253. ALDIZKARIA - 2015eko abenduaren 22a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

BARAÑAIN

Aldaketa, Desgaitasuna duten pertsonei aparkatzeko txartelak ematea arautzen duen Barañaingo Udalaren ordenantzan.
Behin betiko onespena

Barañaingo Udalak, 2015eko irailaren 24an egin osoko bilkura arruntean, Desgaitasuna duten pertsonei aparkatzeko txartelak ematea arautzen duen ordenantzako aldaketa onetsi zuen hasiera batez, ordenantza egokitzeko abenduaren 12ko 1056/2014 Errege Dekretuan jasotako oinarrizko aurreikuspenetara, haren bitartez arautzen baitira desgaitasuna duten pertsonei aparkatzeko txartelak emateko eta erabiltzeko oinarrizko baldintzak.

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325.1.b) artikuluko aginduei jarraikiz, onespen horren iragarkia 2015eko 201. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, urriaren 8an, bai eta Barañaingo Udalaren iragarki oholean paratu ere, eta espedientea 30 egunean egon da jendaurrean.

Jendaurrean egoteko legezko aldia iraganik inork inolako alegazio, kexa edo oharrik aurkeztu gabe, eta aipatu foru legearen 325.1.c) artikuluaren bukaerako aginduen ondorioz, ordenantzaren aldaketa behin betiko onetsitzat jotzen da, eta haren testu osoa argitara ematen eranskinean, behar diren ondorioak izan ditzan, Toki Administrazioari buruzko Foru Legearen 326. artikuluari jarraikiz.

Argitara ematen da aipatu agindua betez, eta ohartarazten ezen honako erabaki honen aurka –xedapen administratiboa baita– ezin dela administrazio bidean errekurtsorik paratu, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 107.3 artikuluari jarraikiz. Hortaz, behin betiko onespen honen aurka ondoko bideren bat erabiltzen ahalko da:

a) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, zuzenean, Nafarroako Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 10.1.b) artikuluari jarraikiz, bi hilabeteko epean, iragarki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik aitzina.

b) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, iragarki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik hasita.

Barañainen, 2015eko azaroaren 17an.–Alkate udalburua, Oihane Indakoetxea Barbería.

ERANSKINA

DESGAITASUNA DUTEN PERTSONEI APARKATZEKO TXARTELA EMATEA ARAUTZEN DUEN ORDENANTZA

ZIOEN AZALPENA

Botere publikoei dagokie baldintzak sustatzea, norbanakoaren eta taldeen askatasuna eta berdintasuna benetakoak eta eragingarriak izan daitezen; oztopoak kentzea, norbanako edo talde horien osotasuna eragotzi edo zailtzen badute; eta herritar guztien parte-hartzea erraztea, bizitza politiko, ekonomiko, kultural eta sozialean”.

Konstituzioaren agindu honetan (Espainiako Konstituzioaren 9.2 artikulua, testu beraren 10, 14 eta 49. artikuluei dagokienez) biltzen da, argi eta zuzen bildu ere, herritar guztiendako oztoporik gabeko esparru bat lortzeko jarduera publiko guztiak berezko duen xedea, alegia, guztiendako bizi kalitate duinaren berme egiazko eta benetakoa. Halaxe adierazten da gure Magna Cartaren atarian eta halaxe garatzen Lehen Tituluan; bata nahiz bestea legearen alderdi dogmatikoaren osagai dira, horrek dakarren funtsezko garrantziarekin.

Une horretatik aitzina handia izan da administrazio publiko guztiek ikuspegi ezberdinetatik egin duten ahalegina, baldintza egokiak sortzeko desgaitasuna dutenek herriko ekonomia, gizarte eta kultur bizian gainerako herritarren hein berean parte hartzeko behar dituzten berme osagarriak garatu beharrez.

