1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.1. XEDAPEN OROKORRAK
1.1.3. Foru Aginduak
93/2015 FORU AGINDUA, abenduaren 10ekoa, Ogasuneko eta Finantza Politikako kontseilariak emana, 910 eredua, “Saltoki handien gaineko zerga. Autolikidazioa”, onesten duena.
Saltoki handietarako zerga bat sortzeko azaroaren 27ko 23/2001 Foru Legeak saltoki handien gaineko zerga sortu zuen. Nafarroako Gobernuko lehendakariak konstituziokontrakotasuneko errekurtsoa jarri zuen foru lege horren aurka. Konstituzio Epaitegiak errekurtso hori ezetsi zuen, 2012ko azaroaren 14an emandako epaiaren bitartez.
23/2001 Foru Legea aplikatu eta garatzeko behar diren xedapenak emateko gaikuntza erabiliz, foru lege horretan berean jasotakoa, Ekonomia, Ogasun, Industria eta Enpleguko kontseilariaren abenduaren 24ko 1061/2012 Foru Agindua onetsi zen, non, 910 eredua onesteaz gainera, erregulazio arauak eman baitziren, 2012. urterako, saltoki handien gaineko zergaren errolda prestatzeko eta zergaren kudeaketa sistemarako. Bestalde, abenduaren 24ko 419/2013 Foru Aginduaren bidez erregulazio arauak eman ziren, 2013. urterako, saltoki handien gaineko zergaren errolda prestatzeko eta zergaren kudeaketa sistemarako, eta 795 ordainketa-aginduaren eredua onetsi zen.
Saltoki handien gaineko zergaren kudeaketan hartutako esperientzia ikusita, Nafarroako Zerga Ogasunak aldaketa batzuk proposatu ditu, ordaindu beharreko zerga kuota kalkulatzeko orduan egoera bidegabeak sortzen zituzten edo zergaren kudeaketa zailtzen zuten trabak gainditzeko. Helburu horrekin onetsi zen abenduaren 28ko 39/2013 Foru Legea, saltoki handien gaineko zerga arautzen duena. Foru lege horrek 23/2001 Foru Legea indargabetu zuen, eta 2014ko urtarrilaren 1etik aurrera hasten diren zergaldietarako ondorioak ditu. Foru lege berria, aurrekoa bezala, Nafarroako Foru Komunitatean ezarritako saltoki handi guztiei aplikatzen zaie, eta haren helburu da saltoki horien ahalmen ekonomikoa kargatzea, kanpokotasun negatiboak sortzen dituzten heinean, izan ere, ez dituzte beren gain hartzen bizitza kolektiboari eragiten dizkioten kostu ekonomiko eta sozialak, bereziki hiriguneetako ehun eta jardueretan, lurraldearen antolamenduan, ingurumenean eta azpiegituretan eragindakoak.
39/2013 Foru Legeak sartutako berrikuntza nagusietako bat da, 2014ko urtarrilaren 1etik aurrera hasten diren zergaldietarako, urtero subjektu pasiboen errolda bat prestatu eta argitaratu beharraren ordez, zergaren autolikidaziorako sistema bat ezartzea.
Foru legearen 13. artikuluan ezartzen da subjektu pasiboak behartuak daudela zerga honen aitorpena aurkeztera, tributu zorra zehaztera eta behar den diru-sarrera egitera Ekonomia, Ogasun, Industria eta Enplegu Departamentuak ezartzen duen tokian, moduan eta epeen barrenean.
Tributuei buruzko abenduaren 14ko 13/2000 Foru Lege Orokorraren zazpigarren xedapen gehigarrian baimena ematen zaio Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariari foru agindu bidez arautu dezan zergadunek eta entitateek zein kasu eta baldintzatan aurkezten ahal dituzten baliabide elektroniko, informatiko eta telematikoen bitartez aitorpenak, jakinarazpenak, aitorpen-likidazioak, autolikidazioak edo tributuen arloko araudiak eskatutako beste agiri guztiak.
Horrenbestez,
AGINDU DUT:
1. artikulua. 910 eredua onestea.
1. “Saltoki handien gaineko zerga. Autolikidazioa” izeneko 910 eredua onetsi da.
2. 910 eredua telematika bidez aurkeztu beharko da nahitaez, Internet erabiliz, 4. artikuluan ezarritakoari jarraikiz.
2. artikulua. 910 eredua aurkeztera behartuak daudenak.
910 eredua aurkeztera behartuak daude saltoki handien gaineko zerga arautzen duen abenduaren 28ko 39/2013 Foru Legearen 6. artikuluan ezarritakoaren arabera zerga horren subjektu pasibo direnak.
Zergaren araudian ezarritako ezaugarriak betetzen dituzten saltoki handi baten baino gehiagoren titularrak diren subjektu pasiboek, zergaldi berean, autolikidazio bat aurkeztu beharko dute saltoki bakoitzeko.
3. artikulua. 910 eredua aurkezteko tokia eta epea.
Hona hemen 910 eredua aurkezteko eta dagokion tributu-kuotaren diru-sarrera egiteko epeak:
a) 2014ko ekitaldirako, 2016ko urtarrilaren 1etik 20ra bitarte.
b) 2015eko ekitaldirako, 2016ko ekainaren 1etik 20ra bitarte.
