Iragarkia
25. ALDIZKARIA - 2015eko otsailaren 6a
1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK
FC76/2015 EBAZPENA, otsailaren 3koa, Politika Ekonomiko eta Enpresarialaren zuzendari nagusiak emana, industriako ETEetan inbertsioetarako laguntzak emateko 2015eko deialdia onesten duena.
Industria funtsezko elementua da ekonomia hazteko eta enplegua sortzeko. Nafarroan industriaren pisua handia da BPGd-an eta enpleguaren egituran, eta halako eskualde eta herrialdeetan hobeto jasan da ziklo ekonomiko txarra, arrazoi hauengatik: enplegua neurri apalagoan suntsitu da, esportazioak handitu dira eta, horren ondorioz, barne eskaeraren beherakadaren eragina arindu da.
Industria sektoreetako enpresek, beste sektoreetakoekin alderatuta, I+G eta berrikuntza maila altuagoak dituzte. Orobat, gehien esportatzen duen sektorea da, eta haren produktibitatea altuena da. Halaber, eragin handia du ekonomia osoan, eta zeharkako lanpostu asko sortzen ditu gainerako sektoreetan. Nafarroako industrian ETEak gehiengoa dira.
Nafarroako Gobernuak, CENek, UGTk eta CCOOk akordio bat sinatu zuten 2014ko urriaren 3an jarduera ekonomikoa eta enplegua suspertzeko. Akordioko neurriek helburu dute ekonomia suspertzea eta industria-bilbea sendotzea, ekonomia epe laburrean, ertainean eta luzean hazteko estrategia baten barruan.
Neurri horien artean, industriako ETEetan inbertsioetarako laguntzak ematea da garrantzitsuenetariko bat. Neurri horretan planteatzen da industriako ETEetan produkzio-inbertsioetarako laguntzak ematea, betiere inbertsioek helburu hauek badituzte: hazkunde ekonomikorako merkaturatze eta produkzioa gauzatzea, produktuak eta merkatuak dibertsifikatzea, prozesu eta teknologia berriak ezartzea eta kostuak murriztea.
Nafarroako Gobernuak 2015eko urtarrilaren 28an hartutako Erabakiaren bidez, Politika Ekonomiko eta Enpresarialaren zuzendari nagusiari baimena eman zitzaion urte anitzeko gastu konpromisoa hartzeko, deialdi hau ebatz dezan.
Adierazitakoarekin bat, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 22.1 artikuluak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,
EBATZI DUT:
1. Industriako ETEetan inbertsioetarako laguntzak emateko 2015eko deialdia onestea.
2. Laguntzak emateko oinarri arautzaileak onestea. Ebazpen honen I. eranskinean ageri dira.
3. 12.300.000 euroko gastua baimentzea, “Industrietako inbertsioetarako diru-laguntzak (EGEF)” izeneko 125001 16410 7701 422206 kontu-sailaren pare (PEP elementua: E-15/000114-01) izanen den aurrekontuko kontu-sailaren kargura, ondoko muga hauekin:
URTEA | ZENBATEKOA (eurotan) |
2015 | 2.300.000 |
2016 | 10.000.000 |
GUZTIRA | 12.300.000 |
4. Ebazpen hau eta dagozkion eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
5. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta interesdunek gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko dute, Ekonomia, Ogasun, Industria eta Enpleguko kontseilariari zuzendua, argitara eman eta biharamunetik hilabeteko epean.
Enpresa Sustapenaren Zerbitzuko zuzendaria, Politika Ekonomiko eta Enpresarialaren zuzendari nagusiaren ordezkoa (Ekonomia, Ogasun, Industria eta Enpleguko kontseilariak urriaren 3an eman eta 2014ko 200. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, urriaren 13an, argitaratutako 304/2014 Foru Aginduaz baliatuz), Juan Carlos Artázcoz Sanz.
ERANSKINA
Oinarri arautzaileak
1. oinarria. Xedea.
Laguntza hauen xedea da Nafarroako ETEek produkzio-inbertsioko proiektuak egin ditzaten sustatzea, merkatuan lehiatzeko duten gaitasuna hobetzeko.
2. oinarria. Onuradunak.
