255. ALDIZKARIA - 2015eko abenduaren 24a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

CINTRUENIGO

Ur zerbitzua arautzen duen ordenantza fiskala.
Behin betiko onespena

Cintruenigoko Udalak, 2015eko azaroaren 4an egin osoko bilkuran, legez behar den gehiengoa izanik, erabaki zuen hasiera batean onestea Ur zerbitzua arautzen duen ordenantza fiskala.

Iragarkia toki entitate honen iragarki oholean argitaratu da, baita 2015eko 226. Nafarroako Aldizkari Ofizialean ere, azaroaren 12an. Horren ondotik jendaurrean egoteko epea iragan da, inork erreklamaziorik, kexarik edo oharrik aurkeztu gabe. Beraz, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan aurreikusitakoari jarraikiz, erabakia behin betikoa bilakatu da, eta argitara ematen da erabaki hori eta ordenantzaren testu osoa, behar diren ondorioak izan ditzan.

Cintruenigon, 2015eko abenduaren 21ean.–Alkatea, Raquel Garbayo Berdonces.

Ur zerbitzuaren ordenantza fiskala

I. KAPITULUA

Oinarria

1. artikulua.–Ordenantza fiskal hau Nafarroako toki entitateei aplikagarri zaien araudi fiskalak ematen dizkien ahalmenen babesean eta beraiekin bat ezarri da.

II. KAPITULUA

Ordainarazpenaren izaera

2. artikulua.–Ordenantza honen xede diren tasak edateko uraren zerbitzuetan oinarritzen dira.

Ezarri diren ordainarazpenen izaera fiskala, hortaz, Nafarroako Toki Ogasunei buruzko 2/1995 Foru Legearen 5.1.b.1 artikuluak aipatzen dituen zerbitzuak edo jarduerak egiteko tasena da.

III. KAPITULUA

Aplikazio eremua

3. artikulua.–Ordenantza hau Cintruenigoko udal mugape osoan izanen da aplikagarri.

IV. KAPITULUA

Zergapeko egintza

4. artikulua.–Zergapeko egintza, ezartzen diren tasetarako ondotik aipatzen diren inguruabarrek dakarte:

a) Edateko uraren hornidura zerbitzua eskura izatea eta mantentzea, hau da, hornidura zer lekutarako kontratatu zen, edateko ura berehala hantxe izateko aukera.

b) Saneamenduaren zerbitzua eskura izatea eta mantentzea, hau da, hornitutako leku batean hondakin edo soberakin urak berehala husteko aukera, Udalaren saneamendu sarearen bitartez.

Saneamenduko zerbitzua eskura izanik, hargune bat baino gehiago (bitik gora) duten finketan, hondakin urak husteko zenbat hargune dauden bada hainbat zergagai sortuko dira. Zergagai bera izanen dira hondakin uren hargune bat eta euri uren beste hargune bat.

c) Udalak ematen duen edateko ura erabili eta eskura izatea. Tasa hau hartutako uraren erabileren edo xedeen arabera aldatuko da.

–Etxeko erabilera.

–Etxekoa ez den erabilera.

–Erabilera berezia.

–Aisiako erabilera.

d) Edateko urez hornitzeko zerbitzuan sarrera ematea. (Lotunea) Horren barrenean daude eskatutako emaria jasotzeko instalazio egokiak aurretiaz dituen leku bati edateko ur horniduraren zerbitzua ematen hasteko kontratu jarduketa guztiak, administratiboak zein materialak. Egitate horren barrenean honelako aldaketak izaten ahal dira:

d.1) Etxeko erabilerarako denbora mugarik gabe eskatutako lotunea.

d.2.) Etxekoa ez den erabilerarako denbora mugarik gabe / denbora jakinerako eskatutako lotunea (obrak).

d.3) Erabilera berezirako eskatutako lotunea.

d.4) Aisiako erabilerarako eskatutako lotunea.