Hartara, ikuspegi arauemaile batetik, 1982ko martxoaren 23an orduko Gorte Nagusiek Minusbaliatuak Gizarteratzeko 13/82 Legea onetsi zuten; lege esparru garrantzitsua izan da, azaroaren 29ko 1/2013 Legegintzako Errege Dekretuak ordeztu duena, hau da, Desgaitasuna duten pertsonen eskubideei eta horien gizarteratzeari buruzko Lege Orokorraren testu bategina onesten duenak. Hemen agertzen diren bi kontzeptu hauen inguruan ardazten dira gai honi buruzko gaur egungo berrikuntzak: bata, bizimodu beregaina, pertsona hauek komunitatean modu aktiboan parte har dezaten; eta bestea, ororen irisgarritasuna, esan nahi baita, inguruneek, produktuek eta zerbitzuek bete behar duten baldintza, jende guztiarendako ulergarri, erabilgarri eta egingarri izan daitezen.

Ildo berean, Europako Batasunak, bera eratu zuen Itunaren 13. artikulua garatuz, hainbat zuzentarau eman ditu –hala nola 2000/78/CE eta 2002/73/CE– funtsean guztiendako tratu berdintasunaren mesede.

Espainiako Konstituzioak, bere 49. artikuluan, eta pertsona hauetaz ari denean, botere publikoei agintzen die eman diezaieten behar duten arreta espezializatua eta eskubideak erabiltzeko babes berezia.

Trafikoari, Ibilgailu Motordunen Zirkulazioari eta Bide Segurtasunari buruzko Legearen testu artikuluduna onesten duen martxoaren 2ko 339/1990 Legegintzako Errege Dekretuaren 7. artikuluak aditzera ematen du zein diren, lege honi dagokionez, udalerrien eskuetan uzten diren eskumenak; zehatz-mehatz, hala dio haren b) atalak: “Zirkulazioko Udal Ordenantzen bidez, herri barruko bideetako erabilpenak arautu behar dituzte, eta hiru puntu ezkondu ondo: berdin banatu behar dituzte erabiltzaile guztien artean aparkalekuak; ibilgailuen trafikoa nahitaez erraza izan behar da, betiere oinezkoak kaleetatik ibili ahal izateko moduan, eta aparkaldi mugaturako neurriak ere ezarri behar dituzte, aparkaldiak txandaka egingo direla bermatzeko. Gainera, bereziki erreparatuko diete ibilgailuak erabiltzen dituzten mugikortasun urriko ezinduen beharrei, horien gizarteratzea errazteko.”

Desgaitasuna duten pertsonen eskubideei buruzko Lege Orokorraren testu bategina onesten duen azaroaren 29ko 1/2013 Legegintzako Errege Dekretuak 30. artikuluan dioenez, “Udalek neurri egokiak hartu beharko dituzte mugitzeko arazo larriak dituzten minusbaliatuek ibilgailua aparkatzeko erraztasuna izan dezaten”, eta agerian da lege hori tresna eraginkorra dela gizartean eta lanean integratzeko, garraio publikoa erabiltzeko mugikortasun arazo larriak dituen jende askori espazio eta zerbitzu komunitarioak eskura jartzen dizkielako haietara ibilgailu partikularretan, zein bere kabuz, iristen direnean, eta ailegatzen diren tokian aparkatzeko txartelaren abantailen onura hartzen dutela.

Irizpide bera du Europar Batasuneko Kontseiluak; izan ere, desgaitasuna dutenendako aukera berdintasuna aipatzen duenean bidezkotzat jotzen du mugikortasun murriztuko pertsona guztientzat neurri gehigarri zehatz batzuk izatea, haien integrazioa, lanean zein gizartean, laguntzeko. Hori dela eta, bidezkoa iruditzen zaio Europa osorako ekimen bateratua bideratzea desgaitasuna dutenei aparkatzeko txartelak emateko, haien zirkulazio librea bulkatu beharrez.

Azkenik, abenduaren 12ko 1056/2014 Errege Dekretuak oinarrizko baldintza batzuk ezartzen ditu desgaitasuna duten pertsonei aparkatzeko txartela emateko eta hura erabiltzeko, eta beste kasu batzuk jasotzen ditu txartel hori eskuratu ahal izateko, mugikortasun murriztua izatearenaz gain. Bestetik, errege dekretu horrek ezartzen du administrazio publiko eskudunek urtebeteko epea izanen dutela beren arauak haren aurreikuspenei egokitzeko.

