247. ALDIZKARIA - 2015eko abenduaren 14a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

AZAGRA

Ordenantza, Zirkulazioaren gainekoa. Behin betiko onespena

Azagrako Udalak, 2015eko urriaren 27an egin osoko bilkuran, erabaki zuen hasiera batez onestea Zirkulazioaren gaineko ordenantza. Hori 2015eko 102. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, maiatzaren 28an.

Jendaurreko epean alegazioak aurkeztu ziren.

2015eko urriaren 29an egin osoko bilkuran, erabaki zen alegazioak hein batean baiestea eta behin betiko onestea Zirkulazioaren gaineko ordenantza.

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 326. artikuluan xedatutakoari jarraituz, argitara ematen da testu osoa:

Argitara ematen da aipatu agindua bete beharrez, eta ohartarazten ezen honako onespen honen aurka –xedapen administratibo orokorra baita– ezin dela administrazio bidean errekurtsorik paratu, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 107.3 artikuluari jarraikiz. Hortaz, behin betiko onespen honen aurka ondoko bideetakoren bat erabiltzen ahalko da:

a) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, zuzenean, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 10.1.b) artikuluari jarraikiz, bi hilabeteko epean, iragarki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik aitzina.

b) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, iragarki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik hasita.

Azagran, 2015eko azaroaren 6an.–Alkatea, Ignacio Gutiérrez Sánchez.

AZAGRAKO ZIRKULAZIOAREN GAINEKO UDAL ORDENANTZA

HITZAURREA

Udalak, herritarren arteko harremanak hobetu nahian, elkarbizitzarako arau batzuk ezarri gogo ditu. Izan ere, bizilagunen eta ibilgailuen kopurua handiagoa izanik, herritarrek erabiltzeko dituzten eremuak murriztuta egonda, eta, are makurragoa dena gizarte aurreratu batean, zenbait herrikidek beren jarrerarekin beste batzuei abusua eraginda, Udala behartuta dago herritar guztien eskubidea arautzera oro har, “berdin banatuz erabiltzaile guztien artean aparkalekuak; ibilgailuen trafikoa nahitaez erraza izanda, betiere oinezkoak kaleetatik ibili ahal izateko moduan, eta aparkaldi mugaturako neurriak ere ezarriz, aparkaldiak txandaka egingo direla bermatzeko. (5/1997 Legearen 7.b artikulua).”

I. KAPITULUA

Ordenantza hau ondoko artikuluetan xedatutakoari jarraikiz eman da, udalerriari eskumena ematen baitiote hiriko trafikoa eta zirkulazioa arautzeko, eta Zirkulazioaren Udal Ordenantza bidez hiriko bideen erabilera arautzeko. Hona hemen: Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legearen 25.2.2b) artikulua, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 29. artikulua eta Trafikoari, Ibilgailu Motordunen Zirkulazioari eta Bide Segurtasunari buruzko Legearen testu artikuluduna aldatzen duen martxoaren 24ko 5/1997 Legearen 7b) artikulua.

PORTAERA ARAU OROKORRAK

II. KAPITULUA

1. artikulua. 1. Ibilgailuek debeku dute asotsa egitea, seinale akustikoak desegokiro erabiliz edo tupustean azeleratuz, baita ihes-hodi trukatuek, ozen-ozen jarritako musika ekipoek edo bertzelako ezohiko inguruabarrek eragin dezaketena ere.

2. Ibilgailuen soinu-alarmak arrazoirik gabe behin eta berriz pizteagatik zehapena ezarriko da.

3. Debeku da suteak, zikinkeria, zirkulaziorako arriskua edo, oro har, kaltea eragin dezaketen gauzak edo likidoak bidera botatzea.

4. Oinezkoek debekaturik dute baimenduta ez dauden tokietatik galtzada gurutzatzea. Toki baimenduetatik egin beharko dute, ahal den azkarren, gelditu gabe edo bertze erabiltzaileei traba egin gabe, eta zirkulazioa oztopatu gabe.

5. Galtzada gaizki baldin badago, obrak, eguraldia edo beste zerbait dela eta, gidariek kasu eman beharko dute, istripurik eta oinezkoendako eragozpenik gerta ez dadin.

6. Motozikletek egun osoan eramanen dituzte argiak piztuta. Halaber, eguraldiak horretaratzen duenean eraman beharko dira piztuta hurbilerako argiak.

7. 5 metrotik beherako bideetan, gehieneko abiadura 30 km/h-koa izanen da ibilgailu guztientzat.

