1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.7. BESTELAKOAK
ERABAKIA, Nafarroako Gobernuak 2015eko azaroaren 11n hartua, “Olaztiko zementu fabrikan erregai alternatiboen balorizazioa egitea” izeneko proiektuarentzat Cementos Portland Valderrivas, S.A.ri emandako Ingurumen baimen integratua iraungi dela deklaratzen duena.
Nafarroako Gobernuak 2013ko urtarrilaren 16an hartutako Erabakiaren bidez, “Olaztiko zementu fabrikan erregai alternatiboen balorizazioa egitea” izeneko Udalez gaindiko Proiektu Sektoriala onetsi zen, eta Ingurumen baimen integratu berria eman zitzaion. Proiektuaren sustatzailea Cementos Portland Valderrivas, S.A. zen.
Erabaki hori 2013ko 35. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, otsailaren 20an.
Ingurumen Kalitatearen eta Klima Aldaketaren Zerbitzuak adierazi du, baimen hori eman zenetik bi urte baino gehiago igaro badira ere, erregai alternatiboen balorizazioa ez dela oraindik abian jarri.
Gainera, Sustrai Erakuntzak eskatua zion Ingurumen Kalitatearen eta Klima Aldaketaren Zerbitzuari iraungitzat deklara zezala Cementos Portland Valderrivas, S.A.ri Olaztiko lantegian erregai alternatiboen balorizazioa egiteko emandako Ingurumen baimen integratua.
Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legearen 23.4 artikuluak ezartzen duenez, Ingurumen baimen integratua eman eta bi urte igarotzen badira proiektua edo jarduera gauzatzen hasi gabe, baimena iraungitzat eta inongo ondoriorik gabekotzat joko da.
Bestalde, abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 23.3 artikuluak ezartzen du, Ingurumen baimen integratua iraungitzeko, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuaren berariazko deklarazioa behar dela, titularrari entzutea ematen dion administrazio espediente baten ondotik.
Nafarroako Gobernuak, 2015eko urriaren 7ko Erabakiaren bidez, beretzat gorde zuen Cementos Portlandek Olaztin duen instalazioaren Ingurumen baimen integratua iraungitzat deklaratzeko eskumena. Baimen hori Gobernuaren 2013ko urtarrilaren 16ko Erabakiaren bidez eman zen.
Erabakia Cementos Portland Valderrivas, S.A.ri jakinarazi zitzaion, eta hamar egun balioduneko epea eman zitzaion egoki iruditzen zitzaizkion alegazioak aurkezteko.
Ingurumen Kalitatearen eta Klima Aldaketaren Zerbitzuak adierazi du Nafarroako Gobernuaren 2015eko urriaren 7ko Erabakia Cementos Portland Valderribas, S.A.ri jakinarazita, ez duela alegaziorik aurkeztu horretarako ezarritako epean.
Horregatik guztiagatik, Ingurumen Kalitatearen eta Klima Aldaketaren Zerbitzuak egindako txostena ikusirik, eta Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legean xedatutakoarekin bat, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariak proposaturik, Nafarroako Gobernuak,
ERABAKI DU:
1. Olaztiko zementu fabrikan erregai alternatiboen balorizazioa egiteko Cementos Portland Valderrivas, S.A.ri emandako Ingurumen baimen integratua iraungi dela deklaratzea.
2. Erabaki hau Cementos Portland Valderribas, S.A.ri, Olaztiko Udalari, Sustrai Eraikuntza Fundazioari eta Ebroko Ur Konfederazioari jakinaraztea, eta adieraztea haren aurka, administrazio bidea amaitzen baitu, errekurtso hauetakoren bat jartzen ahalko dela, aukeran:
–Berraztertzeko errekurtsoa, Nafarroako Gobernuari berari zuzendua, hilabeteko epean, jakinarazi edo Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.
–Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean, jakinarazi edo Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.
3. Erabaki hau Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko Zuzendaritza Nagusira eta Ingurumen Kalitatearen eta Aldaketa Klimatikoaren Zerbitzura igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.
4. Erabaki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, orok jakin dezan.
Iruñean, 2015eko azaroaren 11n.–Nafarroako Gobernuko kontseilari idazkaria, María José Beaumont Aristu.
Iragarkiaren kodea: F1515446