1. Honako baldintzak betetzen dituzten eta lantokia Nafarroan duten edo izango duten enpresak izaten ahalko dira onuradunak:
a) ETEa izatea, Batzordearen 2014ko ekainaren 17ko 651/2014 (EB) Erregelamenduaren 1. eranskineko definizioaren arabera. Erregelamendu horren bidez, zenbait laguntza-kategoria barne merkatuarekin bateragarritzat jo ziren, Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak aplikatuz.
b) Nafarroan jarduera hauetako bat egitea:
–Manufaktura-industria (2009ko Ekonomia Jardueren Sailkapen Nazionala: C sektorea), Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 1. eranskineko nekazaritzako elikagaien industriak salbu.
–Hondakinak tratatu eta deuseztatzea; balorizazioa eta kutsadura kentzeko jarduerak eta hondakinak kudeatzeko beste zerbitzu batzuk (2009ko EJSN: E saileko 38.2, 38.3 eta 39).
–Informazio jarduerak eta komunikazioak (2009ko EJSN: J sektorea).
–Garraioaren antolaketan aritzen diren enpresek egindako logistika jarduerak (2009ko EJSN: H saileko 52.10, 52.24 eta 52.29).
–Ikerketa eta garapena (2009ko EJSN: M saileko 72).
c) Nafarroako Industria Erregistroan inskribaturik egotea, hala balegokio honako honen arabera: Nafarroako Industria Erregistroa sortzen duen Ekonomia, Ogasun, Industria eta Enpleguko kontseilariaren apirilaren 30eko 152/2013 Foru Aginduaren 3. artikulua.
d) Betetzeke dagoen berreskuratze agindu baten mende ez egotea, Batzordeak laguntza legez kanpokotzat eta merkatu bateratuarekin bateraezintzat jo badu aurretik.
e) Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13.2. artikuluan onuradun izateko ezarritako debeku egoeraren batean ez egotea.
Zerga arloko eginbeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak eguneraturik dauzkala frogatzeko, diru-laguntza eskaerak berarekin dakar departamentuari baimena ematea hori frogatzen duten datuak kontsultatzeko, diru-laguntzaren ebazpen proposamena ematen denean.
2. Ez dira onuraduntzat hartuko nortasun juridiko propioa duten entitate eta sozietate publikoak, administrazio publikoen menpekoak edo haiei lotuta badaude.
3. Eskabidean dagoen erantzukizuneko aitorpenaren bidez frogatuko da oinarri honen 1. atalean eskatutako baldintzak betetzen direla.
3. oinarria. Inbertsio proiektuen ezaugarriak.
1. Aktibo material edo immaterialetan inbertsioak egiteko proiektuak diruz lagun daitezke, betiere honako helburu hauetako bat badute:
a) Establezimendu berri bat sortzea.
b) Lehendik dagoen establezimendu bat handitzea.
c) Establezimendu baten produkzioa dibertsifikatzea, produktu berriak gehituz.
d) Establezimendu bateko produkzio-prozesuan funtsezko aldaketa bat egitea.
e) Enpresa edo establezimendu bati zuzenean lotutako aktibo finkoak eskuratzea, baldin eta hura itxi egin edo ixtear badago, betiere eskuratzailea erabat bereizirik badago ixten duen enpresatik, inolako enpresa-loturarik gabe eta bazkide, akziodun edo administratzailerik konpartitu gabe.
2. Proiektuek 18 hilabete iraunen dute gehienez, eta eskabide-dataren eta 2016ko urriaren 31ren artean gauzatuko dira.
3. Diru-laguntza jaso ahal izateko, proiektuak honako aurrekontu hau izanen du gutxienez, enpresan laguntzak eskatu aurreko hilabetean aritzen diren langileen arabera:
ENPRESAKO LANGILEEN KOPURUA | GUTXIENEKO AURREKONTUA |
10 baino gutxiago | 10.000 euro |
10tik 49ra bitarte | 30.000 euro |
50 edo gehiago | 50.000 euro |
4. oinarria. Diruz lagun daitezkeen inbertsioak.
1. Honako baldintza hauek betetzen dituzten inbertsioek jasotzen ahalko dituzte diru-laguntzak:
a) Inbertsio mota hauetako batekoa izatea:
1. Industrian erabiltzeko lursailak eskuratzea.
2. Ondasun higiezinak eraiki, eskuratu edo hobetzea.
3. Makineria eta ekipamendua erostea edo errentan hartzea, erosteko aukerarekin, produktuak merkatuan duen baliora bitarte.
