 232. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, azaroaren 19an, Hondakinak biltzeko zerbitzuaren tasak arautzen dituen ordenantza fiskalean egin aldaketaren hasierako onespenaren iragarkia.
Jendaurreko aldia inork alegaziorik aurkeztu gabe iraganik, hasierako onespena behin betikoa bilakatu da, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan xedatuari jarraituz.
Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 326. artikuluan xedatutakoarekin bat, ordenantza fiskalean onetsitako aldaketaren testu osoa ematen da argitara. 2016ko urtarrilaren 1ean hartuko du indarra eta sortuko ditu ondorio juridikoak.
TESTU OSOA
Ordenantza fiskala, Hondakinak biltzeko
zerbitzuaren tasak arautzen dituena
I. KAPITULUA
Oinarria
1. artikulua. Ordenantza fiskal hau Nafarroako toki entitateei aplikagarri zaien araudi fiskalak ematen dizkien ahalmenen babesean eta beraiekin bat ezarri da.
II. KAPITULUA
Ordainarazpenaren izaera
2. artikulua. Ordenantza honen xedea da hondakinak biltzeko zerbitzuaren tasak ezartzea, Hondakinen bilketa arautzen duen ordenantzari jarraikiz.
Ezartzen diren ordainarazpenak, beraz, ikuspegi fiskaletik begiratuta, tasak dira delako 2/95 Foru Legearen 100. eta ondoko artikuluetan aipatzen diren zerbitzu eta jarduerak egiteagatik, martxoaren 2ko 4/1999 Legeak egindako aldaketaren ariora.
III. KAPITULUA
Aplikazio eremua
3. artikulua. Ordenantza hau, Mairagako Mankomunitatean sarturik dauden Udalen mugapeetan aplikatuko da, baldin eta testu honetan arautzen diren zerbitzuak egiten badira.
Mankomunitateak bere zerbitzuak udal mugapearen zati batean -Kontzeju batean edo zenbaitetan- baizik egiten ez baditu, zerbitzua egiazki zer Kontzejutan egiten den, haiexen mugapeetan baizik ez da aplikatuko.
Aldiz, Mankomunitatekoak ez izan arren, halako entitate edo pertsona batzuek tasa hauen bidez finantzatzen diren zerbitzuak hartzen badituzte haiei ere aplikatuko zaie ordenantza hau.
IV. KAPITULUA
Zergapeko egintza
4. artikulua. Ordenantza honetan arautzen diren zerbitzu eta jarduerak eskura izateak eta/edo erabiltzeak dakar zergapeko egintza. Horiek ondotik heldu dira, zerrenda batean, eta tasak sorrarazten dituzte, hori guztia Hondakinen bilketa arautzen duen ordenantzari jarraikiz.
1. Hondakinen bilketa nahitaez jasotzeko zerbitzua eskura izatea eta/edo erabiltzea.
2. Hondakinen bilketa berezia borondatez jasotzeko zerbitzua erabiltzea.
V. KAPITULUA
Subjektu pasiboa
5. artikulua. 1. 4. artikuluaren 1) atalean definitzen den zergapeko egintzari loturiko tasak ordaintzera beharturik dauden subjektu pasibotzat hartuko dira pertsona fisiko zein juridikoak, herentzia banatugabeak, ondasun komunitateak eta, lege nortasunik ez izanik ere, unitate ekonomikoa edo ondare berezia osatzen duten eta zerga ezar dakiekeen bertzelako erakundeak, baldin eta edozein titulu dela bide, etxebizitzak, egoitzak, saltokiak eta dendak okupatzen edo erabiltzen badituzte, haien alde nahitaezko zerbitzu orokorra, bilketa arrunta egiten duena, ezarriz gero.
2. Toki Ogasunei buruzko 2/95 Foru Legearen 104.2 a) artikuluaren arabera, zorduna ordezten duten subjektu pasiboak dira Udal bakoitzeko Katastroko Erregistroan edo eraikin horien Hirilurren Aberastasunaren Erregistro Fiskalean jabe gisa agertzen direnak. Haiek, kasuan kasuko onuradunei erasaten ahalko dizkiete kuotak.
3. 4. artikuluaren 2) atalean definitzen den zergapeko egintzako tasak direla eta, nork egiten duen zerbitzu hori hartzeko eskaera, huraxe izanen da subjektu pasiboa.
