247. ALDIZKARIA - 2015eko abenduaren 14a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

LIZARRA

Kirol klubendako 2015eko laguntzak

Lizarrako Udaleko Tokiko Gobernu Batzarrak, 2015eko urriaren 29an egin batzar arruntean, erabaki zuen egoitza soziala Lizarran edukita oinarrizko kirola duten kirol klubei diru-laguntzak emateko baldintzak onestea.

Lizarran, 2015eko azaroaren 5ean.–Alkatea, Koldo Leoz Garciandia.

Egoitza soziala Lizarran edukita oinarrizko kirola duten kirol klubei diru-laguntzak emateko deialdia

Diru-laguntzen xedea eta zenbatekoa

Lehena.–Deialdi honen xedea da arautzea Lizarrako kirol klubei 2014-2015eko denboraldian –2014ko ekainaren 16tik 2015eko ekainaren 15era– diru-laguntzak ematea, kirola egin dadin eta klubak dauden txapelketetan parte har dezaten bultzatzeko, eta horrela, txapelketa horietan parte hartzeak dakartzan gastuen zati bat ordaintzen laguntzeko.

Oinarri hauen xedeetarako 2015ean diru-laguntzetan gehienez ere hirurogeita hamabi mila eta bederatziehun euro (72.900 euro) ematen ahal dira.

Onuradunak

Bigarrena.–Diru-laguntza hauek eskatzen ahalko dituzte kirol klubek, haietarako eskubidea baitute, legez eraturik badaude eta Nafarroako Kirol eta Gazteriaren Institutuaren edo dagokion eskumena duen organismoaren kirol kluben erregistro ofizialean inskribaturik badaude.

Diru-laguntzak eskatzeko baldintzak

Hirugarrena.–Diru-laguntza eskatzen duten kirol klubek Lizarrako udalerrian eduki behar dute haien helbide soziala, klubak Lizarrako Udalarekiko zerga betebeharrak beteak izan behar ditu, eta defizita izan diruz lagundutako denboraldian, eta, halaber, oinarrizko kirola eduki behar dute (gazte maila barne eta handik behera).

Eskabideak aurkezteko tokia

Laugarrena.–Interesa duten kirol klubek beren eskaerak aurkeztu beharko dituzte Lizarrako Udalaren Erregistro Orokorrean (Sorkunde Garbiaren pasealekua 1, 31200, Lizarra) edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legean aurreikusirik dauden lekuetariko edozeinetan (eredu erantsiaren arabera).

Eskaera Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluak baimendutako erregistro ofizialetako batean aurkezten duten kirol klubek horren berri eman beharko diote Udalari, eskabideak aurkezteko gehieneko epearen barnean, faxa igorriz 948-548232 zenbakira edo telegrama, Lizarrako Udalari zuzendua. Bi baldintzak bete ezean ez da eskaera onartuko.

Dena den, aipatutako epea iragan eta hamar egun naturaleko epean proposamenik jasotzen ez bada, ez da inola ere onartuko.

Aurkeztu beharreko dokumentazioa

Borzgarrena.–Eskabidearekin batera ondoko dokumentazioa aurkeztu beharko da:

1. 2014-2015eko denboraldiko datuak (2014ko ekainaren 16tik 2015eko ekainaren 15era bitartekoa):

–Kluba identifikatzeko datuak.

–Erantzukizuneko aitorpena, hirugarren oinarriko baldintzak betetzen dituela adierazten duena.

2. Gastuak eta diru-sarrerak justifikatzeko kontua.

a) Diru-laguntza ematerakoan ezarritako baldintzak betetzen dituela frogatzeko jarduketaren oroitidazkia, egindako jarduerak azalduko dituena.

1.–Kirol lizentzien kopurua frogatzen duen agiria, dagokion federazioak luzatua, kategoriaka. Eta federatu gabeko kirol eskoletako inskripzioen zerrenda.

