Iragarkia
251. ALDIZKARIA - 2015eko abenduaren 18a
1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.1. XEDAPEN OROKORRAK
1.1.2. Foru Dekretuak
263/2015 FORU DEKRETUA, abenduaren 2koa, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren estatutuak onesten dituena.
HITZAURREA
Apirilaren 28ko 148/1998 Foru Dekretuaren bidez Nafarroako Enplegu Zerbitzua erakunde autonomoa sortu zen, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eskumenean zeuden enplegu arloko zerbitzuak ematea helburu nagusiarekin.
Uztailaren 22ko 8/2015 Nafarroako Foru Komunitateko Lehendakariaren Foru Dekretuaren bidez, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren departamentuen egitura ezarri zen.
Abuztuaren 12ko 52/2015 Foru Dekretuaren bidez, Eskubide Sozialetako Departamentuaren oinarrizko egitura ezarri zen, eta, hala, Nafarroako Enplegu Zerbitzua departamentu horri atxiki zitzaion.
Foru dekretu honen xedea da enplegurako politika aktiboak kudeatzeko eredu berri bat onestea, aurreko antolaketa-eredua berariaz indargabetuko duena. Eredu berri honetan, enplegurako zerbitzuen sare publikoa eta politika publikoak indartu nahi dira, enplegurako politika aktiboak aurrera eramateko eragile aktiboak izan daitezen. Estatutu hauetan egitura organiko desberdin bat finkatu eta garatzen da, eta zuzendaritza egitura ere aldatzen da, errazagoak eta dinamikoagoak izan daitezen. Era berean, erakundearen izendapen elebiduna sartzen da.
Estatutu hauek lan merkatua osatzen duten sindikatuen eta enpresaburu elkarteen parte-hartzea handitzea sustatzen dute, enpleguaren arloko erabakiak hartzeko orduan aniztasuna eta kontsentsu zabalak helburu.
Era berean, erakundearen egonkortasun finantzario eta teknikoa hobetzea ekarriko dute, urte anitzeko programak gauzatuz eta zerbitzuak antolatuz. Azkenik, enplegu politikak pertsonen beharrei erantzutera bideratuko dira, batez ere lan merkatura sartzeko zailtasun gehien duten pertsonengana.
Horrenbestez, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearekin bat, Eskubide Sozialetako kontseilariak proposaturik, eta Nafarroako Gobernuak bi mila eta hamabosteko abenduaren bian hartutako erabakiarekin bat,
Artikulu bakarra.–Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren estatutuak onestea.
Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzua erakunde autonomoaren estatutuak onesten dira. Horien testua ondotik erantsi da.
Lehen xedapen gehigarria.–Aurreko erakundearen gaineko aipamenak.
Gaur egun dagoen araudian edo jadanik emandako egintza administratiboetan Nafarroako Enplegu Zerbitzuaz egiten diren aipamen guztiak Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuak eginak balira bezala ulertuko dira.
Bigarren xedapen gehigarria.–Izendapenak.
Honako izendapen hauek berresten dira, egin ziren baldintza berberetan:
a) Laguntza Tekniko eta Administratiboaren Zerbitzuko zuzendariarena, hemendik aurrera Laguntza eta Kudeaketa Administratiboaren Zerbitzua deituko baita.
b) Prestakuntza Zerbitzuko zuzendariarena, hemendik aurrera Lanbide Gaitasunak Garatzeko Zerbitzua deituko baita.
c) Enplegua Sustatzeko eta Aukera Berdintasunerako Zerbitzuko zuzendariarena, hemendik aurrera Orientaziorako, Enplegua Sustatzeko eta Enpresentzako Zerbitzuetarako Zerbitzua deituko baita.
d) Enplegurako Prestakuntza Garatzeko Ataleko buruarena, hemendik aurrera Programak Garatzeko Atala deituko baita.
e) Enplegurako Lanbide Prestakuntza Kudeatzeko Ataleko buruarena, hemendik aurrera Programen Kudeaketa, Balorazio eta Eraginaren Atala deituko baita.
f) Aukera Berdintasunerako Ataleko buruarena, hemendik aurrera Enplegua Sustatzeko Programen Atala deituko baita.
Hirugarren xedapen gehigarria.–Aurrekontu aldaketak.
Ahalmena ematen zaio Ogasuneko eta Finantza Politikako kontseilariari aurrekontuan beharrezkoak diren aldaketak egin ditzan, foru dekretu honetan ezarritakoa betetzeko.
Laugarren xedapen gehigarria.–Genero berdintasuna.
Agiri honetan hizkera inklusiboa erabili da; dena dela, adierazpideen ekonomiagatik gaztelaniaz genero gramatikal maskulinoko izenak erabiltzen direnean (Consejero, Director General, etab.) ulertu behar da postu horiek orokorrean aipatzen direla, emakumezkoek edo gizonezkoek betetzen dituztela ere, erabateko berdintasun baldintzetan ondorio guztietarako.
Xedapen indargabetzaile bakarra.–Arauak indargabetzea.
Indarrik gabe gelditzen dira foru dekretu honi aurka egiten dioten maila bereko edo apalagoko xedapen guztiak eta, bereziki, Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren estatutuak onetsi zituen martxoaren 14ko 15/2012 Foru Dekretua.
Azken xedapenetan lehena.–Arauak emateko gaitasuna.
Ahalmena ematen zaio Eskubide Sozialetako kontseilariari foru dekretu honetan ezarritakoa garatzeko behar diren xedapenak eman ditzan.
Azken xedapenetan bigarrena.–Indarra hartzea.
Foru dekretu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.
Iruñean, 2015eko abenduaren 2an.–Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Uxue Barkos Berruezo.–Eskubide Sozialetako kontseilaria, Miguel Laparra Navarro.
NAFAR LANSARE-NAFARROAKO ENPLEGU ZERBITZUAREN ESTATUTUAK
I. KAPITULUA
Xedapen orokorrak
1. artikulua. Izaera juridikoa eta atxikipena.
1. Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzua erakunde autonomoa da, bere nortasun juridiko berezitua du, baita kudeatzeko autonomia ere bere xedeak betetzeko.
2. Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzua Nafarroako Gobernuko Eskubide Sozialetako Departamentuari atxikitzen zaio. Horrek izanen du kontrola haren eraginkortasunaren eta eragimenaren gainean, Nafarroako Foru Komunitatearen Administrazioko beste organo batzuei dagokien kontrola ukatu gabe.
2. artikulua. Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren eskumenen eremua.
1. Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuari dagokio Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari arlo hauetan esleitutako eskumenak gauzatzea: gizarte eragileekin adostutako enplegu politikak planifikatu, gauzatu eta kontrolatzea, enplegurako prestakuntzaren gainean ezartzen diren zerbitzu eta programak modu koordinatuan kudeatuz; lanbide orientazioa; enpresekin bitartekari eta aholkulari lanak egitea; lana aurkitzea; enplegua sustatzea; nork bere lana sortzeko eta ekintzailetzarako aholku ematea; lan sustapena; aukera berdintasuna eta laneratzea; eta enpleguaren egoeraren eta enplegu politiken azterketa Nafarroan.
2. Bereziki, aurreko lerroaldean deskribatu diren eskumenak gauzatzeko, eginkizun hauek erabiltzea dagokio:
a) Enplegua lagundu eta bultzatuko duten programak prestatu eta proposatzea.
b) Foru Komunitateko enplegurako prestakuntza programatu, kudeatu eta koordinatzea.
c) Lanbide kualifikazioa sustatzea enplegurako lanbide prestakuntzako programen bitartez.
d) Gaitasunak esperientziaren eta prestakuntza ez-formalaren bidez egiaztatzeko prozesuak sustatzea.
e) Lan merkatuaren eskaintzaren eta eskaeraren arteko bitartekari lanetan aktiboki parte hartzea.
f) Lanbide orientaziorako zerbitzuak indartzea, lan munduan sartu ahal izateko.
g) Hasierako lanbide heziketako eta enplegurako prestakuntzako programen koordinazioa bultzatzea, baita lanbide orientazioa ere, sistema integratu bat lortzeko asmoz.
h) Enplegurako politika aktiboak planifikatzeko lanetan parte hartzea, Errealitate Sozialaren Behatokiaren eta Gizarte Politiken Plangintzaren eta Ebaluazioaren Zuzendaritza Nagusiarekin koordinaturik.
i) Artikulu honen h) atalean adierazitako koordinazioaren ondoriozko programa, plan eta ekintzak programatu, prestatu, onetsi eta haien jarraipena egitea.
j) Enplegurako politika aktiboen programak kudeatzea.
k) Entitate pribatu eta publikoen ekimena bultzatzea, enplegua bultzatuko duten neurriak hartzeko.
l) Beharrik handiena duten taldeen edo baztertuak izateko arriskuan direnen enplegua sustatzea.
m) Lan merkatuan sartzeko aukera berdintasuna errazten duten politika aktiboak bultzatzea, Europako 2000ko azaroaren 27ko 2000/78/EE Zuzentaraua betetzeko (enpleguan eta laneratzean tratu berdintasunerako esparru orokor bat ezartzeari buruzkoa).
n) Zehapen ahalmena erabiltzea, Estatuko Administrazio Orokorrak beretzat gorde ez dituen lan arloko arau-hausteetan.
3. artikulua. Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren antolaketa orokorra.
1. Hauek dira Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendaritza organoak:
a) Gobernu Kontseilua.
b) Kudeaketako Zuzendaritza.
2. Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuak, bere zuzendaritza organoen goi zuzendaritzapean, unitate organiko hauek ditu bere egituran:
a) Laguntza eta Kudeaketa Administratiboaren Zerbitzua.
b) Lanbide Gaitasunak Garatzeko Zerbitzua.
c) Orientaziorako, Enplegua Sustatzeko eta Enpresentzako Zerbitzuetarako Zerbitzua.
3. Honako lan batzorde sektorial iraunkor hauek eratuko dira:
a) Enplegu politiken jarraipena egiteko Batzordea.
b) Lanbide gaitasunak garatzeko Batzordea.
c) Orientaziorako, enplegua sustatzeko eta enpresentzako zerbitzuetarako Batzordea.
4. artikulua. Enplegurako zerbitzuen Nafarroako sistema publikoaren eraketa.
1. Enplegurako zerbitzuen sistema publikoaren barrenean Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuak arlo hauen gainean zuzenean gauzatzen dituen edo zeharka sustatzen dituen ekintza guztiak sartzen dira: enplegurako prestakuntza; lanbide orientazioa; enpresekin bitartekari eta aholkulari lanak egitea; lana aurkitzea; enplegua sustatzea; nork bere lana sortzeko eta ekintzailetzarako aholku ematea; lan sustapena; aukera berdintasuna eta laneratzea; eta enpleguaren egoeraren eta enplegu politiken azterketa Nafarroan.
2. Enplegurako zerbitzuen sare publikoak titulartasun eta kudeaketa publikoa izanen du, eta enplegurako zerbitzuen sistema publikoaren oinarrizko eta funtsezko ardatza izanen da.
3. Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuak behar diren jarduketak eginen ditu arlo horretan erakunde eta organismo publikoetatik sustatzen diren ekintza guztiak sistema integratu batean biltzeko pixkana-pixkana, eta haiekin guztiekin lankidetzan aritzeko eta koordinatzeko baliabideak sustatuko dira.
4. Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuak bere jarduketak osatzen ahalko ditu beste erakunde pribatu batzuen parte-hartzearen bidez (deialdi publikoen bidez aukeratuko dira) eta, orobat, berariazko hitzarmenak sinatuz, indarreko legediari jarraikiz. Bi kasuetan bilatuko da urte anitzeko jarduketak izatea eta sindikatuek eta enpresaburuen elkarteek parte hartzea, baita irabazi-asmorik gabeko gizarte erakundeek ere.
II. KAPITULUA
Egitura organikoa
1. ATALA
Gobernu Kontseilua
5. artikulua. Osaera.
1. Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko Gobernu Kontseilua, batez ere, erabakiak hartzeko organoa da, hiru alderdiren ordezkaritza bilduko du eta lau urtean behin berrituko da. Kide hauek izanen ditu:
a) Administrazioaren ordezkariak (5 boto):
a.1) Kontseiluburua: enplegu arloko eskumena duen departamentuko kontseilaria.
a.2) Kontseiluburuordea: enplegu arloko eskumena bere gain hartzen duen departamentuko zuzendari nagusi bat, dagokion kontseilariak izendatua, kontseilariaren izenean arituko dena hura kanpoan denean.
a.3) Kontseilukidea: lan arloan eskumena duen zuzendari nagusia.
a.4.) Kontseilukidea: lanbide heziketaren arloan eskumena duen zuzendari nagusia.
a.5) Kontseilukidea: aurrekontuen arloan eskumena duen zuzendari nagusia.
b) Sindikatuen ordezkariak (5 boto):
b.1) Nafarroako Foru Komunitatean %10etik gorako ordezkaritza duela egiaztatzen duen sindikatu bakoitzak ordezkari bat izanen du, betiere enpleguaren arloko eskumena esleitua duen departamentuak egiten dion berariazko gonbidapena onartzen baldin badu.
b.2) Aurretik aipatutako sindikatu horiek ordezkari gehiago izaten ahal dituzte, 5 gehienez, daukaten ordezkaritzaren arabera.
c) Enpresaburuen elkarteen ordezkariak (5 boto): lau kontseilukide CEN-Nafarroako Enpresaburuen Konfederazioak izendatuak, eta beste bat CEPES-Nafarroako Ekonomia Sozialerako Entitateen Konfederazioak izendatua.
