25. ALDIZKARIA - 2015eko otsailaren 6a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

EGUESIBAR

Aldaketa, Hirigintzako Udal Planean, Eraikuntzaren ordenantzaren 67 eta 68. artikuluei eta Gorraizko paisaia babesteko ordenantzaren 13. artikuluari dagokienez. Behin betiko onespena

Eguesibarko Udalak, 2014ko urriaren 2an egin osoko bilkuran, erabaki zuen hasiera batez onestea Hirigintzako Udal Planeko aldaketa, Eraikuntzaren ordenantzaren 67 eta 68. artikuluei eta Gorraizko paisaia babesteko ordenantzaren 13. artikuluari dagokienez. Urriaren 14ko 201. Nafarroako Aldizkari Ofizialean iragarkia argitaratuta irekitako jendaurreko epea iragan baita espedientearen aurkako alegaziorik aurkeztu gabe. Horiek horrela, hasierako onespena behin betikoa bilakatu da, dagokion argitalpena egin behar bada ere adierazitako aldizkari ofizialean. Beraz, argitara ematen da, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 64. artikuluan eta Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan ezarritakoa betetzeko. Aipatutako agindu horien testua, aldaketa egin ondotik, honela gelditu da:

Eraikuntzaren ordenantzaren 67 eta 68. artikuluak.

67. artikulua. Itxiturak.

Lurzatietako itxiturak, egonez gero, bi motatakoak izanen dira:

1.–Sarbideen mugetakoak.

Itxiturak lurzatiaren mugatik 40 cm-ra kokatuko dira barrualderantz, eta bitarteko tokia gordeko da landaresiak paratzeko. Izan ere, landareek estali beharko dute itxitura metalikoa beti, nahiz eta bakarrik derrigorrezkoa izan kanpoko aldean jartzea landaresia.

Landareek ezin izanen dute 40 cm-ko tarte horretan 2,40 metroko gehieneko altuera gainditu.

Itxiturek gehienez ere 2,00 metroko altuera izanen dute eta hesi metalikoz eginen dira, ibilgailuen eta oinezkoen sarrerak izan ezik, horietan beste material batzuetako ateak ezarri ahalko baitira, 2,00 metroko altueraraino, albo banatan dagozkien finkatzeko ostikoekin. Ostiko horien luzera gehienez ere 40 zentimetro izanen da, sarbide ezberdinei dagozkien bi elkartzen diren kasuetan izan ezik; horrelakoetan, luzera gehienez ere metro 1ekoa izan ahalko da. Ostikoen altuera gehienez ere 2,40 metro izanen da. Sarbideko ateak estaltzeko elementuak baimenduko dira, baina ez dute punturik altuenean 2,40 metro gaindituko.

Kale aldapatsuetan itxiturak mailakatuta jartzen ahalko dira, inon 2,40 metroko altuera gaindi ez dezaten.

2.–Gainerako mugak.

Metalezko hesia, gehinez 2,00 m altu dena. Bi aldeetan landatutako landareek estali beharko dute. Landare horiek, itxituraren bi aldeetan, eta 40 cm zabal den tartean, gehienez 2,40 metro altu izanen dira.

Lurzati batzuendako eremu komunik bada, itxiturarako gehieneko mugak aurreko lerroaldean ezarritakoak izanen dira, salbu eta eremu horretara sartzeko ateei dagokienez, horiek beste material batzuetakoak izan ahalko baitira; horiek ere gehienez 2 metroko altuera izanen dute eta gehienez ere 40 zentimetroko luzera duten finkatzeko ostikoak izan ahalko dituzte, baina horien garaiera ere 2 metrokoa izanen da gehienez eta ezin izanen da estaltzeko elementurik egon.

Paisaia Babesteko ordenantzetan B2 motatzat hartutako mugetan, itxitura lurrari eusteko murrua izan daiteke, gehienez 2 metroko altuera duena. Murru horrek gutxienez 40 cm egin behar du atzera lurzatiaren barruko aldera, hura erabat estaltzeko beharrezko landareak koka daitezen. Murru horren gainean gehienez 1,8 metro altu den metalezko hesi bat para daiteke, justu atzean jarritako landareek erabat estaltzen dutela.

