Iragarkia
251. ALDIZKARIA - 2015eko abenduaren 18a
2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK
UHARTE
Ordenantza, Obra txikietarako hirigintza lizentziak arautzen dituena. Behin betiko onespena
Uharteko Udalak, 2015eko urriaren 29an egin bilkuran, Obra txikietarako hirigintza lizentziak arautzen dituen udal ordenantza onetsi zuen hasiera batez.
2015eko 221. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, azaroaren 6an, bai eta Udalaren iragarki oholean ere, eta legezko epea iraganik inork erreklamaziorik aurkeztu gabe, testu osoa argitara ematen da honen ondotik, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunean berean indarra har dezan.
Uharten, 2015eko abenduaren 15ean.–Alkate udalburua, Alfredo Javier Arruiz Sotes.
UDAL ORDENANTZA, OBRA TXIKIETARAKO HIRIGINTZA LIZENTZIAK ARAUTZEN DITUENA
ZIOEN AZALPENA
Hirigintza arloan partikularrek egiten dituzten jardueretan udal administrazioak egiten duen esku-hartzearen xedea da aldez aurretik egiaztatzea jarduera hori egokitzen ote den indarrean den hirigintza antolamendura eta sektore horretako araudira, eta ondotik dagokion lizentzia ematea.
Hirigintza lizentzia Udalak ematen duen baimen arautua da, hirugarrenei kalterik egin gabe, obren exekuzioa eta hirigintzako tresnek aurreikusi dituzten erabileren ezarpena onartzen dituena.
Administrazioak esku-hartzeko teknika horrek eraikuntza egintzen eta lurzoruaren bestelako erabileren kontrola du oinarri, horiek legalitateari eta hirigintzako planeamenduari men egiten diotela bermatze aldera.
Hirigintza arloan, ohikoa da obra handien eta obra txikien arteko bereizketa, eta haien mugak zedarritzeko, jurisprudentziak kontzeptu orokorrak erabili ditu. Horrekin bat, obra txikitzat hartu izan dira teknikaren aldetik errazak direnak eta eraikuntzaren eta kostuaren aldetik funts gutxikoak direnak.
Obra txikien kalifikazioa duten obra horietarako lizentzia eskuratzeko Udalaren hirigintzako administrazioan egiten diren prozedura administratiboak aztertuta, agerian geratzen da haien artean bereizketa bat egin daitekeela, haietako batzuetarako, bereziki errazak eta sinpleak izaki, ez baita beharrezkoa aitzineko egiaztapenik edo ondorengo jarduketa administratiborik egitea; beste batzuetarako, berriz, errazak izanik ere, aitzinetik egiaztatu eta zenbait erresalbu hartu behar baitira (baldintza batzuk ezarri eta abar), eta horietan komenigarria da baimen espresa ematea.
Horren harira, ordenantza honek obra txikietan bereizketa egitea du xede, bereziki errazak diren obretarako tramiteak erraztuz eta murriztuz, prozedurak arindu eta egiaztapenak eta beharrezko ez diren aurretiko kontrolak murrizte aldera. Horretarako, prozedura laburtuarekin batera, “Jakinarazpen Araubidea” izeneko prozedura berezia ezarri nahi da, bereziki errazak eta sinpleak diren obra horietako, hain zuzen ere ordenantza honetako I. tituluko artikuluetan agertzen baitira, eta orobat, “Tramitazio Laburreko Araubide” bat, ordenantza honetako II. tituluan jasotako obra txikietarako.
Arauketa honen bidez arinduko da obra txikietarako lizentzien tramitazioa, hitzetik hortzera ebazten baitira jarduketa jakinarazitzat tramitatzen diren obra guztiak, eskaera dokumentazio osoarekin aurkeztuta.
Espresuki baztertu dira, obra txiki gisara tramitatzetik, bai Jakinarazpen Araubidekoen bai Tramitazio Laburrekoen gisara, haien ezaugarri bereziengatik sakonago aztertzea eskatzen duten obrak, hala nola eraikin edo elementu babestuetan, eta antolamendutik kanpokotzat deklaratuetan egiteko jarduketak edota txikitzat joak izateko handiegiak diren obrak dakartzatenak.
ATARIKO TITULUA
1. artikulua. Xedea.
Ordenantza honen xedea da obra txikietarako hirigintza lizentziak emateko prozedura arautzea, horien tramitazioa jakinarazpen araubideko eta araubide laburreko prozedura erraztuen bidez egitekoa denean.