e) Horniduraren baldintzen aldaketa. Egitate honen barrenean daude lehenagotik altan dagoen hornidura baten baldintzak aldatzeko behar diren kontratu jarduketa guztiak, administratiboak zein materialak. Egitate horren barrenean honelako aldaketak izaten ahal dira:

e.1) Eskatutako emariaren aldaketa. Ondorioz, neurri handiagoko kontagailuaren ordez txikiagoa jarriko da edo alderantziz.

f) Edateko uraren eta saneamenduko uraren zerbitzuan baja ematea.

g) Hondatutako kontagailuak konpontzea, erabiltzailearen kontura. Horren barrenean daude erabiltzailearena den kontagailu hondatua jaso, konpondu eta berriz jartzeko egin beharreko jarduketak.

h) Erabiltzaileak eskatutako ikuskatze lanak. Horren barnean daude Udalak, abonatuak hala eskatuta, egin beharreko ikuskapen lan guztiak, hala nola kontagailuen funtzionamendua egiaztatzea, kontagailuen irakurketak, ustez oker egindakoak eta gisako jarduketak, ikuskapena burutu ondotik egiaztatzen bada erabiltzaileak ez duela behar bertze arrazoirik izan ikuskapena eskatzeko.

i) Mantentze lanetako taldeek edo administrazio edo obretako langileek egindako joan-etorriak eta lanak, honako kasu hauetan:

i.1) Interesdunaren eskarak sortua denean, Udalaren txosten teknikoa behar denean eta horren arrazoiak ez direnean Administrazioari egoztekoak.

i.2) Interesdunaren eskaerak sortua denean, sare orokorretik hornidura mozteko, instalazio partikularretan obrak edo konponketak egiteko xedeaz.

i.3) Interesdunak eskatuta edo ofizioz egiten denean, erabiltzaile bati hornidura mozteko, Udalarekiko beharkizunak ez betetzeagatik.

j) Zerbitzuaren erregelamenduan eta ordenantza teknikoetan ezarritako arauak betetzen ote diren frogatzeko ikuskatze lanak, horiek urratzen direnean.

V. KAPITULUA

Subjektu pasiboak

5. artikulua.–Ordenantza honetan ezarritako tasak ordaintzera beharturik diren subjektu pasiboen izaera izanen dute, zergadun gisa, pertsona fisikoek eta juridikoek, eta entitateek, baldin eta zergapeko egintza izaten ahal diren unitate ekonomiko edo ondare banatua osatzen badute, nahiz eta izaera juridikorik ez izan; betiere, ordenantza honen xedeko zerbitzu eta jarduketen onura erreal edo potentzialak jasotzen badituzte edo ukitzen badituzte.

1. Zehazki, ordaintzera beharturiko subjektu pasiboak honako hauek dira:

a) a), b), c) eta i-3) ataletan ezarritako tasetarako, abonamendu polizaren edo lotunearen titular gisa agertzen den erabiltzailea.

b) d), e), f), g), h), i-1) eta i-2) ataletan ezarritako tasetarako, zerbitzuaren eskatzailea izanen da subjektu pasiboa.

c) j) atalak aipatzen dituen jarduketetarako, arau-haustea egin edo horren onura ateratzen duen pertsona natural edo juridikoak izanen du ordaindu beharra.

2. 2/1995 Foru Legearen 104. artikuluari jarraikiz, zerbitzuaren xedeko finka edo higiezinen jabeak dira zergadunaren ordezkoak. Zerbitzuaren onuradunak beste batzuk badira, jabeek haiexei kobratzen ahalko dizkiete kuotak.

Arrazoi bategatik edo besteagatik titulartasunean edo erabileran ondorengoak direnei eskatzen ahal zaie pertsona fisikoek zein juridikoek egindako ustiapenen edo ekonomia jardueren ondoriozko zorra.

Ordaintzeko borondatezko epea amaituta, eskuratzailea eta eskualdatzailea zorraren erantzule solidarioak izanen dira.

VI. KAPITULUA

Zerga-oinarria

6. artikulua.–4. artikuluko zerrendan aipatutako zergapeko egintzetan hauek dira bakoitzaren karga oinarriak:

b) 4. artikuluko a) eta b) ataletan ezarritako zergapeko egintzarako: edateko uraren hornidura eta saneamendu zerbitzua eskura izan eta mantentzeko kuota.

