Iragarkia
247. ALDIZKARIA - 2015eko abenduaren 14a
1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.5. ESTATUTUAK ETA LAN HITZARMEN KOLEKTIBOAK
146/2015 EBAZPENA, urriaren 30ekoa, Lehendakaritzako eta Gobernu Irekiko zuzendari nagusiak emana, Nafarroako Psikologiaren Elkargo Ofizialaren Gobernu Batzordea eta estatutuetako aldaketa partziala inskribatzen dituena Nafarroako Lanbide Elkargoen eta Elkargoen Kontseiluen Erregistroan.
Elkargo Ofiziala erregistroan inskribatu zen, 5. zenbakiarekin eta Nafarroako Psikologoen Elkargo Ofizialaren izenarekin, ekainaren 7ko 991/2002 Ebazpenaren bidez, eta ebazpen berean elkargoaren estatutuak argitaratu ziren.
2015eko uztailaren 20an, elkargoak eskatu du bere Gobernu Batzordea inskribatzeko, baita estatutuetako aldaketa partziala ere, izenaren aldaketa dakarrena. Dokumentazio hori irailaren 24an zuzendu zen, eta behin betiko estatutuak urriaren 8an igorri.
Gobernu Batzordea inskribatzeko, aldez aurretik, elkargoak orain arte izan dituen gobernu batzordeen frogagiriak aurkeztu ditu. Behin traktua justifikaturik, ziurtatzen dute egungo gobernu batzordea estatutuei jarraituz hautatu zela 2013ko ekainaren 19an, eta, kideek onartu ondoren, ondoko hauek osatuta dagoela:
1. Dekanoa, Rosa Ramos Torío andrea.
2. Dekano-ordea, Iñaki Etxagüe Alcalde jauna.
3. Idazkaria, Yolanda Liberal Aranda andrea.
4. Diruzaina, Ana Fraile Blázquez andrea.
5. Batzordekideak, Rosa M.ª de Cruz Alfageme andrea, M.ª Rosario de Luis Beorlegui andrea, Ana Isabel Eguilor Cabrerizo andrea, María J. Muñiz Lorenzo andrea eta Elena Suescun Flamarique andrea.
Estatutuei dagokienez, zenbait aldaketa partzial egin zitzaizkien, eta biltzarrak berretsi zituen 2015eko ekainaren 24an. Biltzarrak, halaber, beste aldaketa batzuk egitea erabaki zuen. Horiek ikusita, zenbat akats agertu ziren, irailaren 22an zuzendu zirenak, eta behin betiko agiria urriaren 8an aurkeztu zen. Legeen Garapenerako eta Koordinaziorako Atalaren txosten batean jasota dago egindako aldaketekin estatutuak bat datozela Lanbide Elkargoei buruzko apirilaren 6ko 3/1998 Foru Legean eta lege hori garatzeko erregelamendua onesten duen abenduaren 18ko 375/2000 Foru Dekretuan ezarritakoarekin, baita abenduaren 22ko 25/2009 Legean xedatutakoarekin (lege horrek zenbait lege aldatzen ditu, zerbitzu jardueretarako sarbide libreari eta haietan aritzeari buruzko Legeari egokitzeko) eta indarrean dagoen araudiarekin ere.
Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 22. artikuluaren bidez eta Lehendakaritzako, Funtzio Publikoko, Barneko eta Justiziako Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen irailaren 9ko 198/2015 Foru Dekretuari jarraikiz emandako ahalmenak baliatuz,
EBATZI DUT:
1. Nafarroako Psikologiaren Elkargo Ofizialaren estatutuen aldaketa partziala inskribatzea Nafarroako Lanbide Elkargoen eta Elkargoen Kontseiluen Erregistroan. Testu osoa, aldaketak barne, eranskinean ageri da, eta espedientean jaso da eranskin hori.
2. Nafarroako Psikologiaren Elkargo Ofizialaren Gobernu Batzordea inskribatzea. Haren osaera ebazpen honen azalpen atalean dago jasota.
3. Agintzea Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadila ebazpen hau, Nafarroako Psikologiaren Elkargo Ofizialaren Estatutuak biltzen dituen eranskinarekin batera, behar diren ondorioak izan ditzaten.
4. Ebazpen hau Nafarroako Psikologiaren Elkargo Ofizialari jakinaraztea, eta adieraztea horren kontra gora jotzeko errekurtsoa jar daitekeela, Lehendakaritzako, Funtzio Publikoko, Barneko eta Justiziako kontseilariari zuzendua, jakinarazi eta biharamunetik hasita hilabeteko epean.
Iruñean, 2015eko urriaren 30ean.–Lehendakaritzako eta Gobernu Irekiko zuzendari nagusia, Edurne Eginoa Antxo.
Eranskina
ESTATUTUAK
Nafarroako Psikologiaren Elkargo Ofizialaren estatutuak
I. KAPITULUA
Elkargoaren izaera, helburuak eta eginkizunak
1. artikulua. Izaera.
Nafarroako Psikologiaren Elkargo Ofiziala zuzenbide publikoko korporazio bat da, legearen babesa duena eta Nafarroako Foru Komunitateak aitorturik dagoena; nortasun juridiko propioa dauka, eta ahalmen osoa du bere helburuak betetzeko.
Estatutu hauek zuzenduko dute Nafarroako Psikologiaren Elkargo Ofiziala, lanbidearen jarduna zuzentzen duten legeak ukatu gabe, estatutuak horietara egokitu eta haiekin bat etorriko baitira, baita barne araubidearen erregelamenduek ere, eta horiek ezin dute estatutu hauetan xedatuaren kontra jo.
2. artikulua. Printzipio eratzaileak, lurralde eremua eta ikurra.
Honako hauek dira elkargoaren egituraren eta funtzionamenduaren printzipio eratzaileak: bere kideen berdintasuna elkargoaren arauekiko, elkargoko kargu guztiak hautatzeko aukera, akordioak gehiengoaren sistemarekin hartzea eta jarduera librea, legearekiko errespetuaren barrenean.
Hura eratu zuen legearekin bat, elkargoaren eremua Nafarroako Foru Komunitatea da, eta egoitza Iruñean dago. Elkargoaren lurralde batasuna eta batasun funtzionala bateragarriak dira Estatutuei jarraituz ezarritako lurraldeetako egoitzetan eginkizunak deszentralizatzearekin, elkartasunaren printzipioa ukatu gabe.
Elkargoaren ikurra “psi” letra grekoaren sinboloa izanen da.
3. artikulua. Helburuak.
1. Hona elkargoaren funtsezko helburuak:
a) Psikologoaren jarduna antolatzea, bere forma eta espezialitate guztietan, kasuan kasuko legezko esparruaren barnean, bere eskumenaren esparruan, bai gizartearen onerako, haren zerbitzari baita, bai interes orokorren onerako, berezkoak baititu.
b) Lanbidearen ordezkaritza instituzional bakarra, bere lurralde esparruaren barrenean, Administrazio Publikoaren, instituzioen, epaitegien, entitateen eta partikularren aurrean.
c) Lanbidea nola betetzen den zaintzea, eta psikologoaren lanbidea ukitzen duten legezko xedapen guztien berri ematea eta horiek betetzeko bideak eskaintzea, eta, halaber, lanbidearen etika eta lanbidearen arau deontologikoak betearaztea, eta elkargokideek ematen dituzten lanbide prestazioen kalitatearen maila egokia dela zaintzea, eta, horretarako, horien prestakuntza eta hobekuntza sustatzea.
d) Elkargoko kideen lanbide interesak aldeztea, b) atalean aurreikusitako esparruaren barnean.
d) Elkargoko kideen zerbitzuen kontsumitzaile eta erabiltzaileen interesak babestea.
e) Proposamenak egitea Psikologiaren gradua eskuratzeko ikasketak, lanbidean aritzeko gaikuntza ematen dutenak, hobetzeko, bai eta gradu ondoko prestakuntza ere.
f) Bitartekotza sustatzea, hori eskuratu eta administratzea erraztuz, bitartekarien izendapena barnean dagoela, eta bitartekaritza instituzio gisa aritu ahal izatea, alor hori unean-unean erregulatzen duten arauek aurreikusten duten moduan.
2. Elkargoak profesionalen sustapen eta garapen teknikoa eta zientifikoa sustatuko du, baita profesionalek elkartasunez jokatzea eta lanbideak gizartearen zerbitzuan jardutea ere. Bere helburuak betetzeko, elkargoak jariotasunez eta etenik gabe komunikatuko da gizartearekin eta hura ordezkatzen duten instituzioekin, bere legezko ordezkarien bitartez.
4. artikulua. Eginkizunak. Leihatila Bakarra.
1. Bere helburuak betetzeko, elkargoak eginkizun hauek izanen ditu:
a) Elkargoko kideei erraztea lanbidean aritzea, haien artean ahal den enplegu mailarik handiena sustatuz, haien eten gabeko hobekuntza profesionala bultzatzea eta administrazio publikoekin eta ekimen pribatuarekin elkarlanean aritzea beharrezkoa den guztietan.
b) Lanbidea ordezkatu eta aldeztea, zilegitasuna edukita parte izateko lanbide eskubideak eta interesak eta psikologoaren lanbidearen helburuak ukitzen dituzten auzi eta kausa mota guztietan, aplikatu beharreko araudiarekin bat, eta horretarako bidezkotzat jotzen dituen ekintza legal eta judizial guztiez baliatzea eta eskeak egiteko eskubidea erabiltzea, legearen arabera, eta bidezkotzat jotzen dituen legeriaren berrikuntza guztiak proposatzea lanbidearen alde egiteko.
c) Lanbidearen jarduna antolatzea, bere eskumenaren eremuan, irizpide deontologikoen arabera aritu dadila begiratuz, eta partikularren eskubideak errespetatuz, eta horretarako diziplina ahalmena erabiltzea elkargoaren eta lanbidearen inguruko auzietan.
d) Elkargoaren antolaketa eraginkortasunez bermatzea, atal edo batzorde espezializatuen bidez, elkargoaren eta lanbidearen intereseko jarduera eta zerbitzu amankomunak sustatuz prestakuntza, kultura, laguntza eta aurreikuspenari dagokionez. Ondorio horietarako, elkarlanean aritu daiteke beste elkargo edo entitate batzuekin.
