250. ALDIZKARIA - 2015eko abenduaren 17a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

SARTAGUDA

Udal ordenantza, Udal hilerriaren funtzionamendua arautzen duena. Behin betiko onespena

Sartagudako Udalak, 2015eko irailaren 24an egin bilkuran, hasiera batean onetsi zuen Udal hilerriaren funtzionamendua arautzen duen ordenantza.

2015eko 201. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, urriaren 8an, argitaratu zenetik hogeita hamar egun balioduneko epea iragan denez inork erreklamazio, kexa edo oharrik aurkeztu gabe, behin betiko onetsirik gelditu da, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan ezarritakoari jarraituz. Jarraian testu osoa argitaratzen da.

Sartagudan, 2015eko azaroaren 13an.–Alkatea, sinadura ulertezina.

ORDENANTZA, UDAL HILERRIKO ZERBITZUA ARAUTZEN DUENA

I. TITULUA

Xedapen orokorrak

1. artikulua. Toki Araubideko Oinarriei buruzko Legearen 4., 25. eta 26. artikuluei eta Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legearen 4. eta 29. artikuluei jarraituz, bai eta Nafarroako Toki Ogasunei buruzko Legearen 100. artikuluari ere, Sartagudako Udalari dagokio Sartagudako udal hilerriko zerbitzuen zuzeneko kudeaketa, haren jabea baita, ordenantza honetako xedapenen arabera eta beste administrazio publiko batzuen eskumenak galarazi gabe.

2. artikulua. Sartagudako Udalak ondoko eginkizunak beteko ditu, udal hilerriarekin zerikusia dutenak:

Esparrua administratu eta mantentzea, garbitasuna eta egokitzapena zainduta eta zerbitzuaren ordena zuzena bermatuta. Hala ere, norbanakoen betebeharra izanen da hilobiaren eremua, edo horma-hilobiaren aurrealdea, mantendu eta zaintzea, behar bezala segur, xahu eta apain egon daitezen.

Lurzatiak eta hilobiak banatu eta ematea.

Edozein motatako ehorzketa eskubideak onartu, aldatu, eta haien iraungipena adieraztea.

Hilotzak eta gorpuzkiak ehorztea eta hobitik ateratzea, osasun arloko arauei jarraikiz, salbu eta Udalak ezarritako epeetatik kanpora denean, partikularrak eskatuta.

Ondorio horretarako gailuak erabiliz, zerraldo, arropa, jantzi, hil-oihal eta bestelako gauzakien hondarrak suntsitzea, gorpuzkiak izan gabe ere hilobiak hustu eta garbitzerakoan agertzen direnak.

Hilerriko zerbitzuekin zerikusia izan dezaketen Udalaren bestelako administrazio eskumenak.

3. artikulua. Udalak udalerriko bizilagunen premiei erantzuteko adina hilobi eraiki eta banatuko ditu. Hilobiak motaren arabera banatuko dira, eta ondoz ondoko zenbakiak emanen zaizkie kale, talde eta koadrotan banatuta.

4. artikulua. Udalak ez du lurrean ehorzteko zerbitzurik eskainiko, herriko premiak asetzeko adina horma-hilobi dituelako.

Aldiz, zerbitzuaren eskumena da panteoi partikularretan ehorztea.

Hilerriaren barnean ez da inolako espazio berezirik gordeko, legeek debekatutako bereizketa ekar dezaketen ehorzketak egiteko.

Ez eta horma-hilobi eta errauts-kutxategirik ere, egunen batean ehorzteko.

Animaliek ez dute zilegi sartzea, non ez diren itsu-zakurrak.

5. artikulua. Hilerriak indarreko legediak eskatzen dituen instalazioak eta zerbitzuak izanen ditu.

6. artikulua. Hilerriaren esparrua zabalik egonen da Udalak ezartzen duen ordutegian.

7. artikulua. Hilerriko bisitariek hildakoak errespetatuko dituzte eta, horretarako, ez da onartuko esparruaren seriotasuna zuzenean edo zeharka hondatzen duen edo hilobiak profanatzea, suntsitzea edo bortxatzea dakarren inolako ekintzarik, eta ustezko arau-hausteen berri emanen zaio organo edo agintaritza eskudunari.

8. artikulua. Salmenta ibiltariak ez du baimenik izanen hilerriaren barrenean. Debeku hori hilerriaren eragin eremura hedatzen ahalko da.