Paisaia Babesteko ordenantzetan B5 motatzat hartutako mugetan, itxitura lurrari eusteko harri-lubeta gisako murrua izan daiteke, behar bezala landareztatua, ikusmiran sortzen duen eragina ekiditeko. Murru horren gainean gehienez 1,8 metro altu den metalezko hesi bat para daiteke, hori ere landareek estaltzen dutela.

B2 eta B5 motetako mugen kasuan, itxitura zehazteko xehetasun azterlana tramitatu beharko da, ertz guztia kontuan hartuko duena, haren jarraikortasuna bermatzeko bolumetriari, estetikari eta eraikuntzari dagokienez.

Etxebizitza kolektiboak izatekoak diren lurzatien kasuan, itxiturak eginez gero, eraikinen artean baino ez dira eginen, eta eraikina bera izanen da itxitura, barneko urbanizazioan.

68. artikulua. Orografia

Xehetasun azterlanek sestrak definitu behar dituzte lurzatien mugetan. Sestra horiek aldatu ahalko dira bizitegietarako bi lurzati elkarren ondoan daudenean, betiere bi jabeek akordio bat sinatzen badute idatziz, mugaren sekzioa bere behin betiko sestrekin agertzen duena, eta akordio hori Eguesibarko Udaletxean aurkezten bada. Gainera, dagokion xehetasun azterlanaren aldaketa tramitatu beharko da, sestra berriak adierazteko.

Ez da onartuko lurraren orografian aldaketarik, mugarekiko zeharka neurtuta %100eko malda gainditzen badu (1H:1V). Itxiturei buruz gainerako ordenantzetan ezarritakoa errespetatuz, lurren eustormak egin ahalko dira artikulu honetan bertan ezarritako baldintzekin, eta betiere aipatutako %100eko maldak zehaztutako inguratzailea inoiz gainditu gabe (ikus 5 zenbakiko krokisa) Gainera, ezpondak edo egindako hormek Paisaia babesteko ordenantzan zehaztutako landaredia eta drainadura izan beharko dute, betiere aldaketa eragin duen lurzatiaren barnean, halako moldez non lurraren aldaketak ez ditzan kaltetu urez beiti dauden jabetzak, lehen baino gehiago.

B2 eta B5 motetako itxiturak salbuetsita daude %100eko gehieneko aldaketa hori betetzeaz (1H:1V).

B5 motako itxiturei dagokienez, oro har 1H:3V-ko malda baimentzen da gehienez ere, nahiz eta Udalak baimendu ahalko dituen malda handiagoak, harri-lubetaren segurtasuna, egonkortasuna eta sendotasuna behar bezala bermatuko dituen proiektu teknikoa aurkeztu ondotik.

Debeku dira 3 metrotik gorako altuera duten hormak. Halako batean altuera handiagoa behar bada, mailakaturik eginen dira, haien topaguneetan landare tratamendua onartu beharrez. Atzeraemangune horiek gutxienez ere haien altuerakoak izanen dira, eta inoiz ez 40 cm baino txikiagoak. Horma horien altuera neurtuko da altxaeraren proiekzioan, aurreko hormaren gailurrarekiko. Atzeraemanguneak neurtuko dira eustormaren estradosaren aldetik edo landareetako lur eremuaren mugatik, gutxienez ere metro 1eko lodiera duela, hurrengo hormaren kanpoaldearekiko (ikus 6 zenbakiko krokisa). Landare hormak gomendatzen dira.

Horma edo ezponda bat jasotzen duen proiektu orok jaso beharko du horren landare tratamendua.

Eguesibarko Udal Planaren barnean Gorraizko Jaurerriaren plan partziala zenaren esparruko determinazio xehekatuen gainean egiten den aldaketa puntual honek bere gain hartuko ditu gaurdaino onetsitako xehetasun azterlanetan jasota dauden eta jadanik burutu diren jarduketa guztiak, artikulu honek aipatzen dituenak.

13. artikulua. Paisaia, zuhaitzak eta eremu berde publikoak babesteko ordenantzakoa.

13. artikulua. Berariazko araudia.