2.–Talde eta partaideen zerrenda, kasuan kasuko federazioaren egutegi ofiziala, lehiaketak, jardunaldiak eta kategoria, egin beharreko distantziarik luzeena eta kilometro kopurua zehaztuta (z kontzeptu horrengatik diru-laguntzak jasotzen dituzten taldeak; konparaziorako, Nafarroako Gobernuak diruz lagundutako kilometrajea Nafarroako Kirol Jokoetan).

3.–Kirolariez arduratzen diren teknikarien eta entrenatzaileen zerrenda. Entrenatzaileen berri eman beharko da, baita entrenamenduak zer egun eta ordutegitan egiten diren, titulazioaren kopia erantsita.

b) Diru-laguntzei buruzko 38/2003 Lege Orokorraren Erregelamendua onesten duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren 75. artikuluarekin bat, justifikazio kontu erraztua aurkeztu beharko du, honako hau ekarriko duena:

b 1) Klubak diruz lagundu beharreko denboraldian egindako gastuen eta inbertsioen zerrenda sailkatu bat, hartzekoduna eta agiria identifikatuta, baita zenbatekoa, jaulkipen eguna eta, kasua bada, ordainketa eguna ere.

b 2) Klubaren jarduera finantzatu duten bestelako diru-sarrera eta diru-laguntza zehatzak, zenbatekoa eta haren jatorria adierazita.

Informazio hori, paperean aurkezteaz gain, euskarri informatikoan ere igorriko da, posta elektronikoz helbide honetara: hacienda1@estella-lizarra.com.

Udalak fakturak egiaztatuko ditu, laginketa tekniken bitartez, arrazoizko frogak eskuratzeko diru-laguntzaren aplikazio egokiari buruz. Horretarako, onuradunari eska diezaioke hautatutako gastuak igortzeko. Hautatutako faktura horiek, batera, diruz lagundutako zenbatekoa adinakoak izanen dira gutxienez.

Kilometroen kasuan, 0,30 euro egindako kilometro bakoitzeko onartuko da gehienez.

Faktura ezin bada lortu, hartu-agiriak onartuko dira, sinadurarekin, datarekin eta dirua jaso zuenaren oinarrizko datuekin.

Sarrera edo zozketa bidezko diru-sarrerak badira, edo tike bidezko salmentatik heldu diren diru-sarrerak badira, klubeko idazkariaren ziurtagiria gehituko da, salmenta kopurua eta bakoitzaren prezioa zehaztuko dituena.

3. Dokumentazio jatorrizkoa edo kopia baimendua, Foru Ogasunarekin eta Gizarte Segurantzarekin betebeharrak beteak dituela dioena. Ofizioz egiaztatuko da Udalari ordaindu beharreko zergen ordainketa eguneratua dagoen.

4. Diru-laguntza zein kontutan ordaindu behar den, horren titulartasuna ziurtatzen duen bankuaren agiria edo bertzelako ziurtagiria.

Eskaerak egiteko epea

Seigarrena.–Eskaerak egiteko hilabeteko epea izanen da, deialdi honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen direnetik hasita.

Okerrak zuzentzeko epea

Zazpigarrena.–Eskabidean eskatutako baldintzak jasotzen ez direnean edo eskatzen diren agiri osagarriren bat ez dagoela ikusten denean, interesdunari jakinaraziko zaio gehienez 10 egunean zuzen dezan, eta ohartaraziko zaio hura artxibatuko dela ezarritako epea iragaten bada zuzenketa egin gabe.

Diru-laguntzak baloratzea eta ematea

Zortzigarrena.–Deialdi honi 2. eranskinean gehitu zaien puntuazioaren baremoa aplikatuko zaie onartzen diren eskaera guztiei, baldin eta diruz laguntzeko aurkezten diren jarduerek defizita baldin badute diruz laguntzen den denboraldian. (Defizitik gabeko jarduerek ez dute diru-laguntzarik eskuratuko).

Bederatzigarrena.–Baldintzak betetzen dituzten eskabideak puntuazio-baremoaren arabera baloratu ondoren, prozesuan parte hartzen duten klub guztiek lortutako puntuak zenbatuko dira.