4. Kontzeptu batengatik edo bestearengatik titulartasunean edo erabileran ondorengoak direnei eskatzen ahal zaie pertsona fisikoek zein juridikoek egindako ustiapenen edo ekonomia jardueren ondoriozko zorra.
5. Eskuratzaileak eta eskualdatzaileak solidarioki erantzunen dute dagoen zorraz.
6. Norbaitek ustiategi edo jarduera ekonomiko baten titulartasuna eskuratu nahi badu, gaurko titularrak aldez aurretik baietza emandakoan, eskubidea izanen du Mankomunitateari eskatzeko kasuan kasuko jardueran edo ustiategian aritzearen ondorioz diren tributu-zorren ziurtagiri zehatza.
VI. KAPITULUA
Zerga-oinarria
6. artikulua. Honako hauek dira ordainarazpen honen zerga-oinarriak:
a) 4. artikuluaren 1) atalean ezarritako zergapeko egintzarako: kuota finkoa, zerbitzu zer higiezini egiten edo eskura jartzen zaion, haren erabileren arabera, eta urez kontsumitutako metro kubikoen arabera kontagailuz neurtuta edo bertze bide teknikoki onargarriren baten bitartez zenbatetsita. Erakinak ur kontagailurik ez badu, metro kubiko batzuk egotziko zaizkio: Mairagako Mankomunitatearen instalazioetatik hornituta erabilera bera duten eraikinetako ur kontsumo errealen batez bestekoa, alegia.
Mairagako Mankomunitateko ur hornidurarengatiko tasak arautzen dituen ordenantza fiskalaren arabera, higiezinaren ur kontsumoak 3. tarifa edo/eta 4.2 tarifa esleitua duenean, hiruhilekoko kontsumoan gehiegi kontsumitutako metro kubikoak ez dira zerga-oinarrian sartuko, aipatu ordenantzan zehaztu bezala kalkulatuta.
Jario batek eraginda kontsumitu diren metro kubikoak ez dira kontuan hartuko zerga-oinarrian; abonatuak behar bezala frogatu beharko du zuzenbidean onartzen den edozein frogaren bidez, eta aurreko bi ekitaldietan hiruhileko berean kontsumitutako metro kubikoen batez bestekoaren gainean kalkulatuko dira.
b) 4. artikuluaren 2) atalean ezarritako zergapeko egintzarako: behar den ibilgailu motaren arabera, zerga-oinarria batera osatuko dute bilketarako eta langileen joan-etorrietarako denborak eta bildutako hondakinen pisuak, kilogramotan zehatz-mehatz neurtuta eta teknikoki onargarri diren prozedura baten bitartez kalkulatuta edo zenbatetsita.
VII. KAPITULUA
Tarifak
7. artikulua. Tributu-kuota kalkulatzeko, ekitaldi bakoitzean Mairagako Mankomunitatearen batzarrak onetsiko ditu tasa bakoitzaren zerga-oinarriari aplika dakizkiokeen tasak, eta ordenantza honen eranskinean agertuko dira, haren parte direlarik.
VIII. KAPITULUA
Kuotak
8. artikulua. Zerga-oinarriari bere tarifa aplikatzetik ateratzen den emaitza da tasa bakoitzaren tributu-kuota.
9. artikulua. Ateratzen den tributu-kuotaren gainean aplikatuko dira legeek aldi bakoitzean finkatzen dituzten zeharkako zergak, legeetan ezartzen diren maneran eta halabereko baldintzetan.
IX. KAPITULUA
Salbuespenak
10. artikulua. Nafarroako Parlamentuak onetsitako foru legeetan espresuki aipatzen direnak izanen dira onartuko diren salbuespen eta hobari bakarrak.
X. KAPITULUA
Sortzapena
11. artikulua. 1. 4. artikuluaren 1) atalean ezarritako zergapeko egintzarako ezarritako tasak hiruhileko natural bakoitzeko lehen egunean sorraraziko dira, salbu eta zerbitzuaren eskuragarritasunaren hasieran, halakoetan tasak hasiko baitira sorrarazten hastapen egun horretan.
2. 4. artikuluaren 2) atalean ezarritako zergapeko egintzarako ezarritako tasak zerbitzua egiazki ematen denean sorraraziko dira.
