2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK
UHARTE
Ordenantza fiskala, Eraikuntza, instalazio eta obren gaineko zerga arautzen duena. Behin betiko onespena
Uharteko Udalak, 2015eko urriaren 29an egin bilkuran, hasiera batean onetsi zuen Eraikuntza, instalazio eta obren gaineko zerga arautzen duen ordenantza fiskala.
2015eko 221. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, azaroaren 6an, bai eta Udalaren iragarki oholean ere, eta legezko epea iraganik inork erreklamaziorik aurkeztu gabe, testu osoa argitara ematen da honen ondotik, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunean berean indarra har dezan.
Uharten, 2015eko abenduaren 15ean.–Alkate udalburua, Alfredo Javier Arruiz Sotes.
ORDENANTZA FISKALA, ERAIKUNTZA, INSTALAZIO ETA OBREN GAINEKO ZERGA ARAUTZEN DUENA
Oinarria
1. artikulua. Ordainarazpen hau ezarri da Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legearen II. Tituluko V. Kapituluko 167.etik 171.era bitarteko artikuluetan, biak barne, xedatutakoaren babesean.
Zergapeko egintza
2. artikulua. Zerga honen zergapeko egintza da udal mugapean zernahi eraikuntza, instalazio edo obra egitea, baldin hartarako beharrezkoa bada hirigintza edo obra lizentzia bat, lizentzia hori erdietsia izanik ala izan gabe, edo erantzukizuneko aitorpenaren edo hartarako aurretiazko komunikazioaren aurkezpena eskatzen bada, baldin eta Udalari badagokio lizentzia ematea edo kontrola.
Zergari atxikitako zergapeko egintzatzat har daitezke hauek:
1. Edozein motatako eraikinak eta instalazioak, oin berrikoak, egiteko obrak.
2. Lehendik dauden eraikinak edo instalazioak handitzeko obrak.
3. Lehendik dauden eraikinen edo instalazioen egitura edo kanpoko itxura ukitzen duten obrak, aldatzekoak edo berritzekoak.
4. Eraikinen barneko egitura aldatzen duten obrak, edozein izanik ere duten erabilera.
5. Behin-behinekoz egin beharreko obrak.
6. Zerbitzu publikoak paratzeko obrak.
7. Lur mugimenduak, hala nola, zelaitzeak, hondeatzeak eta betelanak, baldin onetsia edo baimendua den urbanizazio edo eraikitze proiektu barneko obra gisa zehaztu eta programatu ez badira.
8. Finkak ixtea.
9. Eraikinak botatzea, aurri egoeran deklaratuak izan ezik.
10. Zorupea ukitzen duten obrak edo instalazioak.
11. Eremu publikotik ikusten diren propagandako kartelak paratzea, betiere lokal itxietan ez badaude.
12. Zernahi obra, eraikuntza edo instalazio, ahalmen ekonomiko baten adierazgarri diren baliabide ekonomikoen inbertsioak ekartzen dituztenak eta obra edo hirigintza lizentziari lotuak, edo erantzukizuneko aitorpena edo aurretiazko komunikazioa behar dutenak.
Salbuespenak
3. artikulua. Salbuetsita daude:
1. Zernahi eraikin, instalazio edo obra egitea salbuetsirik egonen da baldin eta horien jabeak badira Estatua, Nafarroako Foru Komunitatea, autonomia erkidegoak, edo toki entitateak, eta baldin, zergapekoak direlarik ere, zuzenean erabiltzekoak badira errepide, burdinbide, aireportu, lan hidrauliko, hiri saneamendu edo haien hondakin uren saneamendurako, nahiz eta erakunde autonomoek kudeatzen dituzten, dela eraikuntza berriko lana, dela kontserbaziozkoa.
2. Salbuetsirik egonen dira, baita ere, ondoko jabeak dituzten eraikuntzak, instalazioak eta obrak:
a) Nafarroako Foru Komunitatearen Administrazioak bere helburuak betetzeko sortu dituen entitate juridikoak, betiere eraikuntzak, instalazioak edo obrak erabilera edo zerbitzu publiko bati loturik badaude.
b) Udalerrien mankomunitateak eta batasunak, betiere Uharteko Udala kide bada, bai eta helburuak betetzeko sortzen dituzten entitate juridikoak ere.
3. Tasa hauek direla medio Telefónica de España SAU enpresari egokitu lekiokeen ordainketa dirutan egin beharreko urteko ordainaz ordezkatzen da, Nafarroako Foru Erkidegoan Espainiako Telefono Konpainia Nazionalak behar duen tributu araubidea ezarri zuen abenduaren 29ko 11/1987 Foru Legeak xedatutakoarekin bat.
Subjektu pasiboak
4. artikulua. 1. Zerga honen subjektu pasiboak honako hauek dira, zergadun gisa: pertsona fisiko nahiz juridikoak, herentzia banatu gabeak, ondasun elkarteak, eta nortasun juridikorik ez dutelarik, obraren jabetasuna duten beste entitate, unitate ekonomikoa edo ondare banandua osatzen dutenak.