ATARIKO TITULUA

Europar Batasuneko Kontseiluak 1998ko ekainaren 4an gomendio bat onetsi zuen Estatu kideentzat, desgaitasuna dutenendako aparkatzeko txartela sortu beharrez. Estatu kide guztiek onartutako eredu europar bakar baten araberakoa izan behar du, txartelen titularrek Europa guztian izan ditzaten aparkatzeko erraztasunak, zein herrialdetan dagoen pertsona hori, nazio hartako arauei jarraituz.

Barañaingo Udalak, sentiberatasuna erakusten ari baita aspalditik arazo honi dagokionez, txartelak ematen dizkie munusbalioa duten pertsonei, eremu guztietan aparkatu ahal izateko, betiere ibilgailuen nahiz oinezkoen trafikoari traba egiten ez badiote; hain zuzen ere, horiek araudi berrira egokitu beharrak ekarri du ordenantza hau.

Guztiok ezagutzen dugu aparkatzearen arazoa, bai udalerri honetan bai gainerako hiri handi zein tartekoetan. Hortaz, kontuan hartu beharko dira zenbait faktore baimen horiek emateko tenorean, bateragarriak izan daitezen ezgaitasuna dutenen eskubidea, joan behar diren tokitik hurbil aparkatzekoa, eta tokiko administrazioaren betebeharra, aparkatzeko toki mugatuak zuzen eta koherentziaz kudeatzeko.

1. artikulua. Lurralde eremua.

Ordenantza hau Barañaingo udal mugape guztian aplikatuko da; bertan arautzen dira desgaitasuna duten pertsonek aparkatzeko txartela erdiesteko egin behar diren tramiteak, baita horiek aparkatzeko jarri diren espazioak erabiltzeko baldintzak ere.

Era berean, desgaitasuna izanik mugikortasuna murriztua dutenei Europar Batasuneko gainerako administrazioek emandako aparkatze txartelak erabiltzeko eskubidea aitortu da Barañaingo Udalaren lurralde eremuan.

2. artikulua. Xedea.

Desgaitasuna duten pertsonak ibilgailuan doazenean aiseago aparkatzeko beharrezkoak diren jarduketak antolatzea du xede; betiere, indarra duen araudiak kasu bakoitzean ezarritako baldintzak betez gero.

Era berean, desgaitasuna duten pertsonen joan-etorriak erraztu gogo dira, beste ibilgailuek aparkatzea debekatuta duten tokietan haienak aparkatzeko baimenduz, zirkulazioa larri galarazten ez badute; aparkatzeko tokien sorrera eta aparkatzeko toki erreserbatuak arautzea desgaitasuna duten pertsonentzat; eta desgaitasuna dutenak, gidari edo bidaiari huts izan, eramaten dituzten ibilgailuak aparkatzeko txartelen erabilera eta horiek emateko prozedura arautzea eta Kontseiluak 1998ko ekainaren 4an eman gomendioaren bidez Batasunerako onetsitako eredura egokitzea.

3. artikulua. Aparkatzeko txartelen kontzesioa. Eskumena.

Alkatetzari dagokio aparkatzeko txartela emateko eta gai honen gaineko zehapen ahalmena erabiltzeko eskumena.

Gainera, Alkatetzari ahalmena ematen zaio, behar den informazio batzordeak aitzinetik txostena eginda, arau hauetako atalak osatzeko behar diren barne xedapenak emateko.

Udaltzaingoak eginen ditu zaintza eta kontrol lanak txartelen erabileraren gainean eta aparkatzeko tokien erreserben gainean.

4. artikulua. Desgaitasuna dutenek aparkatzeko erreserba berezien sorrera.

Desgaitasuna duten pertsonek erabiltzen dituzten ibilgailuak aparkatzeko erreserba bereziak sortzen ahalko dira, aparkatzeko txartela berezia badute, eta inguruabar hauei begiraturik:

a) Eskaera sektorial handiari erantzutea, erabiltzaileentzat erakarmen gehien duten tokietan.

b) Premia pertsonalari erantzutea, bizitokiaren edo lantokiaren ondoan.