2. artikulua. Esparru materiala.
Obra txikiak, obra handitik bereizten den aldetik, ezaugarri hauek ditu: teknikaren aldetik erraza da eta eraikuntzaren eta kostuaren aldetik, berriz, funts gutxikoa; normalean lan txikiak dira, konponketak, apainketak, edergarriak edo itxiturak egiteko, proiektu teknikorik eta aurrekontu handirik gabe. Ezaugarri horiek biltzeak zehazten du obra txikiaren kontzeptua.
Ez dakarte inola ere bolumena, eraikitako azalera edo erabilera objektiborik aldatzea, eta ez dute eragiten inolako berregituratze, birbanatze edo funtsezko beste aldaketarik, higiezinen egiturazko elementuetan edo elementu komunetan, ezta kanpoko diseinuaren funtsezko aldakuntzarik edo etxebizitzen kopurua aldatzerik ere. Ez dute ukituko eraikinen edo instalazioen egitura (zutabeak, habeak eta abar), ezta horien bizigarritasun- edo segurtasun-baldintzak ere. Aitzitik, munta txikiko obrak dira, barnekoak zein kanpokoak.
Kontzeptu horretatik kanpo daude:
–Etxegintzaren Antolamenduari buruzko azaroaren 5eko 38/1999 Legearen 2.2 artikuluko obrak, edo hura ordezten duen legekoak, proiektu teknikoa behar duten obra handiak baitira.
–Hirigintzako plangintzan aurreikusitako antolamenduarekin bat ez datozen eraikinetan egin beharreko obrak.
–Eraikinen egitura eramailea (eskaileren ukipena eta behegainen eraikuntza barne) edo horien elementu komunak ukitzen dituzten obrak (ordenantza honetan aipatzen diren fatxada, estalki eta instalazioetako obrak izan ezik).
–Aldez aurretik erabili ez den lokal batean jarduera ezartzea edo baimendutako jarduerarekin zerikusi txikia duen jarduera ezartzea dakarten obrak.
–Jarduera sailkatuak ezartzea edo horiek funtsean aldatzea dakarten obrak.
LEHEN TITULUA
Obra txiki errazak, jakinarazpenaren araubidearen mendean
3. artikulua. Tipologia.
Ondoko hauek hartuko dira obra txiki erraztzat, jarduketa jakinaraziak bezala tramitatu beharrekoak:
1. Etxebizitzen barneko obrak, bizigarritasun baldintzak betetzea oztopatzen ez dutenak, etxebizitzen erabilera edo kopurua aldatzea ez dakartenak edo eraikinaren elementu komunak ukitzen ez dituztenak, konparaziorako:
–Estaldurak eraberritzea, konpontzea, berritzea edo aldatzea.
–Barreneko zura aldatzea edo ordeztea.
–Osasunerako tresneria aldatzea edo ordeztea.
–Instalazioak edo azpiegiturak konpontzea, berritzea edo aldatzea.
2. Fatxadetako eta estalkietako obrak, dauden materialak, koloreak eta diseinua mantentzen badira:
–Estalkiak konpontzea eta teilak berriro paratzea.
–Zorrotenak garbitu eta ordeztea.
–Fatxadak margotu, paramentuak konpondu eta fatxadako elementuak (eskudelak, moldurak eta antzekoak) konpondu eta ordezkatzea.
–Kanpoko zura ordeztea.
Inola ere ezin izanen dira obrak jarduketa jakinarazien gisa tramitatu, aldamioak jarri behar badira, edozein modutan eremu publikoa okupatzen bada, edo aldi baterako lan batzuk altueran egiten badira, edo garabi-ibilgailuak erabiliz. Katalogatutako eraikin edo elementuetan egiten diren obrak ere ezin izanen dira jarduketa jakinarazien gisan tramitatu.
4. artikulua. Betekizun dokumental eta teknikoak.
4.1. Oro har, kasu guztietan, ondoko agiriak aurkeztu beharko dira Udaleko Erregistroan.
1. Udalak normalizatutako inprimakia jarduketa jakinarazien obretarako, identifikazioaren eta helbidearen datu pertsonalak dituela (jakinarazpenak egin ahal izateko); bertan nahitaez jaso beharko da egin gogo diren obren kokalekua (helbidea). Jarduketa jakinarazia tramitatuko duten langileek aldez aurretik aztertu dutela jaso beharko da eskabidean.
