1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.7. BESTELAKOAK
ERABAKIA, Nafarroako Gobernuak 2015eko abenduaren 23an hartua, Nafarroako Foru Komunitatearen Administrazioko eta haren erakunde autonomoetako langileei honako ordainketa hau aurreratzen diena 2016ko urtarrileko lehen egunetara: alde batetik, 2016ko ekaineko aparteko pagaren %75 eta, bestetik, 2012ko abenduko aparteko paga kentzearen ondorioz jaso ez zutenaren %25.
Aurrekontu-oreka bermatzeko eta lehiakortasuna sustatzeko Nafarroako Foru Komunitatean neurriak hartzen dituen abenduaren 28ko 27/2012 Foru Legearen xedapen gehigarri bakarrak ezartzen duenez, Nafarroako Administrazio Publikoek eta Nafarroako sektore publikoko gainerako erakunde eta entitateek zilegi izanen dute langileentzako aparteko pagen ordainketa urtarrileko eta uztaileko lehenbiziko egunetara pasatzea.
Legegintzako gaikuntza horretan oinarriturik, Nafarroako Gobernuak, 2015eko ekainaren 24an hartutako Erabakiaren bitartez, 2015eko uztaileko lehenbiziko egunetara aurreratu zien urteko abenduko aparteko pagaren ordainketa Nafarroako Foru Komunitatearen Administrazioko eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko langileei, modu horretan arintzeko 2012ko abenduko aparteko paga kentzeak sortutako ondorioak, Nazioko Gobernuak neurri hori onetsi baitzuen, eta hori oinarrizko araudia baitzen, nahitaez bete beharrekoa eta uztailaren 13ko 20/2012 Errege Lege Dekretuan jasoa.
Bestetik, irailaren 11ko 10/2015 Errege Lege Dekretua aplikatuz (kreditu bereziak eta kreditu osagarriak ematen dira Estatuaren aurrekontuan, eta beste neurri batzuk hartzen dira enplegu publikoaren arloan eta ekonomia bultzatzeko), Nafarroako Gobernuak 2015eko abenduaren 23an hartutako Erabakiaren bidez, Nafarroako Foru Komunitatearen Administrazioko eta haren erakunde autonomoetako langileei 2016ko urtarrileko nominan ordaintzea erabaki du 2012ko abenduko aparteko paga kentzearen ondorioz jaso gabe gelditu zen zenbatekoaren %26,23.
Kontuan hartuta Nafarroako Gobernuak bidezkotzat eta beharrezkotzat jotzen duela aparteko pagak aurreratzeko sistemarekin jarraitzea, 2012ko abenduko aparteko paga kendu zenetik, bidezko da orain honako hau onestea:
–2016ko urtarrileko lehen egunetara aurreratzea urte horretako ekaineko aparteko pagaren %75.
–2016ko urtarrileko lehen egunetan ordaintzea 2012ko abenduko aparteko paga kentzearen ondorioz jaso gabe gelditu zenaren %25. Aurrerakin hori 2016ko urtarrileko nominan kenduko da 2012ko abenduko aparteko paga kentzearen ondorioz jaso gabe gelditutako kopuruen %26,33aren ordainketatik, zeina Nafarroako Gobernuak 2015eko abenduaren 23an hartutako Erabakian onetsi baita.
Horiek horrela, Nafarroako Gobernuak, Lehendakaritzako, Funtzio Publikoko, Barneko eta Justiziako kontseilariak proposatuta,
ERABAKI DU:
1. Nafarroako Foru Komunitatearen Administrazioko eta haren erakunde autonomoetako langileei 2016ko urtarrileko lehen egunetara aurreratzea 2016ko ekaineko aparteko pagaren %75, alde batetik, eta, bestetik, 2012ko abenduko aparteko paga kentzearen ondorioz jaso ez zituzten kopuruen %25, irizpide hauei jarraituz:
A) Aurrerakinak langile finkoei zein aldi baterakoei aurreratuko zaizkie, betiere beharkizun hauek betetzen badituzte:
a) Gutxienez hurrengo sei hilabeteetarako lan harremana izatea aurreikusita.
b) 2015eko abenduko aparteko paga aurreraturik jaso izana urte bereko uztaileko lehenbiziko egunetan.
c) Langileak berak aldez aurretik eskatu ez izana ordainketa ez aurreratzeko.
d) Aipatu aurrerakina sorrarazi zuen lan harremanari eustea.
B) 2016. urteko lehenbiziko seihilekorako aurreikusitako egoeraren arabera finkatuko da ordaindu beharreko zenbatekoa, eta modu honetan erregularizatuko da:
–%75, 2016ko ekaineko nominan.
–%25, 2016ko urtarrileko nominan.
C) Aldi horretan gorabeheraren bat gertatzen bada lan harremanean, eta horrek berarekin baldin badakar aparteko pagaren likidazioa, ordaindutako aurrerakina hartuko da kontuan likidazioan.
D) Behin aparteko pagaren ordainketa aurreraturik, baldin eta, edozein arrazoirengatik, zerbitzu harremana aurreikusitako epea baino lehen bukatzen bada, langileei behar den likidazioa aplikatuko zaie, eta, bidezko bada, sobran jasotako zenbatekoa itzularazi.
E) Langileek noiznahi eskatzen ahalko dute ordaindutako aurrerakina erabat ezeztatzeko, horretarako idazki bat igorriz bere nomina kudeatzen duen Foru Komunitateko Administrazioko unitate administratiboari. Kasu horretan, interesdunari dagokion likidazioa aplikatuko zaio eskaera egin eta hurrengo nominan.
F) Aurrerakinak ez du inolako eraginik izanen zerga-atxikipenetan edo nominari lotutako gizarte-kotizazioetan, langileak duen aurreikuspen sozialeko sistema edozein izanik ere.
2. Orobat, aurrerakinak aplikatzea Nafarroako Foru Komunitatearen Administrazioko eta haren erakunde autonomoetako goi karguei eta gainerako behin-behineko langileei, aurreko ataletan ezarritako beharkizun eta baldintzak betez gero.
3. Erabaki hau Funtzio Publikoko Zuzendaritza Nagusira igortzea, langileen kudeaketa sisteman behar diren neurriak har daitezen erabaki hau bete dadin Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoaren esparru guztietan.
4. Erabaki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, behar diren ondorioak izan ditzan.
Iruñean, 2015eko abenduaren 23an.–Nafarroako Gobernuko kontseilari idazkaria, María José Beaumont Aristu.
Iragarkiaren kodea: F1517249