Aurreko paragrafoko prozesuaren arabera lortutako puntu guztiekin zatituko da kirol klubei esleitu zaien diru-laguntza osoa.

Puntu baten balioa zein den jakinda, klub bakoitzak lortutako puntuak biderkatuko dira puntuaren balio horrekin.

Prozedura horren bidez, klub bakoitzari dagokion diru-laguntzaren zenbateko zehatza finkatuko da, baremazioarekin zuzenki proportzionala baita.

Lizarrako Udaleko Tokiko Gobernu Batzarraren ebazpenaren bidez emanen dira diru-laguntzak, Lizarrako Udaleko kirol koordinatzaileak aitzinetik txostena eginda.

Honako hau izanen da ordaintzeko manera:

a) Hilabete bateko epean diru-laguntza eman zenetik, organo eskudunak ordainduko du emandako diru-laguntzaren %80.

b) Diru-laguntzaren gainerako %20, emandako diru-laguntzaren zenbatekoarekin gutxienez klubak fakturak aurkeztuta, Udalaren alor ekonomikoak laginketa bukatu ondoren.

Hamargarrena.–Emandako diru-laguntza ez da inoiz izanen diruz laguntzen den jardueraren kostu errealaren %80 baino handiagoa, eta ez da inoiz izanen diruz laguntzen den denboraldiko ustiapen kontuko defizit justifikatua baino handiagoa, ezta 59.999 euro baino handiagoa ere.

Kasuan kasuko zenbatekoak aitzineko puntuan ezarritako gehienekoa baino handiagoak badira, horrek aurrezpena ekarriko dio aurrekontuko kontu-sailari.

Hamaikagarrena.–Eskaera aurkeztu duen klubak dauka diruz lagundu diren jarduerak egiteko ardura bakarra.

Hamabigarrena.–Lizarrako Udalak egiaztatzea dauka, egokiak iruditzen zaizkion bitartekoak erabiliz, ea diru-laguntzaren zenbatekoa erabili edo inbertitu den deialdi honen lehenengo oinarrian ezarritakoaren arabera.

Diru-laguntzak arrazoitzea eta aurkeztu beharreko dokumentazioa

Hamahirugarrena.–Diru-laguntzak justifikatzeko epe muga 2016ko otsailaren 1a da. Galdu eginen dira data horretan justifikatu ez diren diru-laguntzak.

Hamalaugarrena.–2014ko ekainaren 16tik 2015eko ekainaren 15era bitartekoak izanen dira fakturak (denboraldiko oroitidazkiaren datekin bat eginez).

Onuradunaren eta Udalaren arteko harremanaren edukia, diru-laguntzaren ondorioz

Hamaborzgarrena.–Diru-laguntzaren onuradunek honako betebehar hauek dituzte:

1. Jarduerak egitea.

2. Jarduera egin dutela frogatzea.

3. Diru-laguntzen inguruan egiten diren egiaztapen jarduketei eta finantza kontroleko lanei men egitea.

4. Udalari jakinaraztea xede bererako diru-laguntzak jasotzen direnean.

5. Laguntza ematea, ahal den neurrian, norberaren kirol jarduera espezializatuetarako, Lizarrako Udaleko kirol koordinatzaileak hala eskatzen duenean, Udalak planifikatutako kirol jarduerak ongi egin eta gauza daitezen.

6. Klubak parte hartutako jarduera batean instalazioak gaizki erabiltzeagatik sortutako kalteak onartu eta konpontzea.

7. Prezio publiko bati lotutako orduak ordaintzea, klubak eskatu ondoren erabili ez bazituen, non kausa ez den behar bezala arrazoitzen.

8. Programa, kartel eta inprimatutako gainerako propaganda mota guztietan Udalaren logotipoa agertuko da, lelo honekin: “Ayuntamiento de Estella/Lizarra Udala” eta gainera txartelek erdaraz eta euskaraz agertu beharko dute.

