258. ALDIZKARIA - 2015eko abenduaren 30a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.1. Foru legeak eta legegintzako foru dekretuak

24/2015 FORU LEGEA, abenduaren 28koa, ondoko foru lege hau aldatzekoa: 21/2014 Foru Legea, azaroaren 12koa, toki ogasunek transferentzia arrunten bidez Nafarroako tributuetan parte hartzeko duten funtsaren zenbatekoa eta banaketa formula 2015eko eta 2016ko aurrekontu-ekitaldietarako ezartzen dituena.

NAFARROAKO GOBERNUKO LEHENDAKARIA NAIZEN HONEK.

Aditzera ematen dut Nafarroako Parlamentuak onetsi duela honako:

FORU LEGEA, ONDOKO FORU LEGE HAU ALDATZEKOA: 21/2014 FORU LEGEA, AZAROAREN 12KOA, TOKI OGASUNEK TRANSFERENTZIA ARRUNTEN BIDEZ NAFARROAKO TRIBUTUETAN PARTE HARTZEKO DUTEN FUNTSAREN ZENBATEKOA ETA BANAKETA FORMULA 2015EKO ETA 2016KO AURREKONTU-EKITALDIETARAKO EZARTZEN DITUENA.

ZIOEN AZALPENA

Toki ogasunek transferentzia arrunten bidez Nafarroako tributuetan parte hartzeko duten funtsaren zenbatekoa eta banaketa 2015eko eta 2016ko aurrekontu-ekitaldietarako ezartzen dituen azaroaren 12ko 21/2014 Foru Legea 2014ko 230. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, azaroaren 24an.

Foru lege horren 2. artikuluan funtsaren zuzkidura arautzen da, eta 2. idatz-zatian 2016ko ekitaldian eguneratzeko formula bat jasotzen da.

Gure toki entitateen egoera ekonomikoa dela eta, eta kontuan harturik betetzen dituzten eskumenen garrantzia eta kopurua, beharrezkoa da funtsaren zuzkidura handitzea 2016ko ekitaldian, Foru Komunitateko kontsumoko prezioen indize eguneratua (ekainetik ekainera hartua) gehi ehuneko biko igoera aplikatuta. Horrela, 2011ko aldaketa egin baino lehenagoko irizpidea berreskuratuko da; ez da ahaztu behar aldaketa horrek nabarmen murriztu zuela Nafarroako toki entitateen jasangarritasun finantzarioa.

Bestetik, bidezkoa da foru lege horren 7. artikuluko e) letra kentzea, hain zuzen ere hautetsiei karguan aritzearen ondorioz ordaindutakoagatik Nafarroako udalei ematen zaien konpentsazioa baliogabetu edo atxikitzeari buruzkoa; izan ere, Nafarroako Kontseiluak irizpen batean adierazi zuenez, ez dirudi neurri hori bateragarria denik Konstituzioak eta Nafarroako toki araubideak toki ogasunek transferentzia arrunten bidez Nafarroako tributuetan parte hartzeko duten funtsari ematen dioten eginkizun garrantzitsuarekin. Gainera, letra horren oinarrian, ez betetzeak zehazten dituen sisteman alegia, ageriko gabeziak daude zehapen araua gidatu behar duten printzipioei dagokienez, hala nola: segurtasun juridikoa, motak, erantzukizuna, errugabetasun presuntzioa, defentsarako bermeak, irmoak ez diren zehapenen eraginkortasun eza eta proportzionaltasuna.

Artikulu bakarra. Toki ogasunek transferentzia arrunten bidez Nafarroako tributuetan parte hartzeko duten funtsaren zenbatekoa eta banaketa 2015eko eta 2016ko aurrekontu-ekitaldietarako ezartzen dituen azaroaren 12ko 21/2014 Foru Legearen aldaketa.

Toki ogasunek transferentzia arrunten bidez Nafarroako tributuetan parte hartzeko duten funtsaren zenbatekoa eta banaketa 2015eko eta 2016ko aurrekontu-ekitaldietarako ezartzen dituen azaroaren 12ko 21/2014 Foru Legearen 2. eta 7. artikuluak aldatzen dira.

Bat.–Foru Legearen 2. artikulua honela gelditzen da idatzita:

“2. artikulua. Funtsaren zenbatekoa.

1. 2015eko ekitaldian, Nafarroako Ogasun Publikoaren tributuetan toki entitateek duten parte hartzeko funtsaren zenbatekoa 200.688.073 eurokoa izanen da.