2. Norberak erabakita, sindikaturen batek edo enpresaburuen elkarte batek uko egiten badio karguari agintaldia bukatu baino lehen, eta horrek erakunde autonomoaren ohiko funtzionamenduari kalte egiten badio, Kontseiluko buruak, gainerako kideekin kontsultatu ondoren, erabaki dezake prozedura bat hastea, ofizioz, gertatu diren hutsuneak gainerako sindikatuen edo enpresaburuen elkarteen ordezkariekin betetzeko, kasuan-kasuan, haietako bakoitzaren ordezkaritzaren arabera, eta hurrengo agintaldia hasi arte arituko dira.
3. Gobernu Kontseiluaren bilkuretara joanen da, orobat, Kudeaketako Zuzendaritzako titularra, hizpidea izanik baina botorik ez. Idazkari lanetan Laguntza eta Kudeaketa Administratiboaren Zerbitzuko zuzendaria arituko da.
6. artikulua. Eskudantziak.
Gobernu Kontseiluari ondoko eskudantzia hauek dagozkio:
a) Enplegurako politika aktiboak zehazten dituzten ekintza, plan eta programak onestea, eta lehentasunak eta programen orientazioa finkatzea.
b) Erakundearen aurrekontuei buruzko aginduzko txostena egitea. Aurrekontuak, ahal dela, urte anitzekoak izanen dira.
c) Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren kudeaketa eta zuzendaritza lana kontrolatu, gainbegiratu eta ebaluatzea.
d) Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren estatutuak aldatzea proposatzea kontseiluburuari, Nafarroako Gobernuak onets dezan.
e) Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzaile titularraren izendapenaren gainean kontsultatua izatea.
f) Erabakiak kontseiluburuaren esku uztea, tramite kontuak direnean edo presakoak.
g) Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuari atxikitako ondarea administratzea.
7. artikulua. Bilkuren araubidea eta erabakiak hartzea.
1. Kontseiluburuak deituta, Gobernu Kontseiluak bi hilabetean behin eginen du bilera arrunta; bilera berezia, aldiz, kontseiluburuak deituta, bere ekimenez edo hiruko ordezkaritza osatzen duten alderdietako batek proposatuta.
2. Hiruko ordezkaritza osatzen duten alderdiek aho batez hartuko dituzte Gobernu Kontseiluaren erabakiak. Hartzen diren erabakiak baliozkoak izateko, ordezkaritza bakoitzaren barrenean eskatuko da alderdi horretako kideen hiru bosten aldeko botoa, eta sindikatu bat edo enpresaburuen elkarte bat baino gehiago ez egotea erabakiaren aurka.
3. Bilkura batean eztabaida-gai baten gainean ahobatezkotasuna lortzen ez bada aurreko puntuan adierazi bezala, hiruko lan batzorde bat eratuko da, Gobernu Kontseiluari beste proposamen bat egiteko agindua jasoko duena. Proposamen hori 7 egun naturaleko epearen barrenean bozkatu beharko da. Batzordeak beste proposamen bat egiterik lortzen ez badu edo Gobernu Kontseiluaren bigarren bilkuran ere ahobatezkotasuna lortzen ez bada, Administrazioaren ordezkaritzak hartutako erabakia onetsi dela ulertuko da.
4. Ezin eztabaidatu edo erabakiko da eguneko gai-zerrendan sartua ez dagoen ezer, salbu eta Gobernu Kontseiluko kide guztiak bertaratu badira edo ordezkatuta badaude eta gaia presazko deklaratzen bada gehiengoak horren aldeko botoa emanda.
2. ATALA
Lan batzordeak
8. artikulua. Enplegu politiken jarraipena egiteko Batzordea.
1. Batzorde honek hiruko ordezkaritza izanen du. Gobernu Kontseiluan parte hartzen duten erakundeek izendatzen dituzten ordezkariek osatuko dute batzordea. Batzordeburu lanetan Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzailea arituko da.
2. Batzordeburuak deituta, batzordeak hilabetean behin eginen du bilera arrunta; bilera berezia, berriz, batzordeburuak deituta, bere ekimenez edo hiruko ordezkaritza osatzen duten alderdietako batek proposatuta. Batzordeburuak prestatu eta onetsiko du eguneko gai-zerrenda, bere ekimenez edo hiruko ordezkaritza osatzen duten alderdietako batek proposatuta.
3. Batzorde honek eskudantzia hauek izanen ditu:
a) Enplegu politiken planifikazioan eta programazioan parte hartzea.
b) Bere eskumenen esparruan garatzen diren araudien gaineko aldeko txostenak ematea.
c) Gobernu Kontseiluari igortzeko proposamenak prestatzea.
d) Gobernu Kontseiluak bere eskumenean ezarritako politiken jarraipena egitea.
9. artikulua. Beste lan batzorde batzuk.
1. Bi lan batzorde sektorial eratuko dira, biak ala biak iraunkorrak: bata lanbide gaitasunen garapenaren arloa jorratzeko, eta bestea, orientazioaren, enplegu sustapenaren eta enpresentzako zerbitzuen arloa.
Gobernu Kontseiluaren esku dago, aurrekoez gainera, beste lan batzorde batzuk eratzea.
2. Batzorde horietan hiruko ordezkaritza izanen da, eta Gobernu Kontseiluan parte hartzen duten erakundeek izendatzen dituzten ordezkariek osatuko dituzte. Batzordeburua zuzendari nagusia izanen da, edo horren eskuordetza hartzen duen pertsona.
3. Batzordeburuak deituta, batzorde horiek beharrezkoa denean bilduko dira, hiruko ordezkaritza osatzen duten alderdietako edozeinek proposamena eginda.
4. Bileretarako gai-zerrenda batzordeburuak prestatu eta onetsiko du, kideen proposamenak kontuan harturik.
5. Eskudantzia hauek dagozkio batzorde horiei:
a) Enplegurako politiken programazioan parte hartzea, bere eskumenen esparruan.
b) Enplegurako politika aktiboak zehaztuko dituzten ekintzak, planak edo programak prestatzea eta horien jarraipena egitea, bere eskumenen esparruan.
3. ATALA
Zuzendari kudeatzailea
10. artikulua. Izendapena.
1. Nafarroako Gobernuari dagokio, foru dekretu baten bidez, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzaile titularra izendatzea eta kargutik kentzea, erakunde autonomo hori zein departamenturi dagoen atxikita, hango titularrak proposatuta, eta Gobernu Kontseiluko kideei kontsulta egin ondoren.