2. Uharteko Udalaren aitzinean argi eta garbi egiaztatzen ez bada obren jabea obra horretako eraikinaren jabeaz beste pertsona edo entitate bat dela, eraikinaren jabea hartuko da obren jabetzat.
5. artikulua. Zergadunaren ordezko subjektu pasiboak dira hartarako lizentzia eskatu, erantzukizuneko aitorpena edo aurretiazko komunikazioa aurkeztu edo eraikuntza, instalazio edo obrak egiten dituztenak, ez baldin badira zergadunak berak.
Zerga-oinarria
6. artikulua. Zerga-oinarria eraikin, instalazio edo obraren kostu erreal eta benetakoa da.
Kostu erreal eta benetakoa izanen da exekuzio materialari dagokiona, eta horren zati ez dira ez balio erantsia, ez tokiko tributuak edota prezio publikoak eta tokiko izaera publikoko ondareko gainerako prestazioak, horiek eraikuntza, instalazio edo obra alorrekoak badira, ez eta profesionalen ordainsaria, kontratistaren enpresa-mozkina edo beste edozein kontzeptu, hori obra gauzatzeko kostuan hertsiki sartzen ez bada.
Kuota
7. artikulua. Zerga honen kuota izanen da zerga-oinarriari ordenantza honetako eranskineko karga mota ezartzetik heldu dena.
Sortzapena
8. artikulua. Zerga hau, eraikuntza, instalazioa edo obra hasten delarik sorrarazten da, nahiz eta hartarako lizentziarik lortu ez den edo erantzukizuneko aitorpena edo aurretiazko komunikazioa aurkeztu ez den.
Zergaren kudeaketa
Kudeaketa arauak.
9. artikulua. 1. Hasiera batean autolikidazio araubidean eskatuko da eraikuntza, instalazio eta obren gaineko zerga, kasu hauetan: tramitazio laburtuko araubideari lotutako lizentziak, tramitazio bereziko lizentzia jakinaraziak eta erantzukizuneko aitorpena edo aurretiazko komunikazioa behar duten obrak direnean. Gainerako kasuetan, zerga arloko administrazioak eginen du behin-behineko likidazioa. Obrak bukatutakoan, zerga arloko administrazioaren eskumena izanen da zergaren behin betiko likidazioa egitea, betiere ordenantza honetan aurreikusitako kudeaketa arauekin bat.
2. Autolikidazioaren araubidea aplikatzen den kasuetan, subjektu pasiboek autolikidazioa egin beharko dute udal administrazioak eskura jartzen dituen inprimakietan. Betebehar hori ez betetzea tributu arloko arau-haustea da, Kudeaketaren, diru-bilketaren eta ikuskatzailetzaren ordenantzaren IV. kapituluan xedatzen denaren arabera zehatzen ahal dena.
Tramitazio laburreko araubideari lotutako lizentzien kasuan edo lizentzia jakinarazien araubide bereziari lotutakoen kasuan eskatzaileak ondokoak aurkeztu beharko ditu, lizentzia-eskabidearekin batera: autolikidazioko agiria, behar bezala beterik, eta ordainagiria. Autolikidazioa ordaintzeak ez dakar berekin lizentzia ematea, eta ordaindu izanaren gaineko ziurtagiria erretiratu beharra dago, behin bideratu eta gero, lizentzia kudeatzen duen bulegotik.
Erantzukizuneko aitorpena edo aurretiazko komunikazioa aurkezteko eskatzen den obretan, aitorpenarekin edo komunikazioarekin batera autolikidazioko agiria aurkeztuko da, behar bezala betea, bai eta ordainagiria ere.
3. Subjektu pasiboak aurkezten duen hasierako autolikidazioaren ordainketa edo zerga arloko administrazioak onetsitako hasierako likidazioarena behin-behinekoa izanen da, eta behin betiko ordaindu behar duen kopuruaren konturakoa.
10. artikulua. 1. Nahitaezko lizentzia eman edo erantzukizuneko aitorpena nahiz aurretiazko komunikazioa aurkezten denean, interesdunek aurkezten duten aurrekontuaren arabera zehaztuko da autolikidazioaren zerga-oinarria edo hasierako likidazioa, betiere dagokion elkargo ofizialak ikus-onetsi badu, hura nahitaezko baldintza denean. Bestelakoetan, udal teknikariek zehaztuko dute zerga-oinarria, egitasmoaren kostu zenbatetsian oinarrituta.
2. Eraikuntza, instalazioa edo obra egiteko proiektua aldatzen bada, eta horren aurrekontuak goiti egiten badu, behin Udal Administrazioak aldaketa onartu eta gero, zergaren likidazio osagarri bat onetsiko da, hasierako aurrekontuaren eta aldatuaren arteko aldea dela eta.
