258. ALDIZKARIA - 2015eko abenduaren 30a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

ERABAKIA, Nafarroako Gobernuak 2015eko abenduaren 23an hartua, Nafarroako Foru Komunitatearen Administrazioko eta haren erakunde autonomoetako langileei 2012ko abenduko aparteko paga kentzearen ondorioz jaso gabe gelditutako zenbatekoen %26,23 ordaintzea onesten duena.

Aurrekontuaren egonkortasuna bermatzeko eta lehiakortasuna sustatzeko neurriei buruzko uztailaren 13ko 20/2012 Errege Lege Dekretuaren bidez, 2012ko abenduko aparteko paga kendu zitzaien sektore publikoko langile guztiei. Aipatu errege dekretu legearen arabera, neurria oinarrizkoa zen eta Konstituzioaren 149.1.13 eta 156.1 artikuluetan xedatutakoaren babesean eman zen; hortaz, Nafarroako Gobernuak, 2012ko abenduaren 12an hartutako Erabakiaren bidez, beharrezko neurriak hartu zituen hura behar bezala betetzeko eta Nafarroako Foru Komunitatearen Administrazioko eta erakunde autonomoetako langileei aplikatzeko.

Gero, Nafarroako Gobernuak 2015eko martxoaren 18an hartutako Erabakiaren bidez, %24,04 ordaintzea onetsi zen, 2012ko abenduko aparteko paga kentzearen ondorioz jaso gabe gelditutako zenbatekoak berreskuratzearren.

Bestetik, irailaren 11ko 10/2015 Errege Lege Dekretuaren bidez (kreditu bereziak eta kreditu-gehigarriak ematen dira Estatuaren aurrekontuan, eta beste neurri batzuk hartzen enplegu publikoaren arloan eta ekonomia bultzatzeko), baimena ematen da 2015eko ekitaldiaren barrenean ordaintzeko 2012ko aparteko paga kentzearen ondorioz jaso gabe gelditutako zenbatekoaren %26,23 edo 48 eguni dagokiena. Errege lege dekretu horrek xedatzen du ezen administrazio publiko bakoitzak 2015eko ekitaldian ordainduko dituela aurreikusitako kopuruak, hala erabakitzen badu eta egoera ekonomiko finantzarioak horretarako bide emanez gero. Orobat, aurreikusten du egoera ekonomiko finantzarioak bide ematen ez badu, egoera horrek aukera ematen duen lehen aurrekontu ekitaldian egiten ahalko dela ordainketa.

Nafarroako Gobernuak, 2015eko azaroaren 25ean hartutako Erabakiaren bidez, bere nahia agertu du 2012ko abenduko aparteko paga kentzearen ondorioz jaso gabe gelditutako zenbatekoen %26,23 ordaintzeko Nafarroako Foru Komunitatearen Administrazioko eta haren erakunde autonomoetako langileei, egoera ekonomiko finantzarioak galarazten ez badu, eta agindua eman zaie Funtzio Publikoko Zuzendaritza Nagusiari eta Aurrekontuen Zuzendaritza Nagusiari beharrezko jarduketak burutzeko aurrekontuan, gastu horri heldu ahal izateko.

Egoera ekonomiko finantzarioa aztertu ondoren, uste da ezin zaiola heldu gastu horri 2015eko ekitaldian eta bai, aldiz, 2016ko urtarrileko nominan. Nafarroako Gobernuaren iritziz, bidezkoa da Foru Komunitatearen Administrazioko eta haren erakunde autonomoetako langileek kendu zitzaien apartako paga berreskuratzea, eta horregatik onesten da erabaki hau, beharrezko neurriak hartzen dituena helburu hori lortzeko, aplikazioko araudian finkatutako mugen barrenean.