9. artikulua. Udalak ez du erantzukizunik bere gain hartuko, zerbitzuarekin zerikusirik ez duten pertsonek hilobiak edo haien gainean uzten diren gauzak ebatsi edo narriatzen badituzte.

10. artikulua. Hilerrian egiten diren hilobi eta zerbitzuen erregistroa sortuko da, honako atal hauek jasoko dituena:

Hilobiak.

Ehorzketak.

Hobitik ateratzea eta lekualdaketak.

Erreklamazioak.

11. artikulua. Hilerriko ikuspegi orokor nahiz partzialak irudi, argazki, marrazki edo pinturetan atera nahi izanez gero, ez da Udalaren baimenik beharko.

II. TITULUA

Ehorzketa eskubidea

I. KAPITULUA

Hilobien kontzesioa

12. artikulua. Horma-hilobien, errauts-kutxategien eta panteoien erabileraren gaineko ehorzketa eskubidea kontzesio ekintzarekin batera sortuko da.

Ez da lurzati gehiagorik emanen panteoi partikularrak eraikitzeko. Gaur egungoak mantenduko dira; bestelako panteoiak egiteko, Sartagudako Udalak osoko bilkuran emandako baimena beharko da.

13. artikulua. Horma-hilobiak eta errauts-kutxategiak 25 urterako emanen dira eta epe hori ez da luzatuko; bukatzean, Udalak, beharrezkoa bada, gorpuzkiak atera eta hilobia garbituko du, familiakoei aldez aurretik abisu emanda.

14. artikulua. Sartagudako Udalak hilerriko zerbitzua eginen du toki administrazioari buruzko legeria orokorrean ezarritakoarekin bat eta hilotzen gaineko osasunari buruzko legeriarekin bat.

15. artikulua. Horma-hilobiak eta errauts-kutxategiak erabiltzeko kontzesioa ehorzketaren unean ematen dela ulertzen da, ondoren onestea galarazi gabe. Bestelakorik adierazi ezean, titularra bere izenean emateko eskatzen duen pertsona fisikoa edo juridikoa izanen da.

Hilobien ordena errespetatuz eginen dira kontzesioak, beste eremu batzuetan hutsik dauden tarteak okupatzea eskainita.

16. artikulua. Horma-hilobietan bata bestearen ondoren egin daitezkeen ehorzketek eta hilobien erabileraren gaineko hileta eskubideen eskualdaketek ez dute aldatuko haietako azkenaren kontzesio epearen iraupena.

17. artikulua. Aitzineko artikuluek aitortu bezala, ehorzketa eskubidea mugatuko da udal jabetzako hilobiak erabiltzera barnean hilotzak eta gorpuzkiak ehorzteko eta altxatzeko; hau da, ez dago lotuta lurrari eta ezin da eraiki beste deus. Horretaz baliatzeko, ordenantza honen xedapenei lotu beharko zaie.

18. artikulua. Hilobi mota guztien gaineko ehorzketa eskubidea bermaturik geldituko da hilerriko erregistroan inskripzioa eginda, eta haren inguruabarrak dagokion inskripzioak adierazten dituenak izanen dira.

19. artikulua. Hilobiak hilerriko erregistro liburuan inskribatuko dira, eta inskripzio bakoitzean hurrengo datuak aipatuko dira:

Hilobiaren identifikazioa.

Kontzesioaren eguna.

Izena, deiturak, kontzesioa eskatzen duenaren helbidea, horrexek tasak ordainduko baititu, eta Udalak nori igorriko dizkion jakinarazpenak.

Bi lagunen izenak, deiturak eta helbideak, aurrekoa hilez gero norengana joko den jakiteko.

Ehorzketak, hobitik ateratzeak eta lekualdaketak, honako hauek adierazita: zein hilotz edo gorpuzki den, pertsona horren izen-abizenak, eta jarduketa noiz izan den.

Mugak, debekuak eta itxiera, bidezkoa bada.

Ordaindutako tasak eta subjektu pasiboa.

Hilobia edo haren ingurua ukitzen duen edozein gertakizun.

20. artikulua. Kontzesioa administrazio agirian gauzatuko da. Hartan honako hauek adieraziko dira: kontzesioaren hilobia, esleipen eguna eta iraupena. Ehorzketa eskubideen titularrek edo gozamendunek hilobiari buruzko erregistroko datuen informazioa eskatzeko eta eskuratzeko eskubidea izanen dute.

