2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK
EGUESIBAR
Mugikortasun arazoak dituzten pertsonei aukerako garraiobide erabilerraza emateko banakako laguntzen oinarri arautzaileak. 2015. urtea
Ondoko honen bidez, aditzera ematen da Eguesibarko Udalak, 2015eko urtarrilaren 8an egin bilkuran, mugikortasun arazoak dituzten pertsonei aukerako garraiobide erabilerraza emateko banakako laguntzen oinarri arautzaileak onetsi zituela. Hona hemen haien edukia:
MUGIKORTASUN ARAZOAK DITUZTEN PERTSONEI AUKERAKO GARRAIOBIDE ERABILERRAZA EMATEKO BANAKAKO LAGUNTZEN PROGRAMAREN OINARRI ARAUTZAILEAK. 2015. URTEA
1. Oinarria.
Programa honen bidez garraiobide erabilerraz bat izateko aukera eman nahi zaie mugitzeko zailtasun handiak izateagatik garraiobide kolektibo edo partikularra erabiltzerik ez dutenei.
Zailtasun hori izan daiteke mugitzerakoan mendekotasuna izateagatik, dela desgaitasun baten ondorioz dela adinekoa izateari lotutako arrazoiengatik, eta bere ohiko ibilgailua gidatzeko gaitasunik ez duelako.
Garraiobide erabilerrazerako aukera izatea funtsezko tresna da desgaitasunak dituztenek edo adinekoek bizitza autonomoa izateko, Eguesibarko gainerako herritarren baldintza berberetan.
Eguesibarko herriak geografikoki barreiaturik baitaude, ezinbestekoa da garraioa erabiltzea eguneroko bizitzako oinarrizko zereginetarako, hala nola erosketak egiteko eta medikuarengana joateko, bai eta ibarrean sustatzen diren baliabide soziokulturalak erabili ahal izateko ere. Hori arazo bat da ibarreko adineko pertsonentzat, jada ezin badute beren ibilgailua erabili eta laguntza familiarrik eta/edo ekonomikorik ez badute joan-etorri horietarako.
Jarduketa hau egituratzen da mugitzerakoan mendekotasuna duten pertsonak gizarteratzen laguntzeko Administrazioek bideratzen dituzten neurrien multzoaren barrenean, eta zehazten da onuradunei beren joan-etorrietarako laguntza ekonomikoa emanez, taxiaren zerbitzu publikoa erabiltzeko aukera izanik.
Laguntza ekonomiko hau borondatezkoa izanen da eta aparteko diru-laguntza, eta ezin izanen da aurrekaritzat jo.
2. Helburua eta definizioa.
Programa honen bidez garraiobide erabilerraz bat izateko aukera eman nahi zaie mugitzeko zailtasun handiak izateagatik garraiobide kolektibo edo partikular arrunta erabiltzerik ez dutenei. Programako erabiltzaileei banakako diru-laguntzak emanez gauzatuko da, ezarri diren baremoei jarraikiz, eta egindako gastuaren frogagiriak aurkeztu beharko dira aldez aurretik.
3. Pertsona onuradunak.
3.1. Programa honetako laguntzak baldintza hauek betetzen dituztenek eskatzen ahalko dituzte:
–Desgaitasun fisikoa edo psikikoa duten pertsonak:
A) Galera funtzionala edo anatomikoa edo funtsezko deformazioa izatea, %33koa edo handiagoa, eta horrek zailtasun handia sortzea garraio kolektiboetara iristeko. Minusbalioaren ziurtagiri ofizialean behar bezala frogatu beharko da (7 puntu edo gehiago).
B) %33tik gorako desgaitasun aitortua izatea, eta garraio kolektiboetara iristeko zailtasunaren aitorpena izan ez arren, beharrezkoa den gutxieneko puntuazioa lortzea, oinarri arautzaile hauetan onetsitako baremoaren arabera (7 puntu edo gehiago).
–65 urtetik gorako pertsonak:
A) Oinarri hauetan onetsitako baremoaren arabera beharrezkoa den gutxieneko puntuazioa lortzen duten pertsonak (7 puntu edo gehiago).
–Eskatzaile guztientzako betebeharrak:
A) Eguesibarren erroldatuta egotea.
