244. ALDIZKARIA - 2015eko abenduaren 9a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

ITZA

Udal ordenantza, hil berrien aldeko agur zibilak arautzen dituena. Behin betiko onespena

Itzako Udalak, 2015eko abuztuaren 17an egin osoko bilkuran, erabaki zuen hasiera batean onestea Itzako hil berrien aldeko agur zibilak arautzen dituen udal ordenantza. Iragarkia 2015eko 192. Nafarroako Aldizkari Ofizialean eman zen argitara, irailaren 25ean.

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan xedatuari jarraikiz, maiatzaren 31ko 15/2002 Foru Legeak aldatu baitzuen, eta jendaurrean egoteko epea inork alegaziorik aurkeztu gabe iraganik, ordenantza hori behin betiko onetsi eta osorik argitaratzeko agindu da, behar diren ondorioak izan ditzan.

Eritzebeitin, 2015eko azaroaren 3an.–Alkate udalburua, Floria Pistono Favero.

ITZAN HIL BERRIEN ALDEKO AGUR ZIBILAK ARAUTZEKO UDAL ORDENANTZA

Atarikoa

Gizarteak oro har ederki dakienez, estatu akonfesional batean, erakundeek pertsonen eta komunitateen askatasuna bermatu behar du, ideologiaz, erlijioaz, sinesmenez eta kuotaz den bezainbatean, muga bakarra dela ordena publikoa legearen arabera mantentzeko behar dena. Aldi berean, agerikoa da gure gizartearen dibertsitate ideologikoa, erlijiosoa eta kulturala, gure gizartea askotarikoa baita eta gure artean etengabe eraldatzen baitira ohituren eta ekitaldi sozialen adierazpenak.

Hildakoen aldeko agur zibilak sortu dira gizarteak duen behar baten ondorioz, erran nahi baita, modu duin eta pertsonal batean agurtzea beren pentsaera eta bizimoduaren arabera agur zibila nahi izan zuten herritarrak.

Gure gizarteko erlijio guztien jarraitzaileek hil berriak omentzeko ospakizun liturgikoak antolatzeko tokiak edo tenpluak dituzten gisa berean, Itzako Udalari dagokio gure herritarrek gero eta maizago eskatzen duten behar sozialari erantzutea.

Honako ordenantza honen asmoa da, beraz, arautzea zenduen aldeko omenaldi edo agur ekitaldien baimen eta ospakizunak, hil berrien familiakoek edo adiskideek eginak, hil berriek komunitateari egindako ekarpenak edo haien balio etikoak eta giza-balioak aitortzeko.

I. KAPITULUA

Xedea

1. artikulua. Baimena eta Udalaren lokalen erabilera arautzea ditu xede ordenantza honek, Itzako udal mugapean hil berrien aldeko agur zibilak egiteko.

II. KAPITULUA

Baimena

2. artikulua. Alkateak edo zinegotzi batek, haren eskutan uzten badu, emanen du agur zibiletarako gordetzen diren guneak erabiltzeko baimena, betiere Itzako Udalean eskabidea aurkezten duen ahaideak edo pertsonak bidali beharko dituen agiriak jaso ondoren.

III. KAPITULUA

Prozeduraren hasiera

3. artikulua. Agur zibilak egiteko eskaerak Itzako Udalari zuzenduko zaizkio, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legeak onartzen dituen moduetako edozein erabilita.

4. artikulua. Agur zibilak egiteko eskaerak berehala tramitatuko dira, egoerak hala eskatzen baitu. Horretarako, ebazpena emateko eskua duen pertsonari igorriko zaizkio.