Kasu guztietan elkargoko kidearen askatasuna errespetatuko da edozein zerbitzu zentralizatu erabiltzeko eta hautapen libreko konpainiei dagozkien aseguruak kontratatzeko.
e) Elkargoko kideen alde egitea haiei dagozkien eskubideak erabiltzen dituztenean bere lanbidearen eginkizunetan jarduteagatik edo horiek direla-eta, eta bidezkotzat jotzen diren ekintza legal eta judizial guztiak erabiltzea haien alde egiteak lanbidearen alde egitea ekartzen duenean.
f) Harmonia eta elkarlana sustatzea elkargoko kideen artean, haien arteko lehia bidegabea eragotziz eta adiskidetze edo arbitraje bidez eskua sartuz haien artean lanbide arrazoiak direla-eta sortzen diren auzietan, baita, kasua bada, laudo bidez ebaztea ere, interesdunek eskatuta, lanbidean aritzearen ondoriozko betebeharrak konplitzean sortzen diren desadostasunak.
g) Intrusismo profesionala eta bidegabeko lehia eragozteko neurriak hartzea, bai eta legearen eta estatutu hauen kontrako moduan eta baldintzetan aritzen direnen lanbidea ere, elkargoko kideak izan ala ez, eta Gobernu Batzordeak ezagutzen dituen kasuak Administrazioan eta justizia epaitegietan salatzea.
h) Ikus-onespena eta ziurtagiria ematea elkargoko kideen lan profesionalei, bezeroek berariaz eskatzen dutenetan, administrazio publikoak barne, horren gisa jarduten dutenean, edo gobernuak hala ezartzen duenean Errege Dekretuaren bidez, Kontratazio Publikoei buruzko Legearen 13. artikuluan xedatuarekin bat.
Ikus-onespenak ez ditu kontuan hartuko ordainsari profesionalak edo kontratuetako gainerako baldintzak, haiek alderdiek libreki erabakita zehaztuko baitira.
i) Elkargoaren ekonomia administratzea, kargak behar bezala banatuz kuotak eta ezarpenak finkatuz, dirua biltzeko eta kudeatzeko beharrezko ahalmenak izanik.
j) Txostenak prestatzea, aplikatu beharreko xedapenetan aurreikusten den moduan, lege proiektuei eta beste edozein mailatako xedapenei buruz, lanbide jardunaren baldintza orokorren gainean, eskatutako titulazioa eta beste lanbideekiko bateraezintasunak barne direla, eta Administrazioak esleitzen dizkion beste edozein eginkizunetan aritzea eta elkarlanean aritzea harekin edo beste edozein entitaterekin, azterketak eginez, txostenak prestatuz, estatistikak egikarituz eta eska dakizkiokeen edo bere kasa erabakitzen dituen gainerako jarduerak gauzatuz.
k) Parte hartzea, hala ezarrita dagoenean legezko nahiz erregelamenduzko xedapenetan, administrazio publikoetako aholku emateko kontseiluetan eta erakundeetan lanbide jardunari buruz, eta ikasketa planak eta txostenak prestatzea, hala eskatzen zaionean, lanbidean aritzeko gaikuntza ematen duten tituluak lortzeko ikasketak ematen dituzten ikastetxeak antolatzeko arauei buruz, eta informazioa prestatzea psikologo berriak lanbide bizitzara sartzea errazteko.
l) Auzitegiei elkargokideen zerrenda ematea, gai judizialetan peritu gisa esku har dezaten deitzeko, edo berak izendatzea, kasuaren arabera.
Elkargoko kide guztiek har dezakete parte, psikologoaren titulu ofiziala baldin badute, espezialitatea edozein dela ere.
Zerrenda horiek indarra duten bitartean, ezin da perituen bestelako zerrendak prestatu. Ezin da eragotzi elkargoko kideak elkarteen parte izatea eta haiek prestatutako zerrendetan sartuta egotea.
m) Profesionalen zerbitzu-sariak eztabaidan dauden prozedura judizial edo administratiboetan txostena egitea.
n) Lanbidearen ordezkari izatea Estatuan Espainiako Psikologoen Elkargo Ofizialen Kontseilu Nagusian edo horretarako sortzen diren beste erakunde batzuetan.
ñ) Lanbidearen ordezkari izatea nazioartean.
o) Lege orokorrak eta bereziak, lanbide estatutuak eta barne araudiak betetzea eta elkargokideei betearaztea, baita Elkargoko organoek, zeinek bere eskumeneko arloetan, hartzen dituzten erabaki eta arauak ere.
p) Proba eta material psikologikoak behar bezala banatu eta erabil daitezela zaintzea.
q) Lehia askearen errespetua bermatzea elkargoko kideen artean, dela banaka dela sozietate batean aritzen direnean, eta kasu horretan legezko xedapenetan aurreikusitakoari jarraituko diote.
Lehia askea bermatzeko, ulertuko da profesionalak ordezteko edozein muga edo eragozpen jartzeak lehiari buruzko araudia hauts dezakeela. Berariaz debekatzen dira ordainsariei buruzko aholkuak, halako eran non ezin izanen baita baremo orientagarririk edo beste edozein orientazio, gomendio, jarraibide, edo arau mota ezarri ordainsari profesionalei buruz, abokatuen kontuen zinerako eta kostu tasaziorako izan ezik. Azken helburu horretarako, irizpide orientagarriak presta ditzakete elkargoek.
r) Diru-sarreren eta gastuen urteroko aurrekontuak prestatu eta onestea, baita aurrekontuko kontuak eta likidazioak ere, eta urteroko memoria bat prestatzea, Elkargo Profesionalei buruzko Legean aurreikusitako edukiarekin.
s) Bitartekotza sustatu eta garatzea eta arbitraje lanetan aritzea, nazio mailan edo nazioartekoan izan, Gai zibil eta merkataritzakoetako bitartekaritzari buruzko uztailaren 6ko 5/2012 Legean ezarritakoarekin bat.
t) Elkargoko kideei buruzko eta haiei ezarritako zehapen irmoei buruzko informazio eskaerei erantzutea, baita Europar Batasuneko estatu bateko edozein agintari eskudunek egiten dituen ikuskapen edo ikerketa eskaerei ere, Zerbitzu Jardueretan Libreki Hasi eta Horietan Aritzeari buruzko azaroaren 23ko 17/2009 Legean ezarritako moduan, eta bereziki honako hauek kontuan hartuta: kontrolak, ikuskapenak edo ikerketak egiteko eta informazioa lortzeko eskaerak behar bezala arrazoituak egotea, eta lortzen den informazioa eskatu den xederako soilik erabiltzea.
u) Legezko xedapenek esleitzen dizkioten beste edozein eginkizun, edo elkargo kideen edo lanbidearen interes profesionalen aldekoak direnak.
2. Nafarroako Psikologiaren Elkargo Ofizialak badu web orri bat, profesionalek lanbidean aritzeko eta Elkargoan kidetu edo baja hartzeko beharrezkoak diren tramite guztiak egin ditzaten toki bakar batetik, baliabide elektronikoak eta urrutikoak erabiliz, hori guztia Zerbitzu Jardueretan Libreki Hasi eta Aritzeari buruzko azaroaren 23ko 17/2009 Legean ezarritako Leihatila Bakarraren bitartez. Leihatila horren bidez profesionalek aukera izanen dute honako hauek dohainik lortzeko:
a) Lanbide jardueran hasteko eta aritzeko beharrezkoak diren informazio eta inprimaki guztiak eskuratzea.
b) Beharrezkoak diren agiri eta eskabide guztiak aurkeztea, Elkargoko kide egitekoa barne.
c) Interesdun gisa agertzen direneko prozeduren tramitazioaren egoera zein den jakitea, eta aginduzko tramite-egintzen jakinarazpena eta elkargoak horien gainean ematen duen ebazpena jasotzea, diziplinazko espedienteen jakinarazpena barne, beste bide batzuen bitartez egitea ezinezkoa denean.
d) Elkargoko kideak batzar nagusi arrunt eta berezietara deitzea eta lanbide elkargoaren jarduera publiko eta pribatuaren berri ematea.
3. Nafarroako Psikologiaren Elkargo Ofizialak leihatila bakar horren bidez ondoko informazioa eskainiko du modu argian, ezin nahasiz eta doan:
a) Elkargokideen Erregistroan sartzeko aukera. Erregistro hori etengabe eguneratua egonen da, eta datu hauek bilduko ditu gutxienez: kidetutako profesionalen izen-deiturak, bakoitzaren kide zenbakia, titulu ofizialak, lanbiderako helbidea eta lanbide gaikuntzako egoera.
b) Lanbide Sozietateen Erregistroan sartzeko aukera. Erregistro horrek martxoaren 15eko 2/2007 Legearen 8. artikuluan azaltzen den edukia izanen du.
c) Kontsumitzaileak edo erabiltzaileak elkargokide batekin edo Lanbide Elkargoarekin gatazkaren bat izaten duenean aurkez daitezkeen erreklamazioak eta errekurtsoak aurkezteko bideak.
d) Lanbide zerbitzuen hartzaileek laguntza lortzeko eskura dituzten kontsumitzaile eta erabiltzaileen elkarte edo erakundeen datuak.
e) Kode deontologikoen edukia.
4. Helburu horiek betetzeko, elkargoko kide orok elkargoari jakinarazi behar dio, idatziz, bertara joanez, fax bidez, posta ziurtatu bidez edo baliabide telematiko bidez, zein den bere helbide profesionala eta, kasua bada, hura aldatu dela.
5. Nafarroako Psikologiaren Elkargo Ofizialak informazioa emanen dio Kontseilu Nagusiari elkargokideen eta lanbide sozietateen erregistroetako alta, baja eta beste aldaketa guztiei buruz, jakin dezan eta elkargokideen eta horien lanbide sozietateen erregistro zentraletan jaso dezan.
5. artikulua. Desegitea: helburuak amaitzea.
Elkargoa soilik deseginen da bere helburuak amaitzen direnean, Batzar Nagusiak hori erabaki ondoren.
II. KAPITULUA
Elkargoko kide izatea, ukatzea eta galtzea
6. artikulua. Elkargoan sartzea. Klaseak eta baldintzak.
1. Elkargoan sartzeko eskubidea izanen dute Psikologiako lizentziadun, gradudun eta doktoreak direnek, Filosfia eta Letretako lizentziadun, gradudun eta doktoreak direnek (Psikologiaren atala edo adarra), eta Filosofia eta Hezkuntza-zientzietako lizentziadun, gradudun eta doktoreak direnek (Psikologiaren atala edo adarra). Orobat, zilegi dute elkargoan sartzea bere titulu akademikoa aipatutako titulazio horietako edozeinetara homologatuta dutenek goi mailako irakaskuntzako tituluak aitortzeko legez ezarritako sistema orokorrari jarraituz.
