253. ALDIZKARIA - 2015eko abenduaren 22a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

JAURRIETA

2016. urteko karga-tasak

Jaurrietako Udalak, 2015eko azaroaren 25ean egin osoko bilkuran, besteak beste, ondoko erabakia onetsi zuen, Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legeak ezarritakoari jarraikiz. Hona hemen testua osorik:

Lehenbizikoa.–2016ko urtarrilaren 1etik aitzina indarra izanen duten karga-tasak eta tasak onestea.

–Lur-ondasunen gaineko kontribuzioa: %0,27 udalerriko higiezin guztietarako.

–Eraikuntza, instalazio eta obren gaineko zerga: %2.

–Hirilurren balio igoeraren gaineko zerga: Benetako igoeraren zenbatekoa zehazteko, Toki Ogasunak arautzen dituen 2/1995 Foru Legearen 175. artikuluan ezarritako gutxieneko tasak mantendu dira, eta karga-tasa %12an.

–Jarduera ekonomikoen gaineko zerga: Udalaren indizea, 1,2.

–Bideen tasa: 6 euro etxebizitzako eta 0,50 eurora igotzen da, landalurreko ondasun higiezinen katastroko balioaren gainean.

–Ur kontsumoaren prezio publikoa: 0,25 euro/m³/urtea izanen da beti, gehi BEZaren %10, eta hornidura bakoitzeko 27,50 euroko kuota finkoa gehi BEZaren %10. Hargune berriaren prezioa: 30,05 euro.

–Mangerako ura: bere horretan uzten da, hau da: aziendarendako eta nekazaritzarako, 30 euro/urtea. Bertze zeretarako (baratzea, autoak eta bertze): 15 euro urtean.

–Saneamendu tasa: bere horretan uzten da, hau da, 27,50 euro gehi BEZaren %10 hargune bakoitzeko.

–Hilerria: nitxoak 10 urterako lagatzea: dohainik izanen da jende guztiarentzat, kontuan hartu gabe Jaurrietan erroldaturik dauden ala ez. Hilarriak: Udalak bere gain hartuko du nitxoetako lehen hilarriaren kostua, bat etxe bakoitzeko, eta gainerakoak partikularrek ordainduko dituzte. Paratzen diren hilarriak gaur egungoak bezalakoak izanen dira, hau da, denak berdinak.

Bigarrena.–Erabaki hau iragarki oholean eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, behar diren ondorioak izan ditzan. Erabaki honek 2016. urteko urtarrilaren batean hartuko du indarra.

Erabaki honen kontra, errekurtso hauetariko bat aurkez daiteke, hautara:

a) Berraztertzeko errekurtsoa, egintzaren organo egileari zuzendua, hilabeteko epean, erabaki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

b) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Nafarroako Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Epaitegiari edo Salari zuzendua, bi hilabeteko epean, iragarki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita; edo bestela,

c) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, iragarki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik hasita.

Jaurrietan, 2015eko azaroaren 25ean.–Alkatea, José Ángel Cambra Burgaleta.

Iragarkiaren kodea: L1516242