4. Aurreko a) 2. eta a) 3. atalei lotutako kostu orokorrak; adibidez, arkitekto, ingeniari eta aholkularien ordainsariak, bideragarritasun azterlanak barne.
b) Nafarroan egitea, eta laguntza jasotzen duen establezimenduan baino ez erabiltzea.
c) Proiektuan planteatutako helburua lortzen zuzenean laguntzea.
d) Inbertsioaren kostuak geroagokoak izatea laguntzen eskaera baino.
e) Kostuak gehiegizkoak ez izatea. Horretarako, diruz laguntzen ahal den inbertsioaren gastu bat 30.000 eurotik gorakoa (BEZa kanpo) denean obra gauzatzeko kostuaren kasuan, edo 12.000 eurotik gorakoa (BEZa kanpo) aholkularitzako edo laguntzako enpresek ekipo-ondasunez hornitzen edo zerbitzuak ematen dituzten kasuan, onuradunak “hornitzailea hautatzeko justifikazioa” izeneko atala bete beharko du eskabidean. Hartan frogatu beharko du hornitzailea efizientzia eta ekonomia irizpideei jarraituz hautatu duela. Horretarako, gutxienez hiru eskaintza aurkeztu beharko ditu eta aukeraturiko eskaintza hautatzeko arrazoiak eman. Hasieran aurreikusten zen hornitzailea eta benetan hautatzen dena ezberdinak badira, diru-laguntzaren justifikazioan frogatu beharko da efizientzia eta ekonomia irizpideei jarraituz hautatu dela.
Onuradunak ez du hiru eskaintza aurkeztu beharko justifikatzen duenean diru-laguntzaren xede den gastuaren ezaugarri bereziengatik merkatuan behar adina entitate hornitzaile edo emaile ez daudela.
f) Enpresaren ibilgetuan aktibatzea, proiektua identifikatzen duten kontu espezifikoetan.
2. Finantza errentamendu bidez eskuratzen diren aktiboek diru-laguntza jaso ahal izateko, baldintza hauek bete behar dituzte: finkoak eta berriak izatea, ondasun higiezinak edo haiei lotutako instalazio eta obrak ez izatea eta enpresak konpromisoa hartzea ondasuna erosteko aukera gauzatuko duela. Honako hauek ez dira diruz lagunduko: errentatzailearen marjinak, interesak birfinantzatzeko kostuak, gastu orokorrak eta aseguru gastuak.
3. Inbertsio hauek ezin dute diru-laguntzarik jaso:
a) Luxuzko inbertsioak.
b) Laguntzen organo kudeatzailearen iritziz neurriz kanpokoak direnak, proiektuaren helburua edo xedea kontuan hartuta.
c) Enpresako langileek ibilgeturako egindako lanak.
d) Foru Komunitateko Administrazioak dagoeneko diruz lagundu dituen aktibo finkoak, salbu aldez aurretik itxitako enpresetatik sortutako ekonomia sozialeko enpresak badira.
5. oinarria. Laguntzaren zenbatekoa.
1. Laguntzaren zenbatekoa enpresa eta proiektuaren ezaugarrien eta proiektuak enpleguan duen eraginaren arabera zehaztuko da, jarraian adierazten den bezala.
Ondoko azpiataletako portzentajeak batuko dira laguntzaren intentsitatea lortzeko, eta intentsitatea inbertsio proiektuan diruz lagun daitezkeen gastuen oinarrian aplikatuko da, betiere oinarri honen 2. atalean ezarritako muga gainditu gabe.
1.1. Enpresaren ezaugarriak.
a) Enpresaren tamaina:
ENPRESAREN TAMAINA | LAGUNTZAREN INTENTSITATEA (%) |
Ertaina | 4 |
Txikia | 10 |
Mikroenpresa | 12 |
Ezaugarri hau baloratzeko, laguntzen eskaeraren eguna eta Batzordearen 651/2014 (EB) Erregelamenduaren 1. eranskineko definizioak hartuko dira kontuan. Akziodunen artean aldaketak izatearen ondorioz enpresaren tamaina mudatzen bada, ulertuko da mudantzaren eguna akzioak eskuratzeko erabakiarena dela.
b) Ekonomia sozialeko enpresa: %2.
c) Enpresaren esportazioa (fakturazioaren portzentajean), 2014ko edo itxitako azken zerga-ekitaldiko datuen arabera.