Hamaseigarrena.–Diru-laguntza emateko kontuan hartu diren baldintzak aldatzeak ekartzen ahal du hura emateko ebazpena aldatzea. Emandako daturen bat gezurrezkoa dela hautemanen balitz, diru laguntza jasotzeko eskubidea galduko litzateke.

Hamazazpigarrena.–Ondoko kasuetan itzuli beharko dira jasotako zenbatekoak:

1. Justifikazio betebeharra betetzen ez delarik edo behar bezala justifikatzen ez delarik.

2. Diru-laguntza eskuratzen delarik eskatzen ziren baldintzak bete gabe.

3. Diru-laguntza kobratzeko ezarririko baldintzak betetzen ez direlarik.

Eta, orokorrean, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 37. artikuluan eta lege hori garatzeko uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren bidez onetsitako Erregelamenduan ezarritako kasuetan.

Ikuskatzean edo kontrolatzean, zantzuek erakusten badute jasotako diru-laguntza modu okerrean lortu edo gastatu dela, Udalak erabakitzen ahal du fakturak edo zantzu horiek agertzen diren eragiketei buruzko pareko agiriak atxikitzea.

Hemezortzigarrena.–Arau-hausteak eta zehapenak.

Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren bigarren xedapen iragankorraren 4. puntuan, lege horren IV. tituluan eta lege hori garatzeko uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren bidez onetsitako Erregelamenduan ezarritakoari lotuko zaizkio diru-laguntza eta laguntza publikoen arloko arau-hauste eta zehapenak, baita Lizarrako Udalaren aurrekontua betearazteko oinarrietan xedatuari ere.

Hemeretzigarrena.–Diru-laguntzen gaineko arauak.

Deialdi honetaz gainera, diru-laguntza hauen araudia izanen da: Lizarrako Udalaren kasuan kasuko ekitaldirako aurrekontua betearazteko oinarriak, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legea, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorra, hura garatzeko Erregelamendua eta horiekin bat heldu den gainerako legeria.

1. ERANSKINA

Puntuazioaren baremoa

1.–Kirol instalazioak eta materiala (hesiak, podiuma etab.) eta anbulantzia alokatzeko eta/edo mantentzeko ordainketa.

1.1. 500 euro bitarte: puntu bat.

1.2. 501etik 1.000 euro bitarte: 2 puntu.

1.3. 1.001etik 1.500 euro bitarte: 4 puntu.

1.4. 1.501etik 3.000 euro bitarte: 8 puntu.

1.5. 3.001etik 4.500 euro bitarte: 12 puntu.

1.6. 4.501etik 8.000 euro bitarte: 16 puntu.

1.7. 8.001 eurotik goiti: 20 puntu.

2.–Kirol fitxa edo lizentzia federatu nahiz federatu gabeengatik.

2.1. Kirol federazioen fitxa edo lizentziengatik: 0,20 fitxa bakoitzeko.

2.2. Federatu gabekoak kirol eskoletan aritzeko inskripzioengatik: 0,10 izena ematen duen bakoitzeko.

3.–Egutegi ofizialaren arabera, lehia-egunengatik (oinarrizko kirol federatua):

3.1. Lehia-egun kopuruarengatik.

Lehia-egun bakoitzeko: 0,10 puntu.

3.2. Klubeko talde edo kirolari bakoitzak egindako joan-etorririk luzeenagatik (ez talde edo atleten joan-etorriak diru kosturik ez duelarik, hala nola Nafarroako Kirol Jokoetan, gurasoek egindako joan-etorrietan eta abarretan).

3.2.1. 0-100 km: puntu bat.

3.2.2. 101-200 km: 2 puntu.

3.2.3. 201-400 km: 4 puntu.

3.2.4. 401-600 km: 8 puntu.

3.2.5. 601 km-tik goiti: 10 puntu.

4.–Klubaren egituran oinarrizko kirol eskolak sustatu eta mantentzeagatik.