Saneamenduko zerbitzua eskura izanik, hargune bat baino gehiago (bitik gora) duten finketan, hargune bakoitzari bereiz aplikatuko zaio zerga-oinarria, 4. artikuluan ezarritakoari jarraituz.

c) 4. artikuluaren c) atalean ezarritako zergapeko egintzarako: kontsumitutako uraren metro kubikoen kopurua, kontagailuaren bidez neurtua edo, kontagailurik ez bada edo hondaturik badago, aurreko bi urteetan kontagailuak erregistratutako datuak estrapolatuz neurtu eta zenbatespena eginez.

Aitzinetik aipatu zenbatespena egiten ahal ez bada estrapolaziorako behar diren datuen faltagatik, arlo horretan indarra duen legeriak ezarritako prozeduren bidez kalkulatuko dira metro kubiko kontsumituak.

d) 4. artikuluaren d) (Lotunea) atalean ezarritako zergapeko egintzarako:

d.1) Behin betiko altaren kuota, erabileraren arabera.

–Etxeko erabilera.

–Etxekoa ez den erabilera.

–Erabilera berezia.

–Aisiako erabilera.

d.2) Behin-behineko altaren kuota.

–Etxekoa ez den erabilera (Obrak).

e) 4. artikuluaren e) atalean ezarritako zergapeko egintzetarako:

e.1) Eskatutako emaria aldatzeko kostua.

f) 4. artikuluaren f) atalean ezarritako zergapeko egintzarako: etxebizitza edo lokal bakoitzagatik, hornidura edo saneamendu zerbitzuan baja emateko kuota.

g) 4. artikuluaren g) atalean ezarritako zergapeko egintzarako: zerbitzua egiteko behar diren lanen kostua.

h) 4. artikuluaren h) atalean ezarritako zergapeko egintzarako: zerbitzua egiteko behar diren lanen kostua.

i) 4. artikuluaren i) atalean ezarritako zergapeko egintzarako: zerbitzua egiteko behar diren lanen kostua.

j) 4. artikuluaren j) atalean ezarritako zergapeko egintzarako: instalazioak eskura izatea zenbat denboratarako eskatzen den, huraxe.

VII. KAPITULUA

Tarifak

7. artikulua.–Tasa bakoitzari dagokion tributu kuota kalkulatzeko, honako tarifa hauek aplikatuko zaizkie aurreko artikuluan agertzen diren zerga-oinarriei:

a) b) 6. artikuluaren a) atalean ezarritako zerga-oinarriari, horniduraren eta saneamenduaren kuota finkoa sorraraziko baitu: 12,73 euro/lauhilekoa.

c) 6. artikuluaren c) atalean ezarritako zerga-oinarriari, horniduraren eta saneamenduaren kuota aldakorra sortuko baitu:

–c-1 tarifa: Etxeko erabilera.–Etxeko erabilerarako kontratatutako hornidurak:

0-100 m³ tartea: 0,95 euro/metro kubikoa.

101etik aurrerako tartea: 1,73 euro/metro kubikoa.

–c-2 tarifa: Etxekoa ez den erabilera.–Hornidura kontratatuak, industrian eta merkataritzan erabiltzeko. Kontzeptu honetan sartzen dira industriak, bulegoak, lantokiak, obretarako hornidurak, haztegiak, bizigarritasun agiririk ez duten eraikinetarako hornidurak eta orokorrean bertze tarifa batean zehaztu gabeko jarduera edo erabilerak: 1,14 euro, kontsumitutako metro kubiko bakoitzeko.

–c-3 tarifa: Erabilera berezia.–Aisiarako finketako ureztatze eta apaintze lanetarako hornidura: 1,73 euro, kontsumitutako metro kubiko bakoitzeko.