21. artikulua. Ehorzketa eskubidea une bakoitzean titularra denaren izenean agertuko da erregistro liburuan.

22. artikulua. Ehorzketa zerbitzuen enpresak, aseguru konpainiak, aurreikuspeneko mutualitateak edo, haien jarduera gauzatzean, pertsona bat hiltzen denean lurperatzeko eskubidea ematen duten bestelako entitate juridikoak ezin izanen dira ehorzketa eskubidearen titularrak izan.

II. KAPITULUA

Ehorzketa eskubidearen iraungipena

23. artikulua. Ehorzketa eskubidea kasu hauetan iraungiko da:

Eraikuntzaren hondamen egoeragatik. Iraungipena erabakiko da aldez aurreko txosten teknikoan egoera hori adierazi eta eskubidearen titularrak beharrezko obrak egiteko errekerimendua bete gabe utzi ondoren.

Hilobia abandonatzeagatik, hau da, eskubidearen titularrak egin beharreko garbiketa eta mantentze-lanak guztiz bazter uzteagatik, horretarako egindako errekerimendua bete gabe utzita, bai eta hilotza identifikatzen duen plaka ez jartzeagatik ere.

Eskubidearen iraupena bukatzeagatik.

Kontzesioa amaitu baino lehen, hobitik ateratzeagatik edo horma-hilobiak, errauts-kutxategiak edo lurreko hilobiak nahita husteagatik.

Titularrak berariaz uko egiteagatik.

Ordenantza honetan xedatuari kontra egiten dion lagapenagatik.

Hilerria ixteagatik.

Ordenantza honetan ezarritako tasa ez ordaintzeagatik.

24. artikulua. Kontzesio epea iragatea ez den beste arrazoiren batek eragindako iraungipena espedientea bururatzen duen berariazko ebazpenean adieraziko da, eta, nolanahi ere, eskubideen titularrei jakinaraziko zaie.

25. artikulua. Iraungipena hondamenak edo abandonatzeak ekartzen duenean, eskubidearen titularraren heriotza jasota badago, interesdunei hitzordua emanen zaie titulartasun aldaketarako duten eskubidea alega dezaten. Interesdunak ezezagunak baldin badira, zitazioa eginen da honako hauetan iragarkia argitaraturik: Nafarroako Aldizkari Ofizialean, Udaleko iragarki oholetan.

Oinordekoak edo edozein tituluren bidez subrogatutako pertsonak bertaratzen badira eta eskualdaketa justifikatu, titulartasuna beren alde aldatzea lortzen ahalko dute, baldin eta ondorio horretarako ezartzen den epean hilobia konpontzeko edo egokitzeko obrak gauzatzen badituzte.

26. artikulua. Iraungipena dela-eta kontzesioa galduz gero, hilobia Udalaren esku geldituko da, eta eskubidearen iraungipenetik ez da inolako ordainketarik edo kalte-ordainik sortuko titularraren alde. Aitzinetik gaztigatuta, gelditzen diren gorpuzkiak hezurtegi orokorrera eramanen dira, edo, bestela, erre eginen dira, salbu eta hilaren senideek edo haien baimena duten beste batzuek gorpuzkiak familiaren eskutan uzteko eskatzen badute.

Orobat, familiakoek hilarria eta gainerako apaingarriak kendu beharko dituzte, edo bestela udal zerbitzuei eskatu beraiek ken ditzaten.

III. TITULUA

Hilobiak eraikitzea, mantentzea eta zaintzea

I. KAPITULUA

Xedapen orokorrak

27. artikulua. Hilerriaren esparruaren barnean edozein obra egiteko, horiek egiteko kontratatzen diren enpresek honako arau hauek bete beharko dituzte:

Harria, marmola, metalak edo bestelakoak prestatzeko lanak ezin izanen dira esparruaren barnean egin.

Eraikuntzako materialen prestalana hautatzen diren tokietan egin beharko da, kasu bakoitzean beharrezkoa den babesarekin.

Materialak, tresnak, lurra edo ura igarobidea eragozten ez duten lekuetan utziko dira.

Ondoko hilobi edo landareei kalterik ez egiteko maneran paratuko dira Aldamioak, hesiak edo eraikuntzarako behar den beste edozein tresna lagungarri. Pertsonak eta ondasunak babesteko beharrezko neurriak beteko dira, eta obrak eskatu eta egiten dituztenek obrak egitearen ondorioz sor daitezkeen kalteak beren gain hartuko dituztela ulertuko da.