XI. KAPITULUA
Ordainarazpena
12. artikulua. 1. 4. artikuluaren 1) atalean ezarritako zergapeko egintzarako ordenantza honetan arautzen diren tasak hiruhilekoaren mugaegunean ordainaraziko dira.
2. 4. artikuluaren 2) atalean ezarritako zergapeko egintzarako ordenantza honetan arautzen diren tasak sorrarazten diren egunean ordainaraziko dira.
XII. KAPITULUA
Diru-bilketa
13. artikulua. 1. Nafarroako Toki Ogasunei buruzko 2/95 Foru Legearen 86. artikuluan aurreikusitakoari jarraituz, 4. artikuluko 1) atalean ezarritako zerga-egintzara aurreikusi tasak aplikatzetik sortzen diren tributu-zorrak jakinarazpen gabekotzat hartuko dira.
2. Jakinarazpen gabekotzat jotzen diren tributu-zorrak, behin ordainarazita 12. artikuluaren 1. puntuan aurreikusiaren arabera, hiruhileko naturalaren azken egunean isilbidez jakinarazitzat hartuko dira. Egun horretatik aitzina, 30 egun baliodun izanen dira borondatezko aldian ordaintzeko.
3. 4. artikuluaren 2) atalean ezarritako zergapeko egintzarako aurreikusten diren tasak aplikatzearen ondoriozko tributu-zorrak subjektu pasiboari jakinaraziko zaizkio. Egun horretatik aitzina, 30 egun baliodun izanen dira borondatezko aldian ordaintzeko.
14. artikulua. Borondatezko epean 13. artikuluan aurreikusiari jarraikiz ordaintzen ez diren tributu-zorrak premiamendu bidez bilduko dira, salbu eta Mairagako Mankomunitateak erregelamenduaren araberako geroratzea edo zatikatzea onartu haiek ordaintzean.
15. artikulua. Tributu-zorren ordainketa honela egiten ahal da:
a) Zorren ordainketa helbideratu duten subjektu pasiboentzat, haiek adierazitako banku entitatean eta kontuan kargatuz.
b) Zorren ordainketa helbideratu ez duten subjektu pasiboek, edota helbideratua izan arren edozein arrazoirengatik zorrak ordaindu gabe geratu diren kasuetan, Mankomunitatearen Diruzaintzan, edota honek kobratzeko gaitu ditzakeen banku edo aurrezki kutxen bulegoetan.
XIII. KAPITULUA
Arau-hausteak eta zehapenak
16. artikulua. Nafarroako Toki Ogasunei buruzko Legearen 93. artikuluan eta ondokoetan arau-hauste eta zehapenen gainean ezarritako xedapenak aplikatuko dira.
XEDAPEN INDARGABETZAILEA
Bakarra.–Orain arte ezarritako arau guztiak indarrik gabe gelditu dira, baldin eta maila bereko edo txikiagokoak badira eta ordenantza honetako xedapenei aurka egiten badiete, haiekin bat ez badatoz edo bateraezinak badira.
AZKEN XEDAPENA
Bakarra.–Ordenantza honek 2016ko urtarrilaren 1ean hartuko du indarra eta Mankomunitatearen Batzar Orokorrak indargabetzen edo aldatzen ez duen bitartean indarrean jarraituko du.