ENPRESA ERTAINEN ESPORTAZIOAREN % | LAGUNTZAREN INTENTSITATEA (%) |
≥ 15 | 1 |
≥ 45 | 2 |
ENPRESA TXIKIEN ESPORTAZIOAREN % | LAGUNTZAREN INTENTSITATEA (%) |
≥ 10 | 1 |
≥ 35 | 2 |
MIKROENPRESEN | LAGUNTZAREN INTENTSITATEA (%) |
≥ 5 | 1 |
≥ 25 | 2 |
d) Enpresako emakumezko langileak laguntzak eskatu aurreko hilabetean:
EMAKUMEZKOEN % PLANTILLAN | LAGUNTZAREN INTENTSITATEA (%) |
≥ 40 | 1 |
≥ 60 | 2 |
e) %33ko edo gorako desgaitasuna duten langileak laguntzak eskatu aurreko hilabetean, 27/2000 EDan aurreikusitako neurri alternatiboak barne:
DESGAITASUNA DUTEN LANGILEEN % PLANTILLAN | LAGUNTZAREN INTENTSITATEA (%) |
≥ 2 | 1 |
≥ 4 | 2 |
1.2. Proiektuaren ezaugarriak.
a) Makinen eta haiei erantsitako instalazioen portzentajea, diruz lagun daitekeen inbertsio osoan:
MAKINEN ETA HAIEI ERANTSITAKO INSTALAZIOEN % | LAGUNTZAREN INTENTSITATEA (%) |
≥ 25% eta <50% | 1 |
≥ 50% eta <75% | 2 |
≥ 75% | 3 |
b) Produkzioko instalazio berria: %8.
Produkzioko instalazio berritzat joko dira honako hauek:
–Nafarroako enpresa berri batek hasieran egindako inbertsioak. Nafarroako enpresa berritzat joko da Nafarroako enpresei lotuta ez dagoen enpresa sortu berria, Batzordearen 651/2014 (EB) Erregelamenduaren 1. eranskinarekin bat.
–Nafarroako enpresa batek ezarritako produkzioko instalazio berria, enpresak zituen instalazioen kokalekutik kanpo, betiere titularra laguntzen eskatzailea bada. Kokaleku desberdintzat jotzeko, lantegiaren zerbitzu eta produkzioko jarduera guztien funtzionamendu autonomoa bermatu beharko da.
c) Enpresa dibertsifikatzeko inbertsioa, betiere horren ondorioz enpresaren jarduera ekonomikoak handitzen badira eta inbertsioa egin aurreko jardueretako 2009ko EJSNaren 4. digitua eta jarduera berrietakoa ezberdinak badira: %4.
d) I+G+b proiektu baten ondoriozko inbertsioa, betiere Berrikuntzarako eta Ezagutzaren Transferentziarako Zerbitzuak halakotzat jo badu proiektua. %2.
1.3. Proiektuak enpleguan duen eragina.
Enpresak guztira sortutako enplegua baloratuko da. Horretarako, E ratioa erabiliko da. Ratioa honela kalkulatzen da: ET/IA. ET enpresak Nafarroan proiektuak dirauen bitartean guztira sortutako enplegua da, eta IA diruz lagun daitekeen inbertsioa da (milioi eurotan).
E BALIOA | LAGUNTZAREN INTENTSITATEA (%) |
2 ≤ E < 4 | 1 |
4 ≤ E < 6 | 2 |
6 ≤ E < 8 | 3 |
8 ≤ E< 10 | 4 |
10 ≤ E | 5 |
Enpresak Nafarroan guztira sortutako enplegua (ET) honela kalkulatuko da: enpresak Nafarroan inbertsio proiektuaren bukaeran guztira duen plantilla ken proiektua hasi aurreko hilabetean zuena.
Enpresak Nafarroan duen enplegu finkoa murrizten bada proiektuak dirauen bitartean, zenbakitzailea honela kalkulatuko da: enpresak guztira sortutako enplegua ken murriztutako enplegu finkoak.
