259. ALDIZKARIA - 2015eko abenduaren 31

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.3. Foru Aginduak

96/2015 FORU AGINDUA, abenduaren 11koa, Ogasuneko eta Finantza Politikako kontseilariak emana, Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariaren abenduaren 29ko 260/1999 Foru Agindua aldatzen duena. Foru agindu horren bidez 188 ereduak onetsi ziren, pezetatakoa eta eurotakoa, pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren, sozietateen gaineko zergaren eta establezimendu iraunkorrei dagokien ez-egoiliarren errentaren gaineko zergaren konturako diru-sarreren eta atxikipenen urteko laburpena aurkeztekoak, bizitza edo elbarritasun aseguru kontratuen bidez eta kapitalizazio eragiketen bidez lortutako kapital higigarriaren errentei edo etekinei dagokienez. Horrez gainera, 188 eredu horien barneko orriak ordenagailuz zuzenean irakurtzeko moduko euskarriekin ordezteko diseinu fisiko eta logikoak onetsi ziren.

Azaroaren 27ko 26/2014 Legeak Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzko azaroaren 28ko 35/2006 Foru Legea aldatzen du, besteak beste.

Lege horrek pertsona fisikoen errentaren gaineko zergan sartutako aldaketen artean, aipatzekoa da aipatutako 35/2006 Legearen 38. artikuluari egindako aldaketa, horren bidez, inbertsio kasuetan, 65 urtetik gorako zergadunek lortutako irabaziak kargarik gabeko irabazi gisa sailkatu baitziren, baldintza hauek betez gero: irabaziak ondare-elementuen eskualdaketaren ondoriozkoak izatea eta eskualdaketan lortutako guztirako zenbatekoa (240.000 euro gehienez) bideratzea zergadunaren aldeko biziarteko errenta bermatu bat eratzera. Biziarteko errenta bermatuaren ondoriozko eskubide ekonomikoak osorik edo partez aurreratzeak berarekin dakar ondare horretatik lortutako irabaziengatik behar den karga ordaindu beharra. Salbuespen hori aplikatzeko mugak eta betebehar osagarriak Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren Erregelamenduaren 42. artikuluan garatzen dira, uztailaren 10eko 633/2015 Errege Dekretuaren bidez onetsitako idazketaren arabera. Zergaren erregelamendu hori martxoaren 30eko 439/2007 Errege Dekretuaren bidez onetsi zen.

Gainera, 35/2006 Legearen berrogeita hamargarren xedapen gehigarria ere aldatu zen, aseguru batek estalitako ezintasunagatiko prestazioaren ondoriozko errenten tratamendu fiskala zehazteko, prestazio hori zergadunaren hartzekodun hipotekarioak jasotzen duenean haren onuradun gisa, eta zergadunaren hipotekaren kuota osorik edo partez amortizatzeko beharra badu. Errenta horiei ez zaie atxikipenik egiten.

Horren ondorioz, Ogasuneko eta Administrazio Publikoetako Ministerioak urriaren 9ko HAP/2118/2015 Agindua onetsi du, aldaketa horien ondoriozko informazioa lortu ahal izateko posizio gehiago sartzeko 188 ereduan.

Tributu neurri horiek Nafarroako Foru Komunitatearen lurraldean aplikatu behar ez badira ere, zerga administrazioen arteko informazio trukea errazteko asmoz, lankidetza hori ezarria baitago Estatuaren eta Nafarroako Foru Komunitatearen arteko Hitzarmen Ekonomikoaren 5.1 artikuluan, eta, orobat, Hitzarmenaren 46.1 artikuluan ezarritakoaren arabera aitorpenak Nafarroan aurkeztu behar dituzten finantza-entitateek aitorpen horiek aurkeztu ahal ditzaten, egoki ikusi da abenduaren 29ko 260/1999 Foru Aginduaren bidez onetsitako 188 eredua aldatzea, urriaren 9ko HAP/2118/2015 Aginduan ezarri den bezala.

Maiatzaren 24ko 174/1999 Foru Dekretuaren bidez onetsitako Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren Erregelamenduaren 90.5 artikuluak eta urriaren 13ko 282/1997 Foru Dekretuaren bidez onetsitako Sozietateen gaineko Zergaren Erregelamenduaren 40.6 artikuluak Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariari ahalmena ematen diote behar diren aitorpen ereduak ezartzeko errenta mota bakoitzerako, eta aitorpena eta diru-sarrera zer modu eta tokitan egin behar diren ezartzeko.