2. Ordezkaritzaren frogagiria, hala behar denean, partikularra, legala edo profesionala denean ere.
3. Lanak deskribatzeko txostena:
4. Kontu-sailetan zehaztutako aurrekontua, materialak eta eskulana barne.
4.2. Berariazko agiriak, egin beharreko lan motaren arabera: fatxadetako eta/edo estalkietako jarduketetan, obretako elementuen argazkiak aurkeztu beharko dira.
4.3. Tributuen autolikidazioa, eredu normalizatuari jarraikiz, ordaindu izanaren frogagiriarekin batera.
5. artikulua. Jarduketa jakinarazien prozedura berezia.
1. Udal honek normalizatutako inprimakiaren bidez eginen da jakinarazpena, eta erregistroan aurkeztuko.
Inprimaki hori behar bezala beterik aurkeztuko da, eta interesdunaren helbidea eta identifikazio datuez eta higiezinaren datuez gainera, kasu bakoitzaren dokumentazio berariazkoa ere aurkeztuko da.
2. Jarduketa jakinaraziak tramitatu behar dituzten Udaleko langileek segituan aztertuko dute aurkeztutako dokumentazioa, eta, ondotik, honako hau gerta daiteke:
a) Dokumentazioa aztertu ondoren, zerbait falta denean: kasu horretan, eskatzaileari jakinaraziko zaio zer agiri ekarri behar duen. Eskatzaileak bi aukera ditu, orduan: eskabidea erregistroan utzi eta hurrengo 10 egun baliodunetan dokumentazioa osatzea edo eskabidea osatu arte ez aurkeztea. Baldin eta eskatzaileak eskabidea Erregistroan uztea erabakitzen badu, dokumentazioa osatu gabe, eskabidea erregistratu aurretik agirien gaineko errekerimendua emanen zaio, dokumentazioa 10 egun baliodunen epean osa dezan, betiere Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 71. artikuluarekin bat. Eskatutako dokumentazioa aurkeztean, tramitazioa egin beharreko langileek aztertuko dute, eta dokumentazioa zuzena izanez gero, artikulu honetako c atalean xedatu bezala jokatuko da. Dokumentazioa zuzentzeko epea eskabidea osatu gabe amaitzen bada, jarduketak artxibatu eginen dira, beste inolako izapiderik egin gabe.
b) Agiriak aztertuta, kasuan kasuko jarduketa horri jarduketa jakinarazien prozedura ez dagokiola irizten zaio. Kasu honetan, egin behar duen jarduketa dagokion lizentzia motarako ezarritako arauen arabera egokitu behar duela jakinaraziko zaio interesdunari, eta, zein obra-klase egin behar duen, horri dagokion inprimakia emanen zaio, betetzeko.
c) Dokumentazioa aztertuta, ulertzen da zuzena dela: kasu horretan, jakinarazpenari konformearen eginbidea emanen zaio, jarduketa jakinaraziak tramitatu behar dituzten langileen artean dokumentazioa aztertu duenak sinatua. Jakinarazpen horiek, tributuen autolikidazioa ordaindu izanaren frogagiriarekin batera, erregistroan erregistratuko dira; prozedura amaitutzat joko da, eta tramite gehiagorik egin gabe artxibatuko da jakinarazpena.
3. Baldin eta, aparteko arrazoiak direla medio, jarduketa jakinarazietan jakitun geratu izanaren gaineko izapidea egin behar duten udal-langileek ez badute agiriak berehala aztertzerik, gehienez ere 15 egun balioduneko epean jakinarazi beharko zaio interesdunari dokumentazioan akatsak aurkitu direla edo egitekoak diren obrei ez dagokiela jarduketa jakinarazien prozedura. Baldin eta, behin 15 egun balioduneko epea iraganda, interesdunak inolako jakinarazpenik ez badu jasotzen, jarduketa bidezkoa dela joko da, eta interesdunak hasiera eman ahalko die obrei.
BIGARREN TITULUA
Tramitazio laburreko araubideari lotutako lizentzia behar duten obra txikiak
6. artikulua. Tipologia.