2. Laguntzaren intentsitate hauek ez dira inolaz ere gaindituko:
ENPRESAREN TAMAINA | ESKUALDEKO LAGUNTZEN 2014-2020 MAPAN SARTUTAKO EREMUAK (%) | MAPAN SARTUTA EZ DAUDEN EREMUAK (%) |
Ertaina | 20 | 10 |
Txikia | 30 | 20 |
Mikroenpresa | 30 | 20 |
3. 1.2 azpiatalean (proiektuaren ezaugarriak) aurreikusitako laguntzaren intentsitate osagarria lortzen duten enpresa onuradunek baldintza berberak bete beharko dituzte laguntza ordaindu aurretik egiten den egiaztapenean; bestela, laguntzaren portzentajea murriztuko zaie.
4. Orobat, 1.3 azpiatalean (proiektuak enpleguan duen eragina) aurreikusitako laguntzaren intentsitate osagarria jasotzen duten enpresek baremoan aplikatutako baldintza berberak bete beharko dituzte laguntza ordaintzen zaienean eta hurrengo urte osoan. Bestela, laguntzaren portzentajea murriztuko zaie ordainketa egitean, edo laguntza osagarriaren zati proportzionala itzultzeko eskatuko zaie, ordainketa egina bada.
6. oinarria. Eskabideak eta eskatutako agiriak aurkeztea.
1. Eskaerak aurkezteko epea deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hasi eta 2015eko urriaren 31n bukatuko da.
2. Eskaerak telematika bidez aurkeztuko dira, Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atariaren (www.navarra.es) zerbitzuen katalogoko fitxa erabiliz. Identifikaziorako, ziurtagiri digitala eduki beharko da.
3. Eskabidearekin batera honako dokumentazio hau aurkeztuko da, Interneteko aipatu helbidean eskura dauden ereduen arabera:
a) Proiektua deskribatzen duen memoria tekniko eta ekonomikoa.
b) Erantzukizuneko aitorpena.
c) Kostuak gehiegizkoak ez direla frogatzen duten agiriak, 4. oinarriko 1. ataleko e) letraren arabera.
4. Eskaerak aipatutako baldintzak betetzen ez baditu, Enpresa Sustapenaren Zerbitzuak interesdunari eskatuko dio hamar egun balioduneko epean zuzentzeko, eta ohartaraziko dio, hala egin ezean, eskaera bertan behera uzten duela ulertuko dela eta espedientea artxibatzeko ebazpena emanen dela.
7. oinarria. Eskaerak ebaluatzeko irizpideak.
1. Diru-laguntza hau banakako ebaluazioko araubidearen bidez esleituko da. Espedienteak eskaerak aurkezten diren ordenari jarraikiz tramitatu eta ebatziko dira, eta aurrekontuetan horretarako kreditua den bitartean. Aurrekontuetan behar adina dirurik ez egoteagatik kontuan hartzen ez diren eskaerak ezetsitzat joko dira.
2. 2015eko urriaren 1ean baino lehen bukatzen diren proiektuei 2015eko aurrekontu-ekitaldiaren kargura emanen zaizkie laguntzak, eta egun horretatik aitzina bukatzen direnei, berriz, 2016koaren kargura.
3. Eskaerak ebaluatzeko eta ebaluazioaren ondoriozko intentsitatearen arabera diru-laguntza esleitzeko irizpideak 3., 4. eta 5. oinarrietakoak dira.
8. oinarria. Diru-laguntza ematea.
1. Enpresa Sustapenaren Zerbitzuak oinarri hauetan ezarritako irizpideei jarraituz ebaluatuko ditu eskaerak, eta organo eskudunari ebazpen proposamena igorriko dio, non adieraziko baita onuradunek diru-laguntza lortzeko betebehar guztiak betetzen dituztela.
Aipatu Zerbitzuak beharrezkotzat jotzen duen informazio osagarria edo argigarria eskatzen ahalko die enpresei, eta adieraziko die eskaerari ezarritako epean erantzuten ez badiote eskatutako laguntzak ukatuko direla.