Ez-egoiliarren errentaren gaineko zergari dagokionez, Ez-egoiliarren Errentaren gaineko Zergari buruzko Legearen Testu Bateginaren azken xedapenetan bigarrenak (martxoaren 5eko 5/2004 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onetsi zen testu bategin hori) gaikuntza ematen dio Ogasuneko ministroari aitorpen ereduak onesteko eta horiek aurkezteko modua, tokia eta epeak ezartzeko. Estatuaren eta Foru Komunitatearen arteko Hitzarmen Ekonomikoaren 28. artikuluan ezarritakoari jarraikiz Nafarroako Foru Komunitatean aurkeztu beharreko aitorpenei dagokienez, gaikuntza hori Ogasuneko eta Finantza Politikako kontseilariari eman zaiola ulertu behar da.

Horregatik guztiagatik, gaikuntza horiekin bat etorriz,

AGINDU DUT:

Artikulu bakarra.–Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariaren abenduaren 29ko 260/1999 Foru Agindua aldatzea. Foru agindu horren bidez 188 ereduak onetsi ziren, pezetatakoa eta eurotakoa, pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren, sozietateen gaineko zergaren eta establezimendu iraunkorrei dagokien ez-egoiliarren errentaren gaineko zergaren konturako diru-sarreren eta atxikipenen urteko laburpena aurkeztekoak, bizitza edo elbarritasun aseguru kontratuen bidez eta kapitalizazio eragiketen bidez lortutako kapital higigarriaren errentei edo etekinei dagokienez. Horrez gainera, 188 eredu horien barneko orriak ordenagailuz zuzenean irakurtzeko moduko euskarriekin ordezteko diseinu fisiko eta logikoak onetsi ziren.

Abenduaren 29ko 260/1999 Foru Aginduaren III. eranskina aldatzen da. Horren ondorioz, eremu berriak eransten dira, honakoak:

153

Alfabetikoa

BIZIARTEKO ERRENTA BERMATUA

Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren Erregelamenduaren 42. artikuluan aipatutako biziarteko errenta bermatuak merkaturatzen dituzten aseguru-entitateek gako hauetako bat markatu beharko dute:

A

Aitorpenari dagokion urtean biziarteko errenta bermatu bat eratzea. Gako hori azaldu beharko da, orobat, aitortuak, lortutako ondare-irabaziengatik, jasandako atxikipenaren zenbatekoa urte horretan berean erabiltzen badu biziarteko errenta bermatu bat eratzeko Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzko Erregelamenduaren 42. artikuluan adierazi bezala.

B

Biziarteko errentaren ondoriozko eskubide ekonomikoak, guztiz edo partez, aldez aurretik eskuratzea.

Gainerako kasuetan, eremu hau hutsik utziko da.

154-161

Zenbakizkoa

ERAKETAREN EDO AURRERAPENAREN DATA

Biziarteko errenta bermatuaren eraketaren edo aurrerapenaren data adieraziko da. Aitorpenari dagokion ekitaldian biziarteko errenta bermatua eratu eta aurreratu bada, eragiketa bakoitzari buruzko informazioa aitorpen erregistro berezitu batean adierazi beharko da.

Eremu hau hirutan banatzen da:

154-157

Zenbakizkoa

Urtea

158-159

Zenbakizkoa

Hilabetea

160-161

Zenbakizkoa

Eguna

162-185

Alfazenbakizkoa

BIZIARTEKO ERRENTA BERMATUAREN IDENTIFIKAZIOA

Biziarteko errenta bermatua merkaturatzen duen aseguru-entitateak erabiltzen duen zenbakia edo kodea adieraziko da, identifikatzeko.

186-195

Zenbakizkoa

JARRITAKO PRIMA

Aitortuak biziarteko errenta bermatua eratzeko jarritako primaren zenbatekoa adieraziko da.

Zenbatekoa euro-zentimotan adieraziko da; hortaz, inoiz ez da dezimalik azalduko.

196-210

Zenbakizkoa

ASEGURUEN ONDORIOZKO ETEKINAK, ONURADUNA HARTZEKODUN HIPOTEKARIOA DENEAN

Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzko Legearen berrogeigarren xedapen gehigarrian aipatzen diren inguruabarrak gertatzen badira, atxikipenik ez duen etekina adierazi beharko da.

Zenbatekoa euro-zentimotan adieraziko da; hortaz, inoiz ez da dezimalik azalduko.

Azken xedapen bakarra.–Indarra hartzea.

Foru agindu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra, eta 2016ko urtarrilaren 1etik aurrera aurkeztu beharreko informazio aitorpenetan izanen ditu ondorioak.

Iruñean, 2015eko abenduaren 11n.–Ogasuneko eta Finantza Politikako kontseilaria, Mikel Aranburu Urtasun.

Iragarkiaren kodea: F1516703