Ondoko hauek hartuko dira obra txiki erraztzat, prozedura laburtuaren bidez tramitatu beharrekoak:
1. Etxebizitzen barneko obrak:
1.1. Igeltsero-lanak eta trenkadetakoak, jarduketa jakinarazien kasuetako baldintzak gainditu bai baina etxebizitzaren erabileran aldaketarik ekarriko ez dutenak, ezta etxebizitzaren banaketan funtsezko aldakuntzarik ere, eta bizigarritasun-baldintzak betetzeari eraginen ez diotenak.
1.2. Instalazio edo azpiegitura berriak paratzea etxebizitzetan.
2. Obrak lokaletan:
–Fatxadak eraberritzea.
–Estaldurak eraberritzea, konpontzea, berritzea edo aldatzea.
–Instalazioak edo azpiegiturak konpontzea, berritzea, aldatzea edo ezartzea.
3. Obrak fatxada eta estalkietan:
–Balkoiak ixtea eta goiko solairuetan eguzki-oihalak paratzea, jabe elkarteak eskatuta Udalak elkarterako eredu komuna onetsi eta gero.
–Lokaletan olanak paratzea.
–Lokaletako eta eraikinetako fatxadetan errotuluak paratzea.
–Irekitzeko lizentzia duten lokaletako beheko solairuan baoak egitea, fatxadaren konfigurazio orokorra aldatzea ez badakarte.
–Materialak, koloreak eta diseinua aldatuta edo alde zaharreko eraikinak izanda edo fatxadak erabat eraberrituta, jarduketa jakinarazitzat hartu ezin diren obrak fatxadetan eta estalkietan. Kasu horietan, jarduketak diseinu bateratua eman beharko dio eraikinaren estalki edo fatxada osoari.
4. Eraikinen instalazio edo azpiegitura komunetako obrak:
–Konponketak, ordezkapen partzialak edo osoko eraberritzeak.
–Instalazio edo azpiegitura berriak ezartzea.
5. Bestelako jarduketak.
–Zuloak edo eraispen puntualak egitea, etxebizitza edo lokalak eraberritzeko proiektua prestatu aurrekoak, baldin eta beharrezkoak direla frogatzen bada.
–Eraberritze txikiak berdeguneetan.
–Artikulu honetan aipatutako ezaugarri berdintsuak dituzten obra txikiak.
6. Jarduketa jakinaraziak bezala tramitatu daitezkeen arren, 5. artikuluan zehaztutako prozedurari jarraitu ez dioten obrak, Hirigintzako Alorreko Erregistroan jarduketa jakinaraziak tramitatu behar dituzten Udaleko langileek aztertu ondoan aurkezteari dagokionez.
Ezin izanen dira prozedura laburrarekin tramitatu 1. eta 2. babes mailarekin katalogatuta dauden eraikin eta elementuetako obrak.
3. babes maila duten eraikin eta elementuetan prozedura laburtua erabiliko da, bai artikulu honen kasuetan sartzen diren obra motetan, bai jarduketa jakinarazien artikuluan sartzen direnetan; betiere, ez dute katalogoan aipatzen den intereseko elementurik ukituko; orobat, prozedura laburtua erabiliko da elementu horiek zaharberritu, konpondu eta mantentzeko obrak direnean.
7. artikulua. Betekizun dokumental eta teknikoak.
7.1. Oro har, kasu guztietan, ondoko agiriak aurkeztu beharko dira:
1. Eskabidea, Udalean eskuratzen den inprimaki normalizatuan, prozedura laburtuari lotutako obra lizentzietarako, identifikazioaren eta helbidearen datu pertsonalak dituela (jakinarazpenak egin ahal izateko); bertan nahitaez jaso beharko da egin gogo diren obren kokalekua (helbidea).
2. Ordezkaritzaren frogagiria, hala behar denean, partikularra, legala edo profesionala denean ere.
3. Lanak deskribatzen dituen memoria eta gaur egungo egoera agertzen duten argazkiak.
4. Kontu-sailetan zehaztutako aurrekontua, materialak eta eskulana barne.
5. Obren zuzendaritzarako teknikari eskuduna kontratatu izanaren frogagiria, obrek egiturazko elementu txikiak unean-unean ukitzen dituztenean (hala nola teilatu hegalak, balkoietako lauzak, estalkiko petralak edo gisakoak).
7.2. Berariazko agiriak, egin beharreko lan motaren arabera:
1. Etxebizitzetako obrak.
1.1. Etxebizitzen barreneko obrak (igeltserotza eta trenkadak):
–Egungo egoeraren planoa eta eraberritu ondokoa.