2. Elkargoko kidearen helbide profesional bakarrari edo nagusiari dagokion lurraldeko elkargoan eman behar da izena, eta hori aski izanen da Espainia osoan jardun ahal izateko. Hortaz, ez da beharrezkoa beste elkargoei jakinaraztea edo haiek gaikuntza ematea bere elkargoaren lurraldetik kanpo jarduteko.
Beste elkargo bateko psikologoek Nafarroako Elkargoko lurraldean jarduten dezakete, eta haien betebeharrak Nafarroako Psikologoen Elkargo Ofizialeko kideei eskatzen zaizkien berberak izanen dira. Ezin zaie inola ere eskatu elkargoko kideei eskatzen zaizkien ordain ekonomikoez bestelakoak ordaintzeko elkargoko kuotak estaltzen ez dituen zerbitzuak egiteagatik.
Aurreko atalean xedatutakotik salbuetsita dago beste elkargo batzuei ordaintzeko dauden kuotak aldez aurretik pagatzeko eskaria. Halakoetan, izan ere, haiek ordaintzeko eskatuko da elkargoan kidetzeko.
3. Jardunean ari direla edo jardunean egon gabe sar daitezke kideak elkargoan.
Psikologiako doktorearen, Filosofia eta Letretako doktorearen (Psikologiaren atala edo adarra) eta Filosofia eta Hezkuntza-zientzietako doktorearen (Psikologiaren atala edo adarra) titulua dutenak, ez badute Psikologiako lizentziadunaren edo gradudunaren titulua, Filosofia eta Letretako lizentziadunarena edo gradudunarena (Psikologiaren atala edo adarra) eta Filosofia eta Hezkuntza-zientzietako lizentziadunarena edo gradudunarena (Psikologiaren atala edo adarra), edo bere titulu akademikoa titulazio horietako edozeinetara homologatzea lortu badute goiko irakaskuntzako tituluak aitortzeko legez ezarritako sistema orokorrari jarraituz, jardunean egon gabe baino ezin dira izan elkargoko kide.
4. Elkargoko kide izateko, eskatutako titulazioa izateaz gain, ondoko baldintza orokor hauek bete behar dira:
a) Espainiako edo Europar Batasuneko estatu bateko nazionalitatea izatea, edo nazioarteko hitzarmen edo itunen bidez gaituta dagoen beste herrialde batekoa.
b) Adinez nagusia izatea.
c) Ezgaitasun kausarik ez izatea.
d) Lanbidean jarduteko desgaitua ez egotea.
e) Sartzeko kuota ordaintzea.
5. Elkargoan kidetzeko eskaera Elkargoaren egoitzan bertaratuta egiten ahalko da, edo bide elektronikoz eta urrutitik, Elkargoaren web orriaren bidez. Kasu horretan, telematika bidez erantsiko dira beharrezko agiriak, Elkargoak haiek egiazkoak eta benetakoak direla egiaztatzeko legearen arabera egin ditzakeen egiaztapenak galarazi gabe.
6. Eskatzailea psikologoen beste elkargo batekoa bada, horretaz gain, jatorrizko elkargoak luzatutako ziurtagiri bat aurkeztu behar du, zeinetan zehaztuko baita psikologoa dela, betebehar ekonomikoak eguneratuak dituela eta lanbidean jarduteko behin-behineko edo behin betiko desgaitasunik ez duela.
7. Elkargoko kideen jarduna kontrolatzeko eginkizuna eraginkortasunez betetzeko, gure kontsumitzaileen eta erabiltzaileen onurarako, elkargoak komunikazio baliabideak eta agintaritza eskudunen arteko lankidetza administratiboaren sistemak baliatuko ditu, Zerbitzu Jardueretan Libreki Hasi eta Aritzeari buruzko azaroaren 23ko 17/2009 Legean aurreikusitakoak.
Aurreko paragrafoan xedatzen dena lanbide sozietateei ere aplikatuko zaie.
7. artikulua. Elkargoan kidetu beharra.
Nahitaez kidetu behar dute elkargoan jardunean aritzeko modalitatean, Lanbide Elkargoei buruzko otsailaren 13ko 2/1974 Legearen 3.2 artikuluan aurreikusi bezala (lurzoruaren gaietako liberalizazio neurriei eta lanbide elkargoei buruzko apirilaren 14ko 7/1997 Legeak aldatua, Psikologoen Elkargo Ofiziala sortzeko 43/1979 Legearen 2. artikuluari dagokionez) titulazio ofiziala edukita, Estatuko lurraldean psikologo gisa aritzen diren guztiek. Betebehar horretatik funtzionario publikoak salbuetsita daude, menpekotasun funtzionariala dela bide administrazio publikoen zerbitzuan aritzen direnean. Lanbide Elkargoei buruzko apirilaren 6ko 3/1998 Foru Legearen arabera, Nafarroan aritzen diren lanbide elkargoen araubide juridikoa Estatuko araudi orokorraren bidez erregulatuko da.
8. artikulua. Ukatzeko arrazoiak.
Hurrengo kasuetan ukatuko da Elkargoan kidetzea:
a) Eskatutako titulazioa ez izateagatik.
b) Elkargoko kasuan kasuko kuotak ez ordaintzeagatik edo zorretan egoteagatik beste elkargo batzuekin elkargoko kuotak ez ordaintzeagatik.
c) Interesdunaren kontra epai irmoa emateagatik, hura kondenatzen duena lanbidean jarduteko desgaituta egotera.
d) Dokumentazioa osorik ez aurkezteagatik, horrek dudak ekartzen dituenean agirien zilegitasunaz edo benetakotasunaz, baldin eta akatsak ez badira osatu edo konpondu horretarako ezarritako epean.
e) Betebehar ekonomikoak egunean ez izateagatik jatorrizko elkargoan.
f) Beste elkargo batetik kanporaturik, birgaituta ez dagoenean.
Kidetzea ukatzen duen erabakia, eskatzaileari jakinarazi behar zaio, behar bezala arrazoituta. Horrek ez du bide administratiboa amaitzen.
9. artikulua. Elkargokide izateari uztea.
Arrazoi hauek direla medio utziko zaio elkargokide izateari:
a) Norberak eskatuta, konplitu gabeko betebehar profesional edo korporatiboak galarazi gabe. Kasu horretan, arrazoitutako eskaera bat aurkeztu behar zaio Gobernu Batzordeari, Foru Komunitatean lanbide jardunik ez dela eginen adieraziz eta hori agiri bidez frogatuz.
Borondatezko baja eta lanbide jarduna utzi delako egiaztapena telematika bidez aurkez daitezke, elkargoaren web orriaren bitartez, ukatu gabe elkargoak legearen arabera egin ditzakeen egiaztapenak, aurkeztutako agiriak benetakoak eta egiazkoak direla egiaztatzeko.
b) Desgaikuntza-zigorra lanbidean jarduteko, epai judizial irmo batek ezarria.
c) Elkargoko kuota edo elkargoak ezarritako beste ekarpen batzuk ez ordaintzea, sei hilabetetik gorako epe batean, entzutea eman ondoren eta elkargoak ordaintzeko errekerimendu frogatua egin ondoren, non bi hilabeteko luzapena ezarriko baita, baldin eta lanbidean jardun izana frogaturik ez badago.
d) Ezarritako diziplina zehapena betetzea, Estatutu hauetan aurreikusitakoarekin bat.
Gobernu Batzordeak erabaki dezake elkargoan kidetzea kautelaz etetea segurtasunez jakin ondoren ahozko judizio edo prozedura bat ireki zaiola Elkargoko kide bati, delituaren zigorrak lanbide desgaikuntza ekar dezakeenean. Erabaki hori ebazpen arrazoitu baten bidez hartu behar da, interesdunari entzutea eman ondoren eta kasuan kasuko espedientea instruitu ondoren.
10. artikulua. Elkargora itzultzea.
Elkargora itzultzeko, elkargoan sartzeko arau berberei jarraituko zaie. Kasua bada, eskatzaileak frogatu behar du zigorra edo zehapena bete duela, bajaren arrazoia hori izan denean. Arrazoia izan denean kuotak edo ekarpenak ez ordaintzea, eskatzaileak ordaindu gabeko zorra pagatu beharko du, gehi legezko interesak errekerimendua egin zenetik aurrera.
11. artikulua. Ohorezko kideak.
Gobernu Batzordeak elkargoko ohorezko kide izendatzen ahal ditu merezimendu zientifiko, tekniko edo profesionalengatik, titulazioa edozein dela ere, psikologia edo psikologoaren lanbidea garatzera lagundu dutenak. Izendapena ohorezkoa izanen da, ukatu gabe erregelamenduzko xedapenek ezartzen dituzten elkargoko zerbitzuetan eta elkargoko bizitzan izandako parte-hartzea.
12. artikulua. Elkargoko kide erretiratuak.
Adinagatik lanbide jarduna uzten duten elkargoko kideek, elkargoari atxikiak egon badira aurreko bost urteetan gutxienez, edo 10 urtez etenik gabe egon badira, eta, horietatik, bi gutxienez erretiroa hartu aurrekoak badira, eska dezakete elkargoko kide izaten jarraitu, jardunean egon gabe eta erretiratu gisa, eta, arrazoi horregatik, salbuetsita egonen dira kuota arruntak eta bereziak ordaintzetik.
13. artikulua. Balioezintasuna edo lanerako ezintasuna duten elkargoko kideak.
Balioezintasunagatik edo ezintasunagatik lanbide jarduna uzten duten elkargoko kideek, elkargoari atxikiak egon badira aurreko bost urteetan gutxienez, edo 10 urtez etenik gabe egon badira, eta, horietatik, bi gutxienez aurre-aurrekoak badira, eska dezakete elkargoko kide izaten jarraitu, jardunean egon gabe eta balioezintasuna edo lanerako ezintasuna dutela, eta, arrazoi horregatik, salbuetsita egonen dira kuota arruntak eta bereziak ordaintzetik.
III. KAPITULUA
Elkargoko kideen eskubide eta betebeharrak
14. artikulua. Elkargoko kideen eskubideak.