Barañaingo Udaleko Herritarrendako Laguntza Bulegoan aurkeztuko dira erreserba berezien eskakizunak, aparkatzeko tokiak sortzeko desgaitasuna duten pertsonentzat, eta Alkatetzaren ebazpenaren bidez sortuko dira, Udaltzaingoak aurretik txostena eginda, eta aurreko paragrafoko inguruabarrei begiraturik.

Norbanakoak nahiz talde batek eskaturik sortuko dira erreserbak, eta orobat ofizioz udal zerbitzu teknikoek edo Udaleko beste edozein organok eraginik.

Erreserbak ez dira modu esklusiboan erabiltzeko, ez eta norbanako batek eskatuak direnean ere; aldiz, desgaitasuna duen edonork erabiltzen ahalko ditu, aparkatzeko txartel berezia izanez gero.

Udalak beretako gordeko du erreserbak kentzeko, lekuz aldatzeko edo espazioz nahiz denboraz murrizteko eskubidea, erabiltzen ez badira edo hiriko trafikoaren garapen egokiari kontra egiten badio.

Udaleko Hirigintzako Alorrak seinalatuko ditu desgaitasuna duten pertsonek erabiltzen dituzten ibilgailuak aparkatzeko erreserbatzen diren espazioak; horretarako, irisgarritasunaren nazioarteko ikurra paratuko da lurrean eta zutikako seinale bat ere bai, ikusteko maneran, aparkatzeko txartela ez duten ibilgailuak aparkatzea debekatzen duena.

5. artikulua. Aparkatzeko txartela lortzeko eskubidearen titularrak.

Desgaitasuna duten pertsonendako aparkatzeko txartelaren titularrak izan daitezke:

1.–Ondoko egoera hauetakoren batean dauden pertsona fisiko desgaituak:

a) Desgaitasun maila aitortu, onartu eta kalifikatzeko prozedurari buruzko abenduaren 23ko 1971/1999 Errege Dekretuaren II. eranskinean jasotakoaren araberako mugikortasun murriztua dutenak.

Aipatu eranskinean jasotako baremoaren arabera, nahitaezkoa da A, B edo C ataletan deskribatutako egoeretakoren batean egotea, edo gutxienez 7 puntuko puntuazioa lortzea gainerako ataletako (D, E, F, G eta H) puntuak batuta.

b) Begirik onenean begi-zorroztasuna 0,1 edo gutxiago dutenak leiar zuzentzaileekin, edo ikusmen eremua 10 gradutara edo gutxiagora murriztua.

Bi egoera horiek desgaitasun maila kalifikatzeko eta aitortzeko talde multiprofesionalaren irizpena jaso behar dute.

2.–Autonomia pertsonala sustatzeko eta mendekotasun egoeran dauden pertsonei laguntzeko abenduaren 14ko 39/2006 Legeak jasotzen duenaren arabera, desgaitasuna duten pertsona taldeak garraiatzera soilik bideratutako ibilgailuak dituzten pertsona fisikoak eta juridikoak, autonomia pertsonala sustatzeko eta mendekotasunari arreta egiteko gizarte zerbitzuak ematen dituztenean. Halaber, Desgaitasuna duten pertsonen eskubideei eta horien gizarteratzeari buruzko Lege Orokorraren testu bateginak (azaroaren 29ko 1/2013 Legegintzako Errege Dekretuak onartua) aipatzen dituen gizarte zerbitzuak.

6. artikulua. Aparkatzeko txartelaren ezaugarriak eta hura erabiltzeko baldintzak.

Europar Batasunaren erabakian zehazturik daude aparkatzeko txartelen ezaugarriak.

Aurreko artikuluko 2. atalean jasotzen den kasuan, txartel bakoitza matrikula zenbaki bati loturik egonen da, eta ibilgailu hori mugikortasuna murrizturik duten pertsona taldeak garraiatzeko soilik erabiliko da. Txartela baliozkoa izanen da, soilik, ibilgailuan halako pertsonak garraiatzen direnean egiazki.