Obra bukatutakoan, tokia garbitu egin beharko dute eta handik eraman obra-hondakinak, puskak edo materialen hondarrak leku baimendu batera, betiere eraikitzailearen kontura; ezin izanen dira hilerriko edukiontzietara bota. Baldintza horiek bete ezean ez zaio hilobiari altarik emanen.

28. artikulua. Norberak eraikitako hilobiak konpontzeko eta zaintzeko obrak eta Udalak eraikitako hilobietan hilarriak eta osagarriak edo apaingarriak jartzea eskubideen titularren kontura eginen dira.

29. artikulua. Hilarrietako hilartitzak, oroigarriak, ezaugarriak eta ikurrak edozein hizkuntzatan jar daitezke, eta behar bezalako begirunea agertu beharko dute. Hirugarrenen eskubideen aurka jo dezaketen idazkunen erantzukizuna titularrarena izanen da.

30. artikulua. Landaketek ezin izanen dute inoiz ere bidea hartu, ez eta inguruko eraikuntzak kaltetu ere.

31. artikulua. Eskubideen titularrek edo haien baimena duten beste pertsona batzuek zaindu eta garbituko dituzte hilobiak.

Hilobia garbitu ondoren, lore arrastoak eta bestelako objektu erabiltezinak ondorio horretarako hautatutako lekuetan utzi beharko dira.

32. artikulua. Ezin izanen da hilerrira sartu edo handik atera hilobien zerbitzurako gairik, Udalaren baimenik gabe.

Hilobietan instalatzen diren hilarriak eta obra artistikoak ehorzketa eskubidearen titularrak kentzen ahalko ditu kontzesioa amaitutakoan, objektu nagusiari kalterik egin gabe bereizten ahal badira.

Orobat, hilarriek gainerakoarekin lerrokatuta egon beharko dute, ezarrita egon behar duten tokian nabarmendu gabe.

II. KAPITULUA

Konpontzeko, zaintzeko eta apaintzeko obrak

33. artikulua. Garrantzi txikikoak izateagatik teknikari eskudunak sinatutako proiekturik behar ez duten konpontzeko, zulatzeko edo hilobiak pilastrez, barrez eta harlauzez ixteko obrak eta hilarriak, estatuak, gurutzeak eta apaintzeko ohiko bestelako ikurrak edo objektuak jartzeko obrak kasuko obra lizentziaren bidez baimenduko dira, beharrezkoa bada.

IV. TITULUA

Hilotzak eta gorpuzkiak ehortzi, hobitik atera eta lekualdatzea

I. KAPITULUA

Xedapen orokorrak

34. artikulua. Hilotzak eta gorpuzkiak ehortzi, hobitik atera, berrehortzi eta lekualdatzeko, hilotzen gaineko osasunaren arloan indarrean dauden xedapenei eta titulu honetan ezarritakoari jarraikiko zaie, ordenantza honen eranskinean ezarritako tasak sorrarazita.

35. artikulua. Ez da aintzat hartuko ehortzi edo hobitik ateratzeko inolako eskaerarik, hildakoaren hurbileko senideek horren aurka daudela berariaz adierazten badute, agintari judizial eskudunak baimendu ezean.

36. artikulua. Hilotzak ezin izanen dira ehortzi heriotzatik hogeita lau ordu igaro arte. Hala ere, hurrengo salbuespenak egonen dira:

Haren heriotza egiaztatu eta gero, organo eta ehunen emailea bada.

Osasunaren aldetik, Nafarroako Gobernuko Osasun Departamentuak espedienteari erantsitako dokumentuan xedatzen dituen goiti-beheitiak badira.

II. KAPITULUA

Hilotzak hobitik ateratzea

37. artikulua. Ehorzketa egiteko, Udaleko bulegoetan honako agiri hauek aurkeztu beharko dira:

Ehorzteko eskaera, inprimakiko datuak behar bezala beterik ondoren Erregistroan idazteko. Panteoi batean ehorztea nahi bada, eskubidearen titularrak edo hori erabiltzen ahal duenak aurkeztu beharko du eskaera, eta titularra zendua bera bada, haren senideek edo hurbilekoek. Beste mota bateko hilobiak izanda, kontzesioa bere izenean emateko eskatzen duenak ehorzteko eskatuko du aldi berean.