–Obrak zuzentzeko teknikari eskuduna kontratatu izanaren egiaztagiria, alde zaharreko etxebizitzetan egin beharreko lanetarako, trenkadak aldatu behar badira edo sukaldearen, bainugelen edo komunen banaketa aldatu behar bada.
1.2. Obrak etxebizitzen barrenetan (azpiegitura edo instalazio berriak paratzea):
–Etxebizitzaren planoa, ezarriko diren instalazioak dakartzala.
2. Obrak lokaletan:
2.1. Fatxadak eraberritzeko obrak:
–Egungo egoeraren planoa eta eraberritu ondokoa.
–Fatxadaren egungo egoeraren argazkiak.
2.2. Estaldura eraberritzea, konpontzea, berritzea edo aldatzea.
–Egungo egoeraren planoa eta eraberritu ondokoa.
2.3. Instalazioak edo azpiegiturak konpontzea, berritzea, aldatzea edo ezartzea:
–Egungo egoeraren planoa eta eraberritu ondokoa.
3. Obrak fatxada eta estalkietan.
3.1. Balkoiak ixtea.
–Balkoia ixteko eredua Udalak onartu zuelako egiaztagiria, edo noiz onartu zuen zehaztea.
3.2. Toldoak eta errotuluak paratzea.
–Haien diseinua zehazteko dokumentazioa (planoak, argazkiak).
–Fatxadaren argazkia eta/edo krokisa, non kokatuko diren zehazteko.
3.3. Fatxada-baoak zabaltzea beheko solairuan:
–Egungo egoeraren planoa eta eraberritu ondokoa.
3.4. Obrak fatxada eta estalkietan (oro har):
–Egungo egoeraren planoa eta eraberritu ondokoa.
–Fatxadaren argazkiak.
–Justifikazio grafikoa eta/edo idatzia, fatxadaren edo estalkiaren diseinuari eutsiko zaiolakoa.
4. Eraikinen instalazio edo azpiegitura komunetako obrak:
4.1. Egungo instalazioen trazaduran edo instalazio berrien ezarpenean aldaketak dakartzaten obrak:
–Egungo egoeraren planoa eta eraberritu ondokoa.
4.2. Fatxadetako obrak:
–Fatxada horien argazkiak eta proposatutako obraren krokisa.
–Azterlan tekniko ikus-onetsia, Eraikuntzari buruzko ordenantza orokorra dagokion aldetik bete duela frogatzeko.
4.3. Gas instalazioak:
–Azterlan teknikoa, kasuan kasuko elkargo profesionalak ikus-onetsia eta enpresa hornitzaileak zigilatua. Hartan instalazioa deskribatuko da eta, dagokion aldetik Eraikuntzari buruzko ordenantza orokorra bete dela frogatuko da.
5. Proiektua idatzi baino lehen laginak hartzea edo eraispen puntualak egitea:
–Teknikari eskudunak proiekturako prestatutako txosten ikus-onetsia, zuloak edo eraispenak egiteko beharra arrazoitzeko.
Agiri horiek gutxieneko dokumentazioa izanen dira. Uharteko Udalak beste agiri batzuk eska ditzake, tartean teknikari eskudunak izenpetutako obra-proiektu ikus-onetsia ere, baldin eta beharrezkoa bada lizentzia zein obretarako behar den, obra horiek zuzen eta osoki zehazteko, edo araudira egokituko dela bermatzeko.
7.3. Tributuen autolikidazioa, eredu normalizatuaren araberakoa, ordaindu izanaren frogagiria dakarrela, dagozkion ordenantza fiskaletan ezarritakoari jarraikiz.
8. artikulua. Eremu publikoa okupatzea eta baliabide osagarriak erabiltzea.
Eremu publikoa okupatzeko eta/edo aldamioak, karga jasogailuak, hesiak eta gisakoak paratzeko baimena tramite laburreko obra lizentziarekin batera eskatuko da ahal dela. Hala ere, horretatik aparte ere eskatzen ahal da, baina obra lizentzia eman ondoan baimenduko da soilik. Eskaera aparte eginez gero, obra lizentziaren espedientea aipatu beharko da eskaeran, edo, bestela, obrak egiteko agindua.
Obra lizentziarekin batera nahiz aparte eskaera egitean, honako hau aurkeztuko da:
–Kokapen planoa, egin nahi den okupazioa zehazten duena.
