247. ALDIZKARIA - 2015eko abenduaren 14a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

385/2015 EBAZPENA, azaroaren 10ekoa, Vianako Printzea Erakundea-Kulturako zuzendari nagusiak emana, Hiriberriko (Nafarroa) San Esteban eliza izeneko monumentua ondasun inbentariatu deklaratzeko espedientea irekitzen duena.

Vianako Printzea Erakundea-Kulturako Zuzendaritza Nagusiko Ondare Historikoaren Zerbitzuak txosten hau aurkeztu du:

“Hiriberri, gaur egun herri hustua, toki zaharra dugu eta izen bereko mendiaren hegoaldeko hegalean kokatzen da, Erreniega mendiaren mendebaldeko gailurrean, Garesko udal mugapean, hain zuzen. Hara iristeko biderik laburrena ferra-bidea da, Beraskoaindik abiatzen dena; Garestik abiatuta distantzia handiagoa da: pista bat hartu behar da Sarria Jaurerria pasatu ondoren. Eliza, San Estebani eskainia, zutik dago oraindik, zenbait eraikinen hondakinen ondoan.

Herriari buruzko lehen berriak diosku ezen 1085ean Arabako Fortunio apezpikuak Hiriberriko jabetza batzuk Iratxeko monasterioari eman zizkiola dohaintzan. Nafarroako Monumentuen Katalogoan (V** liburukia, 563. orrialdea) ageri denez, Izarbeibarkoa zen eta, beste hainbat udalerrirekin batera, Muruzabalgo bizkonderrian sartu zen 1407. urtean. Titulu hori Carlos III.a erregeak eman zion bere anaia Nafarroako Leoneli. 1846. urtean Garesko udalerrian sartu zen. Herria hustua zegoen XVI. mendearen hasierarako, nahiz eta XIX. mendearen lehen erdialdean etxebizitza bat zuen.

Eliza XII. mendeko eraikin erromanikoa da eta interes berezia du. Burualde erdizirkularra eta sarrera zuzena dauzka; aurrealdean, berriz, planta karratuko tarte bat, gorputz oktogonal bat duena erremate gisa, eta planta angeluzuzeneko habearte bat, etxebizitza txiki bat daukana.

Burualdeak horma lauak dauzka, erremate gisa inposta dutenak; hortik, labeko ganga altxatzen da, tarte zuzenetik kanoi gisa luzatzen dena, zertxobait irekiz. Ardatzean irekitako gezileiho bat dago, baina ez da ikusten, hormari atxikitako harrizko aldare zaharrean eutsita dagoen erretaula barroko baten hondakinek ezkutatzen baitute; antzeko beste leiho bat dago elizaren hegoaldean. Emokadura partez eroria dago; hormetan, harlanduak irregularrak dira eta gangan, dobela estuak eta irregularrak daude. Kanpoan, hormak ere lauak dira, harlandu irregularrekoak, eta erremate gisa teilatu-hegal alakatua dauka, sekzio ahurreko harburuetan bermatua. Harburuak ere lauak dira, hiru izan ezik: horiek bola bat dute apaingarri. Kontrahorma txiki bat dauka ipar-ekialderantz, eta baliteke beste bat egotea, simetrikoa, hego-ekialderantz, sakristiako horman sartua. Teilatua harrizko lauzez egina dago. Hegoaldean, sakristiako atea dago; atzetik atxikitako eraikina da, gaur egun teilatua erabat hondatua duena.

Tarteko tarteak egiten du eliza hau bereziki interesgarri. Planta karratukoa da eta burualdea baino zabalagoa; erdi-puntuko lau arku sendo dauzka pilastra leunetan bermatuak, eta azken horiek danbor karratu bati eusten diote, zeinak bere angeluetan lau tronpa dituen, ganga etzanari eusteko. Hegoaldeko horman gezileiho bat dago eta iparraldekoan, zeina lodiagoa baita, eskailera kiribil txiki bat dago, gaineko gorputz oktogonalera ematen duena. Ganbera honek gezileihoak dauzka alde guztietan eta inposta batetik ateratzen den kupula goratua; angeluetan, inpostaren azpian, mentsulak daude, akaso garai batean zurezko forjatu bati eutsi ziotenak. Habe bat ere badago, agian bere garaian kanpaiari eutsiko ziona: zoruan uztarri baten hondakinak daude. Harrizko lauzez estalia dago, teilatu-hegalik gabe. Fabrika harlanduzkoa da, burualdearena baino egikera hobea dauka, gorputz oktogonalaren goiko ilarak izan ezik, harlanduxkoak baitira.

Tarte honen barnealdea ere entokatua dago. Hegoaldeko horman bada garai hurbilagoetan egindako ate bat elizara sartzeko, elizatari hondatu baten aurrean. Aurrez aurreko horman beste pasabide bat dago, iparraldean gehitutako gela txiki batera ematen duena. Arkuek indargarri berezi bat daukate intradosean: zurezko pieza kurbatuz eratua dago eta inpostetan bermatzen da. Mendebaldeko arkua habeartea etxe bihurtzean egin zen; une hartan aldatuko zen ziurrenik zurezko korua tarte horretara, egokitzapen bitxi xamarra eginda. Koruaren azpian, bataiarri erromanikoa dago, handia, ziurrenik koruarekin batera mugituko zutena.