BIZIKLETAK ETA ZIKLOMOTORRAK

III. KAPITULUA

2. artikulua. Ziklomotorren, bizikleten, gurpil-oholen eta gidarien energiaz mugitutako gainerako ibilgailuen kasuan, zirkulazioaren arau orokorrak bete beharko dira.

3. artikulua. Ziklomotorrak erdibaterian aparkatuko dira galtzadan, metro eta erdiko zabalera okupatuz, gehienez ere.

Motozikleta edo ziklomotor bat bi ibilgailuren artean aparkatuz gero, ez da haietan sartzea galaraziko, ezta zirkulaziora itzultzeko maniobra ere.

4. artikulua. Debeku da bizikletak gauaz ibiltzea, aurreko argia eta atzeko islatzailea, gutxienez, ez badaramatzate.

Argi keinukaririk ez duten bizikleten eta ziklomotorren gidariek garaiz seinalatu beharko dituzte egin beharreko norabide aldaketak eta biraketak, besoak erabiliz, erregelamenduak adierazten duen bezala.

5. artikulua. Ziklomotorren gidariak eta erabiltzaileak beharturik daude kaskoa erabiltzera, behar bezala homologatua, ongi jantzia eta lotua.

6. artikulua. Debeku da bizikletak, patinak eta gurpil-oholak espaloietan, oinezkoendako eremuetan eta lorategietan barna ibiltzea, horretarako erreserbatutako biderik ez bada. Dena dela, Udalak bizikletaz, patinez eta gurpil-oholez ibiltzeko baimena eman dezake hala adierazitako parkeetan.

ZAMALANAK

IV. KAPITULUA

7. artikulua. Udalak zamalanetarako toki erreserbatuak ezarri ahalko ditu, erregelamenduzko seinale etzan edo zutikakoaren bidez adieraziak. Orobat, ibilgailu astunak aparkatzeko gune berariazkoak.

Salgaien garraioan aritzen diren ibilgailuek eginen dituzte zamalanak, hartarako erreserbatutako guneen barrenean eta erregelamenduzko seinale etzan edo zutikakoen bidez adierazitako orduetan, betiere ibilgailuen joan-etorria trabatzen ez badute.

8. artikulua. Inolaz ere ez daiteke oinezkoen eta ibilgailuen ibilia eragotz edo oztopa, ezta atari, saltoki edo pasabide baimenduen sarbideak ere. Horretarako, zamalanetan erabiliko diren merkataritzako gaiak, materialak eta gauzak, lurrean utzi gabe, zuzenean eramanen dira ibilgailutik eraikinera edo alderantziz.

9. artikulua. Zamalanetarako erreserbatuetan ezin izanen da aparkatu lan horiek egiteko behar den denbora baino luzeago, eta inoiz ez 30 minutu baino gehiago.

10. artikulua. Udalak aparkatzeko aldi baterako erreserbak ematen ahalko ditu, lan zehatzak egiteko (etxe-aldairak, fuelaren hornidura, obrak etab.), betiere aitzinetik eskatzen bada eta dagokien tasa ordaintzen bada.

11. artikulua. Salgaien garraiorako txartela ez duten ibilgailuek debeku dute aparkatzea zamalanetarako gune erreserbatuetan, horretarako ezarritako ordutegiaren barnean.

12. artikulua. Ibilgailuak espaloiarekiko paraleloan lerrokatu beharko dira, ertzaren kontra, aurrealdea zirkulazio orokorraren norabidean, salbu eta bateriako aparkalekuetan, kasu horretan ibilgailuak ezin izanen baitira horretarako seinalatutako eremutik kanpora atera.

MERKATARITZAKO GAI ARRISKUTSUAK
ETA GARRAIOETAKO IBILGAILU HANDIAK

V. KAPITULUA

13. artikulua. Debeku da ibilgailuak Azagrako herrigunean ibiltzea, garraiatzen badituzte Errepideko Nazioarteko Garraioaren (ADR) 1etik 9ra bitarteko motetako merkataritzako gai arriskutsuak.

Halako ibilgailu batek aipatu eremua zeharkatzeko eta zamalanetan aritzeko, Hirigintza Alorraren baimena beharko du. Hartan zehaztuko dira garraio horren mugak egun, ordu eta ibilbideei dagokienez.

Gasolioa eta butanoa garraiatuz gero artikulu honetatik kanpo daude garraio arriskutsuan aritzen diren ibilgailuak.

ADRko 7. motako merkataritzako gai arriskutsuak garraiatzen dituzten ibilgailuek debeku dute Azagrako udal mugape osoan ibiltzea. Ez da salbuespenik eginen.