Aparkatzeko txartela erabiliko bada, titularrak txartel hori jasotzeko beharrezkoak diren baldintzak mantendu beharko ditu.

Aparkatzeko txartela erabiltzeko, baldintza hauek bete beharko dira:

6.1. Txartela norberarena baino ez da; erabiltzeko, titularra eraman beharko da ibilgailuan edo desgaitasuna duen titularrak berak gidatu beharko du.

6.2. Aurreko haizetakoan paratu beharko da txartela, haren aurreko aldea ibilgailuaren kanpotik irakurtzeko maneran dela. Agintari eskudunak edo agenteek eskatuz gero, azter dezaten utziko zaie.

6.3. Horretarako berariaz seinalatutako tokietan aparkatzeko balioko du, bai eta aparkatzeko debekua dagoen tokietan ere behar-beharrezko denboran eta betiere udaltzainen oharrei kasu eginik. Halakoak direnean ez da aparkatzerik izanen:

–Oinezkoendako eremuak, nasak edo espaloiak eta oinezkoendako pasabideak.

–Gelditzeko debekua dagoen tokietan.

–Pasabideak edo larrialdiko irtenbideak oztopatzen diren tokietan.

–Zirkulazio lerroak murrizten dituzten tokietan (“bigarren ilara”).

–Autobus publikoaren geralekuetan.

6.4. Ibilgailua aparkatzen ahalko da, nahitaezko denboran, aparkatzeko debekua dagoen tokietan, zintarriaren ondoko lerroan, betiere baldintza hauek betetzen badira:

–Trafikoari traba larria egiten ez bazaio.

–Zintarriarekin paraleloan aparkatzen bada.

–Sakangune baten pasabidea trabatzen ez bada, baimendutako ordutegian.

–Izkinetan, bihurguneetan eta aldats aldaketetan ikuspegia trabatzen ez bada.

–Oinezkoendako pasabide seinalatua oztopatzen ez bada, oinezkoari 1,50 metroko zabalera utzi behar baitzaio libre.

6.5. Orobat, aldi baterako aparkatze murriztuko eremuan (ZERT) aparkatzen ahalko dute ibilgailua.

7. artikulua. Aparkatzeko txartela emateko prozedura.

7.1. Barañaingo Udaltzaingoaren lana izanen da txartela emateko prozedura ireki eta tramitatzea.

7.2. Eskaera.

A.–Webgunearen bidez edo Barañaingo Udaleko Herritarrarendako Harrera Bulegoan eskuratzen ahalko da eskaeraren inprimaki normalizatua. Hura betetakoan bulego horretan aurkeztu beharko da, eskatzen diren agirien kopia behar bezala eginbidetuekin batera.

Titularrak berak edo bere legezko ordezkariak eskatu ahalko du. Ordenantza honen 5. eta 10. artikuluetan ezarritako baldintzak betetzen dituen norbait izanen da beti txartelaren titularra.

B.–Honako hau da eskaerarekin batera aurkeztu beharreko dokumentazioa:

a) Eskatzailearen NANaren fotokopia (minusbalioa duen pertsona).

b) Legezko ordezkaria izatera, horren frogagiria eta haren NANaren fotokopia.

c) Eskubidearen titularraren bi argazki, berri samarrak eta nortasun agirikoaren tamainakoak.

d) Udal mugapean bizi dela edo lantokia bertan duela egiaztatzen duen agiria.

e) Eskaera desgaitasuna duen pertsona fisikoak egiten badu, desgaitasuna duen pertsona dela eta mugikortasun murriztua duela ofizialki egiaztatzen duen ziurtagiria, edo begirik onenean ikusmen-zuzenketarekin 0,1eko edo gutxiagoko ikusmen-zolitasuna duela edo 10 graduko edo gutxiagoko ikuseremua duela ofizialki egiaztatzen duen ziurtagiria, 5. artikuluko 1. atalean jasotako baldintzetan. Dokumentazioa desgaitasun maila kalifikatzeko eta aitortzeko talde multiprofesionalek bete beharko dute.