2. 2016ko ekitaldian funtsak izanen duen zenbatekoa zehazteko, 2015. urterako ezarritakoari gehituko zaio kontsumorako prezioen indizeak Nafarroako Foru Komunitatean izandako portzentaje-igoera, ekainetik ekainera neurtua, gehi ehuneko bi”.

Bi.–7. artikuluko e) letra kentzen da. Hona testu berria:

“7. artikulua. Nafarroako udalentzako konpentsazioa, hautetsiei karguan aritzeagatik ordaindutakoagatik.

Kargu publikoetan aritzeagatik korporazioko kideei ordainsariak, bilkura-sariak, kalte-ordainak edo eginkizun publikoetan parte hartzeko eskubide konstituzionalaz baliatzearen ondorioz sortutako gastuengatik heldu diren bestelako pagamenduak ordaintzen dizkieten Nafarroako udalentzako konpentsazioa honela eginen da:

a) Baldin eta udalek alkate eta zinegotziei ordaintzen badiete, legeria orokorrari jarraikiz, denbora osoan edo partzialean karguan aritzeagatik, edo ematen badizkiete bilkura-sariak, kalte-ordainak edo bestelako pagamenduak, kargu publikoan aritzearen ondorio zuzenak direnak, udal horiek ekarpen bat jasoko dute toki ogasunek Nafarroako zergetan parte hartzeko duten funtsetik, ordain horien kostua kitatzeko.

b) Kontzeptu horregatik, udalek urtean jaso ahal duten gehieneko ekarpena, udala osatzen duten hautetsien kopuruaren arabera, legeria orokorrari jarraikiz, honako hau izanen da:

b.1) 3 zinegotzi dituzten udalak: 4.196,43 euro.

b.2) 5 zinegotzi dituzten udalak: 10.807,87 euro.

b.3) 7 zinegotzi dituzten udalak: 15.893,99 euro.

b.4) 9 zinegotzi dituzten udalak: 19.073,19 euro.

b.5) 11 zinegotzi dituzten udalak: 30.516,69 euro.

b.6) 13 zinegotzi dituzten udalak: 52.768,37 euro.

b.7) 17 zinegotzi dituzten udalak: 80.742,22 euro.

b.8) 21 zinegotzi dituzten udalak: 115.709,39 euro.

b.9) 27 zinegotzi dituzten udalak: 193.908,04 euro.

c) Ekarpen horiek ekarpen finalistak izanen dira, bakar-bakarrik erabiliko baitira alkate nahiz zinegotziei aipatu diren kontzeptuengatik ordaintzeko, eta 2016ko ekitaldian eguneratuko dira, 2.2 artikuluan ezartzen den moduan.

d) Ordainketa ordainaldi bakarrean eginen da, transferentzia arrunten funts orokorraren bigarren zatiarekin batera. Jaso nahi duten udalek aldez aurretik eskatu beharko dute, urte bakoitzeko urtarrilean, eta eskabideari ekarpen horrek aurreko ekitaldian izandako zenbatekoaren eta xedearen ziurtagiria gehitu beharko diote, halako ekarpenik egin bazuten. Ekitaldi bati esleitutako diru kopurua egiaztagirian justifikatutakoa baino handiagoa denean, aldea erregularizatu eginen da, kasuko ekitaldiari dagokion ordainketatik kenduz.”

Xedapen gehigarri bakarra.–7. artikuluaren aldaketaren ondorioak.

Toki ogasunek transferentzia arrunten bidez Nafarroako tributuetan parte hartzeko duten funtsaren zenbatekoa eta banaketa 2015eko eta 2016ko aurrekontu-ekitaldietarako ezartzen dituen azaroaren 12ko 21/2014 Foru Legearen 7. artikuluaren aldaketak, foru lege honen artikulu bakarreko bigarren idatz-zatian aurreikusitakoak, 2015eko urtarrilaren 1etik aurrera izanen ditu ondorioak.

Azken xedapen bakarra.–Indarra hartzea.

Foru lege honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Nik, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 22. artikuluan xedatutakoa bete dadin, foru lege hau B.M. Erregearen izenean aldarrikatzen dut, Nafarroako Aldizkari Ofizialean berehala argitara eta “Estatuko Aldizkari Ofizialera” igor dadila agintzen dut eta herritar eta agintariei bete eta betearaz dezatela manatzen diet.

Iruñean, 2015eko abenduaren 28an.–Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Uxue Barkos Berruezo.

Iragarkiaren kodea: F1517319