14. artikulua. Azagrako herrigunean gai arriskutsuak garraiatzen dituzten ibilgailuendako abiadura muga 20 km/ordua izanen da.

15. artikulua. ADRko 1etik 9ra bitarteko merkataritzako gai arriskutsuak garraiatzen dituzten ibilgailuek debekatua dute Azagrako udal mugape osoan ibiltzea.

OINEZKOENDAKO EREMUAK

16. artikulua. Oinezkoen eremuak dira ibilgailuak zirkulatzeko edo aparkatzeko Azagrako Udalak erabat edo partzialki debekatu dituen aldeak.

17. artikulua. Eremu horiek zutikako seinaleen bidez zedarrituko dira, baita ibilgailuak toki horietara sartzea galarazi edo mugatuko duten bertze elementu batzuk ezarrita ere.

18. artikulua. Oinezkoen eremuetan ibilgailuak zirkulatu eta aparkatzeko debekuak:

a) Zedarritu eta seinalatutako alderdiaren barreneko bide guztiak hartzen ahal ditu.

b) Ibilgailuak zirkulatu eta aparkatzeko debekua ordutegi batera mugatzen ahal du.

c) Finkoa izan daiteke edo soilik astegun batzuetan aplikatu.

19. artikulua. Nolanahi ere, murrizketa hauek ez dute eraginik izanen, tokiaren zein ibilgailua erabiltzen duenaren ezaugarriak kontuan hartuta, ibilgailuek Udalaren baimena badute. Bizikletetan ere ez dute eraginik, libre baitira oinezkoen eremuan ibiltzeko, hauen urrats arruntaren abiaduran dabiltzan bitartean.

Oinezkoen etorria berebizikoa denean, udaltzainek beharrezko neurri murriztaileak hartuko dituzte.

20. artikulua. Oinezkoen eremuetan oinezkoak lehentasuna izanen du ibilgailuen aurretik, salbu eta ibilgailua larrialdietan ibili eta, erregelamenduari jarraituz, hala adierazten denean.

21. artikulua. Azagrako hiriko oinezkoen eremu guztietan abiadura mugaturik egonen da, eta 20 km/ordua izanen da, gehienez.

AUTOBUSAK, KAMIOIAK, ATOIAK ETA KARABANAK APARKATZEA

VI. KAPITULUA

22. artikulua. Debeku da udal mugapeko bide guztietan 3.500 kg-tik gorako GPBa duten ibilgailuak aparkatzea.

Industrialdeko kaleak uzten dira 3.500 kg-tik gorako GPBa duten ibilgailuak eta 21 bidaiari baino gehiagoko edukiera duten autobusak aparkatzeko.

23. artikulua. Debeku da ibilgailuak aparkatzea motorra martxan dutela etxebizitzetatik hurbil, 21:00etatik biharamuneko 9:00etara bitarte. Eremu hori industrialdeko lehenbiziko lerroa da eta behar bezala seinalizaturik dago.

Zama dela-eta motorra martxan eduki behar duten ibilgailuek industrialdeko barneko kaleetan aparkatu behar dute, herritarrei eragozpenik ez egiteko.

24. artikulua. Debeku da 21 bidaiari baino gehiagorendako tokia duten autobusak udal mugapeko bide guztietan aparkatzea.

25. artikulua. Debeku horiek ez dira beteko behar bezala justifikaturiko salbuespen kasuetan, betiere aitzinetik agintari eskudunaren baimena eskuratu baldin bada.

26. artikulua. Karabanak eta atoiak aparkatzeko beharrezkoa izanen da udal organo eskudunaren baimen berariazkoa eskuratzea.

La Barca josteta eremua eta industrialdea uzten dira karabanak, atoiak eta etxebizitza-ibilgailuak aparkatzeko.

27. artikulua. Erabat debekaturik dago karabana, atoi eta etxebizitza-ibilgailuetan bizitzea udal mugapearen barrenean, salbu eta horretarako egokitutako tokietan. Horiek osasungarritasuna eta higienea bermatzeko adina bitarteko izan beharko dute.

TRAFIKOA KONTROLATU ETA ANTOLATZEKO NEURRIAK

VII. KAPITULUA

28. artikulua. Udalak egokitzat jotzen dituen neurriak hartu ahal izanen ditu trafikoa antolatzeko, zenbait tokitan zirkulatzeko baldintzak aldatuz, murriztuz edo debekatuz, betiko nahiz aldi baterako, aparkalekuak, zamalanak eta pertsona zein salgaien garraioa berrantolatuz eta arautuz.