Lurperatzeko lizentzia, errautsen ehorzketa izan ezean.

38. artikulua. Inolaz ere ez dira onartuko hilotzen bilgarriak, gorpuen berezko deskonposizioa galarazten edo berandutzen badute.

39. artikulua. Horma-hilobi hutsetan ez da errautsik utziko, horretarako errauts-kutxategiak daudenean. Ez da zilegi errautsa ekartzea kutxategietara, non ez den udalerriko biztanle hildakoena, edo udalerriarekin lotura dutenena, Udalak aldez aurretik baimenduta.

40. artikulua. Ez da zilegi lurpean sartzea, non ez den hormak zementoz edo hormigoiz hartuta dituzten panteoi edo hilobietan.

41. artikulua. Ehorzketa guztietan hilobiko zuloak hermetikoki itxiko dira, jarioak eta isuri likidoak eragozteko.

Horma-hilobi eta errauts-kutxategietan ehorzteko, ehorzketa eskubidearen titularrek idazkuna duen behin betiko hilarria paratu beharko dute bi hileko epean.

42. artikulua. Arau orokor gisa, debeku da beste hilerri batzuetatik gorpuzkinik ekartzea hilerri honetako horma-hilobi berri batera; salbuetsiko da Udalaren aldez aurreko baimena bada. Hala ere, gorpuzkiak ehorzten ahalko dira horma-hilobi batean, hildako bat ehorzten denean.

Gerra egoerak edo hondamendiak, gizakiak eragindakoak edo naturalak direla eta, udalerriko biztanleen gorpuzkiak, hainbat hilobitatik jasoak, salbuesten ahalko dira arau honetatik.

43. artikulua. Ehorzketak Udalak baimendu edo alta emandako panteoi, horma-hilobi edo errauts-kutxategietan eginen dira.

44. artikulua. Panteoi, horma-hilobi edo errauts-kutxategi bakoitzaren ondoz ondoko ehorzketen kopurua edukierak baino ez du mugatuko, ehorzketa eskubidearen titularrak ehortzi beharreko hilotzen kopurua edo zerrenda aldaezina nahita eta berariaz mugatu ezean. Horretarako, hori adierazi beharko da erregistroko hilobien atalean.

III. KAPITULUA

Hobitik ateratzea, berrehorztea eta lekualdatzea

45. artikulua. Orokorrean, hobiratu zenetik hamar urte iragaten ez bada ez da hilotzik ateratzerik izanen, epaile batek agindu ezik.

Salbuespenetan, Osasun Departamentuak hilotzak ateratzeko baimena eman dezake.

Nolanahi ere, hilotz bat ateratzen denetik berriz ere ehorzten den arteko epea ez da inoiz berrogeita zortzi ordu baino luzeagoa izanen.

46. artikulua. Hilotzak hobitik ateratzean hilerri berean berrehorzteko, beste hilerri batera lekualdatzeko edo errausteko, hilobiaren gaineko ehorzketa eskubidearen titularrak eskaera aurkeztu beharko du.

47. artikulua. Hilotza edo gorpuzkiak hobitik ateratzen badira hilerriaren barreneko beste hilobi batera eramateko, berrehorzketa egin nahi den hilobiaren gaineko eskubidea duen titularraren baimena beharko da. Lurrean ez da berrehorzketa egiterik izanen.

48. artikulua. Hilotzak edo gorpuzkiak hobitik ateratzeko, osasun agintaritzaren baimena beharko da, beste hilerri batera eraman daitezen Erregelamenduak aurreikusten dituen kasuetan (Hilotzen gaineko Osasun Arauen Erregelamendu onetsi zuen urriaren 15eko 297/2001 Foru Dekretuaren I. multzoa).

49. artikulua. Udalak ezartzen duen ordutegian aterako dira hilotzak edo gorpuzkiak hilobitik.

50. artikulua. Hamar urte iragatean gorpuzkinen berrehorzketak egiten ahalko dira horma-hilobi berrietara, betiere beste hilotz bat ehorzten denean.

Berriz ehortzi nahi diren gorpuzkinak hobitik ateratzeko lanak familiaren kontura eta beraren bizkar izanen dira, eta Udalaren zerbitzuek eginen dituzte, udal zerbitzuei aurretik horren berri emanda.

