250. ALDIZKARIA - 2015eko abenduaren 17a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

ERABAKIA, Nafarroako Gobernuak 2015eko azaroaren 11n hartua, “Olaztiko zementu fabrikan erregai alternatiboen balorizazioa egitea” izeneko Udalez gaindiko Proiektu Sektoriala iraungitzen duena. Proiektuaren sustatzailea Cementos Portland Valderrivas, S.A. da.

Nafarroako Gobernuak 2013ko urtarrilaren 16an hartutako Erabakiaren bidez, “Olaztiko zementu fabrikan erregai alternatiboen balorizazioa egitea” izeneko Udalez gaindiko Proiektu Sektoriala (UPrS) onetsi zen. Proiektuaren sustatzailea Cementos Portland Valderrivas, S.A. da. Erabaki hori 2013ko 35. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, otsailaren 20koan.

UPrSaren helburu nagusia da arriskurik gabeko zenbait hondakinen balorizazio energetikorako beharrezkoak diren instalazioak definitzea, haiek Olaztiko zementu fabrikan erregai alternatibo gisa erabilita zementua produzitzeko prozesuan.

Hori horrela, UPrSa onetsi ondoren proiektua gauzatzeko behar diren lanak ez dira hasi, eta tresnan berean aurreikusitako epeak ere ez dira bete. Kasu hori Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko 35/2002 Foru Legearen 46.2. artikuluan ezarritakoetako bat da, Nafarroako Gobernuari aukera ematen diona UPrS baten iraungipena erabakitzeko: “a) Behin betiko onesten denetik bi urte igarotzen badira hura egiten hasi gabe”.

Horregatik guztiagatik, Lurraldearen Antolamenduko eta Hirigintzako Batzordearen txostenarekin bat, eta Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legeari eta aplikatu beharreko gainerako arauei jarraikiz, Nafarroako Gobernuak, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariak proposaturik,

ERABAKI DU:

1. “Olaztiko zementu fabrikan erregai alternatiboen balorizazioa egitea” izeneko Udalez gaindiko Proiektu Sektoriala iraungitzea. Proiektuaren sustatzailea Cementos Portland Valderrivas, S.A. da.

2. Erabaki hau Cementos Portland Valderrivas, S.A.ri, Olaztiko Udalari eta Ebroko Ur Konfederazioari jakinaraztea, eta aditzera ematea erabakiak administrazio bidea amaitzen duela eta haren aurka bi errekurtsoetako bat jartzen ahal dela:

–Berraztertzeko errekurtsoa, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, jakinarazi edo Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

–Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean, jakinarazi edo Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

3. Erabaki hau Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko Zuzendaritza Nagusira, Politika Ekonomiko eta Enpresarialaren eta Lanaren Zuzendaritza Nagusira, Barne Zuzendaritza Nagusiko Babes Zibilerako Zerbitzura eta Ingurumen Kalitatearen eta Aldaketa Klimatikoaren Zerbitzura, behar diren ondorioak izan ditzan.

4. Erabaki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, orok jakin dezan.

Iruñean, 2015eko azaroaren 11n.–Nafarroako Gobernuko kontseilari idazkaria, María José Beaumont Aristu.

Iragarkiaren kodea: F1515480