–c.-4 tarifa: Aisiako erabilera.–Igerilekuetarako hornidura: 1,73 euro/metro kubikoa.

d) 6. artikuluaren d) atalean ezarritako zerga-oinarriari, zerbitzuan alta emateko tasa sortuko baitu (lotunea).

d.1) Etxeko erabilerarako kuota bakarra izanen da: 86,36 euro.

d.2) Etxekoa ez den erabilerarako: denbora mugarik gabe, kuota bakarra 127,27 eurokoa izanen da.

Denbora jakin baterako (obrak), kuota bakarra izanen da: 81,82 euro.

d.3) Erabilera berezirako kuota bakarra izanen da: 409,09 euro.

d.4) Aisiako erabilerarako kuota bakarra izanen da: 127,27 euro.

e) 6. artikuluaren e) atalean ezarritako zerga-oinarriari, horniduraren baldintzen aldaketaren tasa sortuko baitu:

e.1) Zerbitzu Teknikoek zehaztu beharrekoa.

f) 6. artikuluaren g) atalean ezarritako zerga-oinarriari, hornidura eta saneamendu zerbitzuan baja emateko tasa sortuko baitu.

f.1) Zerbitzuan baja emateko kuota bakarra izanen da: 136,36 euro.

g) 6. artikuluaren g) atalean ezarritako zerga-oinarriari, erabiltzailearen kontagailuak konpontzeko tasa sortuko baitu, udal arkitektoaren txostenaren arabera.

h) 6. artikuluaren h) atalean ezarritako zerga-oinarriak tasa sorraraziko du, erabiltzaileak eskatuta alferrikako ikuskapena egiten denekoa: halako jarduketa guztietan udal arkitektoaren txostenaren arabera kobratuko da.

i) 6. artikuluaren i) atalean ezarritako zerga-oinarriari, joan-etorrien tasa sortzen duen horri: jarduketa hauetan guztietan udal arkitektoaren txostenaren arabera kobratuko da.

j) Uren zerbitzuaren gaineko Erregelamenduan ezarritako zehapenak aplikatuko dira, oro har.

Instalazio partikularretan gertatzen diren ur-ihes ezkutuen tarifazioa

Instalazio partikular batean nabarmentzen bada ur-ihesa badela, kontagailuak erregistratu duena, eta interesdunaren axolagabekeria larriagatik edota nahita egina ez bada, ondoko tarifak aplikatuko dira:

Ur-ihesa, gehienez 100 m³-koa bada, ez da inolako murriztapenik eginen.

Ur-ihesa 100 m³-tik goitikoa bada, eta ohiko ur kontsumoaren %50etik goiti egiten badu, 101etik goiti erregistratutako metro kubikoak tarifatuko dira 0-100 m³ tarterako tarifatutako prezio berean.

VIII. KAPITULUA

Tributu-kuotak

8. artikulua.–Zerga-oinarriari bere tarifa aplikatzetik aterako dira tasa bakoitzari dagozkion tributu-kuotak.

9. artikulua.–Ateratzen den tributu-kuotaren gainean aplikatuko dira legeek aldi bakoitzean finkatzen dituzten zeharkako zergak, legeetan ezartzen diren maneran eta halabereko baldintzetan.

IX. KAPITULUA

Fidantzak

10. artikulua.–Udalak ordenantza honetako 4. artikuluko d) ataleko zerbitzuak ematen dituenean; alegia, etxekoa ez den erabilerarako eta denbora jakinerako eskatutako lotunea (Obrak), fidantza galdatuko dio zerbitzua eskatzen duenari, zerbitzuan baja eman baino lehentxeagoko aldian Udalarekin izan ditzakeen zerga betebeharrei aurre egin ahal izateko.

Dagokion tasa eskatzen zaion unean eta agirian berean galdatuko da fidantza hori.

Fidantzaren zenbatekoa 100 eurokoa izanen da.

X. KAPITULUA

Salbuespenak

11. artikulua.–Nafarroako Parlamentuan onetsitako foru legeetan espresuki aurreikusirik dauden salbuespenak baizik ez dira onartuko, eta indarrik gabe geldituko dira Nafarroako Foru Diputazioak edo bertze edozein entitate edo erakunde publikok hartutako erabaki edo egindako jarduketa orotik sortzen diren guztiak.