Horiek horrela, Nafarroako Gobernuak, Lehendakaritzako, Funtzio Publikoko, Barneko eta Justiziako kontseilariak proposatuta,

ERABAKI DU:

1. 2012ko abenduko aparteko paga kentzearen ondorioz jaso gabe gelditutako zenbatekoaren %26,23ko ordainketa onestea Nafarroako Foru Komunitatearen Administrazioko eta haren erakunde autonomoetako langileentzat, irailaren 11ko 10/2015 Errege Dekretu Legean xedatutakoa aplikatuz; horren bidez, kreditu bereziak eta kreditu-gehigarriak ematen dira Estatuko aurrekontuan, eta beste neurri batzuk hartzen enplegu publikoaren arloan eta ekonomia bultzatzeko.

2. Aipatu arauan xedatutakoari jarraituz, irizpide hauen arabera ordainduko da:

a) 2012ko abenduko aparteko paga osorik edo haren zati bat jaso gabe gelditu eta beste baliabide batzuen bitartez hura berreskuratu ez duten langileentzat da, gaur egun Foru Komunitateko Administrazioaren zerbitzuan jarraitu ala ez.

b) 2012ko abenduko aparteko paga kentzearen ondorioz jaso gabe gelditutako zenbatekoaren %26,23 edo 48 eguni dagokiona da ordaindu beharreko kopurua, Foru Komunitatearen Administrazioan aplikatzen diren funtzio publikoko arauei jarraituz.

c) Gaur egun Foru Komunitatearen Administrazioan edo haren erakunde autonomoetan zerbitzuan ari diren ukitutako langileek 2016ko urtarrileko nominan jasoko dute dagokien diru kopurua.

d) Zein den ere arrazoia, gaur egun Foru Komunitatearen Administrazioan zerbitzuan ari ez diren ukitutako langileei ofizioz ordainduko zaie egun berean dagokien diru kopurua, horretarako eskaera egin beharrik gabe.

e) Ukitutakoren bat hilik bada, oinordekoei ordainduko zaie, hala direla frogatu ondoren.

f) Kontzeptu hori dela eta ordaintzen diren diru kopuruak 2016ko ekitaldiari dagozkion lansariak dira, eta ondorio horiek dituzte, besteak beste, tratamendu fiskalean eta gizarte kotizazioetan.

3. Kendutako aparteko paga berreskuratzeko ordainketa, orobat, goi-kargudunei eta Nafarroako Foru Komunitatearen Administrazioko eta haren erakunde autonomoetako gainerako behin-behineko langileei ere aplikatuko zaie, erabaki honen aurreko atalean adierazitako irizpideei jarraituz.

4. 2016ko ekitaldiko ordainsarien kostu ekonomikoa, erabaki honen ondoriozkoa, 15.385.325 eurokoa da, eta gastuen aurrekontuan dauden “Langileen lansariak, aurreko ekitaldietakoak” izeneko kontu-sailen kargura finantzatuko da.

Bestetik, erabaki hau onestearen ondorioz, 860.373 eurokoa da 2016ko ekitaldiko Gizarte Segurantzako kotizazioen kostu ekonomikoa, eta gastuen aurrekontuan dauden Gizarte Segurantzako kontu-sailen kargura finantzatuko da.

5. Funtzio Publikoko Zuzendaritza Nagusiari agintzea behar diren neurriak har ditzala langileen kudeaketa sisteman, erabaki hau Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoaren esparru guztietan bete dadin.

6. Toki Administrazioko Zuzendaritza Nagusiari agintzea erabaki honen edukia Nafarroako toki entitate guztietara igor dezala, behar diren ondorioak izan ditzan.

7. Erabaki hau Aurrekontuaren Zuzendaritza Nagusira, Funtzio Publikoko Zuzendaritza Nagusira eta Toki Administrazioko Zuzendaritza Nagusira igortzea, eta Nafarroako Unibertsitate Publikoari, Nafarroako Enpresa Korporazio Publikoari, fundazio publikoei eta Vianako Printzea Erakundea-Kultura Zuzendaritza Nagusiari (NIAZI zeneko langileei dagokienez) jakinaraztea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2015eko abenduaren 23an.–Nafarroako Gobernuko kontseilari idazkaria, María José Beaumont Aristu.

Iragarkiaren kodea: F1517298