29. artikulua. Udaltzainek aldi baterako aldatu ahal izanen dute zirkulazioaren antolamendua herriko zenbait alderditan, baita haietarako sarrerak debekatu edo murriztu ere, zirkulazioa seguruagoa eta errazagoa izan dadin.

30. artikulua. Udaltzainek trafikoari dagokionez egiten dituzten adierazpenek, oinezkoei zein gidariei, lehentasuna izanen dute lehenagoko bertze edozein seinale edo araudiren aldean. Adierazpen horiek argiak eta gidariarentzat edo oinezkoentzat ulerterrazak izan beharko dute.

31. artikulua. Udalak aldi baterako debekatu ahal izanen du aparkatzea jarduera baimenduek okupatu beharreko eremuetan eta konpondu, seinalatu, mantendu edo garbitu behar diren tokietan. Halako kasuetan eremu horiek mugatuko dira, debekua 24 ordu lehenagotik adieraziz, neurriari noiz emanen zaion hasiera adierazten duten seinaleen bidez.

Arau hau ez da aplikatuko Udalak ibilgailuen altxatokia ez duen bitartean.

Epe horretan kentzen ez diren ibilgailuak Udalaren Garabi Zerbitzuak eramanen ditu, inguruko toki batera edo udal altxatokira, baina jarduketa horrek ez du ekarriko ez tasa ordaindu beharrik ez trafiko salaketarik. Kasu horietan ibilgailuak non dauden jakinaraziko zaie titularrei.

32. artikulua. Eremu publikoan edozein gauza paratzeko, Udalaren baimena beharko da. Horrelakorik ez duen oro berehalakoan kenduko da, interesdunaren kargura; halaber, baimena izanik ere, bideetako segurtasuna edo osasungarritasuna ziurtatzeko neurriak hartu ez badira.

33. artikulua. Debeku da arras zirkulazio seinaleak paratzea, aitzinetik Udalaren baimena izan gabe.

Inolaz ere ez da baimenduko publizitatea zirkulazio seinaleetan edo haien ondoan paratzea.

SARBIDE MURRIZTUKO EREMUAK

VIII. KAPITULUA

34. artikulua. Azagrako Udalak erabakitzen duen eremuetan ibilgailuei sartzea murrizten ahalko zaie, baita bertan eman dezaketen denbora ere.

35. artikulua. Eremu horiek behar bezala seinalatuko dira; orobat, sarbidea galarazi, murriztu edo kontrolatzen duten baliabide teknikoak hartzen ahal dira.

36. artikulua. Mugatutako eremuetara baimenik gabe sartzea nahiz bertan denbora soberaz gelditzea, biak izanen dira zehatzeko arrazoi.

Ezarritako lekuetara sartzeko arauak behin eta berriz ez betetzea gertatzen bada, Udalak txartela baliogabetzea erabaki dezake.

GARRAIO PUBLIKOAREN GERALEKUAK

IX. KAPITULUA

37. artikulua. Azagrako Udalak zehaztu du bidaiarien garraio publikorako eta aukerakoetarako geralekuak gaur egun daudenak izanen direla (Mankomunitateko garraio publikoaren zerbitzurako ezarritakoak). Dena dela, edozein momentutan aldatu ahalko dira.

Autobusak gelditu beharko dira horretarako prestatutako tokian, zirkulazio lerroak libre uzten dituztela.

38. artikulua. Geralekuetan bidaiariak hartu eta uzteko behar den denbora baizik ezin da egon, autobus linearen hasiera eta amaiera gisa seinalaturiko lekuetan izan ezik.

39. artikulua. Taxi zerbitzurako garraio publikoko geralekuetan, soilik bidaiarien zain eta prest dauden bitartean egoten ahal dira ibilgailu horiek.

40. artikulua. Ibilgailuen kopurua ez da inolaz ere izanen geralekuak har ditzakeen ibilgailuena baino handiagoa.

EREMU PUBLIKOAN ABANDONATUTAKO IBILGAILUAK

X. KAPITULUA

41. artikulua. Ibilgailu abandonatuak karrikan luzaroan eta mugagabeko epean egon ez daitezen, eremu publikoa erabiltzeko ohiko aukerak murriztu eta narriadura estetikoa eta zikinkeria ekartzen baitituzte, honako artikulu hauetan zehaztutako jarduketak eginen dira.

Ibilgailua eremu publikoan abandonatua dagoela uste denean, Administrazioak handik kendu eta udal altxatokira eramanen du.