4.1. Benjaminen taldea: 10 puntu.

4.2. Kimuen taldea: 10 puntu.

4.3. Haurren taldea: 10 puntu.

4.4. Kadeteen taldea: 10 puntu.

4.5. Gazteen taldea: 10 puntu.

Banakako kiroletan aplikazioa izanen da kirolari kopuruaren arabera. Konparaziorako: 3 kirolari baditu: 3 puntu; 13 kirolari baditu: 13 puntu, eta horrela gainerakoetan ere.

5.–Federazio gastuengatik: inskripzioak, fitxak, epaitzeak, osasun azterketak, zehapenak Udalaren kirol instalazioen ataleko arauak ez betetzeagatik...

5.1. 1.000 euro bitarte: puntu bat.

5.2. 1.001etik 3.000 euro bitarte: 3 puntu.

5.3. 3.001etik 6.000 euro bitarte: 6 puntu.

5.4. 6.001etik 12.001 euro bitarte: 9 puntu.

5.5. 12.001etik 18.000 euro bitarte: 12 puntu.

5.6. 18.001 eurotik goiti: 20 puntu.

6.–Lizarran probak antolatzeagatik, betiere dagokion federazioak baimendu edo kontuan hartzen baditu.

6.1. Nazioarte mailako probak antolatzeagatik: 20 puntu.

6.2. Nazio mailako eta autonomia erkidegoen arteko probak antolatzeagatik: 15 puntu.

6.3. Autonomia erkidegoen mailako eta herri mailako probak antolatzeagatik: 10 puntu.

7.–Campusak, kirol prestakuntzako ikastaroak, jardunaldiak etab. antolatzeko gastuengatik

7.1. Parte-hartzaileen kopuruagatik.

7.1.2. 51tik 30 parte-hartzailera bitarte: 4 puntu.

7.1.3. 31tik 50 parte-hartzailera bitarte: 8 puntu.

7.1.4. 51tik 80 parte-hartzailera bitarte: 15 puntu.

7.1.5. 81 parte-hartzailetik goiti: 20 puntu.

7.2. Irauten duten egunengatik:

7.2.1. 1etik 3 egunera bitarte: 3 puntu.

7.2.2. 3tik 7 egunera bitarte: 6 puntu.

7.2.3. 8tik 11 egunera bitarte: 10 puntu.

7.2.4. 12 egunetik goiti: 15 puntu.

8.–Ez dira diruz lagunduko:

8.1. Beteranoen edo master delakoen lehiaketak.

8.2. Kontuen balantzea positiboa duten klubak.

8.3. Ez da diruz lagunduko halako lehiaketa batzuetako proba solteetan parte hartzea (konparaziorako, lehiaketa batek 10 proba puntuagarri baditu eta 3tan baizik parte hartzen ez bada, ez da punturik emanen).

8.4. Lehenago diruz lagundutako proba ez da berriz diruz lagunduko, baremoko puntu batzuetan sartzen ahal bada ere.

8.5. Ez dira diruz lagunduko bertze klub batzuek antolatutako jardueretan egiten diren lankidetzak. Diru-laguntza ekitaldia antolatzen duen klubari ematen zaio.

8.6. Ez dute diru-laguntzarik hartuko deialdian ezartzen den epetik kanpo aurkezten diren klubek.

8.7. Ez da punturik emanen fitxak egunka federaturik badaude; bakar-bakarrak denboraldi osokoak.

–DEIALDIA, LIZARRAKO KIROL KLUBEI 2015EKO EKITALDIAN DIRU-LAGUNTZAK EMATEKO Eskabidea.

–Talde edo parte-hartzaileen zerrenda, kategoriak, lehiaketak, proba antolatuak, joan-etorri luzeena eta lekurik urrunenerainoko kilometro kopurua, lehiaketa ofizialean Teknikari eta entrenatzaileen zerrenda.

II. ERANSKINA

–2014-15eko denboraldiko diru-sarreren eta gastuen aurrekontu burutua.

Jaitsi beharreko fitxategiak PDF formatuan daude.

Iragarkiaren kodea: L1515072