–Aldamioak, karga jasogailuak edo gisako baliabide osagarriak erabiltzen badira, obra zuzendaria edo obraren exekuzioaren zuzendaria kontratatu izanaren ziurtagiria aurkeztuko da; hori izan ezean, baliabide osagarriak paratzeko eta kentzeko lanak teknikari eskudunaren zuzendaritza eta ikuskapenpean gauzatuko direla adierazten duen ziurtagiria aurkeztuko da. Dagokion elkargo ofizialak ikus-onetsi beharko ditu dokumentu horiek.
Baliabide osagarri gisa garabidun ibilgailuak erabiltzen badira edo aldi baterako lanak goragune batean egiten badira, obra zuzendaria edo obra gauzatzeko zuzendaria kontratatu izanaren ziurtagiria aurkeztuko da; hori izan ezean, baliabide osagarriak paratzeko edo kentzeko lanak teknikari eskudun batek zuzendu eta ikuskatuko dituela adierazten duen ziurtagiria aurkeztuko da.
9. artikulua. Prozedura.
1. Inprimaki normalizatuan egindako eskaeraren bidez abiatuko da prozedura; ordenantza honen 4. artikuluan adierazitako datuak, gutxienez ere, jasoko ditu eta udal erregistroan beharko da aurkeztu, edo azaroaren 26ko 30/1992 Legearen (urtarrilaren 13ko 4/1999 Legeak aldatua) 38.4 artikuluan ezarritako erregistroetako edozeinetan.
Tramitazio epeak kontatzeko ondorioetarako, dokumentazio osoa sartzean hartuko da hasitzat espedientea.
2. Eskaera eta dokumentazioa aurkezten direnean dauden zerbitzu eskudunek aztertuko dituzte.
Hasteko eskaerak indarra duen legedian ezarritako baldintzak bete ezean, edo dokumentazioa osatu gabe egonez gero, interesdunari eskatuko zaio hamar egun balioduneko epean akatsa zuzen dezan edo beharrezko dokumentazioa aurkez dezan eta ohartaraziko zaio ezen, egin ezean, eskaria bertan behera utzi duela ulertuko dela, 30/1992 Legearen 42.1 artikuluan aurreikusitako ondorioak izanik.
Obrek ez badute bat egiten 6. artikuluan zehaztutakoekin, eta tramitazio arrunta bada jarraitu beharreko prozedura, interesdunari jakinaraziko zaio bidegabea dela espedientea prozedura horretatik hastea, eta tramitazio arrunteko prozeduraren bidez jarraituko du.
3. Dokumentazioa osatu ondoan, udal txosten bat eginen da, zentzu hauetariko batean:
a) Lizentzia ukatzeko proposamena, egin gogo den jarduketak bat egiten ez duenean aplikatu beharreko hirigintzako araudiarekin; horrek organo eskudunaren ukatzeko ebazpena ekarriko du.
b) Lizentzia ematea, betiere zehaztuta eskatutako jarduketak indarra duen ordenamenduarekin bat etortzeko bete behar dituen baldintzak edo neurri zuzentzaileak. Aldian behin, tramite laburtuaren bidez eman diren lizentzia guztien berri emanen zaio horretarako eskumena duen organoari.
Espedientea gehienez ere hilabeteko epean ebatzi beharko da, dokumentazioa osatu eta akatsak zuzendu ziren egunetik hasita.
4. Aurreko zenbakian finkatutako gehieneko epea etengo da, akatsak zuzentzeko errekerimenduaren bidez, hartan akatsak zein diren eta haiek zuzentzeko epea zehazten direla.
5. Lizentziaren titularrek tramitatu ondoko 4 egunean izanen dute hura hartzea, espediente mota hauek kudeatzen dituzten bulegoetan. Epe horretan hartzen ez bada lizentzia, eskatzaileari etxean jakinaraziko zaio.
HIRUGARREN TITULUA
Ordenantza honen prozedura erraztuen bidez obra txikietarako emandako lizentzien ondorioak eta baldintza orokorrak
10. artikulua. Lizentzien baldintza orokorrak eta ondorioak.
1. Tramitatutako lizentziak ez dira ezein kasutan isiltasun administratiboaren bidez eskuratutzat joko, baldin eta legeen edo hirigintzako antolamenduaren kontra badoaz, edo, eskabideko datuak faltsutu, nahastu edo ez aipatzeagatik, ezin bada jakinarazi hutsak zuzendu behar direla, edo kasuan kasuko jarduketari ez dagozkiola jarduketa jakinarazien prozedura edo tramitazio laburrekoa, edo espedientearen tramitazioari eta ebazteari dagokien beste edozein gauza.