Honelakoetan, arrazoiz uste ahal izanen da ibilgailu bat abandonaturik dagoela:

a) Agintari eskudunek eremu publikotik kendu eta altxatu dutenetik, bi hilabete baino gehiago iragaten direnean.

b) Leku berean hilabete baino gehiago aparkaturik gelditzen denean eta berez mugitzea ezinezko egiten duten hondaketak dituenean edo matrikula plakak falta dituenean.

Halakoetan, hiri hondakin solidoaren araberako tratamendua emanen zaio, ingurune arloko araudiari jarraituz.

Eta a) atalean jasotzen den kasuan, abandonatze zantzuak izanik ere, ibilgailuak matrikula plakari kontu edo titularra identifikatzeko parada ematen duen edozein arrasto edo marka agerian badu, errekerimendu eginen zaio delako titularrari, behar diren epeak iragandakoan, 15 egunean ibilgailua altxatokitik ken dezan, eta ohartaraziko zaio ezen, hala egiten ez badu, hiri hondakin solidoaren tratamendua emanen zaiola.

Desegitera bidaliko da eta hala jakinaraziko zaio Probintziako Trafiko Burutzari, dagokion erregistroan baja emateko.

GELDITZEA ETA APARKATZEA

XI. KAPITULUA

42. artikulua. Trafikoari, Ibilgailu Motordunen Zirkulazioari eta Bide Segurtasunari buruzko Legearen eranskineko 68. zenbakiari jarraituz, gelditzea da ibilgailua, pertsonak hartu edo uzteko edo zamalanak egiteko, 2 minutu baino gutxiagoz mugitu gabe edukitzea.

Aparkatzea, berriz, aurreko lerroaldeko egoeran, hau da, geldituta, ez dagoen ibilgailua mugitu gabe edukitzea da.

43. artikulua. Ibilgailua geldituta dagoenean, arau orokorra da gidaria ezin dela ibilgailutik aldendu, eta, salbuespen gisa, hala egiten badu, motorra itzali beharko du eta hurbil egon, eskatzen zaion unean edo egoerak behartuta, kendu ahal izateko.

44. artikulua. Debeku da erabat kasu hauetan gelditzea:

a) Babeslekuetan, oinezkoen babesguneetan, erdibitzaileetan, oinezkoen eremuetan eta trafikoa bideratzen duten gainerako elementuetan.

b) Ibilgailuendako eraikinetako sarrera-irteeretan, behar bezala seinaleztatuta daudenean pintura horiarekin.

c) Seinaleak ongi ikustea eragozten den tokietan.

d) Izkina, bidegurutze edo bidebanatzeetatik 5 metro baino gutxiagora.

e) Espaloietan, pasealekuetan, oinezkoen alderdietan eta lorategietan.

f) Zirkulaziorako edo zenbait erabiltzaileren zerbitzurako erreserbatutako bide lerro edo zatietan.

g) Ezinduendako edo bertze erabilera batzuetarako espaloietan izaten diren beheraguneetan.

h) Zirkulazioaren lerro bat oztopatzen den tokietan.

i) Seinaleak debekatzen duen tokietan.

j) Seinale bidez, biratzea baimenduta egonda, biratzeko aukera eragozten denean.

k) Hiriko garraio publikorako baizik ez diren geraleku eta aparkalekuetan.

l) Zubietan, tuneletan eta gainetiko pasabideen azpian, kontrako seinalerik ez badago.

45. artikulua. Ibilgailuak ilaran aparkatu ahal izanen dira, hau da, zintarriarekin batean lerrokatuak; baterian, hau da, zintarriarekiko perpendikularrean; edo erdi-baterian, zeharka.

a) Zoladuran seinaleak dituzten aparkalekuetan, ibilgailuak markatutako perimetroaren barrenean aparkatuko dira.

b) Ibilgailuak zintarritik ahalik eta hurbilen aparkatuko dira, baina galtzadaren alde hori garbitu ahal izateko tarte txiki bat utzita.

c) Bide publikoetan ezin izanen dira aparkatu ibilgailu motordunetik bereizitako atoiak.

d) Bertze erabiltzaileek gainerako tokia ahalik eta hobekien erabiltzeko maneran aparkatuko da.

e) Baterian aparkatuz gero, alde bietan aparkatutako ibilgailuetara arazorik gabe sartzeko maneran eginen da.

f) Zamalan, zerbitzu ofizial eta abarretarako aldi baterako erreserbaturiko alderdietan ordutegitik kanpo aparkatzea libre izanen da, salbu eta debeku espresa bada.

g) Bolumenagatik edota neurriagatik ibilgailu batek ezin baldin badu gainerako ibilgailuek bezala, baterian aparkatu, eta ordenantza honetako 22. eta 23. artikuluetako kasuetatik at baldin bada, behartuta daude espaloiarekiko paraleloan aparkatzera, horretarako lekua dagoen kaleetan, betiere seinaleei traba egiten ez badiote edota ordenantza honetan ezarritakoaren kontra ez badaude.