B) Familia unitatearen diru-sarrera ponderatuek* ez gainditzea honako baremo hauek:
FAMILIAREN DIRU-SARRERA PONDERATUAK, LGSa ZENBAT ALDIZ | HILEKO ERRENTAREN GAINEKO DIRU-LAGUNTZA PORTZENTAJEA |
3 LGS baino diru-sarrera handiagoak | %0 |
2,5 LGS baino diru-sarrera handiagoak, 3 LGS arte | %25 |
2 LGS baino diru-sarrera handiagoak, 2,5 LGS arte | %50 |
1,5 LGS baino diru-sarrera handiagoak, 2 LGS arte | %75 |
1,5 LGSko diru-sarrerak edo txikiagoak | %90 |
Diru-sarrerak eranskinean azaltzen den moduan kalkulatuak. |
Familia unitatearen diru-sarreratzat jotzen dira kontzeptu guztien bidez jasotakoak (nominak, errentak, pentsioak etab.), azken errenta aitorpenean emandako datuen arabera. Mendekotasunari loturik jasotako laguntzak ez dira diru-sarrera gisa zenbatuko.
3.2. Aparteko egoerak:
–Familiaren diru-sarreren mugatik salbuesten dira lanagatik, ikasketengatik, errehabilitazioagatik etab. ohiko joan-etorria egin behar duten pertsonak, baldin eta beren errentek ez badute bitan gainditzen lanbide arteko gutxieneko soldata (LGS), berena den auto egokiturik ez badute eta bateraezina bada beste garraiobide batzuekin (eskolakoa, enpresakoa, laguntzaduna, familiarra...) erabiltzea.
–Familiaren diru-sarreren mugatik salbuesten dira seme-alabekin, beren kargura dituzten adingabeekin eta/edo 23 urte arteko adin nagusikoekin (langabezian daudenekin edo ikasketa arautuak egiten ari direnekin) bizi diren onuradunak, baldin eta beren errentek ez badute hirutan gainditzen lanbide arteko gutxieneko soldata (LGS).
–Diru-sarreren mugatik salbuesten dira kasu hauek: %65etik gorako desgaitasuna duen pertsona bat baino gehiago izatea familia berean; familia unitatearen diru-sarreren muga LGSaren %50era igoko da halakoetan.
–Bizikidetza unitatean laguntza ez izatearen baldintza salbuesten da, familia unitatean inork ez duenean gidabaimen gaiturik, edo osasun egoeraren ondorioz maiz joan behar denean medikuarengana eta anbulantzian joaterik ez dagoenean.
4. Prozedura.
4.1. Eskaerak. Agiriak.
Laguntzak tramitatzeko agiri hauek aurkeztu beharko dira:
–Ereduaren araberako eskabidea.
–NANaren fotokopia.
–Minusbaliotasunaren ziurtagiriaren fotokopia, non agertuko baita desgaitasunak larriki zailtzen diola garraio kolektiboak erabiltzea.
–Erroldaren eta bizikidetzaren ziurtagiria.
–Familia unitateko kide guztien errenta aitorpenaren frogagiria edo, halakorik ez bada, jaso dituzten diru-sarreren edo pentsioen frogagiriak.
–Ogasunaren eta/edo Nafarroako Mendekotasun Agentziaren ziurtagiria, non agertuko baita ez dela onura eskubiderik gauzatu ibilgailuak erosi eta/edo egokitzeko.
–Egindako gastuaren faktura izenduna, non agertuko baitira onuradunaren datuak eta bidaiaren hasiera eta amaiera tokiak.
–Beste edozein agiri, Oinarrizko Gizarte Zerbitzuak interesduntzat jotzen badu programan sartzeko.
–Erabiltzailearen izenean dagoen kontu zenbakiaren fotokopia.
4.2. Eskaera non eta noiz aurkeztu.
Eskaerak aurkezteko epea 2015eko abenduaren 31ra artekoa izanen da, baldin eta aurrekontuko kontsignazioari eusten bazaio, organo eskudunak oinarri hauek onetsi eta biharamunetik hasita.
Eskaerak ez baditu betetzen deialdian ezarritako betekizunak, interesdunari eskatuko zaio gehienez ere hamar eguneko epe luzaezinean zuzen dezala, eta ohartaraziko zaio hala egin ezean eskaera bertan behera utzi duela ulertuko dela. Betiere aitzinetik ebazpena emanen da, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legearen 71. artikuluak aurreikusiarekin bat.