Hona hemen jardunean ari diren elkargoko kideen eskubideak:
1. Psikologo gisa aritzea Nafarroako Foru Komunitatean nahiz Espainiako gainerako lurraldean.
2. Elkargoaren laguntza, aholkularitza eta defentsa jasotzea, horrek dituen baliabideen arabera eta erregelamenduz ezartzen diren baldintzetan, lanbidearen jarduna dela eta sortzen diren auzi guztietan.
3. Elkargoko Gobernu Batzordeak ordezkatuak izatea, hala eskatuz gero, lanbidearen jardunaren ondoriozko edozein motatako erreklamazioetan.
4. Elkargoaren zerbitzuak eta bitartekoak erabiltzea erregelamenduz ezarritako baldintzetan.
5. Parte hartzea, hautagai eta hautatzaile gisa, elkargoaren esparruan egiten diren hauteskunde guztietan, esku hartzea elkargoaren bizitzan modu aktiboan, informazioa jasotzea eta hitza eta botoa izanik Batzar Nagusian.
6. Parte hartzea ezartzen diren batzordeetan edo ataletan.
7. Ezartzen diren aurreikuspeneko erakundeetan sartzea, erregelamenduz finkatzen diren baldintzetan.
8. Gobernu Batzordeari iradokizunak, eskaerak edo kexak aurkeztea idatziz.
9. Informazioa aldizka jasotzea jarduera korporatiboaz eta lanbide interesekoaz, informazio buletinen eta zirkularren bidez eta bidezkotzat jotzen diren moduen bidez.
Hona hemen jardun gabeko elkargoko kideen eskubideak:
1. Elkargoaren zerbitzuak eta bitartekoak erabiltzea erregelamenduz ezarritako baldintzetan.
2. Parte hartzea, hautagai eta hautatzaile gisa, elkargoaren esparruan egiten diren hauteskunde guztietan, esku hartzea elkargoaren bizitzan modu aktiboan, informazioa jasotzea eta hitza eta botoa izanik Batzar Nagusian.
3. Parte hartzea ezartzen diren batzordeetan edo ataletan, Batzorde Deontologikoan izan ezik.
4. Ezartzen diren aurreikuspeneko erakundeetan sartzea, erregelamenduz finkatzen diren baldintzetan.
5. Gobernu Batzordeari iradokizunak, eskaerak edo kexak aurkeztea idatziz.
6. Informazioa aldizka jasotzea jarduera korporatiboaz eta lanbide interesekoaz, informazio buletinen eta zirkularren bidez eta bidezkotzat jotzen diren moduen bidez.
15. artikulua. Elkargokideen betebeharrak. Debekuak.
Hona hemen jardunean ari diren elkargoko kideen betebeharrak:
1. Lanbidean etikari jarraituz jardutea, eta batik bat Psikologoaren Kode Dentologikoan ezarritako arau deontologikoei jarraituz. Kodea Espainiako Psikologoen Elkargo Ofizialen Kontseilu Nagusiak promulgatu zuen, zein ministerioak izen berri batekin onesteko baitago: Psikologiaren Kontseilu Nagusia.
2. Arau korporatiboak betetzea, baita elkargoko gobernu organoek hartutako erabakiak ere.
3. Elkargoari aurkeztea lanbide aitorpenak, kontratuak eta eskatzen zaizkion gainerako dokumentuak, Estatutuetako edo erregelamenduzko xedapenekin bat.
4. Elkargoari komunikatzea, hogeita hamar eguneko epean, helbidea aldatu dela.
5. Ezarritako ekarpenak eta kuotak aldiro ordaintzea.
6. Elkargoko bizitzan modu aktiboan parte hartzea, eta Batzar Nagusietara eta batzordeetara joatea edo bere espezialitatearengatik deitua den ataletara.
7. Zer kargutarako izendatzen den, hori arretaz betetzea, eta Elkargoko gobernu organoek eska diezazkieketen mandatuak egitea.
8. Elkargoko beste kideen eskubide profesional edo korporatiboei kalterik ez egitea.
9. Gobernu Batzordearekin elkarlanean aritzea, eta, bereziki, deklaratzea eta informazioa ematea elkargoko aferen inguruko gaietan, hala eskatzen zaienean, lanbide-isilpekotasuna ukatu gabe.
Hona hemen jardun gabeko elkargoko kideen betebeharrak:
1. Arau korporatiboak betetzea, baita elkargoko gobernu organoek hartutako erabakiak ere.
2. Elkargoari komunikatzea, hogeita hamar eguneko epean, helbidea aldatu dela.
3. Ezarritako ekarpenak eta kuotak aldiro ordaintzea.
4. Elkargoko bizitzan modu aktiboan parte hartzea, eta Batzar Nagusietara eta batzordeetara joatea edo bere espezialitatearengatik deitua den ataletara.
5. Elkargoko gobernu organoek eskatzen dizkien mandatuak egitea.
6. Elkargoko beste kideen eskubide profesional edo korporatiboei kalterik ez egitea.
7. Gobernu Batzordearekin elkarlanean aritzea, eta, bereziki, deklaratzea eta informazioa ematea elkargoko aferen inguruko gaietan, hala eskatzen zaienean, lanbide-isilpekotasuna ukatu gabe.
Psikologo orori debekatzen zaio:
a) Lanbide jarduna egitea bidegabeko lehiari eta lehiakortasunaren defentsari buruzko legeetan eta publizitateari buruzko arauetan, hura orokorra edo osasun arlokoa izan, xedatutakoaren kontra.
b) Psikologian ari eta behar adinako titulurik ez duena edo elkargoko kide izan gabe ari dena edonola ere ezkutatzea edo babestea.
IV. KAPITULUA
Lanbide jarduna arautzen duten oinarrizko printzipioak
16. artikulua. Lanbidean aritzea. Lanbide sozietateak.
1. Psikologoaren jardunaren definizioa.
Nafarroako Psikologiaren Elkargo Ofizialak ondoko definizioa egiten du bere, zeinek Lanaren Nazioarteko Erakundeak lanbideen nazioarteko sailkapen uniformean ezarritakoa baitu oinarri, etorkizunean onets daitekeen araudia ukatu gabe, Konstituzioaren 36. artikuluan aurreikusitakoarekin bat, psikologoaren lanbide jardunari dagokionez, eta bere titulazioa dela bide beste lanbide batzuei esleitutako jarduerak ukatu gabe. Definizio horren arabera:
Psikologoek ikerketak egiten dituzte, eta prozesu mentalak eta gizakien portaera aztertzen, dela banaka dela taldeetako edo gizarteetako kide gisa, eta aholku ematen dute ezagutza horiei buruz, edo haiek aplikatzen dituzte jendearen egokitasuna eta garapena sustatzeko, hura indibiduala edo soziala, hezkuntzakoa edo lanbidekoa izan.
Beren eginkizunen artean, honako hauek daude besteak beste:
–Proba psikologikoak sortu, antolatu eta egitea jendearen ezaugarri mentalak, fisikoak eta bestelakoak zehazteko, esaterako, adimenari, gaitasunei, trebetasunei eta jarrerei dagokienez, eta emaitzak interpretatu eta ebaluatzea eta horri buruzko aholkularitza ematea.
–Faktore hereditario, sozial, profesional eta bestelakoen eragina aztertzea pertsona bakoitzaren pentsaera eta jokabidearen gainean.
–Elkarrizketa terapeutikoak, diagnostikokoak, ebaluaziokoak edo aholkularitzakoak egitea eta babes eta orientazio zerbitzuak ematea ondoren.
–Beharrezko harremanak mantentzea familiekin, agintariekin, irakasleekin edo enplegatzaileekin, eta problemak konpondu edo bideratzeko aholkuak ematea.
–Faktore psikologikoak aztertzea nahasmendu mentalen edo alterazio emozionalen edo pertsonalitate alterazioen diagnostikoan, tratamenduan eta prebentzioan, eta kontsulta egitea lotutako adarretako profesionalei.
–Ponentzia eta txosten akademikoak edo zientifikoak prestatzea.
–Antzeko lanak egitea.
–Beste langile batzuk gainbegiratzea.
Hori guztia beste lanbide batzuei bere titulazioa dela bide esleitutako jarduerak ukatu gabe.
Lanbidearen jardunak bat egin beharko du Elkargoak lanbidean jarduteko onetsitako Kode Deontologikoko arau deontologikoekin.
2. Legeetan aurreikusitakoaren araberakoa izanen da sozietate bidezko jardun profesionala. Elkargoak ez du inola ere mugarik ezarriko, berez edo bere estatutuen bitartez edo elkargoko gainerako araudiaren bitartez, lanbidean sozietate bidez jarduteko.
17. artikulua. Lanbidean jarduteko oinarriak.
Lanbidearen jardunak oinarri ditu prestakuntza zientifikoa eta akademikoa, irizpide profesionalaren independentzia, bezeroari arreta egokia ematea eta gizartearentzako zerbitzua. Psikologoaren eskubidea eta betebeharra da lanbide-sekretuari eustea.
Psikologoak saiatu behar du bere jakintza lanbidearen komunitateari jakinarazten, erabilera zientifikoekin bat.
18. artikulua. Etengabeko prestakuntza.
Psikologoak etengabeko prestakuntza zientifikoa eta teknikoa mantendu behar du, gaitasun profesional hobea eskuratzeko. Edonola ere, bere lan, txosten eta diagnostikoetan, arretaz bereizi behar dira hipotesi gisa aurkezten dena eta funtsezkotzat har daitezkeen ondorioak.
19. artikulua. Autonomia profesionala.
Psikologoa autonomiaz arituko da bere lanbidean, gaur egungo ezagutza psikologikoak bere gain hartu ezin dituen problemak dakartzan lanik hartu gabe.
20. artikulua. Bidegabeko lehia eta publizitatea.
Psikologoa lehia askearen araubidean arituko da bere lanbidean eta lehiakortasunaren defentsari, bidegabeko lehiari eta publizitateari buruzko araudiaren menpe egonen da, zerbitzuak eskaintzeari eta ordainsariak ezartzeari dagokienez.
Bere lanbidean, psikologoak lehia askearen araubidea errespetatu beharko du. Hori betetzen dela bermatzeko, eta testu honetan ezarritako gainerako betebeharrak gorde behar direla ukatu gabe, berariaz debekaturik daude ondoko jarduketak:
a) Lehiakortasuna murrizten duten erabakiak, aholkuak edo akordioak, hartzaileentzat ondorio juridiko lotesleak izan ala ez.
b) Lanbidean libreki aritzea murriztea zerbitzuak emateko denbora eta tokia mugatuz.
c) Akordioak hartzea zerbitzuak emateko edo merkatua banatzeko txandakatzeak ezartzeko.
d) Kontsumitzaileei edo zernahi profesionalak lehia askerako duen eskubideari kalte egiten dion beste edozein.
e) Komisioak ordaintzea beste profesional batzuei errekomendazioak egiteagatik bezeroei edo pazienteei.
f) Bezeroak errekrutatu edo bereganatzen dituztenak baliatzea.
