258. ALDIZKARIA - 2015eko abenduaren 30a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.1. Foru legeak eta legegintzako foru dekretuak

25/2015 FORU LEGEA, abenduaren 28koa, Nafarroako Poliziei buruzko martxoaren 23ko 8/2007 Foru Legea aldatzen duen apirilaren 10eko 15/2015 Foru Legea aldatzekoa.

NAFARROAKO GOBERNUKO LEHENDAKARIA NAIZEN HONEK.

Aditzera ematen dut Nafarroako Parlamentuak onetsi duela honako.

FORU LEGEA, NAFARROAKO POLIZIEI BURUZKO MARTXOAREN 23KO 8/2007 FORU LEGEA ALDATZEN DUEN APIRILAREN 10EKO 15/2015 FORU LEGEA ALDATZEKOA.

ZIOEN AZALPENA

Apirilaren 10eko 15/2015 Foru Legeak Nafarroako Poliziak arautzen dituen martxoaren 23ko 8/2007 Foru Legea aldatu du berriki. Foru lege horrek egindako aldaketek Nafarroako polizia kidegoen lansariei eta lanaldiari eragiten diete, besteak beste.

Apirilaren 10eko 15/2015 Foru Legearen azken xedapenetako bigarrenak honakoa agintzen dio Nafarroako Gobernuari: Nafarroako polizia kidegoetako funtzionarioen ordainsariak eta lanaldien araubidea foru legean jasotako irizpideetara egokitu ditzan. Eta egokitzapena gauzatzeko data 2016ko urtarrilaren 1a dela ezartzen du.

Nafarroako Parlamentuaren aginduz garatu beharreko artikuluak Nafarroako Poliziei buruzko martxoaren 23ko 8/2007 Foru Legearen 50. eta 51. artikuluak dira; apirilaren 10eko 15/2015 Foru Legeak emandako testuaren arabera, lansarien esparrua Nafarroako polizia kidego desberdinetako lanpostuen ezaugarrietan oinarrituta dago: dedikazioa, erantzukizuna, ordutegia, espezialitatea, prestakuntza teknikoa, agintea, zailtasuna; Nafarroako polizia kidegoetan dauden lanpostuetako bakoitzari atxiki beharko zaizkio kontzeptu horiek, behin zehaztu ondoren.

Horretarako, nahitaezkoa da lanpostuen azterketa egitea, apirilaren 10eko 15/2015 Foru Legeak berak, martxoaren 23ko 8/2007 Foru Legeari bederatzigarren xedapen gehigarria eransten dion 45. idatz-zatian, xedatzen baitu enplegu bereko lanpostuen artean gerta daitezkeen gehieneko aldeak ehuneko 7koak izanen direla, sindikatuetako ordezkariekin negoziatuko direla eta lanpostu bakoitzaren eta haren berezitasunen azterketa egin ondoren ezarriko direla.

Hau da, aldatzeko proposamenaren xede den lege testuak berak ezartzen du zein diren Nafarroako polizien ordainsarien araubidea erregulatuko duen xedapen orokorra egiteko gainditu beharko diren faseak. Arau horrek indarra hartu ondoren, ordea, lanpostuen azterketa hori hasi ere ez zen egin, eta, horrenbestez, azterketa hori ez dugunez, Parlamentuak agindutakoa bete gabe gelditu daiteke; ezinbestekoa da beraz Nafarroako Gobernuari epe luzeagoa eta nahikoa ematea lanpostuen azterketa hori egiteko, Nafarroako polizien lansarien eta lanaldiaren araubidea behar adina segurtasun juridikorekin garatzeko beharrezkoa delako, etorkizunerako xedapen egonkor bat izan nahi badugu.

Araudiaren egokitzapenari dagozkion arrazoiak badaude, beraz, baina legez agindutakoa ere ez dugu ahantzi behar, apirilaren 10eko 15/2015 Foru legearen azken xedapenetako bigarrenak 2016ko urtarrilaren 1ean betetzeko agintzen duelako, eta ez da hala izanen.

Apirilaren 10eko 15/2015 Foru Legearen azken xedapenetako bosgarrenak xedatu zuenez, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartu behar zuen indarra, eta 2015eko apirilaren 15ean argitaratu zen; bi urteko epea ezarri zuen, ordea, Nafarroako tokiko poliziei buruzko foru lege proiektu bat Nafarroako Parlamentuan aurkezteko, toki entitateei parte-hartze eta kontsultarako epe bat eman ondoren aurkeztu ere.

Eta lehen xedapen gehigarrian, berriz, epe hori bera ematen da, bi urtekoa, poliziako laguntzaileak tokiko poliziaren kidegoetan sartzeko.

Arauen garapena, bai lansarien eta lanaldiaren araubidearena bai tokiko polizien foru lege proiektuarena, eta poliziako laguntzaileak tokiko poliziaren, albienteen edo udal agenteen kidegoetan, egun daudenetan nahiz sortuko direnetan, sartzeko prozesua epe berdinetan egitea komeni dela iritzita, apirilaren 10eko 15/2015 Foru Legearen azken xedepenetako bigarrenaren aldaketa proposatzen da, betetzeko epeak batera etor daitezen.

Artikulu bakarra.–Nafarroako Poliziei buruzko martxoaren 23ko 8/2007 Foru Legea aldatzen duen apirilaren 10eko 15/2015 Foru Legea aldatzea.

Nafarroako Poliziei buruzko martxoaren 23ko 8/2007 Foru Legea aldatzen duen apirilaren 10eko 15/2015 Foru Legearen azken xedapenetako bigarrena aldatzen da, eta testu hau izanen du aurrerantzean:

“1. “Nafarroako Gobernuak foru lege honetako artikuluetan jasotako irizpideetara egokituko ditu Nafarroako polizia kidegoetako funtzionarioen ordainsariak eta lanaldien araubidea 2016ko urriaren 1eko datarekin.

2. Hala eta guztiz ere, legezko manua betetzeko, Nafarroako Gobernuak aldatu eginen du indarra duen ordainsariei eta lanaldiei buruzko erregelamendua, foru lege honetan xedatuari jarraikiz. Orobat, enplegu bereko lanpostuen artean ordainsarietan gerta daitezkeen aldeak aplikatu ditu, baina alde horiek ehuneko 7koak izanen dira, gehienez ere, eta sindikatuekin negoziatuko dira, horrela ezartzen baitu 10eko 15/2015 Foru Legeak, martxoaren 23ko 8/2007 Foru Legeari bederatzigarren xedapen gehigarria eransten dion 45. idatz-zatian. Atzeraeraginezko efektua izanen du 2016ko urtarrilaren 1etik aurrera.

3. Edonola ere, atzeraeraginez ordaindu beharko liratekeen ordainsarien aldeak, Nafarroako Parlamentuak onetsiko dituen 2017ko ekitaldiko aurrekontuen kargura ordainduko lirateke.”

Azken xedapen bakarra.–Indarra hartzea.

Foru lege honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Nik, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 22. artikuluan xedatutakoa bete dadin, foru lege hau B.M. Erregearen izenean aldarrikatzen dut, Nafarroako Aldizkari Ofizialean berehala argitara eta “Estatuko Aldizkari Ofizialera” igor dadila agintzen dut eta herritar eta agintariei bete eta betearaz dezatela manatzen diet.

Iruñean, 2015eko abenduaren 28an.–Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Uxue Barkos Berruezo.

Iragarkiaren kodea: F1517318