2. Kargua hutsik dagoenean eta zuzendari kudeatzailea izendatu bitarte, Gobernu Kontseiluko buruordeak hartuko ditu haren eginkizunak aldi baterako.
11. artikulua. Ordezkoa.
Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzailea kanpoan edo eri denean edo karguan aritzeko aldi baterako ezindua dagoenean, berariaz izendatzen den erakunde autonomoko zerbitzuko zuzendariak ordeztuko du.
12. artikulua. Zuzendari kudeatzailearen eskudantziak.
Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileak eginkizun hauek izanen ditu erakunde honi esleitutako eskumenei buruz:
a) Erakundearen ordezkari gorena izatea.
b) Erakundearen menpeko administrazio unitateak zuzentzea eta antolatzea.
c) Erakundeari, bere helburuak betetzeko, agintzen zaizkion programa eta jarduketak zuzentzea, antolatzea eta kudeatzea.
d) Indarreko araudiak erakunde autonomoen ordezkariei esleitzen dizkien kontratazio administratiborako ahalmenak erabiltzea.
e) Erakundearen administrazio ebazpenak ematea eta administrazio egintzak bete daitezen agintzea.
f) Ondare-erantzukizunari buruzko prozedurak eta bide judizialaren zein lanekoaren aurreko erreklamazioak (langileriaren arlokoak izan ezik) ebaztea, baita gainerako espediente administratiboak ere, horiek ebaztea erakundeari badagokio.
g) Erakundearen transferentzietarako eta funtzionamendurako gastu eta ordainketak baimentzea, indarra duen araudian ezarritakoarekin bat.
h) Lan sistemen hobekuntzaz arduratzea, haien berrikuntza bultzatuz, lan merkatuari dagokionez gizartean atzematen diren beharren arabera.
i) Erakundeari esleitutako baliabide tekniko eta ekonomikoak optimizatzeaz arduratzea.
j) Langileak zuzendu eta antolatzeko eskumenak erabiltzea, lanak eta eginkizunak banatzekoak barne.
k) Atalburuak, bulegoburuak edo atala baino maila beheragoko unitateburuak, erakundeari atxikiak, bitarte baterako izendatzea, funtzio publikoaren arloan eskumena duen departamentuak aldeko txostena egin ondoren.
l) Eskubide Sozialetako kontseilariak eta erakundearen Gobernu Kontseiluak, bere kargua dela eta, agintzen dizkioten eginkizun guztiak.
4. ATALA
Laguntza eta Kudeaketa Administratiboaren Zerbitzua
13. artikulua. Eginkizunak.
Laguntza eta Kudeaketa Administratiboaren Zerbitzua unitate organiko horizontal bat da, eginkizun hauek beteko dituena:
a) Xedapen orokorrak aztertu eta prestatzea.
b) Erakundearen menpeko administrazio unitateei aholku eta laguntza juridikoa ematea.
c) Erakundearen programen kontrol juridiko eta ekonomikoa.
d) Administrazio prozeduraren arloan jarduteko irizpide uniformeak ezartzea eremu funtzional bakoitzean.
e) Erakundeak kudeatzen dituen programak, diru-laguntzak eta laguntzak koordinatu, kontrolatu eta haien jarraipena egitea, bereziki Europar Batasuneko Egiturazko Funtsekin batera finantzatzen diren programa eragileak.
f) Kudeaketa ekonomiko administratiboa.
g) Erakundearen menpeko administrazio unitateei aholku eta laguntza ekonomikoa ematea.
h) Kexak eta aholkuak koordinatzea.
i) Kudeaketako Zuzendaritzak ebatzi beharreko espedienteak koordinatzea, haiek onestearen ondorioetarako.
j) Kudeaketako Zuzendaritzak onetsitako ebazpenak erregistratu, artxibatu eta zaintzea.
k) Kudeaketa Zuzendaritzaren ebazpenen fede ematea eta behar diren ziurtagiriak egitea, baita erakundean dauden bestelako dokumentu eta datuen gainekoak ere.
l) Langileei dagokienez, otsailaren 21eko 30/2005 Foru Dekretuak idazkari nagusi teknikoei esleitzen dizkien eskudantziak.
m) Beste edozein eginkizun, aipatutakoen antzekoa edo osagarria baldin bada, eta Kudeaketako Zuzendaritzak eskuordetzen edo agintzen dizkionak.
14. artikulua. Laguntza eta Kudeaketa Administratiboaren Zerbitzuaren egitura.
Laguntza eta Kudeaketa Administratiboaren Zerbitzuak unitate organiko hauek ditu bere egituran:
a) Araubide Juridikoaren eta Langileriaren Atala.
b) Kudeaketa Ekonomikoaren Atala.
c) Programen Jarraipenerako Atala.
15. artikulua. Araubide Juridikoaren eta Langileriaren Atalaren eginkizunak.
Araubide Juridikoaren eta Langileriaren Atalak eginkizun hauek izanen ditu:
a) Aginduzko txosten juridikoak egitea beharrezko duten espedienteetan, bai eta agintzen zaion beste edozein kasutan ere.
b) Erakundearen egintzen aurka jartzen diren administrazio errekurtsoetan, auzibide zibilera edo lan arloko auzibidera jo aurreko erreklamazioetan eta aurretiazko errekerimenduetan behar diren txosten juridikoak prestatzea.
c) Erakundearen zehapen prozedurak tramitatzea.
d) Erakundearen ondare-erantzukizunaren gaineko prozedurak tramitatzea.
e) Kontratazio administratiborako espedienteak kudeatu eta kontrolatzea.
f) Langileriaren arloan aholku teknikoak ematea erakundeko unitate administratiboei.
g) Langileak kudeatu eta kontrolatzea, bai eta lan baldintzak betetzen diren ere.
h) Erabiltzaileek aurkeztutako kexa eta iradokizunak kudeatu eta tramitatzea.
i) Arauak, jurisprudentzia, doktrina eta interes juridikoa duen informazioa biltzea eta haien mantentze-lanaz arduratzea.
j) Dokumentazioa erregistratzeko prozesuak koordinatu, kudeatu eta kontrolatzea.
k) Zerbitzu publikoen kalitatearen eta hobekuntzaren gaineko ekintzak koordinatzea.
l) Beste edozein eginkizun, aipatutakoen antzekoa edo osagarria baldin bada, eta zerbitzuko zuzendaritzak bere jarduketaren esparruan agintzen dizkionak.
16. artikulua. Kudeaketa Ekonomikoaren Atalaren eginkizunak.