5. artikulua. Eskarietan honako datuak agertuko dira:

a) Zeremonia egiteko baimena eskatzen duenaren izen-abizenak, helbidea eta identifikazioa, baita harremanetarako telefonoa ere.

b) Zenduaren izen-abizenak.

c) Eskabidean adierazi beharko da zer egunetan eta zer ordutan egin nahi den agur zibila.

d) Orokorrean, ekitaldi hauek Udalak horretarako hautatzen duen lokalean eginen dira, behar diren baldintzak betetzen baditu edukiari, premiei eta segurtasunari dagokienez.

e) Administrazioak, ahal dela, eskaeren aurkezpen dataren arabera emanen die lehentasuna. Kasu berezietan aldatzen ahalko da ordena hori, aparteko goiti-beheiti objektiboak gertatzen direlarik. Nolanahi ere, premiazko inguruabar objektibo horiek arrazoitu eta azaldu beharko zaizkio eskabidean aldaketa jaso duenari.

f) Eskabidea zein toki eta egunetan aurkezten den.

g) Eskatzailearen, ahaidearen edo ordezkariaren sinadura, egiazko dela frogatu behar dena.

h) Ekitaldiaren azalpen laburra, eta erabiliko den materiala, halakorik bada.

i) Heriotza agiriaren kopia gehituko da.

6. artikulua. Eskabidean aitzineko artikuluan zehazturiko baldintzak betetzen ez badira, interesdunari ahalik eta lasterren eskatuko zaio akatsa zuzen dezan edo aginduzko agiriak ekar ditzan, ekitaldia egin baino lehen edo ondotik.

IV. KAPITULUA

Prozeduraren instrukzioa

7. artikulua. Agur zibila egiteko eguna eta orduak alkateak edo berak eskuordeturiko zinegotziak ezarriko ditu, betiere Itzako Udalak behar den espedientea bideratu ondoan, ahal dela, eskatutako eguna nahiz ordua aintzat harturik.

8. artikulua. Eskabidea ikusita, alkateak, edo hark eskuordeturiko zinegotziak, Udalaren zein aretotan eginen den erabakiko du. Udaletxeko Erabilera anitzeko gelan izanen da agur zibila. Aparteko kasuetan, bertzelako lokalak erabiltzeko baimena ematen ahalko da.

9. artikulua. Beharrezkoak diren udal baliabideak prestatuko dira agur zibilak egiteko.

10. artikulua. Agur zibila egiteko ekitaldian zehar Udaleko arduradun bat egonen da bertan instalazioan ordena bermatzeko.

V. KAPITULUA

Eskubideak eta betebeharrak

11. artikulua. Horretarako erabiliko diren aretoak behar bezala zaintzen direla bermatzearren, bertaratuek ezin izanen dute egin Udalaren egoitzak hondatu edo haietan kalterik eragin dezakeen deus ere. Ekitaldia dela-eta Udalaren ondasunetan kalteak egiten badira, arduraduna baimenaren titularra izanen da.

12. artikulua. Ekitaldiaren solemnitateak eskatzen duen modukoa izanen da aretoa. Hala ere, hil berriaren ahaide eta/edo adiskideek modu berezian egokitu nahi badute, udal arduradunari adierazi beharko diote, eskaera egiten duten unean. Eskabidean zer ordu adierazten den agurra egiteko, hautaturiko lokala ordu erdi lehenagotik egonen da irekia, ahaideek loreak edo egokia iruditzen zaien bertze edozein apaingarri paratu ahal izateko. Interesduna arduratuko da, bere kontura arduratu ere, ekitaldia egiteko zerbitzu osagarriez. Itzako Udalak zerbitzu horiek ikuskatuko ditu, hala ere.

14. artikulua. Ordenantza honetan aurreikusten ez den orotan, udal arduradunen jarraibideak bete beharko dira.

1. xedapen gehigarria.–Itzako alkateari baimena ematen zaio honako ordenantza hau aplikatzeko behar diren jarduketa guztiak egin ditzan.

2. xedapen gehigarria.–Ekitaldia errautsontziak bertan direla egiten ahalko da, baina ezin izanen da egin zendu den pertsonaren hilotza bertan dela.

Azken xedapena.–Honako ordenantza honek indarra hartuko du Nafarroako Aldizkari Ofizialean osorik argitaratu eta biharamunean, eta Udalak osoko bilkuran espresuki aldatu edo indargabetu arte egonen da indarrean.

TARIFEN ERANSKINA

I. epigrafea.–Tarifak.

Agur zibilak egiteko zerbitzu ematea doakoa izanen da.

Iragarkiaren kodea: L1515008