21. artikulua. Bezeroaren eta/edo erabiltzailearen eskubideak.
Bezeroak, eta, kasua bada, bere legezko ordezkariek, eginen den edozein prozesu edo tratamenduren helburuak eta balizko ondorioak ezagutu behar dituzte.
Edonola ere, psikologoak bezeroaren eta/edo erabiltzailearen autonomia, erabakitzeko askatasuna eta duintasuna errespetatu behar ditu. Profesional gisa, kontrajarriak dituenean bere interesak eta instituzioarenak, saiatuko da jarduera ahal den modurik inpartzialenean gauzatzen.
Zerbitzuak instituzio batean emateak ez du salbuesten begirunea, errespetua eta arreta eskaintzetik instituzioarekin berarekin gatazkaren bat duten pertsonei, eta psikologoak haien babesle gisa jokatu behar du instituzioko agintarien aurrean, hori zilegi bada.
Elkargoaren webgunearen bidez, psikologiaren zerbitzuak erabiltzen dituztenek honako hauek eskura ditzakete: elkargoko kideen erregistroa, lanbide sozietateen erregistroa, erreklamazio bideak eta errekurtsoak, jar daitezkeenak gatazkarik dagoenean lanbide zerbitzuak erabiltzen dituenaren eta lanbide elkargoko kide baten artean, kontsumitzaileen eta erabiltzaileen elkarteen edo erakundeen datuak, zerbitzu psikologikoen hartzaileek baliatzen ahal dituztenak laguntza eskatzeko, eta Kode Deontologikoaren edukia, estatutu hauen 4. artikuluko 3. atalean ezarritako moduan.
22. artikulua. Idatzizko lanak.
Agirietan eman behar diren lan profesional guztiak, hala nola txostenak, irizpenak, diagnostikoak eta antzekoak, profesionalak sinaturik egonen dira, bere elkargokide-zenbakia adierazita, eta profesionala lanaren edukiaz eta egokitasunaz arduratuko da.
V. KAPITULUA
Gobernu organoak, haien osaerari eta funtzionamenduari buruzko arauak eta haien eskumenak
23. artikulua. Ordezkaritza eta gobernu organoak.
Elkargoko ordezkaritza, gobernu eta administrazio organoak ondokoak izanen dira:
a) Batzar Nagusia.
b) Gobernu Batzordea.
Batzar Nagusia elkargoa kontrolatzeko organo nagusia da, eta elkargoko kideek osaturik dago, estatutu hauetan aurreikusten den moduan.
Gobernu Batzordea elkargoaren organo betearazlea da eta elkargoa ordezkatzen du.
24. artikulua. Batzar Nagusia. Bilkuren araubidea.
Batzar Nagusia bilkura arruntean edo berezian bil daiteke, dekanoak deialdia egin ondoren.
Bilkura arruntean, urtean behin bederen bilduko da gutxienez. Bilkura bereziak Gobernu Batzordearen ekimenez eginen dira, edo elkargoko kideen %10ek eskatuta dekanoari. Eskari horretan, aztertuko diren gaiak zehaztuko dira.
25. artikulua. Batzar Nagusia. Deialdiak.
Batzar Nagusiaren bilkura arrunten deialdia hilabete bat lehenago eginen da, idatziz jakinaraziz elkargoko kideei. Jakinarazpen horretan adieraziko da non eginen den bilkura eta zer ordutan izanen diren lehenbiziko eta bigarren deialdia, baita zein izanen den gai zerrenda ere.
Gobernu Batzordeak zehaztuko du gai zerrenda, eta elkargoko iragarki oholean paratuko. Elkargoaren web orrian egonen da ikusgai hilabete bat lehenago gutxienez.
Batzar Nagusiaren eraketak balioa izanen du lehenbiziko deialdian elkargoko kideen erdiak bildurik badaude, eta, bigarren deialdian, edozein delarik ere bildutako elkargoko kideen kopurua.
Lehenbiziko deialditik bigarren deialdira 30 minutu iraganen dira gutxienez. Ezin izanen da eztabaidatu edo erabaki eguneko gai zerrendan sartua ez dagoen deus, salbu eta elkargoko kide guztiak bildurik badaude, gaia presazko deklaratzen bada gehiengo soilaz horren aldeko botoa emanda.
26. artikulua. Koordinazioa, aktak, erabakiak.
Dekanoa izanen da Batzar Nagusiaren bilkuretan buru, Batzar Nagusiko gainerako kideek lagunduta. Dekanoa bilkuren koordinatzailea eta moderatzailea izanen da, hitza eman edo kenduko du, eta eztabaidak eta bozketak antolatuko.
Gobernu Batzordeko idazkaria arituko da idazkari lanetan, eta bilkuraren akta eginen du, dekanoak ikus-onetsita.
Erabakiak botoen gehiengo soilez hartuko dira. Nolanahi ere, bi herenen gehiengoa eskatuko da indarreko aurrekontuan aurreikusita ez dauden prestazio ekonomiko bereziak onesteko, Gobernu Batzordearen kontrako zentsura bozkatzeko, estatutu hauek aldatzeko eta izendapenak egiteko.
27. artikulua. Elkargoko kideen parte-hartzea Batzar Nagusian.
Elkargoko kideek zuzenean parte hartuko dute Batzar Nagusian. Botorako eskubidea baliatuko dute gai zerrendako puntu bakoitzean, bidezkotzat jotzen dituzten iradokizunak eta ideiak erantsiko dituzte sortzen diren eztabaidetan, eta botoa eskuordetuko dute legez ezarritako moduan.
28. artikulua. Eskumenak.
Batzar Nagusiaren eskumenak:
a) Dagokionean, aurreko bilkurako akta onartzea.
b) Azken ekitaldiko balantze ekonomikoa eta hurrengo ekitaldiko aurrekontua ezagutu, eztabaidatu eta onestea, kasua bada, baita aurreko urteari dagokion Gobernu Batzordearen memoria ere.
Memoriaz bezainbatean, haren helburua izanen da elkargoak kudeaketaren gardentasunaren printzipioa betetzea. Horretarako, eduki hau izan beharko du, gutxienez:
–Kudeaketa ekonomikoari buruzko urteroko txostena, barnean dituela langileriaren gastuak, behar bezain xehakaturik.
–Elkargoei aplika dakizkiekeen kuoten zenbatekoa, kontzeptuaren eta emandako zerbitzu motaren arabera xehakatuak.
–Informazio agregatua eta estatistikak instrukzio fasean dauden edo irmo bihurtu diren informazio eta zehapen prozedurei buruz, zer arau-hausteri buruzkoak diren, haien tramitazioa eta ezarri zaien zehapena adierazita, eta betiere, datu pertsonalak babesteko legeriarekin bat.
–Gehitutako informazioa eta estatistika arlokoa, erabiltzaileek aurkeztutako kexa eta erreklamazioei buruzkoa, baita haien tramitazioari buruzkoa ere eta, zein den kasua, kexa edo erreklamazioa onetsi edo ezesteko arrazoiei buruzkoa; betiere, datu pertsonalak babesteko legeriarekin bat.
–Kode deontologikoaren edukian izandako aldaketak.
Urteko memoria web orrian argitaratu beharko da, urteko lehen seihilekoan.
Aurreko atalean adierazitakoa betetzeko, eta Lanbide Elkargoei buruzko otsailaren 13ko 2/1974 Legearen 11. artikuluan xedatutakoarekin bat, urteko memoria prestatzeko behar den informazioa bidali beharko du Elkargoak Psikologiaren Kontseilu Orokorrera.
c) Arau orokorrak onestea, elkargoko eskumenen arloan kontuan hartu beharrekoak.
d) Estatutu hauen aldaketa onestea, gero administrazioan tramitatu daitezen.
e) Elkargoaren ondasunen inbertsioei buruz erabakitzea.
f) Lanbidearen Kode Deontologikoa onestea.
g) Prestazio berezien sorrarazpena onestea.
h) Gobernu Batzordearen aurkako zentsura-mozioak onestea.
i) Eztabaidatzea eta erabakitzea Gobernu Batzordeak beraren menpe jarri edo estatutu hauek esleitzen dizkioten gai guztien inguruan.
j) Estatutu hauek interpretatzea.
k) Atal profesionalak sortzea eta haien erregelamendu orokorra onestea, Gobernu Batzordeak txostena egin ondoren.
l) Hauteskundeetarako Erregelamendua onestea, estatutu hauetan aurreikusten ez den orotan, baita elkargoaren eta elkargoko kideen funtzionamendua eta araubide juridikoa ukitzen dituzten erregelamenduzko arau guztiak ere.
m) Gobernu Batzordeak batzorde deontologikoaren osaerarekin lotura duten izendapen edo kargu-uzteei buruz aurkezten dituen proposamenak onestea, eta gutxienez agintaldi bakoitzaren hasieran eginen da. Halaber, batzorde horren erregelamendua onetsi behar du.
n) Gobernu Batzordearen erabakiaren kontra ezarritako errekurtso arruntak ebaztea, estatutu hauen 56. artikuluan aurreikusitakoarekin bat. Ulertzen da Batzar Nagusiaren eskumenek ez dituztela ukatzen Espainiako Psikologoen Elkargo Ofizialen Kontseilu Nagusiak unean-unean esleiturik dituenak (ministerioak izen berri batekin onesteko dago: Psikologiaren Kontseilu Nagusia).
29. artikulua. Gobernu Batzordearen osaera.
Gobernu Batzordea ondokoek osatuko dute:
a) Dekanoa-gobernuburua.
b) Dekano-ordea.
c) Idazkaria.
d) Diruzaina.
e) Gutxienez 6 batzordekide, eta gehienez 12.
Gobernu Batzordeko kideak estatutu hauetan ezarritako prozeduraren bidez hautatuko dituzte, lau urteko agintaldirako. Berriz izan daitezke hautatuak. Arrazoia edozein dela eta, Gobernu Batzordeko kideen heren batek baino gehiago kargua uzten badu, hutsik dauden karguak hautaketa bidez beteko dira agintaldian gelditzen den eperako bakarrik, betiere hori urte batetik gorakoa bada.