Kudeaketa Ekonomikoaren Atalak eginkizun hauek izanen ditu:
a) Gastu eta diru-sarreren aurrekontuen programak kudeatu eta haien exekuzioa kontrolatzea.
b) Erakundearen jarduera ekonomikoen kontabilitate orokorra eta aurrekontuen kontabilitatea.
c) Txosten ekonomikoak prestatzea kontratazio administratiboen espedienteei buruz eta behar diren beste espediente batzuei buruz.
d) Ohiko erabilerako ondasun arrunten hornidura kudeatzea.
e) Azpiegiturak eta ondasun inbentariagarriak kudeatzea.
f) Agintzen zaizkion diru-laguntzen eta/edo laguntzen kudeaketa eta kontrol ekonomikoa.
g) Beste edozein eginkizun, aipatutakoen antzekoa edo osagarria baldin bada, eta Kudeaketako Zuzendaritzak bere jarduketa eremuaren barrenean agintzen dizkionak.
17. artikulua. Programen Jarraipenerako Atalaren eginkizunak.
Programen Jarraipenerako Atalak eginkizun hauek izanen ditu:
a) Erakundeak gauzatzen dituen programen kontrolerako eta jarraipenerako planak prestatzea.
b) Erakundeak kudeatutako programen, diru-laguntzen eta laguntzen exekuzioaren kontrola eta segimendua, erakundearen gainerako administrazio unitateekin lankidetzan, batez ere, Europar Batasunaren Egiturazko Funtsekin batera finantzatzen direnena.
c) Erakundearen administrazio unitateek egiten dituzten segimendu lan guztiak koordinatzea.
d) Beste edozein eginkizun, aipatutakoen antzekoa edo osagarria baldin bada, eta zerbitzuko zuzendariak bere jarduketa esparruaren barrenean agintzen dizkionak.
5. ATALA
Lanbide Gaitasunak Garatzeko Zerbitzua
18. artikulua. Lanbide Gaitasunak Garatzeko Zerbitzuaren eginkizunak.
Lanbide Gaitasunak Garatzeko Zerbitzuak eginkizun hauek izanen ditu:
a) Enplegurako prestakuntza garatzen laguntzea.
b) Esperientzia egiaztatzeko prozesuak eta kualifikazio sistema garatzea.
c) Enplegura bideratutako lanbide prestakuntza ezartzen aktiboki parte hartzea.
d) Langileen lanbide kualifikazioa hobetzera bideratutako prestakuntzaren lehentasunak eta beharrak aztertu eta diagnostikatzea, eta prestakuntza programak egokitzea.
e) Ekoizpen munduaren eskakizunei egokitutako prestakuntza eta enplegu programak orientatzea, batez ere lan-munduan sartzea zaila duten taldeei begira.
f) Foru Komunitatean garatzen diren enplegurako lanbide prestakuntzako programa eta ekimenak prestatu, koordinatu, kudeatu eta sustatzea.
g) Bere jarduketa eremuan ezarritako diru-laguntzak eta kontratuak programatzea.
h) Beste administrazio, erakunde publiko, antolakunde, entitate eta enpresa batzuekin batera aritzea eta haiekin koordinatzea enplegurako lanbide prestakuntzaren eremuan.
i) Nafarroako Kualifikazioen Institutuarekin batera lan egitea lan merkatuak eskatzen dituen kualifikazioak zein diren zehazten.
j) Europar Batasuneko edo nazioarteko ekintza eta proiektuetan, bere kudeaketaren eremuko gaiei lotuak direnetan, parte hartzea.
k) Enplegurako prestakuntzaren gaineko estatistikak prestatzea, zerbitzuko programen eta zerbitzuei buruzko informazioa hobetzeko asmoz.
l) Bere zerbitzua kudeatzeko eta erakundearen gainerako unitateekin koordinatzeko egoki diren sistema informatikoak ezartzea.
m) Zerbitzuaren jarduketa esparruaren barrenean kalitate, modernizazio eta etengabeko hobekuntzarako programak ezarri eta garatzea, baita erakundearen gainerako unitateekin koordinatuta ere.
n) Enplegu Atariaren edukiak eta zerbitzuak koordinatzea, baita Administrazio Elektronikoarekin zerikusia duten beste zerbitzu batzuk ere.
o) Erakundearen komunikazio eta zabalkunderako ekintzak koordinatzea.
p) Beste edozein eginkizun, aipatutakoen antzekoa edo osagarria baldin bada, eta Kudeaketako Zuzendaritzak eskuordetzen edo agintzen dizkionak.
19. artikulua. Lanbide Gaitasunak Garatzeko Zerbitzuaren egitura.
Lanbide Gaitasunak Garatzeko Zerbitzuak unitate organiko hauek ditu bere egituran:
a) Programak Garatzeko Atala.
b) Programen Kudeaketa, Balorazio eta Eraginaren Atala.
c) Lanbide Gaitasunak Egiaztatzeko eta Iturrondo Zentroaren Atala.
d) Prozesuak Hobetu eta Koordinatzeko Atala.
20. artikulua. Programak Garatzeko Atalaren eginkizunak.
Programak Garatzeko Atalak eginkizun hauek izanen ditu:
a) Enplegurako prestakuntzaren beharren eta aukeren analisi sistematizatua egiteko parte-hartze eredu bat garatu eta hedatzea.
b) Sustatzen diren neurriak lehenesteko irizpideak identifikatzea.
c) Erakundeak sustatzen duen enplegurako prestakuntza programatzea.
d) Erakundeak lanbide gaitasunak garatzeko eskaintzen dituen programak prestatzea.
e) Kalitatea hobetzeko planak proposatzea eta irakasleen prestakuntza plana prestatzea.
f) Prestakuntza arloko jardunbide egokiak identifikatzea.
g) Espezialitateen fitxategia ezarri, kudeatu eta eguneratzea.
h) Lanbide Kualifikazioen Sistema Nazionalaren ezarpenean eta garapenean laguntzea.
i) Erakundearen zentro berekietan aurreikusten den jarduera programatzen laguntzea eta lan hori koordinatzea.
j) Enplegurako prestakuntzaren eremuan berrikuntza eta laguntza ekintzak garatzea.
k) Koordinazio teknikoa, enplegurako prestakuntzaren garapenean esku hartzen duten entitate eta erakundeekin.
l) Beste edozein eginkizun, aipatutakoen antzekoa edo osagarria baldin bada, eta zerbitzuko zuzendaritzak bere jarduketaren esparruan agintzen dizkionak.
21. artikulua. Programen Kudeaketa, Balorazio eta Eraginaren Atalaren eginkizunak.