f) Ordenantza honen 5. artikuluko 2. atalean aipatu bezala, pertsona fisiko edo juridikoek txartela eskatzen badute desgaitasuna duten pertsona taldeak garraiatzeko, dokumentazioa aurkeztu beharko dute, frogatzeko mendekotasuna dutenei arreta emateko eta autonomia pertsonala sustatzeko gizarte zerbitzuak ematen dituztela.

g) Behin-behineko txartela eskatzen bada: osasun zerbitzu publikoetako mediku fakultatiboek betetako ziurtagiria, eskatzailea bizi den lekuaren arabera eskumena duten osasun zerbitzuetako ikuskaritzak baliozkotua.

h) Txartela berritu nahi denean, iraungitako txartela.

i) Ibilgailuaren dokumentazioa, ordenantza honen 5.2 artikuluaren kasuan.

j) Eskatzailearen gidabaimena, halakorik badu.

Dena den, txartela eman aurretik, Udalak beharrezkoa baderitzo, Nafarroako Gobernuan arlo horretako departamentu eskudunari txostena eskatzen ahalko dio, eskatzaileak txartela eskuratzeko baldintzak biltzen dituela frogatzen duena, edo argibideak eskatzen ahalko dizkio eskatzaileak aurkeztutako dokumentazioaren gainean.

7.3. Aurkeztutako dokumentazioa azterturik, Udaltzaingoak ebazpen proposamena aurkeztuko dio aparkatzeko txartela emateko eskumena duen organoari, gehienez ere hilabetez aurkeztu ere aparkatzeko txartelaren eskaerari Udaleko erregistroan sarrera eman zaionez geroztik.

7.4. Aparkatzeko txartela onarturik, titularrari aurkeztuko zaio sina dezan; gero, Udalak plastifikatu eta interesdunaren edo haren ordezkariaren eskutan utziko du.

7.5. Txartelarekin batean, Udalak hura erabiltzeko baldintzen laburpena utziko du eskatzailearen eskutan.

8. artikulua. Balioaldia.

Aparkatzeko txartelen balio epea honako hau izanen da: bost urte.

Epe hori bukatu aurretik, txartela berritzeko eskaera egin beharko da. Txartela berritzeko, ezinbestekoa izanen da titularrak txartela jasotzeko eskatzen zitzaizkion baldintzak betetzea.

Txartela berritzeko eskabidea aurkeztearekin batera, aurretiaz emandako txartelaren balio epea luzatuko da prozedura ebatzi arte.

Txartela jasotzeko eskubidea ematen duen desgaitasun mailaren balorazioa berrikusteko epea artikulu honetan aipatutako balio epea baino epe motzagoa bada, txartelaren balio epea bat etorriko da desgaitasun maila berrikusteko falta den denbora tartearekin.

9. artikulua. Txartela berritzea.

1.–Iraungi baino hiru hilabete lehenago egin beharko du eskaera interesdunak, epea bukatzen den egunean txartel berria eskuratu ahal izateko.

2.–Berritzeko eskabidea ordenantza honen 8. artikuluan xedatuari jarraikiz eginen da.

3.–Aurkeztutako dokumentazioa azterturik, Udaltzaingoak txartel berria emanen dio titularrari, zaharra utzita.

4.–Txartel berriak zaharraren zenbaki bera izanen du.

5.–Txartela ebatsi, hondatu edo galduz gero, berria atera beharko da. Ebatsiz gero, interesdunak salaketaren frogagiria aurkeztu beharko du. Hondatuz gero, interesdunak txartel hondatua aurkeztu beharko du. Udaltzaingoak txartel zaharraren iraungitze data berarekin luzatuko du berria.

6.–Orobat, ibilgailuaren titular aldaketa gertatzen denean berrituko da, edo ibilgailua aldatzen bada, ordenantza honen 5.2 artikuluaren kasuan.

10. artikulua. Aparkatzeko txartela, behin-behinekoa.