XI. KAPITULUA

Kudeaketa arauak

12. artikulua.–Kontrakoa frogatu ezean, paraturik eta abian dagoen kontagailu sail guztia Udalarena dela usteko da.

Zuzenbideak onartzen dituen frogabide guztiez baliatzen ahalko da erabiltzailea, kontagailuaren gainean bere jabetza eskubidea agerian uzteko.

13. artikulua.–Ordenantza hau indarrean sartzen denetik horniduraren zerbitzuan izaten diren altetan, Udaleko langileek jarriko dituzte kontagailuak, eta horiek Udalarenak izanen dira, salbu partikularrak bere kontagailua jarri nahi duela adierazten duenean. Halakoetan Industria Ministerioak homologatutako kontagailua ezarri beharko da. Udalaren zerbitzuek egoki ezarri dela ikuskatuko dute.

XII. KAPITULUA

Tasen sorrarazpena

14. artikulua.

1.–Laugarren artikuluaren a) eta b) ataletan ezarritako tasek kuota finkoei dagokien lauhileko bakoitzeko lehen egunean izanen dute sorrarazpena, erabiltzaile guztientzat. Kuota horiek ezin dira murriztu, ezta hainbanatu ere.

2.–4. artikuluaren c) atalean ezarritako tasak ur kontsumoak egiten diren unetik sorraraziko dira.

3.–Laugarren artikuluaren d), e) eta f) ataletan ezarritako tasak sortuko dira zerbitzua emateko eskabide ofiziala egiten den unetik sorraraziko dira.

4.–Zerbitzua egiten den unean sorraraziko dira 4. artikuluaren g), h), i) eta j) ataletan ezarritako tasak.

XIII. KAPITULUA

Ordainarazpena

15. artikulua.–Ordenantza honetan ezarritako tasak arau hauei jarraikiz ordainaraziko dira:

1.–4. artikuluaren a) eta b) ataletan aurreikusitako tasak, lauhilekoetan sorraraziko baitira, berdin ordainaraziko dira.

2.–4. artikuluko c) atalean aurreikusitako tasak lauhilekoetan sorraraziko dira.

3.–4. artikuluaren d), e), f), g), h) eta i) ataletan aurreikusitako tasak sorrarazten diren unean ordainaraziko dira.

XIV. KAPITULUA

Diru-bilketa

16. artikulua.

1.–Nafarroako Toki Ogasunei buruzko 2/1995 Foru Legearen 86. artikuluan aurreikusten denaren arabera, ordenantza honen 4. artikuluaren a), b) eta c) ataletan aurreikusitako tasak aplikatzeagatik ateratzen diren tributu-zorrak “jakinarazpen gabekotzat” hartuko dira.

2.–Ordenantza honetako 4. artikuluaren a) eta b) ataletan ezarritako tasei dagozkien tributu-zorrak isilbidez jakinarazitzat joko dira:

–Lauhileko bakoitzari dagozkionak, urteko lauhileko natural bakoitzaren 1. egunean.

3.–Ordenantza honetako 4. artikuluaren c) atalean ezarritako tasei dagozkien tributu-zorrak isilbidez jakinarazitzat joko dira:

–Urteko lauhileko natural bakoitzean zehar sorrarazten direnak: urteko hurrengo lauhileko naturaleko lehenengo egunean.

4.–Artikulu honetako 2 eta 3. ataletan xedatutakoa gorabehera, eta borondatezko epean errekargurik gabe ordaindu ahal izateko 30 egun balioduneko epea bermatze aldera, horretarako eskubidea baitute subjektu pasiboek Nafarroako Toki Ogasunei buruzko 2/1995 Foru Legearen 88. artikuluaren arabera, d), e), f), g) eta i) ataletan ezarritako tasen ondoriozko tributu-zorrak zerbitzuaren eskatzaileari jakinaraziko zaizkio, tasaren likidazioa jasoko duen agiri baten bidez.