Zuzeneko diru sariak jaso ahal izateko, Gizarte Laneko profesionalek ezagutu eta baloratu behar dute kasua, eta hemen azaltzen diren kasuen artean sailkatu.
Eguesibarko Udaleko Oinarrizko Gizarte Zerbitzuan eskatuko dira.
4.3. Balorazioa, ebazpena, ebazpen epeak eta diru-laguntza ematea.
–Balorazioa:
Programako laguntzak lortu nahi dituztenek beren eskaera Oinarrizko Gizarte Zerbitzuan tramitatuko dute. Horren ondoren, baloratuko da bai beharra bai programan sartzeko baldintzak betetzen diren.
–Kontzesioa:
Laguntza ematea Alkatetzaren ebazpenaren bidez eginen da, ordenantza honek indarra duen bitartean gizarte zerbitzuen arloan eskuordetzerik izan ezik, hala izanez gero gizarte zerbitzuen arloko eskumenak eskuordeturik dituen organoaren ebazpenaren bidez eginen baita.
Ebazpenak administrazio bidea bukatuko du, eta Udaleko Oinarrizko Gizarte Zerbitzuko talde teknikoak egindako esleipen proposamenaren ondoren emanen da, eta bertan agertuko da zerrendaturik diru-laguntza zein eskatzaileri ematea proposatzen den, ebaluazioa eta hura egiteko balorazioa zein diren zehaztuta.
Laguntza emateko ebazpenean azalduko da zer portzentaje duen indarra duten taxi tarifen aldean. Agertuko dira, halaber, laguntza ordaintzeko modua eta kontzesioaren aldaketak aurkeztutako frogagirien arabera.
–Epea:
Ebazpena gehienez ere 15 eguneko epean gauzatuko da. Eskaera agiri guztiekin batera aurkezten den egunetik hasita zenbatuko da epea.
–Emateko epea:
Eskaerak urte baterako izanen dira, eta laguntzak emateko baldintzak eta izan litezkeen luzapenak unean uneko araudiaren araberakoak izanen dira, bai eta eskaera egiten den ekitaldi ekonomikoan Udalaren aurrekontuetan dagoen diruaren araberakoak ere.
4.4. Ordainketak eta gastua frogatzea.
Fakturek edo gastuen frogagiriek pertsona fisiko edo juridiko igorlearen oinarrizko datuak jaso beharko dituzte, horretan barne direla identifikazio fiskaleko zenbakia (IFZ) edo nortasun agiri nazionalaren zenbakia (NAN), gastuen kontzeptuak zehazturik, eta horiei dagokien zenbatekoa, Balio Erantsiaren gaineko Zergari dagokion atala barne, halakorik bada. Orobat, pertsona fisiko edo juridiko igorlearen hartze-agiriko zigilua eta sinadura jaso beharko dituzte fakturek edo frogagiriek.
“Taxi bonuko” laguntzak hiru hilean behin ordainduko dira, frogagiriak aurkeztu ondoren. Urteko azken hiruhileko fakturak aurkezteko epea hurrengo urteko urtarrilaren 15era artekoa izanen da, gehienez.
Orokorrean, laguntzaren hartzailea eskatzailea bera izanen da. Salbuespenez, beste hartzaile bati ordaintzen ahal zaio edo eskatzaileak baimenduriko entitateari.
Diru-laguntzen gehieneko zenbatekoak ez du inolaz ere gaindituko ekitaldi bakoitzeko aurrekontuetan ezarritako zenbatekoa.
5. Diru-laguntza itzuli beharra.
Ondoko kasuetan itzuli beharko dira jasotako zenbatekoak:
1.–Justifikatu beharra ez betetzea.
2.–Eskatzen ziren baldintzak bete gabe eskuratzea diru-laguntza.
3.–Diru-laguntza jasotzeko ezarritako baldintzak ez betetzea.
Ikuskatzean edo kontrolatzean zantzuek erakusten badute jasotako diru-laguntza modu okerrean lortu edo gastatu dela, Udalak erabakitzen ahal du fakturak edo zantzu horiek erakusten dituzten agiri baliokideak atxikitzea.