Habeartea etxebizitza bat da eta teilatua eta forjatua hondoratuak dauzka aurreko tartetik hurbilen dagoen zatian, hortaz, momentuz, ezinezkoa da barnealdea aztertzea. Kanpoan, harlanduxkoa dago, tarteko gorputzaz eta burualdeaz bestelakoa: gerora gehitua da eta bertan jatorrizkoaren errematearen maila ikusten da, mendebaldeko pinoian. Hegoaldeko horman jatorrizko portada dago; oso xumea da eta erdi-puntuko arkua dauka, dobelak eta tinpano laua dituena, eta itxitako bi gezileiho. Beste gezileiho bat ere badago mendebaldeko piñoiaren ardatzean. Iparraldeko hormari atxikia hondatutako eraikin bat dago. Hegoaldeko hormaren muturrak, izkinatik hurbilen dagoenak, itxura txarreko konkorra dauka behealdean.

Eliza honen tarteko tartea oso bitxia da Nafarroan; horrexek egiten du hain interesgarri. Ballariainen eta Eusan antzeko egiturak daude, tronparik gabeak eta gainean kanpandorre gorpuzdunak, baina planta karratukoak; Oletan eta Azuelon, berriz, tronpadunak eta gorputz oktogonalekoak, erremate gisa kupula dutenak baina gaineko gorputzik ez; eta, Iharten, xumeagoa, kupuladuna. Tamaina txikiko eraikin baliotsuak dira denak, Azuelokoa handiagoa izanik. La Olivako abade etxearen egitura oso bestelako da: edikulo oktogonal bat dauka gurutzaduran kanpaientzat, baina tamaina handiagokoa da eta gurutzaduraren gangaren gainean dago. Torres del Rion linterna eta gangatila bat daude; azken horrek ganga nerbioduna ixten du, baina ez dirudi loturarik dutenik.

Eraikina, Garesko 4. poligonoko 1. lurzatiko G azpilurzatian baita, Nafarroako Ondare Arkitektonikoaren Inbentarioan sartua dago 11984 fitxa zenbakiarekin, eta horrek biko sailkapena eman dio.

Aurreko guztiarengatik, proposatzen da hura ondasun inbentariatu deklaratzea, Nafarroako Kultur Ondareari buruzko azaroaren 22ko 14/2005 Foru Legean ezarritakoarekin bat.

14/2005 Foru Legearen 42. artikuluak ondoko hauek ezartzen ditu: “1. Ondasun higiezin inbentariatuen babes araubidea deklarazioan finkatutakoa izanen da, eta espresuki ezarriko ditu kontserbaziorako neurririk egokienak. 2. Ondasun higiezin bat ondasun inbentariatu bihurtzen duen deklarazioan jasotako zehaztapenek lehentasuna izanen dute ondasun horri buruz hirigintza-planetan jasotakoen aldean; izan ere, haiek deklarazio horretan ezarritakoari egokitu beharko zaizkio, dela planak prestatzean, dela ondoko aldaketen bidez”.

Bestalde, Lurralde Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 63.2 artikuluak aurreikusten du, eraikin edo elementu historiko edo kulturalei edo ingurunearentzat balioa dutenei dagokienez, “Edozein kasutan ere, planeamenduko determinazioek galaraziko dute, eraikin, espazio eta elementu horien inguruan, beren hondamena eragin edo beren ikusmira eta hiri-bilbearen gainerakoarekiko lotura nabarmen aldatzen duten eraikin eta instalazioak egitea”.

Ondasun hori ongi babesteko, beharrezkotzat jo da zenbait babes neurri izanen dituen eremu edo ingurune bat mugatzea. Arrazoia da eraikinaren ikuspegiak mantentzea eta haren kokalekuaren ezaugarriak eta baldintzak kontserbatzea. Eremu honek 50 metroko erradioa duen zirkulua hartzen du, erdigunea eliza izanik, eta Garesko 4. poligonoko 1. eta 2. lurzatiei eragiten die.

Ondoko hauek dira ukituak:

–Pilar Delclaux Oraa.

–Alberto Pérez-Rada Díaz-Rubín.

Eremu horretarako ondoko babes neurriak proposatzen dira:

1. Elizari dagokionez, aski da 14/2005 Foru Legearen 43. artikuluak ezartzen duenarekin, beharrezkoa dela kultura arloko departamentu eskudunak baimena ematea edozein esku-hartzetarako.

2. Inguruneari dagokionez, beharrezkoa da kultura arloko departamentu eskudunak baimena ematea edozein esku-hartzetarako, eta ezin izanen da bertan eraikinik jaso.”

Nafarroako Kultur Ondareari buruzko azaroaren 22ko 14/2005 Foru Legeak eta Kultura, Kirol eta Gazteriako Departamentuaren egitura organikoa ezarri zuen irailaren 9ko 25eko 199/2015 Foru Dekretuak eman dizkidaten eskudantziak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Hiriberriko (Nafarroa) San Esteban eliza izeneko monumentua ondasun inbentariatu deklaratzeko espedientea irekitzea, azalpen atalean adierazten diren ingurune mugekin. Muga horiek jasota daude ebazpen honi erantsitako planoan.

2. Espedientea tramitatzen jarraitzea, indarrean dauden xedapenek ezarritako moduan.

3. Ebazpen hau Pilar Delclaux Oraá andreari, Alberto Pérez-Rada Díaz-Rubín jaunari eta Garesko Udalari jakinaraztea.

4. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, eta argitaratzen denetik 30 eguneko epea ematea jendaurrean egon dadin, interesdunek egokiak iruditzen zaizkien alegazioak aurkeztu ahal izateko.

Iruñean, 2015eko azaroaren 10ean.–Vianako Printzea Erakundea-Kulturako zuzendari nagusia, Fernando Pérez Gómez.

Iragarkiaren kodea: F1515377