1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK
482/2015 EBAZPENA, azaroaren 24koa, Landa Garapeneko, Nekazaritzako eta Abeltzaintzako zuzendari nagusiak emana, Landa Garapeneko zuzendari nagusiaren uztailaren 29ko 539/2015 Ebazpena aldatzen duena, ordainketa eskaerak aurkezteko epea luzatzeko. 539/2015 Ebazpenaren bidez, “Kalitate araubideetan lehenbizikoz parte hartzea” azpineurrirako laguntzen 2015eko deialdia eta oinarri arautzaileak onetsi ziren Nafarroako 2014-2020 Landa Garapeneko Programaren barnean.
Landa Garapeneko zuzendari nagusiaren uztailaren 29ko 539/2015 Ebazpenak “Kalitate araubideetan lehenbizikoz parte hartzea” azpineurrirako laguntzen 2015eko deialdia eta oinarri arautzaileak ezartzen ditu Nafarroako 2014-2020 Landa Garapeneko Programaren barnean.
Laguntzen helburua da nekazaritzako elikagaien kalitate deiturak sustatzea, eta, bereziki, ekoizleek horrelako figuretan parte har dezaten bultzatzea, beren ekoizpenari balio erantsi bat eskaintzeko modu gisara; horri esker beren ustiategien bideragarritasuna hobetuko da, produktu horiek merkataritza bideetan lehenetsiz.
Ildo horretan, Nafarroako Foru Komunitateak tradizio handia du nekazaritzako elikagaien kalitate figurak sustatzen eta bere produkzioak defendatzen bertako produktuen berezko balioak bermatzen dituzten ziurtapen pleguen bitartez, hala produktuek dituzten berezko ezaugarriengatik, nola jatorriari egiten dizkion erreferentziengatik, hori guztia orokorrean kalitate estandar altuak dituen nekazaritzako ekoizpena sustatzeko eta balioesteko modu bat delakoan.
Horren ondorioetarako, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2013ko abenduaren 17ko 1305/2013 (EB) Erregelamenduak nekazaritzaren garapenerako laguntza arautu zuen, Landa Garapenerako Europako Nekazaritza Funtsaren (LGENF) bidezkoa, eta indarrik gabe utzi zuen Kontseiluaren 1698/2005 (EB) Erregelamendua; haren 16. artikuluan “Nekazaritzako produktuen eta elikagaien kalitate araubideak” izeneko neurria ezarri zen, eta, zehatzago, 1.a) puntuan adierazten da neurri horretarako laguntza emanen zaiela Europar Batasunaren esparruan aitorpena duten kalitate araubideetan lehenbiziko aldiz parte hartzen duten nekazariei edo nekazari elkarteei, edo baldintza berezi batzuk betetzen dituztenei.
Nafarroako 2014-2020 Landa Garapeneko Programa berandu onetsi zen, eta horrek laguntza horiek emateko epea baldintzatu du, laguntzen oinarri arautzaileen ebazpen zatiko 5. puntuan ezarritakoarekin bat. Horregatik, ordainketa eskaera aurkezteko epea luzatu behar da, diru-laguntzak emateko egunaren ostekoa izan ahal dadin.
Horrenbestez, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 22. artikuluak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz eta Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen abuztuaren 28ko 137/2015 Foru Dekretuarekin bat,
EBATZI DUT:
1.–I. eranskinaren 16. oinarria (“Ordainketa eskaera”) aldatzea, epea handitzeko. Hona testu berria:
“1. Diru-laguntzak emateko ebazpenean jasotzen diren laguntzak jaso ahal izateko, onuradunek ordainketa eskaera aurkeztu beharko dute 2015eko abenduaren 24a baino lehen. Horretarako, Nafarroako Gobernuaren Interneteko atarian, izapideen katalogoan, eskura dagoen eredua erabili beharko dute, eta, horrekin batera, jatorrizko fakturak eta/edo froga balioa duten bestelako agiriak eta ordainketaren egiaztagiriak aurkeztu beharko dituzte”.
2.–Aldaketa hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
Iruñean, 2015eko azaroaren 24an.–Landa Garapeneko, Nekazaritzako eta Abeltzaintzako zuzendari nagusia, Ignacio Gil Jordan.
Iragarkiaren kodea: F1516303