6. Diru-laguntzaren eta programaren kontrola eta jarraipena.
Eguesibarko Udalak, beharrezkoa dela uste duenean, diru-laguntzaren urtebeteko epean onuradunen egoera soziala eta familiaren inguruabarrak berrikusiko ditu, horiek izan baitziren laguntza emateko oinarria, eta berrikuspen horren ondorioz zenbatekoa handitu edo txikituko du, egoera eta inguruabarrak aldatu badira.
Era berean, bidezkoa iruditzen zaion moduan, programa nola gauzatzen ari den kontrolatu eta ebaluatuko du, haren kalitatea hobetzeko eta zuzen erabiltzen dela ziurtatzeko.
7. Laguntzaren zenbatekoa, bateragarritasuna eta bateraezintasuna.
Laguntzen zenbatekoak eguneratuko dira onesten diren udal aurrekontuetako aurreikuspen tekniko eta ekonomikoen arabera, eta ekitaldi honetarako 720 eurokoak (+2015eko KPIa) izanen dira, gehienez, onuradun eta urteko. Laguntza hori hainbanatu eginen da, eskaera zein hilabetetan egiten den ikusirk.
Salbuespenezko egoeretan eta Oinarrizko Gizarte Zerbitzuak aztertu eta baloratu ondoren, aipatu den kopurua gainditzerik izanen da, organo eskudunak horixe erabakitzen badu.
Halaber, esleitutako kopurua aldatzerik izanen da balorazio teknikoa ere aldatzen bada, Nafarroako Mendekotasun Agentziako Desgaitasunaren Orientazio eta Balorazio Batzordeak egindako berrikuspenaren ondorioz.
Laguntza hau jasotzea bateragarria izanen da garraio gastuengatiko mugikortasun eta konpentsazio sorospenarekin (otsailaren 27ko 383/1984 Errege Dekretuan arautua).
8. Iraungitzeko arrazoiak.
1.–Laguntza ematea ekarri zuten baldintzetakoren bat desagertzea.
2.–Programan sartzeko baldintzak aldatzea.
3.–Erabiltzaile izaera galtzea justifikatzen duen beste edozein arrazoi.
9. Diruz lagundutako taxia erabiltzeko arau orokorrak.
1.–Diru-laguntzaren erabilera pertsonala eta besterenezina da, eta zerbitzu publiko horretarako ezarritako arau orokorrak errespetatu behar dituzte onuradunek.
2.–Taxiak diru-laguntza honen bidez erabiltzen direnean, hiriko eta hiriarteko (Iruñerria) joan-etorriak egiteko eskubidea dago. Salbuespenezko egoeretan, eta Oinarrizko Gizarte Zerbitzuak aztertu eta baloratu ondoren, beste joan-etorri mota batzuetarako erabiltzen ahalko da programa, organo eskudunak horixe erabakitzen badu.
3.–Udal Administrazioak ikusten badu onuradunak diru-laguntza hau oker erabiltzen ari direla, zilegi izanen du horren gaineko ikerketa egitea.
4.–Programa iruzurrez erabiltzeak laguntza berehala kentzea ekarriko du.
5.–Onuraduna behartuta dago bere egoeran izaten diren eta programan sartzeko eskubideari eragiten dioten aldaketen berri ematera.
10. Indarraldia.
Programa honek 2015. urte osoan izanen du indarra.
11. Aurrekontua.
Laguntza berezien zenbatekoa “Garraiorako laguntzak” izeneko 311480002 kontu-sailean ezarritako aurrekontu lerroari egotziko zaio.
Eguesibarrren, 2015eko urtarrilaren 19an.–Alkatea, Alfonso Etxeberria Goñi.
ERANSKINAK
Familiaren diru-sarreren zenbateko ponderatuak kalkulatzeko taula, taxi bonurako laguntzak ezartzeko
Familiaren diru-sarreren ponderazioa egiteko, honako formula hau erabiliko da:
FDP = FD × N × A
FDP = Familiaren diru-sarrera ponderatuek zenbat aldiz hartzen duten lanbide arteko gutxieneko soldata.
FD = Familiaren diru-sarrera gordinek zenbat aldiz hartzen duten lanbide arteko gutxieneko soldata.