Programen Kudeaketa, Balorazio eta Eraginaren Atalak eginkizun hauek izanen ditu:
a) Lanbide gaitasunak garatzeko programetarako laguntzak, kontratuak eta diru-laguntzak arautzeko oinarri teknikoak proposatzea eta prestatzea.
b) Enplegurako lanbide prestakuntzako programetarako, enpresa planetarako eta langileen lanbide gaitasunak garatzeko beste neurri batzuetarako laguntzen eta diru-laguntzen espedienteak kudeatu, kontrolatu eta tramitatzea.
c) Beka eta laguntzen espedienteak kudeatu, kontrolatu eta tramitatzea, enplegurako prestakuntza ekintzetan parte hartzen dutenentzat.
d) Lanbide gaitasunak garatzeko programetan kudeatutako laguntzen eta diru-laguntzen exekuzioaren, trazabilitatearen eta eraginaren jarraipena egitea.
e) Lanbide gaitasunak garatzearen arloko programei buruzko adierazle eta estatistikak prestatzea.
f) Garatzen diren ekintzen eta parte hartzen duten zentroen eta entitateen jarraipen teknikoa, koordinazioa eta ebaluazioa, Programak Garatzeko Atalarekin koordinatuta.
g) Lanbide gaitasunak garatzeko neurriak zabaldu, kudeatu, kontrolatu eta tramitatzeko kudeaketako tresna informatikoen beharrak detektatzea.
h) Beste edozein eginkizun, aipatutakoen antzekoa edo osagarria baldin bada, eta zerbitzuko zuzendaritzak bere jarduketaren esparruan agintzen dizkionak.
22. artikulua. Lanbide Gaitasunak Egiaztatzeko eta Iturrondo Zentroaren Atalaren eginkizunak.
Lanbide Gaitasunak Egiaztatzeko eta Iturrondo Zentroaren Atalak eginkizun hauek izanen ditu:
a) Esperientziaren eta prestakuntza ez-formalaren bidez gaitasunak egiaztatzeko prozesuak planifikatzeko proposamenak eta prospekzioak egitea, Incual Navarrarekin koordinatuta.
b) Organo eskudunek, gaitasunak esperientziaren eta prestakuntza ez-formalaren bidez egiaztatzeko, onesten dituzten prozesuak hedatzea eta kudeatzea.
c) 2. eta 3. mailetako lanbide ziurtagiria lortzeko ikastaroetan sartzeko gako diren gaitasunak egiaztatzeko ebaluazio prozesuak hedatzea eta kudeatzea.
d) Beste gaitasun batzuk egiaztatzeko ebaluazio prozesuak hedatzea eta kudeatzea, enpresa eta lanbide sektoreen lehiakortasunerako beharrezkotzat jotzen direnak.
e) Lanbide gaitasunen egiaztapenarekin lotutako erregistro eta informazio sistemak koordinatu, eguneratu eta haien mantentze-lanez arduratzea.
f) Iturrondo zentroaren prestakuntza programazioa aurrera eramatea eta ebaluatzea, Programak Garatzeko Atalak gainbegiratuta eta koordinatuta.
g) Enplegurako prestakuntzaren arloan eta kualifikazioen sistema nazionalaren arloan ekintza berritzaileak garatu eta esperimentatzea, Programak Garatzeko Atalak koordinatuta.
h) Iturrondo zentroaren jarduketak metodologia aldetik hobetzeko ekimenak sustatzea.
i) Zentroaren programazioan parte hartzen duten irakasleen gaitasunak garatzeko eta eguneratzeko sustapen lana egitea, Programak Garatzeko Atalarekin koordinatuta.
j) Iturrondo zentroko langileen antolaketa eta zuzendaritza lana.
k) Nafarroako Foru Komunitate osoan garatu nahi diren prestakuntza ekintzetarako laguntza teknikoa ematea.
l) Zerbitzuko zuzendaritzak bere jarduketa eremuaren barrenean agintzen dizkion eginkizun guztiak.
23. artikulua. Prozesuak Hobetu eta Koordinatzeko Atalaren eginkizunak.
a) Erakundeko langileentzako parte-hartze eredu bat sustatu eta kudeatzea, kanpoko zein barreneko zerbitzuak hobetzeko plan edo jarduketak prestatzeko.
b) Zerbitzuak hobetzeko plan edo jarduketak prestatu, sustatu, kudeatu eta haien jarraipena egitea, erakundeko administrazio unitate guztiekin koordinatuta.
c) Erakundeko administrazio unitate guztien koordinaziorako eta barne komunikaziorako sistemak garatu eta bultzatzea.
d) Programak kanpoan hedatzeko behar diren ekintzak diseinatu eta garatzea, erakundeko administrazio unitate guztiekin koordinatuta.
e) Lanbide gaitasunak garatzeko eskaintza guztia hedatzeko sistemak prestatu eta sustatzea.
f) Lanbide gaitasunak garatzeko eskaintza behar bezala hedatzeko behar diren euskarriak eta edukiak prestatzea.
g) Erakundearen ezagutzaren ataria (Extranet) kudeatu, koordinatu eta sustatzea.
h) Enplegu Atariaren edukiak eta zerbitzuak kontrolatzea eta haien jarraipena egitea, baita Administrazio Elektronikoarekin zerikusia duten beste zerbitzu batzuk ere.
i) Nafarroako Gobernuaren barrenean kanpo komunikazioaren, parte-hartzearen, antolaketaren eta informazio sistemen inguruko gaietan eskudantziak dituzten beste unitate batzuekin koordinatzea.
j) Zerbitzuko zuzendaritzak bere jarduketa eremuaren barrenean agintzen dizkion eginkizun guztiak.
6. ATALA
Orientaziorako, Enplegua Sustatzeko eta Enpresentzako Zerbitzuetarako Zerbitzua
24. artikulua. Orientaziorako, Enplegua Sustatzeko eta Enpresentzako Zerbitzuetarako Zerbitzuaren eginkizunak.
Orientaziorako, Enplegua Sustatzeko eta Enpresentzako Zerbitzuetarako Zerbitzuak eginkizun hauek izanen ditu:
a) Lan bitartekaritzaren sistema kudeatu eta koordinatzea.
b) Enplegu agentzien kudeaketa koordinatu eta kontrolatzea.
c) Lan munduan sartzearekin eta lan orientazioarekin zerikusia duten jarduketak bultzatu eta kudeatzea.
d) Enplegu zerbitzu publikoetako informazio sistemen (SISPE) aplikazio informatikoak koordinatzea, kolaboratzea eta haien jarraipena egitea.
e) Eures sarea zuzentzea.
f) Estatistika arloan eskumena duten erakundeekin koordinatzea.
g) Entitate laguntzaileekin koordinatzea bitartekaritzaren eta orientazioaren arloan.
h) Lan merkatuaren prospekzioa.
i) Bitartekaritzaren eta Orientazioaren Sare Bateratua zuzendu eta koordinatzea.
j) Kalitate eta modernizazio irizpideak ezartzea enpleguaren arloan.
k) Enpleguaren arloko zerbitzuen katalogoa kudeatu eta kontrolatzea.
l) Enplegua eta autoenplegua sustatzeko berariazko programak prestatu eta kudeatzea.
m) Enpleguaren arloan zerbitzuak ematen dituzten entitateak aitortzea.
n) Enplegu zentro berezien beharrak detektatu eta aztertzea, eta horretarako laguntzak kudeatzea.
o) Beste edozein eginkizun, aipatutakoen antzekoa edo osagarria baldin bada, eta Kudeaketako Zuzendaritzak eskuordetzen edo agintzen dizkionak.