Hortik aitzina, ordenantza honetan bildutako jakinarazpenik gabeko tasetan bezala, 30 egun balioduneko epea hasiko da borondatezko aldian eta errekargurik gabe ordaintzeko.

4. artikuluaren d), e), f) eta j) ataletan jasotako tasen kasuan, zerbitzua eskatzen den unean eginen da jakinarazpena.

4. artikuluaren g), h) eta i) ataletan jasotako tasen kasuan, zerbitzua eman ondotik eginen da jakinarazpena.

6.–Borondatezko aldian eta errekargurik gabe ordaintzeko aurreko atalean adierazitako epea ukatu gabe ere, eta Nafarroako Toki Ogasunei buruzko 2/1995 Legearen 84. artikuluan xedatutakoaren arabera, ordenantza honen 4. artikuluaren d), e) eta f) ataletan jasotako tasen ondoriozko tributu-zorrak, behin zerbitzua eskatu duenari behar bezala jakinarazita, Lege horren 89. artikuluan aurreikusitako moduan kitatu beharko ditu, horretarako gaitutako banku edo aurrezki bulegoetan. Baldintza hori bete gabe ez da emanen eskatutako zerbitzua.

17. artikulua.–Aurreko artikuluan aurreikusitakoari jarraikiz borondatezko epean ordaintzen ez diren tributu-zorrak, derrigorrezko aldian ordaintzen ahalko dira honako errekargu hauekin, Tributuei buruzko abenduaren 14ko 13/2000 Foru Lege Orokorraren 117. artikuluarekin bat:

a) %5ekoa, eta korrituaren likidaziorik gabe, borondatez ordaintzeko 30 egun balioduneko epea bukatu eta premiamendu probidentziaren jakinarazpena jaso aurretik ordaindutako zorraren gainean.

b) %10ekoa, eta korrituaren likidaziorik gabe, premiamendu probidentzia jakinarazi eta ondoko hilabeteko epean ordaindutako zorraren gainean.

c) %20koa, aurreko inguruabarrak ez daudenean ordaintzeko. Kasu horietan borondatez ordaintzeko epea bukatu ondoko egunetik sorrarazitako berandutza korrituak ere ordaindu beharko dira.

Borondatez ordaintzeko epea bukatu eta zorrak kitatu ez badira, premiamendu aldia hasiko da.

18. artikulua.–Tributu-zorren ordainketa honela egiten ahal da:

a) Zorren ordainketa helbideratu duten subjektu pasiboek, haiek adierazitako banku edo aurrezki entitatean eta kontuan kargatuz.

b) Zorren ordainketa helbideratu ez duten subjektu pasiboek, horretarako gaitutako banku edo aurrezki kutxen bulegoetan.

XV. KAPITULUA

Arau-hausteak eta zehapenak

19. artikulua.–Nafarroako Toki Ogasunei buruzko Erregelamenduan aurreikusitakoez gain, Cintruenigoko Udalak ur zerbitzuaren erregelamenduan arau-hausteei eta zehapen araubideari buruz ezarritako xedapenak aplikatuko dira.

XVI. KAPITULUA

Saneamendu saria

20. artikulua.–Sari honen zergapeko egintza, zerga-oinarria, subjektu pasiboak eta abar araututa daude Nafarroako Hondakin Uren Saneamenduari buruzko abenduaren 29ko 10/1988 Foru Legean eta hori garatzen duen Erregelamenduan.

21. artikulua.–Sariaren zenbatekoa Foru Legean zehazten da.

XEDAPEN INDARGABETZAILEA

Ordenantza honek indarra hartzen duenetik indarrik gabe geldituko dira, baliorik ez ondoriorik ez dutela, hari kontra egiten dioten xedapen, erregelamendu edo ordenantza guztiak, maila berekoak edo beheragokoak izan.

AZKEN XEDAPENA

Azken Xedapen Bakarra.–Ordenantza honek indarra hartuko du, aurreikusitako tramiteak beteta, testu osoa Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu ondoren, eta indarra izanen du aldatu edo indargabetu arte.

Iragarkiaren kodea: L1515619