Bigarren ilaran gelditzea. Bakar-bakarrik izanen da zilegi horretarako beharra dagoen kasuetan, eta halako tokietan non zirkulazioari traba egiten ez bazaio eta gidariak ibilgailua uzten ez badu.

46. artikulua. Debeku da erabat kasu hauetan aparkatzea:

a) Seinaleek debekatzen duten tokietan.

b) Gelditzea debekatua dagoen tokietan.

c) Zamalanetarako seinaleztatutako tokietan, denbora mugen barrenean.

d) Pasabideetan, osoki nahiz hein batean.

e) Edukiontzien ondoan, zabor bilketa galarazi edo oztopatzen denean.

f) Aparkaleku publiko batean, ongi aparkatutako ibilgailu bat ateratzea eragotziz edo oztopatuz gero.

g) Minusbaliatuek bertze inork ez erabiltzeko seinaleztatutako tokietan.

h) Udal agintariak ordutegi mugatuan aparkatzeko prestatutako lekuetan, horretarako baimena ematen duen erakusgarria jarri gabe edo, erakusgarria jarrita ere, udal ordenantzak gehienez uzten duen denbora baino luzeago.

i) Behar bezala seinalatutako toki erreserbatuetan eta bigarren ilaran kasu guztietan.

47. artikulua. Aparkatzean ibilgailuak ez du zirkulazioa galaraziko, ezta arriskurik sortuko ere gainerako erabiltzaileei; non uzten den zainduko da eta, gidaria kanpoan dela, mugitzen has ez dadin begiratuko.

48. artikulua. Astelehenetan, merkatu txikia dela eta, debekatuta dago ibilgailuak 07:00etatik 15:00etara aparkatzea horretarako zedarritutako eremuan, salbu eta merkatarien ibilgailuak, betiere oinezkoen joan-etorriak oztopatzen ez badituzte.

Zedarritutako eremua hau da: Constitucion plaza, Ramon y Cajal kaleko 10. zenbakitik 20.era arte eta La Paz etorbidea, 9. zenbakitik 18.era.

OINEZKOENDAKO EREMUAK

XII. KAPITULUA

49. artikulua. Oinezkoendako eremua Azagraren erdian zabaltzen da, zirkulaziotik libre egoteko. Honako kale hauek biltzen ditu: Plus Ultra kalea, 6. zenbakira arte, El Salvador plaza, Navas de Tolosa kalea, 2. zenbakitik 34.era arte, eta Sarasate plaza.

Udalaren zerbitzuek pibote eta seinale bidez mugatuko dute, Alkatetzaren ebazpenaren bitartez zehazten diren egun eta orduetan.

Eremu horretan honelako zirkulazioa izan daiteke soil-soilik:

a) Udalaren txartela duten bizilagunak, ibilgailua garaje partikularrean sartu edo ateratzeko soilik.

b) Banatzaileak, zama-lanak egiteko.

c) Larrialdi zerbitzuak, beren eginkizunak betetzean.

Une zehatz batzuetan baimena eman daiteke oinezkoendako eremuan sartzeko, udaltzainek baimendu ondoren Udalean eskabidea aurkeztuta nahiz Udaltzaingora telefonoz deituta, ezinbesteko arrazoi batengatik bada.

50. artikulua. Oinezkoendako eremuak bi denboraldi ditu:

a) Negua: larunbateko edo jaiegunaren bezperako 14:00etatik asteleheneko edo jaiegunaren biharamuneko 8:00etara bitarte.

b) Uda: ostiraleko edo jaiegunaren bezperako 19:00etatik asteleheneko edo jaiegunaren biharamuneko 8:00etara bitarte.

51. artikulua. Herriko festak direla eta, oinezkoendako eremua Entre Ríos kalera zabaltzen da, 1. zenbakitik 29.era arte, eta Gregorio Berisa etorbidera, 2. zenbakitik 22.era arte.

La Luna aparkalekua feriako saltzaileentzat uzten da, eta 11 de Marzo plazaren ondoko aparkaleku zatia libre gelditzen. Plaza hori bera aparkaleku gisa erabiliko da.