Familiakoek baimenduta sartzen ahalko dira hilotzen errautsak okupatuta dauden horma-hilobietan; betiere, bertako hilotza edo zerraldoa ukitu gabe.

IV. KAPITULUA

Zerbitzuak egiteko tasak

51. artikulua. Tasa ordainarazteko zergapeko egintza ordenantza honen I. eranskinean adierazten diren zerbitzuak egiteari dagokio.

52. artikulua. Ordenantza honetan araututako zerbitzuren bat egiteko eskatzen dutenak dira tasa hauen subjektu pasiboak, pertsona fisikoak izan, pertsona juridikoak izan edo, nortasun juridikorik gabe, batasun ekonomikoa edo ondare banatua eratzen duten entitateak izan.

53. artikulua. Zerga-oinarria ordenantza honen tarifen eranskinean agertzen da. Tributu-kuota eta zerga-oinarria berdinak dira.

54. artikulua. Zerbitzuak eman eta, gehienez ere, hilabetean ordainduko da tasa.

55. artikulua. Ordenantza honetan aurreikusten diren zerbitzuen tasak autolikidazio bidez ordainduko dira, Nafarroako Toki Ogasunei buruzko Legearen 108.1. artikuluan xedatuarekin bat. Halaber, Sartagudako Udalak eguneratzen ahalko ditu, osoko bilkuran hala erabakita.

XEDAPEN IRAGANKORRAK

Lehenbizikoa.–Lurzati, horma-hilobi eta/edo panteoien jabe gisa agertzen direnen hobiratzeak errespetatuko dira.

Bigarrena.–Denbora mugarik gabe emandako kontzesioak laurogeita hemeretzi urterako administrazio kontzesiotzat hartuko dira. Hala behar badu, zeuden horretan eta haien tituluei jarraikiz errespetatuko dira.

Hirugarrena.–Aurreko araudiaren arabera gobernatzen diren lurzati, hilobi eta horma-hilobien erabiltzaile guztiek kontzesio bakoitzaren epea iragaten denean bukatuko dute haien erabilera. Gero, lekurik behar baldin bada, Udalak gorpuzkinak ateratzeko eskatzen ahalko du.

Laugarrena.–Udalak, sei hilabeteko epean, hilerriko erregistro liburua sortuko du, ordenantza honen aurreko esleipenak eta jabeak kontuan hartuta.

XEDAPEN INDARGABETZAILEA

Indarrik gabe gelditu dira maila bereko edo apalagoko udal arau eta ordenantza guziak, ordenantza honi kontra egiten badiote edo kontrakoa esaten badute .

AZKEN XEDAPENA

Ordenantza honek 2016ko urtarrilaren 1ean hartuko du indarra, testu osoa Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuta dela, legez ezarritako epea igaro ondoren.

I. ERANSKINA

Tasak

Ehorzketak.

I.–Ehorzketa berriak:

Horma-hilobian: 350 euro, dena batera ordainduta. Okupazio epea 25 urte izanen da gehienez.

Errauts-kutxategian: 100 euro, dena batera ordainduta. Okupazio epea 25 urte izanen da gehienez.

II.–Horma-hilobietan 10 urtetik 20 urtera:

360 euroren eta aurretik ordaindutakoaren arteko aldea.

III.–Horma-hilobian 10 urte ez dutenak:

Aukera hau dute: Aurreko erregulazioaren arabera ordaintzen segitzea (18 euroko kuota urtean), 10 urte egin arte, edo 360 euroren eta ordainduta dagoenaren arteko aldea batera ordaintzea 25 urtera luzatuta (15 urte gehiago).

IV.–Horma-hilobian 25 urtetik gora daramatenak:

Ordaintzeari uzten diote.

Hilotzak hobitik ateratzea.

Horma-hilobian: 120 euro, ateratzen den hilotz bakoitzeko, ordainketa bakar batean.

Errauts-kutxategian: 60 euro, ateratzen den hilotz bakoitzeko, ordainketa bakar batean.

Horma-hilobi berean, hilotza atera, ehortzi eta berriz ehorzteko aukera erabili nahi denean, honako tasa hau izanen da:

Ateratzen den hilotzaren horma-hilobian, horma-hilobi berrirako indarra duen tasaren %25, eta 25 urteko epea emanen da, horma-hilobi horretan egiten den azken ehorzketatik aurrera.

Ehorzketa tasek izanen dute indarra horma-hilobi berrian.

Iragarkiaren kodea: L1515484