25. artikulua. Orientaziorako, Enplegua Sustatzeko eta Enpresentzako Zerbitzuetarako Zerbitzuaren egitura.
1. Orientaziorako, Enplegua Sustatzeko eta Enpresentzako Zerbitzuetarako Zerbitzuak unitate organiko hauek ditu bere egituran:
a) Lurralde Antolaketaren, Zerbitzuen eta Entitateen Atala.
b) Enplegagarritasun Programen Atala.
c) Enplegua Sustatzeko Programen Atala.
d) Enpresentzako Zerbitzuen Atala.
2. Orobat, unitate organiko hauek atxikitzen zaizkio Orientaziorako, Enplegua Sustatzeko eta Enpresentzako Zerbitzuetarako Zerbitzuari, atal maila dutela:
a) Iruñeko 2. Zabalguneko Enplegu Agentzia.
b) Iruñeko Yamaguchiko Enplegu Agentzia.
c) Iruñeko Arrotxapeko Enplegu Agentzia.
d) Tuterako Enplegu Agentzia.
3. Orobat, aipatu zerbitzuari atxikitzen zaizkio, ezarriko diren mailarekin eta eginkizunekin, Altsasuko, Agoizko, Lizarrako, Lodosako, Doneztebeko eta Tafallako Enplegu Agentziak.
26. artikulua. Lurralde Antolaketaren, Zerbitzuen eta Entitateen Atalaren eginkizunak.
Lurralde Antolaketaren, Zerbitzuen eta Entitateen Atalak eginkizun hauek izanen ditu:
a) Enplegu agentziak koordinatzea.
b) Lanbide Orientazioaren eta Informazioaren Sarea koordinatzea.
c) Lan munduan sartzeko zerbitzuen sistema bateratu bat planifikatu eta koordinatzea inplikatutako eragileekin batera.
d) Enplegu agentzietako langileen prestakuntza beharrak identifikatzea, eta prestakuntza plan berariazkoak prestatzea, Programen Kudeaketa, Balorazio eta Eraginaren Atalarekin koordinatuta.
e) Eremu geografiko bakoitzean identifikatutako enplegu baliabideak dinamizatzea, koordinatu eta hobetzeko asmoz.
f) Erakundeak aurrera eramaten dituen zerbitzu eta programetarako irizpide komunak ezarri eta koordinatzea.
g) Zerbitzuak lurralde bakoitzean aurrera eramateko behar diren baliabide material eta ekonomikoak planifikatu eta horren gaineko azterlanak egitea.
h) Zerbitzuen katalogoa definitzea.
i) Enpleguaren arloan zerbitzuak ematen dituzten zentro eta entitateak aitortzea eta inskribatzea.
j) Lurraldeentzako parte-hartze sistema sustatzea, zerbitzuak hobetzeko asmoz.
k) Beste edozein eginkizun, aipatutakoen antzekoa edo osagarria baldin bada, eta zerbitzuko zuzendaritzak bere jarduketaren esparruan agintzen dizkionak.
27. artikulua. Enplegagarritasun Programen Atalaren eginkizunak.
Enplegagarritasun Programen Atalak eginkizun hauek izanen ditu:
a) Bitartekaritza prozesuari buruzko sistema informatikoak diseinatu, mantendu eta ustiatzea.
b) Erakundeko administrazio unitateei laguntza teknikoa ematea eta kontrol eta koordinazio lana egitea, enplegu zerbitzu publikoen eta Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Orokorraren informazio sistemei dagokienez.
c) Bitartekaritza prozesuan aplikatutako sistema informatikoen erabileraren ardura duten pertsonen prestakuntza beharrak koordinatzea.
d) EURES sarea kudeatu eta koordinatzea.
e) Lan aktibaziorako programa berariazkoei buruzko informazio sistemak kudeatzea.
f) Administrazioen arteko lankidetzaren ondoriozko prozesuak kudeatzea.
g) Beste edozein eginkizun, aipatutakoen antzekoa edo osagarria baldin bada, eta zerbitzuko zuzendaritzak bere jarduketa eremuaren barrenean agintzen dizkionak.
28. artikulua. Enplegua Sustatzeko Programen Atalaren eginkizunak.
Enplegua Sustatzeko Programen Atalak eginkizun hauek izanen ditu:
a) Lanpostuak sortzeko eta mantentzeko laguntza programak kudeatzea.
b) Gazteen enplegurako laguntza programak kudeatzea.
c) Toki entitateek eta irabazi-asmorik gabeko erakundeek interes orokor edo sozialeko obrak edo zerbitzuak kontratatzeko laguntzak kudeatzea.
d) Bazterturik edo baztertzeko arriskuan dauden giza taldeak lan munduan sartzeko laguntza programak kudeatzea, gizarte zerbitzuekin koordinatuta.
e) Legez ezarritako kontratu-erreserba betetzen dela kontrolatzea.
f) Ekonomia soziala sustatzeko programak kudeatzea.
g) Beste edozein eginkizun, aipatutakoen antzekoa edo osagarria baldin bada, eta zerbitzuko zuzendaritzak bere jarduketa eremuaren barrenean agintzen dizkionak.
29. artikulua. Enpresentzako Zerbitzuen Atalaren eginkizunak.
Enpresentzako Zerbitzuen Atalak eginkizun hauek izanen ditu:
a) Sektore publikoari eta pribatuari dagozkion enplegu eskaintzak koordinatu eta kudeatzea.
b) Enplegu eskatzaileen historial profesionalak erregistratu eta eguneratzea.
c) Lanpostuetarako hautagaien hasierako hautaketa eta/edo hautaketa teknikoa egitea.
d) Enplegurako politika aktiboen arloan informazioa eta aholkua ematea, erakundearen gainerako administrazio unitateekin koordinatuta.
e) Kontratu motei, pizgarriei eta enplegua sustatzeko neurriei buruzko informazioa eta orientazioa ematea.
f) Laneko kontratazioa eta komunikazioa kudeatzea, eta laguntza teknikoa ematea contrat@ izeneko aplikazioari buruz.
g) Enplegu prospekzioak egitea enpresetan, eta horretarako, lan merkatuan jarduketa sektorialak proposatu, prestatu eta horien jarraipena egitea.
e) Autoenplegua sustatzeko programak kudeatzea.
i) Ekintzailetza sustatu eta dinamizatzea, horretarako aholkuak emanez, prestakuntza planak prestatuz eta ekintzaileentzako laguntzak kudeatuz.
j) Beste edozein eginkizun, aipatutakoen antzekoa edo osagarria baldin bada, eta zerbitzuko zuzendaritzak bere jarduketa eremuaren barrenean agintzen dizkionak.