IBILGAILUAK EREMU PUBLIKOTIK KENTZEA

XIII. KAPITULUA

52. artikulua. Ibilgailua kendu behar duenak segituan egiten ez badu, udaltzainek eremu publikotik kendu eta udal altxatokira eraman ahalko dute honako kasu hauetan:

a) Arriskutsua denean, ibilgailuen edo oinezkoen zirkulazioari nahiz zerbitzu publikoen funtzionamenduari traba larria egiten dienean, ondare publikoa narriatzen duenean eta, orobat, ibilgailu hori bide publikoan abandonatua dagoela uste denean.

b) Istripuren bat izan eta abiatu ezinik gelditzen denean.

c) Ibilgailua bera hondatu delako, ibilgetzen bada.

d) Udal agintaritzak ordutegi mugatuan aparkatzeko gaitzen dituen tokietan ibilgailua aparkaturik gelditzen denean, horretarako baimena ematen dion bereizgarria ezarri gabe, edo udal ordenantzaren arabera ordaindutako denbora halako bi egiten duenean.

e) Ibilgailua bide lerroetan edo zirkulaziorako edo zenbait erabiltzaileren zerbitzurako soilik erreserbatutako zatietan aparkatuta dagoenean.

f) Edukiontziak husteko lanak oztopatzen dituenean.

Ibilgailua kentzeagatik sortzen diren gastuak titularraren kontura izanen dira, eta hark ordaindu beharko ditu edo ordainketa bermatuko du ibilgailua berreskuratzeko baldintza gisa.

53. artikulua. Kasu bakar batzuk baizik aipatzearren, ibilgailua ordenantza honen aurreko artikuluaren a) atalean zehaztutako inguruabarretan dagoela eta, beraz, kentzea justifikatua dagoela ulertuko da:

1. Gelditzea debeku den toki batean aparkatuta dagoenean.

2. Ibilgailua bigarren ilaran eta gidaririk gabe aparkatuta dagoenean.

3. Kantoi baten ertzetik edo izkina baten mutur edo eskuadratik zati bat aterata, bertze gidariak maniobra arriskutsuak egitera behartzen dituenean.

4. Oinezkoen pasabide seinalatu batean edo urritu fisikoendako espaloi beheragune batean aparkatuta dagoenean.

5. Erabiltzeko baimendutako orduen barrenean pasabide bat osorik edo zati batean okupatzen duenean.

6. Zamalanetarako tokietan aparkatuta dagoenean, haiek erabiltzen diren orduetan.

7. Garraio publikorako geraleku seinalatu eta mugatu batean aparkatua dagoenean.

8. Larrialdiko edo segurtasuneko zerbitzuentzat erreserbaturiko tokian aparkatua dagoenean.

9. Urritu fisikoendako toki erreserbatu batean aparkatuta dagoenean.

10. Espaloi, ibiltoki, babesgune, pasabide edo zoladuran zerrendak pintatuta dauden tokietan aparkatuta dagoenean, espresuki baimenduta dagoenean izan ezik.

11. Bidean doazen gainerako erabiltzaileei trafiko seinaleak ikustea eragozten dienean.

12. Biraketa eragotzi edo hura egiteko maniobrak egitera behartzen duenean.

13. Bide batetik heldu diren gidariei bertze bidea ikustea trabatzen dienean.

14. Eraikin bateko sarrera osorik nahiz zati bat oztopatzen duenean.

15. Galtzadaren erdian aparkatuta dagoenean.

16. Oinezkoendako eremu batean baimendutako orduetatik kanpo aparkatua dagoenean, espresuki baimendutako aparkalekuetan izan ezik.

17. Betiere, aurreko kasuetan bezala, arriskua edo zirkulazioari zein zerbitzu publikoen funtzionamenduari eragozpen larria sortzen zaienean.

54. artikulua. Arau-hausterik egon gabe ere, bide publikotik ibilgailuak kendu ahal izanen dituzte kasu hauetan:

1. Behar bezala baimendutako ekitaldi publiko bat egiteko erreserbatua dagoen toki batean aparkaturik daudenean.

2. Bide publikoa garbitu, konpondu, kontserbatu edo hartan seinaleak paratu ahal izateko ibilgailuak kendu beharra dagoenean.

3. Larrialdietan.

Inguruabar hauen abisua lehenbailehen egin beharko da, eta baimendutako tokirik hurbilenera eramanen dira ibilgailuak, edo udal altxatokira, eta titularrei non dauden jakinaraziko zaie.

Eramateak ez du inolako ordainketarik sorraraziko, ibilgailua noranahi eramanda ere.