2. Politika Ekonomiko eta Enpresarialaren zuzendari nagusia da diru-laguntzen ebazpena emateko eskumena duen organoa. Ebazpena, beranduenez ere, eskaera aurkezten den egunetik bi hilabetera eman eta jakinaraziko da. Epe hori etenen da eskatzaileari eskatzen bazaio aurkeztutako dokumentazioan edozein zuzenketa egiteko.
Epe hori berariazko ebazpenik eman gabe bukatzen bada, eskaera ezetsitzat joko da. Berariazko edo ustezko ezespenaren aurka interesdunek gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko dute, Ekonomia, Ogasun, Industria eta Enpleguko kontseilariari zuzendua, administrazio prozedura erkideari buruzko legeriari jarraikiz.
9. oinarria. Inbertsioa egin dela frogatzea.
1. Inbertsio proiektua bukatu eta hiru hilabeteko epean, eta betiere 2016ko azaroaren 30ean beranduenez, onuradunek inbertsioa egin dela frogatu beharko dute. Horretarako, jarraipen tekniko-ekonomikoaren dokumentazioa aurkeztu beharko dute, Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atarian (www.navarra.es. zerbitzuen katalogoa) dagoen ereduaren arabera.
2. 5. oinarriko 1.2 eta 1.3 azpiatalei jarraikiz laguntzaren intentsitate osagarria jasotzen duten onuradunek baldintza berak bete beharko dituzte frogatzeko orduan. Bestela, laguntzaren intentsitatea benetan frogatu denaren arabera murriztuko da ordaintzean.
10. oinarria. Diru-laguntzaren ordainketa.
1. Frogagiriak aztertuta, Enpresa Sustapenaren Zerbitzuak ordainketa egiteko ebazpen proposamena igorriko dio Politika Ekonomiko eta Enpresarialaren zuzendari nagusiari. Horrekin batera, onuradunek diru-laguntza kobratzeko eskubideak dakartzan betebeharrak bete dituztela egiaztatzen duen txostena aurkeztuko da; besteak beste, gardentasun betebeharrari buruzko aitorpena aurkeztu dutela egiaztatuko dute.
Proiektua gauzatzean funtsezkoak ez diren aldaketak edo laguntzaren ebazpenean aurreikusten ez ziren inbertsioak egiten badira, enpresak frogatu beharko du proiektuaren helburuarekin lotuta daudela, eta haien kostua ez dela gehiegizkoa, 4. oinarrian aurreikusitakoaren arabera. Funtsezko aldaketak beste inbertsio proiektu bat bezala tramitatu beharko dira.
2. Diru-laguntza sei hilabeteko epean ordainduko da, inbertsioa frogatzen duen dokumentazioa aurkezten denetik hasita. Epe hori etenen da onuradunari eskatzen bazaio aurkeztutako dokumentazioan edozein zuzenketa egiteko.
11. oinarria. Onuradunek bete beharrekoak eta ez-betetzearen ondorioak.
1. Diru-laguntzaren onuradunek honako betebehar hauek izanen dituzte:
a) Diru-laguntzaren esleipena jakinarazi eta hilabeteko epean, diru-laguntzen onuradunen gardentasun betebeharrari buruzko aitorpena aurkeztu beharko dute, www.navarra.es webguneko zerbitzuen katalogoan eskura dagoen ereduaren araberakoa.
Izan litezkeen zehapenak galarazi gabe, onuradunak informazioa emateko duen betebeharra urratuz gero, ez zaio emandako diru-laguntza ordainduko eta, zerbait aurreratu bazaio, itzuli egin beharko du.
b) Oinarri arautzaile hauetan eta laguntzaren ebazpenean ezarritako moduan egin eta frogatu beharko dituzte diru-laguntzaren xedeko jarduerak.
c) Diruz lagundutako inbertsioak enpresaren jarduera ekonomikoari lotuta eta enpresaren menpe egotea hiru urtez, laguntza ordaintzen denetik hasita.
d) 1.3 azpiatalari (proiektuak enpleguan duen eragina) lotutako laguntza ematean aplikatutako baldintza berak betetzea laguntza ordaindu eta hurrengo urte osoan.
e) Laguntzaren onuradunek kontabilitate sistema bereizi bat eduki behar dute, edo kontabilitate kode egoki bat, diruz lagundutako proiektuari lotutako transakzio guztiei dagokienez.
f) Laguntzaren ebazpenean haren %50 Europar Batasuneko egitura funtsen bidez finantzatzen dela adierazten denean, onuradunak 12. oinarrian ezarritakoa ere bete beharko du.
g) Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 9. artikuluan ezarritako eginbehar orokorrak.