30. artikulua. Iruñeko 2. Zabalguneko Enplegu Agentziaren, Iruñeko Yamaguchiko Enplegu Agentziaren, Iruñeko Arrotxapeko Enplegu Agentziaren eta Tuterako Enplegu Agentziaren eginkizunak.
Aipatu enplegu agentzietako bakoitzak, zein bere lurralde eremuan, eginkizun hauek izanen ditu:
a) Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren izenean solaskide izatea tokiko agenteekin, enplegurako politika aktiboen arloan.
b) Enplegu agentziako langileak gidatu eta antolatzea, esleituak dituen xedeak bete ditzaten.
c) Zerbitzuak eta aholkuak ematea enplegu eskatzaileei, langileei, enpresaburuei eta, hala denean, erakunde publikoei zein pribatuei, enpleguaren eta prestakuntzaren arloan.
d) Zerbitzu eskaintzen eta enplegu eskaeren kudeaketa administratiboa eramatea, eta informazioa eta laguntza ematea herritarrei.
e) Deszentralizazio administratiboko prozesuak proposatzea eta zerbitzuak hobetzea enplegurako politika aktiboen arloan.
f) Agintariekin, solaskide sozialekin, prestakuntza zentroekin eta enpleguari zein prestakuntzari loturiko entitateekin koordinatzea.
g) Tokian tokiko lan merkatuetako jarduketak proposatu, gauzatu eta koordinatzea, haietan atzemandako beharren arabera.
h) Diharduen lurralde eremuan enplegu eta prestakuntza arloan dauden beharrak atzeman eta aztertzea.
i) Lan merkatuan esku hartzeko ereduak proposatu eta gauzatzea.
j) Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren jarduketa, programa eta zerbitzuak Nafarroa guztira zabaltzeko jarduketak proposatu eta garatzea.
k) Lan bitartekaritzaren arloan Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuarekin batera aritzen diren entitateekin koordinatzea.
l) Beste edozein eginkizun, aipatutakoen antzekoa edo osagarria baldin bada, eta zerbitzuko zuzendaritzak bere jarduketaren esparruan agintzen dizkionak.
7. ATALA
Ataletik beherako unitate administratiboak
31. artikulua. Sortu, aldatu edo kentzea.
Bulegoak, edo ataletik beherako edo haren pareko unitate administratiboak sortu, aldatu edo kentzeko, dagokion departamentuko kontseilariaren foru agindua beharko da, aldez aurretik funtzio publikoaren, antolamendu administratiboaren eta ekonomiaren arloko departamentuek txostena eginda.
III. KAPITULUA
Araubide juridikoa
32. artikulua. Ondarearen gaineko araubidea.
Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren ondarearen gaineko araubidea Nafarroaren ondareari buruzko araudian erakunde autonomoetarako oro har ezarritakoa izanen da.
33. artikulua. Langileen araubidea.
Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko langileen araubidea Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren zerbitzuko langileena izanen da.
34. artikulua. Kontratatzeko araubidea.
Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren kontratazio araubidea Nafarroako Administrazio Publikoen kontratuak erregulatzen dituen araudian erakunde autonomoentzat aurreikusitakoa izanen da.
35. artikulua. Baliabide ekonomikoak.
Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuak baliabide hauek izanen ditu finantzabide:
a) Bere esku jartzen diren ondasun eta eskubideak.
b) Ondasun eta eskubide horien ondoriozko produktu eta errentak.
c) Jasotzen ahal dituen diru-sarrera arrunt eta bereziak.
d) Nafarroako aurrekontu orokorretan esleitzen zaizkion diru kopuruak.
e) Administrazioek edo entitate publikoek ematen dizkioten diru-laguntzak (arruntak zein kapitalekoak).
f) Entitate pribatuen eta norbanakoen dohaintzak, legatuak eta bestelako ekarpenak.
g) Esleitzen zaizkion gainerako baliabideak.
36. artikulua. Araubide ekonomikoa eta finantzarioa.
Nafarroako Foru Ogasuna erregulatzen duen araudiak erakunde autonomoentzat oro har ezarritakoa izanen da aurrekontuen, ekonomia eta finantzaren, kontu-hartzailetzaren, kontrol finantzarioaren eta kontabilitatearen araubidea.
37. artikulua. Egintzen araubide juridikoa.
1. Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileak ebazpen gisa emanen ditu bere egintza administratiboak.
2. Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileak ematen dituen egintza administratiboek, bide judizial zibilaren eta lanekoaren aurretiko erreklamazioak eta ondare-erantzukizunari buruzkoak izan ezik, ez dute bide administratiboa amaitzen, eta gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal zaie, zein departamenturi dauden atxikita, hango titularrari zuzenduta.
3. Erakunde autonomo hau zein departamenturi atxikita dagoen, hango kontseilariaren esku dago foru agindu baten bidez Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzailearen egintza deusezak ofizioz berrikustea, egintza deuseztagarriak kaltegarri deklaratzea eta kargak ezartzen dituztenak edo kalterako direnak ezeztatzea.
4. Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko Kudeaketako Zuzendaritza da organo eskuduna bide judizial zibilaren eta lanekoaren aurretiko erreklamazioak ebazteko, langileriaren arloko erreklamazioak izan ezik, horiek funtzio publikoaren arloan eskumena duen departamentuko titularrak ebatziko baititu Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileak nahitaezko txostena eman ondoren.
Bide judizial zibilaren edo lanekoaren aurretiko erreklamazioak erabakitzen dituzten ebazpenen kontra, demanda jartzen ahal da jurisdikzio eskudunari zuzendua.
5. Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko Kudeaket Zuzendaritza da organo eskuduna bere funtzionamenduaren ondoriozkoak diren ondare-erantzukizunari buruzko prozedurak ebazteko, bai zuzenbide publikoko harremanetan bai zuzenbide pribatukoetan.
Ondare-erantzukizunari buruzko prozedurak erabakitzen dituzten ebazpenen kontra aukerako berraztertze-errekurtsoa jartzen ahal da, ebazpena eman zuen organoari berari zuzendua.
38. artikulua. Defentsa juridikoa.
Nafarroako Gobernuko Aholkularitza Juridikoari dagokio erakunde honen aholkularitza juridikoa eta hura epaiketan ordezkatzea eta defendatzea, irailaren 9ko 198/2015 Foru Dekretuaren 10. artikuluan xedatutakoaren arabera.
Iragarkiaren kodea: F1516358
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