55. artikulua. Baldin eta, ibilgailua kentzeko lanak hasita, gidaria agertzen bada, bertan behera utziko dira lan horiek; betiere, Azagrako Udalaren ordenantza fiskaletan kontzeptu horrengatik agertzen den tasa ordaindu ondoren.

ZEHAPEN PROZEDURA

XIII. KAPITULUA

56. artikulua. Ordenantza honetan araututako gaietan eraman beharreko prozedura izanen da ezartzen dena Trafiko, Ibilgailu Motordunen Zirkulazio eta Bide Segurtasunaren arloko Zehapen Prozeduraren Erregelamendua onetsi zuen otsailaren 25eko 320/1994 Errege Dekretuan (otsailaren 4ko 137/2000 EDak aldatua); berriz, hartan aurreikusirik ez daudenetan aplikatuko da Zehapen Ahalmenaz Baliatzeko Prozeduraren Erregelamendua, abuztuaren 4ko 1398/1993 Errege Dekretuaren bidez onetsi baitzen.

57. artikulua. Azagrako Udaleko Hiritarren Babeseko Alorreko Idazkaritza teknikoak irekiko ditu ordenantza honetan araututakoaren kontrako arau-hausteengatiko espedienteak, edo haren eginkizunak betetzen dituztenek. Idazkari teknikoa kanpoan izateagatik edo legezko arrazoi bat tartean dela, errefusatua bada edo abstenitzen bada, Hiritarren Babeseko Alorreko legelari batek ordeztuko du. Hura amaituta, Azagrako Udaleko jaun alkate udalburuak emanen du bidezko ebazpena.

58. artikulua. Azagrako udaltzainek zeharbideetako trafikoa zuzentzen eta zaintzen dutenean salaketa orria egiten ahalko dute, ondotik Barne Ministerioko organo eskudunari igortzeko eta dagokion zehapen prozedura abian jartzeko.

59. artikulua. Diru zehapenarekin batera, gidatzeko baimena edo lizentzia bertan behera utzi edo kentzeko zehapena ere jaso dezaketen arau-hausteengatik irekitako zehapen espedienteak, betiere Udalak zehatu beharreko egitate baten ondorio badira, egiteko hori duten udal organoek tramitatu eta ebatziko dituzte, eta ondotik agintari eskudunari igorriko zaizkio, soilik gidatzeko baimena edo lizentzia bertan behera utzi edo kentzeko balizko zehapena ezar dezan.

60. artikulua. Jakinarazpenetarako helbidea.

Jakinarazpenetarako, ibilgailuaren gidariaren eta titularraren helbidea izanen da interesdunek espresuki adierazi dutena, eta bestela, agertzen dena gidarien eta arau-hausleen erregistroetan eta ibilgailuenean, hurrenez hurren.

Ibilgailuen nahiz gidabaimenen titularrak behartuta daude helbide aldaketak jakinaraztera.

61. artikulua. Zehapen espedienteen ebazpenaren kontra errekurtso hauetako bat aurkezten ahal da:

a) Berraztertzeko errekurtsoa, egintza eman duen udal organoari zuzendua, hilabetez, ebazpen honen jakinarazpena egin eta hurrengo egunetik hasita.

b) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioko organo eskudunari zuzendua, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legean xedatutakoari jarraikiz, bi hilabeteko epean, jakinarazpen hau egin eta biharamunetik hasita, edo bestela,

c) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, jakinarazpen egunetik aitzina.

INFORMAZIOAREN TRUKERAKO ETA ELKARLAN ADMINISTRATIBORAKO UDAL HITZARMENA

XIV. KAPITULUA

62. artikulua. Bilduak Azagran, 2014ko abenduaren 11n, alde batetik Nafarroako Trafikoko Probintziako Burutza, eta bestetik, Azagrako Udaleko alkatea, berariaz eta eta osorik atxikitzen zaizkio Trafikoko Burutza Nagusiaren eta Espainiako Udalerri eta Probintzien Federazioaren artean informazioa elkarri trukatzeko eta elkarrekiko lankidetza administratiboan aritzeko sinaturiko hitzarmenari, Madrilen sinatu baitzen 2006ko martxoaren 15ean.

Hitzarmen horrekin, udalerrian erroldatu edo handik baja eman gogo diren ibilgailuen helbidea aldatzeko zerbitzua eginen du Udalak besteak beste.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenbizikoa.–Indarrik gabe gelditu dira ordenantza honen aurka jotzen duten maila bereko edo txikiagoko udal arauak edo hartan araututako gaiei buruzko xedapenak dituztenak.

XEDAPEN IRAGANKORRAK

Bakarra.–Ordenantza honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iragarkiaren kodea: L1515172