2. Diru-laguntza emateko ebazpenetan, oinarri arautzaile hauetan edo Diru-laguntzei buruzko Foru Legean ezarritako betebeharren bat bete ezean, esleitutako diru-laguntza kobratzeko eskubidea galduko da, eta, bidezkoa bada, diru hori itzuli egin beharko da, foru lege horren 35. artikuluan xedatutakoari jarraikiz.
Halaber, aurreko betebeharretako bat hein batean betetzen ez bada, emandako diru-laguntzaren zenbatekoa berriro ere zehazten ahalko da, proportzionaltasun printzipioari jarraikiz, edo, zein den kasua, dagokion zenbatekoa itzuli beharko da. Zehazki:
a) Egiaztapenaren ondoriozko diru-laguntza hasieran emandakoaren %70etik beherakoa bada, ordaindu beharreko laguntza %50 murriztuko da.
b) Diru-laguntza hasieran emandakoaren %50etik beherakoa bada, esleitutako laguntza kobratzeko eskubidea galduko da.
12. oinarria. Europar Batasuneko Egiturazko Funtsen kofinantziazioa
1. Diru-laguntza hauek Eskualde Garapeneko Europako Funtsak %50 konfinantzatuta daude, Nafarroako EGEF 2014-2020 Programa Eragilearen bidez.
2. Laguntza hauen onuradunak, betiere kontzesioaren ebazpenean hala zehazten bada, Europako funts horren finantziazioaren onuradunak ere izanen direnez, ondokoa aplikatuko zaie:
a) Diru-laguntza hartzeak berarekin ekarriko du honako hauek egiten dituzten kontrolen menpe jartzea onartzen dutela, baita kontrol horietan laguntzea ere, kasua bada: Nafarroako Gobernua, Ogasuneko eta Administrazio Publikoetako Ministerioa, Europako Batzordea edo Nafarroako, Espainiako edo Europar Batasuneko kontroleko eta fiskalizazioko edozein organo.
b) Eragiketak frogatzen dituen dokumentazioa gorde beharko dute 3 urteko epean, Nafarroako EGEF 2014-2020 Programa Operatiboaren programazioaren epea bukatzen denetik aurrera.
c) Onuradunak EGEFaren ekarpena jendaurrean paratu beharko du, web orrian ondokoa ikusgai jarriz, proiektuak irauten duen bitartean gutxienez:
“Enpresa honek Eskualde Garapeneko Europako Funtsak %50 konfinantzatutako laguntza jaso du, Nafarroako EGEF 2014-2020 Programa Eragilearen bidez”, eta ondoko logotipoa agertuko du:

13. oinarria. Laguntzen bateragarritasuna.
Deialdi honen laguntzak bateraezinak dira Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak inbertsio beretarako ematen dituen edonolako beste laguntzekin.
Hala ere, bateragarriak dira beste administrazio publiko batzuek, beste entitate publiko edo pribatu batzuek edo partikularrek, Espainiakoak edo atzerrikoak izan, ematen dituzten laguntzekin, betiere legezko mugak gainditzen ez badira.
14. oinarria. Jakinarazteko betebeharretik salbuesteko araubidea.
Laguntzen araubide hau salbuetsita da jakinarazteko betebeharretik (Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 108.3 artikuluan ezarria), Batzordearen 2014ko ekainaren 17ko 651/2014 (EB) Erregelamenduan ETEen aldeko inbertsiorako laguntzetarako ezarritako baldintzak betetzen dituelako. Erregelamendu horrek zenbait laguntza-kategoria barne merkatuarekin bateragarritzat jo zituen, Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak aplikatuz (2014ko L187. Europar Batasunaren Aldizkari Ofiziala, ekainaren 26koa)
15. oinarria. Oinarri arautzaileen kontrako errekurtsoa.
Oinarri arautzaileen aurka gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete interesdunek, Ekonomia, Ogasun, Industria eta Enpleguko kontseilariari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.
16. oinarria. Emandako diru-laguntzen publizitatea.
1. Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 15. artikuluan xedatutakoarekin bat, Enpresa Sustapenaren Zerbitzuak jendaurrean jarriko ditu onetsitako diru-laguntzak Nafarroako Gobernuaren Interneteko atarian (www.navarra.es), honako hauek zehaztuta: laguntza zein programari eta aurrekontu-kredituri egotziko zaien, onuraduna, emandako diru-kopurua eta diru-laguntzen helburua.
2. Orobat, Ogasuneko eta Administrazio Publikoetako Ministerioko Europar Batasuneko Funtsen Zuzendaritza Nagusiak, Nafarroako EGEF 2014-2020ko Programa Eragilea kudeatzeko agintari gisa, informazio bera argitaratuko du bere web orrian.
II. ERANSKINA
Eskualdeko laguntzen 2014-2020 mapan sartutako eremuak
Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107.3.c) artikuluko zehaztu gabeko eremuan sartutako udalerriak, eskualdeko laguntzen mapan ezarritakoaren arabera - Espainiako SA.38472 laguntza (2014/N).
Dentsitate txikiko udalerriak:
Abaigar, Abartzuza, Abaurregaina, Abaurrepea, Aberin, Aguilar Kodes, Oibar, Allín, Allo, Ameskoabarrena, Antzin, Anue, Agoitz, Araitz, Aranaratxe, Arano, Artzibar, Arellano, Areso, Aria, Aribe, Armañantzas, Arroitz, Atetz, Azuelo, Barasoain, Barbarin, Bargota, Basaburua, Baztan, Beintza-Labaien, Beire, Bertizarana, Betelu, Biurrun-Olkotz, Buñuel, Auritz, Burgi, Cabredo, Caparroso, Zarrakaztelu, Kaseda, Gazteluberri, Cortes, Desoio, Deikaztelu, Donamaria, El Busto, Eratsun, Erroibar, Ezkaroze, Eslaba, Espartza Zaraitzu, Esprontzeda, Esteribar, Etaiu, Eulate, Ezkabarte, Ezkurra, Ezporogi, Galar, Galipentzu, Galoze, Garaioa, Garde, Garinoain, Garralda, Genevilla, Goizueta, Goñerri, Gorza, Gesalatz, Girgillao, Ibargoiti, Iguzkitza, Imotz, Izaba, Itzagaondoa, Itzaltzu, Jaurrieta, Xabier, Lana, Lantz, Lapoblación, Larragoa, Larraun, Leatxe, Legaria, Leitza, Lekunberri, Leotz, Lerga, Lerín, Lesaka, Lezaun, Ledea, Lizoain-Arriasgoiti, Longida, Los Arcos, Irunberri, Lukin, Marañón, Mélida, Mendaza, Metauten, Mirafuentes, Elo, Morentin, Mues, Murieta, Murillo el Cuende, Murillo el Fruto, Nabaskoze, Nazar, Oko, Otsagabia, Odieta, Oitz, Olaibar, Olexoa, Oloritz, Ollaran, Orbaitzeta, Orbara, Orisoain, Orontze, Orotz-Betelu, Oteitza, Petilla Aragoi, Piedramillera, Pitillas, Puiu, Erromantzatua, Erronkari, Orreaga, Sada, Saldias, Jaiz, Zangoza, San Martín Unx, Santsol, Santakara, Sartze, Sorlada, Tebas-Muru Artederreta, Torralba del Río, Torres del Río, Uxue, Ultzama, Untziti, Untzue, Urdazubi, Urraulgoiti, Urraulbeiti, Urrotz-Hiria, Urroz, Urzainki, Uztarroze, Luzaide, Bidankoze, Villamayor de Monjardín, Hiriberri, Deierri, Esa, Zugarramurdi, Zuñiga.
Langabezi handiko udalerriak:
Altsasu, Arakil, Aras, Arbizu, Arruazu, Bakaiku, Barillas, Beriain, Cascante, Castejón, Cintruénigo, Ziordia, Corella, Etxarri Aranatz, Ergoiena, Fitero, Irañeta, Irurtzun, Iturmendi, Lakuntza, Monteagudo, Olazti, Iruña (2010511 errolda-atala), Tutera (2320102 eta 2320201 errolda-atalak), Tulebras, Uharte Arakil, Urdiain, Viana.
Iragarkiaren kodea: F1501723
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