Honako honengatik uzten da Gobernu Batzordea:
1. Heriotza.
2. Karguaren epea bukatzea.
3. Karguan aritzea eragozten duen eritasuna.
4. Uko egitea.
5. Bizitokiz aldatzea elkargoaren lurralde eremutik kanpo.
6. Batzar Nagusiak zentsura-mozioa onestea.
7. Zehapen ebazpen irmoa eman izana zehapen espediente batean.
8. Elkargoa uztea.
9. Gobernu Batzordeko bilkuretara ez joatea, horretarako arrazoirik ez dagoenean, bi bilkuratan ondoz ondo, edo hirutan, ondoz ondo ez bada, hamabi hilabeteko epean.
30. artikulua. Gobernu Batzordeko karguen eginkizunak.
Dekanoari dagokio elkargoaren ordezkaritza bere eskubide eta eskudantzia guztiekin lege, erregelamendu eta elkargoko arauen ondorioz, baita deialdiak egitea, moderatzaile izatea, aktak sinatzea eta ezartzen diren batzordeak koordinatzea ere.
Dekano-ordeak dekanoa ordeztuko du kargua hutsik dagoenean edo hura kanpoan nahiz eri dagoenean, eta dekanoak esleitzen dizkion eginkizun guztiak beteko ditu.
Idazkariak eginkizun hauek izanen ditu:
1. Aktak idaztea eta fede ematea Batzar Nagusiaren eta Gobernu Batzordearen bilkura arruntetan eta berezietan.
2. Elkargoaren agiriak eta elkargokideen espedienteak zaintzea.
3. Ziurtagiriak ematea ofizioz edo interesdunak eskatuta, dekanoaren ikus-onespenarekin.
4. Komunikazioak eta agiriak luzatu eta tramitatzea, eta horren berri ematea Gobernu Batzordeari eta eskumena duen organoari.
5. Elkargoaren eginkizunak betetzeko behar diren administrazioaren eta zerbitzuen langileen buru izatea, eta administrazio zerbitzuak antolatzea.
6. Urteko kudeaketaren memoria prestatzea, 29 b) artikuluan ezarritakoarekin bat, Batzar Nagusian onesteko.
7. Dekanoari laguntzea haren eginkizunetan eta orientazioa ematea hartu behar diren ekimen tekniko eta sozioprofesional guztiei buruz.
8. Idazkari karguari dagozkion gainerako eginkizunak. Idazkariaren kargua hutsik badago, edo hura kanpoan edo eri badago, Gobernu Batzordeak bere kide bat hautatuko du idazkaria ordezteko eta Gobernu Batzordeak esleitzen dizkion eginkizun guztiak betetzeko, betiere karguarekin lotura badute.
Diruzainak bere kudeaketa islatuko du ohiko liburuetan, behar bezala legeztaturik eta itzulirik, eta funtsak zaintzeko ardura hartuko du bere gain.
Batzordekideek eginkizun hauek izanen dituzte:
a) Batzar Nagusiak, Gobernu Batzordeak edo dekanoak esleitzen dizkieten eginkizunak egitea.
b) Elkarlanean aritzea Gobernu Batzordeko gainerako karguen titularrekin eta horiek ordeztea kargua hutsik dagoenean edo haiek kanpoan daudenean, Estatutuetan aurreikusitakoarekin bat.
31. artikulua. Gobernu Batzordea. Bilkurak eta deialdiak.
Gobernu Batzordea dekanoak dei egiten duen guztietan bilduko da, bere ekimenez edo hura osatzen duten kideen heren batek gutxienez eskatuta. Edonola ere, gutxienez ere urtean lau aldiz bilduko da.
Deialdiak idatziz jakinaraziko zaizkie kide guztiei, gutxienez 15 egun lehenago, eta gai zerrenda adieraziko.
Gobernu Batzordearen eraketa balioa izateko, bertan bere kideen bi herenak egonen dira lehenbiziko deialdian, eta bigarren deialdian, berriz, bere kide erdiak gehi bat. Bi deialdien artean, hogeita hamar minutu bederen utzi beharko dira.
Ezin eztabaidatu edo erabakiko da eguneko gai-zerrendan sartua ez dagoen deus, salbu, Gobernu Batzordeko kide guztiak bildurik daudela, gaia presazko deklaratzen bada gehiengoak horren aldeko botoa emanda. Idazkariak bilkuren akta eginen du, dekanoaren ikus-onespenarekin.
32. artikulua. Gobernu Batzordearen eskumenak.
Honako hauek dira Gobernu Batzordearen eskumenak:
a) Elkargoaren ordezkari izatea.
b) Batzar Nagusiaren erabakiak betearaztea.
c) Elkargoaren kudeaketa eta administrazioa zuzentzea bere helburuak betetzeko.
d) Modu ofizialean eta jendaurrean adieraztea elkargoaren iritzia, interes profesionaleko gaietan.
e) Interesen profesionalen ordezkari izatea botere publikoetatik hurbil, lanbidearen izen ona zaintzea eta haren eskubideak aldeztea.
f) Azterlanak, txostenak eta irizpenak aurkeztea, halakorik eskatzen zaionean, aholku emateko Estatuko organoei eta beste edozein entitateri, publikoa nahiz pribatua izan. Ondorio horietarako, Gobernu Batzordeak lan batzordeak izendatzen ahal ditu, edo bidezkotzat jotzen dituen elkargoko kideak, halako azterlanak edo txostenak prestatzeko.
g) Elkargoaren ordezkariak izendatzea erakunde, batzorde, topaketa eta kongresuetan, beharrezkoa denean.
h) Erabakiak hartzea ekintzak bideratzeari eta errekurtso administratiboak eta jurisdikzionalak jartzeari dagokienez.
i) Interes orokorreko edozein gai Batzar Nagusiaren menpe uztea, horrek horretaz eztabaidatu eta erabaki dezan.
j) Erregelamenduzko araudia proposatzea elkargoan sartzeko, baja hartzeko eta kuotak eta beste ekarpen batzuk ordaintzeko prozedurari buruz, ukatu gabe horiek Batzar Nagusiak onestea, 29 l) artikuluan xedatuarekin bat, eta estatutu hauetan ezarritakoaren arabera dagozkion diziplina ahalmenak erabiltzea.
k) Kulturaren, lanbidearen, laguntzaren eta aurreikuspenaren arloko jarduerak eta zerbitzuak antolatzea elkargoko kideen onurarako.
l) Ezarritako kuotak eta ekarpenak biltzea, urteroko aurrekontua eta balantzea prestatzea, aurrekontua gauzatzea, eta elkargoaren zerbitzu orokorren funtzionamendua antolatu eta zuzentzea.
m) Elkargoko kideei Elkargoko jardueren eta erabakien berri ematea, eta kudeaketari buruzko urteroko memoria prestatzea.
n) Batzordearen beraren funtzionamendurako barne araubidearen erregelamenduak onestea, baita haien aldaketak ere.
ñ) Txostenak egitea atalen osaeraz.
o) Batzar Nagusiari proposatzea, horrek onets ditzan, Batzorde Deontologikoa osatzen duten kideen izendapenak edo kargu-uzteak.
33. artikulua. Gobernu Batzordearen eskumen eskuordeezinak.
Honako hauek dira Gobernu Batzordearen eskumen eskuordeezinak:
a) Elkargoan sartzea ukatzearen kontrako errekurtsoak ebaztea.
b) Psikologiaren Elkargo Ofizialeko organoen egintzen edo erabakien kontrako errekurtsoak ebaztea, bidezko denean.
c) Atalen erregelamendu partikularrak onestea, baita haien aldaketak ere, Zuzendaritza Batzordeak proposatuta.
d) Batzar Nagusiaren bilkura berezien deialdia erabakitzea.
e) Gobernu Batzordeko karguak hautatzeko deialdia egitea, bidezko denean.
f) Arau-hauste oso larriengatik ezartzen diren zehapenak erabakitzea.
34. artikulua. Batzorde iraunkorra.
Gobernu Batzordeak batzorde iraunkor gisa jardun dezake. Gutxienez, dekanoak, dekano-ordeak, idazkariak eta diruzainak osatuko dute batzorde iraunkorra. Gobernu Batzordeak, osoko bilkuran, esleitzen dizkion eginkizunak hartuko ditu bere gain Batzorde iraunkorrak, eskuordeezinak direnak izan ezik.
35. artikulua. Aholkularitzako batzordeak, lan batzordeak, Batzorde Deontologikoa eta atal profesionalak eratzea.
Gobernu Batzordeak aholkularitzako batzordeak eta lan batzordeak era ditzake, bai eta bilerak egin beste elkargo batzuetako ordezkariekin. Nolanahi ere, Batzorde Deontologiko bat eratuko da, txosten lotesleak prestatuko dituena egintza profesionalen diziplina sailkapenaren gainean, bere balorazioaren menpean jartzen direnean arrazoi deontologiko eta aholkularitzakoak direla eta, deontologiari eta lanbideari buruzko araudiarekin ikusteko duten gaietan.
Batzar Nagusiak horretarako ezartzen duen erregulazio orokorrari jarraituz eratzen diren atal profesionalek beren erregelamendua izanen dute, bermatuko duena ordezkaritza organoak demokratikoki hautatzen direla, eta Gobernu Batzordeak onetsi beharko du, indarra izan dezan.
VI. KAPITULUA
Elkargoko kideek parte hartzea gobernu-organoetan
eta hauteskunde araubidea
36. artikulua. Elkargoko kideen eskubidea karguen hautaketan parte hartzeko.
Elkargoko kideek, halako izaerari eusten badiote hauteskundeak egin baino 25 egun lehenagora arte, eskubidea izanen dute hautesle gisa jarduteko, zer Gobernu Batzorderi dauden atxikirik, horretako kideak hautatzean. Hautatua izateko, hauteskundeen deialdiaren egunean elkargoko kide izan behar da.
Hautesle izateko eskubidea ezin dute baliatu hauteskundeak egin baino 25 egun lehenagora arte elkargoaren eskubideak etetea dakarren zehapena dutenek.
Hautatua izateko eskubidea ezin dute baliatu hauteskundearen deialdiaren egunean elkargoaren eskubideak etetea dakarren zehapena dutenek.
37. artikulua. Hauteskundeen deialdia egiteko epea.