FD = | Aurreko urteko diru-sarrera gordinak |
Aurreko urteko LGS |
N = Ponderazio koefizientea, kontuan hartuta familia unitateko zenbat kiderentzat eskatzen den diru-laguntza:
–Kide bateko familia unitateak: 1,00.
–2 kideko familia unitateak: 0,94.
–3 kideko familia unitateak: 0,89.
–4 kideko familia unitateak: 0,84. 4 kidetik gora, ponderazio balioari 0,04 kenduko zaio kide bakoitzeko.
Familia unitateko kide bat edo gehiago minusbaliatuak edo 65 urtetik gorakoak badira, berez egokitutakoaren hurrengo tartekoa edo tarteetakoa izanen da aplikatu beharreko N koefizientea.
A = Ponderazio koefizientea, gutxienez ere familiaren diru-sarrera gordinen %20 ekartzen duten kideen kopuruaren arabera.
–Familia unitatean pertsona bakar batek ekartzen baditu diru-sarrerak: 0,77.
–Familia unitatean bi pertsonak ekartzen badituzte diru-sarrerak: 0,75.
–Familia unitatean hiru hartzailek edo gehiagok ekartzen badituzte diru-sarrerak: 0,73.
FAMILIAREN DIRU-SARRERA GORDIN PONDERATUAK, LGSa ZENBAT ALDIZ | HILEKO ERRENTAREN GAINEKO DIRU-LAGUNTZA PORTZENTAJEA |
3 LGS baino diru-sarrera handiagoak | %0 |
2,5 LGS baino diru-sarrera handiagoak, 3 LGS arte | %25 |
2 LGS baino diru-sarrera handiagoak, 2,5 LGS arte | %50 |
1,5 LGS baino diru-sarrera handiagoak, 2 LGS arte | %75 |
1,5 LGSko diru-sarrerak edo txikiagoak | %90 |
Eguesibarko Udalak “taxi bonurako” laguntza emateko kontuan hartuko dituen ezaugarri fisiko eta psikosozialak, horien arabera zehazteko garraio beharra eta garraio kolektiboak erabiltzeko zailtasuna
1. Ezaugarri fisikoak:
Minusbaliotasun onartua dutenei ziurtagirian ofizialki emandako puntuazioa zenbatuko zaie, garraio kolektiboa erabiltzeko zailtasunari dagokionez.
ITEM-A | EZ DU ZAILTASUNIK | MUGAPEN ARINA | MUGAPEN LARRIA | MUGAPEN OSO LARRIA (ezin du) |
Lur eremu lauetan ibiltzea | 0 | 1 | 2 | 3 |
Oztopoak dituzten lur eremuetan ibiltzea | 0 | 1 | 2 | 3 |
Eskailera tarte bat igotzea edo jaistea | 0 | 1 | 2 | 3 |
40 cm-ko eskailera maila gainditzea | 0 | 1 | 2 | 3 |
Garraiobide normalizatu bateko plataforman zutik irautea | 0 | 1 | 2 | 3 |
EZAUGARRI FISIKOAK, GUZTIRA | |
2. Ezaugarri psikosozialak.
ITEM-A | EZ DU | LAGUNTZA PIXKA BAT BEHAR DU | LAGUNTZA MODERATUA BEHAR DU | ERABATEKO MENDEKOTASUNA (ezin du laguntzarik gabe) |
Beste pertsona baten laguntza behar du etxetik kanpoko joan-etorrietarako | 0 | 1 | 2 | 3 |
Arrazoi mediko edo psikosozialengatik, maiz egin behar ditu joan-etorriak urte honetan zehar | 0 | 1 | 2 | 3 |
Ibilgailua eta gidabaimena dauzka, eta zailtasun psiko-fisikoak ditu gidatzerakoan | 0 | 1 | 2 | 3 |
ITEM-A | BAI | EZ |
Bere ibilgailua du | 0 | 1 |
Gidabaimena du | 0 | 1 |
Bizikidetza unitateko kideren batek gidabaimena eta ibilgailua ditu | 0 | 1 |
Bizi den herrian garraio publikoa dago | 0 | 1 |
Laguntza behar du eta familia unitatearen sostengua du | 0 | 1 |
EZAUGARRI PSIKOSOZIALAK, GUZTIRA | |
PUNTUAZIOA, GUZTIRA | |
Iragarkiaren kodea: L1501018