Arrazoi humanitarioak kontuan hartuz, salbuespen gisa, automobilak aparkatzeko behin-behineko txartelak emanen zaizkie mugikortasun murriztua duten bizilagunei, nahiz eta aipatu mugikortasun murriztu hori ofizialki emana izan ez, haien adinerako eta gainerako egoera pertsonaletarako normaltzat jotzen den bizi-itxaropena argi eta garbi nabarmen murriztea dakarren larritasun handiko gaixotasunagatik edo muturreko patologiagatik, betiere, aparkatzeko txartela ohiko bidetik tramitatzeko denborarik ez dagoenean.

Halako egoerak osasun zerbitzu publikoek emandako ziurtagiriaren bidez egiaztatuko dira. Ziurtagiria eskatzailearen bizilekuko osasun zerbitzu eskudunen ikuskaritzak baliozkotu beharko du.

Aparkatzeko txartel hau urtebeterako emanen da gehienez ere, eta epe bererako luzatzen ahalko da, emateko eskatutako hasierako baldintzak mantentzen baldin badira.

Txartel hori emateko, Udalak beharrezko jarduketak egiten ahalko ditu eskatutako baldintzak betetzen direla egiaztatzeko.

11. artikulua. Arau-hausteak eta zehapenak.

Ordenantza honek ezarritakoari kontra egiten dioten eginak eta ez eginak arau-hauste izanen dira eta behar bezala zehatuko dira.

Arau-hausteak arinak, larriak eta oso larriak izan daitezke.

Aparkatzeko txartela behar ez bezala erabiltzeak hura kentzea ekartzen ahalko du, izan daitezkeen erantzukizun administratibo, zibil edo penalak galarazi gabe.

11.1. Arau-hauste arinak.

Hauek izanen dira arau-hauste arinak:

1.–Txartela osoki ikusteko maneran ez paratzea.

2.–Txartelean paperen bat edo beste zeren bat paratzea, haren daturen bat ezkutatzen duena.

3.–Herri honen barnean bizilekua aldatuz gero, horren berri ez ematea horretarako ezarritako epean.

4.–Ibilgailua aparkatzeko toki batean utzi, hala etorkikoa nola helmugakoa, eta 96 orduko epean handik ez mugitzea.

5.–Ordenantza honetako beste edozein arau-hauste, larria edo oso larria ez bada.

11.2. Arau-hauste larriak.

Hauek izanen dira arau-hauste larriak:

1.–Titularra ez den beste norbaiti txartela lagatzea, mailegatzea edo uztea.

2.–Mugikortasunean hobekuntzarik izanez gero, horren berri ez ematea horretarako ezarritako epean.

3.–Txartela ez itzultzea, horretarako errekerimendua egin bazaio.

4.–Minusbaliatuen aparkatzeko txartela erabiltzea, haren titularra izan gabe.

5.–Izatez nahiz zuzenbidez bizilekua aldatuz gero herri honetatik kanpora, horren berri ez ematea horretarako ezarritako epean.

6.–Txartela erabiltzea indarra galdu duenetik hiru hilabete baino gehiago iraganik. Halakoetan, udaltzainek txartela kentzen ahalko diote badaezpadako neurri gisa, harik eta titularrak frogatzen duen arte ezin izan duela epearen barnean berritu.

7.–Urtean hiru arau-hauste arin egitea.

11.3. Arau-hauste oso larriak.

Hauek izanen dira arau-hauste oso larriak:

1.–Txartel faltsutu eta/edo manipulatu bat erabiltzea, hortik etor daitezkeen erantzukizun penalez aparte.

2.–Bi urtean hiru arau-hauste larri egitea.

11.4. Arau-hausteen preskripzioa.

Arau-hauste arinek sei hilabeteren buruan preskribatzen dute, eta larriek zein oso larriek sei hilabeteren buruan.

Preskripzio epea egitateak gertatzen diren egunetik hasten da kontatzen.