Lau urtean behin, Gobernu Batzordeak hauteskunde arrunten deialdia eginen du Gobernu Batzordeko kargu guztiak betetzeko.
Hauteskundeen deialdia, gutxienez, haiek egin baino hiru hilabete lehenago eginen da, eta hauteskundeetarako egutegia eta bozketaren, boto-zenbaketaren eta aldarrikapenaren prozedura zehaztuko dira, bai eta zer errekurtso den bidezkoa ere.
Hauteskundeen deialdia egiten denetik aurrera, Batzorde Deontologiko kideek Hauteskunde Batzordea eratuko dute. Horrek begiratu du hauteskunde prozesu osoa egoki egiten dela eta horretan sor daitezkeen gorabehera guztiak ebatziko ditu.
Hauteskunde bereziak egin behar direnean estatutu hauen 27. artikuluan aurreikusitako kasuengatik, edo hala eskatzen duen beste edozein gertaerarengatik, hauteskundeen deialdia aurreko paragrafoan aurreikusitako epean eginen da, honetan ezarritako arauei jarraituz.
38. artikulua. Hautagaitzak aurkeztea eta baliozkotasunez aurkeztutakoak aldarrikatzea.
Hautagaitzak osoak eta itxiak aurkeztuko dira, kargu bakoitzerako nor aurkeztuko den adierazita, deialdia egin eta ondoko bi hilabetean, Hauteskunde Batzordeari zuzendutako idazki baten bidez, eta elkargoko kide guztien %10en sinaduren bidez egonen dira abalaturik.
Hauteskundeak egin baino 25 egunera bitarte baliozkotasunez aurkeztutako hautagaitzak aldarrikatuko ditu Hauteskunde Batzordeak, jakinarazpena eginez elkargoko kide diren psikologo guztiei. Hauteskunde Batzordeak erraztasunak emanen dizkie hautagaitzei, elkargoak dauzkan baliabideen arabera, propaganda egiteko, berdintasun baldintzetan.
Hautagaitzen aldarrikapenaren kontra, erreklamazioa aurkez dezake Elkargoko edozein kidek Hauteskunde Batzordeari zuzenduta, hiru eguneko epean, eta beste hiru egunean ebatzi beharko du Hauteskunde Batzordeko batzorde iraunkorrak.
Hautagaitza bakarra egonez gero, hura bozketarik egin gabe aldarrikatuko da, hauteskunderako finkatu den egunean.
39. artikulua. Hauteskunde mahaiak.
Bozketa egin baino lehen, hauteskunde mahaia eratuko da, elkargoaren egoitza ofizialean. Hauteskunde Batzordeak erabaki dezake hauteskunde mahaiak beste herri batzuetan eratzea, hala gomendagarria denean.
Mahaiak buru bat, idazkari bat eta bi mahaikide izanen ditu, zozketa bidez izendatuak. Hautagaiak ezin dira mahaiko kideak izan. Hauteskunde mahaia osatzen dutenak zozketa bidez hautatuko dira Nafarroako Psikologiaren Elkargo Ofizialeko kideen artean.
Hautagaitza bakoitzak pertsona bat izenda dezake hautesleen zerrendatik mahaian arterkari lanetan aritzeko, bozketa hasi baino 24 ordu lehenago.
40. artikulua. Bozketa.
Elkargoko kideek bere boto eskubidea erabiliko dute elkargoak baimendutako boto-paper ofizialen bidez.
Bizilekuaren arabera dagokien mahaian emanen dute botoa, lanbide elkargoaren txartelaren bidez edo nortasunaren agiri nazionalaren bidez bere burua identifikatuz eta botoa hautestontzi prezintatuan sartuz. Mahaiko idazkariak zerrenda batean apuntatuko du elkargoko zein kidek eman duen botoa.
41. artikulua. Posta bidezko botoa.
Halaber, posta bidez eman daiteke botoa, hauteskunde mahaiko buruari boto-papera igorriz gutun-azal itxi batean beste baten barrenean, lanbide elkargoaren txartelaren edo nortasun agiri nazionalaren fotokopiarekin batera.
42. artikulua. Bozketaren eta boto-kontaketaren aktak.
Mahaiko idazkari bakoitzak bozketaren eta gorabeheren akta eginen du, eta mahaiko kide bakoitzak eta artekariek, halakorik balego, sinatuko dute. Horiek eskubidea izanen dute beren kexak jasota geldi daitezen.
Hauteskunde mahaiak egiaztatuko du bozketa egunera arte posta bidez igorritako botoak dagozkiela mahaian botoa eman ez duten elkargoko kideei. Ondoren, gutun-azalak irekiko dira, eta boto-paperak hautestontzian sartuko. Gero, kontatuko dira.
Bozketa bururatuta, botoak kontatuko dira, jendaurrean, eta aktan emaitza jasoko da.
Hogeita lau orduko epean, idazkariak Hauteskunde Batzordeari igorriko dizkio boto-aktak eta boto-emaileen zerrendak. Hauteskunde Batzordeak behin betiko ebazpena emanen du artekarien erreklamazioen eta gainerako gorabeheren gainean.
43. artikulua. Botoak kontatzeko sistema.
Honako hau izanen da botoak kontatzeko sistema:
a) Hautagaitza osoek eskuratutako botoak kontatuko dira.
b) Boto gehien eskuratu duen zerrenda izanen da hautatua. Berdinketa gertatzen bada, bozketa errepikatuko da. Baliogabeak izanen dira ezabatuta edo zuzenduta dauden boto-paperak, edo nahasmendura eraman dezakeen beste edozein aldaketa dutenak. Boto-paper bat baino gehiago dituzten posta bidezko botoak ere baliogabeak izanen dira.
44. artikulua. Hautatutako hautagaitzaren aldarrikapena.
Hauteskunde batzordeak hautatutako hautagaitza aldarrikatuko du, eta elkargoko kide guztiei jakinaraziko, baita Nafarroako Gobernuko Lehendakaritza eta Barne Departamentura ere.
Aldarrikapena egin eta hilabete batean, gehienez ere, jabetuko da hautatutako Gobernu Batzordea karguaz.
45. artikulua. Hauteskundeak baliogabetzea.
Suertatutako gorabeherak edo egindako kexak ikusita, Hauteskunde Batzordeak erabakitzen duenean mahai batean edo batzuetan hauteskundea baliogabetzea, bidezkoa izanen da hura berriz egitea bi hilabeteko epean, gehienez, eta azken emaitzen aldarrikapena ordura arte geroratuko da.
46. artikulua. Hauteskundeen inguruko errekurtsoak.
Hauteskundeei dagokienez Hauteskunde Batzordeak hartzen dituen ebazpenen kontra, elkargoko edozein kidek jar dezake errekurtso bat, Batzar Nagusiari zuzendua, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legean aurreikusitakoaren moduan.
Kontseilu Nagusia dagoenean, aurreko paragrafoan aurreikusten den errekurtsoa hari zuzenduta jarriko da. Errekurtsoaren ebazpenaren kontra, libre geldituko da administrazioarekiko auzibidea.
VII. KAPITULUA
Araubide ekonomikoa eta administratiboa
47. artikulua. Elkargoaren baliabide ekonomikoak eta ondarea.
Elkargoak beharrezko baliabideak izan beharko ditu bere helburuak betetzeko, eta elkargoko kideak behartuta daude horretan laguntzera erregelamenduzko moduan.
48. artikulua. Elkargoaren baliabide ekonomikoen jatorria.
Honako hauek dira elkargoaren baliabide ekonomikoak:
a) Elkargoan sartzeko kuotak.
b) Kuota arruntak.
c) Batzar Nagusiak onesten dituen kuota bereziak.
d) Ziurtagiri ofizialak, arbitrajeak, irizpenak, txostenak eta gainerako zerbitzu orokorrak egiteagatik jaso daitezkeen ordainketak.
e) Administrazioaren, entitateen, elkargoko kideen eta beste partikular batzuen partetik jaso daitezkeen diru-laguntzak, legatuak eta dohaintzak.
f) Bere ondasunen edo eskubideen etekinak.
49. artikulua. Baliabideak biltzea.
Baliabide ekonomikoak biltzea Gobernu Batzordeari dagokio.
50. artikulua. Urteroko aurrekontua.
Aurrekontua urtero eginen da, urte naturaletarako eta eraginkortasunaren eta ekonomiaren printzipioekin bat. Elkargoko diru-sarrera eta gastu guztiak ekarriko ditu. Era berean, urtero eginen da ekitaldiaren balantzea.
Nafarroako Psikologiaren Elkargo Ofizialak solidarioki lagunduko du Espainiako Psikologoen Elkargo Ofizialen Kontseilu Nagusiaren sostengu ekonomikoan (ministerioak izen berri batekin onesteko dago: Psikologiaren Kontseilu Nagusia).
51. artikulua. Urteko aurrekontua gauzatzea.
Gobernu Batzordeari dagokio aurrekontua gauzatzea eta elkargoaren zerbitzuak zuzentzea.
52. artikulua. Elkargoa desegitea.
Elkargoa deseginez gero, Gobernu Batzordea batzorde likidatzaile izanen da eta, betebeharrak likidatutakoan, soberako ondasunak zertan erabili proposatuko dio Batzar Nagusiari; ondasun horiek psikologiari lotutako eginkizunak betetzen dituen eta interes sozialekoa den irabazi asmorik gabeko edozein entitateri esleituko zaizkio.
53. artikulua. Eskumenen ukaezintasuna. Eskumenak eskuordetzea eta bereganatzea.
Elkargoko organoen eskumenak ukaezinak dira eta, nork dituen esleiturik, horrexek erabiliko ditu, ukatu gabe eskumenak eskuordezteko edo bereganatzeko kasuak, estatutu hauetan eta Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legean aurreikusten direnak.
54. artikulua. Erabakien publizitatea.
Elkargoaren erabakiak eta arauak argitaratu beharko dira, dela elkargoaren edo kontseilu nagusiaren bidezko informazio organoan sartuz, dela zirkular baten bidez, elkargoko kide guztiak jakinaren gainean egon daitezen.
Interesdunei banan-banan jakinaraziko zaizkie haien eskubideak eta interesak ukitzen dituzten erabakiak.
55. artikulua. Aktak artxibatzea.
Beharrezko sistema teknikoen bidez artxibatu eta gordeko dira elkargoko organoen aktak eta kontularitzako dokumentazioa, benetakotasuna behar bezala bermatzen bada.