2. Aurreko ataletan jasotako prozedura-araubideak ez dizkie arintzen jarduketen titularrei zergak ordaintzeko betebeharrak, zeinak dagozkien ordenantza fiskalen arabera bete beharko baitituzte.
3. Lizentziek ondoko baldintzak beteko dituzte:
a) Ondorioak izanen dituzte, Udalaren eta kasuan kasuko jarduketari dagokion subjektuaren arteko harremanari dagokionez, baina ez dituzte aldatuko subjektu horren eta gainerako pertsonen arteko egoera juridiko pribatuak.
b) Emantzat joko dira, jabetza eskubidea izan ezik, eta hirugarrenik kaltetu gabe.
c) Deskribaturiko obrak baino ezin izanen dira egin. Berariaz adierazi diren obrak ez direnak egiten badira, aldez aurretik horiei dagokien baimena eskatu beharko da, bestela ezartzen ahal diren zehapenak ukatu gabe.
d) Interesdunak Udal zerbitzuen eskura izan beharko du emandako lizentzia, edo jakinarazpen eginbidetuaren inprimakia, eta obrara sartzen utziko die zerbitzu horietako langileei, ikuskapenak edo egiaztapenak egin ditzaten.
e) Obrak hiru hilabeteko epean hasiko dira, tramite laburreko lizentzia edo jarduketa jakinaraziena eman zenetik hasita, eta sei hilabetean bukatu beharko dira, lizentzia eman edo jakinarazpena egin zenetik, non eta ez den bestelako eperik aipatzen lizentzian; epe hori iragandakoan, lizentziaren edo jakinarazpenaren iraungipena deklaratzen ahalko da, non eta interesdunak ez duen obrak egiteko epea luzatzeko edo geroratzeko eskatzen, betiere gehienez ere aurreko epeen erdia izanen den epe baterako.
f) Ezin izanen dira inola ere egin legediaren edo hirigintzako planeamenduaren kontrakoak diren obrak.
g) Lanak egiterakoan eraikuntzaren, segurtasunaren eta laneko osasunaren arloetan kontuan hartu beharreko xedapen indardun orori jarraitu beharko zaio.
h) Lizentziak ezin izanen dira erabili haien titularrek baimendutako jarduketak gauzatzean beren gain hartutako erantzukizun zibila edo penala saihetsi edo leuntzeko.
i) Baimenak eskualdatu ahalko dira, baina titular berriak eta zaharrak idatziz jakinarazi behako diote horren berri Udalari, bestela, biak ala biak lotuko dituzte lizentziak babesten duen jarduketa horrek dakartzan erantzukizunek.
j) Lanak egitean, bide publikoetan eta alboko gainerako espazioetan obren ondorioz eragindako kalteak konpontzeko betebeharra dago, bai eta espazio horiek baldintza egokietan edukitzeko ere, segurtasunari, osasungarritasunari eta garbiketari dagokienez.
k) Debeku izanen da kale, plaza eta pasealekuetan aldamioak, eskailerak, makinak, erremintak, lanabesak edo tresnak paratzea, bai eta zirkulazio publikoa oztopatzen ahal duen eraikuntzako beste edozein objektu eta material mota, berariazko baimenik ez badute; kasu horretan, beharrezkoa da arriskuen bilakaerari buruzko azterlana.
4. Obra lizentziak obrak babesten ditu, baina ez hirigintzako erabilerak. Hori dela eta, legeztatuta ez badaude eta legeztatu ezin badira, obren exekuzioak ez du inola ere eskubiderik emanen erabilera babesten duen lizentziarik eskuratzeko.
Horren ondorioz, aldeko eginbideak eta prozedura laburreko lizentziak luzatu eta ematen dira, aipatutako erabilerak legeztatuta daudela ulertuta eta, legeztatuta ez badaude, ez da babestuko inolako obrarik.
11. artikulua. Udalaren kontrolaren eta ikuskapenaren araubidea.
Udaleko zerbitzu teknikoek indarra duen legediak ematen dizkien ikuskapen eginkizunak eginen dituzte, hirigintzako legedia betetzen dela egiaztatu eta ikertu beharrez.
Iragarkiaren kodea: L1516095
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