Lorategi guztiek jarraian ematen diren arau berariazkoak bete beharko dituzte. Hartara, ordenantza honi dagokionez, landaredi autoktonotzat jotzen da Nafarroa erdialdean, arau hauen aplikazio eremuan, berez garatzen diren landare espezien multzoa. Landaredi exotikotzat jotzen da, kontrara, tokiko baldintza ekologikoetara egokitu arren jatorria Nafarroako eremu horretaz besteko lurretan duena.

A.–Landare motak. Eremu bakoitzean erabiliko diren landareak 47 zenbakiko planoan zehaztuko dira eta betiere eranskineko espezie zerrendari jarraikiko zaio. Hona hemen eremu horiek:

–1. eremua edo soropil eremua: golf zelaiko kaleen eta “tees” eta “greens” direlakoen soropila. “Tees” eta kaleen arteko “rough” eremuak, inoiz edo behin eta inguruabarrek hala aholkaltzen duten tokian, berez kaleak direnak bezala tratatu ahalko dira.

–2. eremua edo apainketako landare eremua: apaintzeko landareak ezarri ahalko diren eremuak dira, eta erabil daitezkeen espeziei dagokienez, tokiko baldintza ekologikoek baimentzen dituztenak izanen dira. Edonola ere, landatutako zuhaitzen %30 espezie autoktonoak izanen dira, dagokion zerrenda kontuan hartuz.

–3. eremua edo landare misto baldintzatuen eremua: honako elementu hauek baldintzatuko dute eremu hauetako landaredia: azalera bakoitzari ematen zaion erabilera, 4. eremutik gertu egotea (landare autoktonoak), eraikinetatik gertu egotea eta jarduketa osoarekin duen ikusizko harremana.

–4. eremua edo landare autoktonoen eremua: landare autoktonoen eremuak dira, ureztatuak edo ez, jarduketa osoa inguruko paisaian txertatuko dutenak. Aurrerago zehaztuko diren behar praktikoen arabera, basoek, sastrakadiek edo larreek osatuko dituzte. Inoiz edo behin, eta ahalik eta arinen muntako landare masa sortu asmoz, eremu horietan azkar handitzen diren landare exotikoak sartu ahalko dira, eranskineko zerrendaren arabera, baina aurrerago kendu eginen dira autoktonoen mesedetan.

B.–Kontaktu mota: 46. planoan adierazten den bezala, beste erabilera bateko azalerekin kontaktuan diren mugetan, landareen tratamendua arau hauen araberakoa izanen da:

–B1 motako kontaktua: egurrezko zutoinez osatutako hesia, bata bestetik 2,5 metro eta 3 metro bitarte bereizita eta 1,4 metroko garaierarekin. Zeharkako burdin haria edo hesi metalikoa izanen du.

–B2 motako kontaktua: hormigoizko horma, gehienez ere 2 metroko altuera duena, lubetak egiteko. Landareak bi aldeetan, ikusizko inpaktua saihesteko. Landarez osatutako horma jarrai batekin ordezka daiteke.

–B3 motako kontaktua: hesi metalikoa, lurzati pribatuen artekoa edo lurzatien eta bideen artekoa. Azken kasu horretan, hesia lurzati pribatuaren barnean egonen da. Landareak bi aldeetan izanen dira, lurzati pribatuen arteko muga denean (lurzatiaren eta bidearen arteko muga bada ikus Eraikuntzari buruzko ordenantzaren 67. artikulua). Hesi jarraitua.

–B4 motako kontaktua: hesi metaliko jarraigabea. Landareak bi aldeetan.

–B5 motako kontaktua: hesi metaliko jarraitua eta landareak bi aldeetan. Bestela, harri-lubeta gisako horma, xehetasun azterlanaren araberakoa, landaretua, ikusizko inpaktua sahiesteko.

–B6 motako kontaktua: landareen lerro baxu jarraigabea, lur azalean goiti-beheitiekin, ikusizko inpaktua eta akustikoa saihesteko.

Sarrigurenen, 2015eko urtarrilaren 19an.–Alkatea, Alfonso Etxeberria Goñi.

Iragarkiaren kodea: L1501053