11. artikulua. 1. Behin eraikuntzak, instalazioak eta obrak bururatu eta egiazki egin direnak ikusita, gehienez ere hiru hilabeteko epean haien amaiera edo behin-behineko onarpenetik aitzina, tributudunak deklarazio bat aurkeztuko du inguruabar hori azalduz eta eraikuntzaren, instalazioaren edo obraren benetako eta egiazko kostua adieraziz, eta, deklarazioarekin batera, obraren zuzendari eskudunak haren gainean emandako egiaztagiria, betiere dagokion elkargo profesionalak ikus-onetsia, eta, halakorik behar izatera, kostu hori egiaztatzeko fakturak edo bestelako agiriak, 12.3. artikuluan aipatzen baitira. Tramitatu behar baldin bada jarduera baten abiatzea edo eraikin edo instalazioen lehen erabilera, dokumentazio hori behar den lizentziaren eskaerarekin batera aurkezten ahal da, edo dagokion erantzukizuneko aitorpena edo aurretiazko komunikazioa aurkezten delarik.
2. Subjektu pasiboak behartuta daude bukatutako eraikuntza, instalazio edo obren benetako kostuaren gaineko aitorpena aurkeztera, nahiz eta hasierako autolikidaziorik aurkeztu ez eta Administrazioak kontzeptu hori dela medio aurrez ordaintzeko ez errekeritu.
3. Behin benetako kostua ezagututa, eta administrazioak egitekoa den egiaztapena eginik, zerga arloko administrazioak behin betiko likidazioa eginen du, subjektu pasiboak hasieran autolikidatutako kuotarekin dagoen diferentzia positibo edo negatiboaren gainean, halako eran non, behar izatera, subjektu pasiboari behar den kopurua galdatu edo itzuliko baitzaio.
4. Eraikuntzen, instalazioen edo obren bukaerako datatzat joko da Zuzenbidean onargarri den edozein frogabide erabilita xedatzen ahal dena, eta partikularki, haiek zer xede edo erabileratarako aurreikusi eta gerora inongo jarduketa material egin gabe horiek betetzeko prestaturik dauden uneari dagokiona.
5. Baldin eta eraikuntzak, instalazioak edo obrak gauzatu bitartean zergaren subjektu pasiboen aldaketa edo ordezkapena gertatzen bada, bukaerako likidazioa obrak noiz amaitu eta data horretan subjektu pasiboa denari eginen zaio.
12. artikulua. 1. Udal Administrazioak egiaztatuko du autolikidazioak ordenantza honetako arauak zuzen aplikatuz egin direla eta, beraz, kalkulatutako oinarri eta kuotak arau horien emaitza dela. Xede horrekin, Udal Administrazioak kasu guztietan egiaztatuko du autolikidazioetan jarritako oinarria dela interesdunek kasuan-kasuan aurkeztutako aurrekontuan, fakturetan edo kostu erreala justifikatzen duen ziurtagirietan agertzen den bera.
2. Udalaren Administrazioa autolikidazioekin ados ez badago, likidazioak eginen ditu, gaizki aplikatutako kontzeptuak edo datuak eta akats aritmetikoak zuzenduta, berandutzaren interesak kalkulatuko ditu eta behar diren zehapenak ezarriko ditu. Orobat, subjektu pasiboak deklaratzen ez dituen zergapeko egintzen likidazioa eginen du.
3. Udal Administrazioak errekerimendu egiten ahalko dio subjektu pasiboari, eraikuntza, instalazio eta obren kostu egiazkoa jaso dezan, hala nola behin betiko aurrekontua, obren ziurtagiria, exekuzio kontratuak, proiektuari dagokion kontabilitatea, obra berriaren deklarazioa edo bestelako edozein dokumentu. Eskatutako agiriak aurkeztu ezean, edo osatu gabe aurkezten badira, edo haietatik ezin bada atera benetako eta egiazko kostua, Udal Administrazioak zerga-oinarria zedarrituko du, Tributuei buruzko abenduaren 14ko 13/2000 Foru Lege Orokorrean ezarritako prozedurarekin bat.
4. Kontu-hartzailetzako eta Hirigintzako udal alorrek elkarri emanen diote lizentziarik gabe edo erantzukizuneko aitorpenik edo aurretiazko komunikaziorik gabe gauzatutako eraikuntza, instalazio eta obren ondoriozko jardueren berri.
13. artikulua. Lizentziaren titularrak edo aitortzaileak uko egiten badio baimendutako eraikuntza, instalazio edo obrak egiteari, espresuki eta idatziz egin ere, Udal Administrazioak zerga honen kontura ordaindutako zenbatekoak itzuliko dizkio.
Orobat, behin lizentzia bat iraungita, Udal Administrazioak zenbateko horiek itzuliko ditu, salbu lizentziaren titularrak hori berritzeko eskatu eta Udalak baimentzen badu.
Arau-hausteak eta zehapenak
14. artikulua. Tributu arloko arau-hausteen kalifikazioari nahiz kasu bakoitzean horien ondorioz ezarri behar diren zehapenen xedapenari dagokien orotan, Kudeaketaren, diru-bilketaren eta ikuskapenaren ordenantza fiskalean xedatuari eginen zaio men.
TARIFEN ERANSKINA
Karga-tasa
Ondoko tasa ezarri da: 5,00.
Iragarkiaren kodea: L1516096