56. artikulua. Legeen menpe egotea eta elkargoaren egintzen estatutuak.
Elkargoaren egintza guztiak daude, estatutu hauetan berariaz aurreikusten ez den orotan, legezko eta erregelamenduzko arau aplikagarrien menpe, eta, beren izaeraren arabera, administrazioaren arloko arau orokorren menpe, edo zibilen menpe, kasu bada, eta, hortaz, kasuan kasuko jurisdikzioan errekurritzen ahal dira.
Jakinarazpenak hamar eguneko epean egin behar dira, egintza egin den egunetik aurrera. Ebazpenaren testu osoa ekarriko dute, eta adieraziko behin betikoa den edo ez den bide administratiboan, zer errekurtso den bidezko, zer organori zuzendu behar zaion eta zer epe dagoen haiek jartzeko, ukatu gabe interesdunek baliatzen ahal dutela, kasua bada, bidezkotzat jotzen duten beste edozein.
57. artikulua. Elkargoko organoen egintzen deuseztasuna eta deuseztagarritasuna.
Elkargoa zuzenbide publikoko entitate gisa aritzen denean, elkargoko organoen ondoko egintza hauek izanen dira deusezak eskubide osoz:
a) Konstituzioak babes ditzakeen eskubide eta askatasunenei kalte egiten dietenak.
b) Gaia edo lurralde-eremua dela eta, nabarmen eskumenik ez duen organoak emandako aginduak.
c) Ezinezko edukia dutenak.
d) Arau-hauste penala dakartenak edo arau-hauste penalaren ondorioz erabakitzen direnak.
e) Legez ezarritako prozedura edo Elkargoko organoen borondatea eratzeko funtsezko arauak biltzen dituzten arauak alde batera uzten dituztenak.
f) Ahalmenak edo eskubideak lortzeko behar diren oinarrizko baldintzak betetzen ez direnean, ahalmen edo eskubide horiek lortzea ahalbidetzen duten antolamendu juridikoaren kontrako berariazko edo ustezko egintzak.
g) Legezko xedapen batean berariaz azaltzen den beste edozein egintza. Egintzak deuseztatzen ahalko dira, baldin eta antolamendu juridikoa nola edo hala urratzen badute, boterearen desbideratzea ere barne dela.
58. artikulua. Egintza deusezen berrikuspena.
Dekanoak, funtzio publikoak betetzean egindako egintza deuseza edo deuseztagarria badela jakiten duenean, egintza deusezak eta deuseztagarriak berrikusteko edo egintza administratiboak errebokatzeko ezarritako legezko xedapenei jarraituz jokatuko du.
Ofizioz berrikusteko prozedura hasita, dekanoak egintza baten exekuzioa etentzat deklara dezake.
59. artikulua. Elkargoko organoen egintzen aurkako errekurtsoak.
Errekurtsoaren araubidea, elkargoak eginkizun publikoak betetzen dituen heinean, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legeari dago lotuta.
Eskuordetutako Zuzendaritza Batzordeen egintzak eta erabakiak Gobernu Batzordean errekurritzen ahal dira.
Gobernu Batzordearen egintzek eta erabakiek bide administratiboa amaitzen ez dutenean eta tramite egintzek prozedura batek aurrera egitea galarazten dutenean edo babesgabetasun sortzen dutenean, haien kontra interesdunek jar dezakete errekurtsoa Espainiako Psikologoen Elkargo Ofizialen Kontseilu Nagusiari zuzendua (ministerioak izen berri batekin onesteko dago: Psikologiaren Kontseilu Nagusia).
Ohiz kanpo, berrikusteko errekurtsoa jar daiteke elkargoko organoen egintzen aurka, horiek bide administratiboa amaitzen dutenean, eta Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legean xedatutakoari jarraituz tramitatuko da.
Halaber, interesdunak eska dezake errekurritutako egintzak eteteko, eta hala erabaki daiteke, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legeak aurreikusi bezala.
VIII. KAPITULUA
Zehapen araubidea eta sairen araubidea
60. artikulua. Elkargoaren diziplina onartzea.
Elkargoan kidetzean, elkargoko kideek elkargoaren diziplina araubidea onartzen dute. Horrek eskumenak biltzen ditu, soilik, orokorrean ezartzen diren elkargoaren betebeharren eta lanbide deontologiaren arau-hausteak prebenitu eta zuzentzeko.
61. artikulua. Hutsegiteen sailkapena.
Hutsegiteak arinak, larriak eta oso larriak izan daitezke.
Hutsegite arinak:
a) Elkargoak lanbide dokumentazioari buruz ezarritako arauak ez betetzea.
b) Elkargoak txostenak eta bestelako agiriak prestatzeko egiten dituen errekerimenduei kasurik ez egitea.
c) Errespetu falta kideekiko, ez bazaie irain larririk egiten.
d) Zabarkeria estatutuko arauak betetzean.
Hona hemen hutsegite larriak:
a) Urte bateko epean, hiru zehapen edo gehiago jasotzea hutsegite arinagatik.
b) Arau deontologiko orokorrak ez betetzea.
c) Kideei egiten diren irain larriak.
d) Moralaren, duintasunaren edo lanbidearen izen onaren kontra egindakoak eta egin gabeak.
e) Lanbide-isilpekotasuna larri haustea, hirugarren bati kalte eginez.
f) Egia esaten ez duten txostenak edo ziurtagiriak egitea.
g) Kideen kontra bidegabeko lehia ekartzen duten egintzak.
h) Elkargoko organoetan hautetsiei dagozkien betebeharrak ez betetzea.
i) Psikologoaren Kode Deontologikoko arau deontologikoak haustea.
j) Estatutu hauen 18. artikuluan lehiaren defentsaz xedatua haustea.
k) Lanbide publizitatearen arloan indarra duten lege mailako arauak ez betetzea, osasun publizitateari buruzkoak barne.
Hutsegite oso larriak dira:
a) Hutsegite larri bat errepikatzea, zuzendu eta ondoko urtean.
b) Lanbidearen arloan dolozko delitu izan daitekeen jokaeraren bat izatea.
c) Lanbidean ari dela pertsonen duintasunaren aurka jokatzea.
62. artikulua. Zehapenak, preskripzioa.
Hutsegite arinak idatzizko ohartarazpen batekin zehatuko dira, eta hori jasota geldituko da elkargoko kidearen espedientean.
Hutsegite larriak lanbide jarduna etenez zehatuko dira, edo, kasua bada, arau-hauslearen agintaldia urte bat bitarte etenen da.
Hutsegite oso larriak lanbide jarduna urte batetik gora etenez edo elkargotik egotziz zehatuko dira.
Hutsegite oso larriak hiru urteren buruan preskribatuko dira, larriak bi urteren buruan eta arinak sei hilabeteren buruan. Hutsegite oso larriengatik ezarritako zehapenak hiru urteren buruan preskribituko dira, hutsegite larriengatik ezarritako zehapenak bi urteren buruan eta hutsegite arinengatik ezarritakoak urte baten buruan.
Edonola ere, elkargoak diziplina ahalmena elkargoko kideekin baliatzea ezin da erabili horiek lehia askean aritzea eragozteko.
63. artikulua. Zehapenak ezartzea eta Kode Deontologikoaren eskumenak.
Elkargoko kideei zehapenak ezartzea Gobernu Batzordeari dagokio, espedientea instruitu ondoren. Horretan, kasu guztietan, entzutea emanen zaio interesdunari, eta, halaber, prozedura horiek tramitatzeko legezko nahiz erregelamenduzko xedapenetan ezarritako printzipioak beteko dira.
Gobernu Batzordeak ustezko hutsegiteen berri emanen dio Batzorde Deontologikoari, horien edukia lanbide egintzen diziplina sailkapenari buruzkoa denean. Batzorde Deontologikoak beharrezko espedientea instruituko du, eta instruktorea izendatuko. Gertaeren edukia baloratuko da, zehapen prozedurak arautzen dituzten legezko edo erregelamenduzko xedapenak betez, eta, bukaeran, irizpena emanen da, Gobernu Batzordeak ebazpena eman dezan.
Zehapenak ezartzearen kontra, errekurtsoa jar daiteke estatutu hauetan eta aplikatu beharreko legeetan aurreikusitako moduan, ukatu gabe interesdunak bidezkotzat jotzen dituen beste batzuk.
64. artikulua. Baja kuotak ez ordaintzeagatik.
Ez da elkargoko kidearen baja espedientea instruitu beharrik estatutu hauen 8. artikuluko b) eta c) paragrafoetako arrazoiengatik.
65. artikulua. Elkargoko gobernu organoetako bilkuretara ez joatea.
Gobernu Batzordeko kideak edo Eskuordetutako Zuzendaritza Batzordeetako kideak joaten ez badira justifikaziorik gabe kasuan kasuko organoaren bi bilkuratara ondoz ondo, edo hiru bilkuratara ondoz ondo izan gabe hamabi hilabeteko epean, kargugabetzen ahal dira Gobernu Batzordeak edo kasuan kasuko Zuzendaritza Batzordeak, bere eskumenen esparruan, hala erabakita, eta ez da aldez aurreko espedientea osatu beharrik.
66. artikulua. Sariak eta goresmen sariak.
Gobernu Batzordeak erregelamenduz ezartzen diren sariak eta goresmen sariak eman diezaieke beren aparteko zerbitzu profesionalengatik nabarmendu direnei, dela jardun etengabe batengatik, dela banakako egintzengatik, horren garrantzia zientifikoa, profesionala, soziala edo humanoa izan.
Xedapen gehigarri bakarra.–Estatutuetako aldaketa.
Nafarroako elkargoko Batzar Nagusiak zilegi du Nafarroako Gobernuko Lehendakaritza eta Barne Departamentuari, bere titularraren bidez, eskatzea estatutu hauetako aldaketa onesteko, Gobernu Batzordearen ekimenez edo elkargoko kideen %10etik gorakoen ekimenez. Akordioak, balioa izan dezan, emandako botoen bi herenak izan behar ditu bere alde, 24. artikuluko azken paragrafoan aurreikusitakoarekin bat.
Azken xedapen bakarra.–Arauak emateko gaitasuna.
Gobernu Batzordeari ahalmena ematen zaio hauteskundeei buruzko araudia gara dezan, VI. kapituluan aurreikusitakoa, Batzar Nagusiari aurkezteko, 26. artikuluko m) paragrafoan aurreikusitakoaren arabera.
Iragarkiaren kodea: F1514849
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