Preskripzioa etenen da administrazioaren edozein jarduketagatik, salatuak horren berri badu edo salatua nor den edo non bizi den jakitea helburua badu eta, zein dependentziatan sortzen den, hortik kanpoko proiekzioarekin egiten bada. Orobat etenen da preskripzioa, horren jakinarazpena egiten badu agintaritzaren agente batek.

Preskripzioak jarraipena izanen du prozedura hilabete baino gehiago geldiarazten bada, salatuari egozten ahal ez zaizkion arrazoiengatik.

11.5. Zehapenak.

Arau-hauste arin bat egiteagatik, zehapena 100 euro arteko isuna izanen da.

Arau-hauste larri bat egiteagatik, zehapena 200 euro arteko isuna izanen da. Halaber, txartela aldi baterako kentzea ekartzen ahalko du, gehienez ere hiru hilabetez, hain zuzen ere.

Arau-hauste oso larri bat egiteagatik, zehapena 1.000 euro arteko isuna izanen da, eta zehatuek txartel berria eskatu beharko dute.

Garabiak eraman ahalko ditu leku erreserbatu batean aparkaturik dauden ibilgailuak, aparkatzeko txartelik ikusgai ez badute edo txartelaren datu guztiak ikusteko maneran ez badaude. Ibilgailua altxatokitik eramateko, aitzinetik behar den tasa ordaindu beharko da ibilgailua kendu, egon eta gordetzeagatik; tasa horrek ez du inondik ere zehapen izaerarik.

11.6. Zehapenen mailakatzea.

Zehapenen zenbatekoa honen araberakoa izanen da: egitatearen larritasuna eta garrantzia, arau-hausleak gai horretan dituen aurrekariak edo behin baino gehiagotan egin ote duen, zuzenean nahiz zeharka egin duen kaltea, eta proportzionaltasun irizpidea.

Salaketa egiten duen udaltzainak emanen du salatzen diren egitateen eta horren inguruko xehetasunen berri, zehapena behar bezala mailakatzeko.

11.7. Zehapenen preskripzioa.

Diruzko isunak diren zehapenen preskripzio epea lau urtekoa izanen da; aldiz, gainerako zehapenena, urtebetekoa. Zehapena ezartzen duen ebazpenak administrazio bidean irmo bilakatu eta biharamunetik aurrera kontatuko da.

Interesduna jakinaren gainean egonik betearazpen prozedura hasteak preskripzioa etenen du eta berriz ere epea iraganen da, prozedura hilabete baino gehiago geldiarazten bada, salatuari egotzi ahal ez zaizkion arrazoiengatik.

12. artikulua. Zehatzeko prozedura.

Alkatetzak ezarriko ditu zehapenak, kontuan harturik ordenantza honetan ezarritakoa, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legean zehapen prozeduraz agertzen diren arauak, haietaz gero egin diren aldaketak eta haien erregelamenduzko garapena.

Prozedura hasi zenetik urtebete iragan eta ez bada zehatzen duen ebazpenik eman, hura iraungi eginen da eta jarduketak artxibatuko ditu ebazpena emateko organo eskudunak, edozein interesdunek eskatuta edo ofizioz.

Prozedura geldiarazten bada jurisdikzio penalak egitateen berri izateagatik, iraungitze epea eten eginen da, eta berriz ere hasiko da beste urtebeteko iraungitze epea, ebazpen judizialaren organo eskudunari jakinarazi ondoan.

XEDAPEN IRAGANKORRA

Ordenantza honek indarra hartzen duen egunean Barañaingo Udalak emanda dituen txartel guztiek, bost urtetik gorako balioaldia badute, balio horri eutsiko diote beren epemugara arte; betiere, titularrak hura lortzeko eskatzen ziren baldintzak betetzen jarraitzen badu.

AZKEN XEDAPENA

Indarra hartzea

Behin betikoz onetsi ondoan, ordenantza honek Nafarroako Aldizkari ofizialean osorik argitaratu eta hamabost egunera hartuko du indarra, eta indarrean iraunen du harik eta Udalak osoko bilkuran espresuki indargabetzen duen arte.

Iragarkiaren kodea: L1515584