Nafarroako Zerga Ogasunaren edozein erakunde laguntzailetan eginen da eredu honen ondoriozko diru-sarrera, 795 ereduko ordainketa-gutunaren bidez. Gainera, Nafarroako Zerga Ogasunak ordaintzeko gaitzen duen beste edozein bide erabiliz egiten ahalko da diru-sarrera.
4. artikulua. Aurkezteko modua.
910 eredua telematika bidez aurkeztuko da nahitaez, Internet erabiliz, 5. eta 6. artikuluetan ezarritako prozedurari jarraikiz eta hango baldintzak betez.
5. artikulua. 910 ereduari dagozkion autolikidazioak telematika bidez, Internet erabiliz, aurkezteko baldintza orokorrak.
1. 910 ereduari dagozkion autolikidazioen aurkezpen telematikoa baldintza hauei jarraikiz eginen da:
a) Aitortzaileak identifikazio fiskaleko zenbakia eduki beharko du (IFZ).
b) Aitortzaileak ziurtagiri elektronikoa eduki beharko du, Nafarroako Zerga Ogasunak onartua, Nafarroako Zerga Ogasunaren esparruan baliabide elektroniko, informatiko eta telematikoen (EIT) erabilera arautzen duen uztailaren 17ko 50/2006 Foru Dekretuan ezarrita dagoenari jarraikiz.
Baimenduta dauden ziurtapen zerbitzuak eta ziurtagiri elektronikoak dagokien atalean aipatzen dira; atal horretara Interneteko helbide honen bidez iritsiko da: http://www.hacienda.navarra.es.
c) Aitorpenak, komunikazioak eta zerga arloko beste agiri batzuk hirugarren pertsonen izenean telematika bidez aurkezteko eta tributu zorren ordainketa telematika bidez tramitatzeko kanpo-lankidetzarako akordioa onesten duen Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariaren ekainaren 29ko 130/2009 Foru Aginduan xedatutakoarekin bat, aurkezlea aitorpenak hirugarrenen izenean egiteko baimenduta dagoen pertsona edo entitate bat baldin bada, Nafarroako Zerga Ogasunak aurreko b) letran adierazitakoaren arabera onartutako ziurtagiri elektronikoa eduki beharko du.
d) 910 ereduaren aurkezpen telematikoa egiteko, aitortzaileak edo baimendutako aurkezleak, halakorik bada, Nafarroako atarian eskuragarri dagoen web inprimakia erabili beharko du.
e) Aitortzaileek aurkezpen telematiko hori egiteko eskatzen diren arau teknikoak izan beharko dituzte kontuan. Arau horiek Nafarroako Zerga Ogasunaren web orrian daude argitaratuta, Interneteko http://www.hacienda.navarra.es helbidean.
2. Telematika bidez igortzen diren aitorpenetan akats formalen bat atzematen denean, sistemak berak emanen dio horren berri aitortzaileari errore-mezuen bitartez, behar diren zuzenketak egin ditzan.
6. artikulua. 910 ereduari dagozkion autolikidazioen aurkezpen telematikoa, Internet bidez, egiteko prozedura.
Autolikidazioen aurkezpen telematikoa Internet bidez, web inprimakia erabiliz, egiteko, prozedura hau erabiliko da:
1. Nafarroako Ataritik, Ogasunarekin egiten diren izapideen zerbitzuan sartu.
2. Egin nahi den aitorpenaren eredua hautatu, eta aitorpena aurkeztu ahal izateko datu guztiak bete.
3. Aitorpena igorri. Aitorpena bete ondoren, igortzeko aukera erabili. Aitorpena egokia bada, sistemak balioztatuko du. Akatsik atzemanez gero, inprimakiaren bidez komunikatuko da, eta haiek zuzendu arte ezin izanen da aitorpena aurkeztu. Aitorpena behar bezala bete ondoren, aurkeztutako aitorpenari esleitutako zenbakia emanen du aditzera sistemak, eta inprimatzeko aukera eskainiko du, frogagiri gisa erabiltzeko.
Xedapen gehigarri bakarra.–Helbideratu daitezkeen ereduak.
910 eredua sartzen da Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariaren apirilaren 23ko 80/2008 Foru Aginduaren eranskinean agertzen den zerrendan (helbideratu daitezkeen ereduen zerrenda, Ekonomia, Ogasun, Industria eta Enpleguko kontseilariaren ekainaren 25eko 187/2015 Foru Aginduan agertzen den testuaren arabera). Foru agindu horren bidez, hein batean garatu zen Nafarroako Foru Komunitateko Diru-bilketaren Erregelamendua, zergen aitorpen-likidazio edo autolikidazio batzuei dagozkien ordainketak bankuan helbideratzeari dagokionez.
Azken xedapen bakarra.–Indarra hartzea.
Foru agindu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra, eta 2014ko urtarrilaren 1etik aurrera hasitako zergaldiei aplikatuko zaie.
Iruñean, 2015eko abenduaren 10ean.–Ogasuneko eta Finantza Politikako kontseilaria, Mikel Aranburu Urtasun.
Iragarkiaren kodea: F1516592