I. ERANSKINA
Hondakinak biltzeko zerbitzuak emateagatiko tasen tarifak
1.–4. artikuluaren 1) ataleko zergapeko egintzak:
Zerbitzua hartu edo eskuratzen duen higiezinak zer erabilera duen, haren araberako kuota finko hauek izanen ditu hiru hilean behin eta hurrengo tarifa aplikatuko zaio kontsumitzen den metro kubiko ur bakoitzeko:
| HIRUHILEKOKO KUOTA FINKOA (euroak) | EURO KP., KONTSUMITUTAKO m³ BAKOITZEKO |
1.–Etxebizitzak eta lokalak, J.E.Z.ari lotu gabekoak. | 11,91 | 0,252022 |
2.–Saltoki txikia, elikagaietakoa kenduta. –6 enplegatutik beherako bulegoa. –20 bazkidetik beherako gastronomia elkarteak. –Edozein lanbide jarduera duten etxebizitzak. | 18,68 | 0,354700 |
3.–Gastronomia elkarteak, 20 bazkide baino gehiagokoak. –7 langiletik gorako bulegoak. –Lantegiak, 6 enplegatu baino gutxiagokoak. –Ostatuak –Zine aretoak –Aisiarako lokalak eta antzekoak | 33,63 | 0,354700 |
4.–Komunitateak, 10 lagun baino gehiagokoak –Negozioak, 7tik 30 lagunera bitartekoak –Lantegiak, 7 enplegatu baino gehiagokoak –Jatetxeak –Ostatu-jatetxeak –Industriak –Dantzalekuak –Pubak –Elikadura orokorreko saltokiak, 3 enplegatu edo gutxiago dituztenak | 55,98 | 0,354700 |
5.–Elikadura orokorreko saltokiak, N enplegatu dituztenak, N>3 izanik) | 55,98 x N/3 | 0,354700 |
6.–Egoitzak eta zahar etxeak | 55,98 | EZ |
7.–Udalaren kirol instalazioak | 55,98 | EZ |
2.–4. artikuluaren 2) ataleko zergapeko egintzak:
IBILGAILU MOTA | EURO/ORDUA | EURO/KG |
Furgoneta | 56 | 0,14 |
Kamioi besoduna | 68 | 0,17 |
Kamioi trinkotzailea | 85 | 0,20 |
3.–Murrizketa berezia, lanbide arteko gutxieneko soldata adinako soldata, laguntza edo pentsioa edo txikiagoa hartzen dutenentzat.
Ordenantza honen 4. artikuluko 1. eta 2. puntuetan aurreikusten diren zergapeko egintzei tarifak aplikatzetik ateratzen diren kuotak %50 murriztuko dira oro har aplikatzen direnen aldean, ordaintzera behartua dagoena soldata baten edo gizarte segurantzako laguntza baten onuraduna denean, Estatuko enpleguaren zerbitzu publikoak edo Nafarroako Gobernuko gizarte politikako departamentuak emana, haren zenbatekoa lanbide arteko gutxieneko soldata baino handiago ez izanik,
Edo lanbide arteko gutxieneko soldata hori halako 1,2, ezkonduta badago edo antzeko bizikidetza harremana badu, bien guztirako diru-sarrerak batuta.
Edo lanbide arteko gutxieneko soldata hori halako 1,5, ezkontideaz bestelako familia kargak daudenean (adingabeko seme-alabak, legezko langabezian edo ikasten ari diren 23 urte arteko seme-alabak -23koak barne- edo diru-sarrerarik gabeko seme-alaba ezgaituak).
Nahiz aurreko baldintza bete, ez dute murrizketa berezi horretarako eskubiderik beste diru-sarrera batzuen bitartez urtean lanbide arteko gutxieneko soldata gainditzen dutenek, eskatzaileak berak edo etxean harekin bizi direnek sarrera horiek eskuratzen badituzte. Orobat, eskatzailearen edo bizilagunen ondare higigarria nahiz higiezina ez da 25.000 euro baino handiagoa izanen, ohiko etxebizitzaren balioa kenduta.
Aipatu baldintzak betetzen dituztela erakusteko, eskatzaileek honako hauek aurkeztu beharko dituzte:
1.–Eskaera.
2.–Hartzen den laguntzaren ziurtagiria.
3.–Errentaren edo ondarearen aitorpena, edo hura aurkeztera beharturik ez daudela dioen Ekonomia eta Ogasun Departamentuaren ziurtagiria, baita eskatzailearen edo bizilagunen diru-sarrerak frogatzen dituzten bestelako dokumentuak ere.
4.–Bizikidetzako ziurtagiria, udal erroldakoa.
Betiere, murrizketa bereziaren onuraduna izanen da kontratuaren titularra.
Mairagako Mankomunitateak edozein unetan ikuskatzen ahal du murrizketa berezi horretarako eskatzen diren baldintzak betetzen ote diren, eta kendu eginen ditu baldintzak betetzeari utzi dioten onuradunak, baita egiaztatzeko dokumentuak eskatu eta aurkezten ez dituztenak ere.
Tafallan, 2015eko abenduaren 29an.–Mankomunitateko burua, Pedro Leralta Piñán.
Iragarkiaren kodea: L1515676